Liburuak
Xabier Mendiguren Bereziartu

LEFEVERE, A.: Translation, Rewriting and the Manipulation of Literary Fame, Routledge, London/New York, 1992

Liburu honen helburua berridazketak itzulpena, antologizazioa, historiografia, kritika, edizioa literatur obren hartzapen eta kanonizazioan duen eragina aztertzea da. Halaber, berridazketak literatur obra nola manipulatzen duen ere aipatzen du, helburu ideologiko eta poetologiko desberdinak lortzeko.

Literaturaren ekoizpen eta hartzapena kultura eta historia jakin baten esparruan kokatuz, André Lefeverek literaturaren testuinguru sozial eta historikoaren birbaliotze bat egiten du zentzu post-marxista batean. Bestalde, auzitan jarri ere jartzen ditu "originaltasuna", "inspirazioa" eta "bikaintasun estetikoa" bezalako kontzeptuak. Latin klasikotik eta frantsesa eta alemana bezalako literaturetatik biltzen ditu adibideak, eta plazaratzen dituen ideiak literatur teoria, literatura konparatua, literatur historia eta itzulpen-azterketetan interesa duten irakasle eta ikasleentzat kontuan hartzekoak dira.


SNELL-HORNBY/PÖCHHACKER/KAINDL (eds.) Translation Studies. An interdiscipline, John Benjamins, Amsterdam, 1994.

Gerraondoko hamarkadetan Itzulpen Azterketak Literatura Konparatua edo Hizkuntzalaritza Aplikatuaren azpisail bezala hartzen ziren, aditu bakoitzak egiten zuen hurbilpenaren arabera. 1980. urteetatik hasita bere eskuko jakintzagai gisa independentzia lortu du, eta hainbeste gai bere baitan biltzen dituenez gero, disziplinarte bihurtu da. 1992an Vienako Unibertsitatean Itzulpen eta Interpretaritza Institutua sortu zela 50. urteurrena ospatzean egin zen nazioarteko kongresuan ikuspuntu hori nagusitu zen; 37 herrialdetako 300 aditu bildu eta 163 lan irakurri zituzten bertan Erdi Aroko itzulpengintzatik hasi eta kultur aniztasuna, tresna konputazionalak eta aldibereko interpretaritza bezalako gaietarainoko aukera zabala osatzen zutenak.

Esku artean daukagun liburuak horietatik guztietatik 44 lan esanguratsuenak jaso eta gorputz ahalik eta koherenteena osatzeko eran argitaratu ditu bost sailetan: Itzulpenaren Historia eta Kultura, jakintzagaiarteko ikerketa-egitasmoak, interpretaritzaren teoria eta trebakuntza, terminologia eta lengoaia bereziak ea itzulpenaren irakaskuntza eta trebakuntza gaiak landuz.

Gisa honetako kongresu eta argitalpenek ikuspegi bikaina eskaintzen dute itzulpena eta interpretaritzaren teoria eta praxia zer unetan dauden ikusi, eta joera eta herrialde desberdinetako adituak elkarri begira lankidetzan jartzeko. Artikuluen erdiak ingelesez idatziak dira, eta ia beste erdiak alemanez, frantsesezko banaka batzuk salbu.


TEJASWINI NIRANJANA: Sitting Translation. History, post-structuralism, and the colonial context. University of California Press, California, 1992.

Tejaswini Niranjanak Los Angeles Californiako Unibertsitatean filosofiako doktoregoa lortu zuen eta orain Hyderabadeko Unibertsitatean irakasle da Ingeleseko Departamentuan.

Itzulpenaren inguruan autore indiarrak gauzatu duen liburu honen originaltasuna post-estrukturalismoa eta post-kolonialismoa bezalako ikerkuntza-alorrak integratzean datza, azken bolada honetan zenbait pentsalarik ahaideturik ikusten hasi baitira.

Niranjanak elkarrizketan jartzen ditu itzulpenaren aro klasikoko testuak testu post-humanistiko berriekin, antzeko gaiak sakonduz. Bere ustez, itzulpenaren auzia inperialismoa eta kulturari buruzko azterketetan sortzen ari den kritikaren argitan birlandu behar dela uste du.

Tejaswino Niranhjanak Benjamin, Derrida eta de Man bezalako pentsalariengana jotzen du itzulpena luzaroan herri, arraza eta hizkuntzen artean harreman ezparekoak ezarri eta iraunarazteko nola erabili den erakusteko. Mendebaldeko filosofiak azpimarratu duen itzulpenaren ikuspegi tradizionalak lagundu egin dio kolonialismoari "beste" exotiko hori eraikitzen historia aldaezin eta kanpoko gisa, horrela errazago bereganatu eta kontrolatzeko. Hemezortzigarren mendetik hasi eta gaur egunerarteko testu indiarren itzulpenak aztertuz, Niranjanak dei egiten die herri post-kolonialei itzulpena erresistentzia eta eraldakuntzarako gune gisara birpentsatzera.

