EUVOS. Europako Kultur Ondare Immateriala. Europako hizkuntza ez-hegemonikoetan azpidazteko egitarau baterantz
Beatriz Zabalondo, Marijo Deogracias eta Patxi Azpillaga

Europar Batasuneko estatuen ezaugarria da kultura eta hizkuntza aniztasuna; hori abiaburu duen ikerketa proiektua izan da EUVOS (2016-2019). Universidade de Santiago de Compostelak gidatu du ikerketa. Beste erakunde hauek ere partaide izan dira: Universidade de Vigo, Euskal Herriko Unibertsitatea (artikuluaren hiru autoreok) eta Universitat Oberta de Catalunya. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak estatuei proposatzen dieten neurrien artean, hizkuntza minorizatuetan azpidatziak bultzatzea aurreikusita dago. Artikulu honetan, hizkuntza hegemonikoetako zinematografien jatorrizko bertsioek euskaraz, galegoz eta katalanez azpidatzita zer-nolako isla duten erakusten da.

Zer dago izen luze horren azpian?

Hainbat unibertsitateren artean landutako ikerketa proiektu bat da EUVOS, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren funtsekin garatua (Erref. CSO2016-76014-R). Hiru urteko iraupena izan du: 2016ko abenduaren 31tik 2019ko abenduaren 31ra, hain zuzen.

Parte hartzaile nagusiak: Universidade de Santiago de Compostela (proiektuaren buru), Universidade de Vigo, Euskal Herriko Unibertsitatea, Universitat Oberta de Catalunya (UOC). Parte hartu dute, halaber, une zehatzetan, Europako beste unibertsitate batzuetako adituek.

Ikerketaburuak Santiagoko Unibertsitateko Margarita Ledó Andión eta Enrique Castelló Mayo izan dira, ikus-entzunezkoen alorrean ibilbide luzea duten irakasle-ikertzaileak. Haien gidaritzapean jardun dugu 13-15 laguneko taldeak Galizian, lau lagunek Euskal Herrian eta beste bi pertsonak Katalunian.

Ikerketa honen helburuek zinemarako azpidatzietan dute ardatza. Zinemako azpidatzietan jarri da fokua, eta ez telebistakoetan. Telebistarako egin izan den ikus- entzunezkoen itzulpengintza alboko gaia izan da proiektu honetan, nahiz eta oso presente egon den eta saihestezina gertatu den aipatzea.

Artikulu honetan, ikerketaren nondik norako zenbait azaltzen saiatuko gara, gaiak euskal itzultzaileongan ere interes apur bat piztuko duelakoan.

Ikerketaren nondik norakoak

Hizkuntza eta kultura aniztasuna Europar Batasunaren ezaugarri behinenetariko bat da. Eta aniztasun horren isla dira Europako zinematografiek hainbeste hizkuntzatan ekoizten dituzten ikus-entzunezko lanak; zer esanik ez Ipar Amerikan (ia erabat) ele bakarrean ekoitzitakoekin alderatzen baditugu.

EUVOS programaren abiaburuan, honako helburu hauek ezarri ziren:

- Hizkuntza hegemonikoetan filmatutako lanak Europako eremu urriko hizkuntzetara (eskualdeetako hizkuntzak edota gutxituak deituetara) egokitzean zer azpidatzi politika aplikatu ohi diren aztertzea.

- Eremu urriko hizkuntzetan egindako filmak azpidazteko zer oztopo hautematen diren aztertzea, eta nola eragiten dioten haien banatze sistemari eta, beraz, haien ikusgarritasunari.

- Ikus-entzunezkoen ohiko itzulpen metodoez harago, modu/teknika berriak esploratzea; esate baterako, «azpidazketa sortzailea» deitu izan dena.

- Europako eskualde eta estatuetan praktikatzen diren azpidatziei erreparatzea, filmen kalitate eta integrazio eredu gisa balia daitezkeen neurrian.

- Europako eremu urriko azpidazketa estrategiak garatzeko bideak aztertzea, zinematografien eragileei azaldu, helarazi eta, ahal dela, euren ekoizpenetan aplika ditzaten.

Beste era batera esateko, proiektu honek helburu izan du ikustea azpidazketa non dagoen zabaldua eta non ez Europako eremuan —zer azpidazketa mota—, eta aztertzea jarduera horrek zer muga aurkitu ohi dituen hizkuntza minorizatuetan. Diagnostiko horretatik abiatuta aurrera begirako politika komun proaktiboak ezartzea zen azken xedea; diagnostikotik pronostiko batera jauzi egitea, alegia.

Zehazki, EUVOSen jardun dugun ikertzaileok euskarazko, galegozko eta katalanezko zinema-azpidatziei buruzko programei eta jarduerei erreparatu diegu, beste ezeri baino gehiago.

Europako markoa: gaia kokatzen

Europar Batasunak eta hura osatzen duten estatuek hainbat konpromiso hartu izan dituzte urteetan, Europako kulturak eta hizkuntzak babestu eta sustatzeko helburuz. Zinemari loturiko lerroa izan da estatuek izendatu zuten lan ildo balioetsienetariko bat; izan ere, zinemagintza sustatzeak aukerako jarduera zirudien Europako hizkuntzak eta kulturak zabaldu eta indartzeko: ikus-entzunezkoen industriak barruan biltzen baititu berrikuntza teknologikoa, ekonomikoa eta kulturala.

