Itzuliz idatzi (Atal berezia: Besterena nuen neuregana)
Nirea itzuliz idaztea izan da. Ez dakit besteak nola moldatuko ziren; antzera edo, nik uste. Kultura beste hizkuntza batean jaso duzunean, ez dago besterik. Azken batean, idaztera esertzen zarelarik, jasotakoaren, bizitakoaren eta horretatik guztitik ulertutakoaren itzulpen bat egiten duzu. Babelen hizkuntzak nahastu zirenetik, elkar itzultzen eta elkar nahasten jardun gara, alde batetik mezua argitu nahian, eta bestetik bakoitza bere buruaren ilunpean murgildu nahian.
Nirea itzuliz idaztea izan da. Ez dakit besteak nola moldatuko ziren; antzera edo, nik uste. Kultura beste hizkuntza batean jaso duzunean, ez dago besterik. Gaur egun, globalizazioarekin, kontu hori areagotu egin da; hizkuntza askotatik datozkigu eraginak. Dena dela, historian zehar, beste hizkuntzetatik itzulitako kulturak elikatu gaitu. Beraz, idazterakoan, itzulpena hortxe dago, aldez edo moldez. Azken batean, idaztera esertzen zarelarik, jasotakoaren, bizitakoaren eta horretatik guztitik ulertutakoaren itzulpen bat egiten dugu. Ondorioz, halako sentipen bat geratzen zaigu: hau ez da, bada, bete-betean, adierazi nahi nuena; itzulita ageri da, hots, ñabardura zenbait galduta, eraldatuta.
Berebiziko zortea gertatzen da eraldaketa horren bidez zerbait edertzea edo argiagotzea lortzen denean; alegia, zure barruan jaso eta egositakoa itzuli eta arras ondurik irteten denean. Magia hori izaten da idazlearen zoririk behinena, itzulpenik bikainena; eta, hala ere, gezurra: nork bere buruari eginiko traizioa. Traduttore traditoreak besteri baino gehiago bere buruari egiten dio iruzur.
Hizkuntzak berezkoa du erreferentea argi eta garbi ezin adieraziaren gaitza. Babelen hizkuntzak nahastu zirenetik, elkar itzultzen eta elkar nahasten jardun dira, alde batetik mezua argitu nahian, eta bestetik bakoitza bere buruaren ilunpean murgildu nahian.
Lotsatiak berehala nabaritzen du hitzaren ezina; idatziz erritmoa apaldu, paperaren aurrean jarri eta ezintasun hori argitu eta gaindituko duelakoan, hor abiatzen da esanahien errepidean barrena inoiz erabat saretzea lortzen ez duen lainopean gidari.
Sentipen hori geratzen zait egin dudan ibilbideaz. Nire lehen itzulpenak latinetik hasi ziren, hala moduz, laguntzarik gabe, harrapazka. Mezamutil ibili nintzeneko garaitik, burmuinean iltzaturik geratu zaizkit zenbait esaldi: Introibo ad altare dei / Ad deum qui laetificat juventutem meam mezaren hasierako hura; edo Stabat mater dolorosa, juxta crucem lacrimosa, dum pendebat filius. Harrizko esaldiak, batzuk euskarara maisuki itzuliak: Zutik gurutze ondoan ama samina zegoan, ta semea zintzilik (musikaz ere maisuki hornitua zegoen pieza hori).
Nire baitan, hasierako gaztelaniaren eragina baino sakonago iltzatu ziren latin-euskara itzulpen haiek; nolabaiteko heziketa mitologiko izan ziren, barne-muinetan iltzatzen diren horietakoak, halakoen bidez gauzatu baitzen mundu-ikuskera nire belaunaldiko haur askorengan.
Hortik aurrerakoak gaztelaniaren eta euskararen arteko harreman (batzuetan gatazkatsuan) etengabe gauzatu ziren nire ibilbidean. Zorte eta pribilegio handia izan nuen euskarako klaseak jasotzearekin, Elizako testuez aparte Txomin Agirre eta halako idazleen testuak irakur-entzun izanarekin. Euskarako klaseak itzulpen-klaseak ziren, hein handi batean: Bibliako pasarteak itzuli, euskal tradizioko testu batzuk irakurri (Antonio Zavalaren bildumakoak, esate baterako)... Nerabezarora arte ez nuen euskal testu garaikiderik izan esku artean; frantsesa ikasten hastearekin batera gertatu zen hura. Garai hartan oraindik frantsesa zen nagusi kultura-hizkuntza gisa gure gizartean; euskal testuetan, nabaria zen frantses kulturaren eta hizkuntzaren eragina. Hamabost urterekin, frantseseko irakasle literaturazale baten eraginez, Ronsard eta Villon buruz errezitatzen nituen, Hugoren Les misérables-eko edo Molière-ren L'avare-ko zatiekin batera. Gero, neure gisara euskaratzen jarduten nintzen halakoak, gaur lotsa emateko moduko ondorioekin, hori ere esan beharra dago, baina ez gogo faltagatik, gidari egoki baten faltagatik seguruenik.
