Kataluniar Hizkuntzazko Itzulpenaren I Sinposio Nazioartekoa
Artikulua PDFn
Joan den maiatzaren 8, 9 eta 10ean, Kataluniar Hizkuntzaren II Kongresuaren barruan, ospatu du katalunierarako itzulpenak bere lehen sinposioa Bartzelonako Majestic Hotelean.
David H. Rosenthal katalanofiloak Bartzelonako Unibertsitateko Aula Magnan "Kultura eta Askatasuna" gaiaz emandako hitzaldi batez eman zitzaion hasiera sinposioari eta ondoren, Avinyo, 9n, El Gran Café jatetxean afari bat eskaini zieten antolatzaileek Kataluniar Hizkuntzazko Itzulpenaren I Sinposio Nazioartekoan partaide izango ziren hizlari guztiei.
Biharamun goizeko bederatzietan ireki zen sinposioa Kataluniako Generalitateko Kultur Kontseilaria den H. Sr. Joaquim Ferrer jaunaren hitz batzurekin, eta ondoren APTC/LC (Kataluniar Hizkuntzako Itzultzaile, Interpretari eta Zuzentzaileen Elkarte Profesionala)-ren lehendakaria den Lluis Urpinell jaunak egin zuen I Sinposio Nazioartekoaren aurkezpena.
Berehalaxe Peter Newmarkek, hitza hartu zuen eta "Itzulpenaren garrantzia" gaiaz hitzegiteko, Kataluniari buruzko aipamen berezia egmez:
P. P. Newmark (1936) Cambridgeko Unibertsitateaz Doktore da Hizkuntza Modernotan, Holborneko Hizkuntza Modernotako Sailaren Buru eta 1984ean Hizkuntzalarien Institutuko Presidentorde izan da.
Traduktologo ezaguna izaki, artikulu eta lan ugari idatzi du gai honetaz, besteak beste, Approaches to Translation (1981) ASLIB Translator's Handbook (1983), Langage du Droit et Traduction (1982), Survey on Case Grammar (1986).
Itzulpenaren aurreko historikoez hitzegin ondoren, XX. mendearen bigarren atalean izan duen gorakadaren berri eman zuen eta gaur egun testuekin (artikulu, txosten, idatzi, publizitate) libururuekin baino zerikusi handiago duen ekintza linguistiko gisa gehiago hartzen da eta ez hainbeste ekintza literario gisa. Berrogeiren bat herrialdetan itzultzaileak elkarte profesionaletan bildurik daude eta FlT-en kide dira, gehienek unibertsitate-mailako prestakuntza dutelarik.
Azkenik itzultzailearen betekizunak laburbildu zituen:
a) Nazio, gizatalde eta banakoen artean elkar-ulermena eta bake-giroa sortzen lagundu.
b) Ezaguerak eskualdatu.
c) Nazio eta erregio-mailako kulturan emaitzik hoberenak hedatzen lagundu.
Bestalde, itzultzaileak izan beharreko gaitasunen artean aipatu zituen:
a) Hizkuntzarekiko sentiberatasuna.
b) Itzulpeneko edo xede-hizkuntzako lengoaia idatzia menderatu.
c) Itzuli beharreko testuek darabilten gaia ezagutu eta menderatu.
d) Sorburu hizkuntza ezagutu.
e) Zentzu komuna izan, hautatzen jakin eta prestua izan.
Ondoren Jaime Medina (1949) Filologia Klasikoan lizentziatua eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Latin-Filologiaren irakasle dena mintzatu zen "Kataluniar Hizkuntzara eginiko itzulpenen iragana, presentea eta etorkizuna" gaiaz.
Virgilio, Horazio, Catulo, Ovidio, Erasmo, Spinoza, Locke eta abarren itzultzailea izaki, Medina jaunak oso hurbiletik aztertu zuen idazle klasiko zenbaitek, hala nola: C. Piba, M. Torres, J. Verdaguer, V. A. Estelles., M. Martt i Pol, A. Guimera eta J. Jarner-ek buruturiko itzulpen lana. Goiz sortu zela kataluniarren artean hizkuntza arrotzak ezagutzeko zaletasuna esan zuen eta Ramon Llull, kataluniera literarioaren lehen sortzaile handiak Mallorcan arabiera ikasteko eskola bat sortu zuela arabiarrei kristautasuna irakasteko asmoz. Baina XIV. mendearen bukaera arte ezin liteke hitzegin Itzultzaile Eskolaz. Garai honetan hasten bait da kataluniar kultura klasikoen humanismoa bereganatzen autore greko eta latinoen obrak itzuliz, (Seneca, Cicero, Ovidio), aldikideak ere ahaztu gabe (Bocaccio, Petrarca edo Dante). Parez-pare Biblia eta Kempisa herri mintzairaz zabaltzeko ere egin zen ahaleginik.
