Itzulpen literarioaren naturaltasunaz
Vilen Komissarov

Itzulpen teoriaren zeregin nagusienetako bat literatur itzulpenak baloratzeko irizpideak aurkitzea da. Literatur itzulpena sorburu testuarekiko fideltasunaren arabera eta bere eragin estilistikoaren arabera epai daiteke. Baina itzulpen baten kalitatea neurtzerakoan, kritikak intuizioa erabiltzen badu, nekez burutu ahalko du azterketa objetiborik. Itzulpen onaren baldintzarik garrantzitsuenetako bat naturala izatea da, edo, bestela esanda, jatorrizko testu bat balitz bezala irakurria izan ahal izatea. Ikerketa esperimental batzuek erakutsi dutenez, baldintza hori gutxitan batetzen da, eta gehienetan irakurleak arazorik gabe bereizten ditu itzulpenak eta jatorrizko testuak. Seguru aski, itzultzailearen trebezia faltari egotzi beharreko okerrak erabiltzen ditu bere iritziak osatzeko. Artikulugileak dioenez, bi testu moeta horien arteko aldeak objetiboa eta ezinbestekoa behar du izan. Itzulpenak jatorrizko testua ordezkatzen du, eta testu berezi, identifikagarri eta jatorrizkoaren desberdina den neurrian bakarrik bete dezake bere egitekoa. Itzulpenen hizkuntza aztertzean, itzultzailearen akatsak eta arrazoizko desberdintasunak bereiztu beharko lirateke. itzulpenaren naturaltasunak ez du esan nahi jatorrizkoaren guztiz berdina izan behar duela: itzulpenak itzulpen den aldetik izan behar du naturala. Generoari dagozkion onargarritasun irizpideak eta garaian garaiko adostasn sozialak —itzultzaileak bere ihardunbidea zehazterakoan kontutan hartzen dituenak— islatu behar ditu.

Itzulpena: Ivan Igartua

Teoria tradizionalean itzulpen literarioa betidanik izan da aztertua normatiboki (edo, beste modu batera esateko, preskriptiboki). Itzulpenaren teorialariek oinarri edota eskakizun orokor batzuk, itzulpenak bete behar dituenak itzulpen «on», «zuzen», «egoki» edo «baliozko» izateko baita ere, oro har, «itzulpen» soilik deitu ahal izateko, ezartzen saiatu dira. Behin baino gehiagotan eskakizun hauek argi eta garbi azaldu izan dira, zenbaketaren bitartez: «itzulpena jatorrizko testua bezala irakurri behar da», «itzulpenak jatorrizko testuaren estiloa isladatu behar du»... e.a.[1] Beste hainbat kasutan aipaturiko eskakizunak itzultzailearen lanarekin zeuden zuzenean lotuta («itzultzailea behartua dago...»), baina haien izaerak lehengoa izaten jarraitzen zuen. Itzulpen azterketa mota hau izkutuago ere izan zitekeen: eskakizun normatiboak ez ziren zehatz-mehatz adierazten, baizik eta itzulpen definizio berak berez zekarren azterbide baloratiboen bidez soma ahal zitezkeen. A. Fiodorov-ek «guztiz baliozko» itzulpenaren kontzeptua aditzera eman zuenean, esanez itzulpen mota honek erabateko zehaztasuna eskatzen duela orijinalaren esanahia ematerakoan, eta gainera guztiz baliozko egokitasun funtzional eta estilistikoa lortu behar duela orijinala eta itzulpenaren artean, argi geratu zen definizio horrek ere itzultzailearekiko eskakizun zehatz batzuk suposatzen dituela: «erabateko zehaztasun» eta «guztiz baliozko egokitasun» horiek ziurtatzea, hain zuzen ere[2].

Eskakizunen artean askotxo inolako zalantzarik gabe bidezkoak baldin baziren ere, itzulpen teoria serio bat eratzeko ez ziren nahiko izan. Oro har, erabiltzen zuten terminologia ez zen zehatzegia, hasieratik frogaezinak ziren eta subjetibitate maila altuagatik nabarmentzen ziren. Nola erabaki itzulpena jatorrizko testua bezala irakurtzen den ala ez? Ba al da, gainera, horrelako itzulpenik? Zer egin orijinala bezala irakurtzen ez diren itzulpenekin? Zer esan nahi du «erabateko zehaztasunak»? Itzulpena izan al daiteke, oro har, erabat zehatza? Nola frogatu? Zein azterbidetan oinarritzen dira itzultzaile edota itzulpenarekiko eskakizun normatibo bat edo bestea?

