Hizkera ez-sexistaren erabilerarako itzulpen-teknikak
Nora Acosta López

Artikulu honen helburua hizkera ez-sexista erabiltzen duten itzulpen-teknikak identifikatzea eta sailkatzea da, generoa ikuspegi feminista batetik itzultzeko tresna bat sortzeko. Horretarako, euskaraz idatzi eta gaztelaniara itzulitako lan feministen zazpi itzulpen garaikide sakon aztertu, eta, itzulpen horiek oinarritzat hartuta, zenbait itzulpen-teknika bildu dira, batetik, generoa neutralizatzeko, eta, bestetik, hura ikuspegi kritiko batetik markatzeko.

Sarrera

Itzulpengintza eta feminismoa elkarri eragiten dioten diziplinak dira, bai haien jatorrian, baita haien garapen eta eboluzioan ere. Alde batetik, itzulpengintza izan zen emakumea literaturaren mundura sartzeko bidea —egile izan ezin zitekeen gizarte batean—; praktika horrek, halaber, mezu feministak hedatzea eta feminismoaren diskurtsoa aberastea ahalbidetu zuen —baita gaur egun ere—. Bestalde, alderantzizko norabidean, feminismoak itzulpenaren teoria berreraikitzera eraman gintuen, itzulpen leial eta objektiboak egiteko aukera zalantzan jarriz, frogatu baitzuen ordura arte defendatzen zen «neutraltasun ideologikoa» patriarkala zela (Castro, 2008). Era berean, itzulpengintzak aukera eman zuen —eta ematen digu— hizkuntza baten adierazle sexistak kanpotik hautemateko, eta, atzeraelikadura etengabean, feminismoak hizkeraren erabilera patriarkalari egin dion kritikak ezinbestean eragiten dio itzulpen-jarduerari, arreta genero gramatikalaren itzulpenean jartzen duen neurrian (Arrizabalaga, 2007: 87).

Gaur egun ere, itzulpengintzaren eta feminismoaren arteko erlazioak eremuaren zabaltasuna erakusten du —diziplina bakoitzaren hedaduraren ondorio, baita ere—; horrela, zer itzultzen den, nork itzultzen duen eta nola itzultzen duen azter daiteke (Arrizabalaga, 2007: 81).

Artikulu honetan, azken alderdi hori ikertuko dugu: nola itzultzen den. Hizkeraren erabilera ez-sexista ardatz hartuta, genero gramatikalaren itzulpenean sakonduko dugu, genero-ikuspegi batetik. Ondoren, euskarazko lanen gaztelaniazko itzulpenen azterketa sistematikoaren bitartez, hizkeraren erabilera ez-sexista lortzea helburu duten itzulpen-teknikak bilduko ditugu, baliagarriak izan daitezen etorkizuneko itzulpen feministetarako tresna gisa.

Hautatutako hizkuntzak

Itzulpengintza feministaren ikuspegitik, zalantza asko sortzen dira itzultzeko orduan: azpimarragarrienetako bat genero gramatikalaren itzulpena da, batez ere generoa lan-hizkuntza bietan modu desberdinean gramatikalizatuta dagoenean (Castro, 2008: 291). Artikulu honetan, generorik ez duen hizkuntza batetik generoa etengabe gramatikalizatzen duen hizkuntza batera itzultzearen gaian sakondu nahi dugu. Azterketa hau aurrera eramateko aukeratu ditugun hizkuntzak euskara eta gaztelania dira.

Euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza baten adibide ezin hobea da; izan ere, Euskaltzaindiaren arabera (2021: 394-395), ez du genero-bereizketarik egiten bere gramatikan, ez behintzat izenen eta izenondoen morfologian. Izenetan, sexuen arteko aldeak termino desberdinen bidez markatzen dira, hitz-bikoteen bidez, eta halakoak ez dira inolaz ere aldaketa morfologikotzat hartzen: seme/alaba, lehengusu/lehengusina.

Bestalde, merezi du aipatzea hizkuntza erromanikoek etengabe markatzen dutela generoa; horregatik, gaztelania ere hizkuntza egokia da azterketa hau egiteko —kontuan hartuta, jakina, zein den gaztelaniaren eta euskararen arteko harremana gure testuinguru soziolinguistikoan—. RAEk (2009:24) azaltzen du gaztelaniazko izenak maskulinoak edo femeninoak izan daitezkeela. Izenak izaki bizidunei egiten dienean erreferentzia, genero gramatikalak sexu erreala bereiztea da ohikoena. Genero-dikotomia hori bi modutara eratuko da: batetik, erro berari gehitzen zaizkion genero-bereizgarriak edo desinentziak erabiliz —profesor/profesora—, eta, bestetik, heteronimoak erabiliz —yerno/nuera—. Halaber, badaude genero aldetik berdinak diren izenak —el/la artista— eta izen epizenoak, femeninoak nahiz maskulinoak izan daitezkeenak —persona edo personaje—, eta ez direnak aldatuko erreferentearen sexua edozein dela ere. Izenak izaki bizigabeei egiten dienean erreferentzia, bi kategorietako bat izatea da ohikoena —noche femeninoa da, eta día, berriz, maskulinoa—, edo genero aldetik anbiguoak  diren izenak egon arren bi genero gramatikalak onartzen dituztenak —el/la mar—.

Hizkuntza erromanikoetan, konplexuagoa da genero gramatikala errealitatearekin lotuta dagoela ulertzea, ideia abstraktuei edo objektu bizigabeei ere genero bat ematen baitzaie. Dena den, Castrok dioen bezala, «erreferenteak pertsonak direnean, genero gramatikalaren esleipenak sexu errealari egiten dio erreferentzia, eta emakumeen eta gizonen arteko bereizketa islatzen du […]: sexua eta genero linguistikoa bat datoz, eta errealitate bera izendatzen dute» (Castro, 2008: 290).

Hori guztia kontuan hartuta, arazoak agertzen dira maskulinoa generiko gisa erabiltzean. Jakina denez, RAEk «markatu gabeko generotzat» jotzen du maskulinoa, eta femeninoa, berriz, «markatutako generotzat». Beraz, maskulinoa erabili behar da bai gizonek osatutako talde bati erreferentzia egiteko, bai talde misto bati buruz hitz egiteko, taldearen proportzio femeninoa edozein dela ere (RAE eta ASALE, 2009:25). Fenomeno horri «maskulino generikoa» deritzo.