XVI eta XVII. mendeetan klasikoren bat edo beste itzuli zen arren, hutsune nabarmena dago beste hizkuntzatan sorturiko literatur obrak katalunieratzeari dagokionean. Baina piskanaka, Cerveratik hasita, indarra hartzeari ekiten dio ekintza honek XIX. mendearen erdi aldera klasiko greko-latinoen obra sistematiko katalunieraz jartzearen premia sentitzen da, baina gauden mendera arte ezin izan zen burutu amets hau, Bibliaren bertsio bikoitza bezala.
Noucentismoak oso garbi zeukan ikasketa filologikoen premia hizkuntza desberdinak zehatz ezagutzeko eta literatur historiako obrarik desberdinenak kataluniar kulturan txertatuz sortzaileen lana errazteko, nazio-kultura edukinez betetzearen taldelanak Josep Carnerrek ingelesetik buruturiko itzulpen bikainak edo Carles Ribaren "L'Odissea" bezalakoak eman zituen.
Gaur egun mundu-literaturako obrarik hoberenen kopuru on bat irakur daiteke katalunieraz eta filosofo eta pentsatzailerik nagusienak hasiak dira katalunieraz adierazpenak egiten, halere beste kulturetako emaitz ugari dago katalunieraratzeko.
Hurrengo hitzaldia Xabier Mendigurenek (1945)eman zuen "Katalunieratik euskararako itzulpenaren egoera" gaiaz. Bertan emandako hitzaldia bere osotasunean Senezen zenbaki honetan mango dugunez gero, ez dugu laburpenik eskainiko. Hitzaldia euskaraz egin zuen eta sinposio kideek aurrez emandako katalunierazko itzulpenaren bitartez jarraitu zuten.
Josep Daurella i de Nadal jaunak Filologia Catalana-n lizentziatua, Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya (D.O.C.)-en zuzentzaile izana eta gaur egun Enciclopedia Catalana Fundazioaren hizkuntz aholkaria da. Besteak beste, A. Urretavizcayaren Zergatik, Panpox? (Per que, nenut.2) eta Reduccions aldizkariak argitaratutako euskal poesiaren monografikoaren itzultzailea da.
Berorrek emandako hitzaldiaren titulua izan zen: Euskaratik katalunierarako itzulpenaren egoera gaur egun". Aurrena, historia labur bat egin zuen euskararen iturburu idatziz eta ondoren euskararen araukuntzaz eta estandard literarioaren finkapenaz eta euskara mintzatuaz hitzegin zuen. Gero euskaratik katalunierara itzultzeaz dituen arazoez, euskalkiez eta hizkuntz erregistrozz eta zuzeneko edo zeharbidezko itzulpenaz aritu zen.
Bukatzeko azken urteotan katalunieratu diren euskal obren berri eman zuen eta zer eratako iniziatibak dauden Kataluniar Herrialdeen eta Euskadiren artean.
Basilio Losada Castro, Bartzelonako Unibertsitatean Filologia galaiko-portugeseko sailaren buru denak saiakera eta artikulu ugari idatzi ditu literatura galaiko-portugesaz. "Katalunieratik galaiko-portugesera (Galiziar eremuan) egin diren itzulpenen egoeraz" mintzatu zen. Ugari samar dira galegora itzulitako poeta kataluniarrak. Costa i Llobera, Pere Quart, Espriu, J. Domenech, Raimon, Perucho eta abar. Baina ekarpenik nagusiena Mostra antoloxica de poetas contemporáneos-en dago, non ehun orrialdetan Carner, Riba, Sagarra, Salvat-Papasseit, Foix, Maria Manent, Pere Quart, Espriu eta G. Ferrater-en poemak itzultzen diren.
