Itzulpengintzako liburu-gomendioak
Claudia Torralba Rubinos, Idoia Santamaria Urkaregi eta Anjel Lertxundi

Hiru liburu hauen gomendioak bildu ditugu: 'Handbook for Interpreters in Asylum procedures' (UNHCR Austria, 2017), 'El texto interminable. Del análisis literario a la técnica de la traducción' (Carlos Fortea, 2022), 'Infinitua ihi batean' (Irene Vallejo - Fernando Rey itzultzaile, 2021).

Liburuaren izenburua: Handbook for Interpreters in Asylum procedures
Egilea: UNHCR Austria
Argitaratze-urtea: 2017
Argitaletxea: UNHCR Austria

Zergatik interpretazioari buruzko liburu bat? Zergatik asilo-prozedurei lotutakoa? Zergatik ingelesez? Zergatik eskuliburu bat? Eta zergatik ekarri horrelako zerbait Senezera?

Hasteko, askoz ere gehiago dira itzulpengintzari buruzko liburu eta aldizkariak interpretazioari buruzkoak baino. Horregatik, nahiz eta Senezen azpian itzulpen-aldizkaria jartzen duen, garrantzitsua deritzot itzulpen hitza bere zentzurik zabalenean ulertzeari, eta liburu-aldizkarien berri emateko atal honetan interpretazioa eta zuzenketa ere barne hartzeari, artikuluetan bezalaxe. Izan ere, itzulpengintzan dihardugunok ondo baino hobeto dakigu gure lan-eremua zabala bezain plurala dela. Eta, edonola ere, beti dago ondo gugandik urrutixeago geratzen diren beste diziplina batzuen inguruko informazioa ere jasotzea, gure ezagutzaren eta gogoetaren mugak zabaltzeko baino ez bada ere.

Jarraitzeko, interpretazioan pentsatzen dugunean, ziurrenik Nazio Batuetako kabinetan dauden emakume eta gizon eleganteak etorriko zaizkigu gogora gehienoi (interpreteak aktoreak direla pentsatzen ez dugunoi, behintzat). Kaskoak eta mikrofonoa. Pantaila eta koadernoa. Agian, ordenagailua edo tableta. Labur esanda, lan-baldintza aski onetan egiten den lan kualifikatu eta profesionala, zalantzarik gabe, nahiz eta azken urteetan protesta-ahotsak ere entzun diren.

Hala ere, badaude konferentzia- interpreteak ez diren beste interprete mota asko, bestelako testuinguru ez hain profesional eta kualifikatuetan lan egiten dutenak. Zorionez edo zoritxarrez, lan gutxi egoten da bestelako testuinguru horietan (ospitaleetan, espetxeetan, epaiketetan, eta, nola ez, asilo-eskabideak ebazteko prozeduretan) euskal interpreteontzat. Baina batak ez du bestea kentzen, eta bestelako testuinguru horietan zer dagoen jakitea betebehar moraltzat joko nuke ia, batez ere interpreteen jarduna eskatzen duten testuinguru horietan interpreteen lana erabakigarria izan daitekeela jakinda. Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziak emandako datuei erreparatzen baldin badiegu, 2022aren erdialdean 4,9 milioi asilo-eskatzaile zeuden munduan. Beraz, ezer gutxi gehiago dago esateko asilo- eskabideetan lan egiten duten interpreteen prestakuntzaz hitz egin beharra justifikatzeko.

Eta ingelesez, zergatik? Liburuaren hitzaurrean bertan azaltzen den bezala, asilo- eskabideak tokian tokiko lege eta prozedurek arautzen dituzte, eta dagokion estatuko hizkuntza ofiziala(k) eta asilo-eskatzailearen ama-hizkuntza edo beste ama-hizkuntza bat erabiltzen dira. Horregatik, ingelesezko eskuliburu honek Europako eta Europatik kanpoko herrialdeetan erabiltzeko moduko edukia eskaintzea du helburu. Noski, esan gabe doa interprete euskaldunek ingelesarekin eta beste hizkuntza askorekin ere lan egiten dutela, baita Euskal Herritik kanpo ere. Ondorioz, euskal itzultzaile eta interpreteei ere ikuspegi «nazioartekoagoa» emateko modu bat ere bada.