Ezin da ukatu maskulino generikoaren anbiguotasunaren ebidentzia, bere balio bikoitzetik eratorria —generiko nahiz espezifikotik—. Anbiguotasun hori maskulino espezifikoaren erabilera generikoak areagotu du, gizonaren nagusitasun sozial tradizionalaren ondorioz (Medina Guerra, 2016: 188-189). Defendatu izan da maskulino generikoak femeninoa barne hartzen duela, baina Bengoecheak dio femeninoa ordezten duela eta, horren ondorioz, emakumea baztertuta gelditzen dela diskurtsoan (2000: 36). Asko dira maskulino horren aurka altxatu diren ahotsak, generiko faltsua dela agerian utziz. Biztanleriaren zati bat baztertuta sentitu da maskulino generikoaren eta, oro har, hizkuntzaren erabileran, eta hortik etorri dira «hizkera inklusiboa» edo, zehazkiago, «hizkera ez-sexista» lortzeko ahaleginak. Ez da beharrezkoa aipatzea hizkera ez-sexistaren erabilerak eragin handia izan duela espainieran eta haren hiztunengan. Haren zabalkuntza ulertzeko, nahikoa da Berdintasun Ministerioak egindako bilduma honi erreparatzea: Guías para el uso no sexista del lenguaje. Azken hamarkadetan garatutako beste 120 gida biltzen ditu lan horrek, guztiak jasotzera iritsi gabe. Gida horietan, generoen arteko tratamendu asimetrikoa zuzentzeko jarraibideak proposatzen dira, baita maskulino generikoaren erabilera saihesteko estrategiak ere. Ez dago zehaztu beharrik hizkuntzaren erabilera sexista modu askotan adierazten dela, baina maskulino generikoa da haren zutabeetako bat, eta generoa izango da itzultzean aurkituko dugun dilema nagusietako bat; horregatik, hizkera ez-sexistetan maskulino generikoa ekiditeko erabiltzen diren tekniketan jarriko dugu arreta lan honetan.

Generoaren itzulpena

Genero gramatikalaren garrantzia eta hizkera ez-sexistaren mugimendu linguistikoa oso kontuan hartu behar dira itzultzeko orduan, batez ere generoa askorik gramatikalizatzen ez duen hizkuntza batetik —euskaratik— etengabe gramatikalizatzen duen hizkuntza batera —gaztelaniara— itzultzen dugunean.

Itzulpen-norabide horretan, maskulino generikoaren anbiguotasun intrintsekoa kontuan hartzeaz gain, «Male-As-Norm Principle» (Braun, 1997: 3) delakoaren arrisku handiaz ere jabetu behar dugu; hain zuzen ere, genero gramatikalik ez dagoenean modu inkontzientean maskulinotzat jotzen dugula azaltzen duen fenomenoa da «MAN Principle». Beste era batera esanda, generorik gabeko terminoak maskulinotzat hartzen dira, eta hala itzultzen dira: irakasle profesor bihurtuko da automatikoki, emakumea izateko aukera planteatu ere egin gabe. Castrok gaineratu du fenomeno hori indargabetuta gelditzen dela genero-estereotipoek kontrako norabidean jarduten dutenean (2008: 293): erizaina enfermera bihurtuko da automatikoki. Genero-roletan oinarritutako digresio txiki horretaz gain, Braunen (1997) eta Castroren (2008) ikerketek «maskulinoan» pentsatzeko eta itzultzeko joera erakusten dute.

Metodologia

Jarraian, lan hau egiteko funtsezko bi elementu aurkeztuko ditugu: batetik, hizkera ez-sexistaren teknikak, maskulino generikoa saihesteko, eta, bestetik, teknika horiek itzulpen garaikideetan identifikatzeko laginaren hautaketa.

Hizkera ez-sexistaren teknikak

Lehen zati honetarako, Mercedes Bengoechearen Guía para la revisión del lenguaje desde la perspectiva de género (2003: 11-29) lana hartu dugu oinarri gisa. Bengoecheak gaztelaniaz maskulino generikoa saihesteko jarraibideak garatzen ditu liburu horretan:

  • Izen kolektibo edo abstraktuak erabiltzea, ez-sexuatuak: la ciudadanía (*los ciudadanos).
  • Izen metonimiko bat erabiltzea: la Cámara Vasca (*los diputados).
  • Jentilizioen ordez jatorrizko lekua aipatzea: en Argentina (*los argentinos). Metonimiatzat hartzen da.
  • Perpausaren sintaxia aldatzea: se comunicó la decisión (*los delegados comunicaron la decisión).
  • Forma bikoitzen erabilera: vascas y vascos (*los vascos).
  • Barra edo a bildua erabiltzea: las/os alumnas/os (*los alumnos); ¿estás dispuest@? (*¿estás dispuesto?).
  • Quien(es) izenordaina erabiltzea: quienes hayan solicitado (*los solicitantes); quien venga (*el que venga).
  • Faltsuki generikoak diren izenordain maskulinoak ekiditeko beste termino batzuk erabiltzea: alguien (*uno); el resto (*los demás); uno y otra (*ambos); todo el mundo (*todos).
  • Beharrezkoak ez diren maskulinoak ezabatzea: nosotros lo descubrimos.

Bestalde, Medina Guerrak bi teknika hauek definitzen ditu Las alternativas al masculino genérico y su uso en el español de España (2016: 191) lanean, gure esparru teorikoa osatzeko balio digutenak:

  • Epizenoak erabiltzea: las criaturas (*los niños).
  • Genero aldetik berdinak diren izenak erabiltzea, determinatzailerik gabe: podrán participar estudiantes (*podrán participar los alumnos).

Jakina, jarraibide horiek aldaketa intralinguistikora bideratuta daude. Aurrerago, ingurune interlinguistiko batean behatuko ditugu: itzulpengintzan.

