Euskaratutako literaturaren kanon baterako aldez aurreko arauak
Itzulpen literarioen azterketa deskriptiboen barruan, aldez aurreko arauak ("preliminary norms") itzulpenak gauzatu aurretik hartzen diren erabakiak dira. Horrelako arauak aletuko dira "Literatura Unibertsala" bildumako hiru aroetan, eta itzulitako literaturaren kanona osatzeko orduan nolako garrantzia izan(go) duten aztertuko da. Beraz, azalpenaren lehen partean aldez aurreko arauak ikusi eta eztabaidatuko dira, eta, bigarrenean, kanonaren kontzeptuaren inguruko argibide batzuk eman ondoren, eta edozein kanon osatzea aukeratzea den neurrian, nolako kanona itxuratzen ari garen ikusiko dugu.
Literatura-itzulpenen azterbide deskriptiboak
Azterbide deskriptiboen tradizioa 1980ko hamarkadaren hasiera abiatu zen, Herbeheretako eta Israelgo aztertzaile batzuen ekimenez. Horretarako giltzarriak Itamar Even-Zohar-ek Formalista errusiarren kontzeptuetatik abiatuz formulatutako Polisistemen Teoria eta haren garapena, batetik, eta Theo Hermans-ek lehenbizi eta James S. Holmes-ek geroago argitaratutako obrak izan ziren. Holmesen lanak, bereziki, joera berriei «Translation Studies» izena ezarri zien (eta orain artean horixe da korrontea izendatzeko deiturarik erabiliena), eta hiru adar nagusitan banatu zituen: adar teorikoa, adar deskriptiboa eta adar aplikatua.
Hermans, Lefevere (1982), Lambert (1985) eta beste Europan, eta Even-Zohar (1990), Toury (1980), Shavit (1986) eta beste Ekialde Hurbilean bat datoz literaturaren fenomenoa hipotesi eta helburu bertsuen pean ikertzeko orduan: literatura sistema dinamikotzat ulertzea, teoriaren eta praktikaren arteko trukaketa, itzulpenak ikuspuntu deskriptibo eta funtzionaletik aztertzea; eta saiatu dira itzulpenek kulturan betetzen dituzten eginkizunak deskribatzen. Izan ere, literatura-itzulpenak sistema edo kultura bateko bigarren mailako emaitzak izan daitezke edo, aitzitik, eskaintzen dituzten ereduen bitartez kultura-eragileak suerta daitezke.
Gideon Toury eta arauak
Askotariko eragin horiek erakusteko, Gideon Toury-k muturreko bi joera deskribatu zituen. Alde batetik, ST edo jatorrizko testuari (eta bere kultura-ezaugarriei) atxikitzen zaion itzulpena; beste aldetik, XT edo xede testuari (eta bere kultura-ezaugarriei) atxikitzen zaiona. Lehen joerari egokitasuna deitzen dio eta, arbuiatua izan ezean, errepertorio berriak eta aberasgarriak ekar diezazkioke bere kulturari; aurrerakuntzarako aukera bat izan daiteke, batez ere sistema edo kultura gazte edo ahuletan gertatzen denean. Bigarren joerari, berriz, onargarritasuna deritzo, hau da, xede kulturan ezagunak diren errepertorioen arabera egindako itzulpena izango litzateke eta, horrenbestez, periferikoa eta inolako eraginik gabea.
Egokitasunaren eta onargarritasunaren arteko posizioari «Hasierako araua» deitzen dio Toury-k, eta, bistan denez, dinamikoa da, baliokidetza termino estatiko zaharkitua gainditzeko ahaleginean. Horrekin batera, emaitzaz gainera, itzulpen prozesuari jartzen zaio arreta, beste arau mota batzuen bitartez: esate baterako, «aldez aurreko arauen» bidez, itzulpena egingo duen kulturak dituen baldintzak aztertzen dira (zergatik aukeratzen diren itzulgai jakin batzuk, jatorrizko hizkuntzetatik itzultzeko aukera dagoen, zubi-hizkuntzak erabiltzea zilegi den…); eta «jarduerazko arauak» direla medio, berriz, itzultze prozesuan bertan hartzen diren erabakiak aztertzen dira (Toury, 1980).
