Laburtzapena euskaraz
Artikulua PDFn
1. SARRERA
Presatuak bizi omen gara egunotan. Lanak ahal bezain agudo egiteko sistimak dira nagusitzen, otordu azkarrak dituzte nonahi zerbitzen, loa laburtu egin zaigu halabeharrez. Hitzak ere laburtu egiten dira: hizketarako nagiak jota esaten diote ande, aho batez, eskolako haurrek beren andereñoari.
Hitzak laburtzeko joera hizkuntza idatzia bera bezain zaharra da, idaztearekin batera hasi zen hitzei zatiak lapurtzeko (ez ote dira hurbilak, hotsez gain, laburtu eta lapurtu?) ohitura, ahozkoa papereratzea kosta egiten bait da beti ere. Adibidez, azkar aspertu ziren izkribauak anno Domini idazten eta a.D. asmatu.
Baina hitzen laburtzapena den zaharrena delarik ere, aro modernoan hartu du bere benetako indarra, bereziki 1930 urteaz geroztik. Zientzia, teknika, nazioarteko erakundeak eta politika izan dira laburtzapenen sorleku, eta gizarte osoa pairatzaile.
Euskara ez da berandu arte zientzia, teknika, nazioarteko edo politika hizkuntza izan, eta ondorioz laburtzapena izakin linguistiko berria da euskaraz. Berria baina abailan etorritakoa, askotan hizkuntzak irentsi ahalaz gainerakoa, bestetan erdal erasoaren poderioz irentsierazia... Laburtzapena, euskara modernoaren behaztopa!
Laburtzapenen kontua makina bat hiztegi berezitan aurkituko duzu aztertua, baina bitan ere ez definizio berdinez. Denetan azalpenik ordenatuena José Martínez de Sousak ematen du, eta nik horri segituko diot ondoko hitzotan.
2. LABURTZAPEN MOTAK
Hitzak laburtzeko eragiketa orori laburtzapen deritzo, baina laburtzapen mota guztiak ez dira berdinak. Teorian ezaugarri diferenteak dituzte, praktikan oso maiz elkargainkatuz eta nahasirik azaltzen badira ere.
Martínez de Sousaren arabera, laburtzapen mota hauek berezi behar dira:
LABURTZAPENA | |
Hitz bakanak | Hitz multzoak |
Laburketa Laburdura Ikurra Zifra |
Akronimoa Sigla |
2.1. Laburketa
Hizkuntzalaritza hiztegi gehienetan laburketa hitzaren gorputz fonikoaren mozketari deritzo. Adibiderik errezenak hizkera kolokialean gertatu ohi dira, zinema esaten denan zinematografo osoaren ordainez esate aterako. Laburtzapen modu bera erabiltzen da ere izen hipokoristikoetan, Koldobikeren ordainez Koldo esaten denean. Laburtzapen modu hau ez da ia sekula idatzirik erabiltzen, eta idaztekotan laburketa fonikoa esaten den bezala idatziko da, hau da, inolako markarik gabe (puntua, etc).
Mounin-ek ere horrelaxe definitzen du, baina siglarekin nahasiz batzuetan. Lázaro Carreter-ek ez du jasotzen, eta laburtzapen izendatzen du lehen aipatutako zine adibidea. International Reading Association-ek berriz laburdurapean nahasten ditu laburtzapen mota guztiak siglak salbu.
2.2. Laburdura
Hitz bakanen nahiz hitz multzoen ordaina izan daiteke laburdura, azkenean beti puntu batez markatzen delarik, Jn. Jaunaren ordez adibidez. Bestetan bi hitz edo gehiago badira ordainkizun horien hasierakoak besterik ez dira jartzen maiuskulaz eta punttu banaz, O.E. adibidez on eritziaren ordez.
Gainerako laburtzapen moduek ez bezala (ikurra ezik) laburdurak ez du hitz berra sortzen, irakurtzerakoan alde grafikoa ez baizik eta ordezkatzen d(it)uen hitz osoa(k) irakurtzen d(ir)elarik. Esan nahi bait da, gutun baten oinean Sin idazten denean ez da ese-i-ene ez eta sin bera ere irakurtzen, sinatzaile baizik.
