Elizen arteko Bibliaren itzulpen taldea
Dionisio Amundarain

Sarrera

Lehenik, itzulpen taldearen izenaren zergatikoa eta nondik norakoa adierazi behar.

Itzulpen hau protestante eta katolikoen arteko lan gisa gogoeman zen, eta halaxe burutu. Ezin eman, beraz, itzulpen ekumenikotzat: kristau eliza askok ez du eskuhartu lanean. Bestalde, antzeko lanetan, erdarazkoetan erabili ohi den "interkonfesional" hitza ez zen egokitzat eman; hain zuzen ere, euskaraz "konfesio" hitzak inguruko hizkuntzetan duen esanahi zabalik ez zuelako.

Hala, kristau eliza diferenteren lana adierazteko erabili da Elizen Arteko Biblia izena.

Esan beharra dago, bestalde, lan honetan protestanteen ordezkaritza "Bibli Elkarte Batuak" delako erakundeak hezur-mamitzen duela; katolikoen aldetik, berriz, apaiz diozesiar eta fraile talde bat aritu dela.

Esan beharra, era berean, honelako elkar lanak ez direla jadanik noizbehinkako edo pasadizokoak kristau elizen artean. Hain zuzen ere, Batikanoko Kristauen Batasunerako Idazkaritzak eta Bibli Elkarte Batuak hitzarmendua dute honelako lanetarako araudia. Eta egin ere, kasu eta hizkuntza askotan egin dira —eta ari dira egiten— antzeko itzulpenak. Gure hau bat gehiago, beraz.

1. Taldearen sorrera eta garapena

Biblia osoa euskaratzeko asmoa edo gogoa, talde honetan ari izandako zenbaiti dagokionez, frankismoaren garaikoa da. Euskal fraile eta serorek Loiolako Gogartetxean egin ohi zituzten bileretako batean JAKIN taldeko batek harrotu zuen jadanik arazoa. Une hartan ez zuen asmoak lur umoturik aurkitu. Halere, ez zen galdu hazia. Belarriz-belarri zebilen. Halako batean, 1977aren hasieran edo, protestanteak lan berean esku hartzeko prest zeudela agertu zen.

Hala, zenbait harat-honaten ondoren, mintegi bat antolatu zen Arantzazun urte bereko irailerako.

Protestanteek hartu zuten Mintegiaren ardura: bai gonbiteak egitea, bai Mintegiaren egitaraua planteatu eta burutzea, bai alderdi ekonomikoa.

Garai hartan Bibli Elkarte Batuak Madrilen zuen arduradunak, Ignacio Mendoza jaunak, honela adierazi zuen Mintegiaren xedea gonbitearekin bidalitako eskutitzean —laburtu egin da hemen Mendozaren eskutitza eta eratu:

  • Bibli itzultzaileentzat Mintegia 1977ko irailaren 12tik 17ra egingo da Arantzazun;
  • Xedea: Biblia hizkuntza modernoetara itzultzeak planteatzen dituen askotariko problemak zorroztasun zientifikoz aztertzea;
  • Euskara batura itzultzea da asmoa, ahalik eta euskaldun gehienen esku jartzeko;
  • Bide batez, 1968ko ekainean Kristauen Batasunerako Idazkaritzak eta Bibli Elkarte Batuak hitzarmendu zuten arautegiaren arabera, Elizen Arteko Biblia itzulpen hau eginez, euskal herriari kristau fedearen zinezko aitorpena eskaini nahi diogu;
  • Itzultzaileentzako Mintegiaren Egitarauak, funtsean, honako hauek hartuko ditu: gaurregun mundu zabalean Bibli itzulpenerako erabili ohi diren metodo linguistikoak eta exegetikoak aztertzea, elizen arteko itzultzaile eta berrikusle taldea antolatzea, eta elizen arteko jendez osatutako talde mixtoak sorreraz ditzakeen problemak eztabaidatzeko eta erabakitzeko bideak aztertzea.

Honaino Mendozaren eskutzaren muina. Era berean, Paulo Agirrebaltzategik, Tolosatik, urte bereko ekainaren 1 ln, eskutitz bana bidali zigun zenbait jenderi, bertan esaten denez, 40ren bati, Ig. Mendozaren gonbitea berretsiz. Paulok zioenez, hilabete bat lehentxeago bilera bat egina zuten arazo honetaz, Donostian, lau lagunok: Ig. Mendoza, "Verbo Divino" argitaletxeko Gimeno, Eustasio Etxezarreta eta Paulok berak. Bertan erabaki bide zuten aipatu Mintegia antolatzea. Honetan parte hartzeak ez zekarren —Paulok berean dioskunez— itzulpen lanean aritu beharrik.

