Anjel Lertxundirekin itzulpengintzaren jiran
Artikulua PDFn
– SENEZen literatur-itzultzaile eta idazleekin egiten dihardugun elkarrizketa sortaren barnean zuregana jo genuenean, komentatu zenuen aspaldian kezkaturik zenbiltzala itzulpengintzaren inguruko gorabeherez, eta lantzen ari zinela halako diagnostiko moduko bat edo…
Kezka, bai, eta hura agertu nahi nuen: alegia, ez ote garen egiten ari bi konpartimentu estanko edo, idazleen produkzioaren eta itzultzaileenaren artean; korrespondentzia gutxi ikusten dut bien lanen artean. Izan ere, somatzen dut zenbait itzulpenetan lantzen ari diren alderdi batzuk, topikeriari buruz eta erregistro zenbaiti buruz, eta abar, horietan lortzen ari diren elementuak, gero kreazio lanetan normalean ez direla agertu ere egiten. Eta orduan horrek bide ematen dit pentsatzeko agian idazleok ez garela oraindik konturatu azken hamar urteetan itzulpengintzan nola aurreratu den. Korrespondentzia horren faltaz eta elkarrizketa horren faltaz, neure ideiak azaldu baino gehiago neure kezka plazaratu.
Egia da orain dela hamar urte itzulpengintza nahikoa desprestigiatua egon zela, beharbada presaka egin behar izaten zelako, eta zerbitzu merkantil bati erantzunez, eta egon zela halako ideia bat, freskotasunarena; alegia, irakurleak, eta kasu honetan eskolumeak, galdu egiten zuela freskotasun hori itzulpenak irakurtzen zituenean, eta jasangaitzak egiten zitzaizkiela eta abar. Eta, orduan, gertatu zena izan zen itzulpen kaxkar batzuek sortzen zuten efektuak sortu zuela ondoren horren inguruan teoria bat ere, deskonpentsazio bat balego bezala edo. Uste dut bost urtetan, edo zortzi urtetan, erabat aldatu dela egoera hura, batez ere helduen literaturari dagokionean —neure zalantzak ditut haur literaturari dagokionean, lehen bezalatsu ez ote dabiltzan gauzak.
– Zure azalpenean bi arlo desberdin bereiziko nituzke: alde batetik, literaturari dagokiona, eta bestetik, testu pragmatikoena, salatzen duzun eskizofrenia moduko horren lekukorik garbiena; hain zuzen, eskolan erabiltzen diren testu gehienak itzuliak edo egokituak edo dira… Gero, aipatu gabe geratzen zaigu alderantzizko itzulpenarena, euskararakoa, alegia, batez ere literaturarena noski, ezen horretaz ere bazenuke zer esanik…
Oso bitxia da nola itzulpenaren fideltasunaren historia guzti hori sortzen den, hain xuxen ere, Jaungoikoarenganako fideltasunagatik, Haren hitzarenganako fideltasunagatik: sakralizazioa; jatorrizko ahotsa sakratua da, eta jatorrizko hitza sakratua den neurrian, fideltasuna gorde behar da, fideltasun ezak desbidera dezakeelako erabat mezua; izan ere, sortzen diren herexia gehienak sortzen dira, hain xuxen ere, fidelak ez diren interpretazio batzuengatik. Beraz, eremu sakratu bati lotua dago fideltasuna; eta kasu honetan, jatorrizko testua da, Jaungoikoaren Hitza izan edo autore jakin baten hitza izan… (barrez) zera, demiurgoarena, autore demiurgoarena…
– Lehengo haritik tiraka, hala ere, irudika dezagun eskolako egoera: bestelako testuen eta literatur testuen arteko pasabide hori nola gertatzen den edo… Zuk baduzu-eta esperientzarik irakaskuntzan.
