Itzultzaile ikasketen etorkizunerako argibideak
Josu Zabaleta

Euskal itzultzaileen ikasketek gorabehera handiak izan dituzte aski denbora laburrean. Orain dela hamar urte ez zegoen itzultzaile ikasketarik, Euskaltzaindiaren eraginez Donostiako Itzultzaile Eskola sortu zen arte. Geroztik Eskola honek beronek ere gorabehera handiak izan ditu, finantzaketa eta diru-laguntzen premia eta gabeziaren ondorioz batik bat, Senezen ale honetan bertan beste leku batean zehazten den bezala.

Geroztik HAEEk Lege alorrerako itzultzaile eskola sortu zuen Gasteizen, orain dela hiru urte pasatxo. Irakaslez eta ikaslez hornituta egon da hiru urte hauetan.

Orain berriro aldatu da, azkeneko ikasturte hau hastearekin batera, euskal itzultzailetarako ikasketen panorama. Martuteneko Itzultzaile Eskola, azkeneko krisialdiaz geroztik, urtebeteko ikastaroak banatzen ari da (itzulpen eta erredakzio ikastaroak), irakaslez hexur hexurretaraino murrizturik. HAEE-ko Itzultzaile Eskolak aurtengo urtean ez du ikasle berririk hartu, irakasketa horiek luzera gabe Euskal Herriko Unibertsitateak bere gain hartuko dituelako ustean, era horretara ikasketa horien araubide zehatzagoa eratuko dela iritzirik.

Orain arte itzulpen ikasketak burutzeko zeuden egiturak gainbeheran dira, beraz, ez ordea aldi berean aurerako beste egitura batzuk sortu gabe. Martuteneko eta HAEE-ko Itzultzaile Eskolez kanpo, bestelako zenbait ikastaro ere sortu dira han-hemenka, zenbait batzokitan eta SAGAZDE-k Bilbon antolatu dituenak adibidez ("nuevas profesiones" izenpean hala ere, munduko ofiziorik zaharrenaren ondoren seguruenera bigarrena dugun hau).

Irailean hasi zen ikasturte honetarako zenbait elkarrizketa izan genituen Elkarte honen izenean Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta are Nafarroako Unibertsitate publikoarekin ere, itzultzaile ikasketak arautzeko proiektuez.

Nafarroako Unibertsitate publikoarekin izandako elkarrizketetan ez zen gauza handirik aurreratu, han unibertsitatea eratzeko proiektuan itzultzaile ikasketak bere baitan hartuko lituzkeen Hizkuntz Institutu bat aurrikusita dagoen arren, oso luzerako gauza bait dirudi bide hori.

Gauzak gehiago aurreratu ziren Euskal Herriko Unibertsitateari dagokionean. Elkarte honetako ordezkarien eta Gasteizko Filologia Fakultatearen artean izandako elkarrizketa batzuen ondoren, Elkarte honen izenean, ikasketa hauetan zuzeneko interes berezia zuten erakundeetako zenbait arduradun bildurik (HAEE-ko eta Martuteneko Itzultzaile Eskoletakoak) ikasketa diseinu bat prestatu zen, proposamendu horren sarreran gero egingo ziren proposamenduak arrazoituz. Geroztik, ordea, bide honetatik ere ez da aurrerako pauso bat ere eman. Eta utzi ziren bezalaxe daude gauzak.

Bestaldetik, unibertsitateari dagokionez, aurtengo berria da Deustuko Unibertsitateak bere aldetik eta bere kabuz antolatu berria duen itzulpeneko Master ikastaroa. 1200 ordutako kreditutan dago banatuta; bi urtetako ikasketa aski trinkoak lirateke beraz.

Ikasketa hauek, gaur egun den egoeran beharko luketen etorkizunaz eta izan lezaketenaz mintzatzen hasi aurretik, irakaskuntza eta ikasketa ahalegin horiek eman duten fruituaren balantze gisako labur bat egin nahi nuke, balantze zehatza izan gabe, balantze izan litekeen horren nondik norakoak arakatu bederen.