Dena den, eta ingelesari lingua franca gisa ematen diogun protagonismoa ñabartzeko, aipatzeko modukoa iruditzen zait eskuliburu honen lehen bertsioa alemanez idatzita dagoela, eta Austriako testuinguruari espezifikoki lotuta. NHCR-ren QUADA (Qualitätsvolles Dolmetschen im Asylverfahren edo «kalitatezko interpretazioa asilo-prozeduretan») proiektuaren esparruan garatu ziren liburu honetan jasota dauden interpreteentzako prestakuntza-curriculum espezifikoa eta edukia, Europako Errefuxiatuen Funtsak eta Austriako Barne Ministerioak finantzatuta. Beraz, estatu espezifiko batetik eratorritako proiektu globala da. Think locally, act globally esaten duten hori, nonbait. Gainera, nazioarteko hogeita hamar adituk baino gehiagok hartu dute parte eskuliburuaren ontzean. Ez da lan makala, ez.

Itzulpena eta interpretazioa hizpide dituzten liburuak erkatzen baditugu, ikusiko dugu eduki aldetik ere ezberdintasun nabarmenak daudela; izan ere, aztergai dugun liburuaren kasuan bezala, interpretaziokoak askotan daude bideratuta prestakuntzara eta aplikazio praktikora, eta ez prozesuaren edo produktuaren inguruko gogoetara, Senezen zenbaki honetako Langintza Xeheki atalean eta beste artikulu batzuetan Ane Garciak edo Arrate Hidalgok egin duten bezala. Horrek baditu bere abantailak, nire ustez: norberaren ezagutza praktiko eta teorikoak handitzeko aukera emateaz gain, ariketak eta gogoetak egiteko aukera ere ematen du, hausnarketa filosofiko hutsetan geratu ordez.

Hain zuzen, eskuliburu honek erabilera praktikoa egitea du helburu, eta, horretarako, rol-jokoak proposatzen ditu, asilo- testuinguruetako interpretazioan garrantzitsuak diren alderdiei lotutako hamabi unitate hauetan banatuta:

  1. Asylum and International Protection (asiloa eta nazioarteko babesa)
  2. The Personal Interview and Interview Techniques (elkarrizketa pertsonala eta elkarrizketa-teknikak)
  3. The Basic Principles of Interpreting (interpretazioaren oinarrizko printzipioak)
  4. The Interpreter’s Role (interpretearen rola)
  5. Professional Ethics and Professional Conduct (etika eta jardunbide profesionalak)
  6. Interpreting Modes (interpretazio-modalitateak)
  7. Note-taking (oharrak hartzea)
  8. Sight Translating Interview Transcripts (elkarrizketen transkribapenen ikusizko itzulpena)
  9. Interpreting for Vulnerable Applicants (egoera zaurgarrian dauden eskatzaileentzat interpretatzea)
  10. Interpreters as Experts in Multilingual and Transcultural Communication (interpreteak komunikazio eleaniztun eta transkulturalean aditu)
  11. Information Mining for Interpreters (informazio-bilaketa interpreteentzat)
  12. The Interpreter’s Emotional Experience (interpretearen esperientzia emozionala)

Eskuliburua erabiltzea erraza eta intuitiboa izan dadin, modu bertsuan daude egituratuta unitate guztiak, alderdi teorikoak eta praktikoak uztartzeko:

-     Learning Outcomes (emaitzak)

-     Theory (ezagutza teorikoak)

-     Fact Box (ezagutza gehigarriak)

-     Country-Specific Information (herrialde jakin batzuetako testuinguruetan kontuan hartu beharrekoak)

-     Literature and Links (erreferentziak eta webguneak)

-     Activities (ariketak eta jarduerak, baita prestatzaileentzako ebaluazio- errubrikak ere)

-     Test yourself! (autoebaluaziorako ariketak)

Bada, oso interesgarria iruditzen zait unitate didaktikoetan oinarrizko eduki teorikoak, eduki osagarriak eta eduki praktikoak modu sintetiko eta errazean uztartzeko egin duten ahalegina. Oso modu errazean ulertzekoa eta prozesatzekoa da, eta hasiberri zein trebatzaileentzat erabilgarria.

