Editoriala
Amaia Apalauza Ollo

IAk eta AAk ez dute bihotzik: itzultzaileen fabore

Aurora Bertranak La Ciutat dels Joves [Gazteen Hiria] eleberri utopikoan (1971) aurreratu zigun makinek eta burmuin artifizialek giza burmuina ordezkatuko zutela etorkizunean esparru ia guztietan. Bada, itzulpengintzaren esparrura ere iritsia da olatua, itzulpen automatikoaren (IA) eta adimen artifizialaren (AA) bitartez: hemen da etorkizuna, beraz. Hamarkada gutxi batzuetatik hona, makinak gai dira testuak itzultzeko, di-da batean, gero eta lasterrago, eta gero eta hobeki, gainera. Horra, Jokin Bergarak Adaxka lehorrak liburuan dioen bezala, «geure gizartearen logika sakona, beti hoberantz modu linealean goazelako ideia» (Txalaparta, 2023, 19. or.).

Oinaztura handiak euri gutxi, ordea. Sortzaileak kexu dira, AAren atzean enpresa pribatuen interesak daudela eta enpresa horiek datuak lapurtzen dituztela makinak behar dituen alimaleko datu-masak eskuratzeko eta maiz egile-eskubideak urratzen dituztela. Herritarrok ere kezkatzen hasiak gara, edo kezkatu beharko genuke, arrakala teknologikoa gero eta handiagoa delako teknologia berrion eraginez eta klase-, genero-, arraza- eta hizkuntza-arrakalak gero eta ugariagoak (eta ageriagoak). Hizkuntza txikiak eta AA hizpidera ekarrita, «diglosia digitalaz» mintzo zaigu Miquel Cabal Guarro itzultzailea: «Hizkuntza txikietako hiztunek hizkuntza menderatzaileetara jotzen dute giza hizkuntzak baliatzen dituzten bilatzaile birtualak, app-ak, AA interfazeak eta beste sistema automatiko batzuk erabiltzean» (Counterpart aldizkaria, 10. zk., 2023, 32. or.). Ez da munta txikiko auzia.

Esan bezala, itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteok ere harrapatu gaitu olatuak, bere on eta txar guztiekin. Gure lanbidea eta gure lan egiteko modua aldatzen ari dira, eta, zenbait arlotan bereziki, makinak egindako itzulpenen posteditatzaile eta zuzentzaile bihurtzen hasiak gara hezur-haragizko itzultzaileok. Horren harira, artikulu mamitsua ondu digu Karlos del Olmok Senez honetarako, AAren eta IAren onez eta gaitzez, abantailez eta arriskuez: mugarri bat, gure ustez. Euskara, itzulpengintza eta, jakina, EIZIE ezin dira olatuaren azpian itota geratu, eta burua ur-azalera atera eta pentsatzen, hausnartzen, ahotsa altxatzen eta egoera berrira ahalik eta duinen egokitzen hastea dagokigu.

AAren bilakaera ikusirik, munduan barnako itzultzaile- elkarteak hasiak dira gaiari buruzko adierazpenak eta komunikatuak argitaratzen (esate baterako, EWC eta CEATL). Besteak beste, teknologia berri hauen gaineko ikuspegi etiko eta juridikoki eraginkorrak aldarrikatzen dituzte; ildo horretan, AAren erabileran oinarrizko hiru printzipio edo zutabe lehenetsi beharra adierazi du CEATLk: Baimena, Ordaina, Gardentasuna («Adimen artifizialari buruzko adierazpena», 2023). Bat egin zuen EIZIEk ere CEATLren adierazpenarekin.

Izan ere, ezin ahantzi dugu makinez ari garela, ez pertsonez: «Makinak ez dira itzultzaileak, translatoideak baizik. Ez dute itzultzen; material testuala sortzen dute», dio CEATLren adierazpenak; eta, areago: «Zalantza egitea gizakion ezaugarri bat da, eta makinek ez dute zalantzarik egiten». Hots, ez dute pentsatzen; automatikoki ekoizten dute, artifizialki. Eraginkortasuna, errentagarritasuna, lastertasuna bilatzen du translatoideak; merkatuak bizi du oroz gain, negozioak eta aberastu nahiak. Enpresa-hizkuntzan mintzo da, enpreseraz. Eta zenbat gauza galtzen diren bidean: «AAren erabilerak estandarizatu egiten ditu itzulpenak, eta pobretu egiten ditu kultura eta hizkuntza idatziak, besteak beste lehenetsitako aukerengatik (makinak egiten digun lehenengo proposamena onartzeko joera dugulako) eta autokutsapenagatik (makinak bere ekoizpenetatik ikasten duelako)», gehitzen du CEATLk.

