Zenbait topiko itzulpengintzaren inguruan
Itzultzaileen ikusezintasuna omen da itzulpen onaren ezaugarri, baina horrek ez du esan nahi itzultzaileak ez duela ¡non agertu behar; hori dio, behintzat, artikulu honen egileak testu honen hasieran. Bestalde, euskal literaturgileen «itzulpenaren proba» edo dei litekeena eta literatura unibertsaleko obrak euskaratzeko lanaren garrantzia ere hartzen ditu gogoetagai.
Edozein ikastaroren hondarrean parte hartzeak beldurra sortarazten dio hizlariari, eta gaurko hau ez litzateke salbuespena zango itzultzaileen arteko iharduna ez balitz. Beraz, kasu honetan, beste batzuek beste hainbat tokitan esandakoak itzultzen eta moldatzen ahaleginduko naiz.
Hasteko, itzulpengintzari eta itzultzaileei buruz eman diren ezaugarriak edo tasunak aipatu nahi nituzke hemen.
Lehenengoa, itzultzailearen ikusezintasuna da. Alegia, itzulpenik idealena itzultzailearen arrastorik erakusten ez duena, edota itzulpen itxurarik ez duena omen da. Baina, zoritxarrez, itzultzailea oso presente dago, sarri askotan, testuan zehar uzten dituen indefinizioen eta, batzuetan, hankasartzeen bitartez.
Beraz, hona hemen nire lehen proposamena: itzultzaileak guztiz ikustezina izatea lortuko balu testuari dagokionean, horren truke bestelako agerpen eta onarpena eskaintzea, hala nola, liburuaren azalean agertzea, hitzaurre argigarriren bat idaztea eta, zergatik ez, zenbait itzulpenetan itzultzaile eskubideak kobratzea ere bai, egileek egiten duten antzera. Hala ere, onartu behar da gauza hauetariko batzuk lortzen ari direla piskana-piskanaka, zenbait editoreren sentiberatasunari esker.
Bigarrenez, esan ohi da itzultzaileei esker lortu dela herri eta kultura desberdinen arteko berriematea. Hori ukatzerik ez dago, baina alderdi edo ikuspegi desberdinetatik azter daiteke fenomenoa: batetik, kulturen uniformizazioa ekarri du horrek, eta itzultzailearen beharra justu kontrakoa aldarrikatzen ari da, kultura edo gutxienez hizkuntza oso desberdinak daudela, alegia. Alde horretatik, gureari dagokionez, oso inportantea da azpimarratzea halako obraren jatorrizko testua euskaraz dagoela (eta hori ez da beti lortzen den gauza) eta, hori bai uniformizazioa gabe unibertsalizazioa da.
Beste muturrean, idazleek oso ondo dakite erdaratzearen arriskua zein den: orijinaltasun faltak eta gehiegizko lokalismoak funts handirik gabe barreiatzetik, baimenik gabe eta isilean maileguan hartutako ideiak eta formak agerian garatzera. Izan ere, euskararen jantziarekin bero-bero eta babestuta sentitzen diren testu askok pudore handia izango lukete erderen biluztasunean eta —keinu erreflexua da—, atal lotsagarriak estaltzeko premia nabarituko. Esan beharrik ez dago fenomeno hori ez dela soilik euskal kulturaren gaitza.
Lehen ezaugarriaren bidez itzultzaileei buruz hitzegin dut, eta idazleari buruz bigarrenaren bidez. Hitz egin dezadan orain irakurleari buruz.
Askotan entzun dut belaunaldi galdua garela itzulpenetarako, eta datorren belaunaldia izango dela klasiko unibertsalak euskaraz irakurriko dituen lehena. Munduaren berri jasotzeko hizkuntza gaztelania izan dugu urtetan, eta kultura unibertsalaz egiten ditugun aipuak eta erreferentziak gaztelaniaz egiten ditugu normalean. Baina trajedia txiki hori gainditzeko badugu zidor bat: zenbait testu klasiko, menore deituak, orain arte gutariko gutxik irakurriak, euskaraz jasotzeko aukera. Saio gutxi egin da alde horretatik, baina azkenekoak, Merimée-ren Carmen, M. Garikanoren itzulpena, oso arrakastatsua izan da.
Amaitzeko, eta itzultzen jarraituz, McEwan idazle britaniarrari irakurri nion motibo interesgarri batekin konpara liteke itzultzeko lana: haurrak galdetzen dio aitari ea zergatik trenbideak elkartzen diren horizontean, eta aitak erantzuten dio trenak urrutiratuz doazen neurrian txikitu egiten direla, eta orduan ez deskarrilatzeko, trenbidea ere txikitu egiten da. Horixe bera da itzultzea: testuen arteko kultur desberdintasunak neurriz moldatzea horizonte berri batean, horrela deskarrilatzeko arriskua baztertuz.