Soinuaren kalitatea aldibereko interpretazioan: oinarrizko gaitasun tekniko-akustikoak eta autonomia profesionala
Artikulu honek soinuaren kalitateak aldibereko interpretazioan duen eragina aztertzen du, literaturaren berrikuspen labur bat eta euskarazko interpretazioaren testuingurutik eratorritako hausnarketa uztartuz. Interpretazioari buruzko eredu kognitiboek erakusten dute entzumen-baldintzek eragin zuzena izan dezaketela interpretearen karga kognitiboan eta, ondorioz, errendimenduan eta kalitate interpretatiboan. Euskarazko interpretazioaren testuinguruan, baliabide eta baldintza teknikoen heterogeneotasunak fenomeno hori are nabarmenago bihur dezake. Horren aurrean, artikuluak defendatzen du oinarrizko gaitasun tekniko-akustikoak interpretearen autonomia profesionalaren eta praktika egokiaren funtsezko osagai direla.
Sarrera
Interpretazioari buruzko literaturan eta prestakuntza-ibilbideetan, arreta nagusia hizkuntza-gaitasunetan, ulermen-prozesuetan eta karga kognitiboan jarri izan da. Lan horiek funtsezko ekarpena egin badute ere interpretazio-jardueraren konplexutasuna azaltzeko, ofizioaren baldintza material eta teknikoak bigarren mailan gelditu dira sarritan. Izan ere, interpretazioa ez da hizkuntzen arteko bitartekaritza kognitibo hutsa, ingurune fisiko eta sozial jakin batean gauzatzen den jarduera baizik.
Aldibereko interpretazioan, interpreteak sarrerako diskurtsoa entzun1 eta ulertu behar du, eta ia aldi berean beste hizkuntza batean ekoitzi. Audio-seinaleak ez du interpretazio-jardunaren abiapuntua soilik osatzen; haren oinarrizko baldintza materiala ere bada, seinalearen argitasunak, egonkortasunak eta fidagarritasunak zuzenean eragiten baitute ulermenean. Audio-seinale eskasak ulermena zaildu, entzumen-ahalegina handitu eta, ondorioz, interpretearen karga kognitiboa areagotu dezake.
Artikulu honen helburua honako hau da: soinuaren kalitateak interpretazio-jardunean duen garrantzia azpimarratzea. Horretarako, lehenik, interpretazioaren eredu kognitiboetan entzumenak duen rola aztertuko dugu; bigarrenik, soinuaren kalitatea ikergai duen literaturara hurbilduko gara; hirugarrenik, fenomenoa euskarazko interpretazioaren testuinguruan kokatuko dugu; eta, azkenik, gaitasun tekniko-akustikoek interpretearen autonomia profesionalean duten garrantzia azpimarratuko dugu.
Entzumenaren rola eta interpretazioaren eredu kognitiboak
Aldibereko interpretazioa maiz aztertu izan da prozesu kognitibo konplexu gisa. Azken hamarkadetan, hainbat ikuspegi teoriko garatu dira; besteak beste, zentzuaren teoria edo itzulpenaren teoria interpretatiboa (Seleskovitch, 1978; Lederer, 1981), prozesamendu kognitiboaren ereduak (Gerver, 1974; Gile, 1995, 2009) eta lan-memoriaren eta karga kognitiboaren inguruko ekarpenak (Baddeley, 2000; Seeber, 2011). Ikuspegi horien ekarpenei esker, interpretazioa ulermenaren, memoria-prozesamenduaren eta hizkuntza-ekoizpenaren arteko jarduera koordinatu gisa ulertzeko esparru teorikoa sendotu da (Pöchhacker, 2004, 2016).
Eredu horien arabera, interpretazioa zenbait azpiprozesuren koordinazioan oinarritzen da: sarrerako mezua entzun eta ulertzea, informazioa aldi baterako memorian atxikitzea eta xede-hizkuntzan ekoiztea. Prozesu hori, beraz, interpreteak jasotzen duen audio-seinalearen pertzepzioarekin hasten da, eta, horrenbestez, esan daiteke interpretazio-prozesua, hein handi batean, audio-seinale baten gainean eraikitzen dela.
