Unesco albistaria eta euskal itzulpena
Gordailuko taldea

1. Hasierako kezkak

Duela urtebete, oraintxe, Eguberri aurretik, dei bat telefonoz HABE-ko Alfabetakuntza Sailaren arduradunek eta elkarrizketa batetan Unesco-ren Albistaria argitara eman eta euskal itzulpenaren ardura hartzeko proposamena. Ezin uka ustekabean harrapatu ez gintuenik. Aurrez, UZEI eta beste talderen bati proposamen bera eta haiek errefusatu. Geuk, Gordailuko ekipoak, baiezkoa. Ez inolako zalantzarik gabe eta aldeko nahiz kontrako arrazoiak pisatzeke, ausartzia dexenterekin ere bai, baina baietz, prest ginela froga bat egiteko, ea... hala ekin genion delako Albistaria-ren euskal itzulpenari.

Otsaileko hilabetean etorri zen argitara lehen zenbakia Alfabetakuntza gaiaren inguru, eta bata bestearen ondoren, hurrengo hilabeteetan, Herriak eta beren kultura, Hizkuntzak, zaindu beharreko altxorra, beste biak. Hasteko, hirukote honen ardura eman zitzaigun eta hartu ere ez genuen gehiagorako konpromezurik, bada ezpada ere, hartu nahi izan. Eta arrazoia nahiko sinplea zen, geure buruaren indar edo ahalmenak neurtzeaz aparte, ekipoan lan egitea eskatzen zuela gisa honetako zeregin batek, eta ekipoa nola moldatu eta irizpide berdinetara edo behintzat beretsuetara nola bilduko zen gutariko bakoitza ez genekiela. Funtsean, aldizkari kultural baten ardura hartzen genuen eskuartean, gai monografikoz horniturik den aldizkari batena eta zenbait gai guztiz teknikoak lantzen dituen aldizkariarena, hala nola astronomia, gerra nuklearra, etab.

Alde batetik ongi ohartzen ginen, Albistaria-ren edukin multzoari begiratuz gero, zenbait gairen teknikotasunaz eta honek itzultzaileari gai horietan espezializatua ez izateak zekarkion zailtasunaz, eta bestetik, honek gure baitan zer suposatzen zuen, nolabait esateko, heldutasunik ezaz aparte, denboraren arazoa ere bai bait zekarren berekin, hots, hamabost egun edo askoz gehiago gabeko epe baten barne aldizkaria osatuko zuen orrialde multzoaren itzulpena behar genuela burutu, alegia.

Hala eta guztiz, kezka bakarrik ez, pozgarritasunik ere bazen pisuaren balantzan eta lehen zenbakia burutu genuenetik beretik izan genuen horretaz konturatzeko egokiera. Itzultzaileoi, bere eginkizunak dakarkio hori, autore ezberdin eta ezezagunen pentsamendura hurbiltzeko eta berorien mezuan Sakontzeko bidea ematen zigun. Bidenabar, behar da esan, gainera, lehenengo hiru zenbakiok (alfabetakuntza, kultura ezberdinak, hizkuntza handi eta txikiak) gai interesgarriak zirela benetan. Bestalde, informazio zabala ekarri ohi duen aldizkaria da, inon diren gai eta autoreak bilatzen dituelarik eta munduko herrialde nahiz arazo interesgarrienen ezagutza ematen duelarik. Ororen buru, halakoxe ohore bat ere eskaintzen zuen gure aldizkariak: 32. postuan euskara, suedierarekin paretsuan, munduko hizkuntzen kontzertuan sartzen zela ikustearekin. Esan nahi bait da, Unesco Albistaria 30 hizkuntzetan argitara ematen zela B5eko Otsailera arte, harrez gero gure hizkuntzak suedieraren ondotik 32. lekua okupatzen duela orain.

