Eskerrik asko, Karlos!
Danele Sarriugarte Mochales

Zeregin askotan jardundakoa da Karlos del Olmo (Barakaldo, 1958). Antzerkia du zaletasunetako bat: Barakaldoko Antzerki Lantegi Iraunkorra zuzendu zuen, antzezlanak idatzi ditu, eta Gabriel Arestiren teatroari buruzko azterketa bat plazaratu du, besteak beste. Lanbide nagusia, edonola ere, itzulpengintzaren arloan izan du: ia 30 urtez aritu da itzultzaile-interprete Donostiako Udalean. Baina Muskizeko ikastolan eta Gabriel Aresti euskaltegian irakasle hasitakoak ez du sekula ere guztiz baztertu irakaskuntza: eskolak eman ditu EHUn, eta ikastaroak ere bai UEUn. Eta EIZIEn, ez baitugu ahaztu nahi Del Olmok itzultzaileon elkartearekin izandako harremana: lehendakaritzan eta idazkaritzan aritu izan da, eta, azken 15 urteotan, aldizkari honexetan zuzendari. Orain, erretiroa hartu du, bai kabinatik, eta bai Senezetik ere. Talaia aproposa iruditu zaigu haren ibilbideari errepasoa egiteko. Eskerrik asko, Karlos!

Zeregin askotan jardundakoa da Karlos del Olmo (Barakaldo, 1958). Antzerkia du zaletasunetako bat: Barakaldoko Antzerki Lantegi Iraunkorra zuzendu zuen, antzezlanak idatzi ditu, eta Gabriel Arestiren teatroari buruzko azterketa bat plazaratu du, besteak beste. Lanbide nagusia, edonola ere, itzulpengintzaren arloan izan du: ia 30 urtez aritu da itzultzaile-interprete Donostiako Udalean. Baina Muskizeko ikastolan eta Gabriel Aresti euskaltegian irakasle hasitakoak ez du sekula ere guztiz baztertu irakaskuntza: eskolak eman ditu EHUn, eta ikastaroak ere bai UEUn. Eta EIZIEn, ez baitugu ahaztu nahi Del Olmok itzultzaileon elkartearekin izandako harremana: lehendakaritzan eta idazkaritzan aritu izan da, eta, azken 15 urteotan, aldizkari honexetan zuzendari. Orain, erretiroa hartu du, bai kabinatik, eta bai Senezetik ere. Talaia aproposa iruditu zaigu haren ibilbideari errepasoa egiteko. Eskerrik asko, Karlos!

Danele: Zerk piztu zizun itzulpengintzarekiko interesa?

Karlos: Lehenengo itzulpenak, modu ez-profesionalean, institutu garaian izango ziren, latinarekin eta ingelesarekin. Azken finean, hizkuntza bat baino gehiago dakizunean, itzulpen prozesua sortzen da, beti. Askotan, gainera, hizkuntzan sakontzeko modu bat izaten da. Itzulpen kontzienteagoak izan ziren auzo elkartean eta horrelako gauzetan; ez ziren ordainduak, baina bazuten asmo hori: euskaraz egitea euskararik ia ez zegoen inguru batean, Ezkerraldean.

Gero, Gabriel Aresti euskaltegian irakasle nintzela, adiskidetu nintzen Josemari Navascuésekin –duela gutxi zendu da EIZIEko bazkidea– eta Agurtzane Ortiz de Landaluzerekin. EIMArako material didaktikoak itzultzen ibiltzen ziren; ni garai hartan hasita nengoen informatikarekin… Esan zidaten ea hasiko nintzen, eta aurrera.

Danele: Itzulpengintzako masterra egin zenuen gero.

Karlos: Euskal Filologia amaitu, eta handik gutxira heldu zitzaigun albistea, itzulpen juridiko-administratiboko zeozer egitekotan zebiltzala: izena eman, eta onartu gintuzten. Izena eman nuen oso ondo ere jakin barik zer izan zitekeen; kontua zen ikastolan nenbilela irakasle eta alde egin nuela gauza batzuk ez nituelako oso argi ikusten gurasoen aldetik, eta euskaltegian ere izan ziren gorabehera batzuk, niri larri samarrak iruditzen zitzaizkidanak, justu Kafe Antzokia eratzen ari ziren garaian. Pentsatu nuen aukera bat izan zitekeela master hura. Masterra amaitu berritan, bi lanpostu deitu zituzten Donostiako Udalean; bata, itzultzaile-interpretearena: aurkeztu nintzen, eta lortu egin nuen.