Azkenik, azterketan oso baliagarria izan zaigun itzulpen-teknika bat aipatuko dugu: «esplizitazioa», Vinay eta Darbelnetek Stylistique comparée du français et de l’anglais (1958:9) lanean proposatua. Esplizitazioa helmugako hizkuntzan jatorrizko hizkuntzan inplizituak diren zehaztapenak txertatzeko prozedura da. Askotan, teknika hau genero gramatikalaren itzulpenarekin erabili izan da, eta, horretara mugatzen ez bada ere, artikulu honetan horretan soilik jarriko dugu arreta. Esate baterako, neska batez ari bagara eta kezkatuta dago itzuli behar badugu, está preocupada esan dezakegu. Esplizitazioa gertatzen da, testuinguruak ematen baitigu generoari buruzko informazioa.

Laginaren aukeraketa

Azterketa ahalik eta zehatzena izan dadin, hizkera ez-sexista erabiltzea espero izatekoa den itzulpenak aukeratu ditugu: azken hamarkadan idatzi eta itzulitako lanak dira, egiletza eta itzulpen femeninokoak eta gai nagusitzat feminismoa dutenak. Halaber, gure hipotesia da ikerketa- lanetan termino generiko gehiago egongo direla, eta, horregatik, saiakeren itzulpenak aztertzea erabaki dugu. EIZIEren Nor da Nor datu-basea erabili dugu lagina aukeratzeko.

12_Acosta1.png
1. taula. Laginerako aukeratutako itzulpenak.

Ordena kronologikoa aukeratu dugu bildutako materiala aztertzeko, jatorrizko testua noiz argitaratu zen kontuan hartuta. Datek bat egiten badute, ordena alfabetikoari jarraitzea erabaki dugu, egilearen datuen arabera. Lagina ahalik eta zabalena izan dadin, liburuak osorik aztertu ditugu.

Itzulpen-teknika ez-sexisten analisia

Analisia da azterlan honen atal nagusia: maskulino generikoa nola saihestu den behatu, eta tradizionalki maskulino generikoarekin itzuliko liratekeen formak identifikatu eta haren alternatibak jasoko ditugu. Generorik gabeko formak jatorrizko hizkuntzan aurkeztuko ditugu, helmugako hizkuntzan dagokien itzulpenarekin batera, bai eta liburuaren zer orrialdetan aurki daitezkeen ere. Lehenik eta behin, generoaren neutralizazioa nola egin den aztertuko dugu; ondoren, generoa nola markatu den. Adibide-kopurua murrizteko, garrantzitsuenak bakarrik aipatuko ditugu.

El feminismo y las transformaciones en la política

Mari Luz Esteban antropologo feministak idatzi eta itzuli du feminismoari eta mugimenduak azken hamarkadetan bizi izan dituen aldaketei buruzko gogoeta sakon hori, arreta euskal feminismoan jarrita.

Aipatzekoa da autoitzulpenak askatasuna eta legitimitatea dakarrela —itzulpengintzan oso gutxitan daukagun gauza bat—, idazle-itzultzaileak zehatz baitaki zer komunikatu nahi duen eta nola komunikatu nahi duen. Horrek zuzenean eragiten dio generoaren itzulpenari, eta, horren ondorioz, Esteban itzultzaile oso transgresorea da hizkera ez-sexista erabiltzerakoan eta maskulino generikoaren aurka egiterakoan.

Generoa neutralizatzeko, prozedura asko erabiltzen ditu Estebanek, eta ohikoenetako bat generikoak erabiltzea da. Hainbat modutan gauzatzen da teknika hori: jatorrizko terminoaren baliokide abstraktua erabiliz (migratzaileak, 14 ⇑ la inmigración, 24) edo generiko global bat txertatuz eta ondoren gainerako informazioa zehaztuz (gazteak, 83 ⇑ gente joven, 98), besteak beste.

Generoa neutralizatzeko erabiltzen duen beste baliabide bat metonimia da. Pertsona izendatu ordez hura kide den erakundea, herrialdea edo enpresa izendatzeko erabiltzen da figura erretoriko hori (argentinarrek, euskaldunak, 18 ⇑ en Argentina, en Euskal Herria, 27).

Erabiltzen duen beste teknika oso egoki bat epizenoak dira; «pertsona» da epizeno ezagunenetako bat, eta hainbat modutan azaltzen da: (1) izenaren informazioa berehala gehitu eta adjektibo bihurtuz (migratzaileak eta errefuxiatuak, 35 ⇑ personas migradas y refugiadas, 45) edo mendeko perpaus bihurtuz (partiduetako kideak, 27 ⇑ las personas pertenecientes a partidos, 35), edo (2) generoa dela-eta problematikoa den hitza ordezkatzeko (ikasleak, 45 ⇑ personas, 54).  «Pertsona» modu generikoan erabiltzen da, beraz, baina badaude jatorrizko terminoari lotuago dauden epizenoak ere (umeak, 108 ⇑ las criaturas, 125).

Era berean, estrategia berri bat aurkitzen dugu genero aldetik berdinak diren izenetan (aktibistak, 40 ⇑ activistas, 49). Hala, pertsonaren generoa iradokitzen duen elementurik gabe agertzen dira, hau da, determinatzaile edo adjektibo sexuaturik gabe. Batzuetan, teknika hori erabiltzeak nukleoarekin batera doazen osagarriak aldatzea ere eskatzen du (aktibista mota askok, 32 ⇑ activistas de muy diferentes entornos, 42).

Kontuan hartu beharreko beste prozedura bat quien izenordaina da, genero-markak saihesten laguntzen baitu: nahi dutenekin eta nahi dutenen artean solastatzeko, 19 ⇑ para conversar con quienes quieran y entre quienes quieran, 28.

Generoa neutralizatzeko ildoari jarraituz, merezi du kategoria bat sortzea aztertutako itzulpenetan agertuko diren aldaketa sintaktiko guztiak bilduko dituena, gramatika-aldaketa oro —tradizioz transposizio izendatu dena— eta ikuspegi-aldaketa oro —tradizionalki, modulazioa— barne hartuko dituena. Kategoria horri birformulazio sintaktiko deritzo: itzulpen honetan, besteak beste, perpaus inpertsonal bat erabiltzen du Estebanek (ikertzaileak aztertzen hasi ziren, 25 ⇑ comenzó a estudiarse, 33).