Gainera, audio-seinale horren kalitateak prozesu osoan zehar eragina izan dezake interpretearen karga kognitiboaren banaketan. Dimentsio hori ulertzeko, bereziki baliagarria da Gile-ren ahaleginen eredua (Effort Model) (1995, 2009), zeinak azaltzen baitu aldibereko interpretazioa baliabide kognitibo mugatuen eta elkarren artean lehian diharduten prozesuen arteko koordinazio gisa: entzumen- eta analisi-ahalegina (L), memoria-ahalegina (M), ekoizpen-ahalegina (P) eta koordinazio-ahalegina (C). Gilek honela laburbiltzen du eredua: IS = L + M + P + C.
Ahalegin horien guztien baturak ezin du gainditu interpreteak erabilgarri duen gaitasun kognitiboa; ondorioz, sarrerako seinalea ulertzeko zailtasunak sortzen direnean —adibidez, audio-seinale eskasaren ondorioz—, entzumen- eta analisi-ahalegina handitu egiten da, eta horrek eragina izan dezake gainerako prozesuetan, batez ere memorian edo ekoizpenean. Horrenbestez, soinuaren kalitateak interpretazio-prozesuaren arrakasta baldintzatu dezake.
Soinuaren kalitatea interpretazioan
Interpretazio-jardueraren oinarri materialetako bat sarrerako audio-seinalea denez, hainbat ikerketak aztertu dute soinuaren kalitateak lan-baldintzetan eta interpretazioaren emaitza orokorrean izan dezakeen eragina. Literaturak, hain zuzen ere, baldintza akustikoekin lotutako zenbait arazo mota identifikatu ditu. Haien artean daude, esate baterako, ingurumen-zarata edo seinale-kalitate eskasa (Gerver, 1974), eta, azken urteotan, komunikazio digitaleko plataformekin eta urrutiko interpretazioarekin lotutako faktore teknikoak, hala nola konpresio digitala, sare-konexioaren ezegonkortasuna edo audio-latentzia (Mouzourakis, 2006; Zhu & Aryadoust, 2022). Interpretazioaren eremuan gertatzen ari den eraldaketa teknologikoak, gainera, baldintza tekniko horien garrantzia areagotu du (Fantinuoli, 2018).
Ikerketa klasikoek jada erakutsi zuten entzumen-baldintzek interpretazioaren errendimenduan eragin zuzena izan dezaketela. Gerverrek (1974), zehazki, zaratak aldibereko interpretazioan nolako eragina duen aztertu zuen esperimentalki, eta ondorioztatu zuen entzumen-baldintzak okertzen direnean interpretazio-akatsak ugaritu egiten direla eta interpretearen ekoizpena monitorizatzea ere zaildu egiten dela. Haren ikerketak, gainera, entzutearen eta interpretatzearen arteko aldea nabarmendu zuen: entzutea soinuen pertzepzio hutsa den bitartean, interpretatzeak prozesu kognitibo konplexuak eskatzen ditu, hala nola informazioa eraldatzea, epe laburreko memoria aktibatzea eta norbere produkzioa etengabe monitorizatzea. Ikerketan parte hartu zuten interpreteen testigantzek ere joera bera utzi zuten agerian: zarata-maila ertainetan lan egiteko gai zirela adierazi arren, baldintza horiek desegokitzat jo zituzten; baldintza akustikoak nabarmen okertzen zirenean, berriz, adierazi zuten oso zaila edo ezinezkoa zela lan egitea, eta halako baldintzetan lan egiteari uko egingo lioketela.
Azken urteotan, plataforma digitalen eta urrutiko interpretazioaren hedapenaren eraginez, arreta berezia jarri da interpretazioaren baldintza teknikoetan, bereziki audio-seinalearen kalitatean. Aurrez aurreko interpretazioetan sarritan bermatutzat jotzen ziren entzumen-baldintzak —seinale argia, transmisio egonkorra edo zarata-maila egokia— aztergai nagusi bihurtu dira urrutiko interpretazioaren testuinguruan, neurri handi batean modalitate horren berezko ezaugarri teknikoen ondorioz (Braun, 2015). Hala, soinuaren kalitatearen eta interpreteen lan-baldintzen arteko harremanari buruzko literatura nabarmen ugaritu da azken urteotan (Moser-Mercer, 2003; Mouzourakis, 2006; Fantinuoli, 2018; Zhu & Aryadoust, 2022). Zhu eta Aryadoust-en (2022) berrikuspen sistematikoak ondorioztatzen du audio-seinalearen kalitatea, latentzia eta sare-konexioaren egonkortasuna direla karga kognitiboan eta nekean nagusiki eragiten duten faktoreak.