Danele: Eta hor egon zara orain arte.

Karlos: Bai, 28 urte inguru.

Danele: Erretiroa hartu berri duzu. Zer moduz?

Karlos: Beste etapa bat da. Ikasten zabiltzan bitartean, informatikako terminologia erabilita, 1.0 bertsioa zara; lanean hasten zarenean, berriz, 2.1, 2.2… Nik hiruzpalau bertsio izan ditut, Udalekoaz aparte, beti izan dudalako irakaskuntza alboan. Orain, erretiroarekin, 3.0 fasean nago, Beta moduko batean. Ez dakit zer aterako den hortik. Lehengo gustuak eta zaletasunak ezin utzi alde batera: idaztea, itzultzea… Baina neure buruari galdetzen diot ea ausartuko naizen beste zerbait egitera.

Danele: Zein izan dira interpretazio-lanaren alde onak eta txarrak?

Karlos: Erretiroa hartu badut ez da nekatuta nengoelako lan horrekin. Oraintxe bertan mikroa jarriko balidate aurrean, hasiko nintzateke interpretatzen, eta, dokumentuak itzultzen, berdin. Beti esan izan dut nahiago dudala kabinan pantaila aurrean baino, baina oso ondo dator biak edukitzea, bata zehatzagoa eta bestea komunikatiboagoa. Hala ere, lanean ezagutu ditut oso garai gogorrak; esaterako, Gregorio Ordoñez hil zuten garaikoak, edo, ezker abertzaleak lehen aldiz lortu zuenean udal gobernua, gorabehera handiak izan ziren, hor izan zelako ETAren su-eten behin betikoa… Kontu handiz ibili behar izan dugu.

Danele: Kontu handiz, eta bat-batean.

Karlos: Bai, eta, gainera, saio luzeak izan ditugu; nik 12-14 ordu eman izan ditut kabinan. Polita da, asko ikasten da, baina, gero, laguntza eskasa jaso dugu. Beti saiatu izan naiz politikariekin pedagogia pixka bat egiten, haien idazkiak aurretik guri helarazteko; protokoloak-eta pasatzen genizkien, baina…

Danele: Ez zizkizueten aldez aurretik ematen?

Karlos: Egia da udal dokumentazio asko geuk itzulia zela, beti izaten genuen eskura, baina, adibidez, irakurtzen zituzten testu luze batzuk ez genituen kabinan izaten. Inoiz edo behin, oso kontu potoloak izan dira; Aieteko Adierazpena, adibidez: alkatea ordubete eta erdian aritu zen euskaraz, «gaitzespen»aren kontzeptuaren inguruan; hor badira hainbat kontu, eta zuk badakizu zinegotzi edo kazetari batzuk zain daudela zuk zer esango, gero horrekin jokatzeko.

Gure lanbidea, bai itzulpena, bai interpretazioa, jendeak ez daki ondo zer den, ez baldin bada inoiz aritu horretan, eta, ez jakiteaz aparte, asko gertatzen da administrazioan eta politikagintzan, gizaki moduan oso pertsona zentratua edo nortasun indartsukoa izan ezean, edozer gertatzen denean, aitzakiarik onena horixe izaten da, itzultzailea edo interpretea erabiltzea: «Txarto itzuliko zidaten; hori ez da nik esan dudana».

Danele: Pagaburuak bilakatzen zarete.

Karlos: Tiroa, beti, itzultzaileari edo interpreteari. Administrazioaren barruan, bakoitzak oso ondo definitua du lanbidea –ekonomialariak, legelariak–, eta gurea gelditzen da apur bat aparte. Gure lana oso konplexua dela esaten diguten arren, behar ditugun gutxieneko baldintzak ezartzea oso zaila izan da, eta niri tokatu izan zait EIZIE barruan ardurak izan ditudanean Eusko Jaurlaritzara joatea ea zeozer egin zitekeen, batez ere udaletako itzultzaileen lan baldintzak bateratzeko eta duintzeko. EUDELera ere jo dugu, eta ate guztiak itxita aurkitu ditugu.