Europako Kontseiluak bultzatuta, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (EEUHEG)[1] (laburturik, ‘Eurogutuna’), 1992ko ekainaren 25ean onartu zuen Europako Legebiltzarrak. Europako Kontseiluak arautzen dituen beste itun batzuk ez bezala, Europako estatuak ez daude derrigortuta Eurogutuna sinatzera. Estatuek sinatu eta berretsi egin behar dute indarrean sar dadin, eta estatu bakoitzak zehazten du zer konpromiso mailari helduko dion. Espainiak 2001eko apirilaren 9an berretsi zuen, eta 2001eko abuztuaren 1ean sartu zen indarrean. Frantziak, oraindik ez baitu berretsi, ez du konpromisorik hartu ez euskara, ezta Frantziako estatuaren barruko beste hizkuntza eremu urriko batzuk ere babestu eta sustatzeko.

Eurogutunak Hitzaurrea eta bost Atal ditu; guztira, 23 artikulu. Hitzaurreak Gutunaren garrantziaz dihardu. Lehen Atalean (1.-6. artikuluak), xedapen orokorrak eta babestu beharreko hizkuntzak definitzen dira, baita estatuek hartuko dituzten konpromisoen nolakoa ere. Bigarren Atalean (7. artikulua) itunaren helburu nagusiak (orokorrak) zehazten dira. Hirugarrenean (8.-14. artikuluak), estatuek zer-nolako ekintza eta jarduerei hel diezaieketen zerrendatzen da, zazpi arlotan sailkatuta: irakaskuntza, justizia, administrazioa eta zerbitzu publikoak, hedabideak, kultur jarduera eta baliabideak, bizimodu ekonomiko eta soziala, eta mugaz gaindiko trukeak. Laugarren Atalean (15.-17. artikuluak) ituna aplikatzeko jarraibideak ematen dira. Bosgarren Atalak (18.-23. artikuluak) azken xedapenez dihardu.

Estatuek hartu beharreko konpromisoak Bigarren Atalean (betebehar orokorrak) eta Hirugarrenean ezarrita daude. Azken atal horretan zehaztuta dauden ekintza eta jardueretatik, gutxienez 35 hautatu eta zehaztu behar dituzte estatuek, behin Gutuna berretsi dutenean.

Lan honetan hizpide hartu ditugun euskara, galego eta katalan hizkuntzen kasuetara etorrita, Espainiak onartu zituen konpromisoak jasota eta zerrendatuta daude 1992ko azaroaren 5eko Aldizkari Ofizialean.

Adigai dugun EUVOS proiektu honi lotuta, 12. artikuluak dauka garrantzi gehien, eta, preseski, 1.b. eta 1.c. paragrafoek:

12. artikulua — Kultur jarduerak eta ekipamenduak

1. Kultur jarduerei eta ekipamenduei dagokienez —bereziki, liburutegiak, bideotekak, kultur zentroak, museoak, akademia artxiboak, antzokiak eta zinemak, literaturako eta zinema ekoizpeneko lanak, kultura herrikoiaren adierazpenerako lanak, jaialdiak, kultur industriak, eta batez ere teknologia berrien erabilera kontuan hartuta—, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, eta agintari publikoek arlo horretan eskumena, boterea edo egitekoa duten neurrian.

Konpromiso hauek hartu dituzte:

[…]

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio-, eta azpititulazio-lanak lagundu eta garatzea;

c) beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio-, eta azpititulazio-lanak lagundu eta garatzea;

Gainerako paragrafoek duten interesari muzin egin gabe, goian adierazitako horiei helduko zaie hemen, haiei erreparatuta abiatu baitzuten azpidatziei buruzko ikerketa aurkezpenean aipatu ditugun unibertsitateek.

Europako Kultur Ondare Immateriala babesteko neurrien artean, beraz, azpidazketa jarduerak sustatzea aholkatu zen. Nolanahi ere den, Europako Kontseiluko itunak betetzea kontingentzien araberakoa da, ez baitira nahitaezko irizpideen meneko; hau da, neurriak inplementatu bai, inplementatzen dira, Europako Kontseiluan, baina ez da emaitzarik jasotzen (Ledo, 2016 eta 2017), eta «aldeek betebeharrak bereganatzen dituzte, baina gutunak ez du proposatzen gutuna bete ezean jarraitu beharreko neurri hertsatzailerik» (Ramallo, 2017, 81).

Hortik segitzen da Europako estatuek zergatik ez dioten behar besteko erantzukizunarekin heltzen hizkuntzen eta kulturen aniztasuna sustatzeari: «Zigor gabeko legea, mingain gabeko txilina», dio euskal esaera zahar batek.

Azpidatziak: integraziorako eta hizkuntzak ikasteko tresna

Azpidatziei bi eginkizun eta funtzio nagusi aitortu ohi zaizkie: batetik, entzumen urriko pertsonak ikus-entzunezkoetara hurbiltzeko aukera eskaintzea, eta, bestetik, hizkuntzak (gure kasuan, euskara, galegoa eta katalana) ikusgarri egiteko ez ezik ikasteko tresna ere izatea.

