Jorge Gimenez Bech (bigarren mailako pertsonaia baten begietatik)
Aritz Galarraga

Istorio honen protagonista Jorge Gimenez Bech dugu, Alberdania argitaletxearen sortzaile eta editorea ez ezik, baita itzultzailea ere. Jorge iaz zendu zen, eta haren adiskide eta lankide Aritz Galarragaren hitzak ekarri ditugu orriotara: editore handi eta ordezkaezin bati eginiko omenaldi bat.

Kontakizun orok behar izaten baitu bigarren mailako pertsonaiarik, jar dezagun istorio honek testu hau sinatzen duenaren antza daukan tipo bat daukala halako, baina ez dela zehazki testu hau sinatu duen tipoa, izan daitekeela adin, garai, giro berak konpartitu zituen edozein; aldagarriak direla testua idatzi duenaren eta gisa bereko hainbat lagunen esperientziak. Literaturak horretarako balio beharko luke, esperientzia ustez pertsonalena ere unibertsal bilakatzeko. Istorio honen protagonista, noski, Jorge Gimenez Bech dugu, Alberdania argitaletxearen sortzaile, editore eta, horiek aski ez, itzultzailea.

Lehen oroitzapenek, ezinbestean, 1990eko hamarkadara garamatzate. Eta Irungo Istillaga plazari lotuak daude. Edo, hobeto esan, denborarekin jakin dugunez, Erromes plazari. Alberdaniaren egoitzak bi sarrera baitauzka, Erromes plazakotik pasatzea zuen gustuko bigarren mailako pertsonaiak, istorioaren puntu honetan oraindik figurante. Zer helbururekin? Bada, ez dakigu zehatz, baina segur aski literatura jariatzen zuen bulego haren urrinak nolabait uki zezan, barruan egosten zenaren aire bidezko transmisio bat gerta zedin nolabait. Ordurako, Alberdania erreferente bat zen literaturara sartzen ari zen figurante gazte harentzat, irakurle bezala hasia baitzen sartzen, baina baita gaur egunetik lotsaz gogoratzen dituen testu kitsch batzuk zirriborratuz ere. Eta Alberdania, 1990eko hamarkadaren bigarren erdialde hartan, zera zen, Anjel Lertxundi (Otto Pette), Arantxa Iturbe (Lehenago zen berandu), Jokin Muñoz (Joan zaretenean), Harkaitz Cano (Telefono kaiolatua), Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Kartografia); eta orobat zen Josef Škvorecký (Mundu mingotsa, Karlos Cid Abasolok itzulia), Miguel Torga (Piztiak, Bego Montorio), Agota Kristof (Koaderno handia, Eskarne Mujika), Dylan Thomas (Artistakume baten erretratua, Koro Navarro), Pier Paolo Pasolini (Gauza baten ametsa, Josu Zabaleta), eta abar (beste figurante batek beste zerrenda bat egingo luke, aukera hain zen estimulagarria). Inoiz edo behin, figuranteak amets egin zuen Alberdaniara gauez sartu, Nouvelle Vagueko pelikula batean balego bezala, eta liburuen arpilaketa bat egitearekin. Laburbilduz: Jorge Herraldek inoiz Anagrama argitaletxearen inguruko irakurleak, zaleak izendatzeko erabili duen formula hona ekarriz, esan dezakegu testu hau idatzi duen tipoaren antza daukan tipoa Alberdania boy bat zela.

Kronologia derrigorrean osatugabe honek mende berriaren lehen hamarraldian du hurrengo geltokia. Figurantea jada bigarren, oso bigarren mailako pertsonaia bilakatzen da istorio honetan, harreman profesional moduko bat ezartzen baitu Jorge Gimenez Bech editorearekin: hogeitaka urteko gazteak, kazetari kulturalaren jantziez bezti, iruzkintzeko liburuak, idazleak elkarrizketatzeko kontaktuak, literaturari buruzko iritziak trukatzen ditu editorearekin (tira, trukaketa horiek ia beti dira norabide berean; ez da zail imajinatzen zeinetan, sekundarioaren mesederako). Alberdaniaren hazkunde urteak ziren, gaur egunetik begiratuta gehiegizko hazkundea segur aski, bokazioz literatura eta literatura ona argitaratzea helburu duen etxe batentzat (azken batean, literatura beti izan da gutxiengoaren kontua). Euskaraz egiten zena kanpoan erakusten hasteko urteak ere baziren; horrek bat egiten zuen jada Euskal Herritik kanpo bizi zen bigarren mailako pertsonaiaren interesekin. Hala, atzo balira bezala gogoratzen ditu euskal autoreen (Anjel Lertxundi, Aurelia Arkotxa) itzulpenen aurkezpenak Bartzelonako La Central liburu dendan, edo hiri berean antolatzen den Liber nazioarteko liburu ferian egindako bilerak, nobedadeen errepasoak. Pentsa, halako batean, katalanez ere argitaratzen hasi zen Alberdania, La gàbia de paper zigilupean. Zaila baita garaiaren izpirituari iskin egitea. Handia izan zen apustua. Eta tamaina berekoa izan zen kolpea ere. Unearen egokitasuna sumatzeko daukan gaitasunaren erakusgarri, orduantxe eskaini zion ipuin katalan garaikideen antologia bat Alberdaniari bigarren mailako pertsonaiak (urte batzuk pasatu behar izan ziren oraindik haren gazte garaiko ametsa bete zedin, bere liburu bat Irungo argitaletxean argitaratua ikus zezan). Isiltasuna etorri zen gero. Funtsa hor zegoen, baina liburu berririk ez zuen kaleratzen Alberdaniak. Bozkario handiz jaso zuen gure sekundarioak berriz martxan zen notizia: 2017an gaude, eta argitaletxearen idazle fetitxearen lan bat aukeratu du hura berpizteko: Irène Némirovskyren Gaizki ulertua (nork esango zion gure sekundarioari handik urte gutxira Suite frantsesaren bertsio argitaragabea editatzeko aukera izango zuenik, beste amets bat).

