Bibliaren itzulpena Euskal Herrian: Historia apur bat
Jesus M. Zabaleta

Sarrera

Bibliaren euskarazko itzulpenaren historia deskribatu eta aurkeztu nahi dugunean, hasiera izan zuen momentutik gaurko eguneraino gakartzan bide sare bat bezala azaltzen da aztertzailearen begietara. Sare horrek une sendo batzuk ditu, gailur une batzuk, momentuan momentuko eta era askotako arrazoiek eraginak: garrantzi handiko eta arnas luzeko itzulpenak egin diren momentuak. Garrantzia, jakina, era askotako arrazoiengatikoa izan liteke, batzutan arrazoi bategatikoa,
bestetan bestegatikoa.

Beti ere euskal literaturaren garai bat markatu duten itzulpenak izan dira ordea, garai bati beren marka eman diotenak, edo euskal literaturaren garai oso baten adierazgarri izan direnak.

Bibliaren euskarazko itzulpenaren: historia une goren horien inguruan ehunduko dela aurreratu liteke. Itzulpen handi bakoitzak eragin berezia izan du, Bibliaren beraren beste maila batzutako itzulpenetan, eta are euskal literaturaren zabaltasun osoan ere.

Sarrera honetatik bertatik gailurra jo den une horietako batzuk aipatu behar badira, lehen unea bera aipatu behar da lehenik: J. Leizarragak egin zuen itzulpena.

Hurrena aipatzekoak L. L. Bonaparte printzearen eraginez J. P. Duvoisin kapitainak eta J. A. Uriartek burutuak dira (azkeneko hau osorik argitara eman gabe dagoena oraindik ere). Euskarazko lehenengo Biblia osoak dira.

Ondoren R. Olabidek itzuli eta argitaratua (1958) ez da ahaztu behar. Hizkuntz ideologia jakin batek baldintzatua, baina aldi berean gaur egun euskal idazle direnek eta adin batetik gorako euskaldunek eskura eduki ahal izan duten euskarazko Bibliaren bertsio bakarra (Testamentu Zaharraren irakurketarako erabilia batez ere. Duvoisin kapitanaren Bibliaz Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vascak argitaratu zuena askoz ere beranduago iritsi bait zen).

Zentzu berean aipatu behar dira Orixek argitaratu zuen Urte guziko meza-bezperak (1950), gaur egun euskararen alorrean aktiboan dagoen belaunaldiaren puska on batek iturri horretatik edan bait zuen hizkuntz eredua.

Geroztik Vaticano II Kontzilio ondoko erlijio katolikoaren berrikuntza eta euskal mugimendu politiko berri baten emetze momentu bat elkarren intersekzioan gertatzen direlarik, euskal bizitzaren zuzperraldi horretan (69az aurrera eta atzera hedatzen den hamarkada inguru bat, denborari mugak jartzeak zentzurik baduen heinean), arrakasta handiko zenbait Bibli itzulpen argitaratu ziren (Lau Ebanjelioak, Salmuak), eta batez ere arnas luzeko bi itzulpen projektu jarri ziren martxan: Liturgi Batzordearen Bibli itzulpena, eta Eliz arteko Bibliaren itzulpena.

Lerro gutxiotan ageri den Bibliaren euskarazko itzulpenaren gailurreko uneak azaldu dituen sarrera labur honen ondoren, astiroago eta xeheago aztertuko dituzu Bibliaren itzulpenak gure artean eman izan dituen urratsak.

Azterketa irizpideak

Euskal Bibliaren azterketa on, serio eta sakon batek itzultzailearen usteak eta itzulpenaren errealitateak ongi ezagutzea eskatzen du. Itzultzailearen usteak, hain zuzen, bere lanerako izan dituen iritziak ezagutu behar direlako: zein itzulpen irizpide erabili dituen, bere garaian nagusi ziren irizpideak, zer asmorekin egina den itzulpena, nola konjugatzen eta elkarretara batzen diren Jainkoaren hitzarekiko errespetoak itzultzaileari eskatu izan dion literaltasuna eta pastoraltzarako
erabilerak eskatzen duen hizkuntz egokitasun eta dotorezia; eta itzulpenaren errealitateak: zein euskalkitara itzuli den, zeintzuk izan diren itzulpenerako erabili diren jatorrizko testuak eta testu lagungarriak, zenbateraino bete diren itzultzailearen iritziak.

Horrek guztiak lan monografiko ugari eskatzen du Bibliaren euskarazko itzulpenaren historiari serio heldu aurretik. Lan monografiko horietako bat, eredu bezala har litekeena, lñigo Ruiz Arzalluz jaunak oraintsu Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo"-n argitaratua da: "Notas sobre algunas traducciones vascas del Nuevo testamento"[1]· Beronetan James Barr-ek landu duen tipopogia batetan oinarriturik[2]. Haraneder, Harriet eta Duvoisinen itzulpen moduaren eta jatorrizko testuarekiko duten leialtasunaren azterketa bat egiten du, San Mateoren ebanjelioaren
itzulpenean oinarri artuta batez ere.

Orain aurkezten dugun lan honi dagokionez, egin diren itzulpenen analisi zehatzetan oinarritu ezinez, Euskarazko Bibliaren historia osatu duten itzulpen eta itzultzaileez dauden testigantzetan oinarritu dugu, eta haien bilketa, sailkapen eta konfrontaziora mugatu, hain zuzen. Zentzu horretan, eta muga horien barruan hartu behar da beraz artikulu hau, eta beti eduki kontutan, ahaztu gabe, itzultzailearen irizpideak gezurta litzakeela, eta oso maiz gezurtatzen dituela gezurtatu ere, itzulpenak berak. Zerbaiten ustean besterik egin, sarri gertatzen bada, itzulpenean are usuago bait da gertatzen.

Bibliaren Lehen itzulpenak

Euskarazko Bibliaren historiaren sorrera ofiziala La Rochelle-n gertatzen da 1571an, Joannes Leizarraga Iesus Christ Gure launaren Testamentu Berria argitaratzen den unean.

Garaitsu horretan bertan Europako hainbat hizkuntzatara itzultzen da Biblia, protestanteen eraginez batez ere.

Ordura arte, euskal kristauak, Europako hainbat hizkuntzatako hiztun diren kristauak bezalaxe, Bibliaz umezurtz egonak dira, Bibliaren zuzeneko ezagutzarik gabe, alegia.

Juan San Martin jaunak galdetzen du ordea: "¿Es esta en realidad la primera traducción de la Biblia al vascuence?" Eta berak erantzuten segidan: "Sí como obra impresa, pero por la literatura oral se puede testimoniar la existencia de algunas partes de la Biblia vertidas al euskara: En el cancionero popular se mencionan frecuentemente pasajes de Noé, Salomón, etc. También en la lectura de pastorales (teatro popular suletino) encontramos de Moisés, Josué, Abraham, Sodoma y Gomorra, el Hijo Pródigo, San Juan Bautista, etc., ademas de las menciones a salmodias, epfstolas y Evangelio en las predicaciones de los sacerdotes"[3].

Horrez gainera, predikarien eraginez, ahoz aho hedaturik aurkituko ziren Bibliaren beste hainbat pasarte ere han eta hemen.

Biblia izan ere, euskaraz ez bazen, latinez, behin baino gehiagotan aipatzen da Euskal Herrian. Besteren artean aipatzekoa da Nafarroako errege Santxo Azkarrak (1194-1234) bazuela ale bat, latinez idatzia, eta anitz marrazkirekin, Ferrandus Petri de Funesek egindako marrazkiz apaindua Yale-ko unibertsitateak 1970ean berriro argitara einan zuena (François Bucher. The Pamplona Bibles. A facsimile compiled from two picture Bibles with martyrologies commissioned by king Sancho el Fuerte of Navarra). D. Luis Nafarroako gobernariak bazituen beste bi ale 1361ean[4].

Bestalde, bada susmoa Leizarragaz aurretik beste Bibli itzulpenen bat egin ote zen ere. Tomás Fermín Arteta Agoiztarrak zeukan esku izkribu batean oinarriturik, Artemós-Sarratel Jaunak honela bait zioen: "Hay muchos fragmentos de uno y otro testamento que no son de aquella versión (Leizarragarena). Entre otros sabemos que don Tomás Arteta... tiene la Pasión de Jesu-Christo, según San Mateo y San Juan, donde se evidencia que no hubo una sola traducción de la Biblia al vascuence"[5]·

Joannes Leizarraga: Jesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria (1571)

Esanik geratu da Bibliaren euskararako itzulpenaren historiaren gailur guneetako bat bere lehen unea bera dela. Ez lehenengo itzulpena delako bakarrik ordea, euskal literaturaten historian ere, B. Etxepareren ondoren aipatzen den bigarren obra izanik, ageri duen heldutasunagatik baizik. "Sorprende ciertamente hallar en los principios de la literatura vasca una obra tan perfectamente acabada, tan adulta", dio I. Omaechevarriak Euskera liburuan[6]·

Luis Villasantek, hari beretik, dio: Las obras de Leizarraga son extremadamente pulidas y perfectas. Para ser un iniciador, sorprende que hasta tal grado consiga dar la impresión de una lengua tan normalizada y fijada... En sus obras constantemente se revela como un perfecto conocedor de los recursos de la lengua que maneja. Eta geroxeago: En suma, Leizarraga aparece en el escenario de la literatura vasca como un gigante solitario, especie de monstruo, sin antecedentes ni consiguientes[7].

Goraipamen eta ohorezko hitz horiek merezi izan dituen itzultzailearen bizitzaz hitz bi esateko gelditzea merezi du: Beraskoitzen jaio zen, berak aitorturik jakin ahal izan denez, noiz eta norengandik zehatz jakiteko modurik aurkitu ez dela ordea, 1506 aldera. Apaiz katolikoa izana, dirudienez, kalbinistetara batu zen 1550-1560 aldean, Haranederrek susmoa zuenez. 1557an eliz-ministro izendatu zuten. 1563-1571 bitartean Testamentu Berriaren eta beste zenbait testu laburren itzulpenak burutu eta argitaratu ondoren, Labastidan geratu zen elizako ministro, eta han hil zela dirudi, 1589-1601 bitartean.

