Euskal literatura beste hizkuntzetara itzulia
Elizabete Manterola

Sarrera

Lan honetan euskaratik beste hizkun­tzetara itzuli den literatura aztertzen dugu[1]. Euskaraz idatzi ondoren gure hizkuntzaren mugak zeharkatu eta beste hizkuntza batzuetan hedatu diren liburuak aztertu nahi izan ditugu, beraz. Oro har, oso azterketa gutxi egin da euskal literaturaren eta itzulpenaren inguruan gaur arte, eta azpimarratu nahiko genuke gutxien aztertu den arloa, hain zuzen, euskaratik eginiko itzulpenena dela. Beraz, honako lan honen bidez aurrera egin nahi dugu alor honetan, gure ekarpena eginez.

Duela urte eta erdi inguru hasitako proiektua da honako hau. Bi eginkizun nagusi burutu ditugu denbora honetan. Lehenengo hilabeteetan katalogoa osatzeari ekin genion buru-belarri, iturri ezberdinetako datuak jaso eta ahal bezain katalogo osatuena lortzeko asmotan. Jasotako informazio guztia txukun-txukun katalogatu ondoren, datuen azterketa etorri zen: irizpide ezberdinak kontuan izanik, datuak hainbat ikuspegitatik interpretatu ditugu.

Artikuluaren lehenengo atalean aztergaia bera aurkezten dugu eta katalogazioa gauzatzerakoan zein muga ezarri ditugun zehazten dugu. Jarraian, ikerketaren egoera zein den erakutsiko dugu, hau da, orain arte egindako lanak zeintzuk izan diren, nolakoak izan diren eta zertarako balio izan duten azalduko dugu. Ondoren, osatutako katalogoaren inguruan eginiko azterketa ezberdinak aurkeztuko ditugu hainbat irizpideren arabera. Azkenik, aurreko ataleko azterketetan lortutako datuak kontuan izanik, hainbat ondorio aurkeztuko ditugu.

Aztergaia

Itzulpen ikasketetako metodologia erabiliz, euskaratik beste hizkuntzetara itzuli diren liburuak sailkatu eta lehenengo deskribapen bat egin dugu. Hemendik aurrera, lehenengo deskribapen horrek emandako emaitzetatik abiatuko gara.

Beraz, lehen eginkizuna datu bilketa izan zen. Gure katalogo propiorako datuak biltzen hasi ginen liburutegi eta datu-baseetan. Hala ere, bilaketa hasi orduko, katalogoan sartu beharreko datuak zehaztu behar genituela ikusi genuen. Batetik, garaiari dagokionez. Ahal bezain katalogo osatuena egin nahirik, eta ikusirik gure literaturan orain dela oso gutxi arte izandako produkzioa nahiko txikia dela, euskal literatura bere osotasunean hartzea pentsatu genuen. Hau da, bere hastapenetatik, XVI. mendetik gaur egunera arteko liburu guztiak izan ditugu kontuan. Hala ere, jakin badakigu, euskaraz idatzitako literaturak azken 30 urteetan izan duela bere garapen nabarmenena, eta literatura horren itzulpena bere garapenari lotuta dago.

Bestalde, hizkuntzei dagokien muga jarri behar izan dugu. Euskal literatura esaten dugunean nahiko zentzu zabala izan dezake nozio horrek. Azken batean, zer da euskal literatura? Euskaraz soilik idatzita dagoena? Euskal gaiez hitz egiten duen liburu oro? Euskal herritarrek idatziriko literatura? Euskal jatorriko idazleek idazten duten oro? Asko pentsatu ostean, gure lanerako egokiena hizkuntzen araberako sailkapena egitea dela pentsatu dugu eta, beraz, sorburu hizkuntza euskara duten lanak bakarrik izan ditugu kontuan, hau da, euskaraz idatziriko literatura da gure azterketaren oinarria. Xede hizkuntzei dagokienez, berriz, ez dugu inongo mugarik jarri. Hau da, katalogoa osatzeko hizkuntza guztiak izan ditugu kontuan.

Hirugarren muga bat ere jarri behar izan dugu itzulitako testuaren argitaratze modua edo euskarriari dagokionez: itzuli izan den literatura, bai eleberriak, bai olerkiak, bai ipuin laburrak eta abar, zein euskarritan jaso ahal izan dugun, liburuetan, aldizkarietan edota interneteko web orrietan adibidez. Hasiera batean guztiak jaso nahi izan baditugu ere, hau oso zaila zela konturatu ginen; izan ere, asko baita aldizkarietan edota interneteko webguneetan itzuli izan den euskarazko literatura, izan eleberri osoak, ipuin laburrak edo olerki solteak. Beraz, oraingoz, gure azterketa liburuetara mugatu dugu[2].

Laburbilduz, euskal literaturaren beste hizkuntzetarako itzulpenak aztertzeko hiru muga ezarri ditugu: lehenengoa denbora muga, euskal literatura bere osotasunean hartzen duena; bigarrena, xede hizkuntzen muga, katalogoa osatzeko hizkuntza guztiak izan ditugu kontuan; eta hirugarrena, euskarri mota, liburuetara mugatu dugu bilaketa hau.

Ikerketaren egoera

Azterketa batzuk egin dira euskarara eginiko itzulpenen inguruan. Baina oso gutxi ikertu da euskaratik eginiko itzulpenaren inguruan, nahiko fenomeno berria baita.

Torrealdairen Euskal literatura gaur (1997) liburuan, itzulpenari tarte egiten zaio beste hainbat azterketen ondoan. Euskal liburuak erdaraz atalean ordura arte egin ziren kanpoko itzulpenak jasotzen ditu, guztira 136 itzulpen, eta ondorengo zerrenda batean, katalogo horretan dauden HGLko liburuak jasotzen ditu, 60 guztira.

Beranduxeago etorri dira orain arteko atzerriratzea nolakoa izan den erakusten duten­ azterketa laburrak. Hala nola, Olaziregik The Basque Literary System at the Gateway to the new Millennium (2000) artikuluan, euskal literaturak mende berriaren aurrean zein erronka dituen adierazten digu. Eta erronka horien artean kanporatzeko beharra aurkitzen dugu, gure literatura zabaltzeko eta gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.

Beste artikulu batean, Literatura vasca en Europa (2001), Olaziregik berak aurreko artikuluan esandakoak errepikatzen ditu eta ondoren azterketa txiki bat egiten du Joan Mari Torrealdairen Euskal literatura gaur liburuan zerrendatutako liburuen itzulpenak oinarri harturik. Artikuluaren ondorio nagusietako bat da esportazio politika gabeziak oraindik ere euskal literatura bere lurraldera mugatzen duela, eta Bernardo Atxagaren kasua oso bakana dela.