Danele: Zer hobetzea nahi zenuten?

Karlos: Hainbat erakundetan badira itzultzaile, erdi-interprete, kultur arduradun edo girotzaile aritzen direnak, eta, eginkizunak oso gaitzak izan arren, administrari kategoria dute.

Danele: Lanak ez du behar adinako aitortzarik, beraz.

Karlos: Donostiako Udalean, azkeneko urteak Euskara Zerbitzuaren barruan eman ditugu –lehen, barne zerbitzuetan geunden–, eta hor eduki dugu oso kontraesan handi bat, oraindik indarrean egongo dena. Zerbitzuko arduradunek, normalizazioaren munduan dabiltzanek, pentsatzen dute itzultzaileak, neurri batean, desagertu beharreko kontu bat direla, jendea euskalduntzen denean itzulpena desagertu egingo dela. Itzulpena normalizazioaren aurkakoa dela, alegia.

Ez dira konturatzen, lehenik, itzultzailea ez dela inoren etsai, eta, beste alde batetik, Administrazioak beti beharko duela, langile guztiak euskaldunak izanda ere, lege mailako itzulpenak ganoraz eta zentzuz egingo dituen baten bat. Gainera, euskaldundu ahala, zerbait behar izango ez bada Euskal Herrian, normalizatzaileak izango dira. Kontraesan hori hor dago; kontua da egon garela azkenengo urteetan egitura batean zeinak neurri batean ez gaituen beharrezkotzat ikusten, gure garrantzia aitortu arren.

Danele: Aldaketa teknologikoak gertutik bizi izan dituzu, ezta?

Karlos: Idatzizkoan, garai guztiak ezagutu ditut. Dena den, ni heldu nintzenerako, ordenagailuarekin hasita zeuden Udalean. Hortik etorri zen jauzia: lehenik, sistema eragile arrunta erabiltzen genuen; gero, Windows, eta, hortik aurrera, beste zer guztia, itzulpen memoriekin hasi ginen arte. Lehenengoetakoak izan ginela esango nuke, administrazio txikien artean behintzat, itzulpen memoriak erabiltzen. Aldaketa handia ekarri zuen horrek. Eta, gero, itzulpen automatikoa edo neuronala ere heldu da. Berehala sartu ginen horretara; azken batean, Donostiako Udalak, beste erakunde batzuekin konparatuta, oso itzultzaile-interprete gutxi izan dituelako. Gure plantillan, 3 izan gara, eta, azken urteotan, 4 langile, besterik ez. Baina langile kopuru orokor oso antzekoa edukita, Aldundiak igual bazituen 10 edo 12, eta itzultzaile-laguntzaileak ere bai.

Danele: Itzultzaile neuronalaren garapenak zer-nolako aldaketak ekarriko ditu, zure ustez?

Karlos: Hainbat administraziotan, enpresa pribatuetan bezala, lan bolumena jaitsi egingo da, eta oso garai gogorrak izan daitezke. Erretiratu aurretik, txosten bat prestatu nuen, eta esan nuen itzultzaileek, beharbada, erredaktore-zuzentzaile bihurtu behar zutela, eta neurri batean gainerako funtzionarioentzako monitorizazio lana egin. Hor arazo bat sortu da: jendeak neuronala erabiltzen du, eta, inork zuzentzen ez badio, kontua ez da akatsak sartzen direla, kontua da jendeak ez dituela ezagutzen halako programek egiten dituzten tranpak. Egia da badirela langile batzuk, euskaldunak, itzultzaileak izan gabe ere sena badutenak, eta berehala asmatzen dute eta oso ondo moldatzen dira, baina nik uste dut Administrazioan –eta Eusko Jaurlaritzan ere ohartuta daude horrekin– neuronalaren kontuak behar duela bestelako jokabide bat, eta igual langileak murriztu beharrean egin behar dena da haien eginkizunak edo atazak aldatu.

Danele: Gaiz beste eginda, zeuk itzuli zenuen Malcolm Lowryren Sumendiaren azpian eleberria. Ez da nolanahiko nobela.

Karlos: Nobela bera infernu alkoholiko bat bazen, itzulpena ere oso gorabeheratsua izan zen, oso zaila estilo aldetik. Jendeak askotan aipatzen du Ulises, James Joycerena; ba hau horren parekoa da, beste maila batean.

