Hau, hori, hura. Euskarazko erakusle-sistema: euskara estandarrerako proposamena
Hizkuntza bakoitzak bere erakusle-sistema du, eta sistema horiek, elkarren artean antzekotasunak badituzte ere, ez dira normalean guztiz bat etortzen. Itzultzaileok, beraz, kontuz ibili behar dugu sorburu- eta helmuga-hizkuntzen erakusle-sistemak ez nahasteko. Artikulu honetan, euskarazko sistemaren berezitasunak landuko ditugu. Izan ere, euskarazko testuetan, oso ohikoak dira inguruko erdaren sistemen interferentziak.
Euskara estandar zaindua: zertaz ari garen
Artikulu honetan, izenburuak dioen bezala, euskara estandar zaindurako proposamen bat egingo dugu. Beraz, lehenik eta behin, estandar zaindua zeri deitzen diogun argituko dugu, proposamenaren aplikazio-eremua zehazteko. Horretarako, beharrezkoa da euskara batuaren eta estandar zainduaren arteko aldea azaltzea.
Hala, euskara batua Euskaltzaindiaren arauei jarraitzen dien euskara litzateke; hau da, akademiak ezarritako deklinabide-eredua, aditz-jokoa, hiztegia eta arauak betetzen dituena. Estandar zainduak, berriz, aurrekoak betetzeaz gain, Euskal Herri osoko hiztunak ditu helburu, eta, hala, Euskal Herri osoan hedatuen dauden formen alde egiten du.
Ikus dezagun aurreko bereizketa hori adibide praktikoen bidez. Esate baterako, euskara batua erabiliko nuke Etxalarko Udalak argitaratutako bando edo iragarki batean, eta hango hizkeraren bereizgarriak ere bilduko nituzke testuan: erran, ongi, bertze eta hagitz erabiliko nituzke hiztegiaren arloan; -t(z)en ahal, izanen, egonen eta eginen aditzarenean… Argi izanda testu horren hartzaileak Etxalarko biztanleak izango direla. Beraz, noiz egingo dugu estandar zainduaren aldeko hautua? Lehenago esan bezala, Euskal Herri osoa helburu duten testu jasoak sortzen ditugunean, hau da, Tuteran, Urepelen, Aizarnazabalen nahiz Bakion erabiltzeko/irakurtzeko sortzen diren testu jasoetan. Ikastolen Elkarteak Euskal Herri osorako sortzen dituen ikasmaterialak har ditzakegu adibide gisa.
Gaiari berari heldu baino lehen, argi utzi nahi nuke hemen proposatutako sistema ez dudala nik sortu. Gaur egun estilo-liburu gehienetan bultzatzen den sistema da (ikus bibliografia). Hala, artikulu honetan, informazioa bildu eta modu antolatuan eman nahi izan dut, besterik gabe. Horretarako oinarri hartu dut 2022ko irailean EIZIEren eskariz eman nuen ikastaroa («Hau, hori eta hura. Noiz erabili bakoitza? Erakusleen euskarazko sistema»).
Euskarazko erakusle-sistema
Aplikazio-eremua finkatu eta gero, landu dezagun orain proposamenaren mamia. Hizkuntza bakoitzak bere erakusle-sistema du, eta sistema horiek, elkarren artean antzekotasunak badituzte ere, ez dira normalean guztiz bat etortzen. Dena den, euskarak, diglosia-egoeran egonda, etengabe jasaten du inguruko erdaren eragina, eta, hala, euskararen erakusleen sisteman ere, maiz agertzen da interferentzia hori.
Ikus dezagun euskararen erakusleen sistema taula baten bidez.
Euskararen berezitasunen artean dugu erakusle horien gainean sortzen direla zenbait adberbio (modu/leku/denborazkoak), eta, beraz, haiei ere eragingo die gure proposamenak.
Baina arlo honetarako ere garrantzitsua den beste ezaugarri bat ere badu gure hizkuntzak: euskaraz ez dago hirugarren pertsonarako izenordainik, eta erakusleak betetzen du eginkizun hori. Horrek, dudarik gabe, eragina izango du lantzen ari garen gaian.