Obraren jenesia eta argitalpena

1559ko Pazkoaz Joana Albreteko, Nafarroako erreginak erlijio katolikoari uko egin, eta kalbinisten erreforma hartu zuen. Bere leinuari Aufiamendiz hegoaldeko erresuma guztia kendu zioten Gaztela erregeen kontrako erantzuna izan zen. Erreforma kalbinista bere lurralde guztietan hedatzeko lanari ekin zion berehalatik. Biamoarrak Genevera bidali zituen, Calvinorekin berarekin ikas zezaten. Zuberoako eta Behe Nafarroako zati bateko handikiak alde zituen. Zuberoako herria ere erreformaren alde jarri zen, ez ordea behenafarrak.

Erregina 1562an alargundurik, are suharkiago ekin zion erreforma lanari. 1563an argitaratu zen Testamentu Berria biamoeraz.

Leizarragaren itzulpen lana ere erreforma zabaltzeko plan honetan kokatzen da. Paben 1564eko martxoaren 14ean ospatu zen sinodoak eman zion Leizarragari Testamentu Berria, Otoitzak eta Dotrina itzultzeko enkargua, G. Lacombek argitara eman zuen dokumentu batean ageri denez "pour semployer à La translation du Nouveau testament prières et Catechisme en Langue Basque ez pour se preparer aservir au Ministere en Ce pays (Biarnon)ou en La basse Navarre"[8].

Lan nekeza (cein içan baita nehore lehen vicitic estima ahal liçaqueen baino handiago) eta burura eraman gaitza bizkarreratu zitzaion Leizarragari. Nafarroako Erreginari egin zion eskaintzan garbi ageri du Leizarragak bere lanak duen nekearen kontzientzia osoa eta zehatza: Carguaren hartzera bathiric ecin naidiqueen, eta guti falta cedin non ezpainendin choil guibelera, nacussanean hambatez ere entrepresa handiago, cembatez nic scribatu dudan lengoage mota baita, sterilenetaric eta diuersenetaric: eta oraino, traslationeta behinçat, vsatu gabea.

Biblia Euskal Herrian 1.png

Hala ere, Leizarragak 1564 bertatik ekin zion lanari, eta Testamentu berriaren itzulpena 1565erako bukatuta zeukan, urte horretan bertan ekin bait zion zuzenketa lanari Biarnoko Sinodoak agindurik Sanz de Tartas, La Rive, Landetcheverry eta Tardets osatzen zuten taldeak. Lau zuzentzaileotatik bi behintzat Zuberotarrak ziren: Tartas eta Landetcheverry.

Urtebetean itzulitako liburuak, ordea, sei urtez geratu beharko zuen argitaratu gabe. Argitaratzeko lanetan inprentako lana begiratu eta zuzentzeko Rochelan egon zen Lizarraga, eta hantxe izenpetu zuen Nafarroako Erregina Joana Albretekoari egin zion eskaintza: Rochellan Agorrillaren 22. 1571.

Ez da gauza segurua Leizarragaren emaitzak argitalpen bakarra ala bat baino gehiago izan zituen. Ale batzutatik bestetara zenbait aldaketa bait daude. Ale guztiak ez dira berdinak: zenbaitetan Testamentu Berriarekin batera argitaratu ziren gehigarriak ez dira ageri bestetan. Gehigarririk gabeko horietakoren bat ezagutu bide zuen Larramendik, esaten bait du: "Consta lo tercero al parecer que el autor es calvinista, por el tiempo en que hizo su traducción, por el lugar de la impresión, por la libertad de hacerla en lengua vulgar, y por la reina de Navarra Juana de Albret, a quien la dedica, que vivió y murió calvinista el año 1672. Por lo demas no se puede conocer sea calvinista el traductor, que esta a mi entender muy ajustado en su traducción"[9]. Eta ondoren aipatzen dituen osagarrietan, Testamentu Berria osatzen duten liburuak besterik ez ditu aipatzen.

Pentsa liteke, beraz, Testamentu Berriaren argitapen bat baino gehiago izan zirela, edo hala ez bada, argitalpena luzatu egin zela. Leizarraga 1673ra arte Rochellan geratu bait zen.

Leizarragaren euskalkia

Leizarragarren beraren eguneroko hizketarako euskalkia zein zenik ezin argitu daiteke, ezin daitekeelako argitu zenbateraino isladatzen den bere idazkietan berea zuen euskakia. René Lafonek dio: "Nous ne pouvons savoir dans quelle mesure la langue des ecrits de Liçarrague reflète son parler propre, celui qui était en usage dans sa famille et celui qu' on employait à Briscous, ni dans quelle mesure ces parlers concordaient ou divergeaient, ni, par suite, à quoi il faut attribuer la presence dans ses écrits de telle ou telle forme souletine, bas-navarraise ou commune à ces deux groupes de parlers"[10]·

Izan ere, Testamentu Berria itzultzeko kargua hartu eta luma paperaren gainean irristatzen jarri zuen une beretik agertu zitzaion garbi Leizarragari euskalkien arazoa: Gaineracoaz den becembatean, batbederac daqui heuscal herria quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco maneran cer differentia eta diuersitatea den; raçoin honegatic sensu eguiazcotic aldaratu gabe, lengoageaz den becembatean ahalic guehiena guciey adi eraciteari iarreiqui içan gatzaitza, eta ez choil edocein leku iaquineco lenhoage bereciri —aitortzen du berak Hevscalduney sarrera hitzetan.

Leizarragaten testuak aztertu dituzten guztiak bat datoz esanez haren euskalkiaren oinama lapurtera dela, behenafarreratik eta zubereratik harturiko forma eta hitz askoz aberastua. J. Vinson euskalaria da horretan salbuespena. Harentzat, izan ere, behenafarrera bait da Leizarragaren hizkeraren oinarria.

Leizarragaren hizkeraren "arkaikotasuna" ere sarritan aipatzen da. Schuchardt-ek dio "Leizarragaren hizkuntza gaurko lapurtar eta behenafarrentzat, Luteroren hizkuntza gaur egungo alemaniarrarentzat bezain urruna badela behintzat"[11]·

Ezaugarri horrekin batera, latin-zaletasuna aipatzen da. Leizarragak darabiltzan hitzetan, ordea, Etxeparen darabiltzanetan bezala, hizkuntza erromanikoetatik hartutako maileguzko hitz asko eta asko ageri da, bere garaian bertan mailegatuak askotan. Ez du aitzakia beharrik horretarako. Kanako ezteietako upelak kubak dira eta "maistre d'hostel" mestedostal deitzen da Leizarragarenean (Jn, 2, 6-9): Eta ciraden han sey kuba harrizcoric eçarriac Iuduen purificationearen araura, çaducatenic batbederac bira edo irura neurri. Dioste Iesusec, Bethaitzaçue kubac vrez. Eta bethe citzaten garairano. Orduan dioste, Eraitsaçue orain, eta ekarroçue mestedostalari. Eta ekar cieqoten: Eta dastatu çuenean mestedostalac ur matsarno eguin içan cena (eta etzakian nondic cen: baina vra karreatu çuten cerbitzariec baçaquiten) deitzen du sposoa mestedostalac, eta diotsa...

Latinetiko hitzen maileguaz, itzulpen irizpideei dagokien alorrean hitzegingo da pausatuago.

Leizarragaren hizkuntzaren arkaikotasuna bere aditz sisteman ageri da batez ere.

Ezaugarri horiekin, eta oinarri horiek harturik, Leizarragak berritik definitu zuen hizkuntz eredu bat, bere itzulpenetarako erabilgarri, ez Etxeparek bezala bere euskalkia erabiliz soilik, koine baten entsegu bezala baizik, agian I. Sarasolak dioen bezala "para lograr todo esto Leizarraga tomará como base el dialecto labortano y se servirá ampliamente de arcaísmos, con la finalidad de reducir las diferencias propias de toda fragmentación lingüística, que tienden a aumentar con el paso del tiempo, pero también con la finalidad de obtener el tipo de expresión reverencial y distanciada que corresponde a los textos sacros"[12].

Koine horren erabilera eremua, edo xedea, Huskalduney abarreko aipatu hitzak ezagunak diren arren, ez dago guztiz garbi zein jende mota, zein euskalkitako jenderentzat idatzi zuen, edo eraiki zen koine hori. Ez bait da ahaztu behar Abc-an dioena: "Eta minçatzeco maneraz den becembatean, Heuscal-herrian realigionearen exercitioa den lekuco gendetara consideratione guehiago vukan dut, ecen ez bercetacoetara: eta haur, sperançaz ecen Instrucione hunec lehenic, eta orain behin guehienic, hetan cerbitzaturen duela". Horretan oinarriturik dio agian Jon Juaristi jaunak: "Leizarraga no pretendía escribir para todos los vascos, sino solamente para los súbditos de la reina de Navarra (es decir, para los de vertiente septentrional del Pirineo, lo que, en una cierta medida, simplicifaba el problema), y lo que requería no era, como alguna vez se ha dicho erróneamente, una lengua literaria, sino un grafolecto, una lengua escrita capaz de imponer una norma supra dialectal, de constituirse en Koine de la Vasconia de ultrapuertos"[13].

Hala ere esan liteke Testamentu Berrian eta lagungarri dituen testuetan ageri den hizkera ez dela guztiz homogeneoa. Arrazoi bat izan liteke, itzulpenezkojarrera ez delako hauetan hartan zen berbera. Baina horrez gainera, euskalki joera desberdinen arabera jokatzen da testu batzutan eta besteetan. Hala, adibidez, deklinabideko NORI kasu pluralerako, ABC-an -er atzizkia erabiltzen da, zubereran bezala, Testamentu Berrian berriz, -ey agertzen da guztietan.

Agian, hizkuntz barreiamendu apur horretan, idazle bat berarengan normala den barreiamenduaz gainera, are gehiago izaten dena hala ere hizkuntzazko baterakuntza eklektiko bat egin nahi denean, agian zuzentzaile eta begirale izan zituenen eskua ere ikusi behar da.