Beste behin, jadanik aipatua dugun, Josep Daurellak, "Galaiko-portugesetik (Galiziar eremua) katalunierara egindako itzulpenen egoera" gaiaz hitzegin zuen. Galegoaren gorabidean izandako alde desberdinak, Erdi Aroko distiratik gaur eguneko berbizkundera bitartean aipatu ondoren, galegoa eta katalunieraren arteko berdintasun —eta desberdintasunak— aztertu zituen eta azkenik, galegotik katalunierarako itzulpenaren historia eta gaur eguneko egoera azaldu zituen.
Manuel de Seabra (1932) lisboatar katalanofilo ezagunak, Verdaguer, Josep Pla, Bartra, Cucurull, Espriu, R. Pinyol, X. Bru de Sala eta abar portugeseratu dituenak Katalunieratik galaiko-portugeserako (Portugaldar eremua) itzulpenaren gaur eguneko egoera" gaia erabili zuen. Nahiz eta Portugal eta Kataluniaren artean Erdi Aroan loturarik eta parekidetasunik izan eta mende honen hasieran Ribera-Rovira kataluniar lusofiloak lan garrantzitsua burutu, Katalunia Portugalen ezezagun handia izan da 50. urteak arte. Harrez gero Cucurull, Pere Calders, Espriu, Nora, Horta, Bru de Sala, Oriol Pi de Cabanyes eta abar.
Felix Cucurull (1919), poeta eta idazle ezagunak "Galaiko-portugesetik katalunierarako itzulpenaren egoera" gaiaz hitzegin zuen.
Portugesetik katalunierara, dakigula, egindako lehen itzulpena 1614ekoa da. 1880an O pranto de Camoes, Ernesto Piresen poema itzultzen da. Ignasi Ribera-Rovirak autore-sail bat itzuliko du: Julio Dantas, Guerra Junqueiro, Ant6nio Sergio, Ec,a de Queiroz, Marcelino Mesquita, Alfonso Lopes Vicira, Augusto Casimiro...
Antero de Quental-ek Poemes de Teixeira de Pascoaes itzultzen du. Cucurull eta de Seabrak Antologia de contes portuguesos. Dolc,-Colomek Os lusiadas 1984ean J. M. Llompartek F. Pessoa itzultzen du. Laster agertzekoak dira Llibre de dessassossec eta Torgaren La creació del món.
Elena Wolf (1927), Zientzia Klasiko eta Erromanikotan lizentziatua denak Moskuko Unibertsitatean eta gaur egun katalunieraren irakasle Leningradon, "Katalunieratik errusierarako itzulpenaren egoeraz" hitzegin zuen, esanez azken aldi honetan asko areagotu dela SESB-en Kataluniar literatura klasiko eta modernoarenganako zaletasuna eta zenbait autore klasikoren prosazko zein bertsozko obrak itzuli direla. SESB-eko argitaletxe nagusienek errusierara itzulitako ipuin bildumak argitaratu dituzte (Espriu, Calders eta abar). Beraz, Errusia eta Kataluniaren arteko harremanak gero eta gehiagorantz doazela aitor daiteke Leningradon eta Moskun dauden bi katedren eraginez.
Elena vidal eta Monika Zgustová, bata Filologia Erromanikoan eta beste Errusia Literaturan doktore direnak, eta eslaviar autore ugariren katalunieraratzaileak (Gorki, Puxkin, Turgueniev, Txekhov, Xukxin, Capek, Seifert, Dostoievski, Milan Kundera...) errusieratik katalunierara itzulitako obren egoeraz aritu ziren.
Itzultzeko obrak hautatzerakoan kontutan hartu beharreko editorearen eta itzultzailearen irizpideak aipatu zituzten. Ondoren perspektibak aztertu zituzten dauden hutsuneen berri emanez eta azkenik itzulpenak dituen zailtasunak komentatu zituzten soluziobide batzu eskainiz eta transkribapen-proposamen batzu eginez. Poema itzuli batzu jatorrizkoekin errezitatuz amaitu zuten jarduna.