Gaur arteko ikasketa eta irakaskuntza ahaleginek fruitua izan dutela dudarik ez dago. Itzultzaile ikasketak Euskaltzaindiaren eraginez formalizatzen hasi zirenetik hona euskal itzulpengintzak, fenomeno sozial bezala, berebiziko aldea egin bait du. Alde hori irakaskuntzak eta ikasketek zenbateraino eragin duten, eta zenbateraino itzulpen eskariaren gorakadak berak, ez dago garbi, eta seguruenera definitu ere, ezin defini daiteke zehatz.

Zenbait aztarren, hala ere, atera daiteke, galderak behar bezala eginez gero.

Lehenengo galdera: gaur egun itzultzaile direnetan zenbaterainoko eta nolako eragina izan dute Itzultzaile Eskolek? Estatistikarik ez dago, eta zuzen ezin erantzun daiteke. Martuteneko Itzultzaile Eskolako ikastaro erregularrak burutu dituztenen zerrendak eta Elkarte honetako fitxategiak aztertu eta konparatuz ordea (HAEEkoak oraindik ez dira esanguratsuak, aurten amaitu bait du lehenengo ikasle promozioak han), intertsekzio laburra dagoela ikusten da.

Erantzun liteke esanez, itzultzaile ikasketek hamar urte dituztela gure artean, eta euskal itzultzailegoaren hazkunde begetatiboa normala bada, talde horretako proportzio handi batek ikasketa horiek hasi aurretik buruturik behar zuela bere lanbiderako prestamena, eta lanbide hau harturik ordurako. Jakin badakigu, ordea, ez dela horrela. Euskal itzulpenaren hazkunde azkarra orain dela hamar-hamabi urte hasi zela, eta areago, lehenagotik itzulpenean ari ziren asko lanbide hau utzi eta bestelakoetan ari direla gaur egun. Hori ikusteko aski da lehenagoko argitalpenen itzultzaileak nortzuk ziren begiratzea; gaur ia "klasiko" joko genituzke haietako batzuk, itzulpenean geroztik batere agertu ez, edo oso gutxi agertu direnez. Esan beharra dago, beraz, gaur egun itzultzaile diren asko eta askoren prestamena ez dela prestamen hori banatzeko sortu ziren erakundeetan burutu.

Ez da ahaztu behar, ordea, ikasketa arautuetatik kanporako bestelako ikastaro asko ere izan direla. Horietan bai, gaur egun itzultzaile diren askok eta askok hartu du parte. Askotan, ikastaro horietan parte hartu dutenen aitorpenak jasoz, hortxe aurkitu izan dituzte itzultzaileek beren lanbideari buruzko lehendabiziko razionaltasun ahaleginak eta aurrerabiderako abiapuntua. Eta ez da ahaztu behar, era berean, ikastaro horiek, itzultzaile lanbidea antolatuta dagoen bezala honen bakar-lana izanik, ikastaro horiek zenbateraino izan diren elkarrekiko topagune eta bakartasunaren hausle, itzultzaile kolektiboaren egituratzaile.

Orain arte itzultzai leen artean egin di ren inke stek besterik ere erakutsi dute, ordea; orain arte itzultzaile ikasketak burutzeko izan diren erakundeei beste alde batetik izateko arrazoi sendoa ematen diena hala ere: euskal itzultzaile gehienek beren lanbiderako hartu izan duten prestamen teoriko "bakarra", proportzio handi batean, aipatu ikastaroak eta Senez aldizkari hau berau izan dira. Zer ikasia ugari ematen du honek etorkizunerako ere, pentsatzekoa bait da etorkizunean berziklaketara bideratu beharko direla gehienbat —geroago arrazoituko dugun bezala— itzultzaile ikasketak, eta irakaskuntza horren zati handi batek ikerketa eta argitalpena beharko duela izan.