Testamentu Berriaren jatorrizko testua

Euskal literaturaren historiak irakurtzen direnean, batez ere Leizarragaren latinismoren aipamenak irakurtzen direnak, egiatzat hartzen da maiz Vulgatatik egin zuela Leizarragak bere itzulpena. Hala L. Villasantek dio: "Como traductor bíblico, Leizarraga nos produce la impresión de ser sumamente servil y atado al texto latino"[14].

Hala ere R. Lafonek Leizarragaren testua kalbinistek erabili izan zituzten Bibliaren frantseserako hainbat itzulpenekin konparatuz argitu ahal izan zuenez, Pierre Robert, Olivetan deituak itzuli eta lehendabizikoz 1535ean argitaratu zen frantses bertsioari jarraitzen dio Leizarragak gehienean; ez ordea haren lehen argitalpenari, ondotik egin zitzaizkion zuzenketak dakartzanen bati baizik. Itzulpen hori grekerazko testuari oso lotua da. Leizarragarena grekerazko testuarekin
alderatuz pentsa liteke ez ote zuen hartatik itzuli zuzenean. Askotan, ordea, Olitvetanen testua jatorrizko grekerazkotik urruntzen denean "bere lanetan", Leizarragak frantsesezkoari jarraitzen dio; aldiz ia sistematikoki frantsesezko testua Vulgatako testutik urrunduz grekozkoari atxikitzen zaionean, Leizarragarena ere grekozkoari zaio atxikitzen. Hala ere zenbaitetan, Leizarragaren itzulpena Vulgatari estuagotik jarraitzen zaio, Vulgatak dakarrena grekoari atxikiagoa denean Olivetanen itzulpena baino.

Adibideak aztertu nahi dituenak, R. Lafonen aipatu liburuan aurki ditzake.

Esan liteke beraz, Leizarraga eta bere laguntzaileak Olivetanen frantses itzulpenari jarraitu zaizkiola batez ere, baina grekerazko testua eta Vulgatako itzulpena kontutan hartzen zituztela.

Itzulpena gidatu zioten irizpideak

Leizarragak ahal duen estuenik jarraitzen dio bere itzulpenean jatorrizko testuari.

Haur bay erranen dut —dio Leizarragak Nafarroako Erreginari egin zion eskaintzan, Apokalipsiaren amaierako hitzez gogoraturik nonbait—, ecen hethi orhoitic nola /aincoaren manu expressa den haren hitzari deus edequi eztaquio ez erachequi: hala eguin ahal duda fidelquiena eguin vkan dudala.

L. Villasante jaunak, egin diogun aipamenaren ondoren, Leizarragak latinezko testuari zion atxikimenduaz dioenaren ondoren honela jarraitzen du: "Pero sería un error creer que lo hacía así por ignorancia o torpeza. Era cuestión de criterio. El sumo respeto a la palabra de Dios es lo que le fuerza a traducir con una fidelidad y sujeción a testo que hoy nos parece excesiva, y sin duda lo es"[15].

L. Mitxelenak, berriz, honela dio: "Posiblemente no se han tenido en cuenta lo bastante las circunstancias que explican el carácter excesivamente literal de su versión que tantas veces le ha sido echado en cara. Era, en primer lugar, un calvinista que no creía que la palabra de Dios debiera ser objeto de paráfrasis y de traducciones ad sensum, por lo mucho que con ello se ganase en sencillez y naturalidad: por eso la traducción de los textos no bíblicos es mucho menos ceñida"[16].

Bi aipamenotan laburbiltzen dan Leizarragaren itzulpen moduari buruz esan izan dena. Testamentu Berriaren itzulpenean hitzen aukeratarainokoan duen jatorrizko testuarekiko menpekotasun estua aipatu izan da.

Atxikimendu estu horren sentsazioa bi iturburutatik etorri lekioke Leizarragaren irakurleari: Lexikoan darabiltzan latinismoen ugaritasunetik, batetik, eta bestetik Leizarragaren periodoaren luzeragatik.

Ezin ukatuzkoa da, lexikoari dagokionean, hainbat hitz latinetik jasoak dituela Leizarragak, Vulgatatik hartuak balitu bezala. Gertakari hori berori ere aski harrigarria da, kontutan harturik ministro protestante batentzat Vulgatak ez zuela zertan izanik protestanteek egindako beste edozein bertsiok baino fidagarriagoa, berez. Latinezko testuak ez zuen "jatorrizkotasunik", itzulpena zela jakin eta jatorrizko testuetara iristeko ahalmena bazutenentzat.

Hala ere, ez dira ahaztu behar, lehen aipatu ditugunez, Leizarragak Testamendu Berriaren itzulpenean eurrez darabiltzan hizkuntza erromanikoetatiko (frantses, eta agian biarnoeratiko) maileguak, mailegu berriak, artean morfologiazko aldakuntzarik izan ez dutenak, pentsatzekoa denez Leizarragak berak mailegatuak, eta ez herri hizkeran hedatutako mailegu tzat hartuak, euskarara artean itsatsi gabeak beraz; eta alde horretatik latinismoekin konparagarriak guztiz.

Zalantzan jartzekoa da, beraz, Leizarragaren latinismoak jatorrizko testuari dion atxikimenduari zor zaizkion ala ez, jatorrizkoa, ikusi denez, grekerari atxikitzen zaion frantsesezko itzulpen bat delarik gehienean.

Latinismoen arazo honek ez du soluziobiderik izango Leizarragaren maileguzko hitzen azterketa konparatibo bat egiten ez den bitartean, garai hartan usatzen zen estilistikaren argitara.

Sintaksiari dagokionean bai zinez esan litekeela Leizarragak estutik jarraitzen diola jatorrizko testuari, eskura dauden argitalpenetan testu elebiduna agertzen den guztietan behintzat.

Mitxelana jaunak guzti-guztian arrazoia zuen Leizarragaren itzulpen joera testuen eduki semantikoari dagokion aldetik aztertzen bada. Gauza nabaria da alde handia dagoela Leizarraga Bibli-itzultzailearen eta Leizarraga bestelako testuen itzultzailearen artean, testuaren edukiaren trataerari dagokionez.

Leizarraga Bibli-itzultzailearen jarrera aipatu dugun eskaintzako pasartean enetratatzen da. Bestelako testuen itzultzailea berriz, bere lanetan: Sarreraren beraren itzulpena, eta beste hainbat pasarteetan egiten dituen egokipenak. Hala adibidez Sabbathoa-ren deklarazioan honela dio: errii nahi da reposa, eta berehala hitz bera eduqui vkan dugu, ceren Euangelistec Grecquez scribatzean, lengoage hartaco ezpacen-ere, ezpaitute cambiatu vkan. Eta hura cen asteco çazpigarren eta azquen eguna, orain batec larumbate, bercec eguiacoitz eta berde nesquen egun deitzen duguna. Astegun horren euskal
izenen zalantza eta aniztasuna, pentsatzekoa da, jatorrizko testutik Leizarragak ez duela itzulia.

Laburtzeko, beraz, Leizarraga Testamentu berriaren itzulpenean, edukiari dagokionean guztiz menpekotzen zaio jatorrizkoaren edukiari, baina bestelako ikuspegi bat du Jainkoaren errebelazioak argituak ez diren gainerako testuei dagokienez.

J. Leizarragaren Testamentu Berriaren argitalpenak

Leizarragaren obrak beste zenbait argitalpen izan ditu 1571z geroztik:

1900ean Strasbourg-en, Th. Linschmann eta H. Schuchardt jaunek Alemanian ezagutzen ziren aleetatik argitara emana: I. Leiçarraga(s) Baskische Bücher von 1571 (Neues Testament, Kalender und Abc). Schuchard jaunaren sarrera luze batez hornitua.

Biblia Euskal Herrian 2.png

Edizio horixe bera argitaratu zuen berriro Hordago argitaletxeak 1979an, H. Schuchardt- en sarrerarik gabe.

1903-1908 bitartean Londresen, The Trinitarian Bible Society-k argitaratua, Dogson esukalariaren ardurapean, itxura denez. Testamentu berria besterik ez.

Hiru horiek dira argitalpenik osoenak.

Horiez gainera zatika ere argitaratu izan da: Hala J. Vinsonek argitaratutako San Markosen Ebanjelioa (1874), San Mateoren Ebanjelioa, Van Eysek argitaratua (1877), San Joanen Ebanjelioa eta San Mateorena Dogsonek argitaratuak (1891-1896 eta 1902), Lischamn eta Schuchardtek argitaratutako Kalandrera (1900); edo Euskal protestantismoa zer zen (Lur, 1970).

Beste zenbait argitalpen ere izan zituzten, ordea, Leizarragak itzulitako Ebanjelioek XIX mendearen lehen laurdena burutzean: 1825ean eta 1828an, San Mateoren Ebanjelioa, eta Testamentu Berri osoa. P. Lafitte jaunaren iritzian Gaidor beraskoiztarrak moldatuak ziren, Leizarragaren testua ez ezik Haranederren itzulpena ere aurrean zuela. L. Akesolo jaunaren iritzian, berriz, hiru pertsona desberdinek eginak dira moldaera hauek. Nolanahi ere, argitalpen hauek, Leizarragaren argitalpenak ezagutu ez zuen arrakasta izan zuten Lapurdin batez ere.

Bonaparte printzea bitarteko Bibli egokipenak

Leizarraga ondoren Biblia osorik edo pasarteak euskarara itzultzeko saio gehienak protestanteek eraginak izan ziren, 1856an L. L. Bonaparte printzeak E. Inchauspek zubererara eta Sallaberry Ibarralakoak behenafarrerara egindako San Mateoren ebanjelioaren itzulpenak argitaratuz, euskal literaturaren historian eskubide osoz "Bonaparteren aldia" dei litekeena inauguratu zuen arte.

Pierre d'Urte, J. Haraneder, aipatu Gaidorren moldapenak, J. Lizarraga Elkanokoa, B. Chaho, Oteiza sendagilea, Gari bai izango dira garai honetako Bibli-itzultzaileak. Hauetako zenbaitek —gehienek— ez zuten ezagutuko beren obra argitaraturik.