Laburdurak historia luzea dauka. Grekoek eta erromatarrek maiz erabili zuten, hainbesteraino Justinianok debekatu ere egin bait zituen. Laburduraren erak dira:
- galera-laburdurak: hitzaren bukaera da galtzen dena, letra bat baino gehiago gordez, garai batetan galdutako zatia apostrofe batez edo 9 zenbakiaz ordezkatzen zelarik. Kasu ezaguna da etc etceteraren ordez. Mounin-ek sail honetan aipatzen ditu Art., Adj. eta Bldg artikulu, adjetibo eta building hitzen ordain. Lázaro Carreter-ek berriz ikurrarekin nahasten du, adibide bakarra kg. aipatzeri bait du.
- trinkotze-laburdurak: hitzaren barrua da galtzen dena, hasiera eta bukaera gordez Dr., bezala.
- ideograma-laburdurak: mezu berbal baten ordaina ematen duten zeinuak dira, bereziki matematikan erabiltzen direnak: + gehi edo plus hitzen ordez, -, =, &, %, $, etc.
2.3. Ikurra
Gainerako laburtzapen modu guztiak ez bezala, ikurra guztiz modernoa da: Berzelius (1779-1848) kimikari suediarra hasi zen laburtzapen modu hau erabiltzen kimika-elementuak adierazteko hitzaren lehenengo letra edo lehenengoa eta bigarrena idatziz, beste elementuekin ez nahasteko eran. Gaur zientzia eta teknikaren beste alor askotan dira erabiliak ikurrak, hala nola meteorologian, matematikan edo puntu kardinalak izendatzeko. Badira erabilera zabaleko ikurrak normalizatzeko zeregina duten nazioarteko erakundeak, hauetarik nagusiena ISO (International Organization for Standardization) deitua delarik. Ikurrak dira, esate baterako, kg, m, t kilogramoa, metroa eta tonelada adierazteko.
Ikurrek ez dute beren idazkeran inolako markarik izaten, ezta punturik ere. Ez dute, noski, hitz berririk sortzen, irakurri ordezkatzen duten hitz osoa egiten delarik. Hala ere, zientzi alorretik mundu zabalera irten izan diren ikur batzu lexikalizatu egin direla esan daiteke. Adibide bat: LSD Lysergic Diethylamida.
2.4. Zifra
Lehen lehenik esan behar da zifra laburduraren sinonimoa dela, laburtzapen era eta ordezkapena modu beretsuan egiten bait dira batean nola bestean. Baina badute diferentziarik ere: zifrak lotu egiten ditu letrak, tartean punturik gabe, adibidez izen-deituren inizialetan. Euskaraz bada adibide polita: JEL da euskarazko zifra bat, Jangoikua eta lagi zara esamoldearen laburtzapena, hasierako nazionalistek lema gisa erabili zutena. Bistan da JEL guztiz lexikalizatua dagoela: hara jelkide, jeltzale.
2.5 Akronimoa
Laburtzapen mota honek bi hitz edo gehiagotatik hitz berria sortzen du, haietako hasierako edo/eta bukaerako letra(k) hartuz. Gure arteko akronimoa dugu Bidegoian udalerri gizpuzkoarraren izena, zeina sortzen bait da Bidania eta Goiatz herrien izenetik.
Ohar bedi dena dela akronimoak beti hitz berria sortzen duela, hau da, "esangarri" izan behar duen hitza. Horregatik Bidegoian asmatu zuenak e bat sartu zuen tartean Bide- hasiera osatzeko, euskarazko beste hitz baten homonimoa eginez eta n erantsi bukaeran, lekuzko euskal izen anitzetan arrunta (Ataun, Larrun, Lerin...). Munduan maiz erabili izan da akronimoa herri izen berriak sortzeko: Soweto (South West Town), Pakistan (Penjab Afgan Kashmir Sind gehi -stan atzizkia persieraz lur adierazten duena).