Eta azkenik, izulpenaren irakaskuntza ahaleginaren beste ondorio bat: itzultzaile lanbideak hemen eta konkretuan zituen baldintzei buruzko gogoeta ahaleginaren ondorioz, itzultzailegoaren antolamendu proposamenduak ere iturburu horietatik beretatik etorri izan dira euskal itzultzaileen artera. Halaxe sortu zen EIZIE Elkarte hau berau ere, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren iniziatibaz, handik kanpoko itzultzaile multzo batek bultzatu eta antolaturik.

Beste gogoeta bide bat oraindik: askotan esan izan dugu euskarak gaur egun duen egoera soziolingustikoaren ondorioz, hizkuntzaz baliatzen den hainbat jarduera, itzulpena hain zehatz ez dena, itzulpen jardueraz kutsatua, edo —"kutsatu"-k duen gaitz zentzu horri ihes egiteko— hanpatua dagoela. Gure artean, hala ere, gauden euskaldunak, ia guztiak, elebidun garelarik, eta batez ere elebidun jarduten dugularik —hizkuntzatik hizkuntzara berebiziko abiadan aldatuz—, hizkuntza batetik besterako etengabeko informazio truke hori —hizkuntza batean ikasia bestean adieraziz— etengabe gertatzen ari den femomenoa da. Alde horretatik esan daiteke, ia-ia, euskararen erabilera orok duela hurbileko zerikusia itzulpenarekin, eta zenbat eta hizkuntz jarduera formalagoa —publikoan, idatziz, etab.—, orduan eta, esperientziak hutsegiteko aukerarik ez bait digu uzten, zerikusi estuagoa itzulpenarekin. Zerbaitengatik dago, egon ere, esaera, norbaitek gaizki hitzegin, edo idazten duela iruditzen zaigunean: "Seinale du, bai, gaztelaniaz pentsatu duela". Hasieran bromatan esaten genuen, baina bromak ozpintzen ari zaizkiola errepikatu behar dugu berriro, gaztelaniaz pentsatzea ez dela gauza txarra, gaztelaniaz pentsatu eta euskarara gaizki itzultzea baizik.

Esandako honen haritik, orain arteko itzultzaile eskolen merezimenduen artean jarri beharra dago, hain zuzen, ikuspegi hau zabaldu izana. Ikasturte eta ikastaroetan parte hartu duten asko eta asko ez dira itzultzaile lanetan ari, bestelakotan baizik. Beste lanbide horietarako ere, ordea, itzulpen ikasketak eman lezakeen hizkuntz desberdintasunaren ohartasuna, eta hizkuntza desberdinetan mezu berbera aditzera emateko eraikitzen den diskurtsuaren egitura desberdintasunaren oharmena beharrezkoa da.

Gutxitxo hartu da hau kontutan gure artean, nahiz zuzeneko eragina duen irakaskuntzan, orokorrean, eta hizkuntz irakaskuntzan bereziki. Horretarakoxe argitaratu zen, adibidez, Senezen ale berezi bat "Itzulpena eta Irakaskuntza". Gerora ere zuzenean itzulpen ez diren bestelako hizkuntz erabilerek gure artean batez ere duten itzulpen ikuspegi hau aztertu beharra izango da, ez da ahaztu beharko.

Itzultzaile ikasketa premiak

Itzultzaile ikasketek gure artean zer izan behar duten diseinatu ahal izateko, boteretik dekretuz gauzak egiteko ohitura arbuiatzen bada behintzat, eskaini nahi den zerbitzuak zein premia betetzen dituen aztertu beharko da lehenik, kale ertzean izozki denda xoko bat jartzeko kalkulatzen den bezalaxe. Premiak betetzeko helburua hartuta pentsatzeko obligazioa dugu, nahiz badakigun zenbateraino ohitura duen botereak inoren premiak boterearen mesedetan erabiltzeko.