Horiekin batera, ordea, aipamena merezi dute Bibli-itzultzaileak zuzenean izan ez baziren ere, Bibliako pasarteen moldapenak edo puskakako itzulpenak egin zituzten beste zenbait idazle: B. Larregy, J. A. Ubillos, P. A. Añibarro, F. L Lardizabal. Hauen moldaerek Bibliaren lekua bete zuen katolikoen artean. Hauetxen aipamenak egingo ditugu bakarrik, eta ez hurrengo aldietakoenak. Hain zuzen ere, aipatuko diren moldaera hauek irakurle euskaldunen eskuetan izan ziren garaian, edo moldatzaileak beren lanera bultzaturik aurkitu ziren garaian, Bibliarik ezean haren lekua beteko zuten ezagutza liburuak izan zitezen burutu bait zuten beren lana. Lan hori, ez da ahaztu behar, katolikoen eta protestateen artean Bibliaz zegoen lehia —katolikoen artean interpretazio segurua kleroaren esku gordetzekoa eta protestanteen artean irakurle bakoitzaren iritzira uztekoa— horren baitan kokatzen da.

Hala, B. Larreguyren Testament çaharreco eta berrico historioa, 1775 eta 1776an argitaratu zen Baionan, bi tomotan, M. de Royaumont-ek frantsesez idatzitik itzulia.

J. A. Ubillosek (1707-1789) agian Larreguyren liburua ezaguturik ekin zion bere Christau dotriñ berri-ecarlea, Fleury-ren Catéchisme historique-ren itzulpen-moldaerari. Tolosan argitaratu zen 1785ean, eta geroztik1897an eta 1909an ere bai.

Pedro Antonio Añibarroren (1748-1830) Lau Evangelioac batera alcarturic obra ez da argitaratu oraindik. L. Villasante jaunak dioenez, lau ebanjelioen itzulpena da: "Merece subrayarse esta traducción de los Evangelios, porque probablemente es la primera que se hizo en esta parte del país"[17]. Gainerako historiek, ordea, Villasante jaunak dioena errepikatzen dute.

Francisko Inazio Lardizabalek (1806-1855), bere Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira idatzi zuenean Larreguy eta Ubillosen lanak ezagutzen zituen. Historia santu hauetan guztietan zabalpen eta arrakasta gehien izan duena da Lardi zabalena. lehendabiziko aldiz 1855an Tolosan argitaratu zenetik beste hiru argitalpen ezagutu zituen, 1887an, 1908an eta 1957an (azken honetan Testamentu Berriari dagokiona bakarrik).

P. d'Urte: asmo handi bat

Leizarragaren ondoren ageri den lehenengo Bibli-itzultzailea P. d'Urte, apaiz katoliko protestantetara bihurtua da. Bere itzulpen lana argitaratzera iritsi ez bazen ere, harengan une batez gelditzea merezi du.

Hiru obra utzi zituen, hiruak eskuzkribuz:

I. Euskararen gramatika bat Grammaire Cantabrique, batez ere bertan dakarren aditzaren azterketagatik garrantzitsua dena: "This M.S. is, philologically, the most important of the trio, for it contains the first independent treatise on the Verb, written many years before Larramendi puhlished his Grammar"[18].

II. Latin-euskara hiztegi bat: Dictionarium Latino-cantabricum / Dicçionario Latignescára, commotus hitzeraino iritsi zena.
Argitaratu gabea.

III. Biblia Saindua:. Testament çahárra eta berríä iduquitçen dituena.

Lehenengo bi liburuak bukatutzat emanak eta are argitaratzeko bezala txukun prestatuak ziruditen. Hirugarren hau, berriz, zuzenketaz betea eta bukatzeko astirik gabe utzia bezala dirudi: Jenesi osoa itzuli ondoren, Exodoaren XXII kapituluaren seigarren bertsoaren erdian eteten bait da kolpetik.

Badirudi, liburuaren izenburuagatik, P. d'Urtek Biblia osoa itzultzekoa zuela asmoa. Frantziatik Nantesko ediktuaren errebokazioaren ondoren (1685) ihesi Ingalaterran babesa aurkitu zuten ministroetakoa izanik, agian bere babesleen enkargua hasia du itzulpen lan hau.

Idazkiok 1700 urte ingurukoak dira guztiak.

D'Urteren hizkerari dagokionez, lapurteraren testigantza bikainenetakoa dela irizten da. J. Vinsonek Llewelyn-i idatzitako gutunetan zionez "the lenguage of d" Urte is an excellent one, clear, nice, exact, grammatically correct, and most superior to Liçarrague's as a dialect-type"[19].

Azkar eta zuzentzeko astirik gabe egindako itzulpena dirudi. D'Urtek bere itzulpenerako erabili zuen jatorrizko testua Ginebrako frantses itzulpena da, bere azkarrean egin zituen akats edo hutsegite batzuek agerian jartzen dutenez: femme ordez famine ulertua, belle fille (erraina), alaba ederra itzulia, cerf ordez self ulertua, etab. Bagnan emaztebat ethorri içan çen herrira: Bainan gosete bat etorri zen herrira (Jen. 12, 10). Tarec hartu içan çituen bere Seméa Abram, eta Lot bere seméaren semea çegna baitçen Haranen semea eta Sarái bere alaba ederra... (Jen. 11, 31).

Joanes Haranederren Testament Berria

Pierre d'Urte bezala, .Donibane Lohitzundarra. 1669 inguruan jaio zen. Haranederrek Testarnentu Berri osoa itzuli zuen, nahiz izen buruan hala ez dioen: Jesu-Christoren Evangelio Saindua jaun Haraneder aphez Donibane Lohitsukoac escoararat itçulia. Katolikoen artean egin zen lehendabiziko Bibli-itzulpena. Aitcin Solhasa sarreran erakusten duenez, Leizarragaren itzulpena ezagutzen du, baina "guiçon etsai eta doacabe" hura "heresia poçoatuaz cutsatua" egonik, halaxe zegokeen bere itzulpena ere. 1740rako bukatu zuen, baina mendea pasa egon behar izan zuen, 1855ean Dassance eta Harriet apaizek argitara eman zuten aurretik. Argitalpen honek, hala ere, Haranederren beraren eskuzko eskribuarekiko alde handi samarra du.

Bien bitartean, itzultzailea artean bizi zelarik, 1749 eta 1750an San Franzisko Saleskoaren Philotea eta Scupoliren Gudu izpirituala itzulpenak argitaratu zituen, mende betez lehenago S. Pouvreauk itzuliak biak.

Haranederrek Testamentu Berri osoa itzuli arren, 1855eko argitalpenean lau ebanjelioak besterik ez ziren argitaratu. Jatorrizko testua latinezko Vulgata izan zuen eta hari jarraiki zitzaion "eguin ahal beçambat, lettrari berari". Pasarte ilunen itzulpenerako, berak aitortzen zuenez, Maistre de Sacy eta D. Bouhours-en frantses itzulpenez baliatu zen. Itzulpenaren literaltasunaz ez du iritzi bera Ruiz Arzalluzek: "Se diría que Haraneder traduce los textos sagrados con cierta tranquilidad. Eso por lo que hace al contenido, es decir, a la información que el texto proporciona, ya que la fidelidad a la forma del original, como ha podido comprobarse, tiende a cero. Así es que, de seguir el texto de la Vulgata «parfois jusqu' au calque» (P. Lafitteren iritzia), poco. Menos aún de haberse pegado a ella «ez choilqui sensuari, baiñan oraino ahal beçambat lettrari berari (…) Çorrotxqui eta urratsez urrats» (Haranederren beraren aitorpena)"[20].

Harriet eta Dassancek egindako argitalpenari dagokionez, esanda dago euskuizkributik oso aldendua dela, Haranederren testua oinarritzat harturik beste bertsio bat egiteraino aldendu ere. Honela laburtzen du bere analisia Ruiz Arzalluzek: "En general, como queda dicho, Harriet parte del texto de Haraneder: este es siempre el punto de referencia. Cuando discrepa por cuestiones de pureza léxica, recurre a Leizarraga: si este le ofrece una solución aceptable, la adopta, y si no, da un texto propio enteramente, acorde con sus ideas lingüísticas. Una vez que se ha apartado de Haraneder... los modelos son Leizarraga y la Vulgata"[21].

Lizarraga Elkanokoa

Joakin Lizarraga, Elkanokoak (1748-1835), bere obra oparo eta luze osotik bat ere argitara emanik ikusi gabe hil zen. Arandako konteak hizkuntza ofizialean idatzirik ez zeuden beste guztietarako jarri zuen zentsura estu eta zorrotzak ezinetara eraman zizkion bere. asmo guztiak.

Bere garaiko idazle nafar bakarra da, eta goinafarrera mendebaldekoan idatzi zuen obra guztia.

L. L. Bonaparte printzea euskal Bibli-itzulpenez interesatzen hasi zenean, ordea, Joakin Lizarragak San Juan eta San Mateoren ebanjelioetatik egindako itzulpenen eskuzkribuak iritsi zitzaizkion eskutara. Bietan lehenengoa eman zuen argitara: Jesus-Cristoren evangelio sandua San Juanec dacarren guisara (Londres, 1868). San Mateoren ebanjelioaren itzulpena ez zen argitaratu, eta halaxe dago oraindik ere.

Beste itzulpen batzuk

1838an Madrilen Evangelioa san Lucasen guissan argitaratu zen, G. Borrow-ren eraginez, Oteiza izeneko sendagile batek itzulia. Oraintsu jakin da Juan Jose Vicente Oteiza, Albizturtarra zela. B. Sei oren gaztelerarako itzulpenetik euskarara egina da. Itzulpen erraz eta aski jatorra.

Oteizaren beraren itzulpentzat aipatzen J. Bilbaok bere Bibliografia-ren VI tomoan Evangelio saindua San marken arabera,
Londresen 1887an argitaratua"[22].

Oso ale gutxiko argitalpenak egin zitu~n ordea: zenbait ale bakarrekoak edo bizpahirukoak. Zortzi, bederatzi, hamabi ale argitaratutako obrak ez dira gutxi. Argitalpenik handienak 250 aletaraino iristen ziren.

Itzulpenok bere hizkuntzalari ikerketa asmotarako eragin zituen, euskaraz bezala beste hainbat hizkuntzatan ere. Bere garaiko hizkuntzalaritzari jarraituz, dialektologian kokatu zuen printzeak bere ikerketaren gunea: Hizkuntz formen aniztasuna eta banaketa aztertu nahi izan zituen.