2.6. Sigla
Laburtzapen mota hau da gaur egun, alde guztietara, gehienik erabiltzen dena, eta beraz honek du guretzat garrantzirik handiena. Orain arte esandako guztien argitan, uler daiteke siglak gainerako laburtzapen mota guztietan parte har dezakeela, laburketa salbuetsiz. Izan ere, sigla galera-laburdura izan daiteke, hitzen hasierako letra baizik gordetzen ez denez. Era berean, akronimotzat jo daiteke sigla, hitz batzuen hasieren konbinaketaz osatzen bait da.
Nola berezi, beraz, laburdura, akronimoa eta sigla? Laburdura beti idatziko da puntuz, eta sigla punturik gabe. Akronimoak hasierako nahiz bukaerako letra bat edo gehiago har dezake, eta siglak beti hasierakoa besterik ez du hartuko. Akronimoak eta siglak, zeinek bere arauez, beti hitz berri bat osatzen dute, punturik gabe idatzi eta silabaka nahiz letraka irakurtzen dena. Laburdurak, ostera, ez du halakorik egiten ahal, irakurtzen dena hitz laburtua bait da eta ez laburdura bera.
Akronimoa eta sigla bereiztea, ikusten denez, ez da erraz. Akronimoaren osaketa nahastezina da (oroit Bidegoian), behar diren baldintzak ez badira betetzen, akronimoa ez sigla baizik izango litzatekeelarik. Baina, badira modu irregularrez sortutako siglak, hots, tartean bokaleren bat dutenak inizialez gain sigla bera silabaka esangarria izan dadin (RENFE sigla Red Nacional de los Ferrocarriles Españoles izendapenetik hartu da). Akronimoa, bestalde, minuskulaz idatziko da beti, eta sigla berriz maiuskulaz, nahiz eta salbuespen batzu izan minuskulez: bere argitalpenetan Unescok beti erabiltzen du minuskula. Beraz esan beharko genuke sigla edukin semantikorik ez duen hitz berria dela, laburtu nahi den izendapen luzeago baten ordain gisa erabiltzen dena.
3. EUSKARAZKO LABURTZAPENAK
Lehenengo euskal laburtzapenak, mundu zabalean ez bezala, laburtzapen politikoak izan ziren. Lehen aipatu dugu JEL zifra, alderdi nazionalistaren sorreran filosofia eta ekintzabide politiko berria laburtzen zuena.
Baina frankismopean sortutako erakunde politiko eta armatuei zor zaie, duda gabe, euskal siglak mundura zabaldu izana. Euzkadi ta Azkatasuna denominazioa jatorki laburtu zuten ETA sortuz, aldi berean siglaren arau nagusia gogoan hartu (euskara arruntean eta da lotura elementuaren era, baina sigla esangarria izan zedin ta komeni zen) eta euskaraz zalantzarik gabe maiztasun handienaz erabiltzen den hitzaren homonimoa sortuz. Berezitasun hauek kontutan izanik, Euzkadi ta Azkatasuna da ETA siglak sor zitzakeen izendapen aproposena, Estimated Time of Arrival edo European Teachers' Association baino aproposagoa bistan denez.
Sigla politikoak ugari dira Euskal Herrian, baina ez dira beti mentura berdinekoak euskaraz nola erdaraz izan. Adibidez, PNV da alderdi nazionalistaren sigla, baita euskaldun gehienon ahotan ere, agian euskarazko EAJ ordaina askoz ere baldarragoa delako, esangaitzagoa nolabait (duela ez asko irakurri nuen alderdi barruko zenbaitek PNV EAJ nahi dutela bihurtu...).
Beste batzuetan badirudi sigla politikoak "politizaturik" daudela: HASI Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea jasi ahoskatzen dute euskaldunek nola erdaldunek, "h" jainkogabe eta marxista eztarri garratzez azpimarratuz edo.
Lehen ere esan dugu ETAren hartan sigla batzuren doaia dela hizkuntzan bestela ere benetako hitza den baten homonimoa izatea. Euskaraz ez dira gutxi: ETA, FIASI, HABE (Helduen Alfabetatze-Berreuskalduntze Erakundea), ERNE (Ertzainen sindikatua), etc.