Lehendabiziko premia, eta guztietan neurgarriena, premia kuantitatiboa da: zenbat itzultzaile berri beharko dira Euskal Herrian hemendik aurrera, etorkizunari buruz egin daitezkeen hipotesiak kontutan hartuta. Merkatu azterketa beraz. Merkatuak izan lezakeen bilakaera aztertu beharko da, etorkizunean izan litezkeen itzultzaile premiak kuantifikatzeko. Guk ez dugu itzulpen alor osoa guztiz aztertzeko daturik. Bai ordea merkatu horren egitura, azkerketa saio honetatik atera behar diren ondorioak atera ahal izateko behar dugun fidagarritasuna emango diguten adinakoan.

Bi alor desberdin nagusitan banatzen da, batez ere, euskal itzulpengintza, edo hobeto esanda bi eratako jokaera moduak dituzten alorretan, bezeria zein, halakoak.

Alde batetik instituzio publikoek eratzen duten bezeria dago: Jaurlaritza, Diputazio, Udaletxe, EITB, etab.

Bestetik bezeria pribatua: argitaletxe, instituzio eta erakunde pribatuak, etab.

Bi alorrok ez dira elkarrengan eraginik ez dutenak, baina saio honen puntu honetan interesatzen zaigunetarako oso arinetik baizik ez ditugu ukituko eraginok.

Instituzio publikoen itzultzaile premiak

Orain arte instituzio publikoak izan dira itzultzailearekin harreman egonkorrenak eta haren bezeria finkoen eta oparoena. Insituzio publikoak izan dira, adibidez, itzultzaile lanpostu finko bakarrak —edo ia bakarrak— sortu dituztenak. Ia ehun itzultzaile ari dira, adibidez, Administrazio Publikoko itzulpenetan.

Bi azpi alor ditu: Administrazio Publikoaren egitura bera, eta bere esku dituen komunikabideak, telebista batez ere.

Administrazio Publikoko erakundeen itzulpen politika itxura hutsezkoa izaten da askotan; itzultzaileak "euskaldun" agertzeko balio die, baina ez du ezertan aldatzen, ez onerako, ez txarrerako —oso salbuespen agurgarri eta ohoragarritan ezpada—, Administrazio horren izaera. Bertako itzulpenak oso komunikazio funtzio apurra betetzen du. Badira, hala ere, geroz eta gehiago gainera, itzulpenak egiazko komunikazio funtzioa betetzen duen egoerak. Hori ordea ez da generalizagarria, ez eta gutxiagorik ere, oraingoz behintzat.

Komunikabideei dagokienez, bertan egiten den itzulpenak badu, definizioz, komunikazio balioa.

Bi erakunde mota hauek itzultzailearekin dituzten harremanei dagokienez, bi eratakoak dira harremanok: lanpostu eskaintza (kontratuz nahiz finko), edo merkataritzako erlazio askea. Erlazio hauek ere geroz eta finkoagoak dira, normala den bezala, eta hala itzultzaile jakinen eta instituzio jakinen artean merkatal erlazio iraunkorrak sortzen dira, bezeria finko bezala.

Proportzioz, Administrazio Publikoa eta bere esku dituen komunikabideak dira, konparaziorik ere gabe, euskal itzultzailegoaren bezeriaren zati handiena, itzulgai proportziorik handiena hornitzen duena, bai lanbidez erakunde horietan diharduten itzultzaileentzat, bait free-lance ari direnentzat ere.

Alde Korretatik zinez esan daitete, Instituzio Publikoek nora, hara egiten duela euskal itzulpengintzak, ikuspegi kuantitatibotik, jakina.

Eta esan beharra dago, hariari jarraituz, lehenik eta behin, deskribatzen ari garen egoera honek dirudiena baino egonkortasun txikiagoa duela, eta badirela zer pentsatua ematen duten seinaleak. Bi batez ere: EITBk egin izan duen itzulpen eskariaren beherakada, bat batekoa, eta zinez handia (bikoizketa etxeren batean bi urteren buruan lehen zenaren ehuneko 20 baino ez izatera iritsi dira). Pentsa bedi EITB sortu zenean, bertarako egin ziren aurrikuspenetan itzulpen premiak eguneko 300 orri ingurutan kuantifikatu zirela. Honek guztiak zalantzazko egoera eta kezka handia sortzen du lanbide honetan ari direnentzat. Etorkizunerako profesionaltasun perspektibak ezerezera ekartzen ditu, eta azken finean noizbait kalitate maila hobea izango den esperantzak ad calendas graecas atzeratzen ditu.