Nazioarteko estandar teknikoek ere berresten dute audio-seinalearen kalitatea interpretazio-baldintza egoki eta duinen oinarrizko elementua dela. Interpretazio-kabinen, ekipamendu teknikoen eta audio-transmisioaren baldintzak arautzen dituzten nazioarteko estandarrek —besteak beste, ISO 4043, ISO 20108 eta ISO 20109 arauek— soinu-transmisio argia eta egonkorra bermatzeko betekizun teknikoak ezartzen dituzte, interpretazioaren kalitatea eta interpreteen lan-baldintzak babesteko.
Ildo berean, ekimen profesionalek eta ikerketa-proiektu berriek arreta berezia jarri dute ingurune digitaletako soinu-baldintzek interpreteen osasunean izan ditzaketen ondorioetan. COMPRESSED ikerketa-proiektuak (Institut Pasteur, d.g.), esaterako, audio konprimatuak interpreteengan zer-nolako eraginak dituen aztertzen du; interpreteen elkarte profesionalek zein lan-erakundeek nabarmendu dute gai horrek gero eta kezka handiagoa sortzen duela profesioan (Union Syndicale Bruxelles, 2025). Urrutiko interpretazioaren testuinguruan, gainera, gomendio eta gidalerro espezifikoak ere argitaratu dira (AIIC, 2018, 2025).
Bestalde, interpretazioaren kalitatea aztertzean, erabiltzaileen ikuspegia ere kontuan hartu izan da. Ikerketa batzuek erakutsi dute interpretazioaren kalitatearen pertzepzioa ez dela soilik edukien fideltasunaren araberakoa, baizik eta baita ahozko ekoizpenaren beste ezaugarri batzuen araberakoa ere. Amini eta beste batzuen (2017) arabera, entzuleek bereziki baloratzen dituzte interpretatutako mezuaren zentzu-koherentzia, jariakortasuna eta kohesio logikoa. Audio-seinale eskasak, ordea, ezaugarri horiek zuzenean baldintzatu ditzake: ulermen-zailtasunek ekoizpenaren jariakortasuna eta koherentzia murrizten dituzte, eta horrek eragina izan dezake hartzaileen kalitate-pertzepzioan ere.
Euskarazko interpretazioa: testuingurua eta lan-baldintza teknikoak
Euskarazko interpretazioaren kasua bereziki esanguratsua da aurreko ataletan azaldutakoa testuinguru jakin batean kokatzeko. Euskara hizkuntza gutxitu bat da normalizazio-prozesuan, eta, haren erabilera gizarte-esparru askotan hedatu bada ere, testuinguru soziolinguistikoa heterogeneoa da oraindik. Euskararen erabilera ez da uniformea lurralde guztietan, ez eta jarduera-esparru guztietan ere; horregatik, interpretazio-beharrak eta interpretazio-zerbitzuen baldintzak ere askotarikoak izan ohi dira. Egoera horretan, baldintza tekniko eta logistiko oso desberdinetan eskaintzen da interpretazioa —baita audio-seinalearen kalitateari dagokionez ere—, eta horrek eragin zuzena du interpretazio-jardunaren garapenean.
Euskarazko interpretazioaren inguruko lehen sistematizazioetako bat Urkiak eta Pagolak egindakoa da. Interpretearen eskuliburua lanean (Pagola & Urkia, 2008), euskarazko interpretazioaren oinarrizko alderdiak bildu eta antolatzen dira, praktikatik bertatik eratorritako esperientzia profesionaletik abiatuta. Lanak, interpretazioaren teknikak eta prozesu mentala aztertzeaz gain, lan-baldintzei eta azpiegitura teknikoari ere erreparatzen die, eta azpimarratzen du interpretazioaren kalitatea ez dela soilik interpretearen gaitasun linguistikoen araberakoa: lanaren antolakuntzak, informazioa aurrez eskuratzeko aukerak eta, bereziki, audio-seinalearen kalitateak ere eragin zuzena dute interpretazioaren jardunean. Ideia hori berretsi zuen Urkiak berak geroago «Interpretazioa: nora goaz, norantz joan nahi dugu» artikuluan ere (Urkia, 2009).