Horra zergatik, alde batetik, hain ale kopuru txikia. Horrexegatik, bestetik, testuak konparagarri izan zitezen, jatorrizko testuari zegokionean printzeak beretzat ari ziren itzultzaileei jartzen zien baldintza: Kristau dotrinak, batetik, eta Biblia edo Bibli zatiak zirenean, Vulgatatik itzuli behar zituzten, eta hartatik ezina zenean, itzultzaileen latinak hartara iristen ez zirelako, gaztelera edo frantsesezko zenbait itzulpen erabili zituzten: Bouhours-ena frantsesez, eta
Scio edo Torres Amat-enak gaztelaniaz.

Itzulpenon xedea ez zen, beraz, argitalpena. G. Lacombek dio: "ll les faisait fair e avant t out pour son usage personnel: il était, en effet, avide de comparaisons linguistiques. Toutefois, il en a publie une assez grande partie, les unes tiées à trés petit nombre; dont deux au trois a un seul exemplaire, les autres —et c' etait le cas le plus frequent— à deux cents cinquante exemplaires qu' il vendait des prix fabuleux, sans doute pour decourager les profanes"[23].

Itzulpenak, gainera, Bonaparte printzearen helburuetarako, ahalik eta literalena behar zuen izan. Hortik iritsiko dira hainbat itzultzaileren kexuak, esanez beren itzulpenetan oso estu lotu behar izan zaizkiola jatorrizko testuari. Printzeak berak adierazten du honetaz duen iritzia, Antoine d'Abbadieri idatzitako gutun batean: "Je vous remettrai alors... la seconde édition de ma traduction guipuzcoanne littérale (telle que j'entends les traductions bibliques destinées à l' étude comparative des langues)"[24].

Bere hizkuntzalaritza helburuetarako, eta argitaldari kontzientziarako, gainera, soberakoak eta are higuingarriak ditu orri-oineko edo ertzeko oharrak, helas, katolikoentzat Bibli-itzulpenean beharrezkoak direnak. Disgusto bat baino gehiago ekarriko zion horrek. E. Inchauspe kalonjearekin izan zuen etena da guztietan ezagunena. E. Inchauspe, zuberotarra, printzearentzat San Mateoren ebanjelioa, lturriagaren Jolasak, eta Apokalipsia itzuli zituena. Azkeneko obra hau ohar teologikoz hornitua aurkeztu zion printzeari, argitaratzeko haiek sartu beharko zirelako baldintzarekin, Baionako apezpikuaren aginduz nonbait. Bonaparteren iritzia, A. d 'Abbadieri idatzitako gutun batetik pasarte batzuk atera ezagutu liteke: "Mon amour-propre d' editeur ne se prête pas très volontiers al' exigeance des notes. Je reconnais au P. Inchauspe un gran talent comme écrivain basque, mais quant à ses notes, comme celles de l' Apocalypse, je ne pense pas qu' on puisse les considérer comme un bon spécimen de théologie chrétienne éclairée... Je suis donc décidé de ne plus entendre parler de notes, et j' espère qu' un jour ou l' autre je trouverai quelque souletin qui voudra bien se charger de cette traduction sans se mêler en rien de l' impression" . Edo hurrengo batean are sutsuago, edo sutuago: "Si vous pouviez déterminer le P. Inchauspe à laisser entièrement sur ma conscience le crime immense de faire imprimer la parole de Dieu en basque, il y aurait manière de s' arranger... mais quant aux notes je s uis tout-à-fait déterminé de ne pas même en entendre parler"[25].

Biblia Euskal Herrian 3.png

Printzearen laguntzaileak

Euskal Herrira iritsi eta lehenengo gauza, laguntzaile talde bat antolatu zuen, esan dugun bezala:

1. Jean Pierre Duvoisin (1810-1891), Ainhoarra. Printzea ezagutu aurretik ere itzulpenean aritua, hiztegi bat ari zen prestatzen. Berau izan zen Bonaparte printzeak Euskal Herrian izan zuen lehenengo laguntzailea.

2. Jose Antonio Uriarte (1812-1869), Arrigorriagarra. Printzearentzat itzulpen lanetan hasi aurretik eta bazituen itzulpen batzuk argitaratuak, bizkaieraz. Apaiz predikaria, Gipuzkoa eta Bizkaiko euskalkien ezagutzaile ona, euskalki horietara egin zituen itzulpenak printzearentzat.

3. Klaudio Otaegi (1836-1890), Zegamarra. Olerkaria, Lore Jokoetan sari askoren irabazlea. Dotrinak eta Biblia puskak itzuli
zituen printzearentzat, Gipuzkoako zenbait euskalkitara: San Markosen ebanjelioa, Kantuen Kantika eta beste zenbait (1867).

4. Emmanuel Inchauspe (1815-1902), Zunharretakoa. Bonaparte printzearen euskarazko ikasketetan gidari. Printzearentzat zubererazko zenbait itzulpen egin zituen: San Mateoren ebanjelioa (1856), lturriagaren Jolasak (1857), Apoklipsia (1858). Tirabira batzuren ondoren, ikusi den bezala, elkarlana utzi egin zuen.

5. M. Salaberry (1777- ), Ibarrolakoa. Printzeak euskaraz argitaratu zuen lehenengo itzulpenaren egilea.

6. Etxenike, Bruno (1820-1893), Urdaxtarra. San Mateoren ebanjelioa, Apokalipsia, Ruten liburua eta Kantuen Kantika itzuli zituen printzearentzat.

7. Casenave apaiza, behenafarra. San Mateoren ebanjelioa eta Jonasen profezia itzuli zituen.

8. Jose Antonio Azpiazu, Segurarra. Itzultzaile ez baina itzulpen zuzentzaile lanean jardun zuen printzearentzat.

9. Juan Eloi Udabe, Tolosarra. San Mateoren ebanjelioaren zati bat itzuli zuen bakarrik.

10. Mariano Mendigatxa, Bidangoztarra. Ez zuen Bibli itzulpenik egin.

11. Prudentzio Hualde (1823-1879), Bidangoztarra. San Mateoren ebanjelioa itzuli zuen erronkarierara.

12. Pedro Jose Samper, Jaurrietarra. San Mateoren ebanjelioa itzuli zuen saraitzuerara.

13. Ibarnegarai apaiza, San Mateoren ebanjelioa Baigorriko euskalkira itzuli zuen.

14. E. Inchauspe kalonjeak printzearentzako lanak utzi ondoren, J. B. Archu (1811-188-1) Altzurukuarrak hartu zuen zubererarako itzulpenak egiteko kargua. Lehendik La Fontaineren zenbait Fable itzuli eta argitaratuak zituen 1848an, 1852an Uscara eta Franzes Gramatika, uskalherrietaco haurrentzat eguina. Printzearentzat Ruten liburua, Kantuan Kantika, eta Jonasen liburua itzuli zituen. Liburuok 1886an eman ziren argitara.

Printzeak bultzatzen zituen hizkuntz ikerketetarako egin ziren itzulpenetan saiatu ziren itzultzaileen artean ez da ahaztu behar Bonaparte printzea berak ere itzuli zituela Bibliako zenbait pasarte (Salomonen Kantiken Kantika, Hiru haurren kantika labean, etab.) euskarara, gipuzkoako euskalkira batez ere.

Bonaparte printzearen laguntzaile hauetatik aipamen berezia merezi dute bi lehenek: Duvoisinek eta Uriartek. Beste itzulpen arkoren artean, Bibliaren euskarazko lehenengo itzulpen osoak burutu zituztelako, lehenengoarena, lapurteraz, argitaratua, eta bigarrenarena ez.

J. U. Uriarteren Biblia argitara gabea

L. L. Bonaparte printzeak bi euskalki hautatu zituen Biblia osoa itzultzeko, lapurtera eta gipuzkera. Bibliako pasarte eta liburu osoak hainbat euskalkitara itzul arazi bazituen ere, Biblia osoa ez.

Gipuzkerara itzultzeko J. A. Uriarte fraile bizkaitarra hautatu zuen, garai horretan Gipuzkoan Biblia osoaren itzulpenari heltzeko gai izango zen idazlerik topatzen ez zuelako. Bermeoko misiolari komentuko predikaria, bere misio ibilietan hango eta hemengo euskalkiak ezagutzera iritsia zen, geroko urtetan printzeari idatzi zizkion gutunetan aditzera ematen duenez: Nafarroako Valdorbako euskalkiaz, Deba bailarakoaz, Bizkaiko zenbait eskualdekoaz...

Horrekin eta, gipuzkeraz egiten zituen akatsak Jose Antonio Azpiazu jaunak zuzenduko zizkiolako promesarekin, Biblia osoaren itzultzeko lanari ekin zion 1859an. Ordurako zenbait liburu eta itzulpen egin eta argitaratuak zituen: Marijaren illa edo maijatzeco illa (1850), bizkaieraz. Jesus Sacramentaduari eta Ama Doncella Mariari Visitac, Alfonso Maria Ligoriorena (1856), bizkaieraz. Pio IX Aitasantuaren Bula Ineffabilis-en itzulpena argitaratu gabe geratu zen, Euskalerria aldizkariak argitara eman zuen arte.

Bonaparte printzearentzako lanetan hasi zenez geroztik: Iturriagaren Jolasak bizkaieraz (Londres 1857), San Mateoren ebanjelioa bizkaeraz (Londres 1857), Apokalipsia bizkaieraz (Londres 1857), Kantuen Kantika Bizkaiko bi euskalkiz eta gipuzkeraz (Londres 1858), San Mateoren ebanjelioa gipuzkeraz (Londres 1858) eta Apokalipsia gipuzkeraz (Londres 1858).

Biblia itzultzen ari zen bitartean, La doctrina cristiana traducida al vascuence, dialecto vizcaíno, variedades de Marquina, Bermeo, Arratia, Centro y Ochandiano ere itzuli zuen printzearentzat. Liburu honetatik ale bakarra argitaratu zen (Londres 1862). Uriarteren obra nagusia ordea Bibliaren itzulpena izan zen: Biblia edo testamentu zar eta berria Aita Fray José Antonio de Uriartec latiñezco Vulgatatik lembicico aldiz Guipuzcoacko euscarara itzulia Luis Luciano Bonaparte principeac eta don José Antonio de Azpiazu guipuzcoatarrac lagunduric (Londres 1859).