Entzumen urria edo desgaitasuna duten pertsona taldeek azken urteetan gero eta ozenago eskatu dute beren zeinu hizkuntzak ere eremu urrikotzat hartzea. Europako Kontseiluak oraingoz ez du horrelakorik onetsi Eurogutunean, «eta egunerokoan zeinu hizkuntzak erabiltzen dituzten Europako biztanle guztientzat ondorio penagarriak dituen iraina da» (Ramallo, 2017, 83). Zeinu hizkuntzak ere asko dira: ez dute ahozko hizkuntzen parez pareko garapena izan; ahozko hizkuntzaren beraren barruan ere entzumen urriko pertsona taldeek zeinu hizkuntza desberdinak darabiltzate.

Entzumen urritasuna edota desgaitasuna duten pertsonentzat, informazioa eskuratzeko bide ezin egokiagoa da azpidazketa. Zer esanik ez zinemara eta ikus-entzunezkoen mundura hurbiltzeko. Alabaina, tresna edo laguntza hori irisgarritasunaren eta gizarte integrazioaren ikuspegitik bideratu izan da, ez hizkuntzen edo kulturen aniztasunetik. Entzumen urritasuna duten pertsonei onartu onartzen zaie azpidatzi bidezko irisgarritasun eskubidea[2]; beste kontu bat da non eta nola bermatzen zaien. Agindua gorabehera, telebistek ez dute ehuneko ehun betetzen legea, eta ETBren kasua da horren adierazle (nahiz eta hasita dagoen azpidatzi irisgarriak eskaintzen saio bakanen batean; betiere irisgarritasuna bermatzeko, eta ez hizkuntza eskubideak).

Hala, bada, non geratzen da euskal hedabide publikoaren ahalegina entzumen urriko pertsonak, euskararen balio instrumentalaz gaituta, euskal gizartean integra daitezen? Integrazioaz ari garelarik, (batik bat) azken urteetako immigrazioaren ondorioz euskaraz ez dakiten pertsonak ere ezin dira ahaztu. Ezin ukatu euskarazko azpidatziak eskaintzen dituen euskarazko telebista publikoa onuragarria eta beharrezkoa denik haientzat ere.

EUVOS proiektua hizkuntza hegemonikoetan ekoitzitako filmak euskaraz, galegoz eta katalanez azpidatzitako lanetan fokatu da. Alegia, Gutunaren 12. artikuluko c) atalean. Gutxiago erreparatu zaio eremu urriko hizkuntza horietan propio egindako zinemagintzari. Bai euskaraz (galegoz eta katalanez) azpidatzitako kanpo produkzioek, bai hizkuntza gutxiagotuan (euskaraz, galegoz, katalanez) filmatutako produkzioek, gutxienez, bi funtzio nagusi bete ohi dituzte eremu urriko hizkuntzaren ikuspegitik: hizkuntza horiek ikusgarri egitea eta funtzionaltasun betekoak eta erabilgarri ere badirela erakustea. Hizkuntzaren bitartez eratzen, eraikitzen eta berreraikitzen den iruditeriak eta sinbolismoak duten goren balioa ere nabarmentzekoa da. Eta, bidenabar, hizkuntzen eta kulturen aniztasuna aitortzea.

Ohar bat, aurrera egin aurretik. Ez da gauza bera hizkuntza hegemonikoetan sortutako ikus-entzunezkoak azpidatzita ematea (JBA, jatorrizko bertsio azpidatziak), edo eremu urriko hizkuntzan sortutako produkzioak beste hizkuntza batzuetan azpidaztea. Lehen kasuan, ikus-entzuleak hizkuntza hegemonikoa entzuten du, eta gutxitua irakurtzen. Bigarren kasuari dagokionez, alderantziz gertatzen da: eremu urriko hizkuntza entzuten da, eta beste hizkuntzan (normalean, hizkuntza hegemonikoan) azpidatzitakoa irakurri behar du zinemazaleak.

Esan ohi da azpidatziak aukerako tresnak direla hizkuntzak ikasteko; xede hori ere esleitu zaie. Arestiko lehen kasuan, ahozko hizkuntza hegemonikoa ikasteko balio lezake, edo idatzizko hizkuntza gutxitua (euskara). Ostera, bigarren kasuari erreparatuz gero, egokiagoa dirudi ahozko euskara ikasteko eta idatzizko hizkuntza hegemonikoa.

Filmaren jatorrizko hizkuntzan (demagun, ingelesez) trebatu nahi duen ikus- entzuleak euskaraz idatzitako azpidatziak izango ditu lagungarri: euskaraz alfabetatua den hartzailearengan pentsatzen ari gara, edo ingelesa oso ongi dakien hiztuna eta euskaraz ikasten diharduenarengan (idatzizko euskararen ikaslea). Aldiz, euskara, galegoa edo katalana ikasten dihardutenek (ahozko) jatorrizko bertsioa dute lagungarri hizkuntza gutxituan trebatzeko, eta, nahi/ahal izanez gero, hizkuntza bereko azpidatziak ere izango dituzte, agian (zinema aretoan, nekez; baina, gainerako pantailetan, oso litekeena da azpidatzien aukera ikuslearen esku izatea). Hizkuntzaren ikaskuntza integralagoa egingo dute horrela.

