Luis Baraiazarra Txertudi (1940-2024), in memoriam
Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea

Luis Baraiazarra, Aita Luis, irakaslea, bertsozalea, idazlea, itzultzailea eta euskaltzaina izan zen. Fraidetzarekin uztartu zituen beti bere lana eta bere euskaltzaletasuna, eta, itzulpengintza lanbide izan ez bazuen ere, itzulpen gogoangarriak utzi zizkigun. 2024an hil zela eta, haren ibilbideari buruzko zertzelada batzuk ekarri dizkigu Mari Eli Ituartek omenezko artikulu honetan.

Aita Luis (markina-xemeindarrontzat, aitxe Luis) Meñakan jaio zen, Urezandi baserrian, baina hamar urte inguruko mutil koxkorra zela abiatu zen etxetik kanpora, ikasketak egitera. Lehenengo geldialdia Zornotzan egin zuen, karmeldarretan. Aita Luisek Nire sasoiko Markina-Xemein (2009) liburuan dioen bezala: «Bakoitzak bere herria eban bihotzean eta aho-minetan; munduan ez zan ha baino hoberik. (…). Orduan entzun nituen lehenengoz Markina, Xemein, Iruzubieta, Bolibar, Iturreta… izenak». Toki izen horiek guztiak oso ezagunak egingo zitzaizkion handik gutxira, berak artean jakin ez arren.

Zornotzako Larreatik Alesbesera joan zen hurrengo hiru urteetan, eta, Zornotzara bueltatu zenerako, euskara kamustuta omen zeukan. Profesa egin berri, 1958 urtea Markina-Xemeinen igaro zuen. 1966ko martxoaren 12an hartu zuen abadetza-sakramentua, eta Begoñan izan zuen lehen egoitza. Eta handik berriz ere Larreara bueltan, baina denbora laburrerako: hiru hilabeteren ostean Markina-Xemeinera bidaliko zutela esan ziotenean, ez zen batere asaldatu, gogo onez onartu zuen, senak esaten omen zion Markina-Xemeinen bere neurriko lekua aurkituko zuela. Hala ere, ez zuten denek begi onez ikusi erabaki hura; tartean zen aita Santi Onaindia, bere ondoan nahi baitzuen Luis gazte euskaltzalea. Aurrerantzean, Artibai alboko herrian lekutu zen, noizbehinkako formazioak jasotzen kanpora joan beharra izan bazuen ere, tartean Madrilera, 1966-1967an.

Baina, fraidetza albo batera utzi gabe, euskaltzale sutsua izan da aita Luis, eta lerro hauetan hori ere jorratuko dugu, hainbat aldetatik aztertuta. Aita Luisek ez zion inoiz utzi euskara sakontzeari eta hizkuntza-ikasketak osatzeari. Neurri handi batean autodidakta izan zen, eta ondo baliatu zituen gaztetako Larreako eta Markina-Xemeingo egonaldiak euskara eta euskal kulturaren ingurukoak aztertzen eta lantzen hasteko. Ohiko ziren eliz ikasketak burutu ondoren, maisutza ikasi zuen, Valladoliden (1970), eta, geroago, Euskal Filologia ikasketak ere egin zituen, Deustuko Unibertsitatean, eta 1982an lizentziatu zen. Hainbat lanetan kontatzen du nolako zailtasunak izan zituen ikasle sasoi horretan egunero Deusturaino eskolak hartzen joateko, auto zahar batean, Trabakua malkartsuan gora eta behera, Bera Kruz ikastolan eskolak eman ostean.

Irakaslea

Irakaskuntzan ere saiatu zen. Lehenbizi, 1960ko hamarkadatik 1971ra arte, Lea-Artibai ikastetxean (herrian, Laborala izenez ezagunagoa), erlijio eta euskara irakasle jardun zuen, eta haren hitzetan jasotzen den legez, ez zen beti esperientzia atsegina izan: «Han jardun genuen ahaleginak egiten, baina inolako eskarmenturik gabe. Mutiko handi samarrak ziren eta ez zen erraz haiek sosegatu eta ikasgiro egokia sortzea. Behin, Jesus Mari Etxeberria aurkitu nuen bidean; eskola ematetik zetorren, eta ni beste talde bati ematera. Eta esan zidan: “Zer? Zezen-plazara? Neu ere handik nator bada…”».

1964-1965ean sortu zen Markina-Xemeinen Zerutxu ikastola, eta gau-eskolak ematen hasi ziren. Manuel Lekuona euskaltzainburuak eman zion alfabetatzeko eskolak emateko agiria. Horrekin batera, irakasteko materiala ere eskuratu zuten; material oso sinplea, ziklostilean ateratzen zena: gramatikako hasi-masiak, deklinabidea, aditz-jokoak, atzizkibidea…

Geroago, Zerutxu ikastolak eta Vera-Cruz mojen ikastetxeak bat egin zuten eta hara joan ziren ikastolako irakasle tituludunak, aita Luis ere tartean. Irakasle sartu zen OHOko 2. mailan. Neu ere aita Luisen ikasle izan nintzen maila horretan, eta ondo gogoan dut zer-nolako pasioa jartzen zien bertsolaritza saio xumeei, haiek baitziren euskaraz zerbait emateko aukera bakarra. Gerora, jada Bera Kruz ikastola zenean, bertan aritu nintzen lanean hiru ikasturtetan, eta lankideak izan ginen! Hara, bizitzaren ezustekoak!

