Itzulpengintzako liburu-gomendioak
Danele Sarriugarte Mochales eta Manu López Gaseni

Bi liburu hauen gomendioak bildu ditugu: 'Sur les bouts de la langue: traduire en féministe/s' (Noémie Grunewald, 2021), eta 'Translating for Children' (Riitta Oittinen, 2000).

 

Danele_Sur-les-bouts-de-la-langue.jpg

Liburuaren izenburua: Sur les bouts de la langue: traduire en féministe/s
Egilea: Noémie Grunewald
Argitaratze-urtea: 2021
Argitaletxea: La contre allée

 

Itzultzea, pluralean

Le Merle Moqueur liburu-dendan aurkitu nuen Noémie Grunewald-en Sur les bouts de la langue: traduire en féministe/s liburua, Pariseko 20. barrutian. Hotza egiten zuen; 2022ko urtarrila edo otsaila izango zen, zerua gris. Oso triste nengoen garai hartan, nondik jo ez nekiela, eta ez nuen jende asko ezagutzen hirian —bolada baterako soilik nengoen han, tristuraldia igarotzea errazagoa egingo zitzaidalakoan; spoiler: bai eta ez—.

Maiz joaten nintzen halako liburu-denda independenteetara, zer suma.

Humanitateen atalean ikusi nuen. Nabarmenduta zeukaten, apal baten gainean: eskuaren parean suertatzen zen gutxi gorabehera. Nabarmenduta zeukaten modu are esplizituago batean ere, txartel zuri bat liburuaren azal more-berdeazidoari pegatuta, liburu-dendako langile Julieren hitzak eskuz idatzita: «Parce que la traduction est toujours une question de choix, de justesse et de justice, Noémie Grunenwald nous montre l’importance de donner à entendre des voix plurielles et libérées du silence. Un essai passionant qui explore la place du féminisme comme théorie et pratique mais aussi comme outil d’émancipation dans le champ de la traduction littéraire. Un coup de cœur». [Itzulpena beti baita aukera-kontua, beti baita zehaztasun- eta justizia-kontua, Noémie Grunewaldek erakusten digu zer garrantzitsua den era askotako ahotsak aditzea, isiltasunetik askatutakoak. Saio miragarri bat, zeinetan aztertzen baita zer leku duen feminismoak teoria eta praktika gisa, baina orobat askapen-tresna gisa literatur itzulpenaren arloan. Kuttuna].

Laburbilduz: etxera eraman nuen. Niretzat egina zirudien pixka bat (niretzat ere bai).

Datu teknikoago batzuk, orain.

La contre allée argitaletxeko Contrebande bildumaren barruan biltzen da Sur les bouts de la langue, hau da, preseski itzulpengintzari eskainitako bilduma batean. Gaur- gaurkoz (2024ko ekainaren 3a), sei liburu daude bilduma horretan; Grunewaldena hirugarrena da, eta, nik erosi nuen garaian, azkena. Argitaletxearen beraren esanetan, bildumaren xedea itzultzaile baten hitzak entzunaraztea da: ibilbide bat, gogoeta bat, itzulpenaren zarata. Sei kasuen arteko batzuen batzuk eskarmentu handiko itzultzaileak dira, eta bilana egiten dute: zerk eragin dien, zer ikasi duten, zeri buruz egin duten gogoeta urte hauetan guztietan. Gero, Grunewaldena bezala, lan zehatzagoak ere badira, itzulpenaren ertz jakin bati heltzen diotenak. Transfeminismoari, kasu honetan, baina beste kasu bat ere aipatu nahi nuke, interesgarria iruditu baitzait Luba Jurgenson-en Sortir de chez soi: bere ama- hizkuntzara —errusiera— itzuli ordez bere adopzio-hizkuntzara —frantsesa— idazteko erabakiaren gainekoa.

Edonola ere, Grunewalden testuingurua eta abiapuntua guztiz etxekoak egin zitzaizkidan. Pariseko liburu-dendetan barrena zer suma ibili izanda eta nire interesak aintzat hartuta, konturatuta nengoen ordurako bazebilela zerbait lan kuir transfeminista eta antirrazisten inguruan, eta zehazki itzulpenen arloan bazegoela halako oparotasun bat: Saidiya Hartman, José Esteban Muñoz eta Dorothy Allison ikusten nituen, besteak beste, izenburuak frantsesez zituztela. Bazebilen hori gertukoa egiten zitzaidan; nire erreferenteak ere badira, eta are etxekoagoa nuen itxurazko oparotasun horri bultza egiten dion indarra: lan (baita ere) militantea. Pertsona jakin batzuen ekina, argitaletxe jakin batzuen apustua.