2. Arazo nagusia

Berehalaxe jabetu ginen hasierako "teknikotasuna" deitu arazoa ez zela geuk uste genuen bezain arazo bihurria. Izan ere aldizkaria, bertan gai teknikoak jorratzen diren arren, dibulazioko maila batetan ari bait zen. Artikulu ezberdinek itzulen lanetan ere tratamendu ezberdina eskatzen dutela begien bistan zegoen. Esaterako, ez da gauza bera apaindurazko artikulu literario bat ala zientifiko zehatz bat izan, edo kronika saltsadun bat edo txosten estatistiko soil bat. Eta esan dezagun bidenabar, aldizkariak denetarik duela. Laburbilduz, errealitatean, mezuaren arazoak du batzutan garrantzia eta estiloarenak beste batzutan.

Baina hasiera hasieratik besterik izan zen gure artean gako nagusia, eta puntu horretan zentratu zen gure arteko eztabaida ere: maila kulturala mantendu ala hau ulergarritasunaren zerbitzutan hori batetan sakrifikatu beharra. Bestela esanik, gure aldizkari hau zinez aldizkari kulturala izanik, eta euskara kultur baliokide ororekin beste hizkuntzen parean eta korronte berean sartu orde, guztiaren gainetik ulerterraza egitea, gure hizkuntzak egungo egunean duen pobrezia edo irakurlego eskasa kontutan harturik. Horra hor zertan zetzan aipaturiko gakoa.

Dena den, urratsak eman heinean eta esperientziak erakutsi bidearen arabera, praktikan halakoxe oreka bat gorde dugun ustea daukagu gaur egun. Honetan ezin uka Euskaltzaindiak erabakirik dituen arauak zehatz mehatz jarraitzeak bidea asko errazten duela eta era berean UZEIk, bere hiztegi teknikoak direla medio, eskaini laguntza eskerga ez dela mola baliagarritasun txikia.

3. Itzuri beharreko arriskua

On da Unesco-ren Albistariak nola funtzionatzen duen edo zein sistemaz baliatzen den bere funtzionamendurako jakitea ere. Hara, esaterako hilabete honetan ingelesa/frantsesa/espainola, hiru hizkuntza hauetan argitara eman ohi da aldizkaria, eta ondoko hilabetean gainerako 29 hizkuntzetara itzultzen.

Gure kasuan, hots, euskal itzulpenaren kasuan, eta hasiera batetan behintzat, testu espainola baizik ez genuen izan eskuartean itzulpen lanetarako. Gauza jakina da honek berekin dakarren arriskua zer nolakoa den. Esan beharrik ez, espainolaren zerbitzutan jokatzea (edo berdin da frantsesarenean) derrigorki itzuri behar den arrisku bizia dela. Geroago eskuratu zitzaigun frantses edizioa eta are geroago ingelesa. Hiru testuak begi bistan edukitzea ezinbestekotzat ematen dugu, baldin eta euskal itzulpenaren egokitasuna segurtatu nahi bada behintzat.

Ez da batere begi zorrotza erabili beharrik, hiru testuok (ingelesa/frantsesa/espainola) bata bestearekin konparatuz, bere artean hainbat ezberdintasun badela konturatzeko. Zenbaki bakoitzean aztertu ohi den gai monografikoaren nahiz artikulu bakoitzaren izenburuen arteko diferentziak adibidez; halako edo holako autore brasildarra, japoniarra, arabiarra,... dela ezagutu arren, maiz askotari ez dakizu itzultzen ari zaren artikulua jatorriz zein hizkuntzatan idatzirik dagoen hiru hizkuntzetan dauden diferentziak ikusirik; espainolezko, frantsesezko edo ingelesezko testuek zenbait aldiz, informazioari berari dagokionean ere, desberdintasunik asko agertzen dute, batzutan batak besteek emaniko informazioa osatuz, nabarmenki murriztuz beste batzutan, eta, inoiz erabat kenduz, batzuetan parrafo baten edo lerro batzuren neurrira iristeraino. Horrek pentsa erazten digu artikulu batzu, bata bestearen itzulpen izateke, denak direla beste lan zabalago baten itzulpen-moldaketa, eta jatorrizko lan hori hiru hizkuntza horietariko batetan ezik, laugarren batetan idatzia egon daitekeela.