Geroxeago, Abuztuaren 21ean, Mendozak beste eskutitz bat bidali zigun Mintegiko gai erabilera gehiago zehaztuz: Itzulpenaren Teoriaz, Tubingako Unibertsitatean, Teologia Ebanjelikoaren Fakultatean, hebraierako eta Itun Zaharreko irakasle zen Peter Ruger arituko zen; Herri-Hizkuntzetarako Itzulpenez, berriz, Mendoza bera arituko zen.

Hala, irailaren 12tik 17ra talde handia bildu ginen Arantzazun Mintegirako. Esan behar da, giro ezin atseginago izan zela, bai jende giroa, bai eguraldi giroa. Baina, asmotan jendeak zerabilen lanari ekiteko orduan, lan talde zehatza eratzean alegia, arazoa ez zen hain erraza izan: albokoa zamatzeari ekiten bait zioten denek. Halere, zenbait bai-erdi eman zen.

Mintegia amaitu, eta jendea barreiaturik, telefonoz, eskutitzez eta zenbait elkar-bisitez, bai-erdiak bai-oso bihurtzeari ekin zitzaion. Eta 1978ko urtarrilerako taldetxoa egin xamarturik zegoen. Egin xamarturik. Izan ere, taldea ez da behin ere itxia izan, gaurregun ez den bezalaxe. Batzuk hurbilagotik, besteak urrunagotik, irekia da taldea, guztiz.

Taldekideak bildurik, lan prozedura aztertzea, zehaztea eta erabakitzea zen hurrengo arazoa. Hori ere 1978ko urtarrilaren azken alderako erabakirik gelditu zen. Itun Berria zen garai hartan helburu. Eta liburu bakoitzaren itzulpenak hiru aro edo etapa nagusi izango zituen:

Oinarrizko taldea

Talde honek prestatuko zuen oinarrizko itzulpena. Honelako sei talde moldatu ziren, guztira 14 lagun inguru arituko zirelarik, baina talde bakoitzean 2 edo 3 lagun: exegeta bat gutxienez eta bat edo bi euskal idazle trebatu oinarrizko talde bakoitzean. Itun Berria osatzen duten 27 liburuak 6 talde horien artean banatu ziren. Ezin esan, talde horiek guztiek azkeneraino eutsi ziotenik; baina, funtsean, hasieran erabakiari aski iraunkorki eutsi zitzaion.

Berrikusketa taldea

Oinarrizko taldeak egindako itzulpena berrikustea zen talde honen xedea. (Bide batez esan, Itun Zaharraren itzulpenean Berrikusleen egitekoa asko aldatu dela; lan prozedura, alegia, aski aldatu da Itun Zaharrekoan; hemen Itun Berrikoan izandako lan prozeduraz ari gara.) Lan honetarako, seiren bat lagunek osatutako taldea izendatu zen; sei lagun horiez gainera, aztertzekoa zen liburuaren oinarrizko itzulpena egin zuen taldeko bat. Beraz, zazpi lagun.

Talde honen egitekoa guztiz astuna izan zen. Eta Itun Berriaren lana itxura gabe luzatu eta zaildu zuen: eztabaida luzeak, irtenbiderik gabeak askotan, antzuak mila bider. Esan bezala, berrikuste lan hau asko arindu behar izan da Itun Zaharraren itzulpena planteatzerakoan.

Bateratze-lana

Azkenik, Itun Berriko liburu guztiei batasuna emateko, sei laguneko taldea hautatu zen. Talde honek eman zion lan guztiari azken ukitua.

Horrenbestez, itzulpen taldea eta lan prozedura erabakirik zeuden. Baina, aurrez esan bezala, talde irekia izan da beti itzulpen talde hau. Hona segidan, lanean, gutxi-asko, ari izandakoak: Ig. Mendoza, protestanteen ordezkari; Dionisio Amundarain, koordinatzaile; Felipe Fuenterrabia, exegeta; Ramon Irizar, exegeta; Joan Apezetxea, exegeta; Joxe Goitia, exegeta; Periko Nunez, exegeta; Joxe Luis Aperribai, itzultzaile; Jesus Mari Arrieta, Itzultzaile; Joxe Arregi, itzultzaile; Mikel Plaza, itzultzaile (zendua); Joxe Mari Aranalde, berrikusle; Joxe Mari Rementeria, berrikusle. Gutxiago arituak besteok: Pierre Andiazabal, Joxe Luis Elortza, Fernando Mendizabal, Joxe Antonio Pagola, Gandarias.