Eremu urriko hizkuntzan ekoitzitako zinemari, ikusgarritasunaz gain, hizkuntza eta kultura horren prestigioa eta funtzio sozialak zabaltzea aitortzen zaio, gehienbat. Baita nazio identitatea pizteko edo biziberritzeko tresna izatea ere (Bacon, 2015). Edo, bestela esateko, erresistentzia ekintza bat (Ledo et al., 2016; Guyot, 2020) (ez, haatik, ikaskuntza helburuak bazter uztea: ahozko euskarak/galegoak/katalanak dituzten soinu-azentuei eta erritmoari erreparatzeko bide ezin hobea baita hizkuntzaren musika aditzea).

Euskaraz, galegoz eta katalanez azpidazteko politika publikoak

Hiru hizkuntza eta hiru kasu dira euskaraz, galegoz eta katalanez ekoitzitako zinematografiak, baita hizkuntza horietara eta horietatik azpidatzitako filmenak ere. Hizkuntza horiek nagusi diren Espainiako autonomia erkidegoetan zentratu da proiektua, eta azpidatziak baliatzen diren produkzioari begiratuko zaio hemen. Esan nahi baita, euskararen eta katalanaren produkzioei Euskaditik eta Kataluniatik begiratu zaie; ez Euskal Herria ez Herrialde Katalanak oinarri hartuta. Galegozko produkzioari dagokionez, Galiziako autonomia erkidegokoari baino ez zaio erreparatu.

Jar ditzagun hiru hizkuntzak beren testuinguruan, euren arteko aldeak erakutsi baino lehen. Galiziak 2.800.000 biztanle inguru zituen 2013an, eta bost urtetik gorako gehienak gai ziren galegoa ondo edo oso ondo ulertzeko, hitz egiteko eta irakurtzeko; idazteko gaitasunari dagokionez, berriz, galegoen hamarretik hiruk zekiten oso ondo idazten, eta, beste horrenbestek, nahiko ondo (RAG, 2016).

Euskadiko autonomia erkidegoan, berriz, hamasei urtetik gorako 2.950.000 pertsona inguru bizi ziren 2016an; hamasei urtetik gorakoen artetik hirutik bat inguru zen euskalduna; % 19 inguru, euskaldun hartzailea, eta % 47, erdalduna (VI. Inkesta Soziolinguistikoa).

Kataluniako autonomia erkidegoari dagokionez, 7.550.000 biztanle inguru zituen 2013an; hamabost urtetik gorako biztanleen bostetik lau baino gehiago gai dira katalana ulertzeko (% 95), irakurtzeko (% 82) eta hitz egiteko (% 80); idazteko, aldiz, % 60 dira gai (Institut de Estadística de Catalunya-EULP, 2015).

EUVOS proiektua aipaturiko autonomia erkidegoetako hizkuntza minorizatuei begira zedarritu zen; horrenbestez, euskaraz, galegoz eta katalanez egiten den azpidatzien egoera «mugatu» hori (muga administratiboei atxikia) zein den erakutsi zuen.

Azpidatzien inguruko politika publikoak eta gauzatutako praktikak aztertzean, hauxe da ia berehala hautemandako egoera: alde handiak daude autonomia erkidego batzuen eta besteen artean.

Espainiako testuinguruan, Kataluniako gobernua eredugarri gisa ikusi izan da gainerako hizkuntza gutxituetako komunitateetan, zinema katalana babesteko eta bultzatzeko hartu eta ezarri izan dituen neurriengatik: Kataluniako Legebiltzarrak onartutako 2010eko Zinema Katalanaren Legea, kasurako. Zinemaren lege horrek zera agintzen zuen: Kataluniako zinema aretoetako estreinaldien erdiak katalanez eskainiko zirela. Hala, katalanezko produkzio deitzen diete bai katalanez sortutako jatorrizko bertsioari, bai katalanez azpidatzitako nahiz bikoiztutako bertsioei.

Harrezkero, hainbat murrizketa izan ditu katalanezko zinemaren lege-arau horrek, hura gaitzesten zuten taldeek eragindako presioen ondorioz —zinema-banatzaileak, Europako Batzordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionala…—. Baina, 2015etik, Generalitateko Hizkuntza Politikak banatzen dituen dirulaguntzen bitartez babesten dira katalanezko bikoizketa eta azpidazketa, bai zinema aretoetako bai VOD plataformetako emanaldietarako.

Alde biko hitzarmenak ere egin ditu Kataluniako gobernuak, urtero, Movistar+-ekin (2014tik) eta Filmin-FilminCat-ekin (2016tik). Ekimen horiei esker, ehunka ikus-entzunezko azpidatzi dira katalanez. Movistar+-ekin, 2018. urtea amaitzerako, 1.165 film luze eta telesailen 200 denboraldiko 1.580 kapitulu baino gehiago azpidatzi ziren (La Vanguardia, 2018). FilminCat katalogo horrekin abiatu zen 2017ko ekainean: 1.000 film luze, telesailetako 400 kapitulu, animaziozko 100 lan eta 32 film labur, guztiak katalanera bikoiztuta edo azpidatzita (Clares Gavilán, 2017). Hiru urteren buruan (2020ko ekaina), era guztietako 3.527 ikus-entzunezko eskaintzen ditu; haietarik 122 serieak dira (FilminCat, 2020). VOD plataforma horiekin ez ezik, Texas zinema aretoen jabe den Ventura Pons aktorearekin ere hitzarmenak egin ditu Hizkuntza Politikako Zuzendaritzak, filmak azpidazteko. 2015eko lehen seihilekoan, esaterako, 90 film eman zituzten katalanez (66 azpidatzita, 20 bikoiztuta eta 5 jatorrizko bertsioan), eta bigarren seihilekoan beste 84 azpidazteko hitzarmena sinatu zuten (La Vanguardia, 2015). Texas aretoen helburua jatorrizko bertsioak katalanez eskaintzea da; normalean, bikoiztutako emanaldiak haurrentzako filmak izaten dira, eta azpidatzitakoak, gainerako publikoarentzat. Ohiko zinema aretoetako prezioaren erdia ordaintzen da sarrera.

