Terminologia kudeatzea eta itzulpen espezializatuaren prozesua hobetzea: informatika segurtasunaren eremuan aplikatzea
Testu zientifiko-tekniko mota jakin bat analizatu eta itzultzea du erdigune artikulu honek: informatika segurtasuneko testu espezializatuak. Itzulpengintza eta terminologia jakintza alorrak estu erlazionaturik daudela ederto erakusten dute mota horretako testuek, eta azken horrek erabat alda ditzakeela itzultzeko prozesua eta azken emaitzaren kalitatea. Modu zabal-zabalean jorratuta daude aukeraturiko corpusaren analisia eta itzulpena, hiru urte luzetan eginiko ikerlan batean. Bost kapitulurik inportanteenek osatzen dute aztertu eta itzultzeko aukeraturiko corpusa, informatika segurtasunaren alorrean erreferentziazkoa den eskuliburu batekoek.
Itzultzailea: Karlos del Olmo
Hizkuntza espezializatua. Espezialitate hizkeren ezaugarriak
La terminología: teoría, metodología y aplicaciones liburuan, Mª Teresa Cabré-k hizkuntza orokorra eta espezialitate hizkuntza definitzen ditu. Egile horren arabera (1993: 127 eta hurr.), azpikode sorta askotariko batek osatzen du hizkuntza orokorra, eta «norberaren dialekto aldakiaren arabera» darabiltzate hiztunek, bai eta adierazpen beharren arabera eta komunikazio testuingurua oinarri aukeratzen ere. Horiezaz gain, arau eta unitate batzuk dituzte osagaitzat (fonologikoak, morfologikoak, semantikoak eta pragmatikoak) hizkuntza orokor guztiek, hiztun guztiek partekatuak, eta hizkuntza konplexua eta aldaki askotarikoa izatea eragiten dute horiek.
Bestalde, Cabréren arabera (1993: 129), «azpikode multzo bat dira espezialitate hizkuntzak –aldez baino ez datoz bat hizkuntza komunaren azpikodearekin–, ezaugarri berezi batzuen arabera “berezituak”». Espezialitate hizkera bakoitzarenak berarenak dira ezaugarri horiek, dela gaiagatik, dela mintzakide motagatik, dela komunikazio egoeragatik edo hiztunaren asmoagatik, besteak beste.
Komunikazio espezializatuan, jarduteko bi maila dituzte pentsamendu espezializatuaren errepresentazio eta transferentzia funtzioek: erreala eta estandarizatua. Kulturazko isuri bat du jakinduria errealak, eta komunikazioa egoera errealetan ere mamitzen da; egoerok, aditutik aditurako komunikazio eskema klasikoa apurtzeaz gain, besteak beste, berbaldi didaktikoa edo dibulgaziozkoa ere barneratzen dituzte. Hala, lehen mailako eginkizuna izango dute proposamen honetan zenbait kontzeptuk, hala nola abstrakzio mailak, espezializazio mailak edo dentsitate terminologikoak. Errepresentazio eta komunikazio espezializatu estandarrei gagozkiela, kontsentsuz erdi artifizialki sortutako eskema baten ondorio dira. Eskema horretan, beren zabaltasun osoan gertatuko dira terminologiarenak omen diren ezaugarriak: unibokotasuna nahiz anbiguotasunik eta polisemiarik eza (Cabré, 2000: 11). Ikusiko dugunez, mintzagai ditugu terminologia lanaren ohiko bi ikuspegiak: deskribatzailea eta preskribatzailea.
Itzulpen zientifiko-teknikoa
Itzulpen zientifiko-teknikoaren ezaugarriak deskribatzerakoan, ezin dugu ahaztu beti izango direla testu bakoitzaren izaeraren araberakoak. Dena dela, eremu horretako testu aukera oso zabala da, eta testu juridikoak, informatikakoak, medikoak, mekanikoak, literarioak, matematikoak, fisikoak eta abar topatuko ditugu testu zientifiko-teknikoen sailean. Alor bakoitzari atxikita daude testu tipologiak; hortaz, zenbat jakintza arlo, beste hainbeste testu mota.
