Nola bihurtu adimen artifiziala itzultzaileon laguntzaile
Alaitz Zabaleta Sarobe

Adimen artifizialak (AA) kezkak eta aukerak ekarri ditu itzulpengintzara. Artikulu honek tresna horien arriskuak aztertzen ditu, baita, lan-esperientziatik abiatuta, agindu eraginkorrak ('prompting'a) osatzeko gako praktikoak eskaintzen ere. Azken finean, AA laguntzaile izan daiteke, betiere itzultzailearen gidaritzapean erabiltzen bada.

Azken urteotan adimen artifiziala (AA) indar handiz sartu da hainbat lan-esparrutan, eta itzulpengintza ez da salbuespena izan. Tresna berriek aukerak ireki dituzte, baina zalantzak eta kezkak ere sortu dituzte: ordezkatuko ote gaituzte? Fidagarriak al dira? Erabil ditzakegu gure lanaren kalitatea arriskuan jarri gabe? Testuinguru horretan, ezinbestekoa da ikuspegi kritiko baina pragmatikoa garatzea.

Nire eguneroko lanean, Euskarabideko Itzulpen Atalean (Nafarroako Gobernua), adimen artifizialarekin probak egiten eta haren aukerak aztertzen hasi nintzen eta, artikulu honetan, esperientzia horretatik ateratako ondorio batzuk partekatuko ditut; ikuspegia batez ere praktikoa da. Gainera, Nora Aranberrik «Adimen artifiziala itzultzaileentzat: oinarriak» ikastaroan —2026ko apirilaren 16an, EIZIEk antolatuta— azaldu zizkigun zenbait gogoeta ere jaso nahi izan ditut.

Hitz batzuk adimen artifizialaren argi-ilunez: erronka etikoen eta aukeren arteko oreka

Adimen artifizial sortzailea (AAS), hala nola ChatGPT edo DeepSeek, Euskal Herrian sortutako Latxa eredua barne, ez da ezerezetik sortzen. Tresna horien gaitasun harrigarria LLM izeneko arkitekturan oinarritzen da (Large Language Models; euskaraz, «hizkuntza-eredu handiak»). Laburbilduz, milioika eta milioika testu, hala nola liburuak, artikuluak, webguneak eta programazio-kodea, irakurri eta prozesatu dituzte, estatistikoki hitz baten ondoren hurrena zein datorren asmatzeko. Teknologia hori, beraz, ez da magia, gizakiok sortutako edukien gainean eraiki den arkitektura estatistiko bat baizik.

​AA sortzailearen loraldia ez da doakoa izan, eta, itzultzaile profesional gisa, ezinbestekoa da tresna horien dirdiraren aldamenean dauden itzalak eta arriskuak zorrotz aztertzea.

Jabetza intelektuala eta egiletza

​AA ereduak entrenatzeko erabili diren hainbat datu egile-eskubideen babespean daude. Kasu askotan, idazle, itzultzaile eta sortzaileon lanak erabili dira makina elikatzeko, jatorrizko egileei baimenik eskatu gabe. Eta nor da AAren erantzun baten jabea? Gaur egun, legedi gehienek diote gizaki batek sortutako lanek soilik dutela egile-eskubideetarako eskubidea. Horrek itzultzailea egoera bitxian uzten du: non amaitzen da makinaren lana eta non hasten da itzultzailearen sormen-ekarpena?

Datuen konfidentzialtasuna

​Doako bertsio gehienetan, guk emandako datuak ereduak gehiago entrenatzeko erabiltzen dira. Horrek sekretu profesionala arriskuan jar dezake: bezero baten informazio pribatua AAra igotzean, haren gaineko kontrola galtzen dugu. Itzultzailearen ardura etikoa da jakitea zer tresna diren seguruak eta nola babestu gure testuak.

Haluzinazioak: gezur sinesgarriak sortzeko gaitasuna

​AAren arriskurik handienetako bat da erantzunek duten segurtasun-itxura; batzuetan informazioa asmatu egiten du (haluzinazioak), baina gramatikalki akatsik gabea den testu baten itxura emanez. Itzultzaile batentzat, horrek esfortzu kognitibo handiagoa dakar: emaitza bakoitza luparekin aztertu behar dugu.