Bestalde, badago patroi bat propio adjektiboa erabiltzeko orduan, cada una/o eta horrelako egitura problematikoak ordezkatzeko (norberaren esperientzia, 36 ⇑ la propia experiencia, 45). Halaber, las/os unas/os a las/os otras/os eta era horretako adierazpen problematikoei aurre egiteko, mutua/o adjektiboa darabil (elkar babestu, 95 ⇑ apoyo mutuo, 115). Genero aldetik neutroak diren egitura mota horiek «esamolde neutroak» izenpean taldekatuko ditugu.

Ezin da alde batera utzi omisioa, estrategia oso baliagarria baita, betiere genero-markak saihesten badira eta perpausaren zentzua aldatzen ez bada (dena ez zen partaideen arteko adostasuna, 27 ⇑ todo no era unanimidad, 29).

Generoa saihesteari buruzko azterketa amaitzeko, autoitzulpen honen teknikarik urratzaileenen artean dago «x» erabiltzea genero-marka ordezteko eta genero-identitate biak barne hartzeko —baita ez-binarioa ere— (beraiek dira arduradun nagusietakoak, 32 ⇑ son ellxs lxs principales encargadxs, 42). Teknika horren antzekoa da «e» («x»-aren funtzio bera du) eta «@» sinboloa (genero maskulinoa eta femeninoa barne hartzeko) erabiltzea, nahiz eta hurrengo itzulpenetan ez diren azaltzen.

Orain, itzultzaileak generoa markatzeko baliatu dituen prozedurak aztertuko ditugu. Izan ere, ahalegin handia egin du genero femeninoa ikusarazteko. Forma bikoitzen bat aurki dezakegu (euskaldun guztiak, 51 ⇑ todas y todos los euskaldunes, 64), baina, zalantzarik gabe, barraren erabilera nagusitzen da (zenbait adituk, 13 ⇑ estudiosas/os, 23). Oro har, forma femeninoa erabili du, maskulinoa baino gehiago. Gainera, barra erabiltzeko modu originalak erakusten ditu: adibide bikaina da gurasotasuna, 100 ⇑ p/marentalidad, 120. Marentalidad hitza RAEk onartzen ez duen arren, hitz hori sortu eta testuan txertatzea erabaki du egileak, emakumea ikusarazteko eta gure hiztegiko elementu batzuen sexismo intrintsekoa agerian uzteko.

Nolanahi ere, kasu batzuetan, gomendagarria da —eta baita beharrezkoa ere— genero bakarra markatzea. Azterketa honetan, genero bakarra markatzeko hiru teknika mota bereizi ditugu: (1) esplizitazioa, pertsona baten edo talde bateko pertsona guztien generoaz ziur gaudenean eta hura helmugako hizkuntzan islatzen denean; (2) femeninoaren erabilera —emakumeek soilik osatzen ez duten talde bati erreferentzia egiteko—, eta (3) maskulinoaren erabilera —gizonek soilik osatzen ez duten talde bati erreferentzia egiteko—. Beraz, esplizitazioan, jakingo dugu (1) aipatzen den pertsona emakumea edo gizona dela, edo (2) aipatzen den taldea emakumeek edo gizonek soilik osatzen dutela. Ziurtasun hori testuinguruko elementuek edo aurretiko dokumentazioak ematen dute (Basauriko Emakumeen Taldeko nire adiskideei, 11 ⇑ A mis compañeras y amigas del Grupo de Mujeres de Basauri, 9). Esplizitazioa bi modutan egin daiteke. Lehenik, aurreko adibidean ikusten den bezala, itzultzaileak helmugako hizkuntzaren gramatika-marketara jo du generoa esplizitatzeko, modu natural eta intrintsekoan. Hala ere, batzuetan, esplizitazio hori «eranstea» aukeratu du, genero-marka linguistikoetatik kanpo (partaide, 40 ⇑ mujeres que participan, 49), dela generoa nabarmentzeko, dela marka linguistikoek ez dutelako horretarako aukerarik ematen baina egokia delako adieraztea.

Bestalde, femeninoaren eta maskulinoaren erabilerak dauzkagu. Bi modutara eman daitezke: testuinguruan oinarrituta edo era generikoan. Lehenengo kategorian, femeninoa edo maskulinoa erabiltzen da talde mistoak izendatzeko, talde hori osatzen duten pertsona gehienen generoa kontuan hartuta. Hori ez ezik, talde bat femeninoan (feministak, 26 ⇑ las feministas, 34) edo maskulinoan (erasotzaileak, 81 ⇑ agresores, 98) izendatzea gizartean duen garrantziaren mende ere egongo da. Azkenik, femenino generikoa erabil dezakegu, hots, femeninoa erabili biztanleria osoari erreferentzia egiteko, emakumezkoa edo mistoa izan. Itzulpen honetan, liburuaren irakurleari buruz hitz egiteko, femeninoa erabiltzen da, modu generikoan (irakurlea, 17 ⇑ la lectora, 17). Jakina, arazo bat izan dezake teknika horrek: femeninoa generiko gisa ez ulertzea, baizik eta testuinguruaren oinarrituta balego bezala. Itzultzailearen asmoaren eta irakurlearen interpretazioaren araberakoa izango da hori. Teknika horren baliokide maskulinoa maskulino generikoa izango litzateke.

Reverso

Uxue Alberdik idatzitako liburu honek hamabost emakume bertsolariren testigantzak biltzen ditu, emakume bertsolariaren errealitatea erakusteko helburuarekin. Itzultzaileak, Miren Iriartek, maskulino generikoa saihesten du, teknika ugari erabiliz.

Lehenik eta behin, generoa neutralizatzen dutenak aztertuko ditugu. Zenbait patroi aurkituko ditugu: generikoen erabilera (entzuleak, 15 ⇑ el público, 32), metonimiak (Lankukoek deitu zidaten, 126 ⇑ me llamaron de Lanku, 185) eta genero aldetik  berdinak diren izenak (konplize batzuk, 106 ⇑ cómplices, 159). Aipatzekoa da, azken kategoria honetan, mailegu batzuk «generorik gabeko» hizkuntzatik hartuak direla (zenbait bertsolari, 36 ⇑ bertsolaris, 70). Era berean, «pertsona» epizenoaren erabiltzen du (epaile bat,  90 ⇑ una persona del jurado, 141).