Bestalde, itzulpen hutsezko kasuetan, hots, moldaketarik ez dagoenetan, edozein itzulpenetan bezalaxe, ingeles-frantses-espainolean erabili diren hitzek edo esaldiaren antolaketek hiru testuen artean desberdintasun zenbait erakusten dute, batean, bitan edo denetan hizkuntz mailako interpretazioa egon dela agertzen delarik.

Hori, ondorioz, euskararako itzultzailearentzat, zalantza bidea izan ohi da, jatorrizkoa zein den, edo jatorrizkoari ondoen zeinek erantzuten dion ez bait daki, batzutan zailtasun eta beste batzutan laguntza izanez, aukerak zabaltzen direlako.

4. Arazo puntualak

Arazo puntualetan, badira aldizkari honetan, beren maiztasunagatik, garrantzi berezia daukaten batzu, eta edozein euskal testu landu samarretan gertatu ohi diren beste batzu.

Lehenengoen artean aipatuko ditugu:

a) Toki izenak: estatu, horin, henri eta eskualde izenak. Euskaltzaindiaren estatu izenen zerrendak estatu gehienak dakartza (ez denak), baina toponimia nagusiaren arloko gainerako izendegiari buruz ez daukagu erizpide garbirik. Izan ere, Euskaltzaindiaren aipatu zerrendan Herribeheak eta Bou Kosta-rekin batera (itzuliak), Kosta Rika eta Puerto Riko (bere horretan) datoz, Frantzia eta Grezia-rekin batera, Ceylan eta Qypre, baina Txad, eta Txina, baina Bangla Desh eta Liechtenstein, Kambodia, Qatar eta Iraq. Beraz, nola idatzi behar ditugu toki izen ezezagunak? Jatorrizko izenak berak ere, gehienetan, ez ditugu ezagutzen espainolaren, frantsesaren eta ingelesaren bidez baizik, eta bakoitzak bere erara hartzen ditu. Gainera, askotan jatorrizkoa bertakoek izkribakera ez-latinoz (arabea, zirilikoa, ekialdekoak,...) idazten dutenez, haiek dakartzatenak transkripzioak edo are transkripzio egokituak izan ohi dira.

b) Pertsona izenak. Hauen kasua aurrekoa baino sinpleagoa da: jatorrizko izena egokitu behar ez denez gero, alfabeto latinoz idazten direnak bere hartan uzteko ez dago problemarik, eta zailtasuna transkripzioa egin beharreko kasuetan soilik agertzen da. Hala ere, hemen sartuko genituzke baita "hugolien", "claudelienne", "cervantino" eta horrelakoak: "hugotar" eta "claudeliar" emango al dugu, "cartesiar" gogoratuz? beti?, "cervantestar", "cervantesiar", "cervantino"… nola?

c) Erakunde izenak eta siglak. Erakunde izenak itzultzerakoan, ezagunak diren erredundantziaren eta hitz elkartu multzoen problemak sortzen dira batipat, baina, hiztegi kontuan bezala, puntu honetan UZEIk bidea nahikoa erakutsi eta erraztu du. Halere, beste arazo hau ere sortzen da: beti itzulpena eman behar al da, ala beti jatorrizkoa, ala jatorrizkoaren ondoan itzulpena parentesi artean, ala alderantziz? zein kasutan? Beste hainbeste zalantza edo gehiago sortzen da siglekin, zer sigla erabili, euskarazkoak, jatorrizkoak, biak?, zein jatorrizko, ingelesa, espainola ala frantsesa?, zeinbat erakunderen kasuan ez dakigu garbi zein hautatu, ingelesezkoa ala frantses/espainolezkoa (gehienetan berdinak), adibidez, UNO/ONU (Nazio Batuen Erakundea) eta OMS/WHO (Osasunaren Mundu-Erakundea). Bestalde, UZEIk berak Ekonomia hiztegian dakarren zerrendan ez du beti berdin jokatzen, adibidez, aipatu kasuetan ingelesezko eta espainol-frantsesezko siglak soilik dakartzan bitartean, Lana-ren Nazioarteko Erakundearen kasuan, LANE/OIT dakar, hots, euskal eta frantses espainol siglak (ingelesak ez), eta, Europako Ekonomi Elkartearen edota Europako Ikatz Aitzairuen Elkartearenean, EEE eta EIAE, hots, euskal siglak bakarrik dakartza.