Duvoisinen Biblia, denbora berean egin eta argitaratzen ari zenbitartean Uriarterena Jenesia, Exodoa eta Lebitikoa argitaratuta aurrera gabe geratu zen. Itxura denez, Azpiazu jauna Uri arteren lanen zuzenketak egitez aspertu, eta ez zuen aurrera jarraitu; zuzenketak dituen eskuzkribu zatia bait da izan ere argitara eman zena, eta zuzenketarik ez duena argitaratu gabe dago oraindik. 1868 urte hasiera alderako bukaturik zeukan bere lana, eta handik urtebetera hil zen.

Bonaparte printzeak bere itzulpenetarako jartzen zituen baldintzak ezagunak dira.

Biblia Euskal Herrian 4.png
L. L. Bonaparte printzearen zigilua, bere argitalpen guztietan ageri dena.

Biblia honen euskalkiari dagokionean, J. A. Uriartek, bera Bizkaiko jaiotarra izanik, eta printzeak zehazki Gipuzkoako beterriko euskarazko itzulpena eskaturik, Lardizabal eta Agirre Asteasukoa hartu zituen eredutzat. Lardizabal lexiko-maisu, eta Agirre Asteasukoa aditzaren erabileran.

Itzultzeko irizpideei dagokienez; ahalik eta jatorrizko testuari atxikiena beharko du izan. Lino Akesolo jaunak ematen ditu horren argibideak: "Bere itzulpena itzez itz egii1a izango da, zeatza, Liburu Santuetako itzei urbilletik lotua. Bein eta herriz adierazten du Uriartek bere lanean darabillen jokabide au. Eta oinarriak azaltzen ere, are xeetasunik geiago ematen digu. Esaterako, alegiñak egingo dituela latiñezko Vulgatako itzak eta euskerazkoak leku berean jartzen: latiñezko itzak zenbat, euskerazkoak ainbat; latifiezkoak non, euskerazkoak antxe. San Mateoren ebanjelioa bizkaierara itzuli zuanean, jokabide ori darabil; eta orain, gipuzkeraz Biblia osoa itzultzean, bide beretik ibilliko da. Adibidez, latiñezko dicunt illis ikusten duan lekuan, ez du dirautse esango, esaten deutse baizik: latiftez zenbat itz, euskeraz ainbeste. Guipuzkerazko Mateo ematean, lege orri lotuago ibilli dala dio berak, Bizkaierazkoa eman zuenean baino. Ori egitean, izkuntzalariari zer egokiago zaion izan zuen gogoan"[26].

Bibliaren jatorrizko testutzat, izenburuak berak dio, latinezko Vulgata erabili zuen Uriartek. Haren argigarri, pasarte ilunetarako, Scioren gaztelaniarako itzulpena, eta hori ezean Torres Amatena.

J. Duvoisinen Bible Saindua

Duvoisinek itzuli eta Bonaparte printziak argitaratutako Bible Saindua edo Testament Zahar eta Berria berrehun eta berrogeitamabi aleak izan dira Euskal herrian mende honetara arte izan den Biblia osoaren itzulpen bakarra.

Bere lanbideak eramanik (mugazain), Ipar Euskal herriko hainbat tokitan bizitakoa zen Duvoisin, tokian tokiko euskalkien ezaugarriak eta hitzak fitxatan jasoz, aldi berean.

Horrez gainera, Bibliaren itzulpenari ekin aurretik edo bitartean ikasita, bazekien latina, grekera, gaztelera, italianoa eta Ekialdeko zenbait hizkuntza, euskararekin zituzten antz eta aldeak konparatzeko adina, Haristoy apezak Duvoisinez egindako erretratuan esaten duenez[27].

Bibliaren itzulpenari ekin aurretik ere, Duvoisin itzulpenean aritua zen. Bere gaztaroan Fenelonen Telemakoren abenturen liburua, egunotan berriki argitaratua, itzultzen hasi eta utzia. Euskara-frantses hiztegi bat ere hasi zen egiten, 12.000 fitxatan, Oiergi hitzerainokoa.

Argitara eman zuen lehendabiziko itzulpena A. Kardaberazen Aita San lgnacioren Egercicioen gainean afectoac liburuaren lapurterarakoa izan zen, 1856an argitaratua Liburu ederra izenarekin.

Urte horretan bertan ezagutu zuen Bonaparte printzea, hark Euskal Herrira egin zuen lehenengo bidaian.

Bonaparterentzako lanetan, Bibliaren itzulpenari ekin aurretik, Iturriagaren Jolasak itzuli zuen lapurterara.

Esanda dago argitalpen hauen xedea ez dela euskal publiko arrunta, hizkuntzalariak baizik, Duvoisinek berak gutun batean aitortzen duen bezala: "Ce travail est destiné aux savants qui s' occupent auhourd' hui, en bon nombre et avec ardeur, de l' étude des langues".

Bible honen jatorrizko testua, izenburuaren jarraian esaten den bezala, latinezko Vulgata izan zen, halaxe bait dio: "Duvoisin kapitainak latinezko Bulgatatik lehembiziko aldiko Laphurdiko eskarara itzulia. Luis-Luziano Bonaparte printzeak argitara emana".

Duvoisinen Bibli itzulpenean darabilen euskalkiari dagokionean, itzulpen horren xedea lapurterazko lagin fidagarri bat edukitzea zen printzearen tzat, eta zentzu horretan euskalki horretara mugatzera beharturik dago itzultzailea, ez toki jakin bateko hizkerara ordea, euskalki osoaren sintesia egiten duen lagin bat ematera baizik. G. Lacombek dio: "Duvoisin n' a écrit dans le labourdin d' aucune localité determinée: sa langue et son style sant admirables en général; ils sont le produit d' un éclectisme d' ailleurs très cohérent, alors que souvent les écrivains basques usent d' un syncrétisme inter-dialectal assez fâcheux"[28].

Itzulpenerako irizpideei dagokienean, berriz, Uriartez hitzegin denean esan den berbera errepika daiteke hemen ere: Hitzez-hitz itzuli nahia: "Traduire aussi simplement, aussi exactement que possible, en suivant partout le texte pied à pied, et en restant fidèle à la lettre, autant quefaire se peut. Comment, sans cela, comparer le mécanisme
des deux langues?" —dio Duvoisinek berak[29].

Ruiz Arzalluz jaunak, ordea, aipatu artikuluan ez du horren iritzi abegikorra azaltzen, eta gogorki kontestatzen du Duvoisinek aipatzen duen hitzez-hitzekotasun eta literaltasun hori: "Está claro, pues, cuál es la relación que Duvoisin mantiene con la Vulgata; completa y consciente libertad por cuanto hace a la forma, y notable relajación por cuanto al contenido se refiere"[30].

Jatorrizko testuaren zentzua argitzeko eta lagungarri frantses eta gaztelaniazko hainbat Bibli-itzulpen eta Bibli-ikerketako liburu erabili zituen Duvoisinek; bera baino lehen egindako euskal itzulpenak ere bai. Konparatu dituen Ruiz Arzalluzen hitzak aldatuko ditugu hona: "Tenemos, por tanto, la Vulgata y sus sucedáneos franceses por un lado: Duvoisin, como se ha visto, los usa con cierta alegría, sobre todo por lo que se refiere al estilo, y prima la elegancia a costa de la fidelidad al original. Por otro lado tenemos los modelos vascos —Harriet y Leizarraga— sin demasiado ascendiente sobre Duvoisin: simples obras de consulta cuando la traducción ofrece alguna dificultad"[31].

Duvoisinen Bibleak, Bonaparterenaren ondotik ez du osoko argitalpenik izan 1972an La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak facsimilean eta osorik argitaratu zuen arte (Bonaparte printzeak bost  zatitan argitaratu bait zuen 1859-1865 bitartean), eta printzearen argitalpenean guztira egin ziren 51 aleak, atzerrirako geratu zirenekin, ezin esan liteke euskaldungoaren artean eragin handia izateko kopurua direnik. Hala ere geroztik zenbait puskaren argitalpen laburrak izan ditu: Haristoy apezak 1998an argitara emandako Ebanjelio Saindua eskuaraz izan da ezagunena. Ohar bat darama argitalpen horrek: "Ce livre es tiré d'un exemplaire de la traduction de M. Duvoisin, où l' auteur lui-même a fait plusieurs corrections. On remarquera que le savant linguiste, ayant tenu à faire une traduction littérale du texte latin, n' a pas pu donner toujours à la phrase l' harmonie qui la caractérise. Enfin les observations qui nous ont été faites au point de vue de la clarté ou même de la doctrine nous ont fait ajouter ou remplacer quelques mots et modifier certains passages. Ces corrections ont été d' aiIleurs rares"[32].

Biblia Euskal Herrian 5.png

1868az geroztik, Bibli Elkarteek egin zituzten Bibliako liburu batzuren edo besteren zenbait.argitalpen Duvoisinenetik hartuak dira, eta halaxe dira 1964an argitara emen zen Perlasco colier bat liburuan ageri diren zatiak ere. Argitalpenak, ordea, protestanteek eginak izaki, ez zuten berebiziko arrakastarik izan zabalkundeari dagokionean.

XIX mendeko beste zenbait itzulpen

Bonaparteren lanak apaiz katolikoen artean izan zuen batez ere eragina, eta horrela, garaitsu horretan bertan egiten diren beste zenbait itzulpen eta lehendiko itzulpenen zenbait argitalpen protestanteen eraginez burutuak izan ziren batez ere.

Hala F. Brunetek Jesu Cristoren Evanjelioa Juanen araura eta Jesu Cristoren Evanjelioa Lucasen araura itzuli zituen. lehendabizikoa Londresen argitaratu zuen 1870ean eta Buenos Airesen 1877an; bigarrena Londresen 1880an eta 1883an.