Lan-merkatua eta low-cost arriskua

​Teknologia honen hedapenak mehatxu zuzena dakar gure lan-baldintzetarako. Enpresa askok uste dute AA gai dela bere kabuz itzulpen onargarriak egiteko, eta itzultzailearen lana postedizio huts batera mugatu eta tarifak nabarmen jaitsi nahi dituzte. Askotan, ordea, jatorrizko testua eta xede-testua lerroz lerro alderatzea eta akats guziak zuzentzea ez da izaten gerok itzultzea baino azkarragoa, nahiz eta lana erdi-prezioan egin behar izan.

Ingurumen-aztarna: kostu ekologiko ikusezina

​Maiz ahazten zaigun puntu kritiko bat baliabide naturalen erabilera da. AA eredu erraldoi horiek entrenatzeko eta mantentzeko, konputazio-potentzia izugarria behar da, eta horrek energia-kontsumo handia dakar. Gainera, datu-zentro horiek denak hozteko, ur edangarri kopuru handiak behar izaten dira. Beraz, klik bakoitzaren ondoren, ingurumen-kostu bat dago. Itzultzaile gisa, garrantzitsua da tresna horien erabilera arduratsua eta efizientea sustatzea, gure aztarna ekologikoa ere kontuan hartuta.

Horrek denak —urraketa etikoek, ingurumen-kargak eta makinaren mugek— erakusten digu AA ez dela itzultzailea ordezkatzeko gai den entitate autonomo bat. Aitzitik, gizakiok gobernatu behar dugun tresna konplexu bat da.

Puntu honetan, baliteke beste zalantza bat ere izatea: zein da LLM sistemen eta itzultzaile automatiko neuronalen arteko aldea? Biek dute oinarrian eredu neuronala, baina itzultzaile neuronalak testu paraleloekin entrenatzen dira, eta beren arkitektura (kodetzaile-deskodetzailea) itzultzeko funtziora propio egokituta dago; horrek jatorrizko testuarekiko fidelitatea sustatzen du. Hizkuntza-eredu handiak (LLM), aldiz, deskodetzaile hutsak izan ohi dira: oinarrizko entrenamenduan testu elebakarrekin elikatzen dira, eta haien helburua hurrengo hitza aurresatea da. Horrek bi joera nagusi dakarzkie: batetik, jarioari eta sinesgarritasunari ematen diote lehentasuna (eta batzuetan jatorrizkoan ez dauden gehikuntzak egiten dituzte), eta, bestetik, jatorrizko testuari ez diote beti orpoz orpo jarraitzen (fidelitatearen kaltean). Euskararen kasuan, gure itzultzaile neuronalak kalitate handiko corpusekin entrenatu dira; LLMak, berriz, Interneten dagoenarekin (euskarak, gaitz-erdi, hizkuntza gutxitua den arren, presentzia aipagarria du sarean). Hala ere, LLMek badute abantaila nabarmen bat: ez dira hitzez hitzeko itzulpen hutsera mugatzen. Gai dira testuingurua azaltzeko, aukerak kontrastatzeko edo estiloa fintzeko, eta, horri esker, lan-fluxu osoan laguntzeko tresna askoz moldakorragoak dira.

Hori dela eta, behin arriskuak eta muga etikoak mahai gainean jarrita, interesgarria da ikustea nola erabil dezakegun teknologia hau gure mesedetan; izan ere, gure gidaritzapean erabilita, produktibitate-irabaziak eta laguntza kognitiboa lor ditzakegu. Besteak beste, lagungarria izan daiteke testu konplexuen ulermena sakontzeko, blokeo-egoeretan solaskide linguistiko gisa aritzeko eta, oro har, itzulpen-prozesuak dakarren buru-nekea arintzeko.

Jarraian, AA gure laguntzaile bihurtzeko zenbait erabilera praktiko aztertuko ditugu.

AA itzultzailearen mahaian: kasu praktikoak eta aginduak (promptak)

Adimen artifiziala ez da itzultzaile automatiko huts bat. Ongi erabilita, lanaren fase askotan lagun diezaguke: testua ulertzen, zalantzak argitzen, aukerak kontrastatzen edo gure proposamenak fintzen. Gakoa ez dago tresnan bertan, baizik eta guk egiten dizkiogun galderetan.

Jarraian, eguneroko lanean gaztelaniatik euskarara itzultzean, ChatGPTren eta Geminiren doako bertsioekin probatu ditudan zenbait kasu ikusiko ditugu, aginduak edo promptak euskaraz emanda. Artikulu hau gehiegi ez luzatzeko, adibide laburrak hautatu ditut, eta AAren erantzuna murriztu egin dut zenbait kasutan.

