OFF-eko mintegia
Itxaro Borda

Hemen duzu Itxaro Borda autoreak lantegiaz egindako gogoeta.

Gasteizeratzea ederra zen. Etxegarateko lainoak zeharkatuz. Bide iniziatiko baten segitzea bezala. Gutariko bakarrek ez zekiten zer zen eta nola funtzionatzen zuen itzultzaile mintegi batek. EIZIEko antolatzaileen deiari itsura baiezkoan erantzun ote genien? Dena dela, Florida parkeko Ignacio Aldecoa kultur zentroan biltzen ginenak lehen aldikoz gurutzatzen ginen. Hiru egun bagenituen elkarren ezagutzeko.

Orain ordenadore eramangarriekin lanean hasi aurretik beti sareko konekxioaren arazoa agertzen da. Buruhauste zenbait gora-behera konpontzen ere da nahikoa laster. Makinak piztu eta mahaiaren inguruko kideek beraien burua aurkeztu zuten: Haizea Parot Baionakoa, Manu Lopez Gaseni Barakaldoko idazlea, Isaac Xubin A Coruñako irakaslea, Pau Joan Hernàndez katalana, Itxaro Borda hiru egunez jorratuko ziren olerkien egilea eta Aran Royo egonaldiaren alde pratikoen arduraduna –eta benetan diotsuet, ederki lortu zuen.

Frantseserako autoitzulpena orraztu zuen Itxaro Bordak –ez erraz, bere erranen arabera. Baina gainerakoek ez zuten zubi hori baliatu, jatorrizko hizkuntzatik abiatu baitziren. Poesia bakoitza zirikatu zen, tolestu zen, kitzikatu zen, zitzikatu zen, misterioaz biluzi zen, azkenean bost hizkuntzetan uler eta irakurgarri gera zedin. Horretarako, sarean eskaintzen diren hiztegiak eskura behar ziren, agudo eta zehatz. Idazleak berak, naski, anitz ikasi du itzultzerako orduan. Haizea, Pau Joan, Manu eta Isaak-en baliabideak erabiliz ekingo dio jada Maria Merce Marçalen poemak euskaratzeari etxeratuko denean.

Ignacio Aldecoa kultur etxeko aretoan, hondar arratsean, ikusgarria eskaini genuen. Poesia irakurraldia zen funtsean, bakoitzak bere mintzairan. Galegoa, katalana, frantsesak eta gaztelelania nahasten ziren; ahotsak, taula gainean egoteko moduak, guztiok ez baigenuen ohiturarik horretarako. Jende multxo polita hurbildu zitzaigun: adiskideak, lagunak, poesia entzun nahi zuten ezezagunak. Bazen tokia. Floridako parkeko lunchean konturatzen ginen itzulpenaren garrantziaz: itzultzea, arrotz zaizkigun eleen argira ekartzea da. Itzultzailerik gabe ez da elkarrizketarik, entelegatzerik, bakerik, literaturarik, harreman sozialik.

Lan egin genuen asko. Plazer hartu ere Gasteiz ez baita jagoitik Potato taldeak duela hogeita bost urte abesten zuen capital artificial de un país singular hura. Bazkal eta afal orduetan Viña Ane Errioxako ardoz eta goxua deituriko postrez asetzen ginen, Kutxi karrikako Alacena eta La Riojana artean zegoen balizko tunelaz Rafa zerbitzariak gezurreztatu zizkigun leiendak moldatzen genituen –Pau Joanek aitortu berri zigun Millenium sailaren hirugarren alea katalanera pasatu zuela– eta Iñaki Friera idazle-itzultzailearen gonbitari erantzunez Legebiltzarra bisitatu genuen. Zinez interesgarria herritarrontzat.

Ostegun gauean Dublineko eguteran nagitu ginen. Partitzeko tenorea zen batzuentzat. Iban Zaldua, Gerardo Markuleta, Rikardo Arregi, Mikel Ayerbe, Manu López eta bertaratuek handizki frogatzen zuten orokorki Gasteiz jagoitik EH-ko hiriburu kulturala bilakatzen ari dela.

Itzultzaileei esker ala?

                                                                GEUK