Normalean, lexikoak izango dira itzultzaile zientifiko-teknikoak aurpegi eman beharreko zailtasunik handienak. Informatikaren moduko esparruetan, zenbaitetan, korapilatsu gertatzen da kontzeptuen izenak topatzea. Adibidez, atzo arratsaldeko berritasunak merkaturatzen dituzte Microsoften erako erakundeek, eta termino berriak ia «asmatu» beharra egoten da, beti logika erabilita eta kontuan izanik izen horiekin ezagutuko dituztela erabiltzaileek ideia edo produktu horiek. Halere, zenbait adierazpide erabiltzen hasita egon daitezke are itzultzen hasi aurretik ere; hortaz, terminoari darabilten-darabiltenean eutsi besterik ez dago (ingelesez, ia beti).
Hori guztia kontuan izan ostean, ez da ahaztu behar itzultzaile zientifiko-teknikoa ez dela erabat aske itzultzeko unean, askotan bezeroak berak ezartzen dituelako bere itzulpen arauak, formatua ez ezik, hiztegia eta testuaren gramatika arauak ere barne.
Maila teknikoago batean, Mailloten arabera (1969, 1981), ezin aldera daitezke testu zientifiko-teknikoak itzultzeak eskatzen dituen zehaztasuna eta zorroztasuna testu literario edo kazetaritzako bat itzultzeak behar dituenekin. Helburu nagusia informazioa eta datuak ahalik eta errazen eskuratzea da. Hori dela kausa, unibokoak eta zehatzak izan behar dute baliokidetza zientifiko edo teknikoek, inolako anbiguotasunik gabe.
Diskurtso unibertsal bat erabiltzean datza itzulpen zientifiko-teknikoaren ezaugarrietako bat, terminoen normalizazio linguistikoak baldintzatua, itzultzaileak ahalik eta objektibotasunik handiena erdietsi ahal izateko. Ezbairik gabe, ingelesa da testu zientifiko-teknikoen lingua franca, eta, hortaz, haietan agertzen diren neologismo gehienak hizkuntza horretatik datoz. Horra zergatik den testu zientifiko-teknikoen ezaugarrietako bat adierazpen funtzioa gutxitan edo batere ez agertzea.
Medikuntza, ikerketa, teknologia, ingeniaritzak, teknologia berriak eta abar dira itzulpen zientifiko-teknikoko sektoreetako batzuk. Gureari dagokionez, informatika segurtasunaren alorreko testu bat dugu lantegi. Generoak edo komunikazio egoerak testuen erabilera linguistikoa baldintzatzen dutenez gero, garrantzi berezia aitortuko diogu gure corpusa linguistikoki aztertzeari. Hurrengo atalean, gainera, hizkera zientifiko-teknikoaren ezaugarri berezietan ere geldituko gara.
Corpusaren tipologia
Informatika segurtasunaren alorrean erreferentziazkoa den eskuliburu bateko bost kapitulurik inportanteenek osatzen dute aztertu eta itzultzeko aukeraturiko corpusa. Anaya Multimedia argitaletxeak plazaratu zuen, horri buruzko tesiaren eta artikulu honen egileak itzulita, 2011n. Aipaturiko urteko ekainaren 10etik urte bereko abuztuaren 7a arte luzatu zen itzulpena. Seguridad informática CompTIA Segurity+ da eskuliburuaren izenburua.
Gai berezitua denez gero, nabarmendu beharrekoa da lan agindu hartaz arduratu zen pertsonak bazuela eskarmentua itzultzaile profesional moduan eta, eskuliburuan lanean hasi aurretik, itzuliak zituela espezialitate eremu horretako zenbait testu. Zenbait izenburu nabarmendu ditzakegu egileak itzulitako argitalpenen artetik: Gestión de proyectos con Project 2007, Project 2010 edo iPad 2 a fondo, Anaya Multimedia argitaletxeak plazaratuak. Gainera, gaur egun, lanbide praktika horretan dihardu, hainbat gaitako eskuliburuak itzultzen. Itzulpen prozesuan eragiten duten faktoreak aztertzeko behar adinako ezaguera ematen du lanbide ibilbide horrek; esate baterako, ordenagailuak lagunduriko terminologia eta itzulpen tresnak erabiltzeak abantailak ditu maila guztietan.