William Cliff (1940) Lovainako Unibertsitatean Filosofia eta Letra Erromanikotan lizentziatua denak, hain zuzen ere Gabriel Ferrater idazle kataluniarrari buruz tesia eginez "Katalunieratik frantseserako itzulpenaren egoeraz" hitzegin zuen, nahiko negargarria zela aitortuz. Eta Cliffen iritziz, Frantzian ere hitzegiten den hizkuntza izateak kalte egin dio katalunierazko literaturaren zabalkundeari, zeren frantsesentzat Frantzian "frantsesa besterik ez bait da hitzegiten" eta gainerako guztiak patois baizik ez bait dira.
Halere, badago intelektual multzo bat kataluniar literatura badagoela dakiena, nahiz eta Ramon Llull eta Raymond Quenau bezalako autoreak bakarrik ezagutu. Baina Espriu izan da Frantzian ezagutu den poeta bakarra, frankismoaren garaiko burrukazko aieru bereziak izan dituelako. Cliffek berak G. Ferrater-en Poème inachévé itzuli eta katalunierazko literatur obra baten itzultzaile hoberenari Generalitateak ematen dion saria irabazi du.
Xabier Bu de Sala i Castells (1952) Pilologia Catalana-n lizentziatua "Frantsesetik katalunierara egindako itzulpenez" aritu da. Zalantzarik gabe eragin handia izan zu frantses kulturak kataluniar intelektualgoan baina sarritan itzulpen premiarik ez dute izan zuzenean irakurtzeko erraztasuuna zutelako. Mende honen lehen hamarkadetan sentitu izan da klasikoak itzuli beharra. Bestalde frantsesa zubi ere izan da beste hizkuntza batzurekiko. Gaur egun argitaletxeen artean gero eta konkurrentzia handiagoa dago hutsuneak betetzeari dagokionean. Bestalde frantses eraginaren pisua galtzen ari da. Azkenik, hizkuntz mailak parekatzearen zailtasunaz hitzegin zuen, hizkuntz hurbiltasunaz eta poesia eta bertsoaz.
Giuseppe Grilli (1946) Hizkuntza Erromanikotan lizentziatua eta espainiar hizkuntza eta literaturen irakasle izan da Catanian eta orain Napoliko Unibertsitatean Katalunieraren katedradun da. "Katalunieratik italierarako itzulpenez" aritu zen, Erdi Arotik hasi eta XX. mendera arteko lanen ikuspegia emanez, Errenazimenduan, Barrokoan eta XIX. mendean barrena, egin diren berreskurapenez eta etorkizuneko ikuspegiez hitzegin ondoren, azkenik Josep Carner-en monografia bat eskaini zuen: noiz, nola eta zergatik itzulia izan den italierara.
Jaume Creus i del Castillo (1950) Filosofia eta Letratan lizentziatua; besteak beste, Salgari, Verne, Pavese, Marcuse, Schiller, Benjamin, Youcenar... itzuli ditu. "Italieratik katalunierarako itzulpenez" aritu zen. Kataluniarrek beti izan dute halako liluramendu bat italiar kulturaren aurrean; opera izan da italiar literatura ezagutzen hasteko bidea. Ondoren Pavese eta Pasoliniren kasuak aipatu zituen. Dauden hutsuneak nabarmendu eta gero, etorkizunarenaurreikuspenaz eta agian gerta litekeen berbizkundeaz mintzatu zen.
Azkenik, Veronica Lawson, germaniar eta frantses literaturan lizentziatuak, 1978az geroztik itzulpen automatikoaren editore bihurtuak "Itzulpen automatikoaren praktika: oraina eta geroko izankizuna" gaia landu zuen. Arazo eta egoeraren berri eman ondoren, itzulpen automatikoaren tipologia eskaini zuen, zeina bost sail nagusitan banatzen den. Merkatuan dauden sistemen zerrenda batekin amaitu zen hitzaldia.
Biharamunean, 10ean, Fritz Vogelsang (1930) Stuttgartarra, S. Espriuren La pell de brau alemanierara itzuli duena mintzatu zen " Katalunieratik alemanierarako itzulpenaren egoeraz" eta Feliu Formosa (1934) Filologia Erromanikoan lizentziatuak eta 30 bat idazle alemaniarren itzultzaileak hitzegin zuen "Alemanieratik katalunierarako itzulpenaren egoeraz". Arazo orokorren ondoren, Modernismo, Noucentismoa, Errepublika eta Gerraondoa berezi zituelarik. Ikusi zenez, garrantzizkoa da Alemanian literaturaren presentzia katalunieraz, baina bete beharreko hutsunez ere mintzatu zen, itzultzailearen espezializazioaz eta diru-laguntzen beharraz mintzatuz amaitzeko.
