Itsasargiak iluntasunean. Ideologia eta itzulpengintza: ikuspegi feministak eta postkolonialak
Duela oso gutxi arte, berariaz sortutako iluntasun eremu bat izan dira itzulpengintza eta interpretazioa, baina, dagoeneko, ez dira. Eragin den iluntasun horren erdian argitxoak sortu dira, elkartzen hasi dira, lanproitan ari diren txalupen antzera, ipurtargi zurrunbiloak bailiran, bidexkak osatzen dituzte. Indarrak biltzen dituzte harik eta, neke handiz, itsasargi bat sortzen duten arte. Zenbait itsasargi. Itsasargi indartsuak, itsasgaina ez eze leize abisalak ere argitzeko gauza diren itsasargi ahaltsuak.
Itzulpena: Bego Montorio
Iluntasunaren eraikuntza
Itsasontzi bat gidatu duen orok badaki iluntasuna arriskutsua dena. Eta badaki ilunaren arrisku handiena ez dagoela itsaso zabalean -han ez baita trabarik uretan-, ozeanoek eta lurrak elkar ukitzen duten tokietan baizik, mundu ezberdinek elkarri eragiten dioten toki horietan, ibai adarretako sarrera zailetan, non elkartu diren ur gazia eta ur geza, area, lokatza, moluskuak, pertsonak, txanelak, harkaitzak eta hegaztiak. Guztiz arriskutsua da hor iluntasuna, ez baitago jakiterik zer etorriko zaigun, ezta nondik ere, itsasotik, lurretik edo airetik. Badago ilunpean nabigatu nahi duenik, jakina, patxada osoan diren herrixkei eraso egin ahal izateko, edo arrain sardak, ezkutuan, guztiz bereganatzeko. Ilunpetan, posible du norberak gogoak ematen diona egitea, edo iraunaraztea. Posible da inperioak, klaseak eta generoak eraikitzen jarraitzea inork horri aurka egin gabetanik, inork ez baitu ikusten zer gertatzen den. Zenbait kontutan, tema handiz eraikitzen da iluntasuna, eta munduen arteko harremanak ez dira inoiz aipatzen geure bizitzei etengabe eragiten dien zerbait modura. Ilunpea sortzeko, halako iritzi orokor bat hedatu nahi da, non harreman edo kontaktu horiek ezezagunak izango diren, gizartearen gainetik dauden gertaera opakotzat joko diren. Duela oso gutxi arte, berariaz sortutako iluntasun eremu horietako bat izan dira itzulpengintza eta interpretazioa, baina, dagoeneko, ez dira. Eragin den iluntasun horren erdian argitxoak sortu dira, elkartzen hasi dira, lanproitan ari diren txalupen antzera, ipurtargi zurrunbiloak bailiran, bidexkak osatzen dituzte. Indarrak biltzen dituzte harik eta, neke handiz, itsasargi bat sortzen duten arte. Zenbait itsasargi. Itsasargi indartsuak, itsasgaina ez eze leize abisalak ere argitzeko gauza diren itsasargi ahaltsuak.
Baina, argiaz hitz egin baino lehen, itzulpengintza inguratzen duen ilunpea definitu behar da. Ikus dezagun adibide bat.
-
"Nolanahi ere, garrantzizkoena da itzulpena gardena izatea. Irakurleak ez du inolako interferentziarik igarri behar testura hurbiltzerakoan, eta, horretarako, mintzagai dugun Paul Auster-en nobelaren izenburua bezain ikusezina izan behar du itzultzaileak bere lanean. Alabaina, ideial horrek baditu bere arriskuak, eta hasiberriei zein arituei eragiten diete. Baliteke itzultzaileak ez izatea nahikoa ezagutzarik literatur testuari aurre egiteko, edo baliteke idazlea ere baden itzultzailea suertatzea, eta, hala, bere sormen gaitasuna erakustearren, interpretatzen ari den idazlearen esparrua inbaditzea. Litekeena da, halaber, ikasketa akademikoen lastaren bat gordetzea itzultzaileak, eta, horren eraginez, irakurle gehienei arrotza zaien maila teorikoa baliatuz konpondu nahi izatea itzulpenaren berezko arazoak. Finean, editoreak egin behar die aurre arrisku horiei guztiei, obraren gardentasuna gorderik ahalik eta egoerarik hoberenean hel dakion irakurleari.
(Freire 2010; nabarmendutakoa, M. Reimóndez)
O Faro de Vigo egunkariko kultur gehigarrian argitaratu zen testu hori, eta, bistan denez, irakurle askotarikoei zuzendua da, baina, edukiari dagokionez, ez da batere salbuespenezkoa, guztiz kontrakoa baizik. Hor azaltzen diren ideiak erruz agertu ohi dira itzulpengintzari buruzko eztabaidetan, eta, dudarik gabe, betiereko iluntasun geruzak dira. Ikus dezagun zer gako azaltzen dituen: itzulpenak gardena behar du. Itzultzen duenak ikusezina behar du. Teoria txarra da. Sormena txarra da. Itzultzaileak pasibo izan behar du, ez du bere ezagutza erabili behar, eta hirugarren baten esku utzi behar ditu bere erabakiak: autorearen esku, edo, kasu honetan dionez -are harrigarriagoa dena- editorearen esku. Inplizitu dago, halaber, itzulpena literatur jarduna dela, eta itzultzen duena, gizonezkoa [1].
Aurrerago ikusiko dugunez, era horretako diskurtsoak ez dira eztabaida arrunt- orokorretan bakarrik agertzen; guztiz kontrakoa da errealitatea, diskurtso horiek itzulpen teoria tradizionalean txertatuta baitaude, itzulpenaren teoriari buruzko edozein bilduma aztertuz gero antzeman daitekeenez (ikusi Venuti: 2000 edo Pochhacker eta Schleschinger: 2001). Mezua norabide berean doa beti: ezkutatu behar da itzulpenak eta interpretazioak etengabe eragiten dietela geure bizitzei, baldintzatu egiten dituztela. Ez dezagun ahaztu mintzagai dugun industriak 20 mila milioi dolar mugitzen dituela -Linguaquote-ren datuak-, horietatik 16 itzulpenetan eta 4 interpretazioetan. Eta are garrantzitsuagoa den beste zerbait: gure bizitzak zuzenean baldintzatzen dituen jardun batez ari gara.
Ikuspegi horiek indarrean egon badauden arren, diskurtso orokor zein berezituetan, ez dira jada berez onartzen, feminismoek eta teoria postkolonialek -itsasargi indartsuen modura- iluntasunean argia emateko egin duten lanaren ondorioz; argia emateko, eta, batez ere, galdera funtsezkoenari erantzuna ematen saiatzeko: zergatik da hain garrantzitsua, zenbaiten ikuspegitik, itzulpenak ikusezin izan behar duelako ideia iraunaraztea? Eta, lehen galdera horren harian, hurrengoa: zergatik da hain funtsezkoa horrela ez izatea?
Argitasun puntuak
Itsasargiak jasotzeko modua izan baino lehen, argitasun puntuekin hasi zen itzulpengintza ilunpeetatik ateratzeko prozesua. Oso lanbide zaharra den arren, XX. mendearen erdialdean agertu ziren, mendebaldean, itzulpengintzari buruzko gogoeta teorikoak (ikusi, esaterako Zybatow: 2003). Lehenik eta behin, azaldu behar dut itzulpenaren teoria diodanean zera esan nahi dudala: itzultzaileek erdiesten duten beren lanari buruzko ikuspegi kritikoa, dela euren kabuz eta praktikaren bitartez, dela guztion ondarea diren eta ezagutza-komunitate batek garatu dituen testuen laguntzaz. Kontua da itzulpena den jardun hori ezin dela "teoria" bat gabe gauzatu, hau da, itzultzerakoan egiten dugun hori modu kritikoan ulertu gabe -inplizituki edo esplizituki-, horrexek baldintzatzen baitu, lehenik eta behin, gerora irakurri edo entzungo dugun hori.