Zalantzarik gabe, ikerlan honi dagokionez, interes berezia du azaltzeak zergatik hautatu nuen eskuliburu hori. Zerk behartu ninduen liburu hori aukeratzera?, zer aukera mota egin genuen?, zein izan ziren hautapen elementuak?… Alderdi hori aurrerago sakonago aztertuko dugun arren, aurreratu dezakegu liburu horren alde egitearen zioetako bat izan zela berez hibridoa izatea, hau da, eskuliburua testu tipologia bakarrekoa ez izatea. Bateko, aditu batean ikus daitekeenez, informatika segurtasunen gaineko eskuliburu tekniko bat da; dena dela, batera, eginkizun didaktiko bat du erantsia, teknikari informatikoak azterketa baterako trebatzeko helburua duenez gero. Hortik, adibidez, kapitulu bakoitzaren amaieran, irakasteko helburu argiak dituzten hiru atal aurkitu ditzakegu: «Azterketarako ideia giltzarriak», «Ebaluazio proba» eta «Ebaluazio probaren erantzunak».
Informatikaren esparrukoa da lan honen analisiaren helburu den corpusa –hain suertez, Seguridad informática CompTIA Segurity+ eskuliburuko bost kapitulu nagusiak, informatika zientzien multzo askotariko eta aldakorra osatzen duten alorretako bat–, eta, zehazkiago, informatika segurtasunarekin erlazionaturik dago. Gaia hala, testu zientifiko-tekniko bat dela esan dezakegu. Halere, eskuliburuari begiratze hutsak agerian jartzen ditu ohiko osagai didaktiko batzuk, hala nola laburpenak, azterketa helburuak edo ebaluazio frogak. Eskuliburua testu hibridotzat jotzera garamatza horrek guztiak, dokumentu zientifiko-teknikoen eta didaktikoen ezaugarriak baititu. Testu didaktikoen eta zientifiko-teknikoen arteko muga ezartzea zail gertatzen bada ere, kasu honetan, hasieratik bertatik argi gelditzen da, eskuliburuak berak azaltzen baitu prestakuntza duela jomuga eta zer helburu jorratzen dituen azterketari begira.
Testu zientifiko-teknikoen ezaugarri orokorrak
Orokorrean, testu zientifiko-teknikoek honako ezaugarri hauek dituzte:
- Hartzaile adituak izaten dituzte, dela beharra dutelako, dela interes pertsonala dutelako.
- Oso objektiboak izan ohi dira, errealitate jakin bat deskribatzen baitute.
- Normalean, ez dute baliabide estilistikorik behar, eta beharrezko hitzak besterik ez darabilte, lexiko espezializatu bat lagun.
- Ortografiak zenbait bereizgarri izan ditzake; esaterako, akronimoak eta laburdurak erabiltzea (kimika testuak, medikuntzako testuak, analitikak, eta abar).
- Aukeraturiko corpusean, bereziki handia da sigla eta akronimoen dentsitate terminologikoa.
- Aldizkari eta liburu espezializatuetan idoro daitezke.
- Hutsune lexiko handiak daude; gehienetan, aurrerapenak arinago doazelako itzulpenak baino, eta zenbait kulturak ez dutelako aurrerapen horien albisterik.
Oso ohikoa da espazio mugakizunak izatea itzultzeko orduan; informatikaren kasuan, besteak beste. Lexikoa da, apika, hizkera tekniko eta zientifikoa gehien bereizten duen ezaugarria, hartzaileak ez baitira iker alorrarekin ohituta dauden pertsonak, eta hainbat ulermen maila ere ez baitira onesten. Hiztegi tekniko eta zientifikoak, hasi bidez, ez du onartzen sinonimiarik; adierazi bakoitzak bere adierazle bakarra behar du. Hala, gai bateko adituek bereizi litzakete zehazki beren zientziari dagozkion terminoak; izan ere, hitz batzuek, hizkuntza orokorrekoak izan arren, zientziaren edo teknikaren esparruan esangura uniboko bat izan ohi dute, erabilera bereziturako.
Unibertsaltasuna eta, hortaz, objektibotasuna da hizkera tekniko eta zientifikoaren beste bereizgarri bat, eta, ondorioz, konnotazioa eta irudizko zentzuak alboratzera jo ohi da. Argia eta zehatza izan behar du hizkera zientifikoak eta teknikoak; errealitatearen definizio doi bat eman behar du, bere-bereak diren definizio eta kontzeptuak argiro aurkeztea edo hipotesiak formulatzea baliabidetzat darabiltzala. Argitasuna1 begi-bistakoa da, perpaus koordinatu eta alboratuak enplegatzen baitira hizkera horretan, gurago izaten baitira mendeko perpausak baino, nahiz eta azalpenezko mendeko esaldi adjektiboak maiz agertu, aurrekarien argibide. Nabarmentzekoa da, gainera, tartekiak, aposizioak eta perpaus parentetikoak erabiltzen direla, bai eta hitzak errepikatzen ere, horrek argitzeko balio duelakoan.