d) Obra idatzien izenburuak. Hauekin, alde batetik, jatorrizkoa, itzulpena edo biak emateari dagokionez, lehen esandako gakoa bera dago; beste alde batetik, jatorrizko izkribakera ez-latinoa denean, gorago aipaturiko transkripzio-problemarena; eta azkenik, problema berezi bezala, obraren izenburuaren itzulpena emateko, gehien-gehienetan itzultzaileak izenburua bera besterik ez duela ezagutzen, hau da, obra ezagutu gabe eman behar duela izenburua, askotan bitarteko hizkuntzetan eman zaien itzulpenak itzuliz.

Aldizkari honen problemak, neurri batean espezifikoak, horiek badira, bigarren sailekoen artean, hots, edozein euskal testutan agertzen diren arazoen artean, garrantzitsuenak edo sarrienik azaldutakoak baino ez aipatzearren, hauek ekarriko ditugu gogora:

  • Aposizioak, badakigu, aurreko izen baten erreferentzia darama. Hala, deklinatu behar den kasuan, zein deklinatu: biak, aposizioa bakarrik, ala izena bakarrik? Adibidez, "Hassan Fathy k, arkitekto eta hirigile egyptiarrak,... teknikak asmatzen dihardu", "Hassan Fathy, arkitekto eta hirigile egyptiarrak,... teknikak asmatzen dihardu", ala "Hassan Fathy-k, arkitekto eta hirigile egyptiarra,... teknikak asmatzen dihardu"? eta arazoa are zailago bilakatzen da, berriz, aposizioaren barne esaldi subordinatuak agertzen direnean.

  • Erlatiboen eta kontsekutiboen erabilerari dagokionez, klasikoen erara 'non", "zeinen", "zeinaren" eta abar erabiltzeari buruz, gure ustez auzia ez dago horiek erabili edo ez erabakitzean, neurriz jokatzean baizik, izan ere, bai batere ez erabiltzea eta bai asko erabiltzea, bi jokabideak gerta bait daitezke nola ulergarritasunaren, hala dotoreziaren kaltetan. Eta gauza bera gertatzen da "hain zen ederra, non (ezen,...) txunditurik bait nindukan" moduko esaldiekin.

  • Adjektibo erreferentziala, izenlaguna, adjektibo soila, izenaren atzetik ala aurretik eta zein kasutan? Adibidez, 2. Mundu-gerra 12. gerra mundiala / munduko 2. gerra?, belgiar idazlea / idazie belgiarra?, hugotar hiztegia / hiztegi hugotarra / Hugo-ren hiztegia?,...

  • Izen bat izenlagun edo adjektibo bat baino gehiagorekin doanean, guztiekin era berean jokatu behar al da, denak aurrera edo denak atzera botaz, ala hori ez al da beharrezkoa: adib., "espazio hiritar eta arkitekturala" / "hineta arkitektur espazioa" / "hiri-espazio eta arkitekturala"?

  • Hitz elkartuen idazkera. Nola jokatu, lehen izena osorik gelditzen denetan marratxoa beti ipini, UZEIri jarraituz, hala HABEren bidetik, bigarren izena hitz elkartuetan maiztasun handiz agertzen denean, marratxoa kentzea hobe (maila, mota, saila,...)? Eta hitz bat beste bi edo gehiagorekin, errepikatu gabe, elkartu nahi denean, adibidez, "bero eta ur-energia" idatzi, JAKINek egiten duen erara, ala ez? Eta, bestalde, bi hitz baino gehiagoz osatutako hitz elkartuak onargarriak al dira?, beti?, hirukoak?... Adib., "udal-osasun-zerbitzua" baino onargarriago dirudi "udalaren osasun-zerbitzua" edo "osasunerako udal-zerbitzua" idazteak, aldiz, "eskulan-inportatzaile" ez da gogor egiten, agian "eskulan" hitz bakartzat hartzen dugulako.

