Lantegikideak
EIZIE

Hona hemen lantegikideen biografia laburrak

Itxaro Borda : Biografia, Dona jakuetik

1959an sortu naiz Baionan (Lapurdi). Oragarreko laborari alaba bat naiz. Euskaldun zaharra, baina eskola frantsesean sartu eta hizkuntza ahantzarazi zidaten. Hamabi urteetan, jada idazten nituela olerki laburrak erdaraz, euskaraz behar nuela iritzi eta hizkuntza berreskuratzeari lotu nintzaion, bakarrik, garai hartan zeuden hiztegi eta gramatika apurrekin. Horregatik daukat mintzaira hain hezkaitza izkiriatzerakoan.

1974tik aitzina Herria astekarian agerrarazten nituen bertsoak eta artikuluak. Orduz geroztik ez naiz sekula gelditu. Gaur egunero publikatzen dut zutabe bat Berria egunkarian. Lehen liburua 1984an plazaratu nuen sortu berri genuen Maiatz elkarte literarioaren eskutik. Orain arte, poesia eta prosa artekatuz, hamabost bat lan eman ditut argitara Maiatz, Susa, Txertoa eta Alberdaniari esker. Ezer gabe hobe da 2009ko ene azken nobela.

Amaia Ezpeldoi detektibe ruralarekiko lau elaberri kometitu ditut halaber, laurak Susa argitaldarian. Pertsonaia horren bidez Euskal Herria nola bizitzen, maitatzen, erabiltzen eta pairatzen dugun/dudan erakutsi nahi dut, hizkuntz bilaketa baten bidez. Amaia Ezpeldoi, gainera, lesbiana da eta sexu-norabide aukera librearen aldeko aldarri bat da, mututasunetik plazara.

Testu labur hau Galizako Santiagoko Hotel Rua Villareko gela batean bihikatzen dudan arren ez naiz idazle kosmopolita. Nahiago dut ene burua poeta herrikoi eta herritar soil baten antzera irudikatu. Horrela idazten ditut abestien letrak, ezkontza, urteburu eta ehortzetarako zortzikoak, artikuluak eta zutabeak. Ahal baldin badut –lanarengatik– eskatzen didaten edozer izkiriatzen dut, eskatzailea edozein dela. Gustatzen zait euskal irakurleekiko hurbiltasuna, ulertzen eta onartzen ez nauten arren beti.

2002an literaturako Euskadi saria ukan nuen %100 Basque nobelarentzat. 2010ean Argia saria Berriako Bira deituriko ekinarentzat eta urte berdinean idazle gisa Rosalia de Castro izenekoa Konpostelan.

Katedraleko zeinuek hamarrak jotzen dituzte sakon.

                                                                          Itxaro Borda

Isaac Xubin (A Coruña, 1978)

Filologia Galega eta Euskal Filologiako ikaslea. Literatura lan lan gehienak poesiaren alorrean egin ditu, hala nola, Elementos de Matemática (1. saria Vigoko Unibertsitateko Literatura Lehiaketan, 2002), Apoloxía de Antígona (1. akzesita Vigoko Unibertsitateko Literatura Lehiaketan, 2006), “Danny Boy” poema Xuro que nunca volverei pasar fame (Redes Escarlata, 2003) liburu kolektiboan eta Marcha Orión camiñando cego contra o leste (Redes Escarlata, 2010). Ipuingintza ere landu du, eta oraindik orain Vocabulario galego-euskara eta Euskara. Guía de conversa (2010) argitaratu du Vigoko Unibertsitateko Hizkuntz Normalkuntzako Zerbitzuaren bitartez.

Pau Joan Hernàndez (Bartzelona, 1967)

Oso gaztetatik ekin zion literatura idazteari, batez ere gazteentzat. Argitaratu zuen lehen gazte eleberria Tot et serà pres izan zen. Handik aurrera tematika fantastikoko idazlanak argitaratu zituen, hala nola, El presoner del casal del diable (2002), El mussol i la forca (2004),La tripulació del pánic (2004) eta L’ombra del Stuka (2009). Katalanerako itzulpen ugariren egilea da, eta euskaratik, besteak beste, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eta Gizona bere bakardadean, Joan Mari Irigoienen Babilonia, Unai Elorriagaren SPrako tranbia, Kirme Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eta J.K. Igerabideren, Mariasun Landaren eta P. Zubizarretaren haur literaturako obra asko.

Haizea Parot (Baiona, 1984)

Ikastolan eskolatua Batxilergo arte, gero filosofia eta gaztelania ikasi zituen Toulousen. Baionara itzuli zen itzulpengintzan lanean hasteko, eta kurdiar kazetari batekin erreportai ekipoan aritu zen hiru urtez, Parisen, Bruselan eta Hego Ameriketan. Filologiako lizentzia eskuratu zuen Baionako unibertsitatean, eta itzulpengintza ikasketak ere egin zituen Gasteizko Letren Fakultatean. Euskaratik frantseserako itzulpen askotarikoak egiten ditu, eta sukaldaritzari buruzko bi liburu itzuli du frantsesera: Soirée tapas eta Cuisines du monde en Pays Basque. Euskal herria. Bestalde, Historia kondatzen duten 40 tokiak liburuaren itzultzailea ere bada. Poesia zale, literatur itzulpengintzan lantegi hau izan du lehen esperientzia.

Manu López Gaseni (Bilbo, 1961)

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Haur eta gazte literaturaren eta itzulpengintzaren arteko harremanak aztertu ditu: Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura (2000), 90eko hamarkadako euskal haur eta gazte literatura (2005), Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan (2005), Literaturak umeei begiratu zienean (2006), Mozorroa ispiluan (2008). Horretaz gain, haur eta gazte literaturako idazle eta itzultzailea da.