Galdera hauen eta beste antzeko batzuen erantzunik ezak ezinbesteko egin zuen itzulpenaren ikerketa preskriptiboaren berrikusketa. I. Revzin eta V. Rozenzweig-ek tinko iragarri zuten: «Itzulpena prozesu bezala deskribatu nahi duen zientziak ez du normatiboa izan behar, baizik eta teorikoa. Ez du deskribatu behar izan behar duena, baizik eta egiazki azaltzen zaiguna»[3]. Hitz hauekin ez zuten esan nahi betebehar normatiborik batere ez dela behar, eta formulatu ere ezin dela egin. Zera baieztatzen zen soilik, betebehar horiek ez direla a priori ezarri behar, baizik eta itzulpen prozesuaren deskribapen teorikoaren ondorio izan behar dutela eta aldi berean gauzen egoera errealaren eta itzulpen lanean somatutako egitateen isladapena.

Itzulpen teoria objetiboago eta frogagarriago egin nahiaren kontra ez dago zer erantzunik. Hala ere, teoria honen barnean deskriptiboa preskriptibotik bereiztea ez da sarritan hain erraza suertatzen. Kasu askotan itzulpen egitateen deskribapena haien balorazioarekin loturik doa zuzenean, eta itzulpen teoriak orduan era inplizitoan suposatzen du baita ere itzulpen kritika.

Itzulpenaren kalitatea juzkatzeko oinarri bezala erabili ohi dira egungo itzulpengintzan dauden kontzeptzio teoriko ezberdinen hastapenak. Kontzepzio horien artean gehiengoak modu batera edo bestera itzulpenaren orientabide bikoitza isladatzen du: alde batetik, jatorrizko testuarekiko eta bestetik, itzulpenaren irakurlearenganako. Lehenbiziko orientabideak suposatzen duena da itzulpenaren balorazioa, itzulpenaren (orijinalarekiko) fidelitate mailaren arabera. Itzulpen teoriaren eginbeharra zentzu honetan testu konparaketa burutzeko metodo objetibo batzuen elaborazioan datza, bai semantika bai pragmatika aldetik. Itzulpen literarioan era honetako konparaketa batek faktore linguistiko eta literarioak kontutan hartzea eskatzen du. Bere garaian E. Etkind-ek «konparaketa mailen» zerrenda osoa ezagutarazi zuen: 1. bi hizkuntzen sistemen konparaketa, 2. bi hizkuntzen sistema estilistikoen konparaketa, 3. bi hizkuntzetako literatur estilo tradizionalen konparaketa, 4. bi sistema prosodiko nazionalen konparaketa (poesia itzulpenean), 5. bi zibilizazio nazionalen tradizio historiko-kulturalen konparaketa, 6. bi sistema literario eta estilistiko indibidualen konparaketa (jatorrizko testuaren egilearena eta itzultzailearena)[4]. Konparaketa hauetaz Etkind-i jarraikiz Estilistika Konparatiboa arduratu behar da. Ikuspuntu ideal batetik, konparaketa maila guzti hauetan oinarrituz soilik juzka daiteke itzulpenaren eta orijinalaren arteko hurbiltasuna.

E. Etkind-ek argi adierazten du zein zaila den itzulpen literarioaren kalitatea baloratzea jatorrizko testuaren arabera. Dirudienez, etorkizun hurbil batean estilistika konparatiboak nekez emango dizkio itzulpen kritikari konparaketa objetibo baterako ezinbesteko zaizkion tresnak, eta horrexegatik hain zuzen beste bide batzuen bila abiatu beharko dugu.

Lehenbiziko begiradan itzulpen literarioarekiko eskakizunak bi kriteriotan labur daitezke: baliokidetasuna orijinalarekiko hurbiltasun maila bezala, eta literaturtasuna irakurlearengan eragin estetikoa pizteko modu bezala. Itzulpen teoriak metodorik objetiboenak landu behar ditu, itzulpen konkretu baten baliokidetasuna eta literaturtasuna baloratzeko.

Baliokidetasunaren arazoa garrantzizkoa da itzulpen mota guztientzat, eta lehendik sortua du interesa ikerlarien artean. Eta arazo hau dagoeneko konponduta dagoela baieztatzeak gehiegikeria badirudi ere, haren soluziorako bideak behintzat nahiko garbi antzematen dira.

