«Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta» uda-ikastaroaren kronika
2022ko uztailean egin ziren «Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta» jardunaldiak, Baionan, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen (UNUM) esparruan. Jardunaldiak aukera paregabea izan ziren itzulpengintzan era batean edo bestean diharduten profesional askoren esperientzia eta testigantzak ezagutzeko. Ponentziek eta mahai-inguruek gaur egungo aurrerapen teknologikoak jarri zituzten ikusgai; izan ere, aurrerapen horretaz egunero baliatzen diren hainbat itzultzaile, interprete eta ikertzailek etengabeko eraldaketa horren abantailak eta mugak mahaigaineratu zituzten. Artikulu honetan, jardunaldien kronika pertsonal labur bat egin dugu.
«Maitia, izugarri maite zaitut, eta nire bizitza arinagoa eta atseginagoa da zurekin nagoenetik. Guztiz maiteminduta nago, baina tira… Hainbat akats ere baduzu, eta batzuetan espazio gehiago izan nahiko nuke, neure erabakiak hartu, neure bizitzaren jabe izan».
Ez, ez dira maiteminduta dagoen norbaitek bere maiteari esandako hitzak. Izan ahalko lirateke, bai, baina maitemindua Fernando Rey da, Nafarroako Unibertsitateko Euskararako Atal Teknikoaren atalburua, eta beraren maitea… itzulpen automatikoa. Elkarrizketa berezi hori «Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta» jardunaldietan gauzatu zen, Baionako Cité des Artsen, 2022ko uztailaren 21ean eta 22an. «Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak» programak proposatu zituen jardunaldiak, eta itzulpenaren arloarekin hala edo nola lotuta dauden zenbait profesional bildu zituen: itzultzaileak, interpreteak, ikerlariak, irakasleak, elkarteak, eta abar. Denek bazuten zeresana, itzulpenaren bilakaera teknologikoaren onurak gozatzen edo desabantailak pairatzen baitituzte beren eguneroko lanean. Bi egun horietako hitzaldiak eta mahai-inguruak aukera paregabea izan ziren profesional horien guztien esperientziaren, testigantzaren edo ezagutzaren berri izateko.
Uztailaren 21ean, ostegunean, Itziar Cortések, ikastaroaren zuzendari eta Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko koordinatzaileak, jardunaldien aurkezpena egin zuen, baita denoi ongietorri egin ere, lehenengo hitzaldiari bidea eman baino lehen. Hitzaldi horretan, bi hizlari aritu ziren: alde batetik, Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta ikertzailea eta EIZIEren ordezkaria, eta, beste alde batetik, Gabriel Cabrera Méndez, ANETIren (Asociación Nacional de Empresas de Traducción e Interpretación) ordezkaria, zeinak Zoom bidez parte hartu baitzuen. Itzulpengintzaren arloan teknologia nola erabiltzen den ezagutzeko analisia egina zuten, eta azterketa horren emaitzak edo horren haritik egindako hausnarketak azaldu zizkiguten. Gabrielek esan zuenez, duela urte batzuk barre egiten genuen pelikuletan robot batzuk agertzen zirenean, denak ere hizkuntza asko hitz egiteko eta hala edo nola «guk bezala pentsatzeko» gai. Hala ere, robot horiek egia bihurtzen joan diren heinean, ez dugu jadanik barre egiten; aitzitik, beldur gara. Alegia, bi motatako itzultzaileak daude gaur egun: teknobeldurtiak eta teknofilikoak. Gabrielek zenbait profil hartu zituen kontuan bere analisian (itzultzaile autonomoak, administrazio publikoko itzultzaileak, enpresa pribatuetan lan egiten duten itzultzaileak eta hainbat enpresatako kudeatzaileak), eta hainbat datu interesgarri eman zuen jakitera; esate baterako, administrazio publikoan lan egiten duten itzultzaileek dutela, oro har, gaitasun digital txikiena, edo itzultzaile autonomoek ez dituztela ongi ezagutzen doako itzulpen-tresnak erabiltzearen ondorio etiko eta legalak. Elizabetek eta Gabrielek ziotenaren arabera, enpresetako kudeatzaileek kontuan hartzen dituzte beren langileen gaitasun digitalak, baina hori ez da funtsezko faktore bat langile berriak kontratatzeko orduan. Era berean, Gabrielek adierazi zuen enpresen % 60k ez dutela teknologia-azterketaz arduratzen den pertsonarik. Ikerketan parte hartu zutenek Olentzerori zuzendutako gutun batzuk idatzi zituzten, eta, gutun horietan, tresna autonomoagoak izatea eta gutxiago tekleatzea izan ziren gehien aipatutako eskaerak. Badago, beraz, teknologia- garapenarekiko konfiantza.