Aktibismoaren bitartez iritsi zen Grunewald itzulpengintzara: ez zuen prestakuntza akademiko edo formalik arlo horretan lehenago. Baina hau edo beste hau nola ez daude ba gure hizkuntzan, eta halaxe hasi zen, eta halaxe segi zuen. Imajinatzen dut niri bakarrik ez, hau irakurtzen ari zareten beste batzuei ere ezaguna egingo zaizuela gogoeta edo sentsazioa, eta ez soilik transfeminismotik jarduten zaretenei. Esango nuke sentsazio edo asmo orokor samarra izan daitekeela euskararako itzulpengintzan, baita hasieratik prestakuntza akademikoa jaso dugunon artean ere, hau da, lan hau ofizio gisa ere hartu dugunontzat.

Baina tira.

Arrazoi askorengatik iruditzen zait gomendagarria Sur les bouts de la langue liburua, aurreko paragrafoetan inplizituki adierazi nahi izan ditudanetatik harago. Hasteko, feminismotik itzultzeko ahaleginak pluralean jartzen dituelako: modu askotara itzul daiteke feminismotik —itzultzea, azken batean, erabakitzea da; itzultzea, azken batean, irizpide batzuen arabera jokatzea da—; eta, bigarrenik, gako asko ematen dituelako, irizpide eta erabakiak hartzeko garaian kontuan hartzekoak. Orrialdeotan, topatuko duzu Spivak, topatuko duzu De Lotbinière-Harwood.

Irizpideez ari garela, agian askapen-bide bat ere aurkituko duzu orrialde hauetan, edo beharbada galbidea irudituko zaizu: irizpideak testu osoan derrigor ez bateratzeko aukera. Batzuetan, erantzun sinpleak eman nahi izaten dizkiegu auzi konplexuei, eta ezin da, edo ezin da, behintzat, konplexutasun horren ertz guztien aukerari lekua eman nahi badiogu. Zeharbideak bilatu behar. Kasuan-kasuan aritu behar.

Gida moduko bat izan da niretzat Grunewalden lana, abiapuntu moduko bat. Ordenatzeko balio izan dit, ordenatzen hasteko. Kezka batzuk ez dira zehatz-mehatz nireak, edo badira nire kezkak baina beste modu batean mamitzen zaizkit, beste arazo konkretu batzuk sortzen dizkidate. Itzuli egin behar izaten da hori ere.

Halako gaien inguruan dabilen itzultzaileen multzo koskor bat badago euskaraz dihardugunon artean, aspalditik gainera, eta beren ekarpenak han eta hemen daude, zertxobait sakabanatuta. Ekarpen ez gutxi Senezen bertan. Horretan dihardugu, eta dihardugun horretan ere bilketa-lana egitea izan daiteke beste bide bat irizpideak finkatzeko, bestelako mundu batzuen alde ere itzultzen jarraitzeko.

Segi dezagun, eta eskerrik asko.

Danele Sarriugarte Mochales


 

Lopez Gaseni.png

 

Liburuaren izenburua: Translating for Children
Egilea: Riitta Oittinen
Argitaratze-urtea: 2000
Argitaletxea: Routledge

Umeentzako itzulpenaren heldutasuna

Riitta Oittinen (1952-) irakasle finlandiarrak haur eta gazte literaturaren itzulpengintza du aztergai; alegia, normalean itzulpen-estudioetatik kanpo geratzen den literaturaren arlo zabal bat. Bere herrialdean, Tampereko eta Helsinkiko unibertsitateetan aritu da, eta itzulpengintza irakatsi du, orobat, Europako eta Ipar Amerikako hainbat unibertsitatetan. Haur eta gazte literaturaren itzultzailea eta ilustratzailea ere bada, eta 30etik gora animazio-filmen egilea ere bai. Hauexek dira haren lanik nabarmenenak, hemen iruzkingai dugunaz landa: Whose Story? Translating the Verbal and the Visual in Literature for Young Readers (2008), Translating Picturebooks. The Verbal, the Visual and the Aural for a Child Audience (2018) eta Negotiating Translation and Transcreation of Children’s Literature (2020).

Mikhail Bakhtin literatura-kritikari errusiarraren azterbideek gidatu dute Oittinen-en lana hasieratik: dialogismoa, polifonia eta inauteri-izaera, eta azterbide horiek haur eta gazte literaturan aplikatzeko baliatu ditu finlandiarrak. Hain zuzen ere, doktore-tesia haurrentzako itzulpengintzako dialogismoaz egin zuen. Horrenbestez, Oittinen-en aburuz, itzulpena dialogo bat da, non itzultzaileak elkarrizketan diharduen jatorrizko egilearekin, irakurle berriekin, eta bere buruarekin.

Alde horretatik, Oittinen-ek itzulpen bakoitzaren berezitasuna aldezten du, jatorrizko testua ez ezik itzultzaile bakoitzaren formakuntzan zerikusia izan duen guztia ere islatzen duelako. Itzultzailea, beraz, ezin da jatorrizko testuaren atzean ezkutatu, baizik eta, aitzitik, bere «ikusgaitasuna» aldarrikatu behar du, itzultzen duen testua «bere» eginez.