Bestalde, gaztelaniaz, nagusi dira esaldi inpertsonalak, testuari objektibotasun handiagoa emateko. Ez du erabiltzen baloraziozko osagairik, teknizismoak eta termino monosemikoak eta zehaztasun handiko terminologia propio bat sortzea ere nahiago izatearen ondorioz. Horrelako hizkera espezializatu baten izate pragmatikoa deskribatu behar izanez gero, ezin alde batera utzi gaiaz aurrez zerbait jakin beharra dakarrela, aurretiko antolamendua eta planifikazioa eskatzen dituela, eta, batez ere, idatziz erabiltzen dela.
Guztiarekin ere, hiztegi zientifiko eta teknikoa, neurri handi batean, hizkuntza orokorrean lehendik badiren hitzez elikatzen da, nahiz eta egia den ingelesa gero eta sarriago finkatzen ari dela lingua franca moduan. Ondorioz, mailegu eta neologismo kopuru izugarri halako bat jakin behar dute adituak zein itzultzaileak.
Eremu zientifiko-teknikoaren esparru zabalean erdigunea duten itzulpen proiektuen handia hala, aztergai erabili dituzte egile askok bai testu zientifiko-teknikoek ezaugarri orokorrak bai testu topologia honetan erabiltzen den hizkuntza mota.2
Testu tekniko edo profesionalaren berezko hizketa aztertzeak argitzen digunez, maila landuaren eta lagunartekoaren bitartean dago erregistroa, ez baitu helburu irakurlea miretsita uztea, informazioa zuzeneko bidetik igortzea baino. Testu tekniko eta profesionalek honako ildo hauek izan behar dituzte araubide: argitasuna (erraz ulertzen du informazioa irakurleak), zuzentasuna (lexiko eta sintaxi arauak estu errespetatzea), laburtasuna eta zehaztasuna (ahaztu gabe irakurleak testua ulertzea dela gure helburua), berdintasunezko tratu ez-sexista.
Oso garrantzitsua da testu zientifiko-teknikoak lantzeko prozesua ezagutzea. Zenbait galdera lagungarri dira horrelako testuak idazteko, haiei erantzuterakoan testua idatzi aurreko prozesuaren muinera helduko garelako.3 Hona hemen itaunak: zer lortu nahi dute testuaren bidez?, nor da hartzailea?, zer informazio helarazi beharra dago, helburuak lortzeko?, nola antolatu behar da informazio hori? Argi eta zehatz erantzun behar diegu galdera horiei, gogoan dugula zer lortu nahi den testuaz.
Hona hemen testu zientifiko-teknikoak idazteko zenbait aholku: hitz zehatzak adierazpide abstraktuak baino nahiago izatea, erabilera komuneko hitzak aukeratzea, itzulinguruei ihes egitea, esaldi inpertsonal edo pasiboak neurrian erabiltzea, erredundantziak ezabatzea, substantibo eta aditz kopurua orekatzea, formulismoei saihets egitea, kontuz ibiltzea hitz arrotzez abusatzearekin, siglak eta akronimoak kontu handiz erabiltzea, tratamenduan koherente izatea.
Nabarmendu beharrekoa da testu profesional aukera oso zabala dela eta haietako bakoitzak bere egitura, estiloa eta edukia dituela. Hiztegia da testu tekniko eta profesionalen hizkuntzak duen berezitasun bakarra, hainbat teknizismo baititu, hau da, hitz monosemikoak, zeinek ezin okertuzko argitasunaz definitzen baitute adierazten duten fenomenoa. Erakustea eta argudiatzea erabiltzen dira berbaldi modu nagusi modura.
Zientzia aplikatuak darabiltza aipagai testu teknikoak, teknologia eta industria sailekoak. Zientzia esperimentaletan ezarritako lege eta hastapen nagusiek izan ditzaketen aplikazio eta ondorio praktikoak aztertzen baitituzte horiek. Arrunta da testu tekniko eta zientifikoak alor berera biltzea eta testu zientifiko-tekniko moduan aipatzea, zientzia esperimental puruetakoak baitira, zeinek munduaren errealitate fisikoak aztertzen dituzten, balio unibertsaleko hastapen eta lege orokorrak bilatzea ezaugarritzat dutela.