Hirugarren etapa denboran askoz gertuagokoa da. 2021ean gaude, pandemia bete-betean. Argitaletxea zulotik ateratzea lortu, egonkortasuna eman, etorkizunean pentsatzen hasteko ordua da. Ordurako, Oier, Jorgeren semea, jatetxeetako suak atzean utzi eta hasia da etxean lanean. Biak gerturatu zitzaizkion sekundarioari, Irungo Amaia antzokian. Ea animatuko litzatekeen edizio lanak egitera (orain bai, bigarren mailako pertsonaia izendatzeko eskubide osoarekin, iruzurtiaren sindromerik sentitu gabe). Ordutik aurrerakoa ikasketa prozesu labur, trinko, gozagarri baten kronika da. Bilerak gogoratzen ditu, nola, gauza esan dezagun teknikoen artean, protagonistak master class pilulak uzten zituen erortzen, bestela bezala, hasiberriek harrapatuko zituzten esperantzarekin, baina batez ere konfiantzarekin. Bakarrik egin zuen lehen aurkezpena zoriondu zion sekundarioari, baina barne- barnean hark bazekien nahita ere sekula ez zuela erdietsiko protagonistaren savoir faire-a; halako gauzak, edo badauzkazu edo ez dauzkazu. Eta, azkenerako, bigarren mailako pertsonaiak inpresioa dauka denbora gutxi izan duela protagonistak erakusteko zeukanaren ehuneko txiki bat ikasteko, asko eta asko izan direla zertu gabe geratu diren solasaldiak. Eta hala ere urregorria izan direla harekin azken bi urteetan igarotako tarte bat eta bakoitza. Sekundarioak betirako gordeko du elkarrekin izandako azken esperientzia literarioa. Protagonista itzultzailea ere bazenez (euskaratik gaztelaniara ekarri zituen Anjel Lertxundiren lanak, Seix Barral, Alfaguara eta abarrentzat; baina baita Jokin Muñoz, Arantxa Iturbe eta abarrenak ere), Alberdaniak kezka hori izan du 30 urteotan, euskal literaturarik onena gaztelaniaz ematea; azken froga, protagonistaren hondar proiektua, Nuevas voces de la narrativa vasca bilduma. Sekundarioak gogoan du nola ikusi zuen disfrutatzen, gaixotasuna oso aurreratua izan arren, Madrilgo Antonio Machado liburu dendan, 2023ko urriaren 26an egin zuten aurkezpenean. Bartzelonako No llegiu liburu dendakora, hilabete beranduago soilik izan arren, jada ezin izan zen etorri.

Handia da Jorge Gimenez Bech itzultzaileak, editoreak, adiskideak utzi duen hutsunea. Ordezkaezina da Jorge. Ordezkaezina den bezala, segur aski, editore indartsuaren figura, XX. mendeko bigarren erdialdean nagusi izan den argitaletxe pertsonalistaren eredua. Argitaletxe bat berdin editore bat ekuazioa. Gertatzen ari da beste argitaletxe batzuetan ere, beste testuinguru batzuetan. Eta zaila da pertsonalitate hain markatuko proiektu editorial bati jarraipena ematea. Gure sekundarioak inpresioa du, ordea, saiakerak merezi duela, merezi duela aurrera egitea, literaturari zor zaion pasioagatik, sinesteagatik, literatura onarekiko fedeagatik, euskal irakurleak Alberdania inoiz baino gehiago behar duen konbentzimenduagatik. Eta irudipena dauka egin behar dela neurria, gauzen ordena naturala berreskuratuta. Literatura ona, originala nahiz itzulia, euskarazkoa nahiz gaztelaniazkoa (originala nahiz euskaratik itzulia) lehenetsita. Oinarrietara itzuli behar duela Alberdaniak. Horretan saiatuko da bigarren mailako pertsonaia, Jorge Gimenez Bech izan den editore handiari egiten ahal zaion omenaldirik onena delakoan.