Aldez aurreko arauak Literatura Unibertsaleko 1. eta 2. aroetan
«Literatura Unibertsala» bildumaren lehen aroa 1989an abiatu zen, Gulliver-en bidaiak obrarekin, eta 2002an amaitu, Hamlet tituluarekin. Guztira 100 lan argitaratu ziren. Bigarren aroa, berriz, 2002tik (Zorrotz begiratutako trenak) 2010era (Eromenaren mendietan) joan zen, beste 52 titulurekin.
Gideon Toury-k zehaztutako «aldez aurreko arauak» direlakoei begiratuta, honako ondorio hauek atera daitezke:
- Bildumaren asmo fundazionalei jarraikiz, «auzo-hizkuntzetan sortu eta euskarara itzulitako literatura-lan ederrenez osaturiko liburu-bilduma da», eta horri gaineratzen zaio «munduko kulturaren ekoizpenik garrantzitsuenetako batzuen ondarea euskararen bidez ere jasotzeko aukera» eskaintzeko asmoa zuela bildumak. Unibertsaltasunari dagokionez, aurreko lan batean adierazi nuena berrituz (López Gaseni, 2009), «unibertsal» terminoak, mundu zabaleko adiera ez ezik, «kanoniko» ere adierazi nahi bide du. Besterik da, geroago ikusiko den bezala, unibertsaltasun hori nolakoa izan zen.
- Bestalde, obra horiek aldez aurretik euskaratu gabeak behar zuten, bertsio laburtuak eta itzulpen zaharkituak alde batera utzita.
- Gainera, ahal zen neurrian, bildumak ekimen pribatuarekiko lehia saihestu behar zuen.
- Ezinbesteko baldintza izan zen, orobat, gure itzultzaileek zuzenean euskaratzeko moduko obrak izatea. Guretzat oso arrotzak gerta zitezkeen kasuetan, berriz, zilegi zen zuzeneko bi itzulpenetatik gutxienez euskaratzea.
Argitaratutako itzulpenetako paratestuak
Komunikazio-eskemaren beste aldera joanda, azkenik, euskal irakurleen ustezko gaitasun-mailara egokitzen ziren obrak hautatu behar ziren.
Horraino LU-rako aitortu ziren aldez aurreko arauak. Ikus ditzagun orain benetako emaitzetako paratestuetako ezaugarri zenbait, Juan Luis Zabalaren lan bat oinarri hartuta (Zabala, 2011).
- Euskaratutako lan gehien-gehienak «mendebaleko» kulturari zegozkion: 121 europarrak dira, 17 ipar amerikarrak, 10 hego amerikarrak, 2 asiarrak, 2 afrikarrak eta 1 ozeaniarra.
- Hautatutako idazle gehien-gehienak gizonezkoak ziren (139 gizonezko / 14 emakumezko).
- Lan gehien-gehienak narratibakoak izan ziren: 112 nobela, 28 narrazio-bilduma, 9 antzerki-lan, poesia lan bat, eguneroko bat, hiztegi literario bat eta bidai liburu bat.
- Itzulgai gehien-gehienak XX. mendekoak izan ziren: 102 (XIX. mendeko 39, XVIII. mendeko 7).
- Jatorrizko hizkuntzetan ere, azkenik, «mendebalekoak» izan ziren nagusi (gure itzultzaile gehienek menderatzen dituztenak, bestalde): ingelesetik 44, frantsesetik 31, gaztelaniatik 15, italieratik 15, alemanetik 13, errusieratik 11, portugesetik 5, txekieratik 5, arabieratik 1, turkieratik 1…
Paratestuetako beste ezaugarri batzuei erreparatuta, itzultzaileen izenak liburuetako azaletan agertzen dira, hasiera batean itzultzaile lana egin dutela zehaztuz, eta geroago itzultzaile direla esan gabe, irakurleak jakingo duelakoan edo.
Kreditu-orrian, bestalde, jatorrizko izenburua eta argitaratze-urtea eskaintzen dira. Ez, ordea, jatorrizko hizkuntza eta naziotasuna, nahiz eta horrelako xehetasunak askotan hitzaurreetan agertzen diren.
«Literatura Unibertsala» bildumako 3. arorako jauzia eta aldez aurreko arau berriak
«Literatura Unibertsala» bildumaren 2. aroa osatzeko hitzarmena bete zen garaia krisi ekonomikorik larrienetariko batekin batera etorri zen. Horrek itzulgai berririk argitaratu gabeko «gogoeta aldi» baterako bidea eman zuen.