Egoera politikoaz eta historikoaz ohartzeak (kontzientziatzea esaten zitzaion orduan), klase-kontzientzia zeritzonaz jabetzeak eta ekinean hasteak itzulpenaren beste alde bat jarri zidan eskura, askoz ere urgenteagoa, gaztelaniari lotuagoa, gaztelania baitzen nagusi hala eduki marxistak nola eduki abertzaleak jasotzeko elebide gisa. Zenbat eta zenbat ahalegin kontzeptu marxistak euskaratzen, Euskal Herriaren historia euskaraz laburbiltzen, panfletoak itzultzen, pedagogia berri bat euskaraz eraikitzen! Horretantxe joaten zitzaizkigun orduak, testu kaskarrez inguratuta. Eskerrak Aresti edo Ez dok amairukoen edo Pako Ibañezen poema musikatuak edo musikatu gabeak irensten genituen tarteka, eskerrak Hego Amerikatik zetorren poesia euskaraz jarri nahiak itzulpena eta idazmena fintzera behartzen gintuen.
Dena dela, nire kasuan, aro iraultzaile hori igaro eta eskolan lanean hasteak ekarri zidan etengabe itzultzeko grina. Haurrentzako testuak, niri gustatzen zitzaizkidan gehienak behintzat, gaztelaniatik edo frantsesetik jasotzen nituen, eta han ibiltzen nintzen halakoak itzultzen. Egia esan, itzultzaile-kontzientzia handirik gabe, gehiago baitziren literaturaz gozatzeko ahalegin premiazkoak, idazle-sen jaioberria elikatzeko baliabideak (idazle-kontzientzia handirik gabe, halaber, hasiera haietan).
Nire lehen poema-liburuak (Notre Dame-ko oihartzunak), orain asetzen ez banau ere, itzulpen-ahalegin handi bat zeukan oinarrian; gerora, etengabe jorratu dudan bidea izan da. Garai hartan, Baudelaireren eta Rimbauden esaldiak euskaratzen, egosten, eta haien eraginez idazteko eginahalean nenbilen; gogoan dut Curros Enríquez-en testuekin ere borrokan jardun nintzela liburua argitaratu aurretik (gero jakin nuen Arestik oso gogoko zuela idazle galego hura).
Aurrerago, nire lehen ikerkuntza-lanean, tesia egitean, etengabe itzuli behar izan nituen kontzeptuak eta edukiak, hala gaztelaniatik nola frantsesetik; ingelesez oso trakets moldatzen nintzen, eta gaztelania erabiltzen nuen zubitzat. Eta aurrerantzeko lanetan ere halatsu jarraitu nuen; Bularretik mintzora saiakeran, esate baterako.
Argi dago nirea ez zela izan itzultzaile peto baten ibilbidea. Itzulpena baliabidetzat erabili nuen, hala idazle gisa nola irakasle gisa. Gero, izango nuen aukerarik obra literario zenbait itzultzeko, itzulpena helburu nagusitzat hartuta. Oso eskerturik nago aukera eta bultzada eman zidatenei, hizkuntzaren odolbideetan are sakonago bidaiatzeko parada eskaini baitzidan horrek, lankide paregabeen laguntzaz.
Oker ez banago, nire lehen itzulpen literarioa Baudelaireren Le Spleen de Paris izan zen. Idazle baten lana goitik behera itzultzean, kontu askotaz jabetzen zara; ez bakarrik haren estiloaz, haren edukiez, haren maniez eta gabeziez; lana ibilbide baten barruan kokatu ere egin behar duzu, zertan ari zaren ohartzeko, eta obraren eraikuntzaren ardatz eta korapiloak ere ikusi behar dituzu. Berebiziko ikasbidea da hori idazle batentzat.
Musset-en Zozo zuriarena gozamen berezia izan zen, haur eta gazteekin nuen esperientzia baliatu bainuen testu hori gaztetxoentzat egokia gerta zedin ahaleginduz. Geroztik, ugari jorratu izan dut literatura-lanen itzulpena, hala gustu hutsez nola enkarguz. Txingiz Aitmatov-en Jamilia nobelak arrasto berezia utzi zidan, gero Helena eta arrastirian agertuko zena. Homeroren Odisea edo Artur erregearen heriotza anonimoa edo Ozeko azti harrigarria edo mitoen bertsioak apustu aberasgarriak gertatu zaizkit, eta eragin handia utzi dute idatzi ditudan testuetan. Esate baterako, Bosniara nahi gazte-nobelan, Ulisesen eta Telemakoren bidaien arrasto garbiak ikusten dira, eta pasarteen erritmoa Odiseakoetan oinarritua dago.
Esperientzia berezia izan zen Luzio Apuleioren Urrezko astoa latinetik itzultzea Anjel Lertxundirekin batera. Frantseseko eta gaztelaniazko zenbait bertsio alderatu genituen; gehienak oso libreak ziren, eta kosta egiten zitzaigun latineko esaldiak identifikatzea. Salvador Seguraren itzulpen literalak, aldiz, hark bai, zehatz-mehatz itzultzen zituen esaldiak, baina latineko prosak zeukan arnasa eta erritmoa galtzen zuen. Hasieratik saiatu ginen, elkarri itzul-lanak bidaliz, latinekoarekin alderatu aurrena, eta, gero, jatorrizkoa ahazturik, euskaraz erritmoa eta arnasa ematen. Asto protagonistak baino asto-lan gehiago egin genuen, eta amaierako berniza ahalik eta finena izan zedin saiatu ginen. Gozamen galanta hartu genuen.
Hala eta guztiz ere, edozein testu idazten duzularik, beti geratzen zaizu iritsi ezinik geratu izanaren sentipena. Itzulpenarekin, areagotu egiten da hori: zeure buruari ez ezik, jatorrizko egileari izan behar zatzaizkio leial. Eta traidore-sentipen larriak hartzen zaitu.
Baina zer besterik egin Babelen lurraldean?