Hasieran aipatu dudana haur literaturari zegokion, ez eskolako bestelako testuei. Zeren hor badago beste irizpide bat, desberdina: funtzionaltasunarena. Eta funtzionaltasun horren arabera, azken-azkenean, edukin batzuen transmisioa, eta transmisio horretan hizkuntza bitarteko huts edo den joera bat. Dudarik ez dago hizkuntzaren korrekzioak eta abar, askoz garrantzi handiagoa duela jatorrizko testu batekiko atxikimenduak baino, batez ere didaktiko hutsak izan nahi duten liburuetan. Nik uste dut halakoetan itzulpen funtzionalago batek ez duela batere kalterik egiten… gero, badagoela literaturaren alderditik, gauza bat inoiz egin ez dena euskaraz —eta bestetan ere ez, askotan—: literatur obren egokipen lana, alegia; eta egokipena ez dela laburpen hutsa, eskatzen duela ezaugarri literario osoak menderatzea, eta egokitze lanean zer kendu eta zer jarri irizpide literario batzuen arabera moldatu behar dela, eta, baita ere, hori irakurri behar duen haurraren arabera, jakina. Baina ezin dela faktore sikologiko eta heldutasun intelektualaren mailan bakarrik egin egokipena, elementu literarioen arabera ere egin behar dela, eta hori normalean ez dela egin.
– Bururatu zait, esan duzunaren ildotik, idazleen eta itzulpenaren artean planteatu duzun dibortzio hori horrela baldin bada, halako inpermeabilitatea gertatzen baldin bada, ez ote duen horrek eragin larriagorik eskolan: nola irakurriko dituzte itzulitako obrak eskolumeek, idazleek berek ere irakurtzen ez badituzte?… Nola bidera liteke eskolako euskara… ez dut adjetibatuko… horretatik literatur-bitarteko izateko duin den euskara batera?
Nik uste dut planteamentu faltsu bat dagoela, edo tentazioa behintzat. Erabat konpartimentu estankoak egiten baditugu, literatura alde batera utzi eta hizkuntzaren didaktika hutsera dedikatzen bagara, soil-soilik hizkuntzaren didaktikaren zerbitzuan jartzen badugu literatura, besterik gabe, dikotomia horrek berak errealitatea faltseatu egiten du. Normalizazio didaktikoaren bidetik, literatura ez da zerbait aparte dagoena, baizik hizkuntzaren desarroiloan bertan; erabat funtsezko elementua dugu literatura didaktikan. Gertatzen dena da, ordea, egiten den hautamena, alde batetik, itzulpena den aldetik beti jatorrizkoaren aldekoa dela, eta, berez, hautamen hori ez dago gaizki, baina, bestetik, zailtasun gutxien duten obrak hautatzen dira, eta horiek zera dira, lexiko aldetik pobreenak direnak, eta bai sintaxiaren aldetik eta bai erritmoaren aldetik, eta zenbait elementu literario nahiz gramatikal aldetik nahikoa eskas direnak; eta horiexek jartzen ditugu eredu. Eta eredua imitatzeko da, noski. Eta, orduan, pobrezia ari gara imitatzeko eskaintzen.
Nik uste dut euskal idazlegoa, bere urritasunean, ezin dela erregistro guztietara ailegatu, ezin dela giro guztietara heldu, eta ezin dituela, ezta ere, genero guztiak behar bezala landu. Euskal literaturari beti tokatzen zaiola morroi ibiltzea. Esparru guztiak beteko baldin badira, itzulpengintzaren bidez izango da; normalizatuko bada nolabait literatura, itzulpengintzaren bidez normalizatuko da. Eta alor edo altxor orokor horretara iristeko bidea itzulpena baldin bada, ari gara originaltasunaren izenean bide guzti hori ixten; eta bide guzti hori, gainera, erdal literaturari uzten. Orduan, euskal literatura ematen denean, ezagutuko ditugu gure autoreak, baina ez dugu sekula santan izango aukera, adibidez, Melville edo Stendhal euskaraz ezagutzekoa; zeren hori, espainierazko literaturaren esparruan dago: nolabait, literatura unibertsala da literatura española gure instituetan, eta euskal literatura, berriz, bakar-bakarrik gure autoreena. Euskal literaturan ikasi beharko lirateke mugimendu literario unibertsalak, literaturaren historia —ez euskal literaturarena bakarrik— eta han integratu beharko lirateke gainerako materiale guzti horiek, eta horrela izango genuke frantses literatura edo italiar literatura euskararen bidetik ezagutzeko modua. Eta español literaturan, berriz, espainierazkoak: Cervantes, noski, gazteleraz irakurri beharko lukete gure ikasleek. Baina Huxley bat, esate baterako, euskaraz ezagutu beharko genuke.