"Historia Itzulpenean" sarrera luzearen ondoren, testu eta kulturen errepresentazioa (itzulpen-azterketak eta etnografia), alegoria eta historizismoaren kritika (Paul de Manen irakurketa), politika eta poetika (de Man, Benjamin), itzulpena eta historia deseraikitzea (Derrida Benjamini buruz) eta itzulpena disrupzio gisa (post-estrukturalismoa eta testuinguru post-koloniala) bezalako gaiak lantzen ditu, liburuari hamaika orrialdeko bibliografia batekin bukaera emateko.

Niranjanaren liburu hau interes handiz irakurtzen da eta teoria literarioan, antropologian, "itzulpen azterketan", eta kultura post-kolonialetan adituak direnek etekinarekin irakurriko dutelakoan nago. Liburu honek, beste behin, itzulpenak eta itzulpenaren inguruko azterketek duten emankortasuna, eta kultura, zibilizazioa, politika, nazioarteko-harremanak eta abar bezalako gaiak argi berritan ikusteko ezinbestean ibili beharreko bideak dituztela erakusten du.


KITTEL, Harald (Ed.), Geschichte, System, Literarische Übersetzung/ Histories, Systems, Literary Translations, Erich Schmidt Verlag, Berlin, 1992.

Gotingako Unibertsitateak Deutsche Forschunggemeinschaft elkartearen laguntzarekin antolaturiko sinposioan irakurritako lanak biltzen ditu liburuak eta lau sail nagusitan banaturik datoz ekarpenak.

1-. Eredu kontzeptualak eta aplikazioa-metodoak.
2-. Itzulpen literarioa kultur aroen barruan eta artean.
3-. Itzulpena literaturen barruan eta artean.
4-. Itzulpen literarioa hizkuntzen barruan eta artean.

Azkenik, Armin Paul Frank arduratzen da liburuari galdorra jartzeaz "Itzulpen literarioaren historia kultural baterantz" gaiarekin eta bertan "historiez", "sistemez" eta ikerketa laburbiltzeko beste era batzuez dihardu.

Bertan esku hartzen duten hogei bat adituen artean goren mailako teorialari eta ikertzaileak daude, Poltermann, Gideon Toury, Theo Hermans, Ton Naaijkens eta Harald Kittel, besteak beste.


BALLARD, M. (éd.): Relations discursives et traduction, Presses Universitaires de Lille, 1995, Lille.

Liburu honetako lan bakoitza irakurri ahala ezinbestean bururatu zait azken urteotan EIZIEren LIM-LIBI mintegi-ikastaroetan itzultzaile literario-talde batek egin duen hausnarketa- eta azterketa-ahalegina, eta bide batez berretsi ahal izan dut gure artean korritu izan den bidea ez zegoela beste batzuk egindakotik hain urrun.

Liburu hau osatzen duten testuak ez dira eskola beretik sortutakoak, izan ere bertan esku hartzen duten ikertzaileak joera eta jakintzagai desberdinetakoak baitira. Hala ere, guztiek "diskurtso-erlazio"en gai bakar eta bera lantzen dute eta helburua testua aztertzea dute, horren kohesio diskurtsibo, semantiko, logikoari dagokionez. Sintagma, proposizio edo esaldiek beren artean duten erlazioa ez ezik, denbora, anafora edo isotopiek elementu gramatikal edo lexikoen artean ezartzen dituzten sareak ere aztergai ditu liburuak, diskurtso-ehuna eraiki eta egituratzean gertatzen diren fenomenoak argi berritan erakusteko asmoarekin.

Horrela G. Garnier psikomekanikaren ordezkariak "iraganeko aditz-denborak eta diskurtsoaren kohesioa" (ingelesa-frantsesa) aztertzen du.

E. Gonzálezek "enuntziazioa eta forma sintaktikoak" aztertzen ditu frantses eta portugesezko testuetan.

Anne-Marie Loffler-Laurianek "dibulgazio zientifikoko diskurtsoan agertzen diren jarraipen-adierazle batzuk" aztertu ditu gaztelania eta frantsesezko testuen itzulpenak parekatuz.

D.A. Kibbee-k Asertzioa/atenuazioa, subjektibitatea/objektibitatea bezalako gaia aztertu du frantsesezko eta ingelesezko testuetan.

R. Landheer-ek "diskurtso-erlazio balioaniztunak eta itzulpena" gaia sakontzen du ingeles, aleman eta frantsesezko testuak begien aurrean dituela.