Ikerketaren edukia
Nagusi dira merkatuan itzulpen teknikoak. Gero eta indar handiagoa du baieztapen horrek, egunetik egunera. Eskuliburuak, jarraibide gidaliburuak, fitxa teknikoak, produktuei buruzko dokumentuak, katalogoak, espezie zerrendak, aditu txostenak, txosten teknikoak… Osorik globalizaturiko mundu batean, enpresak, gobernu erakundeak edo irabazteko asmorik gabeko erakundeak behartuta egoten dira beren produktu eta zerbitzuak nazioko zein nazioarteko bezeroentzat egokitzera. Izan ere, ezinbestekoa dute, arrakasta eta bizirik irautea lortuko badituzte. Egokitze horiek mamitzen laguntzen duten zerbitzu linguistiko eta teknologikoak ematen ditu itzulpengintzaren industriak. Horra hor ikergaia aukeratzeko beste faktore erabakitzaile bat.
Areago zehaztuz gero, eta gure ikerketarako modu guztiz nabarmen batean, ezinbesteko eskakizun bat da informatika segurtasuneko enpresa, gobernu erakunde edo irabazteko asmorik gabeko erakunde guztientzat. Informazio sistemak babestea, hasi zerbitzaririk ahalmentsuenetik eta eramangarririk txikienera, hil edo bizikoa da aditu eta profesionalentzat. Noraezekoa da sistemak, sareak, programak eta are hardwarea bera ere sakon ikertzea, agerturiko mehatxuak ezerezteko eta etor litezkeenei aurrera hartzeko. Gainera, etengabe ari da aldatzen eta aurreratzen sektorea; hortaz, gelditu gabe eguneratu beharra izaten da.
Erreferentziazkoa da ikerketa honen ikas gida, inguruko mundu segurtasun gabekoari aurpegia emango badiogu. Segurtasun gaietan prestakuntza sakona bereganatzeko jakinduria eta trebeziak emateaz gain, profesionalen eginbeharrak bideratzeko baliabide bat da, batez ere. Eskuliburu horrek giltza ematen du SY0-301 egiaztagiria lortzeko –zalantzarik gabe, segurtasunaren alor profesionalean ospe handikoa da–, eta irakurleei CompTIA azterketa gainditzeko behar duten guztia ikasteko bidea ematen die, teknikariari lanbiderako beste balio bat eransten diola. Erabilgarri eta erakargarri dira segurtasuneko testu horiek eskura jartzen dituzten lanbide gaitasunak, are ikasi edo eguneratua baino nahi ez dutenentzat ere. CD-ROM bat ere badakar eskuliburuak, azterketa eta adibide osoz hornitua, bai eta jatorrizko ingelesezko liburuko tresna eta lanabes onuragarri batzuk ere.
Begi bistakoa da sektoreko profesionalentzako testu bat dela. Hortaz, espezializazio maila handikoa da, eta termino dentsitate maila handia ere espero behar dugu.
Edonorentzako testuak itzultzearen aurkez, itzulpen espezializatuak gaitasun aurreratuagoak eskatzen ditu, espezifikotasun handiagoa duenez gero. Jakiunde linguistikoa ez ezik, itzultzaile espezializatuak espezialitate alorraz ere jakin behar du. Gainera, nolanahi ere den, dokumentuak arakatu beharko ditu, itzultzen laguntzeko oinarritzat erabiltzeko. Terminologiarako tresnak izango ditu lantegi horretan beharrezko, lan honen ikergaia diren tresnak, hain suertez.
Ikerketa hau dela bide, lehentasuna eman nahi diogu terminologia faseari, hura proiektuaren hastapen-hastapenetik finkatu, zuzenketa fasea erraztu eta lan programa sistematizatzeko.