Hastapenetan, itzulpenaren teoriak baieztatu egin zituen teoria sortu aurreko iluntasun puntuetako asko, baina, apurka- apurka, pentsatzeko modu konplexuagoei zabaldu zizkien ateak; batez ere, Susan Bassnet-ek iradokitzen duen ildoan: "Itzulpenaren teoriaren helburua, beraz, itzultzean gauzatzen diren prozesuak ulertzea da, eta ez, oker bidez sarritan pentsatu ohi den moduan, itzulpen ezin hobea lortzeko arau sorta bat eskaintzea" (1991:37) [2]. Prozesuei so egiten hasten denean, itzultzen denean gertatzen den hori ulertzen saiatzen denean, funtsezko zenbait gairi erreparatu behar die teoriak, aztergaia argitzen hasten diren zenbait konturi. Gai horien artean, nabarmentzekoak dira esanahiaren eraikuntza, azterketa kulturalak, komunikazio ekintzen azterketa eta, batez ere, botere harremanak.
Baina, itsas argi indartsu horien guztien garapenean argi iturri esanguratsurik bada, "ideologia" kontzeptuaren inguruan sortutakoa da hori. Ideologiaren kontzeptua, tradizioz, marxismotik heldu da, eta, Sampedrok laburtzen duen moduan, paradigma horrek, oro har, bi erabilera nagusi izan ditu:
-
Zentzu zabalean, terminoaren bi erabilera edo adiera nagusi daude: erabilera deskribatzailea, neutroa, eulogistikoa, topos eidon delakoa; hots, munduaren ikuspegi baloratiboa, eta horren kontzientzia modu korrelatiboak. Eta erabilera peioratiboa, edo, hala nahi bada, kontzientzia faltsua edo pentsamendu desitxuratua, topos eidolon delakoa, errealitate jakin baten irudikapen deformatuen multzoa. (Sampedro 1997:20)
Artikulu honen xedea ez da ideologia kontzeptuaren bilakaera historikoa aztertzea, baina, dudarik ez dago Louis Althusser-en lanak markatu egin zituela kontzeptuaren eraldaketa eta marxismotik pentsamendu sozial zabalagora pasatzeko unea. Althusserek gogoeta konplexua egin zuen ideologiaz, eta, Eagletonek (1991:148) laburtzen duen moduan, "gizon-emakumeon produkziorako bitarteko ezinbestekoa" dela baieztatu zuen. Ideologia pertsona egiten gaituzten balioen multzoa da. Beraz, "itxuraz ideologiatik kanpo gertatzen den hori [...], izatez, haren baitan gertatzen da" (Althusser 1997:59).
Ideologia, alabaina, ez da norbanakoaren baitan bakarrik agertzen den zerbait; lotura handia du boterearekin eta taldearekin, jendarte guztiek ideologia nagusiak iraunarazten baitituzte, eta ideologia nagusi horien ezaugarria -berriz ere iluntasunera gatoz- ikusezintasuna da. Althusseren beraren hitzetan, ideologia nagusia halako berezkotasun batez inguratzen da, eta, hala: "onartu baino ezin dugu egin; berez ateratzen zaigu oihua (ahots gora nahiz 'kontzientziaren ahots apalaz') haren aurrean: Begi bistakoa da hori! Zuzena da hori! Egia da hori". (Althusser 1971:161)
Ideologiaren definizio hori -ideologia gizon-emakumeon berezko jarrera da, eta, ideologia nagusia, berriz, sozialki eta ikusezina bailitzan eraikitako hori, onargarritzat jotzen den hori- osatu egiten zuten bai Michel Foucault-ek, diskurtsoaren eta boterearen gaineko bere gogoeten bidez, baita Gramscik ere, hegemonia edo nagusitasunari buruzko teorien bitartez. Foucaultek azpimarra jarri zuen botereak gizartean finkatzeko baliatzen dituen mekanismo ikusezinetan: "Boterea iraunarazten duena, onarrarazten duena zera da, ez zaiola jendeari inposatzen ezetz dioen indar baten modura; jendea zeharkatzen duen indarra da, gauzak ekoizten ditu, plazera eragiten du, ezagutzarako bideak markatzen ditu, diskurtsoa sortzen du." (1984:61). Gramscik, bere aldetik, "hegemonia hitza erabili ohi du botere nagusiek mendean hartutako pertsonen onespena bilatzeko dituzten moduak izendatzeko" (Eagleton 1991:112).
Horrek guztiak adierazten digu ideologia nagusia ez dela hertsaduraren bidez bakarrik eraikitzen, baizik eta, gehienbat, sozialki adostutakoaren bitartez, era guztietako praktiken bidez, halako "normaltasun" bat sortuz, zeinetik "desbideratzea" gerta daitekeen. Itzulpena, gizon-emakumeon jarduera den neurrian, ez dago horretatik salbuetsita. Berriro ere adierazi behar da itzulpenaren teoriak izan zuela zerikusia ideologiaren erabilera negatiboarekin. Basil Hatim-ek eta Ian Mason-ek diotenez, "mendebaldean, onargarri bilakatu zen [...] ezarritako arauaren desbideratzeak bailiran mintzatzea ideologiez" (1977:144). Ideologia, ohituraz, itzultzerakoan edo interpretatzerakoan bazterrean utzi beharreko zer kaltegarritzat jo izan da. Horren adibide ditugu -exenplu kanonikoetan kanonikoena- Itzulpen teoria tradizionalaren (mendebaldekoa eta androzentrikoa) "aita" Eugene Nidaren hitzak, itzulpenaren teoria honela definitzen baitu: "azaleko egitura multzo batetik bestera, ahalik eta interferentzia edo distortsio txikienarekin, pasatzeko teknikak ezartzea" (1969:483-84; M. Raimóndez-ek nabarmendua).
Baina, baldin eta ideologia honela definitzen badugu "gauzak ikasteko eta ikusten edo irakurtzen dena interpretatzeko modua, baita izateko modua diren kontzeptuen eta irudien sistema" (Trew 1979:95), orduan, itzultzen duen pertsonaren, ideologia nagusiekin edo ez hegemonikoekin modu batera edo bestera jarduten duen pertsona horren ideologiatik ari da itzulpen oro. Ideologia aztertzeak puntu jakin bati argi egitea dakar: itzultzailearen eta itzulpen prozesuen ikusezintasunari; eta puntu hori, itzultzaile askoren gogoeten zutabe eta lanaren oinarria da, artikulu honi hasiera ematen dion Freireren aipuak ondo erakusten duen moduan. Ikusezintasun horretatik, erabateko iluntasun horretatik baino ezin ditu itzultzaileak ideologia nagusiak betikotu eta horien parte bilakatu. Are gehiago, Freireren testuak eta antzekoek, hala nola itzulpenari buruzko eztabaida berezitu zein orokorretan azaltzen diren asmoek, itzultzailea interpelatu egiten dute, Althusseren hitzak erabiliz, jarrera hori hartzera. Baieztapen eta testu horiek guztiek itzulpenari buruzko diskurtso -Foucault-en zentzuan- jakin bat eraikitzen laguntzen dute, non itzultzaileak bere burua minimizatzen ikasten duen, "garden", "ikusezin", fidel eta neutral izaten ikasten duen, eta, beraz, hegemoniaren eraikuntzari men egiten dio, Gramscik zioen moduan.
