Editoriala
Karlos Del Olmo

Ada Palmer historialari eta eleberrigileak adierazi duenez, hau dugu historiako lehen pandemia zeinean gaixotasunak eta higienea ulertu eta jakin dugun zer egin behar genuen txertoa garatu arte zain egon beharreko tartean. Hala, urruntze soziala estrategia errealista bihurtu da, denon bizitza hankaz gora jarri duen arren. Zertan esanik ez, aldentze horrek birmoldatu beharra ekarri digu interprete, itzultzaile eta zuzentzaileoi. Dakigunaren arabera, historian lehen aldiz, pandemia batean jakinduria partekatzeko ahalmena eta erantzukizuna izan ditugu, arreta linguistikozko sare bat eratzeko, munduko bazter guztiak zeharkatuta, itzulpen modu guztiak direla bitarte.

2020ko martxotik aurrera, etxetik ere lan egiten ikasiz joan gara, eta bizitokia, bulego ez ezik, kabina ere bihurtuta ikusi dute interprete askok. COVID-19a mugarik gabe hedatzeak eragindako alarma sanitarioak harroinak astindu dizkio gizarteari, eta inoizko aldaketarik handiena egitera behartu ditu azken belaunaldiak: auzotik mundura joaten hasiak ziren, eta, ez bat eta ez bi, mundutik auzora itzuli behar izan dute, noraezean, itxita egotera. Eguneroko hizkuntza, gehiago edo gutxiago, termino eta esamolde berriz jantzi beharrean izan gara, aditu zein kaletar arrunt, hizkuntza normalizatzeko eta estandarizatzeko prozesuek behar duten ariketa edo denbora pausaturik gabe. Hau da: pandemiaren inguruko hizkuntza edukiak normalizatu behar izan ditugu (bestelako) «normaltasun» berri batean.

Erakunde publikoek, eta enpresa nahiz profesional andana batek, arin ere arin egokitu behar izan dute koronabirusak eragindako arau, lege-dekretu eta argitalpenetara. Zertan esanik ez, informazio ondo kontrastatu eta itzulia behar dute herritarrek, beldurra eta asaldura gaindituko badituzte. Garrantzi berezikoa izan da (eta bada) epidemiologiari buruzko dokumentu farmazeutikoak eta medikoak hainbat hizkuntzatara ia aldi berean itzultzea, munduko bazter guztietara helarazteko.

Irtenbide sofistikatuei esker, eta metatu duten jakiundeari esker, itzulpen agentziak gai dira itzulpen proiektu bakoitzerako irtenbiderik onena aukeratzeko eta itzulpen motorrak elikatzeko, makinek testu asko automatikoki itzultzeko, gero eta zehaztasun handiagoz itzuli ere. Gero, posteditore profesionalek hauteman eta zuzenduko dituzte prozesuan ia ezari- ezarian sortzen diren zehaztasun falta eta akats guztiak; zalantzarik gabe, sistema hori gomendagarria da postedizio zerbitzu oso eta ahaltsu bat erabiliz gero, bestela ezin da-eta kalitaterik onena bermatu. Horrek lanbideko irakaskuntza eta trebakuntza beharrak errotik aldatuak ditu dagoeneko. Bai eta erakunde ofizialek funtzionarioei eta izangaiei eskatu beharreko prestakuntzari gagozkiola ere.

Lehendik datorren joera bat bada ere, COVID-19aren pandemiak are Euskal Herriko erakundeak berak ere behartu ditu urrutiko bideo interpretazioa erabiltzera. Gure artean oraindik ia jaio gabe egon arren, zenbait lekutan, pandemia egoera honetan, erietxean larrialdiak artatzeko aretoetan ezinbestekoa izan da pazienteak eta zaintzaileak erraz eta arin komunikatzea medikuekin, eta, hartarako, urrutiko interpretazioa egiteko ahalmenaz gaitu behar izan dituzte ospitaleak, azkar konektatu ahal izateko kanpoko interprete batekin, hark triajea eta zainketa intentsiboak bideratzen laguntzeko, atzerapen esanguratsurik gabe.

COVID-19aren pandemiak ustekabean eragindako mundu mailako blokeoak hizkuntzen merkatuetan ere izango du eragina. Zertan esanik ez, erakundeek produktuak eta zerbitzuak hizkuntza gehiagotan eskuragarri jartzen jarraitu beharko dute; hala ere, lehen baino askoz ere abiadura motelagoan gerta daiteke hori guztia, azken buruan, azkenaldian ikusi dugunez, koronabirusak finantza merkatuetan eta industria zaurgarrietan izan duen inpaktu ekonomikoa ez delako makala izan, bestelako industria motak (turismoa, bidaiak, aurrez aurreko irakaskuntza eta abar) ez aipatzearren.

