Editoriala
Amaia Apalauza Ollo

Urtebete geroago

Urte bateko tartea abagune aproposa izan daiteke atzera begiratu eta gure eginak eta ezinak ikusteko. Non geunden eta non gauden ikusteko. «Nor bere gerran, nor bere istripu pertsonalean», dio Anarik, eta ez du arrazoirik falta.

Udaldia iraganik eta udazkenaren atarian iritsi zaigu aurten ere Senez aldizkaria. Norberaren gerra eta istripuez harago, lehen begiratu batean irudi luke deus gutxi aldatu dela urtebetetik hona itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteontzat: gutako askoren lan-baldintzek ez dute hobera egin; kontratu eta tarifa kaskarrak eskaintzen dizkigute; izapide burokratiko (digitalizatu) amaigabeetan itotzen gaituzte; Administrazioko lizitazio eta lehiaketak lupaz begiratu beharrak dira; ez dago kalitatezko ikus-entzunezko piezak itzultzeko, bikoizteko eta azpidazteko apustu eta politika publiko sendorik; gero eta argitaletxe gutxiagok argitaratzen (ahal) dituzte euskarazko literatura-itzulpenak; inprimategiak ixten ari dira; eta sare neuronalek eta sasi-itzultzaile adimendun artifizialek arriskuan jarri dute gure lanbidea bera.

Horren harira, «jokoan dagoena ez da ondare intelektuala; hori ere bai, baina benetan jokoan dagoena gizateriaren porrota da» adierazi zuen Manuel Rivas idazleak CEDRO saria jasotzean eginiko mintzaldi gogoangarrian, 2025eko apirilean. Urtetik urtera eta gero eta gehiago, dirutza xahutzen ari dira makinak entrenatzen, energia- eta ur-kontsumo alimalekoak bideratzen dituzte adimen artifiziala elikatzeko datu-zentro erraldoietara, maiz egile-eskubideen eta giza etikaren marrak gaindituz eta kalitate eskaseko (eta, konturatu gaitezen, ez hain beharrezko) emaitzen truke. «Komunitatea ala kaosa» esanez likidatu zuen Rivasek bere hitzaldia. Hots, kaosak irentsiko ez bagaitu, elkartzen segitu behar dugu, komunitatea egiten, irudimena lantzen, ahal dugun heinean gure aletxoa jartzen.

Aurtengo gure alea, 56.a, baina, Palestinari nahi diogu eskaini. Urtebete baino gehiago daramagu genozidio bat ia-ia bertatik bertara ikusten: «ez da urte honetan hasi / eta ez da honetan bukatuko», kantatu zuen Oihana Iguaran bertsolariak 2025eko apirilean, Bergaran. Ahotsak eta gorputzak altxatu ditugu basakeriaren aurka, baina egunetik egunera okertuz doa afera; batzuen inpunitateak eta besteen konplizitateak etsipenera eta amorraziora eraman gaituzte, eta zerbait nahi dugu egin baina ez dakigu zer eta nola. «Jada ez dakigu aferari buruz zer idatzi ere», zioen Sarah Babiker kazetariak El Salto agerkarian, 2025eko ekainaren 13an.

Aldi berean, baina, gure egiten dugu palestinarren samina («Emakume beltz jaio nintzen, baina orain palestinar bihurtua naiz», zioen June Jordanek 1982ko poema batean) eta ezin utzi dugu gaia alde batera, ezin diogu idazteari eta sortzeari utzi, zeren, errepresioa eta zapalkuntza dagoen tokian, beti bada erresistentzia. Eta poesiaren bidez egin nahi dugu guk gure erresistentzia-ariketa, Senez honetan, azkenaldian artearen eta sormenaren bidetik han-hemen agertu diren beste ekinbide batzuekin bat eginez («Euskal Herriko artistak eta kultura-eragileak Palestinaren alde» ekimena eta 31 eskutik blogeko kolaboratzaileek 2025eko ekainaren 18an eginiko adierazpena ditugu gogoan). Izan ere, sinetsita gaude poesia aski tresna baliosa izan daitekeela errealitatearen gaineko narratiba erdeinagarrien aurka erresistentzia egiteko. «Ez dugu zuen errukia nahi, zuen ekintzak nahi ditugu», eskatzen omen zuen Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren amatxi Rifqak (ikus Rifqa poesia-liburua, Eider Beobidek itzulia 2024an). Hitzak eta ideiak ditugu gure lanabesak, eta haien bidez egin nahi diogu keinu palestinar herriari; hala, hamalau itzultzaile elkartu, eta poeta palestinarren hamasei poema itzuli dizkigute aurtengo aldizkarirako. Horra, beraz, gure ekintza poetiko xumea. Komunitatean eta elkar harturik gauzatua. Nonbait irakurri genuen balen eta bonben oihartzuna edozein ahots eta oihu baino lazgarriagoa izanen dela beti baina baita laburragoa ere: hitzek eta ideiek denboran iraunen dute; bonbek, ez.