Bestalde, quien izenordain neutroa hainbat aldiz erabiltzen du: generoari dagokionez konplikatuak diren elementuak saihesteko, hala nola una edo uno (norbera, 120 ⇑ cada quien, 176) edo el/la que esamoldean definitutako artikuluak saihesteko (epaitu nahi nauenak, 37 ⇑ quien quiera juzgarme, 72). Birformulazio sintaktikoak ere agertzen dira itzulpen honetan; esate baterako, izenondo bat izen bihurtzea transposizio batekin (doinuak, lasai, badakizkit, 114  calma, las melodías ya me las sé, 169). Gainera, beste itzulpenetan ikusi ez diren esamolde neutroak ere biltzen ditu testu honek; azpimarragarrienetako batzuk dira todo el mundo (denak, 38 ⇑ todo el mundo, 73)  eta el resto (besteen begietan, 20⇑ los ojos del resto, 48), eta todas/todos eta los/las demás esaerak saihesteko erabili dira, hurrenez hurren.

Orain, generoa markatzeko erabiltzen diren teknikekin jarraituko dugu. Berriz ere, forma bikoitzak erabiltzen ditu itzultzaileak, bai izen-sintagmaren determinatzaileetan (bertsolariak, 16 ⇑ un bertsolari, una bertsolari, 33), bai nukleoan (lasai, 114 ⇑ tranquila, tranquilo, 169). Adibide horietan, errepikapen bat egin du, asmo estetikoarekin. Gainerakoan, itzulpen honetan, esplizitazio teknika azpimarratu daiteke: naturala (lagun bat, 54 ⇑ una amiga, 95)—, femeninoaren erabilera —bai testuinguruzkoa, bai generikoa— eta maskulinoaren erabilera. Testuinguruan oinarritutako femenino eta maskulinoaren erabileraren adibide bikainak ditugu itzulpen honetan. Teknika horiek funtsezkoak dira testua ulertzeko, genero-dikotomia ezinbestekoa denean: ehiztaria eta harrapakina, desiratzailea eta desiratua, osoa eta osagarria, 70 ⇑ el cazador y la presa, el deseante y la deseada, el completo y la complementaria, 116. Amaitzeko, batzuetan, femenino generikoa erabili du (kolpeko bertsolaria izateak balio du gaztea zarenean, 21 ⇑ el hecho de ser una bertsolari con arranque sirve cuando eres joven, 49).

No eran trabajadoras solo mujeres: testimonios de las huelguistas de las residencias de Bizkaia

Onintza Iruretak idatzi eta Maria Colera Intxaustik itzulitako saiakera honetan, Bizkaiko egoitzetako langileek 2016an egindako greba kontatzen da. Itzulpenean, maskulino generikoa erabili zuen itzultzaileak; hala ere, adibide neutralizatzaile ugari aurkitzen ditugu, eta generoa markatzeko teknikei buruzko informazio garrantzitsua ematen digu.

Oso estrategia errepikakorra ez den arren, ezinbestekoa da teknika neutralizatzaile batzuk automatikoki erabiltzea. Itzulpen honetan, generikoak (langileak, 69 ⇑ personal, 69) eta epizeno ugari aurkituko ditugu, bai generikoak (zaharrak, 13 ⇑ personas mayores, 13), bai zehatzagoak (haien senideak, 53 ⇑ sus seres queridos, 53).

Generoaren itzulpenari buruzko adibide oso interesgarriak eskaintzen dizkigu itzulpen honek. Esplizitazioa maiz ageri da, eta oso argi ikusten da adibide haueetan: zuzendaria (69) ⇑ el director (69), eta zuzendaria (70) ⇑ la directora (70), aldez aurreko dokumentazio bat adierazten baitute. Dena den, esplizitazio bat egiteko ez da beti dokumentazio handirik behar, generoari buruzko ziurtasuna besterik ez. Batzuetan, nahikoa da testuingurua: ordezkari sindikalak (17) beti itzuli du las delegadas sindicales (17), testuan hala azaltzen delako; arrautzei eusten zieten ugazabak (10) aldiz, patronos que se agarraban los huevos (10) itzuli du, arrazoi anatomikoengatik.

Espero zitekeen bezala, saiakera honetan, ezinbestekoa da greba femeninoa eta feminista dela erakustea. Horregatik, esplizitazio naturala erabiltzeaz gain, esplizitazio erantsia erabili ere erabili du itzultzaileak (nora iritsiko ziren ez zekiten, 10 ⇑ ellas no tenían ni idea de hasta dónde iban a llegar, 10).

Bestalde, liburu honetan, testuinguruan oinarritutako femeninoa erabili da, lanbide feminizatu bati dagokion greba batez ari baita. Ez luke zentzurik izango adierazpen hori neutralizatzeak, ezta maskulino generikoa erabiltzeak ere. Hori dela eta, grebalariak (11) ⇑ las huelguistas (11) da beti, egoitzetako langileak (19) ⇑ las trabajadoras de las residencias (19), eta abar. Kasu horiek alde batera utzita, maskulino generikoa erabili du itzultzaileak.

Yo sí te creo: la cultura de la violación y el caso de sanfermines

2016ko sanferminetako bortxaketa kasuaren azterketa kritikoa egin zuen Samara Velte kazetariak, gure sistema instituzionaleko indarkeria sexista agerian utziz. Reverso liburuaren itzultzaileak ere, Miren Iriartek, hizkera sexista saihesteko asmoa islatu zuen bere itzulpenean.

Generoa ez markatzeko ahaleginean, lehenik eta behin, generiko ugari aurkitzen ditugu (herritarrak, 16 ⇑ ciudadanía, 22; herritarrak, 121 ⇑ sociedad, 164). Metonimiak ere baditugu, kasu honetan erakundeak izendatzeko (foruzainek, 27 ⇑ la Policía Foral, 35). Epizenoei dagokienez, «pertsona» izen orokorra erabiltzeaz gain (elkarrizketatuek, 12 ⇑ las personas entrevistadas, 17), jatorrizko testuinguruaren mende dauden epizeno zehatzak ere ageri dira (askoren erreakzioa, 69 ⇑ la reacción de muchas víctimas, 94). Bestalde, genero aldetik berdinak diren izenak ere badaude (haurrak, 74 ⇑ menores, 100). Quien izenordain neutroa ere agertzen da: batzuek uste dute (19) adibidean, automatikoki pentsatuko genuke algunas/algunos piensan itzultzea; aldiz, hay quien piensa (27) bezala itzuli zuen Iriartek. Era berean, aurretik aztertutako itzulpenetan bezala, quien izenordaina erabili zuen el/la que, las/los que egiturak ekiditeko (parte hartzen dutenentzat, 21 ⇑ para quienes participan en ella, 30).

