Xabier Mendiguren Bereziartu: aitzindaria, maisua, lankidea
Lurdes Auzmendi Aierbe

Euskal itzulpengintzaren historia oraindik laburrean, alderdi guztiak landu zituen Xabier Mendiguren Bereziartuk: Martuteneko Itzultzaile Eskola abian jarri zuen, 1980an; 'Senez' aldizkariaren sorrera bultzatu eta bertan idatzi zuen urte luzez; EIZIE Elkartearen jaiotza bultzatu eta lan ugari egin zuen hasierako urte luzeetan, eta, amaitzeko, lehen euskal interpretea izan zen, Pello Zabaletarekin batera. Maisutasun, lankidetasun eta adiskidetasun betea erakutsi zizkigun beti.

Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sortzailea

Xabier Mendigurenen ibilbide profesionala nagusiki itzulpenari lotuta egon zen, 1980. urtean Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola —Martuteneko Itzultzaile Eskola izenez ezagunagoa— abian jarri zuenetik. Itzulpenaren irakaskuntza, itzulpena, itzultzaileen elkartea, itzulpenari buruzko teorizazioa eta teorizazio horren argitalpena euskaraz, interpretazioa, euskal itzulpengintzari buruzko Senez aldizkaria… Euskararen biziberritze bidean ez zen alor askorik geratu Xabierrek ukitu gabe, baina esango nuke ekarpenik handiena euskal itzulpengintzari egin ziola, lerro hauek argitaratzen dituen aldizkariak berak ongi erakusten duen bezala.

Joan den mendeko 70eko hamarkadaren bigarren erdian ekin zitzaion Euskal Herrian itzultzaileak prestatzeari. Nagusiki ikastolen testu beharrek eta diktaduraren ondoren ireki ziren esperantzek bultzaturik 1976an hasi eta Martuteneko Itzultzaile Eskola ireki arte, han-hemenka ikastaroak ematen jardun ziren, besteak beste, Xabier Kintana, Jose Ramon Etxebarria eta Xabier Mendiguren bera, euskaraz era guztietako testuak itzulpen bidez sortzeko beharrari erantzuteko.

Diktadura amaituta eta Autonomia Estatutua onartuta, euskararen biziberritze prozesuak ekarriko zituen beharrak aurretiaz ikusi zituzten orduko zenbait irakasle eta euskaltzalek, eta haien buruetako bat izan zen Xabier Mendiguren; itzulpenari dagokionez buru nagusia izan zela esango nuke.

Senez aldizkari honen lehenengo aleko lehenengo artikuluan («Itzultzaile Eskola: historiaurrea eta iragana», Senez 1, 1984) kontatu zuen Xabier Mendigurenek nola Euskaltzaindiko Juan San Martinek eskatu zion 1979aren azken aldean itzultzaile eskola bat sortzeko aurretxosten bat. Horren ondoren ireki zituen ateak Martuteneko Itzultzaile Eskolak, 1980an, eta hamar urtez jardun zen irakasle eta zuzendari lanetan eskola horretan. Joseba Urzelaik eta biok, ikasketak bertan egin ondoren, hau genioen balantze gisa 1989an argitaratu genuen artikulu batean («Martuteneko Itzultzaile Eskolaren ibilbide historikoa: sorrera, emandako pausoak eta gaurko egoera», Senez 8, 1989):

Euskal Herrian itzulpengintza hedatzen hasi zen urte haietan Eskolak irakasle eta ikasleen bidez lan handia egin zuen eta hau bi mailatan, alde batetik ikasleak itzulpengintza jardunera hurbilduz eta oinarrizko baina aldi berean funtsezko prestaketa sakon bat emanez, eta hemen irakasleek beraiek eskuratu duten praktika eta eguneroko jardunak eman dien ahalmena itzulpenaren inguruko arazo berrietaz jabetzeko ere sartu behar da; eta bestetik, Eskolari esker euskal itzulpengintzaren azterketa bereziki eta itzulpenarena orohar serioskiago planteiatu da eta gaur egun aportazio serioak egin daitezke itzulpengintzaz eta honek beharko lukeen ikasketa jardunaz.