Urte beretsuetan Anna Urruthy zuberotarrak Ebanjelio Saintia Jesus-Kristena, Jondane Johaneren arabera (Baiona 1873, eta Orthez 1888) eta Jondane Phetiriren epitriak (Baiona 1873 eta 1887) itzuli eta argitaratu zituen bere euskalkian.

Leizarragaren itzulpenetik ere argitaratu ziren liburu batzuk urte beretsuetan.

XX mendeko itzulpenak Olabide arte

Ia mende laurdena itxoin behar izango zen, mende honen hasieratik, lehenengo Bibli itzulpenak agertzen hasi zitezen.

Mende honetan euskarara egin Bibli-itzulpenen zenbait ezaugarri ulertu ahal izateko, XIX mendearen hondar urteetan euskara idatziaren ereduari zegokionean izan ziren gorabehera eta gatazkak hartu behar dira kontutan, bestela ezer ez ulertzeko arriskua bait dago. XIX mendearen azkeneko hamarkadan hiru eskolatan banatzen dira Euskal Herri penintsularreko euskal idazleak:

  • Tradizioari eutsi nahi diotenak, behin baino gehiagotan garaikideen kontra Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu edo Iztuetaren jarraitzaile ageri direnak.
  • R. M. Azkue eta beronen eskolakoak, tradizioaren jarraitzaile bezala hartu ohi direnak, baina garaikide zituzten zenbaitek berrizale bezala arbuiatzen zituztenak.
  • S. Arana-Goiriren iritzien inguruan eratu zen eskola, modu askotako garbizalekeriatarako bidea emango duena.

1922an Erroma! Galdos Bibli-jakitunaren Ruthen liburuaren itzulpena argitaratuko zen. Itzultzaile honek beronek 1936an Dabiden eres-abestiak liburua argitaratuko zuen Erroman, euskarazko eta latinezko bertsioan, jatorrizko hebraierazko testutik itzulita, euskarazko itzulpena errazago ulertzeko ohar batzurekin. Idazkerari dagokionez, garbizalekeriazko ukitu bat du, ohar eta argibideetan -keriago, itzulpenean bertan baino.

1924an Aste Gurena euskeraz eta lateraz José Zabala Aranaren (1894-1936) itzulpena argitaratu zen Tolosan. Izenburuak berak ageri duenez, ez da Bibli-itzulpen bat, zentzurik estuenean, liturgitestuen itzulpena baizik. Hala ere, puska on bat Bibli-itzulpenez osatua delako alde batetik, eta bestetik, garbizalekeriazko hizkuntz jarreraren emaitza bat denez, hemen agertzea merezi du. Euzko Deya aldizkarian Dabiden Salmuen itzulpen eta argitalpena bukatu gabe utzi zuen. Beste zenbait liburu eta itzulpen ere argitaratu zituen autore honek, bere euskera mota berezian.

Garai berean itzulia, hizkuntzazko iritzi berberei jarraituz, nahiz askoz ere beranduago argitaratua (Zarautz, 1959) da Manuel Arriandiagaren (1876-1947), Goizparraik eta beldubaik egiña (Ebanjelioak eta Apostoluen eginak). Honen zati bat 1936an argitaratua zen: Matai Deunak-legezko Josu Kisto'gazko Goizparra. Arriandiaga jo izan da Arana-Goiriren jarraitzaile neologistetan neologismo sortzaile sutsuentzat. Halakoz beterik dago bere itzulpena ere, inork nekez ulertuko duen moduan.

1925ean Argia astekariak Argi Donea eliz-liburua argitaratu zuen. N. Balzola zen berorren egilea. Otoiz eta meza-liburu honetan, liturgi-testuen itzulpena denez Bibli-testuak ageri dira. Obra hau bera bizkaieraz ere argitaratu zen 1935ean J. Eguzkitza apaizak euskalki hartara itzulirik.

Zentzu berean aipatzekoak dira, Argia aldizkariak urte batzuk beranduago argitara emandako Arbelaitzen Bezperak edo P. Iraizozen Urte guziko igande eta jaiegunetako Ebangelioak, biak Irunean 1932an argitaratuak, edo P. Iraizoz beronen Yesu-Kristo Gure Yaunaren Bizia, lau Ebangelioetatik itzez-itz aterea (Iruñea, 1934). Argia aldizkariaz aparte, Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian 1927-1931 bitartean Areitio jesuitak Jesukristoren bizitza lau Ebanjelioetatik artu eta baten euskeralduta argitaratu zuen. Argirik ikusi ez badu ere, B. Garro, Otxoluak Goma kardinalaren Ebanjelio konkordatu baten itzulpena utzi zuen. Baita, geroago, Luis Egiaren Oraingo Aste Santua (Tolosa 1957) ere.

Ildo honetan bertan, garrantzi handiagoa izan du gaur egun bizirik den belaunaldiarentzat N. Ormaetxea "Orixe"-ren Urteko Meza-bezperak, 1950ean argitaratuak. Gerra ostean Frantzian bizi behar izan zuen urteetan burutua. Latinez eta euskaraz, zutabe banatan, argitaratu zen Beljikan. Orixek bere itzulpen lan osoan ageri duen joera berbera ageri du, literaturan "euskal joera" bezala hartua zuena alegia, laburtasuna eta tinkotasuna "euskara lakonikoa"; euskarazko itzulpenaren zutabea latinekoarena baino bakanagoa, laburragoa izateraino, ia beti.

Orixe bera, 1925ean hasia zen Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian San Joanen Ebanjelioa zatika itzuli eta argitaratzen. Lan hori ordea bukatu gabe geratu zen. Olabideren itzulpena argitaratu baino geroago, 1967an, hil ondoren, Orixe-Kerexeta-Zugastiren Itun Berria gipuzkeraz argitaratu zenean, lau ebanjelioen itzulpena Orixek egina bezala agertu zen, eta gainerakoa J. Kerexetak bizkai erara egindakotik A. Zugastik gipuzkeratua. 1968an, Salmudia argitaratu zuen Orixek. Berorren hasiera oharrean (Irakurleari) Salmuen sailkapen eta estiloari buruzko ohar batzuk jartzen ditu, eta bertan aitortzen duenez, kanturako itzuli zituen Orixek salmuok, eta hala ahal izan duen neurrian puntuko edo erdi-puntuko rimaz jarri ditu. Irakurlearentzat ohar ugari jarri ditu testuaren argigarri, askotan itzulpenari dagozkionak zehazki, testuaren beraren ulerkera dotrinazkoari baino gehiago.

1947an L. Leon apaizak (1896-1962) Jesu-Kristo Gure Jaunaren Ebanjelio Saindua eman zuen argitara. Irakurkera atsegineko
itzulpena osoa, oharrez hornitua, zenbaitetan ondo ohar erreparagarriz hala ere, hala nola Jn IV, 7: "Samariar emazteki bat harat ethorririk orduan ur-keta, Jesusek erran zion: «Emadazu edaterat»" Eta oharra: "Samariarra Juduarentzat, gu Eskualdunentzat Kaskoina baino miletan gutiago zen oraino"[33].

R. Olabide: Itun Zâr eta Berria

Hauxe da, seguruenik, euskarara egin den Bibli-itzulpenik eztabaidatuena eta arbuiatuena, eta hala ere urte batzutan Testamentu Zaharraren irakurketarako batez ere, irakurriena.

Raimundo Olabide (1869-1942), Gasteiztarra eta auskaldunberria zen, hogeitaka urte zituela euskara ikasten hasia. Bibliaren itzulpenaz gainera beste zenbait itzulpen (Loyola-tar Eneko Deunaren Gogo-Iñarkunak, Bilbo 1914, eta Josu-Kistoren Antzbidea, Donostia 1920), eta lexokografia lan batzuk (Giza-soña, Tolosa 1917, eta Giza-gogoa hasi eta bukatu gabe) osatzen dute R. Olabideren euskarazko obra.

1931 an Bilbon Itun Berria argitaratu zuen: Testamentu Berri osoa. Orixek esaten duenez, Itun Berriaren itzulpena 1924rako burutua omen zeukan[34]. Argitalpena zenbait urtez atzeratu egin zen itxura denez, sarrera 1928an datatua bait du argitalpenak.

Biblia Euskal Herrian 6.png

Itzulpenerako Olabidek erabili zuen testua grekerazko jatorrizkoa izan zen, nahiz Vulgata lagungarri eta argigarri erabili. Argitaratu bezain laster egin zitzaizkion gero Biblia osoa argitaratu zenean berriro azalduko ziren kritikak. Polemika gaitza izan zen P. Iraizoz eta Orixeren artean, hura salatari eta hau aldeko. Hark lexikoaren erabilera eta joskera baldarra egozten zizkion; Orixe hitzen aukerari zegokionean aldeko, baina sintaksiari dagokionean arrazoia aitortu zion Iraizozen salakuntzari.

Egoera hori berriro errepikatuko da 1958an Bilbon Olabideren Itun Zâr eta Berria argitaratzen denean. R. Olabide bera 1942an hilik, Fr. Etxebarria jesuitak hartu zuen haren itzulpena argitalpenerako prestatzeko kargua. Zenbait pasartetan zuzenketak egin zitzaizkion Olabidek utzitako testuari, bitartean testu kanonikoak aldatu egin zirelako: Dabiden Salmuak Pio XII Aitasantuak eragindako latin-itzulpen berriaren arabera moldaturik argitaratu ziren. Testuaren aurrean dihoazkion agerpenezko sarrerak eta ondotik dituen oharrak ere berriak dira, T estamentu Zaharrari dagokion gehienean.

Argitalpen honek berehalaxe ekarri zituen kritikak. Guztietan L. Mitxelena jaunak Egan aldizkarian 1959an egin ziona da aipagarriena, bertan aztertzen bait dira, eta biltzen, Olabideren alde eta kontrako merituak eta desmerituak[35].

Lehenik eta behin Olabideren itzulpenaren merituen artean, jatorrizko testuetatik itzulia aitortzen dio Mitxelenak: "Jatorrizko hizkuntzetatik hartua dago Olabiderena, ez latinetik, eta Biblia gaietan egungo egunean aurki daitekeen jakitearen laguntzarekin itzulia"[36]. Eta itzulpenaren arreta eta zehaztasunaren goraipamena egiten zio: "Alde horretatik longe princeps da Olabiderena Bibliaren euskal itzulpenen artean"[37].