Politikaz landa, berriki administrazioan an dira sortzen euskal siglak, batzuetan euskal senez (HIZPAL Hizkuntz Punta Arruntak Lantzeko Lantaldea), maiz erdarazko siglen itzulpen gisa (SEFOCONA Servicio Forestal y de Conservación de la Naturaleza erdaraz BAIZER Basozaintza eta Izadiaren Zaintzarako Zerbitzua euskaraz). Azken boladan euskal administrazioan laburtzapen bitxi moduko batzu famatu dira -kidetza atzizkiaz baliatuz moldatu direnak: Osakidetza (erdaraz Servicio Vasco de Salud!), Udalkidetza (erdaraz Plan Foral de Obras y Servicios!), Elkarkidetza (erdaraz Mutua Complementaria de Derechos Pasivos omen!). Mesede ederra egingo ligukete -kidetza guztiok zer demontre esan nahi duten azalduko balute. Dudarik ez dago behintzat orain arte zehaztu ditugun laburtzapen era guztien aurka direla.
3.1. Siglak eratzeko erizpideak
Orohar esan genezake siglak moldatzeko arauak siglaren ohizko definizioan jasoak direla (hitzaren hasiera letrak, edo beste termino batzuen hasierez osatutako termino berria), baina hori ez da beti halabeharrezkoa.
Izan ere, batzutan sigla modu arruntean moldatuta silabaka irakurgarria gertatzen da, hala nola BEZ Balio Erantsiaren gaineko Zerga, edo OLI Ordenadorez Lagundutako Irakaskuntza; bestetan berriz sigla esangaitza gertatuko litzatekeenez hasierako letrarekin batera hurrengo bokalak ere jasotzen dira, adibidez NOLEGA Normalizazio Legeren Garapena (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskararen Normalizazio Legearen garapena koordinatzeko duen batzorde bat); bestetan berriz hitzen osagaiak (hitz elkartuak, erroa eta atzizkia, ea.) bereizten dira hasierako letrak hartzeko, adibidez ETB Euskal Telebista, edo EIMA Euskal Ikasmaterialgintza; bestetan hizkuntzaren benetako beste hitz edo elementurekin analogia bilatzen da, hala nola GAUTENA Gipuzkoako Autisten Elkartea, non bukaeran -na erantsi bait da, agian Autisten horren analogiaz, agian euskarazko norena? deklinabide kasuaren analogiaz; bestetan azkenik hasieran letra bera duten bi hitz inizial bakarraz jaso daitezke, esate baterako lehen aipatutako HIZPAL (Lantzeko eta Lantaldea l bakarraren ordainaz) edo BAIZER (z bakarra da Zaintzarako eta Zerbitzua adierazten duena).
Gogoan har bedi beti ere asko direla letraka baizik irakurri ezin litezkeen siglak, kontsonante-bokalez (LKI ele-ka-i irakurtzen da Liga Komunista Iraultzailea) nahiz kontsonante hutsez moldatuak (HB hatxe-be irakurtzen da Herri Batasuna). Multzo honetan, dena dela, kontuz ibili beharra dago amaiezinezko siglak ez sortzeko, horrelakoak ere bai bait daude: GLFAEPOZ Gipuzkoako Leku eta Foru Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua.
Badirudi beraz sigla ororen ezaugarririk estimatuena silabaka nahiz letraka erraz eta modu erosoan irakur eta esangarria izatea dela.
3.2. Siglen idazkera
Autore gehienen ustetan siglak idazteko era normalizatua hauxe da: maiuskulaz eta punturik gabe ez tarteetan ez bukaeran. Sigla hitz arrunten gisara irakurri behar baldin bada puntuek eragotzi egingo lukete irakurketa. Letra maiuskulez, badirudi sigla batzuetan lexikalizatze eboluzio garbi bat dela: O.N.U., ONU, Onu. Grafia honek siglaren betebeharra lausotu besterik ez du egiten. Badira sigla guztiz lexikalizatu batzu (laser, radar), zeinetan definizioaren siglak gaia edo materiala izendatzen bait du. Baina hauek ez dira minuskulaz idatzitako siglak, izen faktizioak baizik.
3.3. Siglen deklinabidea
Esana dugu sigla beti hitz arruntaren gisan irakurri behar deja. Han honi segituz esan behar dugu ere sigla izen arrunta bezala deklinatu behar dela, hau da, euskal izen arruntak deklinatzeko diren arauak gordez.