Irakasleek Martuteneko Eskolan eskuratua zuten praktikaren eta itzulpenaren inguruko arazo berriez egindako gogoeta eta teorizazio lana azpimarragarriak dira; izan ere, Xabierrek berak eta baita beste irakasle gehienek ere —Josu Zabaletak eta Koro Navarrok, esaterako— itzulpen bikain eta ugariak utzi dizkigute, eta, era berean, jarraitu zuten itzulpenen gaineko gogoetak sustatzen, EHUko Itzulpen Gradua abian jarri eta hango irakasleek itzulpenaren gaineko teorizazio lanetan erreleboa hartu zuten arte.

Baina Eskolaren emaitzak askoz urrutirago joan ziren, eta, lorpenen artean, EIZIE Elkartea eta Senez aldizkaria aipatu behar dira.

Senez aldizkariaren sorrera

Esan dezagun Martuteneko Itzultzaile Eskolaren lorpenik handiena haren eraketa eta hamar urtez prestatu zituen itzultzaile taldeak izan zirela, baina horren paretsukoa izan zen, adibidez, Senez aldizkariaren sorrera. Eskola bageneukan, baina, itzulpengintza eta terminologia gaietan, aurretik ere bidetxo bat egina bagenuen ere, gure aurreko itzultzaile eta pentsalari bat baino gehiago aritu baitzen zeregin horietan, euskarak eguneratze prozesu sakon baten beharra zeukan, urte luzez jasandako zapalketa eta bazterkeriarengatik. Euskararen biziberritze prozesua abian jartzearekin, administrazioetan, testugintzan, irakaskuntzan, komunikabideetan eta abarretan itzulpen lanetan nahiz testu sorreran lanean buru-belarri zebiltzanen ekarpenek markatu zuten euskararen modernizatze edo eguneratze prozesua. Prozesu hori hain zen indartsua eta beharrezkoa, non profesional haien sare handi bat ehundu baitzen, eta, hori aprobetxatu, eta ahalik eta etekinik handienak ateratzeko nahiarekin sortu zen Senez aldizkaria.

Lehenengo alean, aldizkariaren aurkezpenean, hau esaten zen («Aldizkari hau», Senez 1, 1984):

Horretarakoxe baita, izan ere, aldizkari hau, horixe nahi du lortu. Bagaude Euskal Herrian jende multzo bat, lehen begiratuan dirudien baino dezentez ere handiagoa, Itzulpena eta terminologia egitea edo erabiltzea suertatu eta hala ere arazo ugari dauzkaguna. Hala ere, ordea, elkarren berririk gabe gaude. Geure lana dugunari buruz elkarrekin pentsatu eta erizpideak sakondu ahal izateko medio baten faltaz. Aldizkari honek beraz, gaitzat hartu dugun alorrean interesa dugun guztion elkargarri izatea du lehendabiziko helburua.

Erredakzio batzordea Itzultzaile Eskolaren, UZEIren eta Elhuyarren artean osatu zen, eta egoitza Itzultzaile Eskolan izan zuen hasiera hartan. Gerora, EIZIEren ardurapera pasatu zen aldizkaria, eta egoitza Elkartearena bera izan da, eta hala da gaur egun ere.

Xabier Senez aldizkariaren muinean egon zen lanean hasieratik, denbora luzez. Lehenengo ale hartan, «Itzultzaile Eskola: Historiaurrea eta Iragana» artikulua idatzi zuen (1984); bigarrenean, bi idatzi zituen: «Itzulpen teoria eta praktika: joerak eta eskolak» eta «Ingelesaren konpresioa eta beronen itzulpena» (1982). Eta, ondorengo urte luzeetako aleei begirada bat botatzen badiegu, beste hainbat eta hainbat artikulu interesgarri aurkituko ditugu, zinez gaur oraindik irakurtzea merezi dutenak. Xabier aitzindaria izan zen gure artean nazioarteko eskola eta gogoetetatik edaten. Sobietar Batasuneko eskolak, Ipar Amerikakoak nahiz Alemaniakoak edo Frantziakoak, denak ikasi eta aztertu zituen. Lehenik 1983an Itzultzaile Eskolak argitaratu zuen Itzulpen teoriazko ezagupenak. Itzulpen teoria eta praktikarako textuak liburuan eta, gero, Itzulpengintza: historia eta teoria (1992, Elkar) liburuan jaso zituen garrantzitsuenak. Itzultzaile eskolan ikasi genuenoz gain, euskal administrazioetako itzultzaile lanpostuetako oposizioetara aurkezten zirenek ere urte luzez ikasi behar izan zituzten nazioarteko itzulpen teorizatzaile nagusien edukiak, urtero sartzen baitziren oposizioetarako gaitegietan.