Diskurtso horren eraikuntzak badu eraginik praktikan, eta, horren bitartez, pertsonen bizitzetan; eta beharrezkoa da horri buruz gogoeta egitea. Interpretazioan zentratuko naiz kontu hau ikusarazteko, eta ez bakarrik jardun hori ikusgarria dela aldarrikatzeko, baizik eta egoera labainetan gertatzen delako beti, hau da, botere harremanak nabarmenak diren egoeretan, non interpreteek, sarri, beren lana erantzukizun etikoz egiten uzten ez dien diskurtso horretan katramilatua ikusten duten euren burua. Ikus dezagun zein atakatan jartzen dituen "inpartzialtasunaren" ideologia nagusi horrek interpreteak, kasu guztiz garrantzitsu batean, oso muturreko egoera batean: Nurembergeko epaiketak. Interpretazioari buruzko ikerketek arreta berezia eman dieten arren Nurembergeko epaiketei -han sortu baitzen aldibereko interpretazioa, Behr eta Corpataux-ek (2006) jasotzen duten bibliografian ondo azaltzen denez-, berrikuntza teknikoaren alorrari erreparatu ohi zaio gehien bat, gertakari haien garrantzi historikoari edo interprete zenbaiten kontakizun batez ere biografikoari [3]. Kontakizun horietan guztietan bada beti agertzen den bitxikeria bat: epaiketa hartan interprete jardun zutenetako askok nazismoaren garaian pairatutako jazarpen edo erbestearen ondorioz lortu zituzten hizkuntza gaitasunak. Pertsona haietako askok tortura euren larruan nozitu zuten, edo familia galdu zuten genozidioan. Haietako hainbat juduak ziren jatorriz. Artikulu honen xedea ez da aztertzea zer baldintzatan bildu zituzten interprete haiek, historian mugarria ezarriko zuen esperimentu guztiz konplexu hartan jardungo zuten interprete haiek [4], baina bai aztertzea "inpartzialtasun" kontzeptuak nola antzematen diren, baita biktimak bere torturatzaileari ahotsa jarri behar dionean sortzen den egoera guztiz larri horretan. Zoritxarrez, presentzietan bainoago, ausentzietan oinarritu behar ditugu kasu horretaz egin ditzakegun azterketak, ez baitago elkarrizketarik -daudenek ez diote gai honi erreparatzen, Kurzek frogatu moduan (1985)- edo bestelako materialik jakiteko interpreteek nola eta zein puntutaraino egin ahal izan zioten aurre egoera horri; zeharkako iturriak baino ez daude. Nolanahi ere, iturri horien bitartez egiazta dezakegu "inpartzialtasuna" espero zela interpreteengandik, baita baldintza haietan ere. Hala baieztatzen du Francesca Gaibak honako hau azaltzen duenean: [kontzentrazio- esparruak aipatzen zirenean] "akusatuekiko sentitzen zuten erresumina ezkutatzeko edo gainditzeko exijitzen zitzaien [nork?] interpreteei" (Gaiba 1999:80). Pentsatzekoa da halako eskaria, guztiz ankerra ez ezik, bete ezina zela, Martina Behr-ek eta Maike Corpatux-ek egiaztatu duten moduan: "Alabaina, interpreteek ezin zituzten beti beren sentimenduak kontrolatu, eta, zenbait eduki agertzen zirenean, ezin izaten zuten aurrera egin" (2006:39). Argi geratzen da, beraz, neutraltasun eskari horrek, irreala eta ezinezkoa izan arren, indarrean dirauela interpreteen lana aztertzen duen diskurtsoan. Oso bakanak dira interpreteen emaitzen (produktuaren) adibide zehatzak, baina kontuan hartu behar da oso konplexua dela interpretazioak ikertzea. Nurembergeko epaiketen kasuan, interpretazioen grabazioak ezabatu egin ziren; ez, ordea, transkripzioak -beti ere zuzenduak-. Nolanahi ere, zaila izango litzateke era honetako ikerketa bat egitea, parte hartzaileen inpresioak ere aztertu beharko liratekeelako, eta, hainbeste denbora eta gero, nekez egin ahal izango zuten orduan egindako aukera inkontzienteei buruzko gogoeta. Hori horrela bada ere, adibide batzuk gelditu dira, anekdota modura; esaterako, Gaibak jasotzen duena, non interprete batek "auf die Juden pissen" (hitzez hitz, "juduei txiza egitea", eta, irudizko adieran, "juduei popatik ematea") "You just had to ignore the Jews" itzuli baitzuen ("besterik gabe, juduei ez ikusiarena egin behar zitzaien"). Interpretea parte den taldea (dela sexu, etnia, erlijio, hizkuntza nahiz beste edozein ezaugarrirengatik) iraintzen denean, dudarik gabe, erreakzio nabarmenak, eta sarritan inkontzienteak, sortzen dira interpreteengan; erreakzio horietako bat iraina "leuntzea" izan ohi da, nahiz eta, batzuetan, kontrakoa ere gerta daitekeen, hizlari sexista edo arrazista bat nabarmen uzteko eta, agian, haren baieztapenei buruzko eztabaida sortzeko. Nolanahi ere, adibide horren alderik interesgarriena da ikustea nola baldintza guztiz muturreko baina ez hain salbuespenekoetan (gogoan hartu, esaterako, gerretan eta gatazka guneetan egiten den interpretazioa) inpartzialtasunaren mitoak interpreteen jarduera-ahalmena murrizten duen eta prozesuetan duten paper politiko garrantzitsuaz gabetzen dituen.
Ildo bereko beste adibide bat jasotzen du Esperanza Bielsak (2009) azaltzen duenean zer nolako eztabaida sortu zen estatu espainolean 11-Mko epaiketetan, non, atentatuetako inputaturik nagusienetakoa zen Rabei Osman el Sayed aske utzi baitzuten, bere esanen interpretazio arazoak zirela eta. Italiako poliziaren interpretazio zerbitzuak esaten zuen el Sayedek erasoa antolatu zuela, eta Espainian kontrataturiko interprete independenteek zioten ez zela horrelako baieztapenik entzuten el Sayeden aitorpenetan. Eztabaida horretan, hizkuntza gatazkatzat hartu baitzen, inori ez zitzaion bururatu aztertzea norainoko eragina izan zuen, Sayedek esandakoa interpretatzerakoan, Italiako interpreteak poliziako langileak izatea (Ekaizer 2007:33).
Estatu Batuetan irailaren 11ren ondoren egindako ikerketek agerian utzi dute nola "fideltasunaren, fideltasun ezaren eta tradizioaren nozio estetikoek bat egiten duten objektibatutako errepresalia-ekintza politikoetan" eta nola horrek ondorio lazgarriak ekarri zituen" (Apter 2009:204). Beren lanaren ondorioz kartzela zigorra, heriotza edo kaleratzea pairatu zuten interpreteen zenbait kasu aztertu ondoren, Emily Apterrek lotura argi bat ezarri zuen: "hainbestetan aipatzen den 'traduttore, tradittore' esamoldeak aparteko garrantzia du kasu honetan, itzultzailea kriminalizazioaren jomuga erraza zergatik bilakatzen den azaltzeko" (Apter 2009:198). Kontzeptu teoriko horien ondorioek dimentsio ikaragarria hartzen dute, zeren, sustatzen duten diskurtsoak legitimatu egiten baitu interpreteak eta itzultzaileak, gatazka egoeretan, beti elementu susmagarritzat jotzen dituen kontzepzioa. Beste alde batetik, ikerketa horrek agerian uzten du, halaber, itzultzaileek munduari begira duten erantzukizunaren azterketarik ez egoteak, ezta azterketa etiko eta ideologikorik, ahalbidetu egiten duela interprete horien parte hartzea funtsezkoa izatea tortura eta zapalketa kasuetan. Hain zuzen ere, "neutraltasun" marko teoriko horretan kateaturik zegoelako geratu zen erantzun ezinik ATA (American Translators Association) elkartea, jabetu zenean horren ondorioz izan zela posible interpreteek parte hartzea Abu Ghraib-eko torturetan. Kasu interesgarria da, zeren, Moira Inghilleri-k (2009) adierazten duen bezala, interprete gehienak soldaduak baitziren, eta, fideltasuna nori zor zioten, horrek agerian uzten du bitartekotza egiten duen pertsonaren eragiteko ahalmena, bai eta nola men egiten dien (edo aurre, baina, zoritxarrez, kasu horretan ez zen hala gertatu) zerbitzen duen instituzioaren balioei. Neutraltasunaren eta fideltasunaren arauei jarraituz gero, Abu Ghraibeko interpreteen jokamoldea ez da gaitzestekoa; izan ere, beren lana oso modu eraginkorrean bete zuten preso bati esan ziotenean England emakumezko soldaduaren aurrean masturbatzeko itxurak egiteko, bestela gehiago joko baitzuten, Emily Apterrek azaltzen duen moduan (2009:199). Itzulpenaren ikuspuntu politiko batek, nahitaez, bestelako zerbait esango liguke. Eta erakutsi ahal izango luke, Apterrek egiten duen moduan, zer gidalerro har zezaketen elkarteek; esaterako, honoko hau exijitzea: "politika ofizial bat, eragozteko itzultzaileak bitartekari har ditzaten atxilotutako pertsonen tratu ankerrerako [...]; itzultzeari uko egiteko legezko eskubidea, baldin eta giza eskubideak edo atxilotutako pertsonen tratuari buruzko Genevako Ituna urratzen diren kasuetan" (2009:200). Muturreko kasu horiek eta hain agerikoak ez diren beste batzuek azaleratu egiten dute zenbaterainoko gabeziak dituzten boterea iraunarazteko neutraltasuna eta fidelitatea baliatzen dituzten ikuspegiak. Gatazka egoerek bere indar osoan agerrarazten dituzte gai hauek, zeren, Inghilleri-k adierazi bezala: "Baldintza horietan, itzultzaileak jarrera hartzen duenez ingurune sozial zein instituzional bateko arauei dagokienez, (...) arauok kontziente bilaka daitezke, une batez bada ere, gogoetari esker" (2009:210). Nire arrazonamendua da ez dela beharrezkoa muturreko kasu bat gertatzea -gerra garaian interpretatzea-gogoetaren bidez erakunde sozialen arauez kontziente izateko.