Beste politika publiko batzuen artean, nabarmentzekoa da, halaber, zinema jaialdietako filmak azpidazteko laguntza programa, 2008an abiatua. Hala, 2018ko Sitgesko Jaialdian, % 58 film azpidatzi ziren katalanez (Barreiro eta Clares-Gavilán, 2020). Kataluniako zinema jaialdietan garrantzitsuena da Sitgeskoa; Donostiako Zinemaldia bezala, FIAPFren sailkapenean, kategoria gorenekoa (A) da.

Galiziako egoera beste muturrean dago. Galiziako 1999ko Ikus-entzunezkoen Legeak ez zuen azpidatziei buruzko aipamenik jasotzen. Erakunde publikoen laguntzek Galiziako Telebistarako (TVG) bideratutakoak baino ez dituzte kontuan hartzen, eta ia ez du azpidatzitako emanaldirik eskaintzen. Galiziako Xuntaren Normalizazio Planaren (2004) ikus-entzunezkoen industriaren atalean, galegoa sustatzeko, bikoizketaren jarduera gehitzeko aipamena egiten da, baina azpidatziak ez daude aurreikusita galego gaitasuna hobetzeko tresna gisa.

Zinema areto komertzialetan, bikoiztutako bertsioak eskaintzen dira, baina gaztelaniaz, ez galegoz. Eta galegoz azpidatzita eskaintzen diren filmak partikularren ekimenen fruitu dira. Bi dira aipagarriak. Numax kultur kooperatibaren[3] kasua paradigmatikoa da: Santiagoko elkarte horrek galegoz azpidatzitako filmak eskaintzen ditu bere jabegoko areto txiki batean, 2015etik. Beste inon ez da eskaintzen galegoz azpidatzitako filmik areto arruntek film komertzialak (espainolez bikoiztuak) eskaintzen dituzten erregulartasunez. Numaxek badu urtean bost film azpidazteko hitzarmen bat Xuntako Hizkuntza Politikako Zuzendaritzarekin, baina banaketa eta gainerako ekoizpena bere gain hartzen ditu elkarteak (Pérez Pereiro et al., 2019).

Filmak galegoz azpidatzi eta eskaintzeko beste herri ekimena zineklubetatik sortua da. Sei klub dira Galizian, eta lauk gaztelaniaz azpidatzitako filmak erakusten dituzte; batek (Cine Clube Padre Feijoo) galegozko azpidatzi profesionalak eskaintzen ditu aldian behin, eta beste batek, Cine Clube Compostelak, zale talde batek landutako galegozko azpidatzi alegalak eskaini ohi ditu.

Zinema jaialdiak eremu eraginkorrak dira azpidatziak ikusteko eta sustatzeko: jaialdietako ikusleak ohituak daude filmak jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin ikustera. Galizian ez da A kategoria duen zinemaldirik egiten, nahiz eta badiren beste jaialdi apalago batzuk. Aipatzekoa da, nazioartean duen oihartzunagatik, Play-Doc dokumentalen zinema jaialdia, zeina 2005etik urtero antolatu baita. Jaialdi horretako emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan eta galegozko azpidatziekin ematen dira.

Xuntaren Kultura Sailaren meneko AGADIC erakundeak (Agencia Galega de Industrias Culturales) sustatzen duen Cinemas de Galicia programak herriz herriko film emanaldiak eskaintzen ditu; gehienak espainolez daude, eta ez dute galegozko azpidatzirik.

Euskal Autonomia Erkidegoan, euskarazko azpidatzietarako dauden egiturak eta laguntzak Katalunian eta Galizian dituztenen tartekoak dira, nolabait esan.

1980ko lehen urteetatik babestu, lagundu eta sustatu izan du Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian ekoitzitako zinema[4]. Errepaso historikoa egin barik, bakarrik esango dugu garaian-garaian programa desberdinak izan direla, izaerari, baldintzei eta diru kopuruei dagokienez. Hemen, baina, hizkuntza hegemonikoetako filmak euskaraz azpidazteko bideei erreparatuko diegu. Badira ekimen publikoko laguntzak, eta badira ekimen pribatuak ere.

Filmen banatze-hedatzeak eta zinema saioen emanaldiak antolatzeko programetan zehaztu izan ditu Eusko Jaurlaritzak hizkuntza hegemonikoetan ekoitzitako filmak azpidazteko eta bikoizteko laguntzak. Pérez Pereirok eta bestek Small Cinemas, Small Spaces kongresuan (2019) azaldu zuten moduan, 1987tik 2008ra bitartean, urtero deialdi bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak kanpoko filmak euskaratzeko eta aretoetan emateko. Zehaztu behar da garai horretan batik bat filmen euskarazko bikoizketa egin zela. Eta gogora ekarri behar da, halaber, EITBn ere bikoizketak agintzen zuela, ez euskarazko azpidatziek[5].

Hurrengo urteetan, deialdi hori haurrentzako filmak bikoizteko deialdi bilakatu zen; Gabonetan eta urteko sasoi berezietan, zinema areto komertzialetara jauzi egiten zuen    euskarak; euskarara bikoiztutako saioak ziren; euskarazko estreinaldiak, askotan.

2010eko Gabonetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatuta, Zinema Euskaraz kanpaina jarri zen abian, bi filmekin. Programaren helburua hauxe zen: aisialdian euskararen erabilera bultzatu eta herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera bermatzea (Berria, 2010-12-15). 2011n zehar, beste 18 film eskaini ziren zinema aretoetan, euskaraz bikoiztuta. 2012-2013 ikasturtean, filmak zinema areto komertzialetan estreinatzeaz gain, DVD bidezko salmenta, Interneteko streaminga, udalerrietako zinema aretoetan eta eskoletan zabaltzea ere aurreikusi zen. Harrezkero, Zineuskadiren bitartez kudeatzen da Zinema Euskaraz programa.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzaz, Filmazpit sortu zen 2011n, honako bazkide hauekin: Zinemaldia Sozietatea, Euskadiko Filmategia Fundazioa eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Webgunean diotenez, «euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da» (Filmazpit, 2020). Ekimen horrek kalitatezko jatorrizko zinema ikusteko aukera eskaini nahi die herritarrei, euskarazko azpidatziekin.

2014tik, Filmazpitek Zineuskadiren[6] laguntza jasotzen du. 2014an, Zineuskadik eta Donostia Kulturak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten, Filmazpit programa bultzatzeko. Harrezkero, bien artean kudeatzen dute.

Filmazpitek gai interesgarriren bat eskaintzen duten filmak edota zinemaldietan eskaini izan direnak hautatzen ditu bere katalogorako. Emanaldi ez-komertzialak eskaintzen ditu kultur eragile edo ikastetxeentzat; doako zerbitzua da. Bitan sailkatuak daude filmak: katalogo barrukoak (filmen banatzaileekin hitzartutako akordioaren arabera, emanaldi edo proiekzio publikoak irabazi asmorik gabekoa izan behar du), eta katalogotik kanpokoak (Filmazpit-ekin elkarlanean aritzen diren eragileek eskura jarritako azpidatziak dira, baina filmen eskubiderik ez dute). Guztira, 400 film baino gehiago daude.

Bada beste ekimen publiko garrantzitsu bat euskaraz azpidatziak egiten laguntzen duena: Kultura Saileko Hizkuntza Politikako Zuzendaritzak Movistar+-ekin 2014an egindako hitzarmena. Hasieran, bi urterako zen, eta 279 film eta 24 telesail (225 kapitulu guztira) azpidatzi behar ziren. Open Data Euskadi biltegian daude telefonia enpresa horrekin egindako azpidatziak, edonoren esku: hartu eta erabiltzeko. Bost urtean, 2014ko azarotik 2019ko abendura bitartean, 1.194 film eta 123 telesail eta minitelesail inguru zeuden azpidatzita.

Erakunde publikoen laguntzarekin urtero antolatu ohi den Kimuak film laburren aukeraketa ere ezin aipatu gabe utzi. Euskal Herrian ekoizten diren film laburren artean onenak hautatzen dira, gero Euskal Herrian nahiz nazioartean erakusteko. Hautatuak gertatzen direnak hainbat hizkuntzatan azpidazten dira; besteak beste, euskaraz. Badira 22 urte Kimuakeko katalogoa osatuz doala.

Herri ekimenak ere badu zer esanik euskarazko azpidatzien ekoizpenean. Ezaguna denez, Luistxo Fernandezek filmak euskaratzeari ekin zion 2008an, bere kabuz, eta azpitituluak.com atarian edonoren eskura jarri zituen (gaur, azpitituluak.eus du izena). Hamar urtean (2008-2018 tartean), 1.000 lan inguru azpidatzi zituzten Fernandezek eta beste lagun batzuek. Denbora hori igarota, alto egitea erabaki zuen: proiektua beste norbaitek hartzeko eskaintza egin zuen. Azkenean, 2018ko udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntza poxi batekin —3.270 euro jaso zituen— Fernandezen enpresak, Codesyntax-ek, konpromiso hauek hartu zituen: webgunea berritzea eta hainbat eduki berri gehitzea (gutxienez, 100 filmen azpidatzi berriak, eta zenbait telesailen 50 atal). Horretarako, Azpitituluak Euskaraz webgunea ahalegin komunitario gisa funtzionatzeaz arduratzen da Codesyntax, eta, aurreko garaian bezala, boluntarioei eskaintzen zaie azpidatziak eta filmak kargatzeko aukera.