Jarraian, «La traducción automática: porque yo lo valgo» izeneko hitzaldia eman nuen nik neuk. Nire helburua bikoitza zen: alde batetik, Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiko Gaztelaniazko Departamentuan itzulpen automatikoa nola erabiltzen den azaltzea, eta, beste alde batetik, arlo instituzional horretan itzulpen mota horrek zer abantaila eta desabantaila dituen zehaztea. Horretarako, zer testu mota itzultzen ditugun azaldu nuen (erregelamenduak, zuzentarauak, eta abar), baita testu horiek zer gai jorratzen dituzten ere. Ondoren, errespetatu behar ditugun arau edo konbentzio batzuk zehaztu nituen; esate baterako, instituzio guztietarako baliagarria den estilo-liburua (LEI, Libro de Estilo Interinstitucional, guk diogun bezala), edo gaztelaniarako espresuki egindako gidalerroak (Guía del Departamento). Halaber, oso inportantea da zuzenbide-testuetan erabiltzen den terminologia errespetatzea, baita IATE datu-basean finkatuta dauden terminoak ere, inkoherentziak eta arazo juridikoak saiheste aldera. Konbentzio horien guztien ondorioz, itzulpen automatikoaren erabilgarritasuna murriztua da, zeren giza garuna beharrezkoa baita xehetasun eta irizpide horiek guztiak kontuan hartzeko eta kasu bakoitzean erabaki zuzenak hartzeko. Azken finean, denok badakigu krema edo makillajea ez direla nahikoa eder, zoriontsu eta osasuntsu sentitzeko, ezta? Era berean, itzulpen automatikoa, bere kontura eta gure laguntzarik gabe, ez da nahikoa kalitatezko itzulpenak lortzeko.
Osteguneko hirugarren hitzaldia, «Itzulpen-teknologien lanketa unibertsitatean», Elizabete Manterola, Zuriñe Sanz eta Nora Aranberri EHUko irakasle eta ikertzaileen eskutik etorri zen. Teknologiarekin eta itzulpengintzarekin lotutako hainbeste elementuri buruz jardun zuten, betiere unibertsitateen ikuspuntutik.
Lehenengo eta behin, hainbat unibertsitatetako ikasketa-planei buruz egindako analisia azaldu zuen Elizabetek. Esan zuenez, analisiaren helburua ikasleen gaitasun instrumentalak lantzeko modu onenak zein diren jakitea izan zen. Ikerketaren arabera, teknologiak testuinguru estrategiko zabal batean landu behar dira, hau da, ikasgaien artean, modu transbertsal batean. Elizabetek nabarmendu zuen ikasleek prest egon behar dutela etengabe eguneratzeko eta egoera berrietara egokitzeko.
Bestalde, Zuriñek bi esperimenturi buruz jardun zuen, biak ere bederatzi ikasleren laguntzaz eginak «Itzulpen praktikak: alemana-euskara» ikasgaiaren klaseetan. Lehenik eta behin, ikasleek itzultzaile automatikoak nola erabiltzen dituzten aztertu zuen: ikusi zuenaren arabera, ikasleek itzultzaile automatiko bat erabiltzen zuten jatorrizko testua alemanetik gaztelaniara itzultzeko eta, ondoren, beste itzultzaile automatiko bat testua gaztelaniatik euskarara itzultzeko. Zuriñek ikasleak behartu zituen testu-zati batzuk itzultzaile automatikorik gabe itzultzera. Hori egin eta gero, ikasleek betiko moduan lan egin zuten, hau da, bi itzultzaile automatikoak erabiliz. Helburua modu baten eta bestearen emaitzak konparatzea eta ondorioak ateratzea zen. Ikasleei galdetu zien ea zergatik erabiltzen zituzten bi itzultzaile automatiko, eta, erantzun zutenaren arabera, arrazoia ez da alferkeria, baizik eta ziurtasunik eza: itzultzaile automatikoak jatorrizko testua (alemanezkoa) ulertzen laguntzen die; babes-sare bat da, azken finean. Nolanahi ere, esperimentuak erakutsi zien haiek egindako itzulpenek akats gutxiago zituztela modu automatikoan egindakoek baino.