Azken urteotan, gainera, euskarazko interpretazioaren errealitatea ikuspegi akademikotik ere hasi da aztertzen. Norabide horretan kokatzen dira Claudia María Torralba Rubinosen lanak. Haren doktorego-tesian —euskaraz eta euskarazko interpretazioaren testuinguruan idatzitako lehen tesian—, Eusko Legebiltzarreko interpretazio-praktika aztertzen du, corpus-analisi baten bidez, eta erakusten du interpretazio-jardunaren baldintza errealen azterketak garrantzi metodologikoa duela (Torralba Rubinos, 2024a). Ikerketa-ildo beretik, «Aurretiazko ezagutza eta dokumentazioa aldibereko interpretazioan. Eusko Legebiltzarreko kasua» artikuluan (Torralba Rubinos, 2027an argitaratzekoa) defendatzen du aurretiazko ezagutza eta dokumentazioa funtsezko baliabideak direla interpretazioaren kalitatea bermatzeko.
Testuinguru profesional zabalagoan, Torralba Rubinosen koordinaziopean egindako Euskal interpreteen diagnostikoa txostenak (Torralba Rubinos, 2024b) agerian uzten du interpretazioaren lan-ingurunearen heterogeneotasuna. Diagnostikoan jasotako testigantzen arabera, interpreteen lan-egoerak askotarikoak dira, eta horrek baldintza tekniko oso desberdinetan lan egitea dakar. Adibidez, interprete batzuek azaldu dute aldibereko interpretaziorako azpiegiturarik ez dagoenean esan osteko interpretaziora jo behar izan dutela sarritan; beste batzuek, berriz, kabina edo ekipamendu egokirik ez dagoenean interpreteek berek erosi behar izan dituztela interpretazio-ekipoak edo soinu-sarrera egokia bermatzeko baliabideak. Egoera horren atzean, interpreteen profilen eta lan-testuinguruen aniztasuna ere badago. Testuinguru horretan ulertu behar dira, halaber, EIZIEk interpretazio-zerbitzuen antolaketa egokiari buruz argitaratutako gomendioak eta gidak, bereziki Interpretazioa: ondo erabaki gida (EIZIE, 2013); dokumentu horiek bereziki azpimarratzen dute interpretazioaren kalitatea bermatzeko eskakizun teknikoek —besteak beste, soinuaren kalitateak, ekipamendu egokiek edo lan-ingurune egokiak— funtsezko garrantzia dutela.
Praktika profesionalari buruzko testigantzek ere argi erakusten dute lan-egoeren aldakortasuna. Uriarte Atxikallendek (2026a, 2026b) 31 eskutik blogean jasotako pasarteek adierazten dute interpreteek espazio inprobisatuetan lan egin behar izaten dutela batzuetan —trastelekuetan, korridoreetan edo bulegoetan—, kableak bertaraino eramanez. Halaber, konfigurazio tekniko desegokiek egoera bitxi bezain esanguratsuak sor ditzakete: online-bilera batean parte-hartzaile bat autoan konektatzea gidatzen ari dela, edo interpreteekin kabina partekatu eta lo geratu den soinu-teknikari baten zurrungak entzuleengana iristea interpreteen mikrofonoetatik.
Halako pasarteek irribarrea eragin dezakete, baina ez dira salbuespen bakartuak: diagnostikoak erakusten duen bezala, lan-baldintza teknikoen heterogeneotasuna sistematikoa da, ez kasualitate hutsa. Horregatik, euskarazko interpretazioaren testuinguruan, soinu-baldintzen eta lan-baldintza teknikoen arazoek ez dute dimentsio instrumental hutsa. Alde batetik, profesionaltasun-gabezia isla dezakete: aurreprestaketarik ezak bezala, audio-seinale eskasak zein ekipamendu desegokiak zuzenean baldintzatzen dute interpretearen errendimendua eta interpretazioaren kalitatea. Bestetik, lan-baldintza okerren sistematizazioa justizia komunikatibo faltaren adierazle ere izan daiteke, hizkuntza gutxitu baten erabiltzaileek eskubidea baitute komunikazio-baldintza egokiak izateko. Gainera, kontuan hartu behar da interpretazio-lanak ez dituztela beti interprete profesionalek bakarrik egiten, baizik eta zenbait testuingurutan bestelako profilek ere hartzen dutela parte (Azkargorta Mintegi, 2026). Ikuspegi horretatik, interpretazioaren baldintza teknikoak bermatzea ez da soilik lan ona erraztea; euskaraz komunikatzeko aukera bera benetakoa eta eraginkorra izatea bermatzea ere bada.