Testuingurua eta esaldi ilunak argitzea

Batzuetan, arazoa ez da itzultzea, baizik eta jatorrizko testua bera ongi ulertzea. Administrazio-testuetan, txostenetan edo dibulgazio-materialetan maiz agertzen dira irakurtzeko zailak diren esaldiak, nola-hala lotuak edo nominalizazio asko dituztenak. Kontuan harturik halako testuen helburua dela herritarrek ulertzea, zuzenean itzultzen hasi aurretik, erabilgarria izan daiteke AAri eskatzea esanahia azaltzeko eta modu argiagoan berridazteko, izan jatorrizkoa, izan itzulpena, nahiago duguna. Ikus dezagun, beraz, lehen adibidea:

Jatorrizko esaldia

«La empresa que contrata firma un convenio de colaboración con la entidad que va a realizar el acompañamiento en el empleo, sin coste para la empresa contratante».

Agindua

Liburuxka bat itzultzen ari naiz gaztelaniatik euskarara; eskubide sozialei, ekonomia sozialari eta enpleguari buruzkoa da. Testuko esaldi batzuk ez dira ulertzeko errazak. Azal iezadazu labur perpaus honen esanahia, eta eman euskaraz modu naturalago eta ulerterrazagoan, informaziorik galdu edo aldatu gabe.

Erantzuna

Azalpena:

Esaldi horrek hau dio:

  • Enpresa batek pertsona bat kontratatzen duenean (ziurrenik desgaitasuna duena edo laneratzeko zailtasunak dituena)
  • Hitzarmen bat (lankidetza-hitzarmen bat) sinatu behar du beste erakunde espezializatu batekin (erakunde edo zerbitzu bat), pertsona horri laneratzeko prozesuan laguntzeaz arduratuko dena (adibidez, lanpostura egokitzen lagunduz, laguntza edo prestakuntza emanez).
  • Akonpainamendu hori doakoa da kontratazioa egiten duen enpresarentzat.

Euskarazko proposamena:

«Enpresa kontratatzaileak elkarlan-hitzarmen bat sinatuko du laneko akonpainamendua ematen duen erakundearekin; zerbitzu horrek ez dio gasturik eragingo enpresari».

Zertarako balio du?

AAk esanahia argitu ondoren, eta eman digun euskarazko bertsio naturalagoa ikusita, itzulpena segurtasun handiagoz osa dezakegu, eta buru-neke gutxiagorekin.

Brainstorminga edo ideia-jasa, esaldi konplexu batekin laguntzeko

Batzuetan, esaldia edo testua konplexua delako, edo ez dagoelako ongi josia, ez dakigu nondik jo itzulpenean; AAk bidea argitzen lagun diezaguke.

Jatorrizko esaldia

«Para finalizar el taller se jugará con el paracaídas gigante de tela, una música tradicional europea elegida por consenso por el grupo, transmitiendo la idea de que Europa es ahora “inclusiva, variada y rica” gracias a todas las culturas que la habitan».

Agindua

Gaztelania-euskara itzultzaile profesionala zara, eta Administrazioan espezializatuta zaude. 

Proposa itzazu honako perpaus honen hiru itzulpen desberdin: [esaldia]. Testuingurua hau da: musika eta dantzaren bidezko kulturarteko tailer baten azalpena. Proposamenetan, aintzat hartu behar dituzu Euskaltzaindiaren arauak eta Euskara Batuaren Eskuliburua. Nafarreraz idatzi (euskara batuaren barnean, betiere). Ez aldatu jatorrizko esanahirik, eta ez galdu informaziorik.

Erantzuna
  1. a) Tailerrari amaiera emateko, oihalezko paraxut erraldoiarekin jolastuko da, taldeak adostasunez hautatutako Europako musika tradizional baten laguntzaz; horren bidez, Europa gaur egun «inklusiboa, askotarikoa eta aberatsa» dela transmitituko da, bertan bizi diren kultura guztiei esker.
  2. b) Tailerra bukatzeko, oihalezko paraxut handi batekin jolasa eginen da, taldeak adostuta aukeratutako Europako musika tradizional batekin; hala, Europa gaur egun «inklusiboa, anitza eta aberatsa» dela adieraziko da, han bizi diren kultura guztiei esker.
  3. c) Azkenik, tailerrari amaiera emateko, oihalezko paraxut erraldoiarekin jolastuko dute, taldeak adostasunez hautatutako Europako musika tradizional batekin, eta horren bidez helaraziko da Europa gaur egun «inklusiboa, askotarikoa eta aberatsa» dela, bertan bizi diren kultura guztiei esker.
Zertarako balio du?