Manu Lopez Gasenik Xabier Etxaniz Erlerekin batera 2005ean 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura liburua argitaratu zuen. Bertan, itzulitako literaturari bere lekua eskaintzen diote, bai euskarara itzuli diren lanei, eta baita euskaratik beste hizkuntzetara itzuli diren lanei ere. Lau zirkuitu ezberdinei buruz hitz egiten dute. Zirkuituak kanporatzeko bideak dira, hizkuntza edo herrialdeak kontuan izanik eta baita bitartekoak ere. Alde negatiboak edo kanporako bidea makaltzen duten faktoreak ere aipatzen dituzte: batetik, autoitzulpena eta, bestetik, espainiar estatuaren bitartekaritza.

Bestalde, eta gure gaiari loturik, Manu Lopez Gasenik 2001ean artikulu bat argitaratu zuen autoitzulpen kasu bati buruz, Bernardo Atxagaren Sara izeneko gizona liburuari buruzkoa. Eta lan honen ondoren, 2005ean, Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan liburua argitaratu zuen. Bertan obrak euskaraz idatzi eta ondoren gaztelaniaratzen duten idazleei buruzko azterketa egiten digu, lan deskriptibo baten bitartez. Esan genezake hau dela, orain arte, lanik zehatzena eta osatuena euskaratik beste hizkuntzetara itzuliriko lanen inguruan eginiko ikerlanen artean, metodologia jakin bati jarraiki aztertzen baititu liburuak.

Beste alde batetik, www.basqueliteratu­re.com web orrian ere aurki dezakegu kanporatutako literaturari buruzko informazioa. Itzulpenaren inguruan bi katalogo daude, euskarara eta euskaratik itzuliriko lanenak. Atzerriratutako lanen inguruko katalogoan azken urteetan euskaratik gaztelaniara, ingelesera, frantsesera eta alemanera itzuliriko liburuak agertzen dira. Bestalde, artikuluen artean, itzulpengintzaren inguruko bat badago, eta euskaratik beste hizkuntzetarako itzulpenak aztertzen ditu. Gaur arte egin dena labur-labur azaltzen du eta bere katalogoaren datuak aurkezten ditu. Ondorio modura aipatzen du oraindik ez dela oso alor emankorra nahiz eta azken urteetan itzulpenek gora egin duten.

Hemen azaldutakoaren arabera, esan dezakegu azterketa gutxi izan dela gaurdaino. Orain arte egin diren lanetan datu bilketa zehatza, datu horien analisia eta gero ikerketa konkretuak egitea falta izan da. Hemen aurkezten dugun katalogoa eta beronen azterketa, hutsune hori betetzeko asmoz eginak izan dira.

Katalogoa

Katalogoa da gure lanaren muina. Bertan jasotzen da orain arte bildutako informazio bibliografiko guztia. Lehenengo eta behin bilaketa sakona egin behar izan dugu iturri ezberdinetan. Oro har iturri horiek hiru motatakoak izan dira: batetik, mundu zabaleko liburutegi eta datu-baseak, internet bidez kontsultatu ditugunak; bestetik, Euskal Herriko eragile ezberdinak, liburutegiak, datu-baseak, liburuak, web orriak, etab.; hirugarrenik, argitaletxeen webguneak. Guztira 25 izan dira kontsultatu ditugun iturriak. Gai hau aukeratu genuenean, bagenekien zaila izango zela ahal bezain bilaketa sakonena gauzatzea. Batetik, epealdi zabal samarra aztertu dugulako, XVI. mendetik hasi eta gaur egunera artekoa; eta, bestetik, jatorrizko obra delako abiapuntua eta ez xede liburua. Kontuan izan behar da jatorrizko lanen hizkuntza euskara dela baina xede lanak edozein hizkuntzatan egon daitezkeela, eta edozein herrialdetan, eta hauek guztiak jasotzea oso lan zaila da, munduko herrialde guztietako iturriak kontsultatzea ezinezkoa delako. Horregatik, beti geratuko da indeterminazio puntu bat, katalogoan jaso ez dugun libururen bat.

Orain arte 851 fitxa dauzkagu jasota katalogoan. Fitxa bakoitzean xede argitalpen bana dago jasota, hau da, jatorrizko liburu berdinaren itzulpen bakoitza fitxa banatan gorderik dago. Fitxa bakoitza hemezortzi kategoriatan banaturik dago. Sarrera bakoitzean, batetik, jatorriz euskaraz idatzitako liburuaren datuak jaso ditugu eta, bestetik, xede hizkuntzan argitaratu den liburuaren inguruko datuak. Batetik, egilea, eta xede egilea edo itzultzailea; bestetik, jatorrizko izenburua eta xede izenburua; hirugarren lekuan, argitaratze data euskaraz eta beste hizkuntzetan; baita argitaratze tokia ere; zein izan den argitaratzailea; ISBN zenbakia, jatorrizkoa eta xede hizkuntzakoa; liburu bakoitzaren orri kopurua; zein izan den xede hizkuntza; bitarteko hizkuntzarik izan den itzulpena egiteko; itzuli den liburua zein generotakoa den eta, azkenik, zein tokitan edo zein iturritan jaso dugun informazioa.

Katalogoa oinarri hartuta, azterketa ezberdinak egin ditugu bildutako datu guztiak kontuan izanik; kronologiaren ingurukoa, jatorrizko lanei dagokiena, xede argitalpenei buruzkoa, hizkuntzei dagokiena, izenburuei buruzkoa eta generoen ingurukoa. Azterketa hauetan jorratutako puntu ezberdinak eta ateratako datuak aurkeztuko ditugu jarraian.

Azterketa kronologikoa

Katalogoko datuak aztertu ondoren, lau garai ezberdinetan banatu dugu euskal liburuen kanporatzea. Lehenengo garaia XVI. mendetik 1977. urtera artekoa da, hau da, literatura bere hastapenetatik mende honen hirugarren laurdenaren hasierara. Bigarrena, 1978-1989 urtealdiak osatzen du, diktaduraren amaiera eta garai berrien hasierak. Hirugarren garaia 1990-1999 urteek osatzen dute, hamarkada oso batek. Eta azkenekoa, berriz, 2000 urtetik gaur egunera artekoak. Joan Mari Torrealdaik Euskal kultura gaur liburuan ere 1976tik 1995 arteko epealdia (urte horretan amaitzen du bere azterketa) garai berri modura sailkatzen du. Manu López Gasenik ere gurearen antzeko banaketa bat erabiltzen du haur eta gazte literatura aztertzen duenean. Berak dioenez euskal HGL 80. hamarkadan benetako garapena izaten hasi zen eta 90. hamarkadan Europako sistema gazteenen antzerako garapen homologagarria lortu zuen (LOPEZ GASENI 2005: 49).

Kontuan izanik XX. mendearen hirugarren laurdenera arte euskal literatur produkzioa oso urria izan zela, itzulpenen kopurua ere oso urria da. Bai kopuruaren aldetik eta baita xede hizkuntzaren aldetik ere. Gure katalogoaren arabera, euskaratik itzuliriko lehen liburua 1867an itzuli zen bai gaztelaniara eta baita frantsesera ere. Ordudanik 1977ra, hau da, mende oso batean, 29 lan itzuli ziren.

