Itzulpen Irakaskuntza Europako Hizkuntzetan
Eva Koberski

(Artikulua, osorik, hemen)

Laburpena

Hedadura Mugatuko Hizkuntzetako (HMH) herrialdeetako itzultzaile asko eta asko ama-hizkuntzara itzultzeaz gain, Hedadura Haundiko Hizkuntzetara (HHH) itzultze lanetan ari izaten da. HMHetatik hizkuntza hedatuagoetara egiten den itzulpen mota hori eremu egokia gerta liteke itzulpen mailako zailtasun eta arazoak aztertu eta ebazpideak proposatzeko; itzulpenaren teoria bat paratzeko, azken finean.

Bi hizkuntza edo gehiagotan lan egin behar izaten duen itzultzaile orok daki, hitzek, hizkuntza bakoitzean, hiztegiko esanahiaz gain, izaten dituztela bestelako zehar-esanahi eta konnotazio ugari. Horren kariaz, berehala jabetzen da itzultzailea bi hizkuntzen arteko osoko baliokidetasun ezaz.

Hizkuntzaren zernolako erabilera (narrazio-hizkuntza, elkarrizketa-hizkuntza, poesia-hizkuntza, etab.), bestalde, eman beharreko gaiak erabakitzen du. Bakoitzak gramatika, hiztegi, erregistro eta genero egokia eskatzen duelarik. Hizkuntza batetik bestera, ordea, aldatu egiten da erabilera hori. Har ditzagun, esaterako, frantsesera eta ingelesera, non, lehenengo hizkuntzak, narraziorako, orainaldi historikoa ("le présent historique") erabiltzen baitu kondaketa biziago bat lortzeko; eta ingeleserak berriz, frantsesaren aldean, iraganaldira jotzen du efektu beraren bila. Poesia itzultzaileak bereziki, kontu handiz jaso eta eman behar ditu SHan, genero horren erregistroak berezko dituen lotura, zehar-esanahi, iradokizun, gogora ekarritako irudi eta abarrekoak. Kultur mailako bereizgarri horiek XHan nola eman, izango du, normalean, itzultzaileak, buruhausterik nekosoena.

HMHetatikako itzulpenari dagokionez, hungariera dugu adibide aproposa; historikoki ez bait dator Indo-Europear hizkuntzen familiatik (28 deklinabide-kasu ditu, jenero naturala, sexu biak izenorde bakarrez emateko sistema, etab.). Hungarieraz sortutako poesiaren itzulpenean (estatu beraren mugetatik kanpo hungariera gutxik ezagutzen duenez), itzultzaileek, hungariar poetekin batera, lankidetzan ihardun dute behin baino gehiagotan. Hala aritu dira Eva Tóth poeta hungariarra eta A.C. Magnes frantziar itzultzailea, lehenengoaren "A világ teremtése: La création du monde" poemaren itzulpenean. Ataza horretan sortutako arazoek balio orokorra dute, ezein literatur lan beste hizkuntza batean emateko zailtasunak objetibatzeko:

  •  Lehendabizi, SHeko egitura mailako eredu eta tradizio kulturalak hauteman;
  • bigarrenik, horiek beste hizkuntza batean ematen saitu;
  • eta azkenik, XHan, aurrekoaren emaitza atondu.