Zuriñek egindako bigarren esperimentua horretan zetzan: ikasleek berek egindako itzulpenak erabili behar zituzten corpusak sortzeko, baita corpus horiek erabiliz beste itzulpen batzuk egiteko ere. Proba horri esker, ikasleak konturatu ziren corpusak tresna erabilgarriak direla, bai denbora aurrezteko, bai termino bat beste testu batzuetan nola itzuli duten ikusteko. Esan zutenaren arabera, ziurtasun handiagoz jokatzen dute berek egindako corpusa erabiltzen dutenean itzulpen automatikoaz baliatzen direnean baino.
Azkenik, «Itzulpengintza eta Teknologia» graduondoko ikastaroaz jardun zuen Norak. EHUk sortu zuen, eta guztiz berritzailea izan zen; hasieran, ikasturte bateko ikastaroa zen, online eta euskaraz, unibertsitatea bukatu berri zutenei zein itzulpengintzaren arloan jada esperientziaren bat zutenei zuzendutakoa. Graduondoko hark honako ikasgai hauek eskaintzen zituen, besteak beste: lokalizazioa, itzulpen-proiektuen kudeaketa, ordenagailuz lagundutako itzulpena, edo corpusak eta itzulpengintza. Titulu horrez gain, EHUko Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterrari buruz aritu zen Nora, baita hizkuntza-teknologiaren arloko hainbeste ikerketa-proiekturi buruz ere; adibidez, MT4All edo European Language Equality, zeinetan EHU ere parte hartzen ari baita.
Eguna «Itzultzaile-elkarteen rola sektoreak bizi duen aldaketaren aurrean» mahai- inguruarekin bukatu zen. Itziar Cortés aritu zen elkarrizketa interesgarri horren moderatzaile, eta itzulpengintzaren eta interpretazioaren arloko zenbait elkarteren ordezkariek hartu zuten parte: Iris Baeza, APTICeko (Associació Professional de Traductors i Intèrprets de Catalunya) batzordekidea; Iria Castro, AGPTIko (Asociación Galega de Profesionais da Tradución e da Interpretación) zuzendaritza-batzordeko kidea; Claudia Torralba, EIZIEko kidea, eta Laura Solana, ASETRADeko (Asociación Española de Traductores, Correctores e Intérpretes) lehendakaria. Ordezkarion arteko elkarrizketak argi utzi zuen itzulpen- elkarteek helburu nagusiak partekatzen dituztela: lanbidea ikusaraztea, bazkideen eskubideak hobetzea edo birziklapen profesionala eta aholkularitza eskaintzea, besteak beste. Hala ere, elkarteen gaur egungo helburuak ez dira berdin-berdinak: APTICek barne-komunikazioa bilatzen du, hau da, bazkideei elkarteak beren alde egin dezakeen guztia ezagutaraztea; ASETRADek, ordea, kanpo-komunikazioan jartzen du arreta neurri handiago batean, lanbidea sektoretik kanpo ezagutarazteko, besteak beste. Laura Solanak «Elkar zaitez eta konprometi zaitez!» mezua igorri zuen, eta mahai-inguruko gainerako parte-hartzaileek babestu zuten: elkarte bateko kide izatea zinez onuragarria da jarduera proaktiboa baldin bada, benetako parte-hartzea eta trukea baldin badago. Bestalde, Iria Castrok azaldu zuenez, AGPTIren asmoa da Espainiako Gobernuak elkarteei buruz duen iritzia aldatzea, solaskide baliozkotzat har ditzan, arazoak jakinarazteko, irtenbideak bilatzeko eta neurriak aplikatzeko, besteak beste. Azkenik, Claudia Torralbak argitu zuen EIZIEren arazoa ez dela bazkideak erakartzea, baizik eta haiekin benetako lotura edo harreman bat lortzea. Horretarako, gaur egungo asmoa komunikazio-modu zaharkituak alde batera uztea da, kideengana inguratzeko eta entitate serioegi baten irudia galtzeko.