Ondorengo urtealdia, 1978-1989koa izan zen. Garai honetan, sistema politikoaren aldaketak ekarritako berrikuntzek euskal literaturgintzak, eta kulturgintzak orokorrean, garai berria abiarazi zuten, eta produkzioa hazten zihoan heinean, kanporatutako itzulpenak ere ugaltzen hasi ziren pixkanaka. Hamarkada honetan guztira 76 argitalpen izan ziren atzerriko hizkuntzetan.

Hirugarren garaia 1990-1999 urtealdiak osatzen du. Garai honetan produkzioa gero eta egonkorragoa da eta modu sistematikoagoan egin dira itzulpenak. Euskal literaturgintza gora doa, bai argitaletxe kopuruari dagokionez eta baita argitaratzen diren liburu kopuruagatik ere. Kanporatze fenomeno honetan ere eragina izan zuen 1989. urtean Bernardo Atxagak Espainiako Literatur Sari Nazionala irabazi izanak, Obabakoak lanari esker. Lehen aldia zen euskaraz idatziriko lan batek honelako sari bat jaso zuena. Lan hau 20 hizkuntzetara baino gehiagotara itzuli zen. Lan honen hedapenari esker euskal literatura ere zabaltzen hasi zen, bai euskal literaturari buruzko artikuluak eta liburuak eta baita euskal lanak ere. Beraz, Obabakoak lanak garai berri bat ekarri zuen (OLAZIREGI 2001: 143). 1989. urtea mugarri izan zen ordura arte eginiko kanporako itzulpenaren eta ordutik aurrerakoaren artean. Garai honetan guztira 358 argitalpen izan ziren atzerriko hizkuntzetan. Ikus dezakegunez, itzulpen kopurua asko hazi zen.

Azken epealdia 2000. urtetik aurrerakoa litzateke. Bi arrazoigatik batik bat. Lehenengo eta behin urte horretan bertan euskaratik kanporatutako liburuen kopurua inoizko altuena delako, eta hori, fenomeno honen osasun onaren adierazle modura ulertu dugulako. Bestalde, urte honetatik aurrera euskaratik kanporatzeko hitzarmena (ELAP) sinatu zutelako Eusko Jaurlaritzak eta EIEk[3], euskaraz idatziriko liburuak Europako hizkuntza ezberdinetara itzultzeko. Ordura arte euskarara eginiko itzulpenak bultzatzeko programak baziren (Literatura Unibertsala 1989tik aurrera eta Pentsamentuaren Klasikoak 1991tik aurrera). Garai honetan lortu nahi dena liburuak euskaratik beste hizkuntza batzuetara zuzenean itzultzea da, gaztelaniaren bitartekaritzarik gabe. Hau da, ordura arte eginikoa aintzat hartuz, jauzi kualitatibo bat eman nahi da liburuak euskaratik zuzenean europar hizkuntzetara itzultzeko.

Urtealdi honetako itzulpen kopuruari erreparatuz gero, ikus dezakegu guztira 371 lan itzuli direla. Datuok 2000-2006 urtealdikoak dira. Hala ere, aipatu datua altuagoa dela uste dugu, hainbat datu oraindik liburutegi ezberdinetako katalogoetan sartzeko egongo direla iruditzen zaigulako.

Kontuan izan dezagun aurreko bi epealdiak hamarkadak izan zirela eta honakoa berriz bosturtekoa dela. 80. hamarkadan guztira 69 itzulpen argitaratu ziren, 90. hamarkadan 358 eta azken bost urteetan dagoeneko 371 lan. Beraz, esan dezakegu urtealdi hau guztietan emankorrena dela.

Garai ezberdinen inguruko datuak ikusi eta gero, hainbat hausnarketa egin dugu. Gure literatura oso gaztea da, eta nahiz eta bost mendetako historia izan, azken mendean hartu du indarra, azken 40 urteetan batez ere. Produkzioa oso txikia izan da azken 40 urte hauetara arte, eta horren ondorioz, euskaratik beste hizkuntzetara ez da liburu gehiegi itzuli lehenago. Beraz, esan dezakegu euskaratik beste hizkuntzetara literatur liburuak itzultzeko fenomenoa oso gaztea dela. Nahiz XIX. mende bukaeran eta XX. hasieran liburu solte batzuk itzuli, fenomenoak bere hastapenak 80. hamarkadaren hasieran izan zituela esan dezakegu. 90. hamarkadan itzulpen kopurua nabarmen hazi zen eta xede hizkuntzak ere gero eta gehiago ziren. Azken garaian berriz, 2000. urtetik aurrera, kanporatze prozesua beharrezkotzat jotzen da gure literatura ezagutzera emateko eta administrazioak eta beste eragile batzuk lehen urratsak eman dituzte. Orain arte argitaletxeen lan pribatua zenak babes publikoa jaso du lehendabizikoz. Administrazioaren eta eragileen asmo nagusia kanporatzen diren liburuen itzulpenak zuzenean euskaratik egitea da. Hainbat liburuk gaztelania ez beste hizkuntza batzuetara itzultzeko gaztelania erabili dute zubi hizkuntza modura eta egun euskaraz idatziriko liburuak zuzenean ingelesera, frantsesera, alemanera, etab. itzultzea lortu nahi da. Beste hainbat ekimen ere egin izan dira azken urteetan euskarazko lanak bitarteko hizkuntzarik gabe Europako hizkuntzetara itzultzeko. Hor dugu, adibidez, EIZIEk antolatutako «Idazlea itzultzailearen lantegian» ekimena.

Autore bakoitzaren jatorrizko lan kopurua

Honako atal honetan autore bakoitza eta kanporatu duen jatorrizko lan kopurua aztertuko ditugu. Guztira, euskaratik beste hizkuntzetara 143 idazleren lanak itzuli dira gure katalogoaren arabera. Hala ere, ezberdintasun handiak ikus ditzakegu idazle batzuetatik besteetara.

Lehenengo tokian, Bernardo Atxaga eta Juan Kruz Igerabide aurkitzen ditugu. Jatorrizko 33 lan itzuli ditu bakoitzak, hizkuntza ezberdinetara eta argitalpen kopuru handiarekin. Ondoren, haur eta gazte literatura hutsean idazten duen Mariasun Landa dator, 23 lanekin. Atzetik, Patxi Zubizarreta daukagu 20 titulurekin laugarren postuan. Ondoren, Anjel Lertxundi 12 lanekin. Zazpi titulurekin hiru idazle ditugu, Joxemari Iturralde, Karlos Santisteban eta Harkaitz Cano. Sei eta bost titulurekin bina idazle dauzkagu, Ramon Saizarbitoria eta Miren Agur Meabe batetik eta Karlos Li­nazasoro eta Xabier Mendiguren Elizegi bes­tetik, hurrenez hurren. Hortik behera, idazleak ugaritzen hasten dira eta azken muturrean 92 idazle dauzkagu titulu bakarrarekin.