  • Komatxo arteko sintagma bat deklinatu behar denean, zer egin komatxoekin? Adibide batek erakutsiko du problema ongien: "hiru mosketariak", eta "hiru mosketarientzat", ala "hiru mosketari" entzat, ala "hiru mosketari"entzat? Eta "lau ahizpak" balira, "ahizpentzat"-en, nola berezi atzizkia? ("Lau ahizpak"-entzat idazteak hori zerbaiten izenburua den kasurako bakarrik balio bait dezake). Non eta "hiru mosketariak" edo "lau ahizpak" delakoentzat, deituentzat, horientzat, eta era horretako irtenbideak beti erabili nahi ez badira, behintzat.

5. Heldutasun apurrak eta etorkizunari buruzko neurriak

Ia urtebeteko lanaren ondotik, atzera begiratuz gero, eta balorazio gisako zerbait eginez, zera ikusten dugu, Albistaria-ren itzulpen lanetan gorago aipatu euskararen kultur maila eta ulergarritasunaren arteko oreka gordetzea aski positiboa izan dela gure iritzitan. Puntu honetan ez dugu batere dudarik. Besterik litzateke hala ere, hastapenetatik arduradunek proposatu helburuetara instenan garen ala ez eta baiezkoa bada, behar hainbatetan ari garen egiaztatzea.

Gu geuk, itzultzaile ekipoak, beste lorpen bat ere eskuratu dugu nahiko positibotzat daukaguna eta her batetako heldutasunera geure esperientzia eraman duena, zuzenketa lana. Hasiera batetan lan honek bi fase bezala zituen:

  • Itzultzaileak eskuz idatzitako itzulpena irakurri, hutsik nabarmenenak zuzendu eta makinazko idazketa burutzea.
  • Bigarren irakurketa, azken zuzenketak eginez.

Orain, azken zenbakiotan, gainera, makinaz idatziaren hutsak zuzendu ondoan edo aldi berean beste irakurketa bat egin ohi dugu batak bestearen itzulpen lanak hartuz, zenbait anbiguotasun argitzeko eta esaldi bihurriak konpontzearren. Ororen buru, prozesu luzeagoa eta zehatzagoa eskatzen du itzulpena entregatu aurreko orrazketa lan honek. Honi, gainera, izenburuen, data ezberdinen, erakunde izenen, argazki oinetako artikuluen aipu etabarren artean gertatu diferentzien egokitzapena gehitzen bazaio, gure lana askoz emankorragoa bilakatzen da.

Halarik ere, ez dugu uste itzulpen lanetan guztia eginik eta lorturik dugunik, erdiespen horietan lokartzeraino. Ez gaude horretan, ezta gutxiagorik ere. Bi zeregin bederen badauzkagu jadanik burutu beharreko:

a) Fitxategia. Izen toponimikoen eta patronimikoen, erakunde izenen, klixe eginen esamolde bitxien, lexiko teknikoaren,... fitxategia.

b) Sistematizatze lana. Badira arazo batzu oraino zehaztu edo arautu gabe (gramatikazko zalantza, sintaxi problemak, joera desberdintasunak,...) geuretzat bederen hauei buruz erizpideak flnkatzea eta jokabide beretsua hartzeko bidea emango bait luke.

Eta azkenik aipamen gisa baizik ez bada ere, gauza egokia litzateke irakurle egoki batek urte honetan zehar argitara eman diren zenbaki guztiak hartu eta kritika balorapen antzeko zerbait egin baleza. Honen parean, arazo hau geure esku ez badago ere, zabalkundearen arazoa dago. Ez dakigu nola eta zer, baina Albistaria edonon ezagutzera ematea derrigorrezko dela uste dugu, baina hori bai, euskararen garapenak horrelako tresna ugari behar dituela ziur gaude benetan, eta gure aldizkaria, bere ahalbideen arabera, tresna egikor egin behar dela ere bai. Zeregin horretan gaude.