Danele: Gustura irakurri nuen nik.

Karlos: Argitaletxean ez zitzaien hainbeste gustatu. Gorabehera batzuk izan genituen, eta azkenean ez zen atera nik nahi nuena, edo ez nik nahi nuen bezain sakon. Baina, ariketa moduan, ikaragarria izan zen.

Danele: Nolatan animatu zinen?

Karlos: Gaztelaniaz ezagutzen nuen lana, eta gogoratzen dut atera zen garaian gure inguruan leherketa moduko bat izan zela. Literaturan asko preziatutako lana da, eta, hemen, berriz… Igual nire errua da, ez nuelako ondo asmatu edo ez nuelako ondo transmititu. Egia da liburu zaila dela; ahalegina eskatzen du. Ez da gauza bat beste gabe irakurtzen duzuna, baina irakur dezakezu beste ikuspegi horretatik: asko dauka barruko eldarniotik; infernuaz hitz egiten du.

Denbora mordoa eman behar izan nuen dokumentatzen; beste hizkuntza batzuetako bertsioak ere aldean izan nituen. Halere, zenbaitetan, ezin kontu batzuk argitu. Hori dena zer den ondo ulertzeko, beste lan batean, gogoratzen dut hitz bat, ez dakit zenbat hiztegitan begiratu nuen, hainbat ordu emanda, han-hemenka galdetu, eta, azkenean, hapax moduko bat zen: irlanderatik hartutako hitz bat zen, arrain klase bati Irlandan nola esaten dioten, eta nik ez nekien. Hiztegian ematen zen testuingurua nik neukan berbera zen, liburu horretakoa.

Danele: Zer beste kezka edo helburu izan zenuen hura itzultzen ari zinenean?

Karlos: Itzultzeko orduan badut beti kezka bat, literaturan zein bestelako gauzetan: estilistikaren edo estiloaren kontua. Oso itzultzaile onak dauzkagu euskaraz, baina, askotan –gaztelaniaz ere gertatzen da, edo beste hizkuntza batzuetan–, askotan ez dakizu zenbateraino dagoen itzultzailearen eskua, itzultzailearen estiloa, eta ez egilearena. Modu bakarra baldin badago jatorrizko hizkuntzan esaldi jakin bat esateko, errazagoa da hori ematea hizkuntza hartzaileak antzeko erregistroa garatu badu; arazoa da askotan ez dakigula, ez daukagulako nahikoa tresna jakiteko edo sakontzeko, ea jatorrizkoan dagoen esaldi horrek estilistika aldetik zer maila daukan, hau da, arrunta den, ez hain arrunta, oso literarioa edo are idazleak hizkuntza behartu ote duen. Halako asko dago literaturan; oso kanonikoak diren lan batzuk urraketaz beteak daude, urraketa kontzienteak: zuk nola emango duzu hori zure hizkuntzan? Egin dezakezu urraketarik? Zenbateraino? Niri hori gertatzen zitzaidan batzuetan: zenbateraino behartu behar dut? Zer eskubide daukat? Bestalde, garai hartako euskal editoreek gauza errazak nahi zituzten, jendeak irakurri ahal izateko. Nik hor arazo bat izan nuen, neurea, morala. Ezin nuen larregi erraztu jatorrizkoan nire ustez erraza ez zen gauza bat. Hor daukagu estilistikaren arazoa, eta, askotan, hori gutxien landu dugun alorra da, baita administrazio hizkeran ere. Itzuli behar dugunean, idatzi behar dugunean, hor daukagu kontu hori. Euskarak horretan aukera handiak ematen dizkigu galdegaiarekin eta horrelako kontuekin, gauzak mugitzeko, lerratzeak egiteko… Baina, askotan, estilistika maila horiek ez dauzkagu hain garatuta. Jakin behar duzu oso ondo zure itzulgaiaren estilistikak nola funtzionatzen duen bere sisteman, gero zuk antzeko zeozer sortzeko. Horretarako, oso ona izan behar duzu, noski. Eta, horretaz aparte, literaturan gehiago sakondu.

Danele: Editoreek gauza errazak nahi zituztela esan duzu. Uste duzu hori aldatu zela?