Kanporako produkzioaren gehiengoa (% 25,20) lan bakarra idatzi duten idazleek osatzen dute. Ondoren, hurrenez hurren bi (% 12,05), hiru (% 9,86) eta lau (% 9,86) lan itzuli dituztenak dauzkagu. Bestalde, Atxagaren eta Igerabideren itzulpenek bakoitzak % 9,04a osatzen dute.

Azterketa honetan argi ikus daiteke bi idazleren jatorrizko lanak itzuli direla gehien. Bernardo Atxagaren lanak eta Juan Kruz Igerabiderenak. Biek titulu kopuru bera itzuli badute ere, aldeak daude bien artean. Bernardo Atxagak helduen literatura eta haur eta gazte literatura itzuli ditu eta Juan Kruz Igerabidek haur eta gazte literatura gehienbat. Hauen atzetik badira beste batzuk kanpoan nolabaiteko presentzia badutenak, Mariasun Landa batetik, eta Anjel Lertxundi, Joxemari Iturralde, Ramon Saizarbitoria eta beste hainbat bestetik. Hauek ere 10 argitalpen baino gehiago izan dute kanpoan eta jatorrizko 5 lanetik gora itzuli dituzte. Multzo honetan 10 idazle inguru kokatzen ditugu, eta hauek nagusiki espainiar estatuko hizkuntzetara itzuli dituzte beraien lanak, baina argitalpen bat edo beste badute bertatik kanpo. Hirugarren maila batean kokatuko genituzke gainontzeko idazle guztiak.

Idazle askok lortu dute beren lanen bat edo beste euskaratik kanporatzea, 143 idazle ez baitira gutxi. Hala eta guztiz ere, lan bakarra itzuli duten 92 idazle ditugu eta hauetariko gehienek beren lana gaztelaniara itzulita. Horrek esan nahi du xede hizkuntza nagusia gaztelania dugula eta hizkuntza hori ez beste batzuetara itzultzea oso gutxiren esku dagoela.

Egoera nahiko desorekatua da. Idazle askok lortzen baitute gaztelaniaratzea baina ez beste hizkuntzaren batera iristea. Gazte­laniarekiko mendekotasun egoera hori gainditzea komeniko litzateke eta beste hizkuntzetarako itzulpena bultzatzea euskal literatura ezagutzera emateko.

Autoreak argitalpen kopuruaren arabera

Atal honetan idazleak banaka hartu ditugu eta bakoitzak euskaraz ez beste hizkuntzetan argitaratu dituen ale guztiak hartu ditugu kontuan, guztira beste hizkuntzetan zenbat liburu argitaratu dituen jakiteko.

Idazle bakarrak izan ditu atzerriko 100 argitalpen baino gehiago, Bernardo Atxagak. 275 argitalpen izan dituzte bere lanek, berrargitalpenak barne. Zerrendan bigarren lekuan Mariasun Landa dugu, 86 atzerriko argitalpenekin. Datu altua da gainontzeko idazleekin alderatuta, baina urruti gelditzen da Bernardo Atxagarengandik.

Bernardo Atxagak izan du xede argitalpen kopuru handiena, % 33,70arekin. Segidan Mariasun Landaren itzulpenak dauzkagu, % 10,53arekin. Hirugarren postuan, berriz, lan bakarra itzuli duten idazleen multzoa aurkitzen dugu, % 8,82 dutelarik, eta segidan bi argitalpen izan dituzten idazleak, % 6,61arekin. Ondoren, Igerabide dugu % 5,27arekin eta segidan Zubizarreta itzulpenen % 4,41arekin. Jarraian Anjel Lertxundi dugu, % 2,45arekin. Bost idazle hauen artean itzulpenen % 56,36 osatzen dute, hau da, kanporatutako liburuen erdia baino gehiago.

Gure mugetatik kanpo izandako itzulpenei buruzko datuetan argi islatzen da idazle bakarra dugula goi muturrean, eta bere argitalpen kopurua beste idazleengandik oso urruti kokatzen dela. Nolabait, Atxaga da euskarazko literaturaren esportatzaile nagusia, eta beste idazle guztiak bigarren edo hirugarren maila batean kokatzen dira, xede hizkuntzetan izandako itzulpen kopuruari dagokionez. Euskal literaturaren kanporatzeak mendekotasun anormala erakusten du Atxagarekiko, hiru xede argitalpenetatik bat berea baita.

Beraz, administrazioaren eta eragileen bultzadaz egiten diren itzulpenetan ahalegin berezia egin beharko litzateke idazle kopuru zabalago baten lanak ezagutarazteko, euskal literaturaren irudi osoagoa ematearren.

Hizkuntzak

Atal honetan hizkuntza bakoitzean agertu den titulu kopurua hartu dugu kontuan. Guztira 36 hizkuntza ezberdinetara itzuli dira liburuak euskaratik. Hizkuntza horien artean ezberdintasun handiak ikus ditzakegu. Ezbairik gabe, euskaratik gaztelaniara itzultzen da gehien. Batetik, gertutasunagatik eta, bestetik, hego euskal herritarren elebitasuna dela medio, gaztelania delako euskal liburu gehien itzuli duen hizkuntza, eta hauen artean autoitzulpen kopuru zabala aurki dezakegulako.

Bigarren postuan, katalana daukagu, 123 lanekin eta ondoren urrutixeago, 43 lanekin, galiziera. 46 lanekin Baigorri argitaletxeak ingelesez eta euskaraz argitaratutako liburuak topatzen ditugu.

Ondoren, Europako hizkuntza nagusiak dauzkagu; frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Hauen atzetik espainiar estatuko beste hiru hizkuntza gutxitu dauzkagu, aragoiera, asturiera eta valentziera. Gainontzeko 26 hizkuntzek hamar itzulpen baino gutxiago jaso ditu bakoitzak. Bestalde, lan elebidunak eta eleanitzak ere topatu ditugu itzulpenen artean.