Orijinala eta itzulpen testuen konparaketarako behar-beharrezkoak dira haien esanahi eta formaren deskribapen metodo objetibo batzuk. Zentzu honetan lan aski dago egina hizkuntzalaritza eta literatur teoria arloetan: elaboratu dira testu barneko zentzuaren analisi metodoak, deskribatu dira figura eta baliabide estilistikoak, azaldu jenero ezberdinen esanahi eta formaren ezaugarriak, ikertzen ari dira ezberdintasun kultural, etniko eta pragmatikoak, hizkuntza ezberdinetan testuen tajuketa eta ulerkuntzan eragina dutenak, e.a. Baliokidetasunaren balorazioa oraindik neurri handian kritikoaren intuizioan oinarritzen bada ere, semantika, estilistika, linguistika eta beste arlo batzuen garapenak gero eta objetibo eta frogagarriago bihurtzen ditu balorazio horiek.

Literaturtasun kriterioaren egoera ez da bera. Itzulpenaren balore literarioak beste edozein literatur obratan bezala intuitiboki neurtzen dira gehienbat, eta kritikoari zaila zaio subjetibitateari itzuri egitea. Behin baino gehiagotan seinalatu izan da ezinezkoa dela objetiboki zehaztea zertan datzan obra literarioaren xarma, bere poesia, bere eragin estetikoa, zerk egiten duen obra benetan «literario», errepikaezin. Atzemanezina den «zerbait» hori maiz sentitu besterik ez da egiten, izan ere «harmonian algebraren bidez sinisten» saiatzea alferra baita.

Hau honela bada, itzulpenaren baliokidetasun balorazioak ez bezala, bere literaturtasunaren balorazioak kriterio nahiko zehazkabeetan oinarritu beharra dauka. Orijinalaren eta itzulpenaren eragin estetiko mailen konparaketa (edo testu berberaren bi itzulpenena) maiz izan ohi da soluzio zaileko afera. Hoberenean ere kritikoak itzulpenaren efektu estetikoa gutxiagotzen duten akatsak seinala ditzake soilik, baina sarritan garrantzizkoena «inpresio orokorra» gertatzen da. Jakina denez, zientzia eta teknika arlo askotan «adituen balorazioen metodoa» erabiltzen da; literatura eta arte mailan berriz metodo horixe izaten da sarritan erabiltzen den bakarra, berez frogaezina izanik.

Literaturtasun kontzeptuaren barnean saia gaitezke bilatzen analisi objetibo baterako egokiago izango zitezkeen ezaugarri elementalago batzuk. Ezaugarri horietatik bat, ikerlarien interesa aspalditik erakartzen duena, «naturaltasuna» da. E. Nida-k itzulpena «jatorrizko testuak daraman mezuaren baliokide natural hurbilena»[5] bezala definitzen du. Naturaltasuna itzulpen on baten garrantzizko baldintzatzat jotzen dute. Eta are garrantzitsuagoa da baldintza hori betetzea itzulpen literarioan. Hain zuzen itzulpen mota honekin dago lotuta honako eskakizun tradizional hau: itzulpena obra orijinal bat bezala behar dela irakurri. Jatorrizko testua bera ez-naturala den kasu berezia alde batera uzten badugu (orduan itzultzailea ezaugarri hori bersortzen saiatzen da), nekez hitzegin daiteke testuaren literaturtasunari buruz, testu hori hizkuntza bateko ohizko testuak bezala ez bada hautematen.

Itzulpenaren naturaltasuna ikerketa zientifiko baten objektu bihur daiteke, bai eta analisi esperimental batena ere. Esperimentu sail batean naturaltasunaren balorazioa hizkuntza bereko itzulpenak eta jatorrizko testuak alderatuz lortu zen. Inkestatuei, zeinentzat inkestako hizkuntza lehen-hizkuntza baitzen, jenero bateko testu saila eskeini zitzaien. Haietatik zati bat itzulpenak ziren, beste partea, berriz, orijinalak. Inkestatuen lana itzulpenak jatorrizko testuetatik bereiztea zen.

Esperimentu guztietan inkestatuen gehiengoak hutsik egin gabe banatu zituen itzulpenak, era honetan azken hauek testu «naturaletatik» aldenduz. Ondorio hauek ikerlariek itzulpenen kalitate falta gainditu beharreko gabezia bezala baloratu zuten.