EIZIEren jaiotza eta lanak

Denboraren joanean, ikusirik gero eta itzultzaile lanpostu gehiago sortzen ari zirela han-hemenka eta lanpostuen deialdiak, lan baldintzen finkatzea eta abar beti ez zirela egiten itzultzaile profesionalek merezi zuten kategoria errespetatuz, horregatik eta euskal itzultzaileei oro har babes profesionala eman asmoz, 1987an, elkarte bat sortzeko prozesuari ekin zion Eskolak berak. Ordurako, irakasle eta ikasleen arteko harremanak ere ongi koipetuta zeuden, eta 1988an egin zuen lehen batzarra EIZIE Elkarteak. Inguruan antzeko interesak zituzten beste elkarte batzuen estatutuetan oinarrituta osatu zituen bereak EIZIEk. Prozesu horretan guztian ere garrantzitsua izan zen Xabierren lana, besteak beste itzultzaile zaharragoak elkarteratzeko, modu horretan belaunaldien artean etenik gerta ez zedin. Juan Mari Lekuona izan zen hain zuzen EIZIE Elkartearen lehenengo lehendakaria, eta Xabier Mendiguren bera lehendakariordea. Eta Juan San Martin, Marcel Etchehandy, Pierre Andiazabal edo Xalbador Garmendia itzultzaileak izan genituen gure artean hasiera haietan.

Josu Zabaletarekin batera, hasieran, APETI, APTC/LC, ATG elkarteekin, eta, ondoren, CEATLrekin harremanak izatea eta Europako itzultzaile etxeekin hartu- emanak estutzea garrantzitsua zela ikusi zuen Xabierrek. 1988an Tarazonako itzultzailearen etxea inauguratu zenean, EIZIEren ordezkari gisa han izan zen Xabier, Josu Zabaletarekin, urte luzez etxe horretako zuzendari eta euskal itzultzaileon lagun Paco Urizi euskal itzultzaileon agurra eramaten. Xabierrek harrotasun handiarekin gogoratzen zituen pasadizo horiek guztiak garai haiek oroitzean.

Xabierren itzala, ordea, askoz luzeagoa izan zen: Literatura Unibertsala eta Klasikoak bildumak taxutzen eta eratzen egin zuen lana eta bilduma horietarako egin zituen itzulpen ugariak ezin dira aipatu gabe utzi euskal itzulpengintzari egin zion ekarpenaz ari garelarik.

Lehenengo euskal interprete profesionala, Pello Zabaletarekin batera

Euskararen erabilera normalizatzeari buruzkoa azaroaren 24ko 10/1982 Legea indarrean sartu ondoren,1 itzultzaile premiaz gain, interprete eskaria ere hasi zen. Derrigorrezko soldaduskaren kontra, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan mugimendu intsumisoak indar handia izan zuen Euskal Herrian ere, eta, Xabier Mendigurenek zioenez, intsumisioa hemen hedatu eta indartzearekin batera, izan ziren Donostiako Auzitegian epaiketa batean euskaraz hitz egin zuten intsumiso batzuk, eta esan osteko interpretazioa egiteko deitu zuten. Administrazioen artean, berriz, Gipuzkoako Batzar Nagusiak izan ziren lehenengoak osoko bilkuretan euskaraz ere hitz egiten zutenen jarduna aldi berean interpretatzen; Pello Zabaleta izan zen hango lehenengo interpretea.

Pentsatzekoa den bezala, euskara eta gaztelania jakitea eta itzulpenaren bidez hizkuntza batetik besterako joan-etorria egiten ohituta egotea nahitaezko baldintzak ziren interprete lanak egiteko. Eta bide beretik hasi ginen beste euskal interprete batzuk ere, Xabierrek eta kasu honetan baita Pello Zabaletak ere irekitako bidean.

Ondorengo urteetan, EHUko Uda Ikastaroetan, EITBn, BBKren eta Gipuzkoako Kutxaren batzarretan, 1987ko II. Mundu Biltzarrean eta han eta hemen ematen ziren hitzaldietan ordu asko sartu zituen Xabierrek interpretazio kabinetan. Ordu horietako asko berarekin partekatzea tokatu zitzaidan.

Balio dezatela hitz hauek haren maisutasuna, lankidetasuna eta adiskidetasuna aitortzeko.


Oharra

1. Legeak honako hau dio 5. artikuluko 2. a) atalean: «Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie: a) Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz».