Ale honetan
Ikasturte honekin batera Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zeneko hamar urte betetzen dira. Horixe izan zen, bitartean egin ziren beste ikastaro labur batzuk kenduta, euskal itzulpengintza bideratzeko, aztertzeko eta irakasteko asmoz sortu zen lehendabiziko erakunde iraunkorra.
Urtemuga hori dela eta, ale honetan itzultzaile ikasketek gure artean duten egoeraz gogoeta apur bat egitea hartu zen asmoa. Aurten izan ere, urtemuga horren ospaketaz gainera, itzultzaile ikasketetan aldaketa handiak izan litezkeenak hasi dira gertatzen: orain arte itzultzaile ikasketarako zeuden erakundeen ordez, ikasketa horiek unibertsitate barruan kokatzen hasteko lehendabiziko pausoak hasi dira ematen: Euskal Herriko Unibertsitatearekin tratuak izan dira horretarako, eta beste aldetik Deustuko Unibertsitateak Itzulpeneko Master ikasketak jarri ditu martxan.
Ikasketak unibertsitatean kokatzearekin, ordea, ez dira besterik gabe, gaur egun dauden arazo guztiak konpontzen, ukendu majikoren batez igurtzi balira bezala. Jakin badakigu, tamalez, unibertsitateak barrenetik botere aparailu autoerreproduktibo bezala ere funtzionatzen duela, horixe bait da hain zuzen unibertsitari askoren kexua. Are kexuago, hala ere, letretako alorretan.
Gaur egun Espainiako unibertsitateetan itzulpen ikasketak lanteatzen ari direnean, itzulpenaz bestelako interes gehiago geri dira, aparailu akademikoaren barreneko berziklaketa interesak batez ere (Filologia irakasleen berziklaketa interesak, itzultzaileen artean behin eta berriro salatzen ari diren bezala), itzulpenari buruzko jakintza eta gai hori egoki bideratu eta irakaskuntza baliozkoa banatzekoak baino.
Beldur gara gure artean ere gisa beretsuko interesak tartean sartuko ez ote diren, eta euskal itzulpenak ezaugarri bereziak dituen bezala, ezaugarri bereziak behar lituzkeen itzultzaile ikasketa eta irakaskuntza ez ote duten ito bidean jarriko akademizismoz jazten diren aparatu-interes aitortu gabe eta aitortu ezinek.
Euskal itzultzaileak prestatzeko antolatuko den ikasketa sistemak euskal itzulpenaren premiei behar die erantzun. Horretarako premia horiek ondo aztertu behar dira lehendabizi: merkatu premiak, jakintza premiak, berziklaketa premiak, status premiak. Itzultzaile ikasketek, edozein hizkuntzatik edozein hizkuntzatarakoak direla ere, amankomunak diren hainbat ezagutza behar badituzte ere, itzulpena komunikazio egintza denez beti, hizkuntzari dagozkion beste edozein ikasketak baino estuago daude lotuta komunikazio hori gertatzen den hizkuntz egoerari. Euskarari dagokionez, ordea, berorren egoera soziolinguistikoa inguruko hizkuntzena ez bezalakoa da, aski berezia, gure inguruan itzultzaile eskolak dauden herrialdeetako hizkuntzekin konparatuz gero batez ere.
Horregatik, ale honetan, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren hamargarren urte hau nolabait ospatzeko asmoa dugun honetan, euskal itzulpenak bere izaeraz dituen eta euskal itzultzaile ikasketek, benetan eragikorrak eta frutukorrak izango badira, kontutan hartu beharko lituzketen berezitasun horiek aztertzen ahalegin berezia egin da.
Bestetik, itzultzaileentzako interes berezia duten beste zenbait gai jakini buruzko artikulu bereziak bildu dira, itzulpenetan ageri diren zenbait interferentzia motari buruz bereziki, eta teoria eta praktikako beste zenbait punturi buruz. Orobat bildu dira hemen EIZIE Elkarteren izenean edo bestela zenbait insitituziotara aurkeztu diren dokumentuak, euskal itzulpenaren egoera argitzeko balio duten neurrian.
Agurra
Senez aldizkari hau aldatuz doa. Orain dela gutxira arte Martuteneko Itzultzaile Eskolaren ardurapean argitaratzen zen, eta handik zuen izendatua zuzendaria. Azkeneko aleaz gero, aldizkari honen jabegoa eta ardura EIZIE Elkartearen esku dago. Elkartea indartuz eta sendotuz doan eran, legea da bertako eginkizunak, sorkuntzan eta hasieran ezinbestez pertsona gutxirengan bilduta egon ohi badira ere, gutxika-gutxika zabalduz, eta pertsona gehiagoren eskutara aldatuz joatea. EIZIEren zuzendaritza urtetik urtera aldatuz eta pertsona berriz osatuz joan den bezala, Senez honek ere ordua zuen aldaketarako.
Hala, azkeneko alean, aldizkariaren jabe Elkartea egitean, erredakzio batzordea aldatu zen, eta Elkarteko sail bakoitzeko ordezkariz osatu zen berritik. Oraingo honetan zuzendaria da aldatzen dena. Orain arte J. M. Zabaleta, Martuteneko Itzultzaile Eskolako irakasle eta EIZIEko idazkariak zerabilen lema, Koldo Biguri, Gasteizko Udaleko itzultzaile eta HAEE-ko itzultzaile Eskolako irakasle denak hartuko du. Aldizkari zuzendaritzan ez du lehendabiziko esperientzia, balioa erakutsi du, itzulpena eta interpretaritza bere lanbidetik ezagutzen ditu, ideiak baditu; esku onetan geratzen da beraz Senez aldizkari hau, hoberako izango du zuzendari aldaketa.
Altxatzen nahiz bada, eta Koldori uzten diot aulkia. Idazmakina eta telefonoa aurrean ditu.