AAk bide bat baino gehiago urra ditzake, gero guk itzulpen borobilagoa osatzeko.

Itzultzeko bi bideren artean hautatzea

Batzuetan, geuri bururatu zaizkigu bi itzulpen posible, biak zuzenak, eta zalantza ez da gramatikala, baizik eta diskurtsiboa: zein da argiagoa?, zein da naturalagoa?, zein da egokiagoa hartzaile horrentzat?

Jatorrizko esaldia

«Canal interno de información

Permite a las personas que tienen o han tenido relación laboral y profesional con la Administración de la Comunidad Foral de Navarra informar, de forma confidencial, sobre infracciones cometidas en su ámbito».

Agindua

Aintzat hartuta jatorrizko esaldia, euskaraz, bi aukera hauek bururatu zaizkit:

1)  Barneko informazio-kanala

      Horri esker, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren soldatapekoak direnek edo izan direnek, edo harekin lanbide-harreman bat izan dutenek, informazioa ematen ahal dute beren eremuan gertatutako arau-hausteei buruz, betiere konfidentzialtasunez.

2)  Barneko informazio-kanala

      Kanal horren bidez, beren eremuan gertatutako arau-hausteei buruzko informazioa ematen ahal dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren soldatapekoak direnek edo izan direnek, edo harekin lanbide-harreman bat izan dutenek, konfidentzialtasunez betiere.

Zein da egokiagoa eta ulergarriagoa herritarrentzat? Edo hirugarren aukera bat bururatzen zaizu (beharbada bien arteko ezaugarriak bilduta)?

Erantzuna

Azalpena:

AAk bi aukeren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditu. Ondoren, hirugarren aukera bat proposatu du.

Hirugarren aukera (proposamen findua):

«Barneko informazio-kanala

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren soldatapekoek —izan oraingoak edo lehenagokoak—, eta harekin lanbide-harreman bat izan dutenek, beren jardun-eremuan egindako arau-hausteen berri eman dezakete, modu konfidentzialean».

Zertarako balio du?

AA hemen ez da itzultzaile bat, baizik eta kontrasteko solaskide bat. Gure intuizio linguistikoa esplizitatzeko balio du. Zenbait kasutan erabilgarria izan daiteke AAk bere arrazoibidea pausoz pauso azal dezan eskatzea, ez soilik azken emaitza ematea. Adibidez, bi itzulpen aukeraren artean zalantza dugunean, lagungarriagoa izan daiteke bakoitzaren aldeko eta kontrako arrazoiak begiratzea, erantzun zuzena soilik jasotzea baino.

Emandako ereduari jarraituta itzultzea hurrengo zatiak

Eskatzen ahal diogu gure estiloa aintzat hartuta editatzeko gure itzulpena, edo berak itzultzeko testuaren hurrengo zatiak. Kasu honetan, eskatu nion aurreko adibidean ikusi dugun testuko beste zati bat estilo berean itzultzeko:

Jatorrizko esaldia

«Dirigido a las personas que tienen o han tenido relación laboral y profesional con la Administración de la Comunidad Foral de Navarra y que, en el marco de esa relación, han tenido conocimiento de posibles infracciones cometidas en su ámbito».

Agindua

Eskerrik asko. Honela utzi dut azkenean aurreko esaldia: «Horri esker, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren soldatapekoek —izan oraingoak, izan lehen aritutakoak—, eta harekin lanbide-harreman bat izan dutenek, beren jardun-eremuan egindako arau-hausteen berri eman dezakete, modu konfidentzialean».

Eredu horren arabera, egokitu hurrengo esaldi honen itzulpena: [esaldia]

Erantzuna

«Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren soldatapekoentzat —izan oraingoak, izan lehen aritutakoak—, eta harekin lanbide-harreman bat izan dutenentzat, baldin eta harreman horren baitan beren jardun-eremuan egin litezkeen arau-hausteen berri izan badute».

Zertarako balio du?