Azterketa labur honen ondoren, beraz, argi gelditzen da inork ezin duela, dagoeneko, ilunpetan aritu, bai eta itzulpen jardun bat "ideologiko" izateaz salatzeak, finean, salaketa egiten duenak ideologia nagusiaren alde egiten duela baino ez duela ezkutatzen, ideologia nagusia baita ikusezintasun nahia duen bakarra. Itzulpengintza botere esparru bat dela ulertzeak posible egin ditu bestelako ikerlanak, eta, horien bitartez, agerian gelditu dira "interbentzio eza" edo "normaltasuna" bailiran azaltzen diren zenbait interbentzio. Adibideak, ehunka ditugu: genero gramatikalik gabeko hizkuntzetako neutroak maskulinoan ematea generoak dituzten hizkuntzetan, esaterako, edo, teoria postkolonialarekin lotuta dagoen adibidea emateko, Waitangi-ko Ituna halako moduz itzultzea non maoriek uste baitzuten merkataritza ituna sinatzen ari zirela, izatez euren subiranotasuna inperio britainiarrari lagatzen ari zitzaizkionean [5]. Nolanahi dela ere, adibide hauek guztiek argi erantzuten diote galdera bati: zergatik azpimarratzen dira hainbeste ikusezintasuna, neutraltasuna eta objektibotasuna?; bada, horiek direlako boterea iraunarazteko modu bakarra, eta, boterearen muturrean, aipatu berri ditudan subjektu horiek guztiak daude. Baker-ek azaldutako moduan:
-
"Neutrala" izatearena, jakina, teoriaren ilusioa baino ez da, zeren, ezinezkoa denez neutrala izatea, eta botere harremanen nolakotasunaren ondorioz, egin beharreko galdera hau bailitzateke: noren kontra izan behar ote duen neutralak itzultzaileak edo interpreteak, neutraltasunaren narratiban hazitakoa denean (Baker 2009:223).
Uste horiek bazter utzita bakarrik egin ahal izango dugu lan benetan profesionala, non gure afiliazioen kontziente izango garen eta unean uneko gure komunikazio helburuak aztertu ahal izango ditugun. Interpreteak, guztiaren gainetik, pertsonak gara, eta, beraz, inguratzen gaituen hori ez zaigu arrotz, are gutxiago behar larriak edo gatazkak dauden egoeretan.
Argi ematen duten itsasargiak
Munduaren ikuspegi kritikorako funtsezkoak diren itsasargiek izen propio jakinak dituzte, eta kokapen ugari. Feminismoak eta teoria postkolonialak dute izena. Guztiz ezinezkoa da teoria feministak eta postkolonialak oro har zer diren hemen labur azaltzea, itzulpengintzan nola aplikatzen diren ikusteko; beraz, aipatu baino ez dut egingo biak ere jarrera filosofiko kritikoak eta konplexuak direla, eta botere harremanak eta parekotasunik eza aztertzen dituztela. Feminismoek arreta handiagoa ematen diote gizon eta emakumeen arteko eta emakumeen beraien arteko parekotasunik ezaren eraikuntzari (patriarkatua), eta postkolonialismoek, berriz, boterea herri eta kulturen artean nola eraikitzen den aztertzen dute, imaginarioari kontu berezia eginez (inperialismoa edo kolonizazioa). Botere harremanen azterketa global horretan, korronte horiek biak itsasargi indartsuak dira, eta guztiz argitzen dituzte kultura eta gizarteen eraikuntzak, azaleratik leize abisaletaraino. Itzulpena, jakina, ezin zitekeen lan horretatik kanpo gelditu. Feminismoen eta postkolonialismoen lanetatik errotiko kritika eratortzen da, muinari heltzen diona, hots, nola itzulpena botere patriarkal eta inperialista betikotu edo iraultzeko bitarteko bilakatzen den. Bi ikuspuntutatik aurkeztuko dut haien lan konplexua: kritika epistemologikotik eta praktikan dituzten ondorioetatik. Izan ere, alde bi horiek nahitaez uztartu behar dira, zeren, bai feminismoentzat baita teoria postkolonialentzat ere, teoria oro, berez, praktika baita, eta praktika orok berekin baitu, inplizituki, teoria bat.