Claudiak, hain zuzen ere, oso gai interesgarri bat mahaigaineratu zuen: elkarteek balio izugarria eta posizio pribilegiatua dute itzultzaileen espiritu kritikoa sustatzeko, batez ere merkatutik jasotzen dituzten itzulpen-enkarguen aurrean. Ados egon ziren beste elkarteen ordezkari guztiak; izan ere, elkarteek bozgorailu gisa joka dezakete abusuak daudenean, profesionalek jakin dezaten zer den onargarria eta zer ez, eta haiengan nolabaiteko «alarmak» sortzeko, behar denean haiengana jotzeko. Halaber, Irisek adierazi zuenez, elkarteak bitarteko erabilgarriak dira itzultzaileek boterea berreskura dezaten: bilakaera teknologikoa eta haren ondorioz sortzen diren aldaketa guztiak direla eta, itzultzaileek boterea galtzen dute askotan; hain zuzen ere, negoziatzeko boterea. Elkarteak prest daude itzultzaileei ahalmen hori itzultzeko, erabakiak modu libreago batean har ditzaten.
Biharamunean, uztailaren 22an, hitzaldiak eta mahai-inguruak teknikoagoak izan ziren. Lehenengoa «Itzulpen automatikoaren ikerketa eta garapena» izan zen. Ona de Gibertek, zeinak research engineer gisa baitihardu, Barcelona Supercomputing Centerren egiten duen lana azaldu zigun: hala, argitu zuen bereziki hizkuntza gutxituetan zentratzen dela beraren lana, hau da, hizkuntzaren teknologiak sortzeko baliabide nahikorik ez duten hizkuntzetan. Onak zioenez, bere zentroa, Barcelona Supercomputing Center, hizkuntza horiek bultzatzeko motorretako bat da, instituzio publikoekin eta komunitate irekiekin batera (Wikipedia edo Common Voice, esate baterako). Nahiz eta beraren lana askotarikoa den, itzulpen automatikoari buruzko ikerketa-lana azaldu zigun: entrenamendu-datuak biltzen ditu, eta itzulpen-motorra entrenatzen eta ebaluatzen du, batez ere.
Jarraian, Amaia Jauregik, Elhuyarreko Itzulpengintzarako Teknologien Alorreko koordinatzaileak, Elia itzultzaile automatiko eleaniztuna sortzeko egindako lana azaldu zuen. Era berean, Elhuyarrek itzulpen automatikoaren arloan eskaintzen dituen aukerak azaldu zituen, hala nola glosario propioen bidez emaitzak pertsonalizatzeko aukera, edo Elia itzultzailea bezeroen webguneetan txertatzeko aukera.
Azkenik, Ander Corral Elhuyarreko ikertzaileak euskarazko itzulpen automatikoaren arloan gaur egun dauden erronkak argitu zituen. Lehenik, genero-alborapenaz aritu zen: itzulpen automatikoak datu eta eredu asko hartzen ditu oinarri, eta, eredu horietan estereotiporik baldin badago, itzulpen automatikoak estereotipo horien eragina areagotuko du. Adibidez, jatorrizko testuak «Nire aita erizaina da» esaten badu, itzulpen automatiko motorrak «Mi padre es enfermera» ematen du. Zergatik? Motorra elikatu zuten testu gehienek «enfermera» erabiltzen zutenez, «enfermero» erabili beharrean, itzulpen automatikoak estereotipo hori errepikatzen du, baita zabaldu ere. Anderrek aipatutako beste erronka bat domeinua edo testuingurua egokitzea izan zen, hau da, itzulpen automatikoak aurrean duen testua WhatsAppeko elkarrizketa bat ala testu juridiko bat den hautematea eta kontuan hartzea, modu batean edo bestean jokatzeko.
Hitzaldi hori bukatu bezain laster, Ane Goenaga Elhuyarreko itzultzaileak hartu zuen hitza. Testu zientifiko-teknikoak jorratzen ditu gehienbat Anek, gaztelania- euskara konbinazioan, eta oso hitzaldi interesgarria eman zuen, «Itzulpen automatikoa: gizakia makinaren zuzentzaile» izenburupean. Hala, konbinazio horretan arreta berezia jarri behar zaien hamar akats multzo komentatu zituen. Adibidez lagunduta, erakutsi zigun makinak zer joera duen, adibidez, izen propioekin. Esate baterako, makinak ikusten badu zerbait itzul daitekeela, itzuli egingo du, dudarik gabe («Jon Abril» > «Jon Apirila»). Era berean, izen batzuk ezagunak egiten bazaizkio, aldatu egingo ditu: «Mercadona» > «Eroski» (eta kito!). Erakutsi zigun beste adibide bat genero- banaketarekin lotuta zegoen: makinak ez du kontuan hartzen gaztelaniaz badagoela genero-marka eta euskaraz, berriz, ez («los usuarios y las usuarias» > «erabiltzaileak eta erabiltzaileak»). Hitzaldiaren bukaeran, Anek argi adierazi zuen kontu handiz erabili behar dugula itzulpen automatikoa, bai kalitatezko itzulpenak egiteko, bai gerora corpus fidagarri eta baliagarriak izateko.