Gure itzulpenari koherentzia ematen laguntzen digu, eta sortu dugun ereduari buru-neke gutxiagorekin eusten ahal diogu.

Aipuak zuzenean jatorrizkotik itzultzeko

Batzuetan, itzultzen ari garen testuak beste hizkuntza bateko egile baten aipuak izaten ditu.

Jatorrizko esaldia

«No hagas a los demás aquello que no quieres que te hagan a ti (Confucio)».

Agindua

Testu baten itzulpena egiten ari naiz; irakasleentzako ikastaro baterako da, ekologia emozionalari buruzkoa.

Esaldi honen gaztelaniazko itzulpen hau hartuta, bila ezazu zein den txinerazko jatorrizko esaldia. Ondoren, itzuli zuzenean txineratik euskarara.

Erantzuna

Azalpena:

Konfuzioren esaldi hau (Analektak liburutik hartua) munduko ezagunenetakoa da, eta «Urrezko Arauaren» bertsio negatiboa dela esan ohi da.

Hona hemen txinerazko jatorrizkoa:

Testu klasikoan honela idazten da:

己所不欲,勿施于人

Hona hemen karaktereen esanahia, banan-banan:

  • 己 (jǐ): Norbera / Zeure burua.
  • 所 (suǒ): (Atzizki erlatiboa, “hori” edo “hura” adierazteko).
  • 不 (bù): Ez.
  • 欲 (yù): Nahi izan / Desiratu.
  • 勿 (wù): Ez egin (aginduzko ezezkoa).
  • 施 (shī): Ezarri / Egin / Ezartzea.
  • 于 (yú): Besteei / Norbaiti.
  • 人 (rén): Pertsonak / Besteak.

Itzulpena: txineratik zuzenean euskarara:

Txinerazko egitura oso laburra eta erritmikoa da (lau karaktere eta beste lau). Euskarazko itzulpenik fidelena eta dotoreena hau litzateke:

«Zuk nahi ez duzuna, ez egin besteei».

Edo, pixka bat sakonago jota:

«Zeuretzat nahi ez duzuna, ez ezarri besteei».

Zertarako balio du?

Jatorrizkotik zuzenean egindako itzulpenaren erreferentzia izanda, askeago izanen gara euskaraz naturalago itzultzeko, zubi-hizkuntzen baliabide linguistikoen mende ibili gabe.

Zuzentzaile ari garenean, jatorrizkoaren eduki teknikoa behar bezala jaso ote den begiratzeko

Gu behintzat, gure Itzulpen Atalean, itzultzaile lanetan aritzeaz gain, zuzentzaile lanetan ere aritzen gara, txandaka. Testua oso teknikoa bada, baliteke zalantzak izatea itzulpena behar bezain zuzena ote den. Hona hemen Ogasuneko inprimaki bat zuzentzean izandako zalantza:

Jatorrizko esaldia

«COMPENSACIÓN IVA:

-  Como entidad/empresa/beneficiaria/persona autónoma beneficiaria declaro que el IVA NO ES SUSCEPTIBLE de recuperación o compensación.

-  Como entidad/empresa/beneficiaria/persona autónoma beneficiaria declaro que el IVA ES SUSCEPTIBLE de recuperación o compensación en su totalidad».

Agindua

Jatorrizko testu horrentzako itzulpen-proposamen hau daukat, zuzena da?:

«BEZ-AREN KONPENTSAZIOA:

Erakunde/enpresa/langile autonomo onuraduna naizen aldetik, adierazten dut ezin dudala BEZa berreskuratu edo konpentsatu.

Erakunde/enpresa/langile autonomo onuraduna naizen aldetik, adierazten dut BEZa osorik berreskuratu edo konpentsatu dezakedala».

Erantzuna

Itzulpen-proposamenean «ezin dudala/dezakedala» formak erabili dira, baina jatorrizkoan «NO ES SUSCEPTIBLE/ES SUSCEPTIBLE» esatean, BEZ horrek duen izaera juridikoaz ari da testua (berreskuragarria den ala ez), eta ez soilik onuradunak momentu horretan duen gaitasunaz. Horregatik, «ezin daitekeela/daitekeela» formak hobeto jasotzen du jatorrizkoaren edukia, objektiboagoa da.

Zertarako balio du?