Hirugarren aroari ekin baino lehen, beraz, ordua artekoa aztertu eta etorkizun zenaren aldez aurreko arauak erabakitzeko batzorde bat eratu zen. Batzorde horretako idazkari EIZIEko orduko lehendakari Bakartxo Arrizabalaga izan zen; gainontzeko kideak, berriz, Mari Jose Olaziregi, Lourdes Otaegi eta Jesus Cuenca EHUko irakasleak, Inazio Mujika Iraola idazle eta editorea eta Lander Garro idazle eta kritikaria izan ziren.
Batzorde horren osaketari begiratuta (aldez aurreko arauak erabakitzeko ardura zutenen aldez aurreko arauak aztertzearren), hiru emakumezko eta hiru gizonezko dira, horietatik 3 irakasleak dira, bat kritikari eta idazlea, beste bat editore eta idazlea eta Arrizabalaga bera itzultzailea da. Batzordekideen batez besteko orduko adina 47 urtekoa zen, gehientsuenak adin horren ingurukoak ziren, eta bakar baten kasuan hamar urte baino gehiagoko desbideraketa aurki daiteke. Alegia, bat izan ezik, beste guztiak belaunaldi berekoak zirela esan daiteke; eta aurreko belaunaldiko eta genero literario guztietako adituak bilduz gero, irizpide aniztasun zabalagoa bermatuko zen.
Edonola ere den, eta aurreko aroetako hutsuneak ikusita, honako hauek dira proposatu zituzten aldez aurreko arauak:
- XX. mendearen bigarren erdiko idazle handiak.
- Gaurkotasun handiko idazle eta tituluak.
- Mendebaldez kanpoko idazleak, Asia eta Afrikakoak batik bat.
- Hedadura gutxiko hizkuntzetako idazleak: daniarrak, greziarrak, holandarrak, poloniarrak, txekiarrak...
- Emakume idazle garaikideak.
- Antzinateko idazleak, aurreko aldietan bat bakarra zegoelako.
- Antzerkia eta poesia; aurreko aroetan oso gutxi argitaratu zirelako.
- Best-seller izandako tituluak, horien eskasia handia baitago itzulia eta garrantzitsua izan daitekeelako belaunaldi berrien irakurzaletasuna pizteko eta sendotzeko.
Arestian aipatutako Zabalaren artikuluan, bestalde, egileak Arrizabalaga elkarrizketatu zuen, eta, proposatutako irizpide horiek justifikatze aldera, honako hau esan zuen: «Emakumeek idatzitako literaturan adituak direnei ere eskatu dizkiegu proposamenak, Ekialdeko literaturako adituei ere bai... Batzordeak du azken hitza, baina aurretik jende askoren iritzia jaso ondoren erabakiko dute» (ibidem). Batzordeko idazkariak, gainera, poesiarekiko aurreiritzi deigarria erakutsi zuen elkarrizketa berean: «Poesia gutxi edo ia batere ez izatearen arrazoi nagusia ahalmen falta da (...) Zenbateraino gara gaur egun poesia itzultzeko eta itzulpen horiek baloratzeko gai? (...) Beste arazo bat ere bada: irakurleak. Hau da, zenbat jende den gaur egun poesia irakurtzeko gai, edo zenbateraino nahi duen jendeak poesia irakurri, edo, zehatzago esanda, beste hizkuntza batetik itzulitako poesia. Hala ere, poesia pixka bat gehiago sartu nahi dugu» (ibidem).
Asmo horiek guztiak nola gauzatuko diren ikuskizun dago, lan hau idazteko orduan hirugarren aroko dozena erdi itzulpen besterik ez baitira argitaratu.
Kanonaren inguruko ikuspegiak
Kanon bat, edozein motatakoa delarik ere, literatur sistemaren erakusgarri sinplifikatua da. Kanon ororen helburua egile garrantzitsuenen ereduzko erreferente klasiko gisa funtzionatzea da.