Ostiral goizeko azken hitzaldia Imanol Gonzálezen eskutik etorri zen, zeina itzultzaile, interprete eta bikoizketa-aktore autonomoa baita. Bere hitzaldian, «Ikus- entzunezko itzulpena», ikus-entzunezko itzulpenen arloko hiru esparru nagusiak azaldu zizkigun: pertsona gorrentzako transkripzioak eta azalpenak, azpitituluak, eta bikoizketarako egokitzapena. Lehenengo esparruari dagokionez, erakustaldi praktiko bat egin zuen Imanolek, azalpen eta transkripzioak bideoetan nola txertatzen diren erakusteko. Bidenabar, azalpen eta transkripzio horiek erabilgarriak izan daitezkeela nabarmendu zuen, bai gorrentzat edo entzumen-arazoak dituztenentzat, bai euskara ikasten ari direnentzat. Bigarren esparruari dagokionez, hau da, azpitituluei dagokienez, baikor agertu zen Imanol; izan ere, esan zuenaren arabera, hasieran, film zahar eta oso ospetsu gutxi batzuentzat baino ez ziren egiten azpitituluak, baina, gaur egun, film modernoetarako ere eskatzen dira, eta ez bakarrik diru-bilketa handiak dituzten filmetarako. Azkenik, bikoizketarako egokitzapenaren mundua erakutsi zigun, baita bi egokitzapen mota azaldu ere: denboraren egokitzapena eta ahoaren egokitzapena. Horretarako, Doraemon seriea hartu zuen adibide gisa: japonieraz «arigatō gozaimasu» zioen tokian, euskaraz karaktere gehiago erabili behar izan zituen («eskerrik asko, Nobita»); japonieraz denbora luzeagoa behar da hitz horiek ahoskatzeko, eta, ondorioz, «eskerrik asko» hutsa motzegi geratzen zen, eta horregatik gehitu zuen «Nobita». Aldi berean, beste aldaketa bat ere egin behar izan zuen: pantailan ikusten dugun pertsonaiaren ahoak «a» hizkiaren formarekin bukatzen badu esaldia, eta batez ere denbora pixka batean geratzen bada horrela (ahoskera, gutxi gorabehera, «arigató gozaimáaaaaas» baitzen), beharrezkoa izango da «a» hizkiarekin bukatutako hitz bat aukeratzea. «Eskerrik asko», beraz, ez zen aukera aproposa, bat ez etortze hori deigarria izango litzatekeelako ikus-entzulearentzat eta horrek kontakizunaren atentzioa galaraziko lukeelako. Hori guztia kontuan hartuta, «Nobita» hitza gehitzearen estrategiak bi kolpe jotzen zituen aldi batez: denbora gehitzea eta soinua eta ahoa bat etortzea. Aurkezpena amaitzeko, Imanolek azaldu zuen itzulpen automatikoak oso emaitza onak eman dituela ikus-entzunezko ekoizpen batzuetarako azpitituluak sortzean, baina ez beste batzuetan, ETB1eko Herri txiki, infernu handi programan, adibidez, elkarrizketak hitz-jokoz eta ulertutzat ematen diren ideiaz beteta baitaude.
Arratsaldean, mahai-inguru bat izan genuen: «Itzulpengintza bidegurutzean: Gutenbergetik pantaila digitaletara. Irabaziak eta galerak». Azken jarduera honetan, Itziar Cortés aritu zen moderatzaile, eta hiru parte-hartzaile izan ziren: Idoia Santamaría, Elhuyarreko itzultzailea; Iñigo Errasti, Bizkaiko Foru Aldundiko itzultzailea, eta Fernando Rey, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskararako Atal Teknikoko burua (itzultzaile taldearen arduraduna da). Elkarrizketa interesgarri baten bidez, gogora ekarri zituzten beren jardunbidearen hasieran zeuden baliabide eskasak, eta beren itzulpen automatikoari buruzko ikuspuntuak adierazi zituzten.