Oro har, bai feminismoek baita ikerketa postkolonialek agerian jarri nahi izan dute marko ustez orokorraren partzialtasuna, horren loturak patriarkatuarekin eta inperioarekin, bai eta lotura horiek berekin dakartzaten kontraesanak eta zein modutan saiatzen diren ikusezin bilakatzen. Hala, itzulpen teoria androzentrikoa eta eurozentrikoa dela azaldu dute, aztertu ondoren, esaterako, itzulpenaren teoria "kanoniko"tzat jotzen den hori hizkuntza hegemonikoetatik datorrela, bereziki ingelesetik. Egiten diren ikerketak hizkuntza hegemoniko bikoteetan zentratu ohi dira, eta oso gutxitan hegemonikoak ez diren herri eta kulturen arteko elkarrekintzetan. Era berean, itzulpenaren ikerketa feministek eta postkolonialek agerian jarri dute akatsa zela ikerketa teorikoak batez ere literaturan oinarritzea, edo idatzizko hizkuntzari erabateko lehentasuna ematea ahozkoaren aldean, horren atzean mendebaldeko ikuspegia baitago, non idatzizkoak duen balio sinbolikoa. Balio patriarkal eta inperialista horiek ikus daitezke, halaber, itzulpenaren teoria "zientzia" gisa eraikitzeko moduari erreparatuta, gaur egungo mundu zientifikoan guztiz gaindituta dauden markoak baliatu baititu ezagutza sortzeko moduari dagokionez. Ikuspuntu horretatik, zenbait kontzeptuk, "fideltasunak" esaterako, guztiz bestelako dimentsioa hartzen dute, ikerketa postkolonialek frogatu baitute ideia hori Bibliaren itzulpenetik datorrela, eta Biblia mendebaldeko kulturaren oinarrizko testua da, baina ez halabeharrez beste kultura batzuena; beste kultura horietan kontzepzio horiek baliogabeak dira, edo ibili gabeak (horren adibide nabarmena Indiakoa da, non itzulpenak berridazketatzat hartu izan baitira Antzinarotik, "egilearen" autoritatearekin lotu gabeak). Itzulpenaz beraz hitz egiteko erabiltzen diren metaforak eta horien bidez deskribatzen diren botere-munduak aztertu dituzte teoria feministek eta postkolonialek, eta bada horrekin zerikusia duen interesgune bat. Itzulpenaren mendebaldeko kontzeptualizazioa eta itzulpena irudikatzen duten metaforak gehien kritikatu dituen teorikoetako bat Maria Tymoczko dugu, eta, besteak beste, "kulturen arteko zubia"ren metafora kritikatu du, zeren, bere ustez, hitz egiteko modu horrek:
"iradokitzen baitu itzultzailea neutrala dela, historiaren eta ideologiaren gainetik dagoela; konstrukto horretan, itzultzailea figura alienatu baten modura ikus daiteke, eta alienazio hori, sarritan, profesionalaren "objektibotasuntzat" jo nahi izaten da [...]. Horrela, itzulpenaren mendebaldeko kontzeptualizazioan inplizitu dagoen transferentziaren metafora horrek kontra egiten die itzultzaileen autoerrefexibitateari eta jabekuntzari, eta itzulpen prozesuen ideologiari buruzko amnesia moduko bat bultzatzen du, modu horretara bidea erraztuz botere nagusien balioen nagusitasuna kulturara eta mundu globalizatura pasa dadin inolako azterketarik gabe." (2007:7)
Teoriko feministak ere aspalditik ari dira aztertzen itzulpenarekin loturiko metaforen gaia. Lori Chamberlain-ek 1997an egindako ikerketa erreferentziazko testua da alor honi dagokionez, eta bertan aztertzen du nola itzultzaileek egileen (jatorrizkoan, maskulinoz) "neskametzat" hartzen dituzten beren buruak, botere marrek argi markatutako genero bereizketa barne. Literatur itzulpengintzan emakume baino gizonezko gehiago dauden kasuetan ere, Galizian esaterako (ikusi Baxter 2010), ikerlanek agerian uzte dute botere kontua dela, Baxterrek adierazitako moduan. Horrekin bat egiten dute, halaber, zenbait kritika postkolonialek, ikusten baitute itzultzen duenak egilearena baino estatus altuagoa izan dezakeela, botere kontuak direla medio. Horrela bada, "egilearengana" edo "egilearen intentziora" jo behar hori balio inperialista eta patriarkalak betikotzeko modua besterik ez litzateke, eta balio horiek guztiz kontrajartzen zaizkie literaturaren teorian dagoeneko oso finkatuta dauden ideiei, Roland Barthesen egilearen heriotzatik hasita; eta, zer esanik ez, kontuan hartuz gero ideia horrek literatur testuetarako bakarrik balio duela, horietan bakarrik agertzen baita egiletasuna. Itzulpen ikerketa era horretako kontzeptuetan oinarritzea guztiz absurdoa da itzulpengintzan egiten diren lan gehienei gagozkiolarik, egile aitorturik gabeko testuak baitira (esaterako, Europar Batasuneko dokumentazio guztia, lege testuak, medikuntzakoak, merkataritzakoak, etab.).
Ikerketa lerro horri jarraiki, teoria feministek eta postkolonialek ikerlan garrantzitsuak burutu dituzte itzulpenaren eta patriarkatu zein inperioaren arteko konplizitateaz. Adibide batzuk baino ez ditut aipatuko, puntu hau argitzeko. Ezinbestekoa zaigu Fitzgerald-ek Omar Sharif-en Rubbayat deitu horien itzulpenaz Adnan-ek 1999an egindako ikerketara jotzea, itzulpen horretan munduaren ikuspegi bat, arabiarra, behe mailakotzat hartzen baita, ez da duina kultura inperial britainiar handiarentzat. Fitzgeraldek "mendekoa" irizten zion testuari, eta, obra duina izan zedin, hura "goratzeko" ardura zuela uste zuen. Argi dago itzultzaileak inperioaren konplize modura jokatu zuela. Bitxia da, ordea, Rubbayat hori literatura "britainiarreko" testu kanonikotzat jotzea oraindik ere.
Aipatzekoa da, halaber, aurrekoaren ildo berean, Mahasweta Sengupta-ren ikerlana, non, besteak beste, itzulpenen eta Indiaren irudi orientalistaren arteko elkarrekintza aztertzen baitu. Testuen aukeraketari erreparatzen dio bere lanean, eta azaltzen du horretan esfortzu kontzientea egon dela "Indian, antzina, Erdi Aroa baino lehenago, agintari islamiarrak azpikontinentera heldu aurretik egon omen zen iraganeko 'urrezko aro' delako bat errekuperatzeko" (1995:160). Egile horrek berak Gitagovinda-ren itzulpena aztertu du, eta nola, garai kolonialeko beste itzulpen askoren ildo berean, horretan ere egokitzapena egin zen "europarren gusturako onargarria den 'irudira' plegatzeko" (1995:161); halako punturaino egokitu ere, non poema erotiko bat deboziozko otoitz mistikoa bilakatu zen. Kasu horretan bada zerbait interesgarria, alegia, itzultzaileak -Jones- esaten zuela ez zuela "ideia edo irudi bat bera ere" gehitu (1995:161); ideologia nagusiek, kosta ala kosta, ikusezin geratzea bilatzen dutelako teoria indartu baino ez du egiten horrek.
Afrika aldetik ere heltzen zaizkigu era horretako ikerlanak; esaterako, Stanley Ridge-k egindakoa, Langalibalele buruzagiaren epaiketa bitartean Hegoafrikan egon ziren negoziazioei buruz (1009:195-202), edo ahozko literaturaren itzulpena kolonizazioaren parte gisa aztertzen duen Paul Bandia-rena (2000:353-362).
Ikerketa feminista eta postkolonialek, halaber, boterea iraunarazteko eta iraultzeko beste alor asko aztertzeko bidea ematen dute, esparru literariotik at. Mazid-ek (2007), esaterako, Gendering Development izeneko Munduko Bankuaren txostenaren arabierarako itzulpena aipatzen du, non Hisham Abdalla itzultzaileak neutroak maskulino bilakatu zituen, eta horrela, itzulpenak berak "ez du inolako genero ikuspegirik. Jatorrizkoaren egile, eragile eta subjektu guztiak -horietako gehienak, edo asko bai behintzat, emakumezkoak izan arren- ordain maskulinoa dute arabieraz" (Mazid 2007:72). Mazidek ondorioztatzen duen moduan: "Generoa itzuli behar denean, gure ideologiak agerikoak bilakatzen dira, batez ere genero gramatikalaren atribuzio desberdinak dituzten hizkuntzen artean egin denean" (Mazid 2007:71).
Nolanahi ere, azterketa horiek, eta hori da interesgarria, ez dira iraganerako begirada hutsak, eta erakusten digute nola, gaur egun ere, patriarkatuak eta inperioak euren burua erreproduzitzen eta besteen ahotsak berenganatzen jarraitzen duten. Alabaina, ikerketa horien alderik garrantzitsuena, agian, estrategia berriak garatzeko bideak irekitzea izan da, eta horien gainean ere egin dira gogoetak eta ikerketa teorikoak, hala, zirkulu birtuoso eredugarria sortuz. Feminismoen kasuan, ingelesaren eta frantsesaren arteko itzulpenera ohitutako feminista kanadarrek garatu dituzten estrategiak aipatu ohi dira. Egokiagoa litzateke, ordea, testuinguru askotarikoetan egokituz eta garatuz joan diren interbentziorako estrategia orokorrez hitz egitea. Ikuspegi praktiko batzuk zehatz aztertu dira; esaterako, Luise von Flotow-ek "ikuspuntu politikotik iraingarriak" izendatzen dituen testuak (1997:45), zeintzuentzat, haren esanetan, ez dagoen itzulpen estrategia bakarra. Itzultzaile bakoitzak bere estrategiak garatzen ditu, topatzen duen adierazpen patriarkalaren arabera. Hizkuntza sexista adierazpen horietako bat da. Kasu horretan ere, erreakzioa ez da dogmatizatua, ez bada feministen erabilera eta pertzepzioei zabaldutako ikuspegia. Hizkuntza bakoitzak, gainera, sormen aukera desberdinak ditu, eta hor baliatzen dituzte itzultzaileek beren estrategiak maskulino "generikoen" eta sozialki onetsitako beste itzulpen estrategia sexista batzuen aginduei ez jarraitzeko. Hizkera inklusibotik edo femeninoa eta maskulinoa txandakatzetik hasita femenino generikoraino, interbentzioak askotarikoak dira, eta nabariak testuetan; agerian uzten du horrek itzultzaile feministek eskuratu duten boterea, testuak modu irekian interpretatzeko.