Kasu honetan, AAren oharra baliagarria da. Itzultzaileari ihes egin dion ñabardura juridiko zehatza jaso du makinak, eta proposatutako zuzenketak itzulpenaren kalitatea eta zorroztasun teknikoa hobetzen lagundu du. Hala, AAk kontsulta-denbora asko azkartzen ahal digu, betiere kontuan izanda haluzinazioen arazoa. Izan ere, adi egon behar da: nire probetan, adibidez, makinak konfiantza osoz ziurtatu zidan termino zehatz bat Euskaltermen jasoa zegoela, eta, egiaztatzean, ez zela hala ikusi nuen. Horregatik da ezinbestekoa itzultzaileok gainbegiratzea.

Itzulpenaren zuzentasuna eta kalitatea berrikusteko

Itzulpena bukatzean, AAri eskatzen ahal diogu emaitza berrikusteko, guk emandako irizpideen arabera. Artikulu hau ez luzatzeko, hemen ez dut adibiderik jarriko, agindu eredu bat baizik:

Agindua

Berrikusi testu hau eta eman atzeraelikadura hauei buruz:

  • Hizkuntzaren zuzentasuna, Euskaltzaindiaren arauen arabera eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren arabera
  • Irakurgarritasuna
  • Ea hitz-jarioa arina den
  • Atzerakarga (ekidin perpaus bakoitzeko aditza eta informazio garrantzitsua bukaeran agertzea)
  • Terminologiaren koherentzia
  • Testuaren tonua [zehaztu]
  • Ea ulergarria den xede-taldearentzat [zehaztu]

Egin ezazu akats eta iradokizun zehatzen zerrenda bat behar bezala argudiatuta; ez eman ondorio orokor bat.

Ebaluaziorako testua:

[txertatu testua]

Zertarako balio du?

Hemen ere ez dugu itzultzaile automatiko gisa erabiliko, gure editore eta solaskide linguistiko bezala baizik.

Beste erabilera batzuk

Aurreko adibideek erakusten dute adimen artifiziala ez dela erabilera jakin batzuetara mugatzen den tresna, baizik eta itzultzailearen beharren eta irudimenaren arabera molda daitekeen laguntzailea.

Adibidez, gaztelaniazko administrazio-testu astunetan ohikoa denez, jatorrizko testuak nominalizazio gehiegi baditu, AAri eskatzen ahal diogu aditza jokatuta berridazteko, euskaraz irakurgarriago bihurtzeko. Era berean, lagungarria izan daiteke informazioaren hierarkia berrantolatzeko: eska diezaiokegu perpauseko informazio nagusia aurrera ekartzeko, edo lege-aipu luzeak parentesi artean emateko.

Bestalde, formatuarekin lotutako zereginetan ere lagun dezake: esaterako, dokumentuan sartu badigute testua duen irudi bat, irudi horretako testua taula batera erauzi eta itzuli egin dezake.

Aukerak asko dira, baina itzultzailearen irizpideak markatu behar du beti muga: non den lagungarria tresna erabiltzea eta non den hobe gure kabuz aritzea, testuaren segurtasuna eta zuzentasuna bermatzeko.

Aginduak edo promptak nola osatu: irizpide orokor batzuk

Adimen artifizialarekin lortzen dugun emaitzaren kalitatea ez dago tresnaren beraren mende bakarrik, baizik eta neurri handi batean guk egiten diogun galderaren kalitatearen mende. Horregatik, garrantzitsua da behar bezain argi zehaztea zer nahi dugun.

Prompting deitzen zaio AA ereduarekin elkarreraginean aritzeko teknikari, haren erantzuna gidatzeko. Prompta, beraz, erabiltzaileak egiten dion galdera edo ematen dizkion jarraibideak dira. Ez da komando huts bat: testuingurua, rola, helburua eta espero dugun emaitza zehazteko modua da.

Gainera, kontuan hartu behar da hizkuntza-eredu handiek ez dutela erantzun bat aurretik gordea: unean bertan sortzen dute. Horregatik, promptean hitz bakarra aldatuta, baliteke emaitza desberdina izatea. Hizkera jasoagoa edo informalagoa erabiltzeak ere eragina izan dezake eta, agindu bera bi aldiz emanda ere, ez dugu zertan erantzun bera jaso. Horregatik, promptinga ez da formula itxi bat, baizik eta probatzean, doikuntzan eta elkarrizketan oinarritutako lana.