Berez askoz ere finkoago eta egonkorragoa diruditen Administrazio Publikoko instituzioei dagokienez, beste horrenbeste esan ezin badaiteke ere, kezkaren atzimurra sentiarazten duten seinaleak ageri dira. Besteren artean berriki aldarrikatu den Itzulpen Zerbitzu Ofiziala bera, Euskararen Normalkuntzarako Legearen indarrez sortzekoa zena, orain arte gauza ahaztuen linboan egona eta berziklaketa usainez suspertua. Merkatua zer den dakienak badaki, kon-petentzia gogorra egin behar diola ponte horretan izen horrekin bataiatuta datorren kreaturak iniziatiba pribatuan ari den itzultzaileari, orain arte Administrazio Publikotik kanpora bideratzen ziren itzulgaiei hara bidea erakusteko lehian batez ere. Konpetentzia are gogorragoa, alor honetako itzultzaileen bezeriak orain arteko guztian itzulpen kalitatearen eskakizun eta selekzio irizpidearen apurrenik ere erakutsi ez duelarik. Inoren gaitasuna gutxietsi ez eta inorena ebidentetzat eman gabe ere, gauza segurua bait da, itzulpen eskabidea egiten duenaren aldetik kalitate eskakizunik ez dagoenez, instituzio arrazoiak izan daitezkeela eragile eta nagusi.

Laburtuz, beraz, instituzio publikoen aldetik ez dirudi, kontu guztiak aterata, itzultzaile premia handitzera doanik, bestela baizik. Alde batetik, egia da, beste leku batean esan izan dugu, Administrazioko itzulpengintzaren arazorik larrienetako bat lanaren antolamendua bera dela, eta antolamendua razionalizatzen den aldetik, itzulpen esakariaren kopuru globala ere baliteke gutxitzea. Ez dut uste, ordea, arrazoi horiek eragiten dutenik Administrazioko instituzioek itzulpenari dagokionean darabilten politika.

Orainartekoak badu beste ondorio bat ere: itzultzailearen bezerorik handiena —alderik ere gabe— Administrazioa bada, itzulpengintzak dituen gorabeheren kontua ere, neurri berean eska dakioke Administrazioari, erantzukizun zuzena bait du honetan guztian.

Administrazioaren politika honen guztiaren barruan, itzulpena sustatzeko eta itzulpengintzari arnas berria emateko asmoz egiten diren zenbait egintza (Literatur Ondare Unibertsalaren itzulpen proiektua, Testu Filosofikoen itzulpen proiektua, UBIrako testu filosofikoena, sariak...), txalogarri izanik ere, eta beste ikuspegi batzutatik begiratuta ukatu ezin den garrantzia badute ere, ikuspegi kuantitatibotik begiratuta, itzulpenaren merkatura dakarten lanaren ikuspegitik begiratuta, pisurik batere ez duten anekdotak dira, eta ez diote ordainik ematen, ezta hurrik ere, Administrazio horrek berorrek beste alor batzuetan sortzen duen eskasiari.

Administrazioarenak ez diren bestelako instituzioetako itzulpen eskaria (unibertsitatearena, etab.) tamainaz instituzio pribatuen artean kokatu ditugun zenbaitena bezalakoa da, herri honetako paradojen artean txikiena ez bada ere. Funtzionamenduari dagokionez, berriz, Administrazoak bezalatsu jokatzen du, barneko premietarako itzultzaileak kontratatuz edo finko hartuz, eta bestelako itzulpenak merkatura ateraz.

Instituzio pribatuen itzultzaile premiak

Instituzio pribatuen artean, itzulpen eskariari dagokionez, era askotakoak daude. Lehenik eta behin, multzorik handiena, euskarara eta euskaratiko itzulpen eskaririk batere ez duten erakundeak. Sarritxo ahaztuta uzten dira, baina egon, hor daude.