Erraza da, ingelesa menderatzen duzun laguna bazara, informazio fidagarri eta ugaria eskuratzea koronabirus horren gainean; ordea, mundu zabaleko pertsonen erdiek ezin dute topatu bilatzailerik ezagunenetan euren sintomen berririk ematen duen argibiderik, ez, behintzat, uler dezaketen hizkuntza batean. Gertaera hori agerian jarri besterik ez du egin COVID-19ak: beste gaixotasun batzuen (diabetesa, kasurako) aurrean zaurgarri ere zaurgarri egoten dira hizkuntza nagusietan mintzo ez direnak. Pandemiak «infodemia» halako bat ekarri du bidaide.

Gobernuz kanpoko erakunde batzuk hasita daude, mundu zabalean, ospitaleetara hizkuntza nagusietan mintzo ez diren gaixoekin joaten, interpretazioa eta aholkularitza bideratzera, bai eta itzultzaileak eta medikuak harremanetan jartzen ere, telemedikuntza abian jarri eta podcastak sortzeko, tokiko hizkuntzan egiten duten irrati eraginkorrenez aireratzeko.

Itzultzaile adituen lana osasuneko profesionalen eginkizunaren osagarri inportantea gerta daiteke zenbait unetan. Mugarik Gabeko Itzultzaileak erakundeak 90 bat hizkuntzatara itzuli ditu COVIDaren gaineko argibideak, tokian tokiko erakundeek hala eskatuta, hizkuntza horien heren bat ez baitira agertzen itzultzaile automatiko ezagunen aukeretan.

Hortaz, balirudike, orokorrean, itzultzaileak eta interpreteak, nolabait, krisialdi plangintzetan ere kontuan izan beharko dituztela (are Euskal Herriko erakundeetan ere). COVIDak neurri gabe areagotu du lehendik marjinatuta zeuden pertsonen bazterkeria (langile migranteak, iheslariak, indigenak…), hau da, beste gizarte arazo handi bat okerrera eraman du. Eta, sektore horietakoak izan ez arren, gure inguruko itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteak kalte nabarmena jasaten hasiak dira kulturgintzak gurean izan duen erorialdian, batez ere beren kabuz dihardutenak. Euskal Herriko datuak, zoritxarrez, munduko beste aldeetakoen antzekoak izan dira, euskal itzulpengintzaren parte handi bat erakunde publikoen ekimenaren itzalpean (zuzena edo zeharrekoa) antolatuta baitago, eta erakundeek eurek motelaldi behartua ere izan dute: gutxi edo asko, % 25etik % 50era bitarteko galerak edo jaitsierak gertatu dira itzulpen bolumenean.

Kultur sortzaile gehienek ozta-ozta lortu dute aro berri honetako bigarren urtera heltzea, dirurik sartzerik edo eskuratzerik lortu ez dutenez gero. Iaz hasi zen euskal itzulpengintza birmoldaketa sakon baten bidea jorratzen, itzultzaile neuronalen eta beste teknologia batzuen ondorioz: gero eta makinaren «zuzentzaileago edo lankideago» bihurtuz doaz hainbat itzultzaile, interprete eta zuzentzaile, are erakunde ofizialetan ere.

Dirudienez, munduan, halako batean, irabaziak egiten dituzten lekuetan ordaindu beharko dituzte zergak enpresa globalek, eta horien zatia edo partea (dena delakoa) are beharrezkoago izango dute herri, hizkuntza eta kultura txikiagoek.

Bestalde, Euskal Herriak zor humanitario halako bat du gure artean diren migranteentzako osasun neurriak eta bestelako edukiak itzuli beharraren aldetik (euskara ikasteko bidea emateaz gain). Interpretazio soziala inoiz baino «hil edo biziko»agoa dugu. Ahaztu barik, zertan esanik ez, maskara erabiltzeak pertsona gorrei ekarri dien komunikazio eragozpen handiagoa: inoiz baino beharrezkoagoa dugu keinu hizkuntzako interpreteak egotea osasunarekin zerikusia duten alor guztietan.

Aurten, euskal itzulpengintzaren historian ahaztu samar egon den itzultzaile baten efemeridea ere akordura ekarri behar dugu, Federico Krutwig Sagredo 1921eko maiatzaren 15ean jaio eta 1998ko azaroaren 15ean hil zen eta. Itzulpena izan liteke haren alderik ezezagunena, baina, oso gaztetatik itzultzeaz gain, itzulpenaren inguruko gogoetak plazaratu zituen hainbat idatzitan, bai eta zibernetikak lagunduriko euskal itzulpengintza iragarri ere.

Hona hemen Pandemiaren Aroko 2. urteko Senezen aleko uzta, arestiko gogoeta horietako batzuen osagarri, emari edo errefusari: bizitzak (itzulpengintzak), dena dela, bere bidea ebakitzen jarraitzen duenez gero. Itzulpena bidaia luze bat da —Steiner-ek zioenez—, inoiz ere amaitzen ez dena; dena dela, lantzean behin, bazterrean atseden hartzen gelditu eta beste bidaideei agur esateko parada ematen digu.