Estrategia iraultzaileen alor horretan, Mahasweta Devi itzultzeko Gayatri C. Spivak-ek erabilitakoak azpimarratu behar dira: guztiz agerian jartzen da hizkuntza ez hegemonikoaren, patriarkatuaren, inperioaren eta kastaren arteko elkargunea, eta itzultzaile postkolonial eta feminista horren jarrerari buruzko gogoeta gune emankorra bilakatzen da.
Era horretako praktika iraultzaileak, hau da, ikusezin geratu nahi duten diskurtso hegemonikoen kontra modu kontzientean jarduten duten praktikak, funtsezkoak dira eraldaketa proiektuen arteko aliantzak lotzeko, zeren, Spviak-ek ondo adierazten duen moduan: "Ezin konta ahala hizkuntza daude, non mundu osoko emakumeak hazi egiten diren eta emakume edo feminista egiten diren" (1992:1290). Bakoitzaren jarrera kontuan hartuko duen proiektuen arteko komunikazio hori gabe, ezinezkoa da diskurtso hegemonikoek sortzen duten esplotazioa zarratatzea.
Argi egiten diguten itsasargiak
Feminismoek eta teoria postkolonialek itzulpenaren gainean zabaldu duten argiak zeresan handia du, halaber, Galiziako itzulpengintzan gertatzen den horretan, bai ikuspuntu teorikotik zein praktikotik. Lehenago aipatu dudan itzulpengintzari buruzko diskurtso tradizionalari, Galizian, beste bi alor guztiz garrantzitsu gehitu behar zaizkio: itzulpena "normalizaziorako" eta "eraikuntza nazionalerako" tresna. Gure itsasargi indartsuen argitan aztertuko ditugu bi diskurtso horiek.
Normalizazioaren diskurtsoak defendatzen du hizkuntza, kultura eta, bereziki, literatur sistema "eguneratzeko" eta "geuretzeko" [6] tresna bat dela itzulpena. Baina, esparru feminista eta postkolonialetik pentsatuz gero, zer nolako eguneratze eta geuretzea bultzatzen da? Noren balioak sustatzeko? Normalizazioaren izenean, Galizian, onargarritzat jotzen dira testuak, eta are esperientziak, "geuretu" egiten dituzten estrategiak, kontuan hartu gabe komunitate ez hegemoniko bateko kide izan arren geurean ere badaudela zentroak eta periferiak, hegemonia hetero-patriarkaletik hasita, mendebaldeko herritar garen heinean zapaldu egiten ditugun herrien irudi edo esperientziez jabetzeraino. Horrela ulertutako "geuretze" eta "normaltze" horren ezaugarri funtsezkoetako bat, nire ustez, hau da: bestea desberdin egiten duen hori ezabatu egiten duela, bestea gugan subsumitzen duela, eta horrek ezabatu egin dezake guk, Iparreko herritarrok, beste herrialde batzuen aurrean edo gure herriaren beraren talde batzuen aurrean dugun erantzukizuna. Horrekin guztiz loturik dago itzultzaileok garatzen ikasten dugun normalizatzaile eginkizuna, eta aztertu beharko genuke ea zeregin horrek ez ote dakarren berarekin gure lanaren jardun kritiko eta kontzienteari uko egitea. Diskurtso horiek normala izatea eskatzen diote itzultzaileari, fidela eta ikusezina, are eta gehiago horrek ahalbidetzen duelarik ideologia patriarkalek -gordean kolonizatzaileak, sarritan- normalizazioa eta nazioa gidatzen jarraitzea.
Normalizazioaren diskurtsoa, gainera, loturik dago izendapen hobeagoren faltan itzulpenaren ikuspen "filologikoa" deituko dudanarekin. Horrekin esan nahi dut, Galizian, hizkuntzaren erabilera garbia, joria edo gutxienez "zuzena" kontuan harturik baloratu ohi direla literatur itzulpenak, eta horrek saihestu egiten du literatur idazkeraz beraz gogoeta egitea, eta, are garrantzitsuagoa dena, itzulpenei ematen zaien ikuspegiaz. Horrekin adierazi nahi dudana da zenbait itzultzailek, normalizazioaren ideia horren mesede, Otero Pedrayo-k Arredor de si liburuan hitz egiten zuen moduan hitz eginarazten dutela edozein liburu, baita hango protagonistek ideolekto hankamotza, lagunarteko edo arrotz-zalea dutenean ere.
Eraikuntza nazionalaren gaia are garrantzitsuagoa da. Begi bistakoa da eraikuntza nazionala, Galizian, hizkuntzan zentratu ohi dela, eta, bereziki, literaturan, proiektu identitario kolektiboaren muina den neurrian. Galizian, eta hegemonikoak ez diren beste hizkuntza askotan, itzultzaileen "fideltasunaren" kontzeptua are konplexuagoa da, horrekin loturik dagoen proiektu nazionalak oinarri funtsean patriarkala duelako, feminista galegook salatu dugun moduan. Literatura hartu nahi badugu eredu, eta kontuan hartuta zer garrantzia duen literaturak Galiziaren eraikuntza nazionalerako, zalantzarako toki gutxi uzten dute Noia Campos-en (1995) eta González Millán-en (1995) ikerlanek, baita, zenbait adibidetan, Veites (2003) edo López Silva-renak (2003) ere. Literaturaren kasuan, benetako paradoxa da, Galizian, behin eta berriro bilatzea "literatura unibertsalaren" kanon bat; itzulpenari buruzko eztabaida orotan, etengabe, agertzen da gaia, hots, gizon-emakumeon ezagutza kolektiboaren ondarera iristeko oinarrizkotzat jotzen diren testu horiek gure hizkuntzan eskuratu ahal izateko premia larria. Paradoxa da, zeren, nazioaren eraikitzaileek, aho batetik, ia osotara hizkuntza hegemonikoetako gizonezko egileek idatzitako liburu horien zerrenda aipatzen dute, eta, beste ahotik, kexatu egiten dira literatura galegoa ez delako ez itzultzen ezta kontuan hartzen beste toki batzuetan. Gu geu, hizkuntza ez hegemonikoetako hiztunok, ez bagara gauza kanon patriarkal eta inperialistaren diskurtsoa aldatzeko, ezin dugu espero besteek, beste toki batzuetan, hala egitea. Geuk ez badugu galeseraz, tamileraz, iorubaz edo guaranieraz idatzitako literatura literatura unibertsaltzat jotzen, ez ginateke harritu behar beste toki batzuetan literatura galegoa ez badute halakotzat hartzen. Galiziara munduko literaturarik hoberena ekartzen dutela dioten argitaletxeek ere, emakumezko egile bakanen bat baino ez dute sartzen beren katalogoetan, anekdota modura, eta mendebaldeko hizkuntzekin edo mendebaldetik kanpo inperialak diren horiekin jarraitzen dute lanean. Esaera zahar haren aldaera batez laburbil daitezke ideia hauek: Ezin diegu beste kulturei burutik behera txiza egin eta gero esan gurian euria ari duelako dela.