Idoia Santamaríak gomendatu zuen itzulpen automatikoa soilik makulu gisa erabiltzea, baita arriskuaz ohartarazi ere: gizakiak garenez, nekatu egiten gara, eta posible da goizeko lehen orduan goitik behera aldatuko genukeena arratsaldeko azken orduan ontzat ematea. Alegia, arreta berezia jarri behar diegu itzulpen automatikoaren emaitzei, ez baita hutsezina.
Iñigo Errastik, bestalde, lasaitasun-deialdi bat egin zuen. Azpimarratu zuenez, slow food mugimendura jo dugun moduan, slow lifera eta, bereziki, slow translation batera itzuli beharko genuke. Ildo beretik, gomendatu zuen itzulpen automatikoa tresna gisa besterik ez erabiltzea, ahal dugun itzultzaile onenak izateko asmoz, baina arriskuak ahaztu gabe. Iñigoren ustez, itzulpen automatikoa lankide berri bat da, oso emankorra, baina arriskutsua, besteak beste eragin handia duelako itzultzaileengan eta, ondorioz, komunikabideetan eta kalean erabiltzen den hizkeran.
Fernando Reyk, artikulu honen hasieran gehitu ditugun hitzen ildotik, adierazi zuen itzultzaileok askeak izaten jakin behar dugula, baita gure hizkuntzarekiko interesa edo kezka mantentzen ere. Haren ustez, hizkuntzek badute berezko kolore-paleta bat; itzulpen automatikoak, aldiz, kolore bakarra eskaintzen du, beti berbera. Horregatik jakin behar dugu kolore monotono horretatik urruntzen eta itzulpenei ñabardura horiek guztiak ematen. Era berean, itzulpen automatikoak itzultzaile askoren lan-baldintzei dakarkien arriskua aipatu zuen, askotan epe eta prezio zitalak onartu behar dituzte eta. Gainera, horrek zatiketa handia sor dezake administrazio publikoko itzultzaileen (normalean baldintza hobeak dituzten heinean) eta sektore pribatuko itzultzaileen artean. Horren haritik, Idoiak, «kezkagarritzat» ez ezik, «onartezintzat» ere jo zuen Administrazioaren joera, askotan berak sustatzen baitu egoera hori, kontratuen irizpideen bidez. Ponentzia amaitzeko, «ingeniari literarioagoak eta itzultzaile karratuagoak» eskatu zituen etorkizunerako, zientzien eta letren arteko bereizketa zentzugabe eta betierekoa amaitze aldera.
Jardunaldiak bukatzeko, Itziar Cortések eskerrak eman nahi izan zizkien parte- hartzaile guztiei, eta batez ere interpreteei, hitzaldi eta mahai-inguru guztiak interpretatu baitzituzten, bai gaztelaniara, bai euskarara, bai frantsesera, hizlarien hizkuntzaren arabera. Halaber, ponentzia guztien oso laburpen sakona eta interesgarria egin zuen. Esperientzia eta iritzi interesgarriz betetako jardunaldiak izan ziren, eta itzulpen automatikoaren abantailak argi geratu ziren: alde batetik, agerian geratu zen erabilgarritasun handia duela gure eguneroko lanerako, eta, beste alde batetik, deskubritu genuen emaitza izugarriak ekar litzakeela etorkizunean, arlo horretan lan egiten duten ikertzaile ugarien lanari esker. Hala ere, jardunaldiak guztiz kontrakoaren isla ere izan ziren: itzulpen automatikoaren mugak edo arazoak, azkeneko itzulpenaren kalitatea bermatzeko eskaini behar zaion arreta, eta gure ardura hizkuntzaren eta bizitzaren koloreak gehitzeko. Onerako edo gaitzerako, puntu horretan gaude.
Artikulu hau bukatzeko, Idoia Santamaríaren hitzak ekarriko ditut harira, zeinak Juan Garziak esanak baitira: «Berri txar bat daukat zuentzat. Itzultzeko, pentsatu egin behar da».
A zer nolako berri txarra eta itxaropentsua!