– Nolabait, jatortasunaren eta independentziaren izenean azkenean geure burua kondenatzen ari garela "dialekto" izatera, ezta? Literarioki behintzat…
Hori, hori… Bai, bai, bai… Hori.
– Lehengoan entzuten nion bati dialektoa dela literatura onik sortzeko modurik eskaintzen ez duen hizkuntza.
Borgesena ez al da hori?
– Itxura badu, baina nik ez diot Borgesi irakurri, baten bati aditu diot, eta susmatzen dut nori, baina badaezpada ere ez dugu izenik esango, hala ere, arriskutsua izaten da eta. Baina gutxi gorabehera zuk esan duzuna labur ilustra lezakeen esaldia ez al da? Azkenean, geu ari garela dialekto-konplexu hori zeratzen…
Hor, egia da, baita ere, idazleen artean isuri diferentea nabarmentzen dela —ez, beharbada, beti—, itzulpengintzarekiko tratu serioa izan duen idazlearen eta izan ez duenaren artean. Oso baldar eta oso azkar esateko —jeneralizazioek duten arrisku guztiarekin—: liburu bat irakurtzen hasi euskaraz gaur, euskal idazle batena, eta esan dezaket nor aritua den itzulpenetan eta nor ez. Hori uste dut oso erraz nabarmen daitekeela. Orohar, behintzat.
– Zehaztu zenezake zertan nabari den?…
Bi idazle klase daude niretzako, oso garbi —eta idazle onen artean, noski, idazle txarrak alde batera utzita—: esan nahi dutena eta esaten dutena sarri bide desberdinetatik doazenak —eta irakurleak eduki behar du abileziarik aski jakiteko halako autoreak badakit hau esan nahi duela, nahiz eta testuan ez duen esaten—; eta esaten dutena eta esan nahi dutena batera doazenak. Horrek zer esan nahi du? Batzuengan zehaztasuna dagoela, eta tresnarekiko, hizkuntzarekiko, fideltasun zorrotz bat, eta beste batzuengan ez dagoela zer hori… edo tresna menderatzen ez delako behar bezala, edo tresnarekiko ez dagoelako halako begirune handirik.
– Eta zer iruditzen zaizu: trebetasunaren baitan dagoela hori, ala borondatearen baitan? Teoria batekin egiten dela kasuren batean, alegia, "hizkuntzak idatzi dezala"?
Oso gauza bitxia da. Irakurtzen dituzu azken hamar urteetan euskal idazle jendeari egin zaizkion elkarrizketak eta abar, eta Literatura, maiuskulaz, eta halakoak darabiltza mundu guztiak ahotan; ez da tresnaz hitzegiten, ez eta tresna horrek dituen zailtasunez. Hori halako desprestigio batean erori da. Antiliterarioa dirudi. Bitxia da, ordea, nola ez dagoen idazle handi bat, elkarrizketa egiten zaionean —beste hizkuntzetan, ez españolez ez frantsesez ez ingelesez—, bere obra bati buruz hitzegiterakoan, tresnaz hitzegiten ez duenik, eta tresna horrek joera literarioan zer eragin duen jorratzen ez duenik, hausnarketa hori eskaintzen ez duenik: erritmoaren aldetik, kontatzen duenaren eta kontatzeko moduaren arteko erlazioari buruz eta abar hitzegiten ez duen idazlerik ez dago. Gurean bakarrik gertatzen da hori.
– Horregatik aipatu dut hizkuntzari idazten uzten dion idazlearena, modu arruntegian ulertzeko arriskua baitago, ez dela, alegia, zehaztasun eta doitasun kontu hutsa, baizik eta hizkuntzari uzten omen dion hori ez dela azken finean bera espresatzen —nahiz hitz hauek ere handitxoak diren…—, hain zuzen, ez duela berak bideratzen kontua, idazten dituela hizkuntzak dakarzkionak…
Beste elementu bat ere badago dexente kezkatzen nauena: gure kultur hizkuntzak beste batzuk izanda —neurri handi batean—, konturatu gabe, etengabe garela itzultzaile. Eta hizkuntza bakar jakin batetik jeneralean. Eta orduan, bere hizkuntzan —literatur tresna duen hizkuntzan— idazten duenean, askotan erabat subkonszienteki bada ere, itzulpena egiten ari dela euskal idazlea.