Horren aurrean, mintza gaitezen, beraz, pertsoneraz. «Giza faktorea funtsezkoa da ahotsaren magiak funtziona dezan. Bikoizketak funtziona dezan, alegia», diosku Raul Larak, Adoma bikoiztaileen sindikatuko presidenteak, eta ildo beretik mintzo zaigu Euskal Herriko Bikoiztaileen Elkartea (EHBE) ere: «Bikoiztaileak antzezleak gara, eta gure lana antzeztea den aldetik, gure ahotsekin antzezten ditugun pertsonaiak sentimenduz eta arimaz janzten ditugu. Adimen artifizialak nekez egin dezake hori taxuz» (Berria, 2024ko otsailaren 20a). Eta hortxe dagoke, gure ustez, hezur-haragizko itzultzaileon indargunea ere: makinek ez bezala, sentimenduz eta arimaz itzul dezakegu (are zalantza eginez), senez eta bihotzez: «sentsibilitatez», Nahia Zubeldiak Argia aldizkariko elkarrizketa batean aldarrikatu zuen bezala (2020, 2.708. zk.). AAk eta IAk ez baitute bihotzik.

Presaren gizartean bizi gara. «Denboraren esklabo bihurtu gara», dio Iñigo Martinez Peña filosofoak Mandamentu hipermodernoak liburuan (Elkar, 2021, 21. or.). Boladan dago denbora aprobetxatzea; ez, ordea, denbora galtzea. Eta, denborarik ez galtzeko, ahalik eta testu gehien eta ahalik eta lasterren itzultzeko, sekulako pagotxa dira IA eta AA. Biderik zuzenena eta lasterrena, ordea, ez da beti onena eta gozagarriena: batzuetan, merezi du sigi- sagaka eta itzuli-mitzulika ibiltzea, bide bazterreko zuhaitz eroriei begiratzea, eguraldiaz jakiteko tekla bat jo beharrean zerura begiratzea eta zer esaten digun ulertzen saiatzea, edo papereko hiztegietan ele-miaka ibiltzea, honi eta hari galdezka aritzea. Merezi du denbora «galtzea», alegia.

Agian, naturari begira jarri beharko genuke gehiago: naturara itzuli, natural itzultzeko. Adimen naturalez itzultzeko. Gure gizartearen krisiaz ari delarik ere, itzulera bat proposatzen du Jokin Bergarak: «Gizarte neoliberalen abiadura zorotik atera eta norbere erritmoak ezarri, mantsoago, lasaiago, gutxiagorekin asetuz (sic), baina asetze hori sakona izatea lortuz, ez berehalakoa. Gustuko jardueretara itzulera bat» (Adaxka lehorrak, 87. or.). Itzul gaitezen gu ere, beraz, gustuko jardueretara; mantso eta lasai itzultzera, alegia.