Hizkuntza bakoitzak jasotako lan kopuruarekin ateratako grafiko honetan ere aurretik esandakoak argi ikus daitezke. Gaztelania da euskal lan gehien jaso duen hizkuntza % 44,19arekin, kanporatutako liburuen ia erdia osatzen dute hizkuntza horretan idatzitako liburuek. Ondoren, espainiar estatuko beste bi hizkuntza nagusiak aurkitzen ditugu, katalana % 13,57arekin eta galiziera % 5,09arekin. Segidan Baigorrik argitaratutako haurrentzako edizio elebidunak dauzkagu, euskaraz eta ingelesez argitaratuak, hauek % 5,45a osatzen dute. Gaztelaniazko eta euskarazko edizio elebidunek, berriz, % 4,50a osatzen dute. Jarraian Europako hizkuntza nagusiak aurkitzen ditugu, frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Gainontzeko hizkuntzek, grafikoak erakusten digun moduan, lan oso gutxi jaso dituzte.

manterola_1.jpg

Xede hizkuntzen garapen kronologikoari dagokionez, aipatzekoa da 1977. urtera arte egin ziren itzulpenak gehienbat frantsesera eta gaztelaniara egin zirela. 80. hamarkadan egoera hau aldatzen hasi zen eta xede hizkuntzen kopurua zabaldu egin zen. Garai honetan frantsesaz eta gaztelaniaz gain katalanera eta galegora ere itzuli ziren hainbat lan (haur eta gazte literatura, oro har) eta baita ingelesera eta alemanera ere. Frantsesaren kasua aipagarria da, aurretik lan gehien itzuli zuen hizkuntza izanik, orain gutxien itzultzen dutenetakoa baita. 90. hamarkadatik aurrera eta gaur egunera arte, itzulpen kopurua haztearekin batera xede hizkuntzen kopurua ere nabarmen handitu da, guztira 36 xede hizkuntza ditugularik. Epealdi honetan gaztelania izan da gehien itzuli duen hizkuntza. Jarraian katalana, galegoa eta Europako hizkuntza nagusiak dauzkagu. Ingelesaren kasua aipagarria da, 90. hamarkadatik aurrera nabarmen hazi baitira hizkuntza honetara eginiko itzulpenak.

Ikus dezakegun moduan gaztelania da xede hizkuntza nagusia. Gainontzeko hizkuntzekiko aldea oso handia da, euskal idazleen gehiengoa, Hegoaldeko idazleak, guztiak elebidunak direlako, eta honenbestez, espainiar estatuko literatur sistemarekiko mendekotasuna bizi dugu. Ondoren aurkezten ditugun fenomenoak gaztelaniaren nagusitasun horren adierazle dira. Batetik, gaztelaniara egiten diren autoitzulpenak eta, bestetik, gaztelania beste hizkuntzetara itzultzeko bitarteko hizkuntza moduan erabiltzea. Azkenik, kanporatze zirkuituak aurkeztuko ditugu.

1.- Autoitzulpena

Katalogoan 411 titulu ezberdin bildu ditugu gaztelaniaz. Datuak ehunekotan emanez gero, esan dezakegu lehenengo postuan­ autoitzulpenak kokatzen direla, % 35,03arekin. Bigarren postuan, gaztelaniaratutako liburuen % 31,14arekin, egilea ez den itzultzaile batek eginiko itzulpenak kokatzen dira. Jarraian, % 28,22arekin, itzultzailearen izenik agertzen ez den kasuekin egiten dugu topo. Hori bi arrazoigatik izan daiteke: kontsultatu ditugun iturrietan datu hau falta delako edo li­buruan bertan, itzulpenean, itzultzaileari buruzko daturik agertzen ez delako. Eta, azkenik, % 5,59arekin, itzultzaile eta idazleen arteko elkarlanean eginiko itzulpenak dauzkagu.

manterola_2.jpg

Hizkuntza gutxitua izanik, oso jende gutxik ikasi du euskara bigarren hizkuntza modura hemendik kanpo. Horrek esan nahi du, gure literatura ezagutaraztearren alderantzizko itzulpena egiteko jende prestatu gutxi daukagula, eta askotan beste hizkuntza batzuk dakizkiten euskal hiztunak bihurtzen direla atzerrirako itzultzaile.

Kontuan izanik orain gutxi arte gaztelaniaz lan egiten duten eragileek oro har gure hizkuntzarekiko eta gure literaturarekiko erakutsi duten interes falta, kontuan izanik baita ere euskaraz idazten duten idazle gehienek euskaraz gain gaztelania ere erabiltzen dutela eta hirugarrenik, kontuan izanik, alderantzizko itzulpenak gauzatzeko itzultzaile gutxi dagoela, idazleek askotan euren lanak itzultzeari ekiten diote. Hiru arrazoi hauek bazter utzita, bada laugarren arrazoi bat ere, agian garrantzitsuena: euskal lanak itzultzeko eta gero berau argitaratzeko behar den dirua. Beraz, diru eskasiak bultzaturik batik bat, euskal idazle askok bere lanak itzultzeari ekiten dio.

Manu Lopez Gasenik 2005. urtean argitaraturiko Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan liburuan ondorengoak aipatzen ditu autoitzulpenak egiteko arrazoitzat: lehenengo eta behin, idazleek duten beharra bi hizkuntzak menderatzen dituztela erakusteko, bi hizkuntzetan idazteko gaitasun osoa dutela erakutsi nahia; bigarrenik, beraien lana «berridazteko» beharra sentitzea. Arrazoi ekonomikoak eta itzultzaile faltak ere eragina dute, batetik zaila izaten baita itzultzaile bat inplikatzea argitaratzaile ziurrik izan gabe, eta bestetik, gaztelaniazko edo frantsesezko bertsioak kanonizatu egiten dira beste hizkuntzetara egiten diren itzulpenetan, euskarazko bertsioaren kaltetan (L. GASENI 2005). Kanonizatzen dena, beraz, gaztelaniazko bertsioa izaten da kasu hauetan eta itzulpena euskal literaturarekin lotzen duena liburuen edukia izaten da eta ez jatorrizko testua.

Autoitzulpenaren gaia oso zabala da eta sakon aztertzeke dago. Arrazoiak arrazoi, gauza bat argi daukagu, euskal idazleen artean oso fenomeno zabaldua dela eta oraindik ere autoitzulpen asko egiten direla.

2.- Bitarteko hizkuntza

Euskarazko liburuak beste hizkuntzetan argitaratzeko beharrezkoa da euskara eta xede hizkuntza dakizkien norbait. Hau nahiko erraza da gaztelaniaren kasuan, elebidunak izaki hegoaldeko biztanleak. Baina gainerako hizkuntza gehienen kasuan, nahiko zaila da euskaraz dakien itzultzaile bat aurkitzea itzulpena euskaratik zuzenean egiteko. Beraz, bitarteko hizkuntza bateko bertsioa hartu ohi da oinarri, eta bertsio hori, oro har, gaztelaniazkoa izan ohi da.

Prozesu hau oso erabilia da gure artean. Euskaratik gaztelania ez beste hizkuntza batzuetara itzulpenak egiten direnean, ia gehienetan gaztelaniazko bertsioa hartzen da oinarri. Ezin dugu datu zehatzik eman oraingoz, oso zaila delako datu hau argi eta garbi ematea, oso liburu gutxitan azaltzen baita bitarteko hizkuntzarik egon den ala ez. Hala ere, jasotako datuen arabera badakigu alemanera egin diren itzulpenetatik bi soilik izan direla zuzenean eginak, Ludger Mees-en eskutik bata eta Michael Bauer-en eskutik bigarrena[4]. Alemanera itzulitako liburuen % 11,11 osatzen dute euskaratik zuzenean itzuliriko liburuek. Bestalde, katalanera ere bada itzultzaile bat hainbat euskarazko lan zuzenean itzuli dituena, Pau Joan Hernández. Bere itzulpenek katalaneratutako lanen % 20,87 osatzen dute.