– Hori teorikoki aberasgarri ere gerta liteke, gure egoeran, baldin eta beti hizkuntza bat eta bera ez balitz. Ezagutu, beste hizkuntzarik ere ezagutzen dugu, baina…
Bai, hizkuntza bakarretik, praktikan. Eta ezagutzen ditugun beste hizkuntzak ere oso esparru jakinekoak ditugu: erromanikoak…
– Nik uste dut dagoeneko onartzen dela euskaraz egiten ari garen gauza asko eta asko, formalki ez bada ere, itzulpena dela: komunikabideak, eta abar. Baina hala aitortu arren, gero ez da itzultzaile-itzultzailerik jartzen —ezta zuzentzailerik ere—, ez da jendea trebatzen itzulpengintzan… Eta ematen du jatorragoa dela, ezta?: "Bueno, gu euskara hutsean ari gaituk ytal"… Eta ematen du idazleen artean ere antzeko zerbait gertatzen dela…
Baina gero, ikustekoa da nolako nekeak eragiten dizkion euskal idazle bati narratzeko garaiko topikeria guztiak. Adibidez: "esan zuen", "adierazi zuen"… eta hortik irten ezina; ez berak eta ez euskal literaturak ere ez dituelako gehiegi garatu topikeria horiek. Non garatzen dira, non garatuko ditugu halakoak, eta non garatu da batez ere topikeria hori? Dudarik ez dago: itzulpenetan. Eta hor bilatu behar dira; hor bilatzen ditut nik behintzat baliapide berriak…
– Hori ez da noski euskaraz bakarrik gertatzen…
Ez, ez. Denean, noski. Baina nik uste dut beste hizkuntzetan badagoela jario handiago bat eta badagoela klitxeak eskaintzen dituen bide zabal bat. Erdaraz, esan dezaket "dijo" edo "increpó" edo "manifestó"… edo momentu batean sargentu bat ari da hizketan eta esan dezake "ametralló"; eta nik ez dakit españolez inoiz erabili den, baina ez da ezertxo ere gertatzen, badagoelako klitxe bat eta orduan zilegi delako…
– Bai, "plantillak" edo…
Hori da. Baina gurean askoz urriago eta laburrago izaki plantilak, itzulpena izango da plantila horiek ugaldu eta zabaltzeko bide naturala. Eta idazleak ez luke asmabeharretan halako nekerik jasango, itzulpenei pixka bat gehiago begiratuko balie.
– Beste kontu bat da hortik halako sistema bat osatuz joatea, ahalegin, lorpen edo berrikuntza horiek guztiak bateratzea, alegia, eta horretan ere —betiko madarikazioa dirudi— nahikoa pattal gabiltza. Dispersio handi samarra ez al dago? Zuk aipatu dituzunetan eta bestetan; adibidez, "se encogió de hombros" eta antzekoetan, nolabait grafiko-izpiritual bataia genitzakeenetan… hori erdaraz ezin liteke bestela esan: hala behar du, eta kito. Eta justu horretan, esate baterako, nik esango nizkizuke sei bat modu diferente hori euskaraz adierazteko proposatu direnak… Zirkuitorik ez dagoela, alegia, edo ez aski indartsurik, halakoak bateratuko dituenik…
Eta gero nik uste dut kontu handia eduki behar dela gauza guztiokin beste arrazoi bategatik ere: gure kasuan oso denbora gutxian aldatzen da errealitatea. Orain dela bost urte edo orain dela bi urte egindako obra batek sekulako eragina du, beste edozein hizkuntza normaldutan izan ez dezakeen eragina; txarrerako eta onerako. Oso gauza gutxik errealitate oso bat eraikitzen du gure artean, liburu bat aski delako, edo itzulpen bat, nolabait guztia iraultzeko eta gauza asko eta asko birplanteatzera behartzeko. Beraz, nik uste dut irizpide konkretu batzuetan eta gorabehera jakin batzuetan izan behar dugula… disziplinatuak… soldadu espartanoak baino disziplinatuagoak. Baina badirudi disziplina aipatze hutsa gaizki ikusia dagoela, eta ez bakarrik alderdi sozio-politikotik begiratuta, baizik batez ere literaturaren askatasunaren izenean. Nolabait hitz sakratu bilakatu dugulako askatasuna; baina nik uste dut oso arriskutsua dugula anarkia gorabehera guztiotan.