Gaitasun tekniko-akustikoak interpretearen autonomia profesionala sendotzeko
Aurreko ataletan azaldutakoaren argitan, garbi dago soinu-baldintza teknikoek eragin zuzena dutela interpretazio-jardunean. Horrek, ordea, ez du esan nahi interpreteak soinu-teknikari bihurtu behar duenik; aitzitik, artikulu honek proposatzen du oinarrizko gaitasun tekniko-akustikoak hiru dimentsio osagarriren bidez ulertzea: dimentsio kognitiboa, komunikatibo-profesionala eta ebaluatibo-kritikoa.
Lehenik, dimentsio kognitiboa dago: interpreteak ulertu behar du zein diren kabinako baldintza akustikoetan eragiten duten faktore nagusiak —mikrofonoak, entzungailuak, seinale-zarata erlazioa, espazioaren akustika edo seinale digitalaren ezaugarriak—, eta faktore horiek nola eragiten duten karga kognitiboan. Literaturak hainbat elementu identifikatu baditu ere, oraindik sakondu beharra dago ezagutza horiek praktika profesionalera eta interpreteen prestakuntzara nola egokitu aztertzeko.
Bigarrenik, dimentsio komunikatibo-profesionala dago: interpreteak gai izan behar du lan-baldintza teknikoetarako behar diren funtsezko baldintzak azaltzeko, bai bezeroei, bai ekitaldien antolatzaileei, bai soinu-teknikariei. Horrek interpretazio-zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoa den elkarrizketa profesionala ahalbidetzen du, eta interpreteei aukera ematen die beren lan-baldintzak modu arrazoituan defendatzeko.
Hirugarrenik, dimentsio ebaluatibo-kritikoa dago: interpreteak gai izan behar du praktika profesionalean entzumen-baldintza desegokiak identifikatzeko eta, ahal den neurrian, egoera hori jakinarazteko edo konponbideak proposatzeko.
Hiru dimentsio horien konbinazioak interpretearen autonomia profesionala indartzen du; izan ere, interpreteak lan-baldintza teknikoak ulertu eta baloratzeko gai denean bakarrik har ditzake erabaki egokiak egoera bakoitzean: ekipo egokiak proposatzea, gutxieneko baldintza teknikoak eskatzea edo eskuragarri dauden baliabideekin irtenbide praktikoak bilatzea. Hala ere, autonomia horrek malgutasuna eskatzen du praktikan, batez ere hizkuntza gutxituen testuinguruetan, non baliabide teknikoak mugatuak izan daitezkeen sarritan.
Euskarazko interpretazioaren kasuan, gaitasun horrek dimentsio praktiko berezia hartzen du. Diagnostikoek erakusten duten bezala, interprete askok baliabide tekniko mugatuekin lan egin behar izaten dute. Horregatik, gutxieneko ezagutza teknikoak izateak interpreteei aukera emango lieke beren lan-baldintza akustikoak hobeto ulertzeko, beharrezkoa denean baldintza egokiak eskatzeko eta interpretazio-zerbitzuaren kalitatea babesteko.
Gainera, ezagutza tekniko-akustiko horiek ez dira interpretearen jardun indibidualera mugatzen. Praktika profesionalean, sarritan partekatzen dira bezeroekin, ekitaldien antolatzaileekin, soinu-teknikariekin edo beste interprete batzuekin, interpretazio-zerbitzuaren baldintza teknikoak hobeto ulertu eta antolatzeko. Ezagutza horren zabalkundeak interpretazioaren baldintza materialei buruzko kontzientzia handiagoa sortzen lagun dezake, eta baliagarria izan daiteke interpretazioa erabiltzen duten erakunde eta komunitateetan praktika egokiak sendotzeko. Baldintza tekniko egokiek, interpreteentzat eta antolatzaileentzat onuragarriak izateaz gain, eragin zuzena dute hartzaileen komunikazio-irisgarritasunean.