Oro har, agindu edo jarraibide on batek lau osagai nagusi izaten ditu:

Rol bat eta testuinguru argia ematea

Lagungarria izaten da AAk zer ikuspegitatik erantzun behar duen zehaztea. Adibidez: «Gaztelania-euskara itzultzaile profesionala zara, Administrazioan espezializatua». Horrek orientazioa ematen dio tonuari, erregistroari eta terminologia-aukeraketari dagokienez. Era berean, komeni da testuaren testuingurua azaltzea: zer motatako dokumentua den, nori zuzendua dagoen eta zer helbururekin erabiliko den. Ez baitira gauza bera herritarrentzako liburuxka bat, barne-zirkular tekniko bat edo eleberri bateko elkarrizketa bat.

Zeregin zehatza argi adieraztea

Ondoren, zehaztu behar da zer espero dugun: itzulpena, azalpena, berridazketa, aukera desberdinak, zuzenketa eta abar. Adibidez: «Azal iezadazu esaldi honen esanahia, eta berridatz ezazu modu argiagoan, informaziorik galdu gabe». Zenbat eta zehatzagoa izan eskaera, orduan eta erabilgarriagoa izanen da emaitza. Informazio guztia paragrafo bakarrean pilatu beharrean, komeni da jarraibideak egituratuta ematea: lerro-jauziekin, atal bereiziekin eta irizpideak bananduta.

Mugak eta irizpide linguistikoak zehaztea

Garrantzitsua da zehaztea zer muga ezartzen dizkiogun: esanahia ez aldatzea, informaziorik ez galtzea, Euskaltzaindiaren arauak errespetatzea edo herritar arruntentzat ulergarria izatea, adibidez. Honelako aginduak lagungarriak izaten dira: «Eman erantzuna Nafarroako administrazio-estiloan», edo «Ez itzuli hitzez hitz, baizik eta esanahia, herritarrentzat ulertzeko moduan utziz, baina jatorrizkoaren informaziorik galdu edo aldatu gabe». Horrelako muga argiek emaitzaren kalitatea hobetzen dute.

Terminologia eta baliabideak aipatzea

Zenbait testutan, batez ere Administrazioan edo arlo teknikoetan, komeni da zer erreferentzia erabili behar duen adieraztea. Batzuetan aski izanen da arauaren izena jartzea; erreferentzia oso zabala bada, ordea, komeni da interesatzen zaigun zatia eranstea, edo guk osatutako glosario bat ematea. Horrek ez du egiaztapen lana ordezkatzen, baina terminologia koherenteagoa lortzen lagun dezake.

Azkenik, kontuan izan batzuetan agindu soil bat ez dela nahikoa izaten; zeregina konplexua bada, agindu bakar bat eman beharrean, sekuentziatan bana dezakegu (esaterako, lehenik testua azaltzea, ondoren itzultzea, eta amaieran tonua egokitzea).

Ondorioak

Adimen artifizialaren inguruko eztabaidetan, bi mutur agertzen dira maiz: batzuentzat, itzultzailea ordezkatuko duen iraultza da; beste batzuentzat, berriz, saihestu beharreko mehatxu bat. Bi ikuspegi horiek murriztaileegiak dira.

Ikusi dugunez, AA ez da hutsik gabeko epaile linguistiko bat, ez eta gure lanbidea desagerraraziko duen subjektu autonomo bat ere. Tresna bat da: indartsua, azkarra eta batzuetan harrigarriro erabilgarria, baina baita mugatua, akastuna eta arriskutsua ere, kontrolik gabe erabiliz gero.

Itzultzaile profesionalaren balioa ez dago testu bat ahalik eta azkarren sortzean, baizik eta ñabardurak hautematean, testuingurua interpretatzean, erregistroa hautatzean eta, azken finean, erabaki linguistiko arduratsuak hartzean. Horixe da gaur egun makinak egin ezin duen benetako lana. Horregatik, agian galdera ez da adimen artifizialak itzultzaileak ordezkatuko ote dituen, baizik eta itzultzaileok nola ikasiko dugun tresna hori gure alde erabiltzen. Ez ordezko gisa, baizik eta laguntzaile gisa; ez agintea hari emanez, baizik eta gidaritza geuk mantenduz. Azken batez, AAk ez du gure ordez pentsatu behar. Alderantziz: ongi erabilita, hobeki pentsatzen lagundu behar digu. Eta hor dago, segur aski, haren benetako balioa.