Era honetan, sigla izenaren erroa balitz bezala jokatuko dugu, "BEZa 1986 urtearen hasieran ezarriko da", "GAUTENAko Idazkari Nagusia", "EIMAren atal ezberdiriak", etc idatziz. Gogoan izan idazkeran sigla eta deklinabide-atzizkia bereizteko modu bakarra dagoela: sigla beti maiuskulaz eta atzizkia minuskulaz siglari bitarterik gabe lotua.
Pluralean erne ibili beharra dago. Izan ere, siglak berak plurala den izendapena ordezka dezake, adibidez HT Herri Taldeak. Horietan, deklinabidea derrigorrez izango da beti pluralean, "HTek agiria zabaldu dute", etc. Baina berez singularra den izendapena pluralez adierazi nahi baldin bada, inizialak errepikatuz egingo da: FFAA Foru Aldundiak; hauetan "Eusko Jaurlaritza eta FFAAak bat etorri dira", "FFAAek aurrekontuak prestatu dituzte", etc.
Dena dela sigla bera deklinabiderik gabe idatziko da perpausa baten barruan ez denean, bera bakarrik baizik azaltzen ez denean, titulo batetan adibidez.
3.4. Siglen ebakera
Ingleseraz sigla gehienak letraka irakurtzen baldin badira ere, gure artean ohizkoagoa da silabaka egitea, ahal den guztietan behintzat. Horrela DAK (Drogaren Aurkako Koordinakundea) dak esango da. Bestetan berriz ezinezkoa da, eta letraka irakurri beharra dago: AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) a-e-ka.
Dena dela, gogoan izan behar da siglek izen propioen ordain direnez oso erraz identifikatu ohi direla haiekin, azentua ere horretara makurtuz. Eta badakigu izen propioak direla erdal azentuaz kutsatzen errezenak: tolósa bezala jotzen dugu gifárbe esatera (GIFARBE Gipuzkoako Farmazilari Bulegodunen Elkartea).
3.5. Siglen itzulpena
Eskuarki siglak hizkutza jakin batetan sortzen dira, eta hartatik hartzen dute beren forma. Gainera, hauetako asko nazioartean erabiliak dira, beti sortu zituen hizkuntzaren era berean.
Ondorioz, guztiz baliogabeko lana da siglak euskaratzen hastea. Baina hori baino inozoagoa da gure inguruetako erderek (gaztelerak eta frantsesak) behinola siglak itzultzeko izan zuten joera aintzat hartu, eta siglak hizkuntza horietan erabiltzen diren bezala euskaraz erabiltzea. Aspertuta gaude "OTAN" irakurri eta entzuten, gazteleraz eta frantseseraz baino ez duen forma horretaz: mundu guztiak NATO dio; eta gainera F. Krutwigek aurkikunde polita egin du —helas!— NATO siglak euskal izendapenarenak ere badirela ohartuz: North Atlantikoko Traktatuaren Organizationea.
IHES ikusi nuen duela ez asko Eusko Jaurlaritzaren liburuska batetan Hartutako Inmuno-Eskasiaren Sindromea, gaztelerazko SIDA adierazteko. Ostera ere, zergatik ez mundu guztian hedatua den AIDS?
Beste kontu bat izan liteke administrazioak eta gainerako erakunde publikoek sigla berri bat sortzen dutenean euskaraz nahiz erdarazko izendapenari dagokion sigla ez ote duen eman behar, eta areago, administrazio publikoan erabiltzen diren siglen indize ofizial eta normalizatuak egin beharko lituzkeela. Noizko euskal sigla ofizial eta ez ofizialen hiztegia?
Aipamenak
International Reading Association. 1985. Diccionario de lectura y términos afines. Madrid: Fundación Germán Sánchez Ruipérez.
LAZARO CARRETER, Fernando. 1953. Diccionario de términos filológicos. Madrid: Editorial Gredos.
MARTINEZ DE SOUSA, José. 1978. Diccionario internacional de siglas. Madrid: Ediciones Pirámide.
MOUNIN, Georges. 1982. Dictionnaire de la Linguistique. Paris: PUF.