Horrez gain, beste 17 artikulu bildu ditugu aurtengo aldizkarian. Lehenik, eta artikuluen hurrenkeran, Luis Baraiazarra Txertudi EIZIE elkarteko kide hil berriari hitz batzuk eskaini dizkio Mari Eli Ituartek. Aingeru Epaltzak, berriz, EIZIEko kide eta langile nekaezin bat elkarrizketatu du: Inma Errea («Inma Errea, kazetari bat itzulpengintzan (eta kontu gehiagotan)»). Ondoren dator Palestinako poeten poema itzulien bilduma, hamalau itzultzaileren eskutik eta Isabel Etxeberriaren ediziopean («Hamahiru poeta palestinar: gailendu dadila hitza»). Esparru akademikoan, iaz itzulpengintzari eta interpretazioari buruzko bi doktore-tesi defendatu ziren EHUn, eta bion laburpenak ekarri ditugu aurtengo aldizkarira, Claudia Torralbarena bata («Joan-etorriko bidaia. Doktore-tesia sei galderatan: lanbidetik akademiara») eta Isabel Etxeberriarena bestea («Euskarara itzulitako testuetako hizkera vs euskaraz idatzitako testuetakoa: doktorego-tesi baten laburpena»).

Literatura-itzulpenera jauzi eginda, haur- eta gazte- literaturako lan gogoangarri baten itzulpenaren gainean jardun du Manu López Gasenik: «Snarka euskaratzeko bide baten ehizan»; Anne Franken egunkaria lanaren itzulpenaren gainean Roberto Danignok («Ikono global bat, hizkuntza gutxitu batean. Anne Franken egunkariaren euskarazko itzulpenak»); Beñat Sarasolari eta Maialen Berasategiri elkarrizketa egin die Garazi Goldarazenak, unibertsitateko gradu amaierako lanaren aitzakian eta Munduko Poesia Kaierak bildumaren 10. urteurrenaren karietara: «Munduko Poesia Kaierak: hamarkada baten kontakizuna. Beñat Sarasolari eta Maialen Berasategiri elkarrizketa»; eta Baionan eginiko itzulpen-lehiaketa baten berri dakarkigu Nahia Zubeldiak («Euri zitala: testu bat, bi itzulpen, hamaika zalantza»).

Aurrera eta etorkizunera begira jartzea ere maite baitugu, Iruñean hiru itzultzaile gaztek parte harturiko mahai-inguru baten kronika osatu du Uxue Reyk: «Gaurko eta biharko itzulpengintza». Ondoren, unibertsitateko gradu amaierako lan baten eta master amaierako beste baten laburpenak bildu ditugu, kultura-jaialdietako interpretazioari buruzkoa bata eta genero-identitate disidenteen eta itzulpengintzaren arteko loturei buruzkoa bestea: Iris Carteren «Loraldia kultura kultura-jaialdia publiko ez-euskaradunari gerturatzeko proposamena interpretazioaren ikuspegitik» eta Irati Bakaikoaren «Sexu- eta genero-disidentzia eta itzulpena: Mari-mutil handi baten bluesari buruzko azterketa baten laburpena». Transfeminismoaren erakutsiak aletzen segituz, itzulpen transfeministei buruz EIZIEk antolaturiko ikastaro-lantegi baten kronika ondu dute Gotzone Agirrek, Itziar Belaundek, Patricia Jorgek eta Ane Lópezek: «Neutralak ez garela ikasi genuenekoa».

Testugintzaz denaz bezainbatean, hitanoak literatura-itzulpenetan duen tokiaz mintzo zaigu Xabier Olarra («Hitanoa literaturan»), eta onomatopeiak hizpide hartu ditu Iñigo Satrustegik («Kukurruku jo aurretik (edo sareko onomatopeien biltegi baterako bidean kontuan hartzeko zenbait kontu)»).

Bukatzeko, itzulpen automatikoaz gogoeta egin du Idoia Santamaríak («Sagarra manzana, ikatza carbón»), eta itzulpengintzari buruzko liburu baten gomendioa Manu López Gasenik («Tximeleta bihurtu arteko ibilbidea»).

Hona, beraz, gure gerra eta istripuetatik edo haietan guztietan gaindi urteak eman duena. Heldu den urtera arte, irakurle.