Karlos: Nazioartean ospe handia lortu duten literatura unibertsaleko lan batzuk ez dut uste euskaraz argitaratuko zirenik jatorrizkoak izan balira. Ez dakit ondo azaltzen dudan. Horrelako estilo apurketarik egingo lukeen euskal autorerik esango nuke ez zutela argitaratuko, eta gaur egun euskal literatura historikoan izan ditugun aitzindari horietako batzuen lanak ere ez dakit gaur egun berdin aterako ziren. Baina jendeak, bizimodu duenean gauza bat, ogibideari begiratu behar dio. Ulertzen dut euskal argitaletxeen egoera, dirua behar dela eta irakurleria mugatua dela. Adierazpenetan, bestelako gauza batzuk esango dituzte argitaratzaileek, baina iruditzen zait gauza batzuekin ez dutela larregi arriskatu nahi.

Antzerkian, gauza bera gertatzen da: idazten diren gauza batzuk inoiz ez dira taularatzen, behintzat euskaraz, inor ez delako arriskatzen, ez dagoelako egiturarik. Badaukagu Euskadiko orkestra bat, baina ez daukagu euskal ballet profesional bat, ez dago antzerki konpainia nazional bat, eta ez daukagu editorial nazional bat. Diruz laguntzen diegu argitaletxeei, baina falta da politika bat, nire ustez, maila horietan guztietan. Eta are itzulpengintzan ere, hori da beti elkarteak aldarrikatu izan duen gauzetako bat, eta niri iruditzen zaidana gaur egun ere hala egin beharra dagoela.

Esaterako, Literatura Unibertsala bilduman bertan, merezi du gauza batzuk itzultzea ingelesetik gaur egun, kontuan hartuta euskal gazte askok maila nahiko ona daukala hizkuntza horretan? Merezi du, bai, altxorra behar dugulako, ondarea, baina igual ez da paperean atera behar; nahikoa litzateke euskarri digitalean ateratzea, eta bi laguntza motak egon litezke. Zenbait gauzatan, jokatzen dugu XX. mendearen azkenengo hamarkadetako planteamenduekin, baina XXI. mendean gaude, eta dagoeneko lehenengo laurdena joan zaigu. Eta politika batzuk ez dira asko aldatu, alde horretatik.

Danele: EIZIEn hainbat kargu izan dituzu. Gogoan duzu nola hasi zinen?

Karlos: Donostiako Udalean hasi nintzenean, etxeko interprete bakarra nintzen, eta kanpoko interpreteak etortzen ziren laguntzera: Xabier Mendiguren, Lurdes Auzmendi, Koldo Tapia… Lanpostua niretzat izango zela jakin eta gutxira, Lurdesek «harrapatu» ninduen kabinan, ea joango ginen Paco Buenora. Behin baino gehiagotan egiten genuen hori: pintxo bat jan, eta, gero, bakoitza bere zulora. Elkartea aipatu zidan Lurdesek, Administrazioko arloari eragiteko norbait behar zutela, eta nik baietz esan nuen; garai hartan, saltsa guztietan sartzen nintzen. Administrazio Taldearen ardura hartu nuen, gainera; hor nahi beste lan bazegoen, eta gauza horietako batzuk ez dira oraindik konpondu. Garai hartan zeuden kezkek –itzultzaileen estatusa administrazio barruan, adibidez– hor jarraitzen dute.

Lehenengo ardura hura izan nuen, eta, gero, idazkari nagusi izatea onartu nuen. Ondoren, Koldo Biguri lehendakari zela, lehendakariorde egin nuen, baina oso garai txarra izan zen, eta dimisioa eman nuen, ez zeudelako elkartean oso argi orde horren eginkizunak, edo nik neuk ikusten ez nituelako, beharbada.

Gero, berriro harrapatu ninduten lehendakaritzarako, eta horretan ere aritu nintzen. Elkartean, denetatik tokatu izan zait. Azkena, aldizkaria. Oso luze joan da, 15 bat urte.

Danele: Zergatik utzi duzu?