Ekitaldi eleaniztunetan, entzumen-zailtasunak dituzten pertsonak edo gor komunitateko kideak ere egon daitezke entzuleen artean, eta horrek kontuan hartzea eskatzen du audio-transmisioaren kalitatea ez ezik erabil daitezkeen harrera-sistemak ere, hala nola indukzio magnetikoko sistemak, entzule-errezeptore pertsonalak edo bestelako laguntza-teknologiak. Interpreteek ez lituzkete sistema horiek zuzenean kudeatu behar, baina oinarrizko ezagutza izatea lagungarria izan daiteke komunikazio-behar horiek identifikatzeko eta antolatzaileekin edo soinu-teknikariekin koordinazio egokia sustatzeko, interpretazio-zerbitzua ahalik eta erabiltzaile gehienentzat eskuragarri izan dadin.
Ikuspegi hau bat dator interpreteen prestakuntzan azken urteotan garatu diren joerekin, non hizkuntza- eta kognizio-gaitasunez gain beste gaitasun batzuk ere txertatzen hasi diren: estresaren kudeaketa, teknologia digitalen erabilera edo bezeroekin komunikatzeko trebetasuna. Ikuspegi horretatik, zentzuzkoa da oinarrizko ezagutza tekniko-akustikoak prestakuntza-programetan ere kontuan hartzea, etorkizuneko profesionalak hobeto prestatuko baitira beren jardueraren benetako lan-egoeretarako.
Ondorioak
Artikulu honetan azaldutakoek erakusten dute soinuaren kalitatea ezin dela interpretazioaren azterketatik kanpo utzi. Interpretazioaren eredu kognitiboek argi uzten dute aldibereko interpretazioa baliabide kognitibo mugatuen gaineko jarduera dela; beraz, entzumen-baldintzen edozein narriadurak zuzenean eragin dezake ulermenean, memorian, ekoizpenean eta auto-monitorizazioan. Ikerketa enpirikoek ere baieztatzen dute audio-seinale eskasak interpretazio-prozesua zailtzen duela eta lan-nekadura nahiz kalitate-galera handitu ditzakeela.
Euskarazko interpretazioaren testuinguruan, arazo horiek, gainera, ez dira soilik teknikoak. Hizkuntza gutxitu baten normalizazio-prozesuan, interpretazio-zerbitzu egokiak eskaintzea bidezko komunikazio-baldintzak ziurtatzea ere bada. Hori dela eta, lan-baldintza tekniko desegokiek ez dute soilik kalitate profesionalean eragiten; neurri batean, justizia komunikatiboaren auzian ere eragiten dute. Diagnostiko eta testigantzek erakusten duten bezala, euskarazko interpreteek baldintza heterogeneoetan lan egin behar izaten dute sarritan, eta horrek are agerikoago bihurtzen du gutxieneko baldintza teknikoak identifikatzeko eta eskatzeko beharra.
Zentzu horretan, artikulu honek defendatzen du oinarrizko gaitasun tekniko-akustikoak izatea interpretearen autonomia profesionalaren parte dela. Horrek ez du esan nahi interpreteak soinu-teknikari bihurtu behar duenik; aitzitik, interpretazioaren baldintza akustikoak ulertu, baloratu, komunikatu eta, beharrezkoa denean, hobetzeko irizpideak izan behar ditu. Gaitasun horien dimentsio kognitiboa, komunikatibo-profesionala eta ebaluatibo-kritikoa uztartzeak erabaki informatuak hartzeko aukera ematen dio interpreteari, eta, aldi berean, ezagutza horren sozializazioak praktika egokiak zabaltzen lagun dezake.
Bukatzeko, ingurune tekniko batean gauzatzen den jarduera gisa ulertu behar da interpretazioa. Ikuspegi horrek interpretazioaren ulermena aberasten du eta, aldi berean, arlo batzuetan jarduteko beharra uzten du agerian: interpreteen prestakuntza-programetan gaitasun tekniko-akustikoak txertatzea, interpretazio-zerbitzuen antolaketan baldintza teknikoak kontuan hartzea, eta, bereziki euskararen kasuan, normalizazio-prozesuan komunikazio-baldintza bidezkoak bermatzea. Hiru eremu horietako bakoitzak ikerketa eta hausnarketa gehiago eskatzen du; artikulu honek, behintzat, oinarri bat jarri nahi du.