Itzulpena zuzenean ala zeharka egitean alderik badagoen jakitea interesgarria litzateke. Pentsa daiteke ez dela gauza bera testu bat euskaratik zuzenean beste hizkuntza batera­ itzultzea ala euskaratik lehenengo gaztelaniara itzuli eta ondoren hirugarren hizkuntza batetara itzultzea. Zuzenean itzultzen denean urrats bat ematen da eta zeharka itzultzen denean bi. Testu bat itzultzen dugunean testu horrek eraldaketa bat jasaten du, eta zeharka itzultzen badugu eraldaketa hori are handiagoa izango dela iruditzen zaigu.

Saiakera berezia egin behar da hemendik aurrera euskal literatura zuzenean itzul dadin bitarteko hizkuntzarik erabili gabe. Honen bidez, gaztelaniarekiko bizi dugun menpekotasuna gainditzeko urrats bat emango genuke eta gainontzeko hizkuntzetara gure hizkuntzatik bertatik iristeko aukera izango genuke.

3.- Zirkuituak

Hizkuntza ezberdinen gaiari eutsiz, esportatzeko bide ezberdinak ditugula aipatu nahi dugu. Kanporatzeko bideei zirkuitu deitzen diete Etxanizek eta Lopez Gasenik (ETXANIZ-L. GASENI 2005). Etxanizek eta Lopez Gasenik HGLren baitan dauden zirkuituei buruz hitz egin dute eta guk hemen antzeko zerbait egin nahi dugu, baina literatura guztia bere osotasunean hartuz.

Bateko, aipatu moduan, gaztelaniarako itzulpenek zirkuitu bat osatzen dute; horren barruan azpi-zirkuituak ere badira, argitaratze modua, argitaletxea eta beste hainbat datu kontuan izanik. Azpi-zirkuitu bat osatzen dute, adibidez, hemen bertako argitaletxeek argitaratutako liburuek, xede publikoa Euskal Herriko irakurle ez euskalduna dutenek. Liburu hauen helburua ez da liburua Euskal Herriko mugetatik kanporatzea, euskaraz ez dakien hemengo jendeak euskal literatura ezagutzea baizik. Hizkuntza aldatzen da, baina ez lurraldea. Hauen artean badira hainbat gaztelaniaz soilik argitaratuak eta beste hainbat gaztelaniaz eta euskaraz bertsio elebidunetan argitaratuak.

Bestalde, katalanak ere beste zirkuitu bat osatzen du. Gaztelaniaren atzetik euskaratik gehien inportatu duen hizkuntza da. Bi hizkuntzen arteko elkarlanaren erakusgarri dira euskaratik zuzenean katalanera itzuliriko hainbat liburu, kasu batzuetan, katalanera soilik itzuli direnak.

Bestalde, Etxaniz Erlek eta Lopez Ga­senik euren 2005eko 90eko hamarkadako haur eta gazte literatura liburuan agertzen duten bezala HGLren kasuan ere zirkuitu ezberdinak badira. Batetik, espainiar penintsulako hizkuntzetara aldi berean egindako edizio anitzetako politika dugu, parte hartzen duten argitaletxeen arteko hitzarmenen bidez, hala nola, «Argitaletxe Elkartuak», Bromera, Elkar, Galaxia, La Galera, Libros del Peixe, Tándem eta Xordica argitaletxeen artekoa. 1996tik aurrera «Zazpi» bildumako 20tik gora titulu argitaratzeraino iritsi dira. Kanpora ateratzeko beste bide bat hizkuntza «autonomiko» batzuetan argitaratzen duten estatu espainiarreko argitaletxeak dira: Edebé, SM, Anaya eta abar. Kanpoko merkatura iristeko beste bide bat estatu espainiarreko hizkuntza guztietarako deitzen diren sari literarioak dira, Baporea, Edebé sariak edo Apirila saria bezalakoak, irabazle suertatzen diren obrak estatuko zenbait hizkuntzatan argitaratzen baitituzte (ETXANIZ-L.GASENI 2005: 117).

Helduen literaturari dagokionez, sariketa ezberdinek (Espainiako Sari Nazionala edo Euskadi Sariak, hala nola) lagundu dute hainbat idazleren lana kanporatzen, euskal lanak itzultzeko fenomeno bultzagarriak dira. 1989. urtean Bernardo Atxagari Obabakoak lanagatik eman zioten Espainiako Sari Nazionalak aparteko garrantzia izan du euskal literaturaren kanporatzean. Horri esker «kanpoko argitaletxe asko interesatu ziren euskal literaturaz oro har, eta Atxagaz partikularki» (ETXANIZ-L. GASENI 2005: 117).

Europako hizkuntza nagusietan (ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera) oraingoz zirkuiturik ez dagoela esan dezakegu. Obabakoak itzuli eta gero, 90eko hamarkadan oso pixkanaka hainbat itzulpen egin dira hizkuntza hauetara. Itzulpen horiek banaka-banaka egin dira, ez dute jarraitasunik izan. Oraindik ere itzulpen kopurua nahiko urria da hizkuntza hauetan. Hala ere, azken urteetan urrats batzuk eman dira. Ingelesaren kasuan esaterako, Nevadako Unibertsitatean euskal liburuen bilduma bat daukate eta, besteak beste, Lourdes Oñederraren eta Ramon Saizarbitoriaren lanak itzuli dituzte.

Gainontzeko hizkuntzen kasuan ez dago zirkuiturik. Badira lan bakan batzuk Europako hizkuntzaren batera edo bestera itzuliak (Atxagaren hainbat lan hizkuntza ezberdinetara, Mariasun Landarenak grekerara eta albanierara, Joxemari Iturralderen lanak finlandierara, ipuin antologia bat japonierara...) baina, oro har, ezin dugu hitz egin zirkuitu jakin bati buruz. Hona hemen, beraz, etorkizunerako beste erronka bat. Komenigarria litzateke euskal lanak ahal bezain xede hizkuntza gehienetara itzultzea, baina itzulpen hauek euskal literatura zabaltzeko bidea eman beharko lukete. Hau da, liburu bat itzultzen badugu baina inongo laguntzarik eman ez, itzulpena egina dago baina ez dugu za­balkunderik lortuko. Zirkuitu berriak lor­tzeko, gure literatura bere osotasunean zabaldu­ behar da eta liburu jakinen itzulpenarekin batera presentzia zabalagoa lortu behar da, ondoren, itzulpen gehiago egitera bultzatuko duen nolabaiteko presentzia bat. Euskal literatura aurkeztuko duten lanak atzerrian argitaratzea lagungarria da horretarako. Esaterako, 2005. urtean Jon Kortazarren Baskische Literatur liburua argitaratu zuen alemanez eta, bertan, euskal literaturari buruzko artikuluak jaso zituen.