EITBren Nahieran platafoman, euskaraz sortu eta bikoiztutako film ugari dago; baina ez da azpidatzitako lanen bila joateko tokia. VOD plataformei dagokienez, berriz, oso poliki ari dira euskarazko lanak sartzen euren biltegietan. Oparoena eLiburutegia da: euskarazko 1.600 lan eskaintzen ditu (jatorrizko bertsioak, bikoiztuak eta azpidatziak). Filmin oraindik asko ez dela hasi zen euskarazko eskaintza egiten: 40 lan inguru daude (jatorrizko bertsioak, bikoiztuak eta azpidatziak). Netflixek, ostera, lan gutxi batzuk besterik ez ditu.

Arestian aipatu den moduan, zinemaldiak aukerakoak dira jatorrizko filmak euskaraz azpidatzita ikusteko. Euskal Autonomia Erkidegoan, guztien artean, Donostiako Zinemaldia nabarmendu behar da, Sitgesko Jaialdia bezala FIAPFko A kategoriakoa baita. Alde handia dago bien artean, baina: Zinemaldian euskaraz azpidazten diren filmak askoz ere gutxiago dira. Berbarako, 2018ko jaialdian, emanaldi guztietarik % 20tik behera eskaini ziren euskaraz azpidatzita. Eta, 2019an, askoz gutxiago (% 5 inguru).

Baina bada euskarazko azpidatzien aldeko apustu sendoagoa egin duenik ere: ZINEBI (Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia) da aipagarriena. Donostiako Zinemaldia bezala, FIAPFko goi kategoriako jaialdia da, baina dokumental eta film laburren alorrean. 2019ko emanaldi guztiak euskaraz azpidatzita eskaini zituen.

Badira zinemaldi apalagoak ere jatorrizko bertsioak euskarazko azpidatziz lagunduta ematen dituztenak. BBK Mendi Film Festival-eko film guztiak azpidatzi ziren euskaraz 2019ko edizioan. Lekeitioko Zinebilera ere ezin da ahaztu: 42 urte bete ditu 2019an, eta euskaraz ez diren filmak beti azpidatzi izan dira euskaraz.

Nondik datozen hutsuneak

Katalanez, galegoz eta euskaraz azpidatzitako/bikoiztutako zinematografiek aje bertsua dute: ez dute zalerik, ez dute jarraitzailerik. Hartzaile nahikorik ez. Hizkuntza horietan filmatutako pelikularen batek edo bestek arrakasta «handia» lortzen duenean, «loraldia» gertatzen denean, orduan itxuratzen dira zertxobait zinema aretoak. Gainerako emanaldietan, audientziak oso apalak dira.

Katalunian egiten den besteko ahaleginik nekez egiten da beste hizkuntza gutxiagotuetan: dirua, promozioa, eskaintza ugaria, adinari doitutako lanak atontzea, areto eta sarrera merkeak, euskarri mota guztietarako eskura jartzea… Ahal diren moldakuntza gehienak egin dituzte, hartzaileek aukerari hel diezaioten. Baina zerbaitek huts egiten du.

Porsche batean doaz hizkuntza hegemonikoak, eta hizkuntza gutxiagotu bakoitza garajetik atera ezinik datorren gurdi xaharra da, zein atzerago eta makalago. Lehenak puntarik punta dabiltza, berrikuntzen lehen lerroan beti eta hiztun-ikusleak haiei jarraika liluraturik: haizeak nora, zapiak hara. Hizkuntza gutxituei dagokienez, gogor erasaten die galgak bizi funtzio guztietan: aldeko haize nahikorik ezin bildu hegaldatzeko. Gutierrez eta Huguetek (2020), katalanaren kasuari lotuta, berriki aipatu dute nondik datozen ezinak: zinema-banatzaileek eta enpresariek interes gutxi erakusten dute eta inertziak sobera, burokrazia arazoak gainezka dira, lege aldetik babesa urri, politika eraginkorrak bultzatzeko agintarien ezin-mezinak; herritarren inplikazio eta entusiasmo eskasia, eta aurrerago ikusteko gaitasun askorik ez, edo, agian, nagia. Guztiarekin ere, faktore pisutsu ugari dira, eta zaildu egiten dute ikus-entzunezkoen kontsumo ohituretan edo aukera linguistikoetan eragitea.

Horrek, ordea, ez liguke pentsarazi behar azpidazketa eta bikoizketa sustatzeko neurriak alferrikakoak direnik ez dutelako berehalako emaitzarik erdiesten. Aitzitik, ikus-entzunezkoen sistemak kulturaren beste sistemekin batera egin behar du aurrera. Hizkuntza, literatura, itzulpengintza, bertsolaritza, ikuskizunak (antzerkia, opera, musika…), hedabideak (euskarri guztietakoak), publizitatea, hezkuntza, museoak, lan mundua, telekomunikazioak, osasungintza, zientzia, teknologia… Sistema horiek guztiak arima beraren gizarte-eratzaileak dira. Ikuspegi holistikoa behar da, osotasunaren barruan sistema bakoitzaren egitekoa zein den zehazteko eta osotasunak bere barruan atal bakoitza nola integratzen duen definitzeko. Bidea oso luzea eta neketsua izango dela jakinik ere.

Erreferentziak

Bacon, Henry (2015). «Why should a small nation have its own film culture?». In Ledó Andión, Margarita (koord.): Finlandia, Galicia, Gales. Os retos dos pequenos cinemas en linguas non hexemónicas. Santiago de Compostela.