Bibliografia
Aiic (2018). AIIC Position on Distance Interpreting. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
——— (2025). AIIC Guidelines on Distance Interpreting. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Amini, M., Ibrahim-González, N., Ayob, L. eta Amini, D. (2017). Users’ quality expectations in conference interpreting. Translation & Interpreting 9(2), (87.-104. or.).
Azkargorta Mintegi, Leire (2026ko otsailaren 18a). Nor aritzen da euskarazko interpretazioan? 31 eskutik. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Baddeley, Alan D. (2000). The episodic buffer: A new component of working memory?. Trends in Cognitive Sciences 4(11), (417.-423. or.).
Braun, Sabine (2015). Remote interpreting. In MIKKELSON, Holly eta JOURDENAIS, Renée (arg.), The Routledge Handbook of Interpreting (352.-367. or.). Routledge.
Eizie (2013). Interpretazioa: ondo erabaki. Interpretazio-zerbitzuak kontratatzeko gida. EIZIE. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Fantinuoli, Claudio (arg.) (2018). Interpreting and technology. Language Science Press.
Gerver, David (1974). The effects of noise on the performance of simultaneous interpreters: Accuracy of performance. Acta Psychologica 38(3), (159.-167. or.).
Gile, Daniel (1995). Basic concepts and models for interpreter and translator training. John Benjamins.
——— (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training (arg. berr.). John Benjamins.
Institut Pasteur (d.g.). COMPRESSED [ikerketa-proiektua]. Institut Pasteur. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Lederer, Marianne (1981). La traduction simultanée: expérience et théorie. Minard.
Moser-Mercer, Barbara (2003). Remote interpreting: Assessment of human factors and performance parameters. Communicate! (Summer 2003).
Mouzourakis, Panayotis (2006). Remote interpreting: A technical perspective on recent experiments. Interpreting 8(1), (45.-66. or.).
Pagola Urteaga, Juanjo eta Urkia Galartza, Joseba (2008). Interpretearen eskuliburua. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP).
Pöchhacker, Franz (2004). Introducing interpreting studies. Routledge.
——— (2016). Introducing interpreting studies (2. arg.). Routledge.
Seeber, Kilian G. (2011). Cognitive load in simultaneous interpreting: Existing theories — new models. Interpreting 13(2), (176.-204. or.).
Seleskovitch, Danica (1978). Interpreting for international conferences: Problems of language and communication. Pen and Booth.
Torralba Rubinos, Claudia María (2024a). Aldibereko interpretazioa eta Eusko Legebiltzarreko diskurtsoa: enuntziatu parentetikoen eta modalizazioaren azterketa corpus elebidun eta hirukoitz batean [Doktore-tesia, Euskal Herriko Unibertsitatea]. ADDI.
——— (koord.) (2024b). Euskal interpreteen diagnostikoa. EIZIE. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
——— (2027an argitaratzekoa). Aurretiazko ezagutza eta dokumentazioa aldibereko interpretazioan. Eusko Legebiltzarreko kasua.
Union Syndicale Bruxelles (2025). Auditory health at work: Silence does not protect!. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Uriarte Atxikallende, Maitane (2026ko urtarrilaren 16a). Interpreteon anekdota-bilduma. 31 eskutik. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
——— (2026ko otsailaren 6a). Interpreteon anekdota-bilduma II. 31 eskutik. 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Urkia Galartza, Joseba (2009). Interpretazioa: nora goaz, norantz joan nahi dugu? Senez 37, (183.-196. or.). 2026ko apirilaren 13an kontsultatua.
Zhu, Xiaoyue eta Aryadoust, Vahid (2022). A synthetic review of cognitive load in distance interpreting: Toward an explanatory model. Frontiers in Psychology 13 (899718. or.).
Oharrak
1. Artikulu honetan, suposatzen da interpretazioaren sarrerako seinalea nagusiki entzumenaren bidez jasotzen dela, aldibereko ahozko interpretazioaren testuinguruari erreparatzen baitzaio. Hala ere, interpretazio-modalitate guztietan ez da sarrerako informazioa entzumenaren bidez jasotzen; adibidez, zeinu-hizkuntzen interpretazioan, sarrerako informazioa nagusiki bisuala da. Kasu horietan, interpretazioaren baldintza teknikoek beste dimentsio batzuk hartzen dituzte —hala nola irudiaren kalitatea, ikus-eremua edo kamera-konfigurazioa—, baina artikulu honek ez ditu alderdi horiek aztertzen.