Itzulpen eskabidea egiten dutenen artean, modu askotakoak daude:

Batzuk instituzio publikoen eragin zuzenez —eskariz edo esigentziz— edo irudi publikoaren beharrez, eragiten dituzte itzulpenak. Jaurlaritzan aurkezteko txostenen itzulpena, Banketxeak, etab.

Beste zenbaitetan Administrazio publikoaren laguntzak egiten du posible itzulpena. Zentzu honetan ohargarria da orain arte euskaraz argitaratzen ez duten argitaletxeek —merkatua eskoletan dutenek batez ere— sortu duten eskabide berria, Jaurlaritzaren laguntzen anparoan, eta ohargarria halaber, zenbaterainoko lehia jartzen duten argitaletxe "autoktonoek" etorri berri horiek partitzeko dagoen pasteletik uxatzen, bide batez —eta zeharbidez— pastel horrek beren argitalpen politikan zenbaterainoko garrantzia duen ere aitortuz.

Hala bada, alor honetan ere, neurri handi batean behintzat, Administrazio publikoak definitzen du pribatuen politika ere, pribatuok alde horretatik, haren kirieleisonari kristeleisona jartzen diotela.

Itzulpen eskari hauez aparte, beste bazter eskari bat ere badago, iniziatiba pribatu eta baliapide pribatu soilez, tantaka, arrakasta baino meritu gehiagoz, nobela bana mereziko luketen bidez, itzultzailearengana iristen dena.

Jokabide horren zuzeneko ondorio bezala, alor honetan freelance ari den itzultzaileak harreman sare zabala behar du, eta beti ere instituzio publikoetaraino iristen diren telefono hariak, iraun nahi badu. Lan modu hau oso sakabanatua da, oso argitaletxe gutxik du itzulpen politika argi eta zehatz definitu bat, eta are gutxiago itzultzaile multzo finko iraunkor samarrik; liburu sailen baterako edo, gehienez ere. Itzulpen iniziatiba, hain zuzen, itzultzaileak berak hartzen du askotan bere aldetik, jarraitasunik gabe, eta hala doaz ugalduz lehenengo edo bigarren itzulpenetik aurrera gehiago ezagutu ez diren liburu edo literatur itzultzaileak (Timeo hominem unius translationis...).

Guztia batera laburtuz, beraz, zentzurik ez duen gauza da, etorkizunean izan daitezkeen itzultzaile ikasketak etorkizun horretan, gaur egun itzulpengintza baldintzatzen duen politika aldatzen ez bada behintzat, oinarri hartuta diseinatzea (Europan, TAV-ak harrapatuko gaituen lekuan, Piriniotako Itunean, Akitaniakoan gaude, it seems, hiri anaiak, auzo arrebak, lehengusina egondako tokiak, diaspora eta guzti, dugu han eta hemen). Politika hori alda daiteke, nahi bada; ez du den bezalakoa zertan izanik; liburujasotzaileak eraman daitezke kultur bidaietan, morroskoei ezer kendu gabe, etab. Balira eta lirateke horietan oinarriturik ordea, ezin da gaur egun gerorako ikasketa proiekturik finkatu.

Itzultzaileen premiak

Aurreko puntuan itzultzaile ikasketak diseinatzerakoan eragin handia izan duen tentazioa uxatu nahi izan dugu. Ikasketa horien premia ez da ukatzen, horrenbestez, bestela baizik, bestelako arrazoi asko daude itzultzaile ikasketen premia aldarrikatu eta ikasketa horiek behar bezala diseinatzen ahalegintzeko.

Lehenik eta behin, gaur egun lanean diharduten itzultzaileek behar dituzte ikasketa horiek. Bi eratako laguntza modua itxaro lezake itzultzaileak ikasketarako egitura formalizatu batetik: berziklaketa lehenik. Eta bere statusaren duintasuna bestetik.