Kanonaren ideiaren aldean aukeraketaren ideia dago beti, eta greziarren garaitik irakaskuntzari lotua egon da. García Gualen arabera, «literatura-kanona da testu oso ezagun eta prestigiodunen aukeraketa, irakaskuntzan erabilia eta kritikaren erreferentzia-marko gisa balio duena». Hortaz, heziketa estetiko eta literariorako tresna garrantzitsua da.
Kanon mota bat baino gehiago dago. Gaingiroki, kanonaz mintzatzen garenean kanon filologikoaz ari gara; hasiera batean hizkuntzari begira egindako kanon mota bat da, literatura-corpusa oinarri gisa hartuta. Baina bestelakoak ere badira: eskola-kanona, curriculumaren arabera irakaskuntza-maila bakoitzean zer ikasi-irakatsi behar den adierazten duena; eta mota askotako liburu-aukeraketak: mendeko obrarik onenak, urteko lanik onenak, udako irakurgaien zerrendak…
Pozuelo eta Aradraren arabera (2000), ohiko kanona eztabaidagai bihurtu da eta krisian sartu da, eta unibertsitateko hainbat sektoretatik kanonaren kontzeptua berreskuratzeko ahalegina ohiko kritikak kanona eraikitzeko oinarri hartu zituen kategoria eta eredu epistemologikoak (egilea, testua, balioa, interpretazioa...) krisian sartzearen ondorio izan da. AEBn dekonstrukzioak, kritika feministak eta Cultural Studies-ek polemikarako gogoz birplanteatu dute kanonaren auzi zaharra.
Literatura-teoriaren historian, XIX.-XX. mendeetan batik bat, paradigma aldaketa gehiegi gertatu dira: paradigma biografikotik paradigma formalista-estrukturalistara, handik harreraren estetikara... eta bakoitzak bere metodo-aldaketa eragin du.
Gaur egun, berriz, dagoeneko galdera ez da literatura-obrak komunikazio zirkuituan zer nolako zentzu(ak) dituen, baizik eta zein diren teoriaren beraren eta teoriagileen rol historiko eta soziologikoa.
Postestrukturalismo izenez ezagututako berrikuntza egitera etorri ziren mugimenduak Derridaren Dekonstrukzioan eta Foucaulten teorietan oinarritu ziren: batez ere New Historicism edo Cultural Studies izenekoak (teoria feminista, genero eta klase estudioak, azterbide poskolonialak, etabar). Horien oinarrian «erradikaltasun kulturala» dago, eta interpretazio-pluralismoan kokatu beharrean, kultura eta literatura kontzeptuak berak ezbaian jartzea dute helburu. Humanidadeen krisia, gatazka interpretatiboa baino areago, boterearen administrazioan eta interpretazioaren kontrol instituzionalean datza. Testu berriekin batera, kultur identitate berriak sortzen ari dira, kultur identitate eurozentrista baliogabetzat joa izan ondoren.
Hillis Miller-ek (ibid., 27) Literatura Teoriaren funtzioen deskribapenaz mintzatzean, interesgune aldaketa nabarmena sumatzen zuen: literaturaren azterketa immanenteetatik, literatura bere testuinguru soziologiko, psikologiko eta politikoekiko harremanetan aztertzera. Miller-en arabera, dekonstrukzioaren ondoren, botere, historia, ideologiaz gogoeta egitea etorri zen, eta testuinguru horien literatur azterketetan instituzionalizatzera. Bide berrien jomuga berria gatazkek literaturan utzitako «isla» aztertzea zen.
Estatu Batuetako eztabaidak
Harold Bloom-ek, The Western Canon (1994) liburuaren bidez, kanonikotasunaren oinarri liratekeen unibertsal estetiko-antropologikoen ideia berreskuratzea aldarrikatzen duen neo-fundamentalismo teorikoa inspiratzen du. Bloom-ek estetika/ideologia, indibidualtasuna/instituzioa gisako aurkakotasunak proposatzen ditu, eta lehen osagaiei emandako lehentasunaren bidez ideologia orotatik libre legokeen literatur tradizio bat defendatzen du. Literaturtasuna defendatzen du edozein kutsadura ideologikoren aurrean. Literatura, haren iritziz, sorkari indibiduala da. Eraginaren larriduraz mintzatzen denean, berriz, sostengatzen du elkarrizketa sortzaile indibiduala ezartzen dela sortzailearen eta bere aurrekoen artean. Horrekin batera, originaltasuna kokatzen du kanonikotasunaren gune gisa, eta kanonikotasuna edozein esku-hartzen instituzionaletatik libre dagoela dio. Garbi dago estetika erromantikoan kokatzen duela bere burua: originaltasuna, berezitasuna, berrikuntza, harridura… Irakurleari dagokionez, bakardadean egiten du topo testu kanonikoekin. Mendebaldeko kanonak ematen digun gauzarik handiena geure bakardadearen jabe bihurtzea eta geure hilkortasunari aurre egitea omen dira, Bloom-en arabera.