Zertan datza, bada, itzulpenaren «naturaltasunik eza»? Esperimentutarako hizkuntza normak hausten ez zuten itzulpen testuak aukeratu zirenez, suposatu beharra dago haren arrazoiak ezberdintasun sotilagoen pean izkutatzen direla. Diferentzia horiek erabat zuzenak diren forma linguistiko batzuen erabileraren maiztasunarekin loturik egon daitezke, hain zuzen ere maiztasun horren arau-hausteekin. Zentzu honetan doaz itzulpenen naturaltasunaren sekretuko giltza bilatzeko saioak.

Saio horien adibide gisa I. Vehmas-Lehto itzulpengintzaren ikerlari finlandiarraren lana[6]. Bereizketa esperimentu bat burutu (jatorrizko testuen artean errusieratik finlandiarrera itzulitako kazetaritza artikuluak antzeko edukinekoak bereizi behar ziren), eta gehiengoak erratu gabe itzulitako testuak identifikatzen zituela ikusi eta gero, ikerlariak suposizio batzuk egin zituen ziurtasun horri buruz, eta ustekizun horiek esperimentuen bidez frogatzen saiatu zen.

Lehenbiziko suposizioa honako honetan zetzan: itzulpenek jatorrizko testuek baino erlazio emozional ezezkorrago bat sortarazten dute irakurlearengan. Honen arrazoia: baliabide espresibo eta estilistikoen erabilpen desegokia. Esperimentuan inkestatuei eskeini zitzaien testuekiko erlazio emozionalen ezberdintasunak egiaztatzen ziren (zein testu ziren orijinalak eta zein itzulpenak jakinarazi ondoren). Testuak zazpi puntuko sistema baten bitartez baloratzea eskatu zitzaien lau oposizio hauetan oinarriturik: «interesgabea > interesgarria», «atsegina > desatsegina», «etsigarria > duda-mudakoa», «afektatua > naturala». Jatorrizko testuen balorazioak oposizioko zati positibora gehiago hurbiltzen ziren itzulpenen balorazioak baino. Honekin hasierako hipotesia egiaztatzen zen. Era batean itzulpen ezberdinen kantitatezko balorazioak posible egiten zuen haien kalitate erlatiboari buruz mintzatzea.

Bigarren suposizioak, esperimentalki egiaztatuak, jatorrizko testuen eta itzulpenen arteko diferentzia postulatzen zuen estilistika aldetik neutralak ez diren hitzen kopuruari dagokionez, espero baitzen finlandiar itzulpenen naturaltasunik ezak lexiko emozionalaren gehiegizko erabilpenarekin zerikusia izango zuela. Eta puntu honetan berriz ere eskatu zitzaien inkestatuei testu ezberdinetan aurkitzen ziren hitzak zazpi puntuko sistemaren bidez baloratzea, hurrengo balore hauek barne zirela: «oso hitz positiboa», «hitz positiboa», «hitz positibo samarra», «hitz neutrala», «hitz negatibo samarra», «hitz negatiboa», «oso hitz negatiboa». Esperimentuak ustekizun hau ere egiaztatu zuen: egiazki itzulpenen testuak emozionalagoak gertatu ziren.

Vehmas-Lehto-k beste esperimentu bat ere burutu zuen, itzulpen testuen «irakurgarritasun» maila frogatzeko asmotan. Inkestatuei eskeini zitzaizkien testuetan itzulpenak, jatorrizko testuak eta testu alternatiboak (esperimentuaren egileek beraiek prestatutako itzulpenak) gutxi gora behera informazio berbera ematen zen, eta inkestatuek testuen edukinari buruzko hamabost galderari erantzun behar zieten denbora mugatuan. Erantzun zuzenen kopuru handienak informazioa eskuratzeko erraztasunari buruzko lekukotasuna eman behar zuen, testuen ulergarritasuna, haien irakurgarritasun handiagoa azken finean frogatuz. Hemen ere itzulpenak ez ziren jatorrizko testuen mailara iritsi.

Kasu guztietan itzulpenen ezberdintasuna gabezia bezala baloratzen zen, itzulpenaren naturaltasuna ziurtatzeko itzultzailearen ahalmenenik eza bezala. Horrelako itzulpenak ezin dira I. Vehmas-Lehto-ren ustez zuzentzat jo; zerbaitengatik izendatu zuen bere liburua Quasi-Correctness.