Euskal liburuak kanpora itzultzeko modu ezberdinak badirela ikusi dugu. Oro har, gehienek argitaletxe txikien eskutik egiten dute kanporako bidea. Honenbestez, euskal literaturan kanoniko diren zenbait idazlek eta lanek ez dute espero adinako oihartzunik lortu euskaratik kanpo. Oso gutxiren esku dago argitaletxe handi eta prestigiodunen eskutik kaleratzea. Hori, Bernardo Atxagak soilik lortu du, Europako argitaletxe handiekin argitaratuz bere lan nagusiak (OLAZIREGI 2001: 140).

Izenburuak

Atal honetan izenburuen araberako azterketa egin dugu, izenburu bakoitza zenbat eta zein hizkuntzatara itzuli den jakiteko. Ondorengo taula honetan gehien itzuli diren hamar liburuak agertzen dira:

manterola_3.jpg

Taula honetan argi ikusten dugun moduan gehien itzuli diren 10 liburuen artean 8 Bernardo Atxagarenak dira eta 2 Mariasun Landarenak. Liburu hauek, hizkuntza askotara itzuliak izan dira eta argitalpen kopuru zabala izan dute, bai euskaraz eta baita beste hizkuntza batzuetan ere.

Datuek erakusten digute gehien argitaratu diren lanak Bernardo Atxagaren helduentzako literatur lanak direla, bai argitalpen kopuruari dagokionez eta baita hizkuntza kopuruari ere. Ondoren, Atxaga beraren eta Mariasun Landaren haur eta gazte literatur lanak ditugu, hauek ere argitalpen asko eta xede hizkuntza ezberdinetara itzuliak. Eta atzetik hainbat haur eta gazte literatur lan datoz, Espainiako hizkuntza ezberdinetara itzuliak.

Izenburu zerrenda hau anitzagoa eta osatuagoa izan dadin, komenigarria litzateke idazleen zerrenda zabalagoa izatea.

Generoak

Euskal literatur sisteman, inguruko literatur sistemetan gertatzen denaren antzera, egun genero bat dugu nagusi: narratiba. Narratibaren barruan, berriz, eleberria eta ipuin laburrak aurkitzen ditugu. Nahiz eta eleberri gehiago argitaratu, ipuin liburu kopuru handia dugu.

Poesiari dagokionez, berriz, azken aldian ez du garai batean zuen arrakasta, eta oso gutxi argitaratzen da. Saiakeren alorra gehitzen ari da pixkanaka, urria bada ere. Antzerkiari dagokionez, bazterreko generoa dela esan behar dugu.

Azkenik, HGL daukagu. Inguruko literaturetan baino garrantzi handiagoa du euskal literatur sisteman. Oro har, eskoletako hezkuntza ereduei esker, euskaraz irakasten denez gero, produkzio handia eskatzen du horrek. Euskal literatur sistemaren barruan genero emankorrena hau dugula esan genezake.

Itzulpenen arloan, euskaraz gehien argitaratzen den literatur generoa izan da gehien itzuli izan dena kanpora. Argitalpen kopuruka hartzen badugu, 413 izan dira euskaratik kanporatutako haur eta gazte literatur lan originalak. Narratibaren barruan eleberria izan da itzuliena, 162 argitalpenekin eta gero ipuin laburren generoa, 107 libururekin. Ondoren poesia lanak datoz, 58. Eta, ondoren, bazterreko generoak, saiakera, 13 lan, bidaia kronikak, 3 lan, eta antzerkia, 4 lan. Jarraian datorren grafiko honetan datuok argiago ikus daitezke:

manterola_4.jpg

Hizkuntzen araberako azterketa bat egingo bagenu, ikusiko genuke HGL oro har Espainiar estatuko hizkuntzetara itzuli izan dela gehien. Eta hainbat kasutan argitaletxe ezberdinek hitzartutako itzulpenak izan dira. Beraz, generoei dagokienez, eta zirkuitu ezberdinei begira, argi dago espainiar estatuko hizkuntzetara egiten diren itzulpen gehienak HGLkoak direla. Generoen azterketa, zirkuituei loturik egitea da komenigarriena, aurrez ikusi bezala, zirkuitu ezberdinek markatu ohi dute eta zein genero zein hizkuntzatara itzuli den.

Kronologiari dagokionez ere itzulpenen generoa aldatuz joan da lehenengo itzulpenetatik gaurdaino. Lehen epealdian (1977. urtera arte) eliz gaiei loturiko hainbat liburu aurkitzen ditugu, narratibazko libu­ruekin batera. 80. hamarkadan, aurreko urtealdiarekin alderatuz, generoen arloan berrikuntza bat ageri da. Urtealdi honetan, 1983. urtean hain zuzen, haur eta gazte literaturako lehen liburua itzuli zen gaztelaniara, katalanera eta galegora. Urte horretatik aurrera genero hau indarra hartzen hasiko da. Aipatu behar da itzulpen hauek espainiar estatuko hizkuntzetara aldi berean egindako edizio anitzetako politika mantentzen zuten argitaletxe elkartuen eskutik etorri zirela. Ordutik gaur arte HGL izan da gehien kanporatu den generoa. Gainontzeko generoei dagokienez, narratiba indarra hartuz joan da eta HGLrekin batera gehien itzultzen den generoa dugu. Poesiari dagokionez, produkzioa txikia da euskaraz eta, beraz, itzulpen kopurua ere oso murritza da. Beste genero batzuk, oso bazterrekoak dira eta ez dira ia itzultzen.

Etorkizunera begira, egun bazterreko generoak direnak bultzatu beharko lirateke itzulpengintzan, hala nola, poesia, antzerkia edo saiakera. Euskal literatura osoaren ikusgarritasuna bultzatzea komeni da eta bazterreko genero hauetako produkzioa urria bada ere, itzultzea komeniko litzateke.

Gure katalogoan liburuak soilik aztertu ditugu, hala ere, jakin badakigu poesia itzulpen ugari izan direla euskarri ezberdinetan. Interneteko hainbat webgunetan (Susa argitaletxearena edo www.armiar­ma.com webgunea) poesia edo ipuin laburrak aurki ditzakegu. Sarearen bidez itzulpenak erraz eta azkar heda daitezke.

Ondorioak

Artikulu honetan ikusi ahal izan dugun moduan, euskal literaturaren kanporako itzulpena nahiko fenomeno gaztea da. Eta nahiz eta azken urteetan bultzada handia izan duen, oraindik hainbat erronka ditu etorkizunerako.

Batetik, ikusi dugun moduan, idazle oso gutxik lortzen du bere lanak kanporatzea. Eta, beraz, idazle zerrenda hori zabaltzeko ahalegina egin beharko litzateke ahots ezberdinak ezagutarazteko.