Cultural Studies-en barruan, W. Mignolo-k (Pozuelo eta Aradra, op. cit., 43) kanona beste muga kultural batzuetara eraman beharra aldarrikatzen du. Haren ustez, kanona da giza komunitateek beren iragana finkatzeko, orainaldira egokitzeko eta gerora proiektatzeko duten bidea. Kanonaren bidez, komunitate bakoitzak bere lurraldea mugatu eta legitimatzen du, tradizioa sortuz, indartuz edo aldatuz. XVIII. mendeko idealizazioak praktika multirregionalak uniformatu zituen eta Literatura Unibertsala kontzeptua sortu zuen. Hala ere, Mignolok dioen legez, kanon oro eskualde bati dagokio, kultura jakin baterako osatzen da. Unibertsalismoak, berriz, eskualde bateko kanona (eurozentrikoa) unibertsaltzat saldu nahi du.
Adams-ek (ibid., 58) proposatzen du irizpide literarioak / botere irizpideak dikotomia faltsua dela, eta botere irizpidea ez dela beti kanon tradizionalaren aldekoa: gaur egun Ipar Amerikako unibertsitate askotan antikanoniko bihurtu dituzte ohiko kanonaren aldekoak, eta ortodoxia berria kanon sexual, etnikoetan du oinarria.
Azkenik, S. Fish, F. Jameson eta bestek (ibid., 59), modernotasun teorikoaren aldekoak izan baziren ere, jarrera kritikoa erakusten dute multikulturaltasunarekin eta kanon berriekin. «Political correctness» delakoaren aurka altxatu dira. Fishek dio programa berria ezin dela joan literatur teoriaren seriotasun eta koherentziaren aurka, eta ezin dela mugatu denetaz hitz egitera, kritika horrek objektu jakin bat eta metodo jakin bat zehaztu gabe; ezin da mugatu antropologia, psikoanalisia, sexualitate, soziologia, historia, ekonomia, hedabide, linguistikari buruzko berriketa amateur bat izatera. Gainera, dioenez, diziplinarteko diskurtso batzuek ez dute inolako euskarririk ezein diziplinatan. Fishek egiten duen beste kritika ildo bat da «birtute zibikoaren» defendatzaile bihurtzea, horrela estudio kulturaletako departamentu asko aldarrikapen politikoen bulegoak bihurtu dira, oso errespetagarriak baina inolako ordezkaritzarik gabe botereen banaketan, kritika literarioa baztertu izanaren kostearekin gainera. F. Jamesonek ere oso ikuspegi kritikoa eskaintzen du Cultural Studies direlakoei buruz. Haren ustez, gainera, badira kezkatzeko moduko bi fenomeno garrantzitsu: Cultural Studies-eko diagnostikoetako kultur eraikuntza falta (kritika feministaren ekarpen batzuetan izan ezik) eta eztabaidak amerikar testuingurutan zentratzea, hura unibertsala balitz bezala. Kontzientzia teoriko handiagoa eskatuz amaitzen du bere jarduna.
Kanona teoria sistemikoetan
Literatura zein kanona ezin dira estatikoki ulertu, Tynianov eta Shlovskyren teorietatik jada. Adibidez, automatismoa apurtzeko teoria osoa literatura-sistemaren eta haren eboluzioaren izaera dinamikotik eraikita dago. Horregatik, literaturaz baino areago «izate literarioaz» hitz egitea nahiago du Tynianovek, garai bakoitzeko kategoria aldakorrak ez ezik, jarduera historiko baten ondorioa dela garbi uzteko.