Ildo horretan, eskuliburua asilo-prozeduretan parte hartzen duten interpreteei dago zuzenduta, baita arlo horretan espezializatu nahi duten interpreteei ere. Eskuliburu formatuak, gainera, interpreteentzako aurrez aurreko prestakuntza-saioetan erabiltzeko aukera ere ematen du. Ez hori bakarrik; asilo-eskabideak ebatzi behar dituzten erakunde eta elkarrizketatzaileentzat ere izan daiteke baliagarria, interpreteekin lan egiteko gakoak ematen baititu.

Edonola ere, interpreteen rolari, ardurari eta prestakuntzaren garrantziari buruz hausnartzeko eta kontzientzia hartzeko eskuliburu erabat gomendagarria iruditzen zait. Izan ere, gure lanbidean ezinbestekoa da munduari besteen begietatik begiratzea, eta, horretarako, funtsezkoa da herrialdeen, hizkuntzen, kulturen, aurreiritzien eta beldurren mugak gainditzea. Hori bai, interpreteen rola eta osasun mentala ahaztu gabe, noski. Izan ere, ez gara ez neutralak, ez ikusezinak.

Claudia María Torralba Rubinos


Liburuaren izenburua: El texto interminable. Del análisis literario a la técnica de la traducción
Egilea: Carlos Fortea
Argitaratze-urtea: 2022
Argitaletxea: Guillermo Escolar

Badakigu itzulpengintza jakintza praktikoa dela eta itzulpenak eginez ikasten dela itzultzen. Baina hainbatetan entzun eta esan dugun esaldi hori ez da nahikoa. Hala dio behintzat Carlos Fortea irakasle (Salamancako Unibertsitatean aurrena eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean orain) eta literatura-itzultzaile zailduak liburu honetan:

«Unibertsitateko ikasgeletan hogei urtez irakasten saiatu naizena intuizio-sorta huts bat den edo argumentuen babesa duen argitzen saiatu naiz liburu honetan. […] Orrialde hauetan, modu sistematikoan probatu nahi ditut itzulpen literarioari buruzko nire usteak, sinetsita bainago sistematiza daitekeela kontzeptu-sorta mugatu bat, jatorrizko testuan bilatu kontzeptuok eta gida gisa erabili gero, testua xede-hizkuntzan “berreraikitzeko”. Esaldi bakar batean esateko […], kontua da ikustea nola dagoen idatzita testu bat gero berriz idatzi ahal izateko».

Horren erakusgarri, Miguel Sáenz gaztelaniazko itzultzaile handiak itzulpengintzari buruzko mahai-inguru batean esandakoa dakar Forteak:

«Itzulpengintza artea eta teknika da, biak; eta teknika ikasi egiten da. Irakats daiteke pintatzen? Jakina. Ezin da ikasi Goya izaten, baina pintatzeko teknika bai, ikas daiteke. Norberak bere gisa ikastea izango du beharbada, baina bide luzeagoa da hori, eta zailagoa; eta, irakasle on bat baldin baduzu, bide asko laburtuko dizkizu, eta sumatzen ez dituzun kontu ugari irakatsiko».

Itzulpengintzan ez dute balio aldez aurreko eskema kontzeptual jakin batzuek, behin ezarri ondoren gero praktikan aplikatu eta berretsiko liratekeenak; aitzitik, guztiz kontrakoa da Forteak liburu honetan proposatzen duen ibilbidea: itzulpengintza-praktikatik abiaturik, balio orokorra izan dezaketen baieztapen gutxi batzuetara heltzea. Nolabait esatearren, itzultzaile gisa duen esperientzia luze oparoa baliaturik, erreminta-kaxa bat eskaintzen du hemen Forteak, profesional eskarmentudunentzat zein itzultzaile hasiberrientzat egokia.