Berziklaketa premiari dagokionez, Senez-en ale honetan bertan beste artikulu batean esaten den guztia ekar daiteke hona (Euskal Itzulpenaren berezitasunak - Zenbait gogoeta). Ez noa beraz hangoa berriro errepikatzera.

Itzultzaile statusaren duintasuna dagokionez, ikasketa mailarekin lotura estua du, zalantzarik gabe. Hain zuzen ere, euskal itzultzaileen artean egin diren inkestetan puntu honi buruz galdetu izan denean, eman izan zaizkion erantzunetan ikasketak lotuago agertu izan dira statusarekin prestamenarekin baino, ikasketen definizioak baino titulazioa eskatzen bait zen lehenago: lizentzia edo diploma titulua. Tituluaren latria bultzatzen den gizarte honetan, euskaldungoaren gehiengoa elebidun delarik, hizkuntz ereduaren zalantza eta definiziorik ezarekin uneoro topo egiten dela, ez da harritzekoa itzultzaileen artean halako gora nahi bat, bere statusa zalantzak uki lezakeen sailetik ateratzeko nahi bat somatzea.

Honi dagokionez, zertxobait aurreratzen hasia da Madrilen joan den Azaroan zinpeko itzultzaile izateko izan zen azterketarekin. Esperantza handia dago azterketa horretatik euskaratik gaztelaniarako zinpeko itzultzaile izendapen taldetxo bat iritsiko dela, eta era horretara euskal itzultzailegoak, bide batez, halako ofizialtasun mailatxo bat iristen du.

Hala ere, zenbait urteren buruan euskal itzultzaile ikasketak arautzearekin batera, gaur egun diren itzultzaileen status akademikoa arauzkotzeko bideak ere pentsatu beharra dago.

Lehen ere esana dugu, ordea, itzulpenaren eremua, euskarari dagokionean, zentzurik estuenean itzulpen jarduera dena baino askoz ere zabalagoa dela. Ikuspegi horretatik burutu daitezkeen lanak ere, itzultzaile ikasketak banatzeko ardura duen instituzio edo erakunde horrek beharko lituzke bideratu.

Instituzio honen lehendabiziko xedea, irakaskuntza banatzearekin batera, eta ahaleginetan haren aurretik edo goitik agian, ikerketak beharko luke izan. Lehen aipatutako artikuluan behin eta berriro aipatu dudan euskal itzulpenaren berezitasunak mila zoko eta bihurrera bait ditu, itzulpenaren teoria soilak argitzen ez dituenak, eta euskal itzulpenak, itzulpen doi, duin eta egokia izango bada, argitu beharko dituenak.

Zenbateraino hala den kontu egiteko, pentsa bedi besterik gabe, euskal itzulpenak, edo euskal erredakzioak besterik gabe, dituen hainbat paradojetako batean. Hizkuntz erabileraren hainbat alorretarako hizkuntz eredu faltaz, tradizio (laburrenaren ere) faltaz, hitz batean testuz gainetiko kontestu zabal konpartitu baten faltaz, euskaraz askoz ere zehatzago eta doiago idatzi beharra dago egoera normal batean gaztelaniaz baino —teoriak eta ezagutza soziolinguistikoak hala eskatzen du— mezu jakin bat ulergarritasun berberaz ulertarazteko. Laburtuz, mintzatuz ez dela, idatziz baizik, euskaraz hobeto idatzi behar da gaztelaniaz baino, komunikazio funtzio berbera betetzeko.

Esan beharrik ez dago euskal itzulpenaren kalitatea, bataz beste, —eta euskal erredakzioarena ere ez nuke salbu eta akats gabe utzi nahi puntu honi dagokionez— aski urruti dagoela oraindik maila hori iristetik.

Ikerketa ahalegin handia egin beharko da alor honetan. Norbaitek esan zuen euskara batuaren bataila irabazita dagoela, estiloaren bataila irabazi behar dela orain. Estiloaren bataila itzulpenean jokatuko da neurri handi batean, eta ia erredakzio orok oinarrian itzulpen ahalegin bat duen egoeran —gurean— itzulpena ez den erredakzioan ere zer esan ugari izango du itzulpen esperientziatik ondorioz ateratzen den jakintzak.