Teoria sistemikoek kanonari buruzko debateari egindako ekarpen garrantzitsuenetariko bat sistemaren eta Historiaren arteko lotura da: edozein eskema kanoniko osatzeko orduan, aintzat hartu behar da une historiko eta testuinguru jakin bakoitza. Era horretan, kanonen teoria bat eraikiko litzateke, pluralean, literaturaren kontzeptuaren eraikuntzan eta haren garapenean eragina izan dutenak. Ikuspuntuak historikoa behar du izan derrigorrez; izan ere, literatura- objektuak izaera aldakorra dauka, eta hura ekoitzi, transmititu eta jasotzeko bideak ez dira egonkorrak: ez idatzizko bidea, oso berria dena, ezta berarekin batera doan aparatu kontzeptuala, XVIII. mendearen bigarren erdian sortua.
Pragako semiotikaren barruan, Dolezel-ek (ibid., 83) transdukzioa terminoa proposatu zuen: testu literarioa ez da entitate egonkor bat; izan ere, egilearen eta irakurlearen artean kokatutako hainbat elementuren esku-hartzea pairatzen du; hori dela eta, metamorfoseatuta iristen zaio irakurleari, prozesu konplexu baten ondorioz.
Polisistema nozioaren azpian objektuaren heterogeneitatea dago, eta tradizio eleanitza, kulturanitza eta literatura bat baino gehiago dituzten gizarteetan garatu ahal izan da (Even-Zohar, 1990). Egile horren arabera, sistemak ez dira berdinak, hierarkizaturik eta estrafikaturik daude polisistemaren barruan. Estratu horiek gatazkan dabiltza baina elkar behar dute.
Polisistemen teoriak kanona eta errepertorioa lotzen ditu; izan ere, kontua ez da objektua bera, baizik eta zergatik objektua hori izan den eta ez beste bat, objektua osatzeko mekanismoa. Hortaz, «kanonizatuak» dira kultura bateko indar nagusiek legezkotzat hartutako arau eta obrak (testuak zein ereduak), eta ondorioz gizarte horren ondare historikotzat gordeak direnak. Bestalde, kanon bat ezin da osatu obrez soilik, aldi berean errepertorioak parte hartu gabe, horrek ematen dielako obrei beren tokia kulturaren barruan.
Even-Zohar-en iritziz, kanonikotasuna ez da inola ere ezaugarri testuala. Ez dago literatura ona edo txarra, baizik eta garai bakoitzean ontzat eta txartzat emandako literaturak.
Estratu kanonizatuen eta ez-kanonizatuen arteko tentsioa edo gatazka, berriz, unibertsala da, estratifikazioa bera kultura orotan gertatzen delako. Etengabeko dialektika dago berriaren eta zaharraren artean, goikoaren eta behekoaren artean, eta kanonizatu gabeko estratuek erdigunea eskuratu nahi dute.
Eredu kanoniko batzuk oso egonkorrak dira, eleberriaren eredua, adibidez, XVIII. mendean kanonizatua izan zena eta gaur arte biziraun duena.
Kanonikotasuna errepertorioan erakusten da ongien. Errepertorioa dira testuen ekoizpena eta erabilera gobernatzen duten legeak eta elementuak. Beraz, ekoizpenari ez ezik, kontsumoari ere eragiten dio. Errepertorioaren alorrekoak dira irakurleak genero jakin batekin duen familiaritatea, ezagutzak, aurreiritziak, adostasunak, inferentziak eta abar.
Errepertorioa hiru mailatan egituratuta dago: banakako elementuak, sintagmak eta ereduak. Ereduak dira testua behar bezala deskodifikatua izateko behar diren ezagutza edo jakintzak: generoei buruzkoak, deskribapenak, narratzaile fokalizatua, amaiera irekia, zatikatze narratiboa…
Jakina, errepertorioarentzako berariazko testuingurua Instituzioa da: literatura jarduera sozio-kultural gisa mantentzen duten faktoreen multzoa, besteak beste, ekoizleak, kritikariak, argitaletxeak, irakaskuntza erakundeak, literatur erakundeak, hedabideak...
Testuak zein errepertorioa jarduera bateko zatikako adierazpenak dira; jarduera hori izaera polisistemikoan bakarrik ulertzen da bere osotasunean. Horretarako, Even- Zohar-ek kanonikotasun estatikoa/kanonikotasun dinamikoa bereizten ditu. Lehena testuen mailaz aritzen da eta bigarrena errepertorio edo ereduen mailan.