Ikerlan honen berebiziko helburuetako bat da terminologia proiektua egitea, aurretik azterturiko oinarri teorikoak eta informazio guztia euskarri. Terminologia fitxategi bat du ikerketak, azterturiko bi kapituluetan agertzen diren terminoen 165 fitxek osatua, bai eta glosario elebidun bat nahiz aukeraturiko terminoak biltzen dituen kontzeptu sistema bat ere. Trados 2014 eta hari atxikitako Multiterm 2014 programez itzulpen proiektua eratzeko abiapuntua da terminologia proiektu hori. Terminoen datu base bihurtzen dugu gure terminologia proiektua, datuak Excel dokumentu batera irauli eta, handik, Multitermen inportatuta. Hala, itzultzaile espezializatuaren egunerokotasunera heltzen gara, terminologia analizatzea zenbateraino den beharrezkoa eta horren aplikazio praktikoak erakusteko asmoz.
Terminologia itzulpengintzarako kudeatzea
Ezinbesteko eskakizuna da termino espezializatuak aukeratu eta definitzea, bai eta koherentziaz eta egokiro erabiltzea ere, itzulpena kalitatezkoa izango bada. Hori dela kausa, jatorrizko testuaren terminologia ulertu behar dugu itzultzaileok, bai eta xede hizkuntzan baliokide egokiak hautatu eta erabili ere. Zenbait itzultzailek esku hartzen duten tamaina handiko itzulpen proiektuetan, garrantzi berezikoa da termino ikerketaren fasea eta xede hizkuntzako terminologia zehaztea, eta itzulpen proiektu nagusia hasi aurretik abiarazi beharrekoa da. Hortaz, itzultzaileak terminologia lanean parte hartu behar du, terminologia kudeatzeko sistemei heltzeaz gain. Gainera, ondo gogoan izan behar du itzultzaileak zer behar espezifiko duen eta nola erabiliko dituen bere proiektuetan terminologia kudeatzeko tresnak. Agidanez, proiektu bakoitzak bere terminologiazko beharrizanak ditu.
Bada kontuan izan beharreko beste faktore bat: itzulpengintzaren merkatuan proiektu gehienak itzulpen agentziei ematen dizkietela, eta agentzia horiek profesional (itzultzaile, zuzentzaile, maketatzaile) independenteekin lan egiten dutela, itzulpen eta zuzenketa lanak egiteko. Oso langile gutxi izan dute agentzia barruan lanean, eta halakoek ez dute terminologiazko prestakuntzarik izan ohi. Bestalde, orokorrean, barruko itzultzaileek testuak zuzentzen jarduten dute, batez ere, eta, lantzean behin, terminologian.
Itzulpen agentziak proiektu handi baterako glosariorik ematen ez duenean, galdera bat sortu ohi da: zelan jokatuko du itzultzaileak? Testua itzultzerakoan bere kabuz topa ditzakeen glosarioak besterik ez du erabiliko, dokumentatzen ematen duen denborari etekinik atera gabe? Bere glosarioa sortuko du? Eta, zenbait itzultzailek esku hartuz gero, denek erabiliko dute glosario bera?, elkarren glosarioak partekatuko dituzte?, prest egongo dira horretarako?
Agentziak itzultzaileari ataza horiek ordaintzen ez badizkio, galdetu beharrean egongo gara ea merezi duen itzultzaile bakoitzak bere glosarioak sortzea. Gure ustez, baiezko biribil bat da erantzuna. Ez, soilik, lehen aipaturiko zioengatik, etorkizunean antzeko proiektuetan ere erabil litezkeelako baizik, edo eskuliburua bera hurrengo argitaldarietan eguneratu ahal izateko. Dena dela, itzulpen bezero eta agentziek jabetu behar dute arazo hori areagotu egingo dela itzulpen taldeekin lan egiterakoan, terminologia homogeneizatzeko glosario bat eman ezean. Gure ustez, garrantzi handikoa da horiek guztiak kontuan izatea itzulpen proiektu bati heltzerakoan, emaitza hobeak lortzen laguntzeaz gain itzulpen lana sistematizatzen ere duelako.
Terminologiak dituen inplikazioak eta itzulpen prozesuan noraezeko eginkizun bat duela ulertzeak berez dakar egokiro inplementatzeko denbora eta dirua eman beharra dagoela onartzea. Hortaz, hil edo bizikoa da itzulpen proiektuan eskudun diren alderdi guztiek oinarrizko kontu batzuk ondo gogoan izatea:
1. Terminoen datu basea eta, hortaz, glosarioa epe luzeko tresnak dira.
2. Hasierako lan bat da, baina amortiza daiteke, gerokoan gaiarekin zerikusia duten
proiektuetan erabil baitaitezke.