Omisioen kasuan, aukera berri bat erakusten digu itzulpen honek: errepikapenak ekiditea. Oro har, ohikoa da subjektua hurbileko bi perpausetan errepikatzea, nahasketak saihesteko edo subjektua nabarmentzeko. Dena den, subjektu horrek genero-marka baldin badakar, lehen agerpena neutralizatu edo bikoiztu daiteke, eta bigarrena ezabatu: gaitasun autokritiko hori epaileen hautaketa prozesuetan aintzat hartzea litzateke aukera bat; zenbait estatutan, dagoeneko, meritu gisara hartzen dira epaileen inplikazio soziala […] (80) ⇑ una opción sería tener en cuenta en los procesos selectivos la capacidad de autocrítica de juezas y jueces; en algunos estados ya se consideran méritos la implicación social […] (109).

Generoa islatzeko teknikak aztertuko ditugu jarraian. Forma bikoitzak erabiltzea ezinbestekoa gertatzen da (iruindar asko, 15 ⇑ muchas y muchos pamploneses, 20; epaileak, 79 ⇑ juezas y jueces, 107). Gainera, itzulpen hau da, Mari Luz Estebanen itzulpenaz gain (2019), barra erabiltzen duen bakarra genero gramatikalaren bi formak emateko, nahiz eta behin bakarrik agertzen den (ez dugu ikasi, 45 ⇑ no estamos educadas/os, 60). Bestalde, esplizitazioa oso ondo ilustratzen duen adibide bat aurkitu dugu. Liburuan aztertutako kasuko fiskala emakumea zen, jatorrizko testuan horren aztarnarik ematen ez den arren. Itzultzailearen lana da behar bezala dokumentatzea informazio hori aurkitu eta helarazteko, eta hala egin zuen Iriartek (fiskala, 56 ⇑ la fiscal, 75).

Testuinguruan oinarrituz femeninoa erabiltzen da itzulpen honetan ere, feministak femeninoan itzulita (las feministas, 21, 30, 57), baita feministei talde gisa egozten zaien guztia ere (ez gara oldarkorrak, 21 ⇑ no somos violentas, 30). Era berean, femenino generikoa erabiltzen da kasu zehatzen batean: edozein psikologo (62) ⇑ cualquier psicóloga (84). Horretaz gain, liburu hau bortxaketa-kasu batean zentratzen denez, erasotzaileak (32) edo bortxatzailea (47) terminoak erabiltzen dira, eta halakoak maskulinizatuta ageri dira itzulpenean (los agresores, 42; el violador, 65); izan ere, krimen horiek egiten dituzten pertsona gehienak gizonak dira, eta garrantzitsua da praktika horiek maskulino gisa azaltzea bortxaketak gizarte patriarkal baten ondorio gisa azaltzen dituen liburu batean.

La historia de Euskal Herria a través de sus mujeres

Cira Crespo historialariak idatzi eta Elena Ciordiak ilustratutako literatura-saiakera honetan, Euskal Herrian Antzinarotik gaur egunera arte bizi izan diren berrogeita hamar emakumeren baino gehiagoren istorioak aurkezten dira. Liburu hau ere autoitzulpen bat da, eta hizkera ez- sexista erabiltzen du. Testua eta itzulpena urte berean argitaratu baziren ere, Nor da Nor-ek adierazten du euskaratik gaztelaniarako itzulpen baten aurrean gaudela.

Generoa neutralizatzeko teknikei dagokienez, generikoekin hasiko gara berriz ere. Hala, beste itzulpen batzuetan bezainbeste agertzen ez diren arren, merezi du aipatzea (umeak, 97 ⇑ la infancia, 97). Bestalde, metonimia nahiko baliabide erabilia da, beste itzulpenetan baino gehiago, bai lekuekin (okzitaniarren auzoa, 17 ⇑ el barrio occitano, 17) eta baita garaiekin ere (garai hartakoek, 154 ⇑ esa época, 154). Quien izenordain neutroa ere erabili du Crespok (amesten dugunok, 140 ⇑ quienes soñamos, 140). Birformulazio sintaktikoa ere agertzen da, eta perspektiba aldaketa bat dakar, gainera (Estitxu zen anai-arrebetan gazteena, 156 ⇑ Estitxu era la hermana más joven, 156).

Azkenik, omisioa aurkitzen dugu. Teknika horren bidez, ezabagarritzat jotzen den informazioa kentzen da, generoaren dilemari aurre egin behar ez izateko: jainkoekin hitz egiteko (10) erabat ezabatu da diosas/dioses adierazpena problematikoa izan daitekeelako eta ez delako beharrezkoa esaldia ulertzeko.

Eta amaitu dugu liburu honetan generoa neutralizatzeko erabili diren baliabideei buruzko atala. Bestalde, generoa agerian jartzeko teknikak ere baliatu ditu Crespok. Berriro ere, forma bikoitzekin hasiko gara, oraingoan izen-sintagmaren nukleoetan (atxiloa, 25 ⇑ detenido o detenida, 25). Itzulpen honetan, hitz maskulinoa femeninoaren aurretik doa. Genero esplizitazioarekin jarraituko dugu. Lehenik, esplizitazio naturaleko kasuak ditugu (guretzat, 10 ⇑ para nosotras, 10, liburu honen egiletza femeninoa baita). Gainera, esplizitazio erantsiko kasuak ere badaude (zerrenda, 7 ⇑ listado de mujeres, 7).

Itzulpen honetan ez da testuinguruan oinarritutako femenino eta maskulinorik erabiltzen, baina badaude femenino generikotzat har daitezkeen kasu batzuk: idazleen artean, batzuek erbestera egin behar izan zuten, 110 ⇑ entre las escritoras, algunas se fueron al exilio, 110. Pasarte hori Espainiako Gerra Zibilean kokatzen da; idazleek herrialdetik alde egin behar izan zuten haren ondorioz, eta, las escritoras adierazpidean gizonezko idazleak ere jasotzen dituela ulertzen denez, pentsa daiteke femenino hori generikoa dela.