Patxada lagun dakargu, beraz, aurtengo Senez aldizkaria. Hogeita hiru artikulu, guztira. Hogeita hirutik gora egile. Urtero ohi dugun bezala, gogoan hartu ditugu 2023an hilak, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Jorge Gimenez Bech, Lurdes Auzmendik eta Aritz Galarragak idatziriko artikulu banatan: «Xabier Mendiguren Bereziartu: aitzindaria, maisua, lankidea» eta «Jorge Gimenez Bech (bigarren mailako pertsonaia baten begietatik)», hurrenez hurren. Pertsonatik pertsonara, Jone Aldamizetxebarriari elkarrizketa egin dio Bego Montoriok: «Jone Aldamizetxebarria Leizaola, desertuan lilia». Literatura-itzulpenari heldu diogu hurrengo zazpi artikuluetan. Poesiaren atalean, zenbait poetaren poema bana euskarara itzulita ekarri dizkigu Isa Etxeberriak, «Munduko Poesia Kaierak: 50 poeta etxean eta 14 bidean» artikulu jostarian. Euskarara itzulitako narratiban, Ahmadou Kourouma idazle malinkearen lana itzultzeaz jardun du Aiora Jakak («Nola euskaratu malinkeraz pentsatu eta frantsesez idatzitako testu bat: Ahmadou Kouroumaren Independentzien eguzkiak»), Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko ahalegin kolektiboaz Xabier Artolak, Ines Castiellak, Itziar Diez de Ultzurrunek eta Fito Rodriguezek («Heptamerona euskaratzeko egitasmoa»), eta Yukio Mishima japoniar idazlea itzultzeaz Iker Álvarezek («Aitortza baten maskara: Yukio Mishimaren Maskara baten aitortza irakurtzeko eta itzultzeko gako batzuk»). Euskaratik gaztelaniarako zubiak ere gero eta usuagoak izanik, Uxue Apaolaza idazlearen lanaren gaztelaniazko itzulpena ekarri du Angel Errok hizpidera («Euskal idazle bizidunak itzultzeaz –Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa itzultzeak zer irakatsi didan–»), eta, ikuspegi soziologikoago batetik, gaztelaniara itzulitako lanak gizarteratzeko moldeez idatzi du Eli Manterolak («Euskal literatur lanak eta haien gaztelaniarako itzulpenak Euskal Herriko kultur eremuan»). Literaturaren sorotik atera gabe, itzultzaileen oharrak aztertu ditu Beñat Landak («Itzultzailearen oharren azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa euskarazko hiru literatur itzulpenetan»).

Txantxangorriak bezala jauzi ttipi bat eginez, gai sozialagoetara jo dugu hurrengo orrialdeetan: EIZIEk antolaturiko mahai-inguru batean esanak gogoan, testu feministen itzulpenari buruz gogoeta egin du Amaia Astobizak («Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat?»), itzulpenetan hizkera ez-sexista erabiltzeko gako batzuk eman ditu Nora Acostak («Hizkera ez-sexistaren erabilerarako itzulpen- teknikak»), eta euskarazko itzulpenei maiz ezarri ohi zaizkien estigmetatik askatzeko proposamena dakarkigu Danele Sarriugartek («Arazoa ez da euskara: itzulpena erresistentziatik»). Lanbidearen egoerari begira ere jarri gara; hala, batetik, lau ahotsetara osaturiko elkarrizketa bat ekarri digu Ibai Sarasuak, itzultzaile autonomoen egoeraz, kezkez, lan-baldintzez, oztopoez eta onurez («Itzultzaile autonomoen gazi-gozoak mahai gainean: elkarrizketa bat lau ahotsetara»), eta, bestetik, euskaraz lan egiten duten interpreteek azken hilabeteotan abiatu duten prozesu baten berri eman digute Claudia Torralbak eta Maitane Uriartek («Euskal interpreteak martxan: kronika bat»).

Arlo espezializatuagoen lilitegian, inurri-lanetan aritu dira Alaitz Zabaleta administrazio-itzulpenaz («Itzulpengintza Administrazioan: zenbait gogoeta»), Ane Garmendia ikus-entzunezkoen itzulpenaz («Ikus-entzunezkoen itzultzaileen abenturak eta desbenturak»), Itziar Zorrakin-Goikoetxea eta Maitane Junguitu bideojokoen lokalizazioaz («Bideojokoen lokalizazioaz»), eta Iñaki Lopez de Luzuriaga historia- testuetako koronimoen itzulpenaz («Euskal Herriaren koronimoak, interferentzia lexiko-semantikoa eta itzultzailearen praxia»).

AA eta IA ezinbesteko bidelagun ditugunez, eta malkarrak zelaitzeko ahaleginetan, gaiari buruzko gogoetak eta azterketa tekniko bat egin dizkigute Karlos del Olmok eta Nora Aranberrik artikulu banatan: «Adimen artifizial sortzailea: paradigma aldaketaren eta disrupzioaren artean» eta «Itzulpen automatikoaren kalitatea ebaluatzeko metrika automatiko neuronalak euskararen zain», hurrenez hurren.

Eta, bukatzeko, gure lanbidearekin loturiko liburu- gomendioen atalean, Danele Sarriugarteren eta Manu López Gaseniren ekarpenak bildu ditugu: «Itzultzea, pluralean» eta «Umeentzako itzulpenaren heldutasuna».

Honaino, beraz. Patxadaz eta arretaz irakurri aurtengo Senez hau, adiskide, bihotz-begiz eta presarik gabe.

Amaia Apalauza Ollo

Iruñea, 2024ko ekainaren hondarrean