Nolako kanona islatzen duen «Literatura Unibertsala» bildumak
Lan honetako hirugarren eta laugarren ataletan ikus daitekeen legez, «Literatura Unibertsala» bildumak askotariko kanonak biltzen ditu, nahita edo nahi gabe.
Alde batetik, mendebaleko kanona nagusi dela esan daiteke. Guztiarekin ere, esana geratu den bezala, bildumak kanon horretatik azken mendeetako lanak hartu ditu batik bat, bereziki XX. mendekoak.
Gainera, poesia lan gutxiegi sartu dira bilduman (kanon-egileek berebiziko garrantzia ematen dioten arren): liburu bakar bat –poeta katalanen antologia bat-– lehen 150 tituluen artean.
Orobat, mendebaleko tradizioko literaturen arteko desoreka nabarmena da eta egile garrantzitsu asko falta ditu. Esate baterako, gehiago itzuli da gaztelaniatik eta italieratik alemanetik baino (bakarrik XX. mendeko batzuk aipatzeagatik, R. M. Rilke, Peter Handke, H. M. Enzensberger, P. Weiss, T. Bernhard, M. Frisch, P. Celan... bildumaratu gabe daude oraindik); portugesezko literaturak ere oso agerpen txikia du, 5 lanekin, eta bilduman ez daudenen artean, L. de Camões, F. Pessoa, E. de Castro, C. Lispector, M. Andrade, G. Almeida bezalakoak aipa daitezke; beste hainbeste esan daiteke ekialdeko eta iparraldeko herrialdeetako egile eta obrei buruz.
Beste alde batetik, sistema periferiko batzuetako kanonak bildu nahi izan dituela dirudi: katalana, galegoa… baina Europako beste sistema minoritario batzuk falta ditu berriz ere.
Azkenik, Cultural Studies-etako proposamen batzuetatik abiatuta, emakumezkoen literaturako kanona eta beste minorietakoak ere jaso nahi izan dituela dirudi (idazle afrikarrak, kasurako), baina horien erakusgarri bakan batzuk besterik ez dira bildumaratu.
Ondorioak
Beraz, ondorio gisa, «Literatura Unibertsala» bilduma euskal sistemako eragileek baldintzatuta eta norabide garbirik gabe azaltzen da. Batetik, zerrenda-egileen proposamenak; bestetik, itzultzaileen baldintzak, gustuak eta beharrak; lehiaketetako hautaketa-mahaiko kideen iritziak eta kalkuluak (ezin da ahaztu bertan argitaletxeak ere ordezkaturik daudela). Hasiera-hasieratik zuzendari(tza) finkorik ez izateak zerikusia izan du «Literatura Unibertsala» bildumaren jitoan eta, azkenean, horrek guztiak kanon koherenterik ez izatea eragin du.
Bibliografia
BLOOM, Harold (1994). The Western Canon. New York: Harcourt Brace.
EVEN-ZOHAR, Itamar (1990). «Polysystem Studies». Poetics Today, 11, 1.
HERMANS, Theo, ed. (1985). The Manipulation of Literature. Londres: Croom Helm.
HOLMES, James S. (1988) Translated! Papers on Literary Translation and Translation Studies. Amsterdam: Rodopi.
HOLMES, James S.; Lambert, José & Van Den Broeck, Raymond, eds. (1978). Literature and Translation. Leuven: Acco.
LAMBERT, José & Van Gorp, Hendrik (1985). «On describing translations», in Hermans, Theo (ed.). The Manipulation of Literature. Londres: Croom Helm.
LEFEVERE, André (1982). «Théorie littéraire et littérature traduite», Canadian Review of Comparative Literature, 137-156.
LÓPEZ GASENI, Manu (2009). Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008).
POZUELO YVANCOS, Jose María; Aradra Sánchez, Rosa María (2000).Teoría del canon y literatura española. Madril: Cátedra.
SHAVIT, Zohar (1986). Poetics of Children's Literature. Athens/Londres: The University of Georgia Press.
TOURY, Gideon (1980). In Search of a Theory of Translation. Tel Aviv: Tel Aviv University.
ZABALA, Juan Luis (2011). «Ekarpena eta ekarkizuna», Berria, 2011-02-18.