Gainera, nahiz literatura-itzulpena duen abiapuntu, itzulpengintza profesionalera bideratua dago liburua, ez soilik literatura- itzulpenera; izan ere, testuetarako erregulartasun aplikagarriak aurkitu nahi ditu, baina ez soilik kalitate handiko testuetarako, ezpada baita maila «txikiagoko» edo «kontsumoko» testuetarako ere. Testu bakoitzerako soluzioak itzultzaile bakoitzak aurkitu beharko ditu beti, noski, baina liburu honek eskaintzen dituen lanabesak lagungarri izango zaizkio, ziur asko.

Hamabi kapitulutan banatuta dago liburua (azkena, ondorio gisa emana), eta bibliografia mamitsu batez amaitzen da (hor ere bada arrantzarako aukera eder bat baino gehiago). Liburu laburra da (100 orrialde), baina osorik aprobetxatzekoa, ez baitu betelanik batere.

Amaitzeko, gure lanbiderako ezaugarriak laburbiltzen dituen pasarte bat, liburuko 9. kapitulutik hartua:

«Jatorrizkoaren erreferentziak ezagutzea lagungarri izango zaio itzultzaileari, aurretik idazleari lagundu dioten bezala. Testuartekotasuna, noski, lanbide honek eskatzen duen jakintza entziklopedikoaren parte gisa, eta, horri eusteko –maila berean eusteko–, bilaketa dokumentalerako gaitasuna, norberaren irakurketak eta irakurketa horiei esker landuko duen sentsibilitatea. Hiru elementu horiek gabe, ez dago itzulpenik».

Erraz irakurtzeko liburu eder bat. Ez dira hainbeste horrelakoak.

Idoia Santamaría Urkaregi


Liburuaren izenburua: Infinitua ihi batean
Egilea: Irene Vallejo
Itzultzailea: Fernando Rey
Argitaratze-urtea: 2021
Argitaletxea: Pamiela


Infinitua euskararen ihian

Liburuen historiari buruzko liburua omen da Irene Vallejoren Infinitua ihi batean, hala dio kontrazalak. Hori baino gehiago da: liburuaren historia kontatuz, mundu klasikoaren historia kontatzen digu, Mendebaleko tradizio kulturala xehatzen, itzulpenen bidez lortutako hizkuntzen arteko harremana eta gizaki eleaniztunon komunikazioa goresten, gure kulturaren sustraiak deskribatzen, nondik gatozen esaten. Hori guztia prosa atseginean emana.

Liburuaren jaiotzaz –antzinateko asmakizun gorenaz– ari da Infinitua ihi batean, eta, aldi berean, gure gaurko munduaz. Gutaz. Mundu klasikoaz ari delarik, liburuak gu gaitu kontakizun eta helburu. Iraganera jo, oraina ulertu; iragana maitatzen ikasi, gure gaurko mundua estimatu eta zaindu. Denboraren distantziak ez ditu ez historia ez oraina abolitzen. Iragana presente dago beti, presentearen oinarri eta parte da. Liburuei esker, bereziki eta sakoneran. Baina, liburuek beren egitekoa bete dezaten han- hemen, hizkuntzen eta kulturen eta denboren arteko zubia behar. Itzulpena, alegia. Kultura, hizkuntza eta garai desberdinen arteko enkontrua.

«Itzulpenik gabe bestelakoak ginateke –dio Vallejok–, gure aspaldiko itzultzeko ohiturak zubiak eraiki ditu, elkarrizketa polifoniko mugagabeak sortu eta […] norberaren hizkuntza bat askoren arteko beste bat dela erakutsi».

Hitzaurretik hasi eta liburuaren bukaeraraino, zehaztasuna eta poetikotasuna aurkituko ditu irakurleak orriari orri. Zorroztasuna eta fintasuna, biak batera. Eskutik. Ez dira kontraesankorrak.