Barreiro, M. S., & Clares-Gavilán, J. (2020). «Public policies and strategies to foster access to films in a minority language. Catalonia and film subtitling 2015-2017». International Journal of Cultural Policy. DOI: 10.1080/10286632.2020.1743698.

Berria (2010-12-15). «Gabonetan hasiko da zinema euskaraz».

Clares Gavilán, Judith (2017 ekaina). «Llega FilminCAT: el portal de vídeo bajo demanda de cine y series en catalán». Comein, 67.

Espainiako Aldizkari Ofiziala, 236 (1999-10-02). Ley 6/1999, de 1 de septiembre, del Audiovisual de Galicia.

Espainiako Aldizkari Ofiziala, 79 (2010-IV-1). Ley 7/2010, de 31 de marzo, General de la Comunicación Audiovisual.

Europako Kontseilua. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (EEUHEG).

Filmazpit (2020 ekaina).

FilminCat (2020 ekaina). Catáleg.

Gutiérrez, Alex eta Huguet, Judit (2020-06-06). «El català a les plataformes: què el frena?». Ara egunkaria.

Guyot, Jacques (2020). Cultures de résisitence. Peuples et langues minorisés. Paris: Presses des Mines.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (2019). VI. Inkesta Soziolinguistikoa.

Institut de Estadística de Catalunya, EULP (2015). Enquesta d’usos lingüístics de la població, 2013. Bartzelona: Generalitat de Catalunya. Direcció General de Política Lingüística del Departament de Cultura i l’Institut d’Estadística de Catalunya.

Larrinaga Larrazabal, Asier (2019). Euskararen normalizazioa. Ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra. Bilbo: UEU eta EHU.

La Vanguardia (2015-07-13). «Los cines Texas proyectarán más películas en versión original subtitulada en catalán». 

——— (2018-12-10). «Movistar+ ha subtitulado en catalán 250 películas y 60 series este 2018».

Ledó Andión, Margarita; López Gómez, Antía eta Pérez Pereiro, Marta (2016). «Cine europeo en lenguas de naciones sin estado y pequeñas naciones». Revista Latina de Comunicación Social 71, 309-331 or. DOI: 10.4185/RCLS-2016-1097.

Ledó Andión, Margarita; López Gómez, Antía eta Castelló Mayor, Enrique (2017). «El rol del cine en versión original en el espacio digital europeo». Comunicar 51, XXV, 73-82 or. DOI: 103916/C51.2017-07.

Pérez Pereiro, Marta; Barreiro González, Soliña eta Azpillaga Goenaga, Patxi (2019). «Subtitling and Translation for the visibility of non-hegemonic languages in Cinema». 10th Annual Small Cinemas Conference-n aurkeztutako komunikazioa, Lisboako Unibertsitatea (2019-09-25/27).

Real Academia Galega (2016). Lingua e sociedade en Galicia. A evolución sociolingüítica 1992-2013.

Ramallo, Fernando (2017). «Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 25. urteurrena». BAT Soziolinguistika aldizkaria, 103, 75.-88. or.

Xunta de Galicia. Plan xeral de normalización da lingua galega (2004-09-21). O portal da lingua galega.


Oharrak

1. Eskualdeetako eta Gutxiengoen Europako Gutuna/Ituna/Karta izena ere eman zaio euskaraz. Guk hemen goiko izendapenari eutsiko diogu.

2. Ikus: Espainiako 7/2010 Legea, martxoaren 31koa, Ikus-entzunezko Komunikazioaren    sektore pribatu eta publikoa xedatzen duena. Beren-beregi jasotzen du telebistetarako araua (8. artikulua). Zinemarako, ostera, ez dago horrelako araurik, eta zinema-banatzaileen esku geratzen da aretoetan erakutsiko den filma zer bertsiotan emango den.

3. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta zinema, liburu denda eta ikus-entzunezkoen komunikazioa eta diseinua lantzeko laborategia. Ikastetxeei ere eskaintzen dizkie zinema saioak. Ikus: NUMAX.

4. Euskal zinema terminoa erabiltzea saihestu dugu artikulu honetan, adigai interesgarria izanagatik. Testuinguru honetan, ez du lekurik.

5. EITBn, 30 filmetik gora eman ziren euskarazko azpidatziekin Klasikoak jatorriz saioan (2000. urtean). Ekimen ia bakarra izan da erakunde publikoan (Larrinaga Larrazabal, 2019).

6. Zineuskadi euskal ikus-entzunezko sektoreari laguntza ematea xede duen elkartea da, irabazi asmorik gabekoa, zeinean partaide baitira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika Saila eta Euskal Herriko bi ekoizle elkarteak: IBAIA eta EPE-APV (lehena: Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea, eta bigarrena: Euskal Produktoreen Elkartea). Zineuskadiko bazkide dira, halaber, EITB, Donostiako Zinemaldia eta Euskal Filmategia. Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektoreari eskaintzen dion laguntza honetan datza: batetik, profesionalei eta enpresei eskaintzen diena euskal zinema garatu eta zabaldu dezaten Europan eta, oro har, nazioartean. Bestetik, sare profesionalak sortzeko sustapena egiten du, Europa eleaniztunaren testuinguruan, hizkuntza ez-hegemonikoetan ekoizten diren filmei arreta berezia jarriz.