Dirudienez, itzulpen eta jatorrizko testuen arteko ezberdintasun izkutu hauek testu barneko elementu ezberdinen erabileran soma daitezke. Suposa dezakegu perpaus zati, estruktura sintaktiko edo unitate lexiko eta tankera horretako elementuen maiztasunaren konparaketak itzulpenen ezaugarri berezi batzuk ezagutzera eman ditzakeela, eta horiek hain zuzen izango direla ezinbesteko «naturaltasunaren» gabezia bezala kontsideratzen direnak.

Gauzak horrela, itzulpena jatorrizko testua bezala irakurri ahal izan behar da, eta era honetan irakurtzen ez bada, errua itzultzaileari. Agian analisi batek zera erakutsiko luke, itzultzaile errugaberik, eta horren ondorioz, behar bezalako itzulpenik ez dela oro har esistitzen.

Baina ez al du honelako ikuspuntu batek akats teorikorik? Itzulpena ahalik eta naturalena izan dadila eskatzea jakineko erreakzioa da hizkuntzaren norma eta erabilera hausten dituzten itzulpenen aurrean, baita ere erabat arrazoizko aspirazioa: itzultzailearen arreta berak aise egin ditzakeen akatsetara bideratzea.

Jakina, itzulpen literarioak (eta ez bakarrik literario denak) zuzena eta naturala idatzita dagoen hizkuntzaren ikuspuntutik behar du izan, gainera trebea izan behar du hizkuntzaren baliabide espresiboak erabiltzerakoan, eta irakurgarria ere izan behar du, noski (irakurtezina jatorrizko testuak berak diren kasuak salbu). Baina esan nahi al du honek, itzulpenik onena itzulpen «klandestinoa» dela, obra orijinaletik bereizten ez dena, itzulpen bezala pentsaezina?

Esperimentuetan hautematen den inkestatuen gaitasuna itzulpen eta jatorrizko testuak bereizteko ez da beti itzultzaileen akats argi edota izkutuen bitartez esplikatzen. Horrelako gaitasuna guztiz objetiboa den premiaren islada izan daiteke. Edozein testu komunikaziozko helburu bat lortzeko, gizakien edota gizartearen behar bat edo besteri irteera bilatzeko sortzen da. Itzulpen testua inolaz ere ez da sortzen jatorrizko testu bat bezala agertzeko. Beste hizkuntza bateko bere jatorria ez da izkutatzen, alderantziz, azpimarratzen da oharren bidez: zein hizkuntzatatik izan den itzulia, nor den egilea, nor izan den (ez beti) liburua itzuli duena, hitzaurrea, komentarioak eta beste bide batzuk. Hizkuntza jakin batean itzulpenek itzulpen bezala funtzionatzen dute, hau da, orijinalak argi eta garbi ez diren testuak bezala.

Aurrenekoetan izan dut aukera itzulpen definizio teleologikoaren garrantzia azpimarratzeko[7]. Itzulpena jatorrizko testua ordezkatzeko honen ezaugarri guztiekin, beste hizkuntza batean errepresentatzeko egina dago. Beste hit'z batzuekin, itzulpen testua itzulpen deitzen da aldez aurretik, hasieratik bilatzen da itzulpenaren funtzioa, itzulpena sortzen da pentsatuz itzulpen bezala hain zuzen jasoko dutela irakurleek. Itzulpena ona edo txarra izan daiteke, fidelki berregin dezake jatorrizko testua edo hura desitxuratu, baina hala ere itzulpena izango da, eta haren balorazioak zentzua edukiko du testua itzulpen bezala baloratzen duen neurrian. Oro har, itzultzailea bera ere ez da saiatzen bere itzulpena jatorrizko testutzat ematen. Alderantziz, literaturaren historian ezagunak diren hainbat kasutan testu orijinalen egileek arrazoi batzuk edo besteak zirela medio itzulpen bezala aurkezten zituzten beren obrak. Suposa genezake itzulpenaren «naturaltasunak» ez duela bilatzen itzulpena jatorrizko testuetatik bereiztezina egitea.