– Ikuspegi askotatik aski frogatua dirudi ez dagoela sormen aldetik askatasunik, molderik ez badago; alegia, kaosak ez duela generatzen askatasuna, kaosa baizik…
Bai… Eta gero, kasu askotan, geurean nahikoa kaotikoak, gerurearekin kaotiko, eta gero geu beste hizkuntza batean ari garenean, erabat disziplinatuak. Hori ere etengabe ikusten dugun kontua da… nor bere burutik hasita… zergatik erabiltzen dira neurri desberdinak batean eta bestean?
– Tira, oraindik jorratzeke daukagu euskal obren itzulpenarena: bertsioen kontu hori, eta autorearen eskusartzea zenbaterainokoa izatea komeni den…
Bakoitzaren bideak bakoitzaren bide, beti dago tentazioa norberak obra bat egin eta burutu duenean, zera, hura hobetzen eta hobetzen eta hobetzen segitzeko, parada dagoen bakoitzean. Problema jatorrian dago: testu finkatua noiz finkatzen da? Hori bat, eta gero, testu finkatuarekiko fideltasuna noiz gordetzen da? Adibidez: nik publikatu dut ipuin bat euskaraz; publikatzen dut gero beste edozein hizkuntzatan, frantsesez, ingelesez edo italianoz, eta itzultzerakoan nik edo beste itzultzaile batek eman dio sekulako plusbalia. Orduan, plusbalia horren arauera itzultzen dute beste hizkuntzetara, eta, zein da nik ontzat ematen dudana? Zeren bat da erreferentzia, testu jakin bat finkatu da. Ala beste edozein hizkuntzatara pasatzerakoan ere itzultzaile bakoitzari uzten zaio bere testua moldatzeko askatasun berdina? Momentu jakin batean testu bat finkatuta geratzen da; kontua da jakitea zein den finkatzen den testu hori.
– Nik esango nuke komentatu dugun guztiaren ispiluko irudia dela hori. Azken finean, euskarazko itzulpenak eredu jasoagoa eta landuagoa badarabilte euskarazko sortze lanak baino —erdarazko itzulgaien araberakoa—, halako aldea badago, euskarazkoak erdaratzean gero lotsa ematen digula: berriz ere dialektoaren eta paletoaren konplexuarekin abiatzen garela, ezta? Auzia, beraz, zera litzateke: edo konplexuari lotsagabe heltzen diogu adarretatik, alegia, garen bezala ateratzen gara… edo, bestela, ahalegina egin beharko genuke, ez bakarrik ez paleto azaltzeko, baizik ez izateko…
Eta orduan horrek esan nahi du… zera, aurren-aurrenik ahalegina egin behar dela. Ez daukagula zertan paleto agerturik itzulpenetan, jatorrizko lana ondo egin baldin badugu. Kontua fideltasunarena da, bi zentzuetan, euskarara zein euskaratik itzultzean. Azken finean, horrek egingo dio mesede euskarari: besteena gureganatuz, alde batetik, eta bestetik, ez bakarrik den bezala isladatzen duelako egoera, baizik bigarren mailako efektu bat ere baduelako: behartuko gaituela xuxenago jokatzera euskarazko jatorrizko lanak moldatzeko garaian.
– Berehala esango dizu baten batek azken finean elitista edo bihurtzen dela planteamendua, alegia, nahikoa lan badugula jendeak literatura irakur dezan, kontsumitzailearen aldetik, besterik gabe, mailari edo aberastasunari gehiegi begiratu gabe, eta gero hemen, hizkuntzarenean ere, ba, jo, aber zailtzea proposatzen duzun… Erreklamazio horien aurrean defentsarik baduzu?
Bai… Bueno… Zera, zailtzea ez da noski helburua (barre); izatezkerotan ere, ondorio bat izango da. Baina gertatzen dena da, bide horretatik joaten ez bagara, orduan eta pobreagotuz eta baliapideak galduz eta espresibitate guztia galduz joango garela, gero eta gehiago. Nik esan dezakedana da gero eta desegokitze handiago bat bizitzen ari garela, bai hizketarakoan eta bai idazterakoan, eta eusteko modu bakarra, rigorearen eta zehaztasunaren aldetik ikusten dudala. Eta, orduan, euskaraz idazterakoan beste hizkuntzetan ez bezalako erregistro bat erabiltzen badut, beste hizkuntzek zehaztasun handiago batera behartzen banaute, halako batean bueltako erreflexio bat egin beharko dut eta esan: bueno, ba, rigore bera planteatu beharko dut neurean ari naizenerako ere. Eta gauza berbera jasotzailearen aldetik, jasotzaileak ere, jario handiagoa duelako edo beste edozein arrazoirengatik, eskatzen dizkio beste hizkuntza bati euskarari eskatzen ez dizkionak.