Karlos: Interpretazioarekin bezala, nik, neurez, jarraituko nuke, baina iruditzen zitzaidan bazela garaia aldatzeko; emakume batek aldizkariaren ardura hartzeko, esaterako. Elkartean emakumeek duten presentzia eta garrantzia kontuan hartuta, gizarte ikusgarritasuna areagotzeko, nahiz ni nor ez izan zuzendaria nork izan behar duen esateko. Gainera, ez dut inoiz lortu aldizkariaren planteamendua nik nahi nuen moduan aurrera ateratzerik.

Danele: Zein zen zure planteamendua?

Karlos: Lehenik, Elkarteak dituen lau alorrei dagokienez, beti artikuluren bat egotea horien gainean; beti ez nuen lortzen. Askotan jotzen nuen Elkarteko kideengana, eta prest egoten ziren, baina beti ezin bururatu, azkenean. Gero, beste ahalegin bat egin dut beti aldizkaria zabaltzeko, ahalegindu izan naiz euskal idazleekin eurek itzulpengintzarekin izan duten harremanaren berri ematen. Gehienekin ez dut lortu; denek oso hitz politak esan dituzten arren, gero, artikulurik ez. Andu Lertxundi izan da salbuespena. Baina berak berez idazten du aldizkarirako, eta egin ditu gauza batzuk elkarterako. Hainbat ate jo izan dut, baina halako batean utzi nion ateak jotzeari; nahiz eta ordaindu egiten dugun, aldizkari askok ez bezala. Nahi nuen, hain zuzen ere, lerro bat hori izatea: euskal idazleek zer harreman zuten itzulpengintzarekin, nola ikusten dituzten egiten zaizkien itzulpenak, edo baita euren autoitzulpenak ere. Baina zintzilik geratu da, kolokan.

Egia da horrelako lan bat egiten denean ia-ia borondatez eta Elkarteak daukan makineriarekin, ezin dela gauza handiagorik lortu; dena dela, emaitza beti oso duina izan da. Azken urteetan, lantalde sendoago eta zabalago bat eratu da, eta horrek asko laguntzen du.

Bestalde, hartzaileen feedbacka falta izan da zenbaitetan, ez jakitea irakurleek aldizkaria gustura hartzen zuten ala ez.

Danele: Ba al dago bereziki gogoratzen duzun alerik, artikulurik…?

Karlos: Asko, ez bat bakarrik. Esango nuke baneukala helburu bat, bete dudan ia-ia bakarra, oroimen historikoarena. Hasieran ez neukan oso argi, baina berehala ikusi nuen itzulpengintzan genbiltzanon belaunaldi zahar batzuk galtzen ari zirela, berriak zetozela, eta galtzen ari zela jendearen kontakizuna, eta hori behintzat gorde egin behar zela. Aldizkaria urtean behin baino ez da ateratzen; askoz ere gehiago egin beharko litzateke, eta ezin zara horretara bakarrik mugatu, baina elkarrizketa gehienak bide horretatik joan dira. Salbuespen bakarra, ziklo honetan, zuekin izandako elkarrizketa izan da: pertsona gazteagoak zarete, baina zuen esperientzia ere jaio eta hil egin zen bitarte horretan. Egia da zuek oso ondo emanda zeneukatela dena, eta oso ondo jasota zegoela blogean ere, baina lekukotasun historikoa ere eman nahi genuen. Batzuek uko egin diote elkarrizketari, eta orduan eskatu izan diet beren ibilbidea laburbiltzeko, eta oso artikulu politak egin dituzte.

Danele: Senezen gidaritza utzi arren, jarraituko duzu gauzak egiten Elkartearentzat?

Karlos: Hor badago beste kontu bat. Azken batean, nik Elkartearekiko lotura izan dut nire lanbidea zen aldetik. Orain, garai berri hau hasita, ba ez dakit oso ondo. Ez da guztiz etengo; izan ere, ale honetan, idatziko ditut bi libururen iruzkinak. Baina iruditzen zait hobe dela hutsuneak uztea eta berriak etortzea; bestela, egitekoak batzuek asetzen baditugu, inork ez du ikusiko erronkari eusteko beharra. Hemen, inor ez da ezinbestekoa, baina denon ekarpenak oso onak dira, oso aberatsak. Ez nuke lotura guztiz eten nahi, eta prest nago laguntzeko, proiekturen bat ateratzen bada, baina iruditzen zait jende asko dagoela lana ondo baino hobeto egin dezakeena.