Erakusleekin lotutako zenbait kontzeptu
Proposamenaren nondik norakoa aztertzen hasi baino lehen, komeni da hiru kontzeptu garrantzitsu argi izatea: deixia, katafora eta anafora.
EHULKUren azalpenetik tiraka, honela defini ditzakegu hiru kontzeptu horiek:
Jardunera edo gogora ekarritako erreferente bat (izaki, leku zein denbora) seinalatzen duen elementu linguistikoa da deixia. Anafora, berriz, aurretik aipatutako zerbait ordezten duen elementu linguistikoa dugu. Azkenik, ondoren datorren zerbait seinalatzen (ordezten) duen elementu linguistikoa da katafora.
Eta nola lotzen dira elementu linguistiko horiek esku artean dugun gaiarekin? Hona hemen Petrirenaren azalpena, Morfoxintasiaren inguruko zalantzak eta argibideak lanean (2011: 126):
Erakusleez baliatzen gara gauden (g)unea seinalatzeko, eta gauzak tokian edo denboran kokatzeko (deixia), hurbiltasunaren edo urruntasunaren arabera gradu bat edo bestea erabiliz: hau, hori edo hura. […] Deixi arruntetik kanpo, erakusleak erabiltzen dira, orobat, testuko edo diskurtsoko elementuak seinalatzeko eta erreferenteak ordezteko (ez errepikatzearren). Anafora eta katafora deritze halakoei: erreferente bat ordezten duenari eta aurretik aipatutako zerbait seinalatzen duenari, anafora; ondoren datorren zerbait seinalatzen duenari, berriz, katafora.
Aurrekoaz gain, erakusleen sistema hobeki ulertzeko, nire ustez, beharrezkoa da beste bereizketa kontzeptual bat egitea: erreferentzia exoforikoak eta endoforikoak: «Lehenak [erreferentzia exoforikoak] elementu batek mintzaira-jarduera gertatzen ari den testuinguru fisikoko entitate bat seinalatzen du, eta deixiari buruz hitz egingo dugu orduan. Erreferentzia testutik kanpo dago» (García Azkoaga, 2016: 13).
Adibidez:
- Etxe hau lehengo urtean erosi genuen. (Hurbilen dagoena)
- Ekarri horko liburu hori, mesedez. (Tarteko distantzia batean dagoena)
- Mendi hura da Aizkorri. (Urruti dagoena)
«Bigarrenak [erreferentzia endoforikoak], berriz, elementu bat testuan aurretik aipatu (edo ondotik aipatutako) den beste elementu batekin jartzen du harremanetan, eta anaforari edo kataforari buruz hitz egingo dugu halakoetan» (García Azkoaga, 2016: 18).
Erreferentzia endoforikoetan, testu barrenean dago erreferentzia, beraz. Alor horretan aurkituko dugu, hain zuzen, inguruko erdaren eraginik handiena, eta horri helduko diogu orain.
Erakusleen erabilera kataforikoa
Aipatu berri dugunez, eta EHULKUk argitaratutako «Deixia: anafora eta katafora» artikuluak sakonki aztertzen duenez, ondoren datorren zerbaiti erreferentzia egin behar diogunean, katafora bat beharko dugu, eta, gure hizkuntzaren kasuan, lehen graduko erakuslea (hau) erabiliko dugu eginkizun horretarako. Bi puntuen aurretik agertuko da gehienetan.
- hau(ek):
- honako hau(ek):
- honela:
- hona (hemen):
Ikus ditzagun zenbait adibide:
i) hau(ek):
- Bukatutakoan, hau egin behar duzue: …
- Baldintza hauetan egin zuten hitzarmena: nori berea ematea eta…
ii) honako (X) hau(ek):
- Honako bazkide hauek dira batzordekideak: Miren Goienetxe, Jon Mendiburu, Pello Indart eta Maddi Aranguren.