3. Zuzenketa denbora aurrezten du terminologia kohesionatu eta sistematiko bat erabiltzeak.
4. Terminoen datu baseak bermatzen du korporazio baten eskuliburu eta dokumentuak
beti zehatz eta koherenteak izatea, hau da, terminoak beti era berean itzultzea.
5. Erakundearen dokumentuak idatzi, itzuli eta zuzentzeko prozesua hobetzea,
kostuetan aurrezki ederra eginda.
6. Enpresa mailan, irudi eta nortasun korporatiboak indartzen dira inoren aurrean,
estiloz eta hiztegiz koherente den komunikazio bati esker.
7. Bere kabuz diharduen profesionalari gagozkiola, azkarrago lan egingo du eta arinago lana
entregatuko. Gainera, sendotasuna eta uniformetasuna ematen dizkie gure proiektuei.
8. Dena delako hizkuntza hartzailera termino berriak ekarriz gero, itzulpen estrategia koherente
eta kontsistenteei eutsiko diegu gaiaren inguruan egiten ditugun proiektu guztietan,
itzulpen aukera bikoitzak sartu gabe.
Informatika segurtasunaren inguruko datu basea eratu ondoren, elikatu eta eguneratu –beharra dagoenean– besterik ez dago. Ondorioz, prozesua sinpleagoa izango da, gerokoan espezialitate eremu bereko beste proiektu batzuei heltzerakoan.
Ondoriozta dezakegunez, balio erantsia da itzultzaile espezializatu batek terminologia eta terminologia kudeatzeko zerbitzuak modu sakon eta zehatzean ematea, proiektu bakoitzaren arabera pertsonalizatu eta egokituak, ondorio ekarriko baitu uniformetasun linguistikoa eta kontzeptu koherentzia handiagoak izatea. Horren bitartez, informazio guztia modu antolatu eta egituratuan aurkez daiteke, datu base gisara.
Ondorioa
Lehenik eta behin, gero eta handiagoa da horrelako dokumentu motak itzultzeko beharra, Internet mundua lotzeko hedabide moduan finkatu denetik, kezka eragiteko moduan emendatu baitira informatika sistemekin zerikusia duten segurtasun gorabeherak. Babes mekanismoak ezarri behar gero eta handiagoa eragin du horrek, hainbat erakundek beren informazio sistemekiko gero eta mendekotasun handiagoa izateaz gain. Hortaz, bada eremu horri loturiko ikerketa artikulu itzulien benetako behar halako bat.
Bigarrenik, gaiarekin zerikusia duten glosario, hiztegi berezitu eta datu baseen kopurua oso txikia da ingelesez dauden baliabideen aldean. Kontuan izanik informatika segurtasuna etengabe eraikitzen eta hedatzen ari den zientzia bat dela, oso argia da era horretako terminologia lanak prestatu eta argitaratzeko beharra. Hortik sortzen da proiektu honetako terminologia analisiaren fitxak nabarmenki hedatzeko asmoa, eta, zio bera dela eta, horiek argitara ematea da lan honen helburuetako bat. Hala, antolaturiko fitxategi terminologikoa eta glosarioa lagungarri gertatuko zaizkie informatikako profesionalei –informatika segurtasunaren alorreko azken berrikuntzen berri egunean-egunean izan nahi izanez gero– zein arlo horretan neofito diren itzultzaile, interprete eta dokumentalistei ere.
Lana erraztuko dio itzultzaileari testu, itzulpen proiektu edo espezialitate gai bakoitzerako glosario espezifikoak egiteak, etorkizunean itzuli behar dituen gaietan lehendik itzulitako terminoak antzeko testuinguruetan agertuz gero. Ezinbesteko lanabesa izango da glosario edo datu base on bat itzultzailearentzat eta adituarentzat.
Azken buruan, lan berritzaile bat dela ondoriozta dezakegu, eta hura argitara emateak aurrerapauso ederra ekar dezakeela informatika segurtasunarekin zerikusia duen terminologia normalizatzeari dagokionez. Eremu muntaduna izan liteke etorkizuneko lan edo iker ildoetarako. Informatika segurtasunari buruzko datu basea handitzea eta sakontzea da jomuga, itzultzaileen eta ikasleen esku jarrita, sektore horretako terminologia hobetzeko.