Esperimentuek erakusten duten bezala, gehienetan itzulpenak baditu jatorrizko testutik bereizten duten ezaugarri linguistiko batzuk. Baina, badaiteke, honek ez du esan nahi hizkuntzaren normak hausten direla (batzuetan norma horiek jatorrizko testuetan ere hausten dira), baizik eta badirela itzulpen testuaren izaerarekin zuzenean lotuta dauden berezitasun batzuk, bere jatorrizko testuaren ordezkari funtzioarekin ere zerikusia dutenak. Berezitasun hauek ondo ezagutzen dira: beste hizkuntza bateko elementuen erreprodukzioa transkripzio, transliterazio edota kalkoaz baliatuz, idiomatismoen hitzez hitzeko itzulpena, eta batez ere, lehen esan den bezala, unitate linguistikoen (edo unitate hauen klase osoen) maiztasun ezberdina. Berezitasun hauen presentzia itzulpenaren ezaugarri unibertsala da, eta, ondorioz, ezin da baloratu itzultzailearen prestakuntza falta edo arduragabekeria bezala. Berezitasunak beharkizun batek sortarazten ditu: itzulpenak ahalik eta zehatzen isladatu behar baitu orijinala. Horregatik itzultzailea kontziente edo inkontzienteki obra orijinalaren «naturaltasun» maximotik aldentzen da.

Adibide bat emango dut soilik, jadanik ia antologiko bilakatu dena. Ingelesez nahiko erabilgarria da meal hitza, edozein jateko momentu esan nahi duena, ordutik eta kantitatetik at. Errusieraz hitz honek ez du baliokide estilistikorik, eta egoera bakoitzean konkretuki gosariaz (zavtrake), bazkariaz (obiede) ala afariaz (uzhine) mintzatzen gara. Hitz hauekin topo eginez, ingeles itzultzailea aukera egin beharrean dago: haien baliokide zuzen eta zehatzak erabili, edo baliokidea alde batera utzi eta ingelesezko meal hitz zehazkabearen bitartez haiek ordezkatu. Gehienetan lehenbiziko bidea aukeratzen du, eta honen ondorioz, «meal» hitza ingelesezko itzulpen testuetan askozaz gutxiago erabiltzen da jatorrizko testuetan baino.

Baiezta dezakegu edozein hizkuntzatan itzulpenak testu kategoria berezi bat direla eta testu horiek gizarte-funtzio espezifiko bat betetzen dutela. Itzulpenen hizkuntza hizkuntza literarioaren bariante bezala agertzen da, ikerketa berezi bat merezi duena, itzultzailearen akats indibidualetatik haren berezitasun sistematikoak bereizi ahal izateko. Ondorioz, esan dezakegu itzulpenaren «naturaltasuna» ez dela «orijinala bezala irakurri behar den» betekizunarekin batera etortzen. Oro har, itzulpena itzulpen bezala irakurriko da, eta bere «naturaltasunaren» giltza itzulpen normarekin bat etortzean aurkituko da. Itzulpen norma hori, berriz, sozialki eta historikoki baldintzatua dago, eta gizartearen iritzia isladatzen du horregatik: nola izan behar duen itzulpenak, eta baita zernolako irizpidez gidatu behar duen bere burua itzultzaileak edozein motatako testu bat itzultzeko estrategia aukeratzerakoan.

Egiazki esistitzen diren itzulpenen hizkuntza ahalik eta zabalen ikertzeak eta ez akatsak aurkitzeko nahian, baizik eta hizkuntza literarioaren bariante honen berezitasunak argitzeko posibilitate berriak ireki ditzake itzulpen literarioaren balorazio objetiboago bat lortzeko bidean.

Vilen Komissarov, 1991

Oharrak

1. Savory Th. H., The Art of Translation. London, 1957, 48-49 or.

2. Fiodorov A.V., Vvedenije v teoriju perevoda. Mosku, 1953, 114 or.

3. Revzin I.I., Rosenzweig V. Yu., Osnovy obshejego i mashinnogo perevoda. Mosku, 1964, 21 or.

4. Etkind E. G., Xudozhestvennyj perevod: iskusstvo i nauka. Voprosy jazykoznanija, 1970, 4. zk.

5. Nida E., Toward a Science of Translating. Leiden, 1964, 166. or.

6. Vehmas-Lehto I., Quasi-Correctness. Helsinki, 1989.

7. Komissarov V.N., Kopredelieniju pon'atija «perevod». Ucebno-metodologiceskije pazpabotki k kursu teorii perevoda, MGPIIJA IM. M. TEREZA, 1972.