Aipamen berezia Joan Miren Olaizolak merezi du. Protestanteen izenean ari izanak. Lan izugarria egin zuenak, mila idarokizun eta zuzenketa proposatuz.

Aipatzekoa da, era berean, irakurle gisa ari izandako taldea. Izan ere, liburu bat erdi-bukatutzat eman orduko, hainbat laguni bidaltzen zitzaion hizkera aldetik azter zezan: herrikoitasuna, ulerkortasuna e.a. aztertzeko. Talde honetatik ere, gehiegi ez bazen ere, hainbat idarokizun jaso zen.

Itun Berria bukatzean, garapenari dagokionez, 1982tik 1986ra, lozorroan bezala geratu zen taldea. Halere, Itun Berriaren 2. argitalpena prestatzea zela eta, 86an berriro bildu ziren aurreko itzulpen lanean gehien aritu izandakoak: Felipe Fuenterrabia, J. Ma Rementeria, Joxe Luis Aperribai, Joxe Mari Aranalde, Jesus Mari Arrieta, Dionisio Amundarain, Ramon Irizar eta Joxe Arregi katolikoen aldetik, eta Jan de Waard eta Hartberg protestanteen aldetik. Eta Itun Zaharraren itzulpenari ekitea erabaki zuten. Lan honetan dihardu taldeak une unetan 1987az geroztik.

2. Itun Berriaren itzulpenean helburu eta irizpideak hizkuntz ereduaren eta traduktologiaren aldetik

Itun Berria eta Zaharra

Esana denez, hurbileko helburua, 1977an, Itun Berria euskaratzea izan zen. Gogoan izatekoa da, garai hartan ez zegoela, artean, Liturgi Batzordearenik. Ez zela barruntatzen Elizen Arteko Bibliakoen Itun Berria plazaratu baino zerbait lehentxeago argitara eman zena aterako zutenik; are gutxiago euskara batuan emango zutenik.

Dena den, hurbileko asmoak gorabehera, hondo-hondoan Biblia osoa euskaratzekoa zebilen tartean.

Euskara batuan

Esan beharrik ez, hasieratiko asmoa izan zen itzulpena euskara batuan ematea.

Bestalde, jende alfabetatuari zuzendua zegoen lana. Gogoan zen, era berean, zenbait zentro teologikotan egiten hasiak ziren euskarazko ikasketa teologikoak: hasi-masiak orduan, gerora guztiz gainbehera etorriak.

Halakoei begira egindako itzulpenak ezin izan hizkera arruntegia, apur bat jasoa baizik, baina jende arruntki alfabetatuarengandik ez urrunegia.

Bestalde, ikasketa unibertsitarioei begira, ez zen aski Bibliako testu hutsa ematea; aparailu kritiko gutxieneko bat eranstea ezinbestekotzat eman zen; hala, orri-oinetan erreferentziak eta oharrak eman ziren, eta liburuaren azken aldera hiztegi biblikoa.

Euskalkiak

Euskara batua, taldearen asmotan, ez zen mugatzen zenbait arau ortografiko eta gramatikaletara. Aitzitik, edozein euskalkitako jende alfabetaturi zuzendua. Eta euskalki guztietako edo gehienetako hizkuntz ekarpen aberatsenez hornitua izatea.

Hala, taldea euskalki gehienetako jendez osatzeari ekin zitzaion haseratik: gipuzkoarrak, nafarrak, bizkaitarrak, lapurtarrak, baztandarrak. Irakurleen artean behenafarrik ere izan zen. Euskalki gehienak ordezkaturik zeuden, beraz.

Itzulpena burutzean, alabaina, erabaki zehatzak eta puntualak hartu behar: hitz hau ez, bestea baizik; esakera honen ordez beste hau, e.a. Lexiko edo zenbait llexio mailan bitasuna edo hirutasuna agertzean, bigarren edo/eta hirugarren aukera liburuaren bukaerako hixtegi arruntera pasa ohi zen. Jakina, Euskaltzaindiak erabakitako puntuetan aukerarik ez zegoen testurako zein hartu; halakoetan ere, ordea, hiztegi arruntera pasa ohi ziren zenbait aukera; beti ere, testua ahalik ulerkorren eta hedatuen egitekotan.

Ad quo hizkuntza

Itzulpenerako, jatorrizko testutzat grekoa hartu zen, Bibli Elkarte Batuak argitara emana: The Greek New Testament.