Gure ustez, lanbide etorkizuna itzulpen espezializatuan oinarritu nahi duen zeingura profesionalentzat, ezinbestekoa izango da horrelako praktikak unibertsitateak sustatuta egitea, terminologiak itzultze prozesuan duen garrantziaz konturatzeko. Honako honetan, ikerlana egin dut lanbidean bost urte eman ondoren, eta, zalantzarik gabe, horrexek bideratu du terminologiak duen muntaren gainean hausnartu ahal izatea, itzultzaile espezializatuak dituen denbora arazoak ahazteke.
Bibliografia
Cabré, M. T.: La terminología. Teoría, metodología, aplicaciones. Bartzelona: Editorial
Antártida/Empúries, 1993.
Cabré, M. T.: La terminología: Representación y comunicación. Bartzelona: IULA, 1999.
———: «El traductor y la terminología: necesidad y compromiso». Panace@, 1. alea, 2. zk.,
2000, 2.-4 or.
Dulaney, E.: CompTIA Security+ Study Guide Authorized Courseware: Exam SY0-301,
5th Edition. Wiley Publishing, Inc. EEUU, 2011.
———: Seguridad Informática. CompTIA Security+ (Títulos Especiales). Editorial Anaya
Multimedia, Madril, 2011.
Gallardo San Salvador, N.: El orden de la descripción de las características y su
importancia para la denominación y traducción de un término, casos que se
presentan en términos de nutrición. Argitaratu gabeko doktore tesia.
Granada: Granadako Unibertsitatea, 1997.
Gallardo San Salvador, N. y Sánchez, D. (ed.): La Enseñanza de la Terminología: Actas del
Coloquio Iberoamericano sobre Enseñanza de la Terminología: Seminario sobre
programa de los cursos de Terminología en la Licenciatura de Traducción e
Interpretación en España, junio 1991. Granada: Granadako Unibertsitateko Itzultzaile
eta Interpreteen Unibertsitate Eskola, 1992.
García Aretio, L.: (koord.). Unidades y Guías Didácticas. Orientaciones para su elaboración.
Madril: IUED. UNED, 1997.
García Yebra, V.: Traducción y enriquecimiento de la lengua del traductor. Madril:
Real Academia Española, 1985.
Halliday, M. A. K. y Hasan, R.: Language, Context and Text: Aspects of language in a social
semiotic perspective. Oxford: Oxford University Press, 1985.
Hartmann, J.: Contrastive Textology. Heidelberg: Groos, 1987.
Huisman D.: iPad 2 a fondo. Madril: Anaya Multimedia, 2011.
International Organization for Standarization. ISO/R 1087-1969 Vocabulary of Terminology.
Montero, B.: «Lengua y tecnología: aspectos terminológicos». Terminologie et Traduction. Valencia:
Office des publications officielles des Communautés européennes. 1999, 156.-167. or.
Montero, B. et al.: «Análisis de anomalías lingüísticas: cambios producidos por la influencia del
inglés en el español oral». Jornadas Internacionales de Lingüística Aplicada.
Granada, 1993, 11.-15. or.
1. Irakurri hau ere:
J. M. Williams: Style: Ten Lessons in Clarity and Grace (3. ed.). Boston: Scott, Foresman
and Company, 1989.
2. Irakurri hau ere:
C. Bazerman: Shaping Written Knowledge: The Genre andActivity of the Experimental
Article in Science. Madison, WI:University of Wisconsin Press, 1988.
J. P. BERROU: Para escribir bien en la empresa. Cómo redactar para ser leído y convencer.
Bartzelona: Deusto, 2004.
E. DINTEL: Cómo escribir textos técnicos o profesionales. Bartzelona: Alba editorial, 2005.
A. Fraser y G. Sanz Pinyol: Manual de comunicaciones escritas en la empresa.
Bartzelona: Interactiva, 1998.
L. García Aretio (koord.): Unidades y Guías Didácticas. Orientaciones para su elaboración.
IUED. UNED, 1997.
3. Oso bibliografia zabala dago gaiari buruz. Irakurgai interesgarriak dira honako hauek:
Casamiglia, 2007; Cassany, 1995; Chalmers, 1986; Crosby, 1997; Gil Iriarte, 2006;
Girón Alconchel, 1993; Gómez de Enterría, 2002; Gómez Torrego, 2004; Grijelmo, 2004;
eta jones, 1965.