Mundu klasikoaren eta gure garaiaren arteko joan-etorri etengabea da liburua, eta, bidaia horien mataza osatzerakoan –sen handiz bilbatzerakoan–, autofikzioa baliatu du Vallejok. Bere esperientziatik mintzo da; antzinateari dion maitasuna eta lilura transmititzen dizkigu bere prosak; zubi-lan etengabea egiten du iraganaren eta orainaldiaren arteko zabuan, gaurko eta atzoko gertakari eta ideien paralelismoak markatzen ditu, ordutik honako hainbat autore, mugimendu eta obra ahaidetzen. Autoreak Hannah Arendt aipatuko du orain, Herodoto gero; Safo bezala Hesiodo; Joyce eta Eskilo; Annie Ernauxen segidan, Zizeron; Babel eta Borges, Alexandriako liburutegia eta Internet…

Vallejok kontatzen digun guztiaren bihotzean, liburua dago, liburuen itzulpenak daude. Liburua eta itzulpena asmatu ez balira, apenas jakingo genuke deusen mendrenik antzinateaz, kultura klasikoaz, eta, azken finean, gure sustraiez. Liburuaren historia kontatuz, gutaz –gaur garenaz– ari zaigu Irene Vallejo. Greziarrek hain maisuki baliatzen zuten tragediak bezala gutxi-asko. Antzerki klasikoak eragiten digun katarsiak geure barruari begira jartzen gaitu. Liburuko atal baten izenburuak dioen bezala, «besteak kontatzen dit» (Eskilok, Euripidesek…) nire nortasunaren nolakoa. Esate baterako: greziarren etsai betikoen alde positiboak planteatzera ausartzen da Eskilo Pertsiarrak obran, humanismo avant la lettre bat erakutsiz. Ikusle greziarrak haserretu zitezkeen, baina Eskiloren ausardiak aurrera egin du: greziarrak zein persiarrak, denok gara gizaki, denok gara sustrai bereko. Filosofia klasikoaren gizaki-ereduak sortu zuen bi mila urte geroago humanismoa, gaurko globalizazioaren defizit nagusia hain zuzen.

Dibulgazio maisuki burutua –kultura barreiatzeko ispilu adeitsua– aurkituko du irakurleak liburuan, liburuaren historian, kulturak liburuari esker egin duen bidean. Liburuaren miraririk gabe ezin uler daiteke gure gaurko mundua: mito, kontakizun, istorio zaharrak ikuspegi eta idazkuntza modernoarekin eskaintzen ditu autoreak, gaurkotasuna bilatuz beti eredu klasikoen ispiluan. Irakurleak noiznahi aurkituko ditu poetikotasun handiko pasarteak; Irene Vallejok idazten ikasi zuenekoa, adibidez, finezia handiz kontatua: antzinatean bezala gure garaian, letrak josten hasi ginen denok sentitu genuen a-m-a lehenbizikoz idatzi genueneko miraria, baina artea behar da Vallejok erakusten duen sotiltasunaz kontatzeko.

Liburuak, mardula izaki, agian galbana eragingo dio irakurleari, eta denbora faltaren aitzakia jarriko du Infinitua ihi batean liburua baztertzeko. Zer, ordea, Irene Vallejoren perla bitxia bezalakorik denboraren ibaiak garamatzala ulertu eta denborarenak garela bizi-bizi sentitzea baino? Gaur eguneko liburu berrien zaparrada etengabeak ez digu antzinako libururen bati ekiteko aterrune laburrena ere ematen. Vallejoren liburuak, ordea, gaur-gaurkoa izanagatik ere, antzinako kultura ezagutu eta antzinako liburuak irakurtzeko egarria eragiten digu.

Liburua, itzulpena. Jakituria, hizkuntzen arteko joan-etorria. Testu original ederreko liburuak merezi zuen euskarazko itzulpen eder bat. Irakurleak euskararen naturaltasuna gozatuko du Fernando Reyren itzulpenean, atsegina egingo zaio irakurketa, prosaren arintasuna eta erritmoa estimatuko ditu liburuan zehar. Borges parafraseatuz, Infinitua (bestelako deituraz Unibertsoa, bestelako deituraz Liburua, bestelako deituraz Gizakia) aurkituko du irakurleak euskararen ihian.

Anjel Lertxundi