Baina, ezin bazterrera utzi inguruko hizkuntzetako itzulpen modernoak: estuagoak batzuk, irekiagoak besteak. Itzulpenaren irizpide diferentetakoak .

Aipamen berezia merezi dute, alde honetatik, itzulpen herrikoi izenekoek. Gehienak Bibli Elkarte Batuak eraginda burutuak. Hauek, ad quo hizkuntzari edo bertsioari garrantzirik kendu gabe, ad quem hizkuntzari ematen diote lehentasuna: mezua jaso behar duenaren kodea da kontuan hartu beharrekoa itzulpena egiterakoan; irakurri behar duena da garrantzizkoa.

Euskarazko itzulpenen ekarpena oso eskasa izan zen. Batzuk exegesi maila eskasekoak direlako; besteak hizkera aldetik gure asmoetatik urrunegi zeudelako.

"Baliokidetasun dinamikoa" delako printzipioa

Edozeinek daki, hizketan, hitz, esakera eta kontzeptu asko erabili ohi dela bakoitzaren esanahia gehiegi ulertu gabe, entzunaren entzunaz hots ezaguna, baina edukina ez: autonomia, askatasuna, sozialismoa, amnistia, eta Bibli hiztegiari gagozkiola, penitentzia, grazia, konbertsioa e.a. Nork ez ditu entzunak'? Baina, nork du ezagutzen beroien esanahia?

Bestalde, alde edo diferentzia kulturalak direla eta, hitzez-hitzezko itzulpen asko ez da itzulpen, ez da ulergarri ad quem hizkuntzan: larunbat hitzak, esaterako, euskaldunarentzat ez duen esanahia du juduarentzat.

Horrelakoetan ordain-hitza bera erabiltzea baino garrantzizkoagotzat esanahia adieraztera jotzeari deritza "baliokidetasun dinamikoa".

Bide horretatik joz, honelako itzulpenak egin izan dira:

  • ogia jan ordez, jan hutsa (Lk 7,33)
  • ardoa edan ordez, edan (ib.)
  • grazia ordez, onginahia (askotan)
  • Jaunaren izenari dei egin ordez, Jaunari dei egin (Eg 2, 21)
  • Eliza ordez, Eliz Elkarte (askotan)
  • baraua ordez, iraileko baraua (Eg 27,9 ohar)

3. Euskal Bibli itzulpenean tradizioarekiko jarrera

Esana dago, euskara batuan eman nahi izan dela gure kasuan. Horretarako, euskalki gehienetako ordezkariak tartekatu nahi izan dira taldean. Hain zuzen ere, euskararen barne-egitura jatorrenak erabili, eta hizkera jatorrenaz hornitzeko.

Bestetik, hizkera ahalik modernoena erabiltzen saiatu gara: euskaldun alfabetatua izan da kontutan.

Hirugarren, exegesi maila zorrotza eman nahi izan zaio itzulpenari.

Horiek horrela, ezin esan orain arteko euskal bibli itzulpenetan hiru alderdi horiek bateratu dituenik izan denik.

Esaterako, Leizarraga batek ere euskara batuaren problemarekin topo egin zuen. Bere garaiko eta bere gisako erantzuna eman zion. Herri hizkera, ordea, askotan utzi zuen bertan behera, forma kultoei atxikitzeko. Adibidez, baliokidetasun dinamikoaren printzipioa ez zuen usaindu ere. Gaurregungo gizakiari ezer ez edo ezer gutxi esan nahi dioten hitzak edo esamoldeak mantentzeari muzin egin nahi izan diogu geurean. Ezin esan, noski, beti asmatu izan dugunik; taldean bati forma fosilizatua iruditzen zitzaiona mantendu beharrekoa iruditzen zitzaion beste bati. Joera, dena den, hor dago.

Halere, Leizarragarengandiko tradizioari atxiki gatzaizkio, goitik behera, best seller den liburua Euskal Herri osoari bertsio bakarrean eman nahi izatean.

Beste bertsioei ere ez diegu muzin egin ahal izan. Taldeko guztiok gatzaizkio zordun euskaraz egin den erlijio hizkerari. Halere, aipatu burubideak kontutan izanik, pasarte askotan egin behar izan dugu geure bide propioa.

4. Itzulpenaren harrera

Euskaraz, beste arlo askotan bezalaxe, itzulpenari buruzko kritika literarioa oso murritza izan da; kritika literario idatzia, esan nahi da. Puntu xeheren batez Koldo Mitxelenak bota zuen bere iritzitxoa: jatorrizkoan "gizon" zekarren zenbait pasadizotan itzulpenean "gizon-emakume" jarri zela, esaterako. Baina, ezer gutxi gehiago idatzi izan da maila kritikoan.