Hala, Haroldo de Campos brasildarraren «kanibalismo» kontzeptuarekin bat egin, eta Bakhtinen «karnibalismo» delakoarekin lotzen du. Gogorarazi behar da kolonialismo kulturalari aurre egiteko bide gisa garatu zuela De Camposek bere azterbidea, eta, metafora «luziferiko» baten bidez proposatzen duela jatorrizko testuak irenstea, digeritzea eta haien «odola» xede-kultura elikatzeko baliagarri izatea. Haren testu fundatzaile baten izenburua, hain zuzen, «Mefistofaustian Transluciferation» da. Oittinen-ek ere translation hitzaren jatorrizko erroan gordetzen den trans- aurrizkia baliatzen du bere geroko azterketetarako: transcreation, Bakhtinen dialogismoaren edo testuartekotasunaren birsorkuntza gisa. Hain zuzen, gai horri buruzko azterlan baten editore izan da (gorago aipatutako Negotiating Translation and Transcreation of Children’s Literature, 2020). Bestalde, Oittinen bera itzultzailea eta irudigilea den aldetik, itzulpenetako hitzen eta irudien arteko harremanak aztertu ditu (id., Translating Picturebooks. The Verbal, the Visual and the Aural for a Child Audience, 2018).

Geroagoko lanetan banaka garatu dituen arren, Oittinen-en kezka nagusiak Translating for Children liburu honetan agertu ziren bateraturik eta sistematizaturik lehen aldiz. Liburua sei kapitulutan banatuta dago.

Lehen kapituluan, «Beginning» delakoan, bere tesiaren planteamendua egiten du Oittinen-ek. Haur eta gazte literatura itzultzeaz ari garela, itzultzailearen eta xede-kulturako ume irakurlearen arteko elkarrizketa gisa irudikatzen du prozesua, eta horrek, alderdi batzuetan, desberdin egiten du helduentzako itzulpengintzaren aldean. Hori dela eta, itzulpen-estudioen berrikuspena egiten du haur eta gazteentzat itzultzearen ikuspegitik, batez ere egoera eta baliokidetza kontzeptuetan oinarriturik.

«Readers Reading» bigarren kapituluan, berriz, itzultzaileak egiten duen irakurketa motan jartzen du arreta. Irakurketa horretan, esanahiak sortzen dira etengabe, eta berriz ere elkarrizketa, testua irakurtzen duen itzultzailearen aurreko irakurketekin, hura izan zen haurrarekin eta haren itzulpena irakurriko duen haurrarekin. Kapituluaren amaieran, egileak bere etengabeko beste kezka bati egiten dio tokia: irakurketa ozenari, halaxe irakurriak izateko sortuak baitira haurrentzako testu asko eta, horrenbestez, itzulpenean oso kontuan izateko alderdia baita.

Hirugarren kapitulua, «For Whom?», hartzaileari emana dago. Haur izatea zer den, haurtzaroaren esperientzia nolakoa den, haurrek literatura nola ulertzen duten, nola irakurtzen dituzten testuak eta irudiak. Hori guztia, gainera, egilearen barneko haur esperientziatik abiatuta. Horrekin loturik, autoritatearen kontzeptua ere plazaratzen du, haurra oso gutxitan izaten baita erabaki hartzaile, eta, berriz, harengan jarri behar baita fokua itzulpena egiteko orduan.

«Children’s Literature and Literature for Children» laugarren kapituluan, haur eta gazte literaturaren sistemaren azterketa egiten du, eta errepasatzen du hartzaile haientzat itzultzea zer den eta zer izan den historian zehar. Haur literaturaren eta haurrek egiaz irakurtzen dutenaren arteko harremanak, testu anbibalenteak, egokitzapen motak, itzulpen intralinguistikoak…

Bosgarren kapitulua, «Translating Children’s Literature and Translating for Children», itzulpen kasu praktikoak aztertzeari emana dago. Aztergai dituen adibide nagusietan, gerora behin eta berriro aztertu dituen bi sail agertzen dira: Carrollen Alizia pertsonaiaren inguruko liburu saila eta Tove Jansson idazle eta ilustratzaile finlandiarraren Moomins liburu saila.

«A Never-Ending Story» da seigarren eta azken kapituluaren izenburua, aurreko guztiaren laburbiltzea. Desideratum moduko bat ere azaltzen du amaieran, haur eta gazteentzat itzultzeko prozesuan hainbestetan aldarrikatutako elkarrizketa edo dialogoaren barruan argitaratzaileak ere inplikatzekoa, haiei ikusarazteko, adibidez, testuarekin batera irudiak dituen album bat itzultzea helduentzako testu bat itzultzea bezain konplexua izan daitekeela.

Laburbilduz, Riitta Oittinen-en ikerketak ezinbestekoak dira haur eta gazte literaturaren itzulpengintza aintzat hartu eta hari beste era batera begiratzeko. Areago, gurearen oso antzeko sistema batetik ari delarik, Finlandian ere, gurean bezala, gehien itzulitako generoa haur eta gazte literatura baita.

Manu López Gaseni