- Demagun honako egoera hau: …
iii) honela:
- Honela esan/adierazi/oihukatu zuen: …
iv) hona (hemen):
- Hona zer dioen hirugarren artikuluak: …
Beraz, hau/ek erabiliko dugu katafora gisa, eta, argiago markatu nahi izanez gero, honako hau/ek; baina horrelakoetan ez dugu erakuslea kenduko:
- Honako baldintza hauek bete behar ditu: gidabaimena izatea, adinez nagusia izatea…
Eta ez:
- *Honako baldintzak bete beharko ditu: gidabaimena izatea, adinez nagusia izatea…
- *Honakoak beharko ditu: gidabaimena izatea, adinez nagusia izatea…
Gaztelaniaren eraginez katafora gisa erabiltzen diren zenbait kalko ere saihestekoak dira: hurrengo(ak), ondorengo(ak), ondoko(ak)…
- *Hurrengo gaiak landuko dira: …
- *Ondorengo gaiak landuko dira: …
- *Ondoko gaiak landuko dira: …
Erabilera zuzena, beraz, hau litzateke:
- (Honako) gai hauek landuko dira: …
Horrelakoetan ere, kontuz ibili behar dugu, eta erlatibozko egiturak saihestu:
- (?) Honako hauek dira ekarri behar direnak: …
Egokiagoa litzateke honela:
- Honako hauek ekarri behar dira: …
Erakusleen erabilera anaforikoa
Heldu diezaiogun orain anaforari, eta, horretarako, Petrirenaren lana hartuko dugu oinarri (2011: 127): «Aurretik agertutako elementu bat ordezteko, hura da lehen aukera».
Adibidez:
- Mikeli esan zioten, eta hark zabaldu zuen berria fakultatean.
- Kristiñe agertu zenez, hari eman nion oparia.
- 17 urterekin seminarioan sartu zen. Han bost urte pasatu zituen.
Gero, zera gehitzen du Petrirenak (2011: 127): «Halakoetan, neurri batean erdararen eraginez, gehiegitan erabili izan da azken aldian hau».
Adibidez:
- (?) Mikeli esan zioten, eta honek zabaldu zuen berria herrian.
Aurreko puntuan esan bezala, gure proposamenean, lehen graduko erakuslea (hau) erabilera kataforikorako gordeko dugu, erreferentzia endoforikorako, eta, beraz, goikoa bezalako kasuetan, lehen graduaren ordez, hirugarren gradua hobetsiko dugu (hura).
«Aurrekari bat baino gehiago dagoen kasuan ere sistema bera erabiltzen da» (Petrirena, 2011: 127), eta hor da bereziki erabilgarria, zein erreferenteri dagokion argi jakiteko. Hala erakusten dute honako adibide hauek:
- Mikelek, orduan, zilarrezko adarra eman zion Joni, eta hark putz egin zuen. (Jon ulertu behar genuke.)
- Mikelek, orduan, zilarrezko adarra eman zion Joni, eta putz egin zuen. (Mikel ulertu behar genuke.)
«Izan ere, lehenengo perpausaren subjektua bada bigarrenaren subjektua, ez litzateke erakuslerik beharko». (Petrirena, 2011: 127)
Hirugarren graduko erakusleen erabilera anaforikoan, bada aintzat hartzeko beste kontu bat. Erakusle arrunten formaz gain, erakusle indartuak edo berretuak ere baditu euskarak. Hiru graduetan agertzen dira horrelako formak, baina hirugarren gradukoez bakarrik mintzatuko gara, aurkezten ari garen sisteman erabiliko ditugulako.
Noiz erabili bera eta noiz hura? Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuak honela dio (Euskaltzaindia, 2008: 262):
Erabilerari dagokionez ere, ohiturak ez datoz bat. Hauxe da egoera:
a) Euskalki guztiek berdintsu samar jokatzen dute aurrekaria (Lierni) perpaus berean dagoenean: guztiek bera erabiltzen dute.
Hona hemen adibide batzuk:
i) Liernik esan digu berak egingo duela. (Liernik)
vs
Liernik esan digu hark egingo duela. (beste batek)
ii) Liernik esan du berari gertatu zaiola. (Lierniri)
vs
Liernik esan du hari gertatu zaiola. (beste bati)
Jo dezagun berriz EBEra (2008: 262-263):
b) Aurrekaria perpaus berean ez baizik eta aurreko perpaus batean dagoenean, ordea, bitasuna dago: (Heg.) bera; (Ipar.) hura.
- Mikel aurkitu dugu kalean, eta berak esan digu. (Heg.)