Ikasketak unibertsitatean

Orain artekoan ez dut unibertsitaterik aipatu, itzultzaile ikasketak banatzeko insitituzio edo erakunde bat baizik, horrelaxe, bere lausotasun eta zehazgabetasunean baizik. Honen aurreko puntua itzultzaileen eta euskal itzulpengintzaren premiei zegokiena bait zen, izan ere, eta premiez ari garenean ilusioari hegoak ernetzen zaizkio. Unibertsitateaz ari garenean, berriz, izenaren distira guztiak arren, existentziaren mundu apal eta zapalean ari gara, ahalaren mundu laburrean ezinaren hesi altuak mugaturik.

Espainian, Europako beste herrialde askotan bezala —ez guztietan— unibertsitateak banatu ditu aspaldiko urteotan itzultzaile ikasketak. Frantzian ere berdin da. Ez ordea, Belgikan, adibide bat ekartzeagatik; han itzultzaile eta interpretari eskola nagusiena, Brusselgoa —ia 600 ikasle dituena— ez bait da unibertsitate barneko institutua. Gauza bera gertatzen da Mons-en. Unibertsitatearen irudia eta itzala ez dela gauza sakratu eta gorentzat hartu behar, besterik ez du esan nahi honek. Ikasketa hauetarako garantia eta irtenbide bakarra ez da unibertsitatea.

Egia da, hala ere, gu gauden gizarte honek unibertsitatearen esku utzi duela ikasketa sistemaren gailurra, ikasketa horien onarpena, eta hori en ondotik eta ondori oz ikastunari datorki okeen statu saren aitorpena.

Espainian, hala ere, alde batetik Europako Merkatuan sartu izanarekin eta unibertsitateko ikasketen erreformarekin batera, eta esan gabe filologiazko ikasketen krisiarekin, eta antolamendu eskasarekin, itzulpen ikasketak antolatzeko larria sartu zaie zenbait unibertsitateri. Fenomenu honi begira dauden askoren iritzian, berriz, itzultzaile ikasketak bide linguistizista edo filologista batetik bideratzea izango litzateke gaur egun ikasketa hauei gerta lekiekeen gauzarik makurrena.

Gai honetaz azkeneko Senez alean badira bi artikulu: Itzultzaile eta Interpretarien ikasketen berrikuntzari buruzko kontsiderazioak, HAEE-ren izenean idatzia, eta Etorkizuneko itzulpen lizentziatura: zenbait ohar kritiko, Xabier Mendiguren jaunarena.

Euskal itzulpena den kasu berezian, berebiziko malgutasuna beharko du unibertsitateak, definitu ditugun premiei eman lekiekeen erantzun egokiena eman ahal izateko. Nekez da espero izatekoa. Eta begiak itsu ez dituenak, gandu artean bada ere, sumatu bederen egin du, itzulpenarenak ez diren interesak mugituko direla ikasketa horien formalizazioaren inguruan, ilusioa ito lezaketen interesak tamalez.

Hala ere unibertsitateak, Euskal herriko Unibertsitateak, bete lezake, bete behar du, itzultzaile ikasketak antolatu eta banaketzeko eginkizuna. Areago, unibertsitatea da, gaur egun eta hemen, itzultzaile premiak eta itzultzaileek dituzten eskariak ongien bete ditzakeen erakundea.

Optimismoa libre da, eta obligazioa batzutan baikor izatea; esperantzari leku eman behar zaio, bada, honetan, unibertsitateaz kanpo nekez ikusten bait da, dagoeneko emanik diren pausuak emanda, itzultzaile ikasketentzako lekurik. Barrutik eta kanpotik eskatu eta estutu beharra izango da, ikasketa horien inguruan eratzen den ikerketa eta irakaskuntz antolamenduak euskal itzulpenak eta euskal itzultzaileek dituzten premiei erantzun diezaien.