Democracia patriarcal

Jule Goikoetxeak, Lore Lujanbiok, Zuriñe Rodriguezek eta Estitxu Garaik idatzitako saiakera honek euskal patriarkatu (neo)liberalaren ezaugarriak eta horrek emakumeen eta gizonen ongizatean, ahalduntzean eta demokratizazioan dituen ondorioak aztertzen ditu. Amelia Pérezek egindako itzulpenean, hizkera ez-sexistarako joera ukaezina ikusten da, eta, zehazkiago, generoaren erabateko neutralizaziorako joera.

Generoa markatzeko orduan, forma bikoitzak erabili ditu Pérezek. Nahiz eta kasu batzuetan femeninoa maskulinoaren aurretik egon (umeak, 36 ⇑ hijas e hijos, 42), maskulinoa lehenesten du gehienetan (epaileak, 189 ⇑ los magistrados y las magistradas, 204).

Era berean, testuinguruan oinarritutako feminizazioa ikusten da etengabe, mugimendu feministari edo feminizatuta dauden lanbideei erreferentzia egiten zaienean (etxeko eta zaintza langileak, 77 ⇑ las trabajadoras domésticas, 85). Era berean, generoaren esplizitazioa ia saihetsezina da hedadura honetako edozein obratan. Itzulpen honetan, bi esplizitazio motak ikus ditzakegu: alde batetik, naturala (elkarrizketatuak, 164 ⇑ las entrevistadas, 178), eta, bestetik, erantsia (sindikalistak, politikariak, 20 ⇑ con mujeres sindicalistas, políticas, 14).

Kasu horiek alde batera utzita, generoa neutralizatzearen alde egin du itzultzaileak une oro. Teknika nagusia, zalantzarik gabe, «pertsona» epizenoaren erabilera izan da, eta teknika horren aukera ugari dakartza; besteak beste: izenaren aurretik jarriz eta azken hori izenondo bihurtuz (atzerritarra, 45 ⇑ persona extranjera, 53),  mendeko esaldi bat txertatuz  (polizia, 91 ⇑ personas que trabajan en la policía, 100) edo determinatzaile baten ondoren gehituz (denak, 53 ⇑ todas las personas, 62). Hala ere, hori ez da izan praktikan jarritako neutralizazio-teknika bakarra; kasuak kasu, izen generikoak ere erabili ditu (ikasleak, 66 ⇑ alumnado, 73; gurekin, 5 ⇑ nuestro equipo, 9; medikuak, abokatuak, 40 ⇑ personal de medicina, de abogacía, 47).

Era berean, metonimia maiz erabili du; esate baterako, lantokia aipatzen du, bertan lan egiten duten pertsonak aipatu beharrean (ama medikutara eraman, 85 ⇑ llevar a la madre al ambulatorio, 122). Are gehiago, itzultzailea behin baino gehiagotan baliatu da birformulazio sintaktikoaz, bai modulazioaz (guretzat garrantzitsua da, 44 ⇑ nos parece importante, 50; haurrak edukitzea, 116 ⇑ la maternidad, 128), bai egitura inpertsonalez (loturarik ikusten ez dutenak, 156 ⇑ no ver la relación, 159).

Bestalde, nahiz eta ez den batere errepikakorra, genero aldetik berdinak diren izenak erabili ditu (umeen zaintza, gurasoen zaintza, 98 ⇑ cuidado de menores, cuidado de mayores, 108). Era berean, kasu gutxi batzuetan, quien izenordain neutroa erabili du (batzuek esaten dute, 37 ⇑ hay quien dice, 44) eta baita beharrezkoak ez diren subjektuen omisioak ere (guk beti esaten dugu, 131 ⇑ siempre decimos lo mismo, 143).

Liburu honen azterketa amaitu aurretik, merezi du beste ezein itzulpenetan ikusi ez dugun teknika berri bat aipatzea: laburdura, betiere generoa markatzen ez duten elementuekin batera (haurrak, 51 ⇑ sus peques, 57). Gehienetan oso informala izan daitekeen arren, zenbait testuingurutan funtziona dezake.

Empar Pineda Erdozia: porque se lo pidió el cuerpo

Kattalin Minerrek idatzi eta Danele Sarriugartek itzulitako biografia honek bi bertsioak biltzen ditu liburu bakar batean, nahiz eta euskarazkoa hartzen den jatorrizkotzat, Nor da Nor-en arabera. Empar Pinedaren balentriak kontatzen ditu, Pinedaren hitzetan, Minerrek berak Pinedari egindako elkarrizketa bati jarraituz. Haren hedadura laburrak azterketa honetarako material nahiko mugatua duen arren, aurreko tekniken errepikapen gisa balio digu.

Generoa neutralizatzeko, generikoak inplementatu ditu itzultzaileak kasu gutxi batzuetan (FEC-eko kideok, 19 ⇑ la gente de la FEC, 19). Epizeno orokorren bat ere erabili du (beste askok, 16 ⇑ muchas otras personas, 16). Itzulpen honetako beste baliabide neutralizatzaile bat quien izenordainaren erabilera da (irakurleak, 10 ⇑ quien lea, 10).

Era berean, generoa markatzeko, aurretik aztertu ditugun zenbait teknika identifika ditzakegu. Esate baterako, itzultzaileak forma bikoitzen bat erabili du (ikaskideak, 16 ⇑ compañeros y compañeras, 16). Termino maskulinoa femeninoaren aurretik ageri da beti.

Bestalde, badauzkagu zenbait esplizitazio, (1) kanpo-dokumentazioaren ondorio (nire iloba eta lehengusu, 14 ⇑ mis primas-sobrinas, 14), edo (2) testuinguruaren informazioaren ondorio (kide, 18 ⇑ compañera, 18; 36. orrialdean azaltzen zaigu kide hori Marisa Castro zela). Testuinguruan oinarritutako femeninoaren erabilera ere maiz ageri da (askorentzat izan da erreferente, 9 ⇑ ha sido un referente para muchas, 9). Azkenik, bistakoa da liburu honetan femenino generikorako joera dagoela (irakurleak, 10 ⇑ las lectoras [de esta entrevista], 10; norbaitek pentsa lezake, 15 ⇑ una podría pensar, 15; bila jarrita, 45 ⇑ si una se pone a buscar, 43). Liburu honen subjektu neutroa femeninoa da, beraz.