Ahotik ahorakoak gehixeago izan dira. Alde batetik, goraipatuz batzuk. Bestetik, Liturgi Batzordearena bezain gozoa ez dela esanez besteren batek. Beti bezala, ahaztu xamarturik, konparazioak egitean, bataren eta bestearen xedeak.

Salmenta kopuruari bagagozkio, datu hauxe dago, aski esanguratsua: 1984eko martxoan 4.159 ale argitaratu zirela, eta 1987ko abenduan agorturik zela edizioa. Ezin esan, alderdi honi atxikiz, harrera txarra izan duenik; batipat, beste itzulpenik ere badagoela kontutan izanik.

Baina, errealista samar izan nahi eta, galdera hau dagiogu geure buruari: zenbateraino erabili da, ordea, liburua?

5. Taldearen eskuarteko eta etorkizuneko proiektuak

Biblia osoa euskaratzeko asmoz sortu zen taldea. Bidea egin ahala, asmo berririk ere erabili izan du: Bibliari buruzko liburu herrikoiak prestatu eta argitaratu, e.a. Baina, azaleratu bezala, ezkutatu egin ziren asmo horiek. Jendea lanpetuegi horrelako lanetan sartzeko.

Itun Berria euskaratu ondoren, esan bezala, zenbait urtez planto eginik egon zen taldea. Denboraldi horretan lankideetako bat ere zendu zen: Mikel Plaza, Arraiozko Erretorea. Halere, 1987an, berriro ekin zitzaion lanari. Oraingoan Itun Zaharra euskaratzeari. Taldeko batzuk zaharrak, besteak berriak; zahar batzuk atzera geldituak.

Asmoa, Itun Zaharra bukatu eta Itun Berriari ukituren emanez, Biblia osoa euskaratzea da. Ez da esan nahi, bitarte horretan, eredu gisa edo, liburu bereziren bat plazaratuko ez denik. Baina, asmoa zazpi-zortzi urteren buruan Biblia osoa Euskal Herriaren esku jartzekoa da.

Oraingoan lan prozedura arindu egin da, funtsean lehengoa bera bada ere. Urtean bi bider, bakoitzean astebetez, biltzen da talde osoa.

Bitartean, talde txikitan egiten da lan, eta postaz: idarokizunak eta zuzenketak batak besteari proposatuz.

6. Bibliaren itzulpena testu sakratu nahiz testu literario gisa

Lehenik, Bibliako liburuetan estilo literario diferentetako pasarteak daudela esan behar: prosa eta poesia; historia, didaktika, e.a.

Bibli itzultzailearen lehen egitekoa, pasarte literario desberdin horiek bereiztea da, eta ad quem hizkuntzan ad quo hizkuntzako mota literario ahalik berdintsuena ematea. Esaterako, otoitz pasarteei otoitz eitea ematea dateke itzultzailearen egitekoa. Jakina, berehala sortuko zaio problemarik: jatorrizkoan salterioaren laguntzarekin otoiztekoa zen pasartea ad quem hizkuntza beste musika tresna diferente batekin otoizteko denean, ezin joka justuegi; egokitu beharra, alegia.

Baina, arazoa ez da sakratu eta literario arteko bereizketa edo kontrajartzea. Ad quem hizkuntzan pasartea zertarako denak jar diezaioke, esan bezala, mugarik edo baldintzarik. Hala, liturgian erabiltzekoa den itzulpenak bere eitea izango du: entzuteko izatea gehienbat, egin-egindako esamoldeak gehiago erabili beharra, e.a.

Beraz, Bibliaren itzulpenean ez dago zertan eginik testu sakratu eta testu literario arteko bereizketarik; askoz gutxiago, biak kontrajartzerik.

Elizen Arteko Bibliaren itzulpenean nagusi izan den burubidea zera izan da: jatorrizkoari —formaren eta edukinaren aldetik— ahalik leialen izanik, ad quem hizkuntzako irakurleari, gaurregungoari, egokituz, Bibliaren edukina edo mezua bizikien eta ahalik ulerkorren aurkeztea. Jakina, horretan formak zerikusi handia duela jakinik. Forma fosilizatu eta jadanik esanahi gutxiko edo eskaseko edo indar gutxiko direnak bazterrera utzi nahi izanik, berriak asmatzen saiatu behar izan delarik.

Lazkao, 1988ko Irailak 10