- Mikel aurkitu dugu kalean, eta hark esan digu. (Ipar.).
Hegoaldeko testuetan, gainera, halako neurrian ugaldu dira forma indartuak (bera, beraiek…) ezen ematen baitu erakusle soilek (hura, haiek…) erabat galdu dutela balio anaforikoa.
Horrenbestez, estilo-jokamolde hau hobesten dute estilo-liburu batzuek estandar zaindurako:
Anafora arruntean, hots, lehendik aipaturiko izen baten ordez izenordaina erabiltzean, hura izatea lehen aukera. Erreferentzia errepikatzea ere egokia izan liteke, jakina, esaldiak esana zalantzagarria gertatzen bada:
- Ikasleak irakasleari galdetu dio, baina hark ez dio erantzun.
- Ikasleak irakasleari galdetu dio. Hark (, ordea,) ez dio erantzun.
- Ikasleak irakasleari galdetu dio, baina irakasleak ez dio erantzun.
- Ikasleak irakasleari galdetu dio. Irakasleak (, ordea,) ez dio erantzun.
- Ikasleak irakasleei galdetu die, baina haiek/irakasleek ez diote erantzun.
Bera erabiltzekotan, bigarren aipamenean erabiltzea, ez lehenean:
- Irakaslea etorri denez, hari esango diogu.
- Irakaslea etorri denez, hari esango diogu, eta berak erabaki dezala.
- Irakasleak etorri direnez, haiei esango diegu, eta berek erabaki dezatela.
Guk ere, lan honetan, EBEk proposatzen duen estilo-jokamoldea hobetsiko dugu.
Aurretik aipatutakoaren harira, bertan adberbioaren inflazio ikaragarria aurkitzen dugu gaur egungo testuetan.
- Ikasketak Iruñean egin zituen; (?) bertan bost urte eman zituen.
Forma soila erabili behar genuke, gure ereduaren arabera:
- Ikasketak Iruñean egin zituen; han bost urte eman zituen.
- Ikasketak Iruñean egin zituen; hemen bost urte eman zituen. (Iruñean bagaude)
Eta forma berretua bigarren agerpenerako utziko dugu:
- Han, bost urte eman zituen, eta bertan ezagutu zuen senarra.
- Hemen, bost urte eman ditu, eta bertan ezagutu du senarra.
Hirugarren graduko erakusle pluralei dagokienez, ugariago da aukera, forma berretuak kontuan hartuz gero. Ikus taula:
Azter ditzagun banaka. Eurak mendebaldeko hizkeretan erabiltzen da bereziki; beraz, ez litzateke egokia estandar zaindurako (Euskal Herri osorako). Antzeko zerbait gertatzen zaigu beraiek berretuarekin, gipuzkerazko forma baita. Euskaltzaindiak dioenez, gainera, tradizio urrikoa da; beraz, estandar zaindurako baztertzekoa. Hala, estandar zaindurako, berak hobetsiko genuke, izenordain berretua erabili behar izanez gero.
Garziak oroitarazten digun bezala, kontuan hartu behar da, bestalde, erdaraz erakuslerik ageri ez den zenbait testuingurutan ere erakusleaz baliatzen garela euskaraz (2005: 81):
Halakoetan, orobat zaindu behar da funtzio-banaketa, zeharka ere okerra eragin baitezake erdararen interferentziak:
- Patxiri begiratu, eta hartaz (bera(ta)z/honetaz) barre egiten hasi zen. ’ [erdaraz: de él / de éste]
- Begien aurrean dago ikuskizuna, baina apur bat saiatu behar da (hura) (hau/bera(u)) ikusteko.’ [erdaraz: verla]).
Orduan, lehen gradua kataforarako baliatzen badugu, eta hirugarren gradua, anaforarako, noiz erabili behar genuke erakusleen bigarren gradua?
Bada, anafora gisa agertuko da bigarren gradua ere gure ereduan. Petrirenaren proposamena laburtuko dugu hemen (2011: 126-128):
Batetik, hori erabiliko dugu erakusleak aurreko perpausa ordezten badu:
- Goiz osoa pasatu zuen niri begira, eta horrek urduri jartzen ninduen.
