Aurkezpena
Senez

Azken hamabost urte hauek sekulako iraultza ekarri diote euskarari alor guztietan, duela gutxi arte askorentzat amets baino ez zena, beste askorentzat oraindik nahikoa ez den arren. Irakaskuntza, komunikabideak, literatura eta administrazioa dira euskarak gaur EAEn batez ere, baina baita Nafarroan ere -nahiz eta neurri txikiagoan izan- bizi duen loraldiaren lau zutabeak. Horietatik azkena dugu aztergai nagusia SENEZ aldizkariaren zenbaki honetan; edo, zehatzagoak izateko, Administrazioa eta Justizia, dena Euskal Herriko Unibertsitatearen 1996ko udako ikastaroen barruan EIZIEk antolatu zituen jardunaldien ardatzean. Jardunaldi horietan aurkeztutako mintzaldiak biltzen ditu zenbaki honek, eman ziren hizkuntza berean, aurreko aldietan hasitako bidetik.

Beraz, oraingoan Euskal Herriko Administrazio eta Justizia alorretako itzulpena dugu gogoetagai, lehenago esandako hamabost urte horietan egindako lan handiak, bai eta oraingo egoerak eta oraindik dauden arazo ugariek azterketa pausatua merezi dutelako. EIZIEk antolatutako jardunaldiek berek, haietara etorritako entzule ugariak eta itzultzaileen artean izandako oihartzun eta partaidetza zabalak argi erakusten dute euskal administrazio eta justiziako itzultzaileek ardura dutela beren lanbideaz, eguneroko jardunaren gainetik gogoeta egin beharra somatzen dutela, eta hori seguru aski orain arte itzultzaileak izan direlako euskararen normaltze eta gizarteratze ahaleginetan ahaztuen geratu direnak erakundeen aldetik. Edo okerrago dena, azkenaldi honetan itzulpena istilubide ari da gertatzen, Justizian hain zuzen, bertako estamendu desberdinen arteko liskarrengatik, itzultzailea izanik beti bezala batzuen eta besteen ezinulertuen eragin okerra jasan behar duena, inolako babes korporatiborik gabe, gainera.

Testuinguru honetan, bestalde, ez da ahaztu behar gure artean oraindik ez dagoela unibertsitatean itzulpen lizentziaturarik, eta lanbide honetan diharduten asko eta asko itzulpen ikasketa bereziak egin gabeak direla. Horretaz nahiko argigarriak dira zenbaki honen atariko moduan argitaratzen diren inkesta baten emaitzak, zeinetan oso ondo islatzen baitira alor hauetako itzultzaileen egoera, lan baldintzak, prestakuntza maila eta beraien lanbideari buruzko kezkak. Euskarazko beste artikuluen artean, aipagarria da epaile euskaldun batek gai honen inguruan egindakoa, zona euskaldunean bertan justiziarekin gertatzen diren arazoak argitzen dituelako. Beste artikuluetan, aldiz, arazo praktikoagoak jorratzen dira, itzultzaileek eguneroko lanean aurre egin beharrekoak; edo zuzentzailearen betekizuna, eta, azkenik, euskarazko itzulpenen balio ofiziala.

Euskarazko artikulu hauez gain, eta beraz geure-geureak diren arazoetatik irtenaz, baina haiek ulertzeko argibide direlarik, badaude beste batzuk, erdaraz, itzulpenaren hainbat alderdi ukitzen dutenak, baina Espainia, Katalunia eta Batasun Europarreko esparruan. Artikuluok kontrapuntu interesgarriak dira gure egoera beste argi batez ikusteko, bai eta gure ingurukoengandik ikasteko ere. Hain zuzen, lehenago esan bezala, hamabost urtetan lan izugarria egin da, bide luzea ibili dugu, baina etengabeko gogoeta egin beharra somatzen dugu, asko geratzen baitzaigu egiteko eta doitzeko. Garbi dago itzultzaileak prest daudela, baina Administrazioko eta Justiziako arduradun eta eragile desberdinen esku dago euskal itzulpena ere normalizatu eta haren kalitatea hobetzeko baldintza egokiak ipintzeko ekimen nagusia. Haiei ere zuzenduta dago zenbaki hau.

Eta bukatzeko eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko Unibertsitateari ikastaroa antolatzeko eta ale hau argitaratzeko emandako laguntzagatik.