Azkenik, nabarmentzekoa da, eraikuntza nazional honetan, literatur itzulpena -onespen soziala duen hori, Baxterrek (2010) aipatu zuen moduan- gizonezkoek egiten dutela, eta emakume itzultzaileek, berriz, gehiago izan arren -bereziki langile autonomoen zerrendetan-, prestigio eta ikusgaitasun sozialik gabeko testuak itzultzen dituztela gehienbat. Itzulpena normalizazioarekin eta eraikuntza nazionalarekin lotzeak beste arazo bat dakar berarekin: literarioak ez diren itzulpen eta interpretazio moduei buruzko iluntasuna, eta, nire ustez, itzulpen modu horiek funtsezko balioa dute normalizaziorako, normalizaziotzat hartuta hizkuntza erabilera eta esparru askotarikoetara zabaltzea, eta ez "geuretzea" eta, autoritatearen onespenarekin, aniztasuna ezabatzea.
Esan behar da, alabaina, azaldutako hori gorabehera Galizian gertatzen direla itzulpen jardun erresistentziakoak edo iraultzaileak. Alde batetik, itzulpen teoria feminista eta postkolonialaz egindako ikerketa lanari esker, Galizia toki onean dago "nazioarteko" itzulpen teoriaren esparru zabalagoan eragiteko -lehen azterlanak 1997an egin nituen, eta, gero, beste lankide batzuek zabaldu eta garatu dituzte ikuspuntu askotarikoekin; besteak beste: Olga Castro, Neal Baxter edo Iria González Liaño. Beste alde batetik, esanguratsua da, halaber, Galiziakoaren ezaugarriak dituen kultur sistema batean itzultzaileok izan dezakegun estatusa, horri esker lor dezakegulako, adibidez, eta literaturaren esparrura bueltatuta, beste kultura hegemonikoetan pentsaezinak liratekeen obrak argitaratzea, baita mendekoen arteko elkarlanerako proiektuak aurrera ateratzea, munduko beste lekuetako eragileekin batera. Hala eta guztiz ere, itzulpenean, oso bakanak eta isilak izan ohi dira jarrera eta interbentzio feminista eta postkolonialista esplizituak; salbu eta, agian, neure praktika bera. Egia bada ere Xerais, Positivas eta Galaxia argitaletxeekin egin dudan lanean beti eman didatela bidea neure abiapuntuko jarrerak azaltzeko [7] eta itzulpenaren beraren balio erantsitzat hartu dutela, ez da harritzekoa, Galiziako literatur itzulpengintzan oro har, jendea uzkur agertzea norberak itzulpenari zein jarreratik heldu dion azaltzerakoan, ikusita zer nolako laidoak, irainak baita bortxakeria [8] jasan ditzakegun itzultzaileok sexismoa iraunarazten -edo ez dagoen tokian txertatzen- ez duen eta hurkoa fagozitatu gabe hari ahotsa ematen dion itzulpen praktika etikoa defendatzen eta jendaurrean azaltzen dugunean. Galizian, garrantzia berezia dute alor horiek, itzulpen feminista eta postkoloniala delako zeru, lur eta itsasoen arteko aliantzak ahalbidetzen dituena, aniztasuna etengabeko desagertze arriskuan dagoen testuinguru honetan. Itzulpena funtsezko jarduna da patriarkatuaren, kapitalismoaren eta neokolonizazioaren arteko loturak agerian jarriko dituzten mugaz gaineko proiektuak garatzeko.
Argitutako mundua
Haize boladen eta itsasargien argitara, nabarmenago azaltzen da ez dagoela itzulpena baino ekintza politikoagorik. Ikusezintasunaren ideiari eusteko interesak itzultzaileen ahalmen subertsiboa desaktibatzeko zein patriarkatua eta inperioak eraikitzeko baliatzen diren hariak ikusezin egiteko nahiari erantzuten dio.
Itzulpenaren eta interpretazioaren jardun etikoak berarekin dakar botereari buruz eta gure jarrerari buruz pentsatzea, baita horren arabera jardutea ere, pertsonak garen heinean eta, batez ere, halako erantzukizuna ematen digulako gure bitartekari zereginak. Zeren, hala sinetsi ala ez, horren menpe baitaude milioika pertsonen eskubideak, geureetatik hasita. Hala bada, itzultzaileok ezin dugu ikusezintasuna buru makur onartu, eta gero kexa egin gure lan baldintzak txarrak direlako, edo jasotzen dugun ordain eskasa dela eta. Era berean, ezin dugu jada "egilea" erabili gure konplizitateen aitzakia, zeren, gure erabakitzeko ahalmena egileari ematen badiogu (edo, are itxuragabeagoa dena, editoreari, Freiren aipuan agertzen den moduan), nekez ulertu ahal izango baitugu jabetza intelektualaren legeak itzulpenaren egile bakarra onartzea: itzultzailea bera. Argiak piztuta egindako azterketak ikusarazten digun moduan, itzultzaile eta interpreteok bete behar dugun eta eskatu behar zaigun profesionaltasun irizpide nagusiena honakoa da: itzultzen ditugun testuen edo interpretatzen ditugun komunikazio jardunen aurrean dugun jarrera esplizitatzea. Oso sektore feminizatua den neurrian, gure lanak badu eraginik emakumeak garen aldetik ditugun eskubideetan, baita gure ikusezintasunak bere horretan jarrai dezan edo ez, eta munduko beste bazterretako lankideekin elkarlanerako proiektuak bultzatzerakoan, direla literarioak zein herritarrenak edo sozialak. Era berean, hegemonikoak ez diren hizkuntzetako hiztunak garen aldetik, gure zeregina funtsezkoa da kanona eraikitzeko logika hegemonikoarekin hausteko, baita hizkuntzaren eta giza eskubideen arteko lotura defendatzeko garaian ere, zeren, boterea duenak ez baititu kontuan hartzen ahotsik ez duten pertsonak, eta, horrela, ezer ez da gertatzen gu bizi garen basoak suntsitzen dituztenean, aire zabaleko meategiak irekitzen dituztenean edo gure ibaiak kutsatzen dituztenean. Hori gertatzen da ahotsik izan ezean. Eta, hegemonikoak ez diren hizkuntzetako hiztunontzat, itzulpena ezinbestekoa da ahotsa izan ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, itzulpengintzaren gainean argi egitea lan arlo jakin bateko kontu teoriko hutsetik askoz harago doan kontua da. Denoi dagokigu, errotik. Horregatik, dugun paperaz ohartuta bakarrik izango dugu itzultzaileok bizi dugun mundua aldatzeko aukeraren bat. Zeren, Chesterman-ek eta Wagner-ek dioten moduan: "Arauak jarraitu besterik ez baduzu egiten, are gehiago indartuko dituzu. Baina haiei aurre egiten badiezu eta alternatibak saiatzen badituzu [...], orduan, arau berriak ezartzen lagun dezakezu" (Chesterman eta Wagner 2002:78). Eta Maria Tymoczckok ondo gogoratzen duen moduan: "kontratatzen gaituenarekin fideltasun testualeko maila mikroez eta berehalako betebeharrez hitz egiteak" ondorioa baitu "komunitatearen eta munduaren aurreko erantzukizun esfera zabalagoak ezabatzea" (Tymoczko 2009:186). Horregatik guztiagatik, bada garaia iluntasuna gehiago defenda ez dezagun, itzulpengintzaz mintzo garelarik.
Bibliografia
Abdulla, Adnan (1999): "Aspects of ideology in translating literature", BABEL, 45. liburukia, 1. zkia, 1-16.
Althusser. Louis (1997): "Ideology and the State (1969)", in Rice, P. / Waugh P.: Modern Literary Theory: 53-61 (Londres / New York: Arnold).
Apter, Emily (2009): "Translation-9/11: Terrorism, Inmigration, Language Politics", in Biesla, Esperanza / Hughes, Christopher W.: Globalization, Political Violence and Translation: 195-206 (Hampshire / New York: Palmgrave MacMillan).