J. D. Gallagher-ek aurkeztutako lanak "Pertsona-izenen anaforizazioa ingelesez eta frantsesez" du izenburua.

C. Demanuelli traduktologoak komaren erabilera auzitan jartzen du bere erkaketaren ondorioz.

M. Macnamarak "frantsesezko perpausarteko lokailu batzuk kazetaritza-corpus batean eta horien ingelesezko itzulpenak" gaia lantzen du.

J.C. Souesmek eta Myriam Salama-Carrek ingelesezko "but" frantsesera nola itzultzen den aztertzen dute. 

J. D. Gallagher-ek, bigarren lan batean "lokailu aurkari eta kontzesiboak frantses modernoan nola ezabatzen diren" esaten digun bitartean, M. Ballard, liburuaren editoreak, ingelesezko "and" frantsesera nola itzultzen den adierazten digu.

Bi edo hiru hizkuntzatako testuak parekatuz, liburu honetan datozen moduko azterketak oso emankor eta argigarri dira itzultzaileok geure eguneroko lanean izaten ditugun zalantza asko argitzeko. Egia da, esan beharrik ez dago, horrela ateratzen diren ondorioak batzuetan badutela behin-behineko samarrak izateko edo ikertzailearen zenbait apriori berreste soilean gelditzeko arriskua, batez ere corpus zabal batean oinarritzen ez badira; baina behar diren arreta metodologikoak hartuz gero, oso bide emankorra izan liteke, eta tradiziozko gramatiken emaitzetan "bertan goxo" eginez gelditzeko tentalditik ihes egitera eramango gintuzkeena, ez baita inoiz ahaztu behar hizkuntzak egunero ari direla aldatzen eta komunikabideen eraginpean bete-betean sarturik gauden honetan inoiz baino bizkorrago gainera. 

Bistan dago, honelako ikerketak behar bezala egiteko ezinbestekoak direla itzulpen-corpus zabalak izatea, hizkuntza desberdinetako testuak parekatzeko aukera eskaintzen dutenak. Espero dezagun egunen batean gure artean ere ohartuko direla erabakigile politiko eta akademikoek euskararen etorkizunerako horrek duen garrantziaz eta emango dituztela beharrezko urratsak premia horri asebidea jartzeko.


LERAT, Pierre: Les langues spécialisées, Linguistique Nouvelle, Presses Universitaires de France, Paris, 1995.

Liburu hau itzulpena, idazkuntza teknikoa, dokumentazioa, normalkuntza, hizkuntz plangintza, ezagutzaren ingeniaritza, lexikografia, terminografia eta glotodidaktika bezalako alorrekin hizkuntzalaritzak duen ikustekoa eta esatekoaren berri adierazteko egina da.

Zehaztapen tekniko sakonetan sartu gabe, eta dibulgazio-sen apartekoarekin argitasuna eta garbitasuna da bere azalpenaren bertute eskergarrienetako bat hitz gutxitan baina zehaztasunez, Pierre Lerat, Parisko XIII-Villetaneuse (Paris-Nord) Unibertsitatean hizkuntzalaritza-irakasle denak, hizkuntza berezituen («langues espécialisées») inguruko gai-zerrenda luzea aztertzen du hamazazpi kapitulutan.

Lehen kapituluetan, hizkuntzalaritza, hizkuntza, terminologia, hizkuntza berezitua, unitate terminologikoak aztertzen ditu; ondoren, hizkuntza berezitua eta idazkuntza, morfologia, sintaxia eta semantikaren arteko erlazioak lantzen ditu.

Bederatzigarren kapitulutik aurrera, hizkuntza berezitua eta itzulpena, dokumentazioa, normalkuntza, hizkuntz plangintza, idazkuntza teknikoa, ezagutzaren ingeniaritza, lexikografia eta terminografia bezalako sailak jartzen ditu erlaziotan.

Azkenik, hizkuntza berezitua eta irakaskuntzaren arteko harremanaz dihardu eta egitarau emankor bat zirrimarratzen du, besteak beste, honako gomendioak eginez: hizkuntza berezitua praktikatu, forma berezituak idatzi eta irakurri, sintaxi dimentsioanitza irakatsi, hizkuntz semantika egin, enuntziatu berezituak itzuli, dokumentazio-tekniken berri eman, arauak prestakuntzan integratu, idazkuntza teknikoan hezi, hizkuntz ezagutzak esplizitatu, hiztegiak ongi erabiltzen irakatsi, hizkuntz burotika sustatu eta prestatzaileak prestatu. Bistan dago, obra honetan ageri den ikuspegiaz jabeturik bageunde eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean bertan esaten direnak egia bihurtzeko urratsak emango bagenitu beste oilar batek joko ligukeela kukurruku ikasleen prestakuntza linguistiko eta kontzeptualari dagokienean.