Itun Zar eta Berrian ageri den euskara motaren oinarria gipuzkeratzat jotzen du Mitxelenak: "Olabideren hizkera, hain nabarra izanik azalez, gipuzkera soila da mami mamiraino joz gero, eta gipuzkera murritz hertsia gainera... Eta morfologia, hizkuntzaren muina, giputza dugu eta giputz baino giputzagoa batzuetan... Aditza batez ere gipuzkoarra dugu analogiaz zertxobait aldatua"[38].

Olabideren idazkera aztertzerakoan, ordea, zenbait urte lehenago P. Iraizoz bezala, lexikoaren erabilera eta jatorri aniztasuna aztertzen du lehenik, orohar Olabideren hizkera "saio hizkera" kalifikatu ondoren, eta Urte, Duvoisin, Uriarte, Larregi eta Lardizabal, elkarren artean diren bezain desberdinak izanik, Olabideren parean "bixkiak" diruditela iritzi ondoren.

Hasieran aipatu diren lexikologiazko lanek ematen dute hain zuzen Olabideren hizkuntz joera hainbeste bider eta hainbeste azterlarik arbuiatuaren giltzarria agertuko duten abiapuntuetako bat. R. M. Azkuek berak esandakotzat diote, berak baino hobeto ezagutzen zuela Olabidek Diccionario Vasco-Español-Francés, haren obra. Behin eta berriro aztertua eta hustua zuen; handik atera zituen Giza-Soina-n jasotako hitzak. Lexikografiazko baino lexiko-bilketa edo lexiko-metaketazkoago zirudien ihardun horren iturburua hizkuntzari buruzko ideologia garbizale batean oinarritzen da.

Olabideren garbizalekeria ez da ordea, lexikoari dagokionean, Zabala-Arana edo Arriandiagaren eskola berekoa, neologismo sortzaile sosegurik gabea, ezta gutxiagorik ere. Olabideren idaz tankera aztertu duen guztiak dio nekez dela aurkitzen harenean euskaraz guztiz berria den hitzik.

Mitxelenaren iritzian Olabidek ez du neurririk hitzen bilaketan, ez hitzen historiari dagokionez, ez hitzen geografian dagokionez: "Ehunka dira liburu honetan, milaka ez badira, hitz berriak, zaharraren zaharrez ahaztuak edo bazterren batean ezagunak badira euskal literaturan inoiz sarrerarik izan ez dutenak"[39]. Zenbaitetan, hala ere, gaurko irakurle euskaldunarentzat txokagarri diren moduan eta esanahiez erabiltzen ditu zenbait hitz Olabidek.

Olabideren idaz tankeraren beste ezaugarri bat aditz sintetikoaren erabilera neurrigabea da, garbizaleen joera hau ere, Eleizalderenetik jasoa edo. Honela dio Mitxelenak, adibide bat ateraz: "Aditz sintetikoa hartu du batipat Olabidei enseiukarrean bezala, hemen metatu ditu ikatz-illintirik bizienak irakurlearen buru gainean: «Yainkoaren emaria ba'zenezagu, ta «idazu ur» dasaizunanor dan ba'zeneki, ur bizia zerorrek zeneskayoke». Beste pasarte askotan bezalaxe elkarrekin daude hor, pilaturik, otsoak ardiekin iduri, erabiltzen diren adizkiak, erabili izanak eta sekula erabili ez direnak"[40].

Guztien buruan, bi akats aurkitzen dizkio Mitxelenak Olabideren itzulpenari: lehendabizikoa "laboratorioko ontzien erdian jaio" izana, eta bigarrena, hizkuntz batasuna, hizkuntz eredua, iraganean bilatu ordez, etorkizunean bilatu izana. "Amets-euskaldunek, ordea, zernahi gauza entzun dezakete eta ez dute inoiz txintik aterako". Ezin esan, Olabideri buruz, Lacombek Duvoisini buiuz esana: "produit d' un éclectisme d' ailleurs très coherent..."

Beste zenbait itzulpen

Lehenik aipatzekoa J. Kerexetak 1960an hasi eta geroztik bizkaierara egin dituen Bibli-itzulpenak aipatu behar dira: Jesu Kristo Gure Jaunaren Barri Ona (1960), Apostoluen egiñak (Donostia, 1961), Alkartasun berria. Apostoluen egiñak eta idazkiak (1965), Salmutegia (1967), Lau ebanjelioak elkar artuta (1973) eta azkenik Euskal Biblia (1976). Harrera eta zabalkunde handia izan zuten argitapenok, Bizkaiko partean batez ere.

Izan zuen zabalkundeagatik aipamena merezi duen beste itzulpen bat 1961 an F. Mendizabal en itzulpenez eta J. Goitiaren oharrez argitaratu zen Lau Ebanjelioak da. Ohargarria da, jatorrizko testuarekiko leialtasun mota eta neurria aztertu gabean, beronen hizkuntz-taju bikaina.

Itzulpen berezi ez-ohizkotzat jo litezke garai honetan Manuel Zelaia jaunak tzulitako Apokalipsis Torres Amaten gaztelerazko itzulpenetik egina, eta Toribio Etxerarriak Ibiltarixanak liburuan argitara eman zituen Bibliako pasarteen itzulpenak.

Biblia Euskal Herrian 7.png

Vaticano II Kontzilioaren ondoren, eta berorren eraginez, zenbait Bibli-itzulpen berriri ekiten zaio, Liturgirarako lehenik: Belokeko beneditarren Salmutegia, Orduen liburua, meza-liburuak.

Hauek guztiak, ordea, Vaticano II Kontzilioaren ondorioz sortu eta aldizkari honetan bertan komentatzen diren Euskal Elizbarruti Liturgi Batzordearen eta Elizen arteko Bibli-itzulpenerako batzordearen lanetara bitarteko pausoak eta osagarriak dira.

Horien argibideak aldizkari honetan bertan aurki daitezkeenez, ordea, bidezkoa da irakurlea haietara bidaltzea.


Oharrak

1. RUIZ ARZALLUZ, lñigo: "Notas sobre algunas traducciones vascas del Nuevo Testamento" in Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", XXX-3. Donostia 1987. 709-723 or.

2. BARR, James: "The typology of Literalism in Ancient Biblical Translations" in Nachrichten der Akademie der Wissenschaften in Göttingen. Ruiz Arzalluzek aipatua, op. cit. 711. or.

3. SAN MARTIN, Juan: "La Biblia en euskara" in Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Donostia. XXXVII urtea - 1981. 602 - 608 or.

4. SAN MARTIN, Juan, lbidem. Eta Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Ed. Auñamendi, Donostia 1978. Biblia artikulua.

5. ARTEMÓS-SARRATEL: Diccionario histórico, cronológico, geográfico y universal de la Santa Biblia, I tomoa (Madrid, 1788) 180, or. SAN MARTIN, Juanek aipatua, lbidem.

6. OMAECHEVARRIA, I.: Euskera. Ed. Itxaropena. Zarautz, 1959, 156. or.

7. VILLASANTE, L.: Historia de la Literatura Vasca. (2. ed.) Ed. Aranzazu, Oñati. 1979. 57. or.

8. LAFON, Renék aipatua: Le système du verbe basque au XVIe siècle. Ed. Elkar. Donostia, 1980, 59. or.

9. LARRAMENDI, Manuel: Diccionario Trilingüe, Castellano, Bascuence y Latín. Prólogo. Donostia 1853. XXXII or.

10. LAFON, René: Ibidem. 63. or.

11. René LAFONek aipatua. Ibidem; 60. or.

12. SARASOLA, Ibon: Historia social de la Literatura vasca. Ed. Akal. Madrid, 1976, 40. or.

13. JUARISTI, Jon: Literatura Vasca. Ed. Taurus. Madrid, 1987. 42. or.

14. VILLASANTE. L.: Op. cit. 58 or.

15. VILLASANTE, L.: lbidem.

16. MITXELENA, L.: Historia de la Literatura Vasca. Ed. Minotauro. Madrid. 1960, 49. or.

17. VILLASANTE, L.: Op. cit. 222. or.

18. LLEWELYN THOMAS, M.A.: The Earliest Translation of the Old Testament into the Basque Language. lntroduction, Oxford, 1894. 10. or.

19. lbidem. 18. or.

20. RUIZ ARZALLUZ, l.: Op. cit. 713. or.

21. lbidem. 720. or.

22. BILBAO, Jon: Eusko Bibliographia. t. VI. Ed. Auñamendi. Donostia, 1970, 344. or.

23. LACOMBE, George: Les versions basques du Cantique des Cantiques. R.I.E. V. XV, 22 ( 1924), 198. or.

24. Ibidem jasoa. 200. or.

25. lbidem: 201. or.

26. AKESOLO, Lino: Katolikoen euskerazko Bibli-itzulpenak, Jaunaren Deia, 1971. 92. or.

27. HARISTOY, Pierre: "Le capitaine Duvoisin et ses travaux", in Euskal Erria XXXII; 1985, 401. or.

28. LACOMBE, G.: Op cit. 200. or.

29. RUIZ ARZALLUZek aipatua. Op. cit. 721 . or.

30. lbidem. 722. or.

31. Ibidem. 723. or.

32. Murde DUVOISIN: Ebanjelio Saindua eskuaraz. P. Haristoy Ziburuko erretorak argitara emana. Pabe. 1898. Nota. vi or.

33. LÉON, L.: Jesu-Kristo Gure Jaunaren Ebanjelio Saindua, Baiona, 1947. 293.or.

34. AKESOLO, L.: Mende ontako gure Bibli-itzulpenak. Jaunaren Deia, 1971. 323. or.

35. MITXELENA, Luis: "Olabide. ltun zar eta berria". Egan, 1959) (1-4 ), 85-94. or. Mitxelenaren idazlan hautatuak-en bildua. Ed. Etor. Bilbo, 1972. 341- 353. or.

36. lbidem, 342. or.

37. Ibidem, 349. or.

38. Ibidem, 348-349. or.

39. Ibidem, 346. or.

40. Ibidem, 349. or.