Bigarrenik, kanporatutako lanen zerrenda ere zabalagoa balitz, euskal literaturaren irudi anitzagoa emango litzateke. Hau da, idazle ezberdinez gain, genero ezberdinetako lanak itzultzea onuragarria litzateke. Narratibaz gain, eta nahiz eta produkzioa urria izan, poesia, antzerkia eta saiakera itzultzeko ahalegina egin beharko litzateke. Modu honetara, euskal literaturaren ikuspegi osoagoa hedatuko litzateke.

Bestalde, xede hizkuntzei dagokionez, ikusi dugunez gaztelania izan da alde handiz euskal lan gehien jaso duena. Gaztelaniarekiko bizi dugun mendekotasun egoera gainditzea komeniko litzateke eta beste hizkuntzetarako itzulpena bultzatzea.

Espainiar estatuko gainontzeko hizkuntzek ere jaso dituzte euskal lanak eta zir­kuitu horiek indartzea komeni delakoan gaude. Europa mailan, berriz, alemana, frantsesa, ingelesa eta italiera ditugu euskal lan batzuk jaso dituzten hizkuntzak. Xede hizkuntza hauetako zirkuituak indartu behar dira eta horretarako ezinbesteko deritzogu itzulpenek jarraitasuna izateari. Lehen aipatu dugunez, ingelesaren kasuan, hasiak dira Nevadako Unibertsitatean euskal lanak sistematikoki itzultzen. Hizkuntza hauetara itzultzeko bideak indartu beharko lirateke euskal literaturak bere presentzia izan dezan kultura horietan. Bestalde, eta arestian esan dugun moduan, gainontzeko hizkuntzek oso lan gutxi jaso dute. Bide berriak jorratzeko eta beste herrialde batzuetan ere euskal literatura ezagutzera emateko tokian tokiko eragileekin elkarlana eta hitzarmenak bultzatu beharko lirateke (urrats batzuk ematen hasiak dira, 2006an euskal idazleak Esloveniara joan ziren eta abenduan Durangoko azokan Esloveniako literaturari bide egin zitzaion).

Itzulpenak zabaltzeko beharrezko deritzogu gure literaturak xede hizkuntzetan presentzia bat izateari. Hau da, itzulpenak egin bai baina xede kulturan ezagutarazteko beharrezkoa da itzulpen horiek kultura horretan mugitzea, idazleek xede kulturan bere lanaren promozioa egitea, itzulpenekin batera euskal literaturari buruzko informazioa hedatzea, xede irakurleek benetan ezagut dezaten.

Atzerrirako itzulpenak egiterakoan garrantzitsua iruditzen zaigu itzulpenak zuzenean euskaratik egitea. Aurrez esan dugun moduan, itzultzean testuak eraldaketa bat jasaten du eta itzulpen hori zeharka egiten denean eraldaketa hori are handiagoa dela pentsa daiteke. Beraz, kanpo itzulpenak gaztelaniaren bitartekotzarik gabe egitea bultzatu beharko litzateke, euskal literatura zuzenean itzul dadin, jatorrizko kultura eta xede kultura elkarrengandik gertuago egoteko.

Kontuan hartu behareko beste kontu garrantzitsu bat patrozinioa da, Lefeverek jorratutako kontzeptua. Hau da, itzulpenaz kanpoko eragileen lana indartzea, bai administrazioaren aldetik eta baita idazleen eta itzultzaileen elkarteen aldetik ere. Bereziki, 2000. urtean abiarazitako ELAP programa biziberritzea, lehenengo saiakeraren ondoren. Honelako ekimenen bidez kanporako bidea erraz daiteke eta euskal literaturak zabalkunde handiagoa lor dezake atzerrian.

BIBLIOGRAFIA

AUTOTRAD. Autoitzulpenak aztertzeko taldea. http://www.fti.uab.es/autotrad/.

EGIA, Gotzon (1999). Anjel Lertxundi eta Jorge Gimenez Bech: idazlea eta bere itzultzailea. Senez 21, zk.

ETXANIZ ERLE, Xabier; LOPEZ GASENI, Jose Manuel (2005) 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura. Iruñea: Pamiela.

GARZIA GARMENDIA, Juan (1990). Atxagarekin OBABAKOAKen itzulpenaz. Senez aldizkariaren 9. zenbakian. 13-24 orrialdeak.

LOPEZ GASENI, Jose Manuel (2001). «Un caso de autotraducción: la(s) obra(s) de Bernardo Atxaga Sara izeneko gizona/Un espía llamado Sara». Trasvases culturales; cine, literatura y traducción 3 liburuan, 261-268 orrialdeak. Editoreak: Eterio Pajares, Raquel Merino eta J.M. Santamaria. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen zerbitzua.

LOPEZ GASENI, Jose Manuel. (2005) Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan. Donostia: Utriusque Vasconiae.

MENDIGUREN BEREZIARTU, Xabier. (1995) Euskal itzulpenaren historia laburra. Donostia: Elkar.

OLAZIREGI, Mari Jose (2000). The Basque Literary System at the Gateway to the new Millennium. Anuario del seminario de filología vasca «Julio de Urquijo», 2. zk. 413-422 orrialdeak.

OLAZIREGI, Mari Jose (2001). Literatura vasca en Europa. «Los Vascos en Europa» liburuan. Gasteiz, Sancho el Sabio Fundazioa. 124-155 orrialdeak.

TANQUEIRO, Helena (1999). «Un traductor privilegiado: el autotraductor». Quaderns. Revi­sta de traducció aldizkarian, 3. zenbakia, 19-27 orr.

TORREALDAI, Joan Mari (1997) Euskal kultura gaur. Donostia: Jakin.

TÓTH, Éva (1991). La traducción literaria de lenguas minoritarias a lenguas de mayor difusión. Senez aldizkaria, 12. zenbakia. 129-146 orrialdeak.

TRANSCRIPT ALDIZKARI ELEKTRONIKOA

Bosgarren alea. http://www.transcript-review.org/.

Hogeigarren alea. http://www.transcript-review.org/.

ZABALETA, J.M. (1991) Hedadura txiki eta ertaineko hizkuntzetako itzulpena aztertzeko zenbait aldagai bakantzeko saioa. Senez aldizkaria, 2-3 zk. 17-37 orrialdeak.


Oharrak

1. Artikulu hau ikasketa aurreratuen gaitasuna lortzeko lanaren emaitza da (EHUko itzulpengintza alorreko doktorego programaren barruan). Eusko Jaurlaritzaren doktorego aurreko bekaren laguntzaz egin dugu artikulu hau.

2. Liburuez gain gainontzeko euskarrietan argitaratutako lanak biltzen hasiak gara. Katalogo osatu horrek etorkizunean beste azterketa batzuk egiteko aukera emango digu.

3. Lehenengo saiakeran proiektuaren emaitzak ez ziren hain onak izan eta dirudienez orain berrabiarazi dute.

4. Egun, abian dira beste batzuk.