Urte haietako jarduna ere haren hitzetan jasoko dugu: «Han erre nituen nire indarrik hoberenetakoak 18 urtetan barrena». Urte gogorrak izan ziren, lanetik irten eta lehenago aipatu bezala Deustura joaten baitzen Filologia ikastera, eta irakasle lanetan zebilela hasi zen baita ere «Bostak bat» lantaldean liberatuta, hiztegigintzan.

Bertsozalea

Bertsozale handia izateaz gain, bertso-epaile lanetan ere aritu zen 1990etik aurrera eta XXI. mendearen hasierako urteetan han eta hemen antolatu ziren hainbat bat-bateko bertso txapelketatan, besteak beste Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, eta baita bertso-paper lehiaketetan ere. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkaria (1991-2000) eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea (1991-1994) izan zen. Bertsozale Elkarteak antolatu zuen lehen Bertsolamintzan (Zestoa, 1993), «Hizketa bizia eta txukuna bertsogintzan» ponentzia aurkeztu zuen. Bertsolaritzari eskainitako artikulu asko argitaratu zituen, batez ere Karmel aldizkarian. 1985ean, Hitzezko txirlorak (Elkar) olerki-liburua argitaratu zuen, eta Jon Lopategi bertsozko mezularia biografia eta bertso hautatuen liburua 2000. urtean (Bertsolari liburuak).

Idazlea

Aita Luis irakurle saiatua zen, eta ondo ezagutzen zituen literatura klasikoa eta garaikidea. Bizkaitarra izaki, bizkaiera bikain ezagutzea eta erabiltzea lortu zuen, nahiz eta azken urteetan gehienbat euskara batuan idazten zuen. Argitaratuta utzi dizkigun lanen artean, hauexek nabarmendu beharrekoak (aurretik aipatutakoez gain): Euskal Herriaren historia I eta II (1977), Nire umetako Meñaka (2005), Nire sasoiko Markina-Xemein (2009), Nire umetako Meñaka olerki-jantziaz (2022) eta Markina-Xemein hitz lauz, olerkiz eta bertsoz (2023). Elkarlanean ere beste hainbeste testu eta lan eman zituen argitara, eta kontaezin artikulu Karmel aldizkarian. Eta, nola ez, hiztegigintzan egindako lan eskerga ere aipatu beharrekoa da, Adorez sortako 15 hiztegiren prestakuntzan hartu baitzuen parte.

Itzultzailea

Ez zen inoiz haren lanbidea izan, baina miresgarriak dira aita Luisek egindako zenbait itzulpen-lan. Egindako guztien artean, bi lan nabarmendu nahiko nituzke: batetik, Santa Teresa Jesusena. Idazlan guztiak (2015). Lan horrekin, itzulpen onenaren Sari Nazionala eman zion urte horretan Espainiako Ministerioak, baina ordu batzuk geroago kendu egin zioten, argudiatuta ez zela atzerriko hizkuntza batetik itzulitako lana. Kolpe latza izan zen hura aita Luisentzat, baina merezimendua bazuela argi eta garbi erakutsi zuen. Bestetik, haren azken itzulpen handia da bigarren nabarmentzekoa: San Joan Gurutzeko (2021). Ardura eta ilusio handiz egindako lana da.

Euskaltzaina

Aita Luisen hitzak jasoko ditugu beste behin: «1991ko abenduan hiztegi batuko batzorde berriko batzordekide izendatu ninduten, eta 1996an gramatika-batzordeko kide. Pixka bat lehenago, urte berean, euskaltzain urgazle izendatua izan nintzen». Zeregin horretan, Lino Akesolo bizkaieraren aldeko sutsua ordezkatu zuen. 2010eko urtarrilaren 29an, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Ibilbide horretan guztian handia izan da aita Luisen ekarpena. Laurogei urte bete zituen arte eutsi zion, osasun kontuek makalduta utzi zuten arte.

Azken hitza

Luis Baraiazarra testu-zuzentzaile eta ikerketa-lanetan ere dezente aritu zen, baina ez gara orain luzatuko, ez baita gehiagorik behar hark utzitako ondare ederraz jabetu eta gozatzeko aukera dugula nabarmentzeko.

Meñakako sehaskatik euskaltzale sena zekarren hark Markina-Xemeingo karmeldarren komentuan aurkitu zuen abaro gozo eta euskaltzalea, eta bertan umotu eta bertatik eskaini zizkion luma finaren fruituak euskal gizarteari, eskuzabal eta apal.

Handinahirik gabeko hitz hauek balio dezatela aita Luisen maisutasuna eta euskararekiko maitasuna denon agerian jartzeko.