Enric Badosa (1927) Espriu, Foix, Espinas eta beste poeta askoren gaztelaniaratzailea "Katalunieratik gaztelaniarako itzulpenaren egoeraz" mintzatu zen. 20. urteetan jaiotako poeta ugarik gaztelaniaz idatzi zuten bere obra; fenomeno hau berria izan zen kataluniar literaturan eta hauetariko zenbait —Costafreda, Corredor, Matheus, Badosa, Marco— kataluniar literaturaren ezaguterazle bihurtu ziren estatuan barrena. Paulina Crusat, Rafael Santos Torroella eta Fernando Gutierrez izan dira itzultzaile garrantzizkoenetako batzu.
Avelli Artis-Gener (1912) Truman Capote, Garcia Marquez, Borges, Vargas Llosa, Sillitoe, Yourcenar eta abarren itzultzailea izan denak "Espainieratik katalunierarako itzulpenaren egoeraz" hitzegin zuen.
Espainoletik katalunierara itzultzearen premiarik ez dagoela diotenen argudioak desegin zituen eta esan zuen lehen arrazoia kanpotar hizkuntzari dagokion errespetuzko tratamendua ematea izango litzatekeela —bihotz-bihotzez— goitik behera ezarria izan den hizkuntza menperatzaileari.
Antoni Tobella i Verges (1957) Londresko Unibertsitatean Hizkuntza Erromanikoetan Doktoregoa lortu duenak "Katalunieratik ingeleserako itzulpenaren egoeraz" (Erresuma Batuko eremua) hitzegin zuen.
Ikuspegi labur baten ondoren, alderdi on eta txarrak aipatu zituen eta ondoren arazo batzu jorratu ondoren ingeles merkatuan sartzeak esan nahi duen herronkaz mintzatu zen.
Aldiz, Francesc Parcerisas (1944) Por, Tolkien, Scott-Fritzgerald, Ezra Pound eta abar itzuli dituenak "Ingelesetik katalunierarako itzulpenaz" (Erresuma Batuko eremua) hitzegin zuen.
Ondoren David Rosenthal (1945) literatura konparatuan doktoreak, sinposioaren hasierako hitzaldia ere eman zuenak, itzulpen ugari egin du katalunieratik eta brasileratik ingelesera. "Katalunieratik ingeleserako itzulpena" (USA eremua) gaia erabili zuen. Laburpen baten ondoren kataluniar literatura USA-n hedatzeko iradokipenak egin zituen.
Donald Samuel Abrams (1953) itzulpen ugari egin du katalunierara eta ingelesera eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Hizkuntza Erromanikoetan lizentziatu da. "Ingelesetik katalunierarako itzulpenaren egoeraz" (USA eremuan) hitzegin zuen. Iraganaren laburpen bat, orainaldiaren on-gaitzak eta etorkizunerako aurrikuspenak eta planteiamenduak eskaini zituen.
Ondorioak
Sinposioaren antolaketa akatsik gabea gertatu zen eta bi egunetan entzulegoaren partaidetza iraunkorra izan zen. 20-30 pertsona ingurukoa. Antolatzaileen iritzian helburuak ongi lortu ziren eta garbi geratu zen kataluniera eta beste zenbait hizkuntzaren arteko itzulpen egoera nolakoa den. Ondorioz, itzulpenaren etorkizuna garbiago ikusten da eta bide honetatik aurrera jotzeko irizpide eta informazio mordo bat dago sinposioari esker. Azken ondorio gisa eskari bat egin zitzaien Generalitatea eta estatuko instantziei katalunierarentzat beregaintasun osoa eskatuz beste hizkuntzekiko harremanetarako. Gaztelaniaren eta Atzerri Arazotako Ministraritzaren monopoliopean egon gabe zinpeko itzulpenari eta interpretaritzari dagokionean eta bestalde J. V. Foix, poeta ospetsua, Nobel sarirako proposatzea erabaki zen sinposiokideen zenean.
Urrats bikaina kataluniarrena, bere garaian euskaldunok ere eman beharko duguna.