Hizkera ez-sexistako itzulpen-tekniken bilketa

Itzulpen guztiak eta haietan erabilitako hizkuntza ez-sexistaren teknikak aztertu ondoren, merezi du horiekin guztiekin bilketa bat egitea, etorkizuneko itzulpenetarako tresna izan dadin.

12_Acosta2.png
2. taula. Generoa neutralizatzeko itzulpen-teknikak.

12_Acosta3a.png
12_Acosta3b.png
3. taula. Generoa markatzeko itzulpen-teknikak.

 

Ondorioak

Ondorio gisa, merezi du errepikatzea itzulpenak, hizkuntza baten ekoizpenaren zati aktibo gisa, joera linguistikoak iraunarazten edo aldatzen laguntzen duela (Manterola, 2020: 152); besteak beste, hizkera ez-sexista. Horregatik, funtsezkoa da itzulpen ez-sexistaren alde egitea; egindako azterketak erakusten du posible dela ikuspegi feministatik itzultzea. Posible ez ezik, askotarikoa eta zuzena ere bada.

Egia da zalantzan jar litekeela aztertutako adibide batzuen helburua hizkera ez-sexista lortzea izatea, eta ez hizkuntza ahalik eta modu naturalenean erabiltzea. Hala ere, kontuan hartu behar dira, etorkizuneko testuingururen batean irizpide feministaz generoa neutralizatzeko edo markatzeko balio diezaguketen teknika gisa —nahiz eta hori ez izan haien hasierako edo nahitako asmoa—.

Generoa neutralizatzeko, era guztietako teknikak ditugu, baita hura markatzeko hainbat teknika ere; guztiak baliagarriak dira ikuspegi kritiko eta feministarekin erabiltzen direnean. Horrek ez du nahitaez esan nahi maskulino generikoa erabat saihestu behar denik. Aitzitik, hizkeraren erabilera ez-sexistak mota guztietako konbinazioak hartzen ditu. Hainbat feministak, hala nola Estebanek, Iriartek edo Perezek, ia erabat ezabatu dute; beste batzuek, Colera Intxaustik edo Sarriugartek, esaterako, teknika neutralizatzaileei uko egin gabe erabiltzen dute.

Gainera, kontuan hartu behar da hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren barruan aukera ugari daudela. Esteban transgresorea da, eta «x» teknika darabil; Iriartek, teknika guztien konbinazio askotarikoa aukeratu du; Pérezek, «pertsona» epizenoaren erabilera lehenesten du bere diskurtsoa neutralizatzeko. Itzultzaile bakoitzak hainbat modutara transmititzen du generoa, teknika jakin batzuei lehentasuna emanez eta beste teknika batzuk ekidinez.

 

Bibliografia

Aztertutako corpusa

Alberdi, Uxue (2019). Kontrako eztarritik. Susa (Lisipe).

——— (2021). Reverso. Reikiavik. [Itz.: Miren Iriarte].

Crespo, Cira (2020). Baginen: Euskal Herriko historia emakumeen bitartez. Txalaparta.

— (2021). La historia de Euskal Herria a través de sus mujeres. Txalaparta. [Itz.: Cira Crespo].

Esteban, Mari Luz (2017). Feminismoa eta politikaren eraldaketak. Susa (Lisipe).

——— (2019). El feminismo y las transformaciones en la política. Bellaterra. [Itz.: Mari Luz Esteban].

Irureta, Onintza (2019). Berdea da more berria: Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak. Argia Liburuak.

——— (2019). No eran trabajadoras solo mujeres: testimonios de las huelguistas de las residencias de Bizkaia. Manu Robles-Arangiz Fundazioa. [Itz.: Maria Colera Intxausti].

Goikoetxea, Jule; Lujanbio, Lore; Rodriguez, Zuriñe; Garai, Estitxu (2020). Euskal demokrazia patriarkala. Elkar.

——— (2022). Democracia patriarcal. Txalaparta. [Itz.: Amelia Pérez]

Miner, Kattalin (2020). Empar Pineda Erdozia: gorputzak hala eskatua / Empar Pineda Erdozia: porque se lo pidió el cuerpo. Ayuntamiento de Hernani. [Itz.: Danele Sarriugarte].

Velte, Samara (2019). Nik sinesten dizut: bortxaketaren cultura eta Sanferminetako kasua. Txalaparta; Berria; Elkar; Jakin.

——— (2019). Yo sí te creo: la cultura de la violación y el caso de sanfermines. Txalaparta. [Itz.: Miren Iriarte].

Bibliografia orokorra

Arrizabalaga, Bakartxo (2007). «Itzulpena eta feminismoa», Senez, 32, 81-95.

Bengoechea, Mercedes (2003). Guía para la revisión del lenguaje desde la perspectiva de género. Bizkaiko Foru Aldundia.

Berdintasun Ministerioa. Guías para el uso no sexista del lenguaje [sarean: https://www.inmujeres.gob.es/servRecursos/formacion/GuiasLengNoSexista/docs/Guiaslenguajenosexista_.pdf, 2024-03-29].

Braun, Friederike (1997). «Making Men out of People: the MAN principle in translating genderless forms», arg. H. Kotthoff eta R. Wodak, in Communicating Gender in Context, John Benjamins, 3-30.

Castro, Olga. (2008). «Género y traducción: elementos discursivos para una reescritura feminista», Lectora, 14, 285-301.

Euskaltzaindia (2021). Euskararen Gramatika. Euskaltzaindia.

Manterola, Elizabete (2020). «La interacción entre feminismo, traducción y lengua vasca», Transfer XV, 1-2, 142-167.

Medina Guerra, Antonia María (2016). «Las alternativas al masculino genérico y su uso en el español de España», Estudios de Lingüística Aplicada, 64. Málagako Unibertsitatea.

Real Academia Española (RAE); Asociación De Academias De La Lengua Española (ASALE) (2009). Nueva gramática de la lengua española. Espasa Calpe.

Vinay, Jean-Paul; Darbelnet, Jean (1958). Stylistique comparée du français et de l’anglais. Didier.