- Lehiaketa irabazten badu, hori lortzen duen bigarren afroamerikarra izango da. Zer sentiarazten dizu horrek?
Bestetik, izena + hori multzoak aurretik aipatutako elementu bat ordezten du (hitz berarekin edo beste batekin):
- Arazo bat sortzen denean, arazo horrek are gehiago zailtzen ditu gure harremanak. (hitz bera)
- Obabakoak Atxagaren libururik ezagunena da, eta eleberri horretan oinarritutako film bat ere egin zuten. (beste hitz batekin)
Izenarekin batera, nolanahi ere, hori nahiz hura dira egoki hainbatetan.
Ikus dezagun noiz erabili bakoitza (Garzia, 2005: 80).
Hirugarren graduak erreferente solte bat (izen-sintagma bat) ordezten du, diskurtsoko erreferente baten errepikapena markatuz (ez testu fisikoan seinalatuz):
- Hala esan diot lagunari. Hark, orduan,…
Bigarren graduak, berriz, aurreko esaldi nahiz perpaus osoa biltzen du erreferentetzat, izenordain modura doanean:
- Konforme nago, baina horrek (konforme egoteak) ez du esan nahi…
Izen bati lagunduz doanean, berriz, elementu bat ordezteko ere erabiltzen da hori; alegia, testuan aipatu berri den erreferentzia biltzen dute bien artean izenak eta erakusleak:
- Lertxundik idatzia da Otto Pette. Liburu horretan…
Zehaztu dezagun, hala ere, aipatutako bereizkuntza ez dela beti erabatekoa pragmatikoki. Izan ere, biak dira zilegi batzuetan, diskurtsoko anafora arrunt modura nahiz testuan seinalatuz bezala bil baitaitezke erreferenteok, zein ikuspegitatik hartzen diren:
- Bazen gizon handi-handi bat han. Gizon hark [delako gizonak]… / Gizon horrek [aurreko esaldian aipatu den gizonak]…
- Lurrikarak gertatu dira Txilen. Herrialde hartan/horretan / han…
Bukatzeko, Garziak dioenez (2005: 81), erdaraz erakuslerik ageri ez den zenbait testuingurutan ere erakusleaz baliatzen gara euskaraz:
Halakoetan, orobat zaindu behar da funtzio-banaketa, zeharka ere okerra eragin baitezake erdararen interferentziak:
- Patxiri begiratu, eta hartaz (bera(ta)z/honetaz) barre egiten hasi zen. ’ [erdaraz: de él / de éste]
- Begien aurrean dago ikuskizuna, baina apur bat saiatu behar da (hura) (hau/bera(u)) ikusteko. ’ [erdaraz: para verlo])
Honaino ailegatuta, eta bukatzeko, hona Garziak sortu zuen eskema, dena laburbiltzeko (1997: 436):
- Seinalatze arrunta (deixi arrunta)
- Seinalatze zehazki kokatu gabea
- Diskurtsoko (eta testuko) seinalatze kataforiko-anaforikoa
Bibliografia
Alberdi, X. eta Sarasola, I. (2001). Euskal estilo libururantz. Gramatika, estiloa eta hiztegia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Bilbo.
García Azkoaga, M. I. (2016). Anafora eta erreferentziakidetasuna. Izen-kohesiorako baliabideak. Udako Euskal Unibertsitatea. Eibar.
Garzia, J. (1997). Joskera lantegi. IVAP. Gasteiz.
———(2003). «Katafora esapideak bateratzeko bidean», in Alberdi Larizgoitia X., Ugarteburu Gastañares I. Espezialitate hizkerak eta terminologia: jardunaldiak. EHUko Argitalpen Zerbitzua. Bilbo
——— (2005). Kalko okerrak. EIMA. Gasteiz.
Ehulku. Deixia eta katafora. EHU (online dokumentua).
Euskaltzaindia (2008). Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE). Euskaltzaindia. Bilbo.
——— (2021). Euskararen Gramatika. Euskaltzaindia. Bilbo.
Petrirena, P. (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. EIMA. Gasteiz.
——— (2013). «“Honako erabaki hau” eta “hurrengo erabakia”». Administrazioa Euskaraz 82. IVAP. Gasteiz.