– Eta euskarari eskatzen dio beste hizkuntzei eskatzen ez diena, ezta?…
Klaro, klaro, bere mailara egoki dadila. Eta, orduan, edo bizi gara sekulako hipokresia monumental baten barnean, denok hankak zikinduta… denok hankak lokatzetan ditugula eta, nola lokatzetan dauzkagun, ez dugu ikusten zikinduta dauzkagunik, edo… edo… (irribarrez) zezenari adarretatik.
– Bazterretan entzuten da halako oreka bat komeni ote den… Ez dakit, ba: publikoaren diktaduratik literaturaren eskisitotasunaren aristokraziara, tarte horretan, bada ezer? Edo…
Bai, nik uste dut badaudela… Badaudela, gero, idazle bakoitzaren joerak eta hautamenak. Bakoitzak egiten duen hautamen literarioaren arabera, badaudela emaitza desberdinak, baita itzulpengintzaren kasuan ere, berdin-berdin: dudarik ez dago oso desberdina dela Joyce itzultzea, edo Graham Greene itzultzea, eta horrek gero irakurlearen aldetik ere jarrera desberdinak eragingo dituela. Baina beldur naiz Graham Greene zehatz itzulita, eta fideltasun minimo batez itzulita, ez ote dizkigun arazo berdintsuak planteatzen. Orduan, ez dela hain xuxen Joyce ala Graham Greene, baizik eta auzia lehenagokoa dela, tresnaren beraren auzia dela. Horrek zer esan nahi du? Azkenean zer da itzuli behar duguna? Nik uste dut biak itzuli behar ditugula, eta ezin diogula irakurleari ukatu, irakurle klase bati ezin diogula ukatu Joyce edo ezin diogula ukatu Graham Greene; baina nik uste dut biak itzulita ere, eztabaidak berdin-berdin jarraituko lukeela: beste toki batean dagoelako eztabaida, hain xuxen.
– Bai, bueno, gu ari garen bezala hemen tertulian, bai, baina kalean badirudi soziologiak agintzen duela, eta soziologia merkatuak markatzen duela… Bueno, gu beharbada, gure marginalean, kanpo gelditzen gara… bentajaren bat ere behar genuen…
(Barre txikiak sordinaz: hum, hum) Bueno, soziologiak esaten du, eskolarizazioari esker eta abar, aurrera egin dugula… Aurrera egingo genuen kopuruan; baina nik uste dut atzerapauso izugarria eman dugula —eta soziologiari begiratuta, klaro, neurtzen askoz ere zailagoa da, baina— kalitatearen aldetik. Segun eta zeri begiratzen zaion. Errazarena eta zailarena, ikuspegi horretatik ere plantea liteke.
– Beste oreka bat, ala?
Bai, beste oreka bat. Eta, klaro, orekak noski esan nahi du bi mutur zertu behar direla, bi muturren artean ibili behar dela. Orduan, zaila eta erraza… tira, ez da zuzenean literarioa den kontua, baina eztabaida liteke. Orain, zaila eta txarra, adibidez, bi kontu desberdin dira, nahiz batzuetan hemen nahastu nahi izaten diren. Bestetik, askotan azpimarkatu da errazak ez duela kalitatea ukatzen, eta egia da, noski, baina berdin esan beharko da errazak ez duela kalitatea garantizatzen… eta beste hainbeste zailari buruz… eta erraza edo zaila zer den ere, norentzat eta zergatik… Hor ere kontua, nik uste, fideltasunarena da, esan behar edo nahi denarekiko egokitasunarena, eta hor mila jokaera eta mila ñabardura daude.
– Hortaz, ez zuri eta ez beltz, baizik grisen paleta, ezta?
(Barreari eutsiz) Grisen paleta, ala paleto grisak?
– (Biok barrez) Tira, txapeldunak behintzat…