Bandia, Paul (2000): "Towards a history of translation in a (Post)-colonial context: An African perspective", in Chesterman, Andrew / Gallardo San Salvador, Natividad / Gambier, Yves: Translation in Context: 353-362 (Amsterdam / Filadelfia: John Benjamins). Bassnett, Susan (1991): Translation Studies (Londres: Routledge).
Baxter, Robert Neal (2010): "Tradución e androcentrismo: Quen traduce que(n) e como na Galiza" in Sanmartín Rei, Goretti: Lingua e xénero: 115-136. (azken kontsulta 13/1/10).
Behr, Martina / Corpataux, Maike (2006): Die Nürenberger Prozesse. Zur Bedeutung der Dolmetscher für die Prozesse und der Prozesse für die Dolmetscher (Múnic: Martin Meidenbauer Verlagsbuchhandlung).
Biesla, Esperanza (2009): "Globalization, Political Violence and Translation: an Introduction", in Biesla, Esperanza / Hughes, Christopher W.: Globalization, Political Violence and Translation: 1-21 (Hampshire / New York: Palmgrave MacMillan).
Chamberlain, Lori (1988): "Gender and the Metaphorics of Translation", Signs 13(3): 454-472.
Chesterman, Andrew / Wagner, Emma (2002): Can Theory Help Translators? (Manchester / Northampton: St. Jerome Publishing).
Eagleton, Terry (1991): Ideology: An Introduction (Londres / New York: Verso).
Ekaizer, Ernesto (2007): "España vs Italia", El País, ekainak 5.
Fenton, Sabine / Moon, Paul (2002): "The Translation of the Treaty of Waitangi. A Case of Disempowerment", in Tymoczko, Maria / Gentzler, Edwin: Translation and Power: 25-44 (Amherst / Boston: University of Massachussetts Press).
Foucault, Michel (1984): The Foucault Reader (New York: Pantheon Books).
Freire, Carlos (2010): "Traducir a Paul Auster. Sobre o traslado invisible de palabras". Faro da Cultura. 317.zkia, 2010eko urtarrilaren 28a.
von Flotow, Louise (1997): Translation and Gender. (Manchester: ST. Jerome Publishing / University of Otawa Press).
Gaiba, Francesca (1999): "Interpretation at the Nüremberg Trial", Interpreting. 4(1) liburukia: 9-22.
González-Millán, Xoán (1995): "Cara a unha teoría da traducción para sistemas literarios 'marxinais'. A situación galega", Viceversa 1: 63-72.
Hatim, Basil & Mason, Ian (1997): The Translator as Communicator (Londres / New York: Routledge).
Kurz, Ingrid (1995): "Als Dolmetscher beim Nüremberger Prozess - Ein Gespräch mit Marie- Francoise Skuncke", Mitteilungsblatt dess österreichischen Übersetzer- und Dolmetscherverbandes Universitas: 2-7.
López Silva, Inmaculada (2003): "Ramón de Valenzuela e o teatro: exilio escénico en Buenos Aires", Anuario Grial de Estudos Literarios Galegos: 28-41.
Mazid, Bahaa-Eddin M. (2007): Politics of Translation. Power and Ideology, Culture and X-phemism in Translation between Arabic and English (Múnic: Lincom).
Nida, Eugene (1969): "Science of Translation". LANGUAGE. 45. liburukia 3. zkia: 483-498. Noia Campos, Mª Camino (1995): "Historia da Traducción en Galicia no marco da cultura europea", Viceversa, 1: 13-62.
Pochhaker, Franz e Schlesinger, Miriam (2011): The Interpreting Studies Reader. (Londres / New York: Routledge).
Ridge, Stanley G. M. (2009): "Translating against the grain. Negotiation of meaning in the colonial trial of chief Langalibalele and its aftermath", en Wakabayashi, Judy / Kothari, Rita: Decentering Translation Studies. India and beyond: 195-212 (Amsterdam / Filadelfia: John Benjamins).
Sampedro, Francisco (1997): Ideoloxía e distorsión. Ensaio sobre o imaxinario ideolóxico (Vigo: Xerais).
Sengupta, Mahasweta (1995): "Translation as Manipulation: The Power of Images and Images of Power", in Dingwaney, Anuradha / Maier, Carol: Between Languages and Cultures. Translation and Cross-Cultural Texts: 159-179 (Pittsburgh: University of Pittsburgh Press).
Spivak, Gayatri Chakravorty (1992): "The politics of translation", in Barret, Michèle / Phillips, Anne: Destabilizing Theory. Contemporary Feminist Debates: 177-200 (Standford: Stanford University Press).
Trew, Tory (1979): "Theory and ideology at work", in Fowler, R. et al: Language and Control: 94-116 (Londres: Kegan & Paul).
Tymoczko, Maria (2007): Enlarging Translation, Empowering Translators (Manchester: St. Jerome Publising).
Tymoczko, Maria (2009): "Translation, Ethics and Ideology in a Violent Globalizing World", in Biesla, Esperanza / Hughes, Christopher W.: Globalization, Political Violence and Translation: 171-194.
Venuti, Lawrence (1997): The Translator's Invisibility (Londres / New York: Routledge).
Venuti, Lawrence (2000): The Translation Studies Reader (Londres / New York: Routledge).
Vieites, Manuel F. (2003): "O folc drama en Galicia (II). A propósito do Movemento Dramático Angloirlandés e do Movemento Dramático Nacional: traducións e proxectos literarios na formulación dun teatro nacional", Anuario Grial de Estudos Literarios Galegos: 72-85.
Zybatow, Lew N. (2003): "Wie modern ist die 'moderne' Translationstheorie?", in Gerzymisch-Arbogast, Heidrun / Hajicová, Eva / Sgall, Petr / Jettmarová, Zuzana / Rothkegel, Annely / Rothfuss-Bastian, Dorothee: Textologie und Translation: 343-360 (Tubinga: Gunter Narr Verlag).
Oharrak
[1] Jatorrizkoan, genero maskulinoa erabiltzen da itzultzailea aipatzerakoan. (Itzultzailearen oharra).
[2] Aipu guztiak artikuluaren egileak galegoz emandako testuetatik itzuliak dira.
[3] Egileak femenino plurala erabiltzen du testuan generiko moduan; esaldi horretan, berriz, ez, eta ohar hau eransten du: Nahitara jarrita dago maskulinoa, kontakizun horiek gehienbat gizonezkoenak baitira, emakumezko asko egon arren epaiketa haietan lanean, gaur egun bezalaxe oso lanbide feminizatua baita.
[4] Epaiketa haiei buruzko argibide gehiagorako, ikusi Behr eta Corpataux 2006.
[5] Sabine Fenton-ek eta Paul Moon-ek (2002) ederto azaltzen dute kasu hau, adierazten dutelarik Williamsek, itzultzaileak, misiolaria zenez, uste zuela maorien interesak hobeto babestuta egongo zirela koroa britainiarraren menpe. Williamsek ez zuen sekula bere interbentzioa "ideologikotzat" jo; "logikoa" zen harentzat (logika inperial eta patriarkalaren araberakoa). Kasu hori guztiz esanguratsua da, eskubideen gaineko gatazka iturri baita oraindik ere. Ikusi hemen eta hemen.
[6] Itzultzailearen oharra: Jatorrizkoan "anosar"; Alvaro Cunqueirok sortutako hitza da, eta "gure hizkuntzara itzuli" esan nahi du.
Egilearen oharra: Alvaro Cunqueiroren aipu hori lelo bilakatu zen, eta izena eman zien bai Vigoko Unibertsitatean 1998an egin zen kongresuari, bai horren aktak bildurik Alberto Alvarez Lugris-ek eta Anxo Fernandez Ocampok argitaratutako liburukiei (1999).
[7] Ikusi Despois da medianoite edo Teatriños argitalpenetako nire hitzaurreak.
[8] Ikusi hemen.