Euskal literatur lanak eta haien gaztelaniarako itzulpenak Euskal Herriko kultur eremuan
Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Hizkuntza gutxitu batetik hizkuntza nagusiago baterako itzulpenak irakurle berriak izateko aukera ematen die jatorrizko lanei, eta, era berean, baita merkatu berrietara zabaltzeko aukera ere. Era berean, hizkuntza gutxitu batean sortutako literaturari bere kalitatea neurtzeko balio dio itzulpenak, eta biziraupenerako beharrezko urrats ere bilaka daiteke. Kontrara, hizkuntza hegemoniko baterako itzulpenak hizkuntza nagusiago horrekiko mendekotasuna adieraz dezake, autonomia ezaren erakusle izan, eta beste kultura batzuekiko harremanerako ezinbesteko tresna bihur liteke. Euskal literatur lanek eta haien gaztelaniarako itzulpenek Euskal Herrian betetzen duten lekuari buruz hausnartu nahi dugu idatzi honen bitartez, eremu berean elkarren ondoan bizi diren heinean.

Sarrera

31 eskutik blogean du abiapuntua ekarpen honek.1 Autoitzulpenari buruz idatzi nuen nire estreinako ekarpena 2023ko udazkenean, eta, handik gutxira, Itziar Diez de Ultzurrunek supraitzulpenei buruz idatzi zuen berea. Bateko eta besteko gogoetek nahikoa mami bazutela iritzita, sakonago lantzeko asmoz heldu diogu idatzi honi. Euskal literaturak duen harrerari buruzko galderak hartu ditugu ardatz gisa. Zenbat irakurle ditu euskal literaturak? Eta gaztelaniara itzuliriko euskal literaturak? Zer-nolako profila dute irakurle horiek? Bada irakurle eredu jakinik? Idazterakoan, nor du buruan euskal idazleak? Eta bere lanak gaztelaniara itzultzean? Nor du buruan euskal literatur lan bat gaztelaniara itzultzen duen itzultzaileak? Zer irakurle mota dute buruan euskal literatur lan bat gaztelaniaz argitaratzen duten editoreek? Irakurle mota bera al dute buruan Euskal Herriko argitaletxeek eta kanpokoek? Euskal literaturaren gaztelaniarako itzulpenen harreran sakondu nahiak bultzatu gaitu hausnarketa honetara, bai eta jatorrizko euskarazko lanen harrera gertuagotik ezagutzeko nahiak ere. Hizkuntza gutxitu baten eta hizkuntza hegemoniko baten arteko elkarbizitzan sakontzeko aukera emango digu azterketa honek, hizkuntza gutxitu batetik hizkuntza nagusiago baterako itzulpenak ardatz hartuta.

Abiapuntua

Egoera asimetrikoan dauden bi hizkuntzaren arteko itzulpena dugu aztergai hemen, eta, hain zuzen ere, hizkuntza ahulenetik indartsuenerako norabideari erreparatuko diogu; supraitzulpenari, alegia.2 Itzulpen gehiago argitaratu ohi da hizkuntza nagusietatik hizkuntza gutxituetara hizkuntza gutxituetatik hizkuntza nagusietara baino. Bi norabideetako itzulpen trukeak aztertzen dituzten lanek erakusten duten moduan (Manterola, 2016; prentsan), hala gertatu ohi da euskal literatur eremuan ere. Nor da Nor datu-basean bildutako itzulpenak kontsultatuta, antzerako datuak ikusiko ditugu halaber: 2023an argitaratutako itzulpenei dagokienez, euskaratik gaztelaniara 31 itzulpen topatu ditugu, eta, gaztelaniatik euskarara, 77.3 Itzulpenen fluxu orokorrean hala gertatzen bada ere, egoera asimetrikoan dauden hizkuntzen artean egiten diren autoitzulpenetan kontrakoa gertatzen da: hizkuntza ahulenetik nagusira egiten dira autoitzulpenak batik bat, eta askoz gutxiago hizkuntza nagusitik ahulenera (Grutman, 2011). Nor da Nor-en eginiko bilaketa horren arabera, 2023an, euskaratik gaztelaniarako 31 itzulpenetatik 6 dira autoitzulpenak, gehi autorearen eta itzultzailearen arteko koautoitzulpen bat, eta gaztelaniatik euskararako norabidean, aldiz, 77 lanetatik bakarra.4 Supraautoitzulpenak nagusi, hortaz, egoera asimetrikoan dauden hizkuntzen arteko literatur trukeetan gertatu ohi den moduan. Aurretiazko lanek erakutsi dutenez, nekez topatuko dugu gaztelaniatik edo frantsesetik euskararako autoitzulpenik (Manterola, 2011; Arrula Ruiz, 2018).

Euskaratik gaztelaniarako literatur trukeen harrerari erreparatzeko helduleku bila, aurreko ikerketa batzuetan identifikaturiko zenbait uste edo hipotesi aipatuko ditugu jarraian. Hizpide hartuko ditugun ideia eta kontzeptu gehienak autoitzulpen ikasketen (Anselmi, 2012) barruan landu izan dira, baina esango genuke haien baliagarritasuna ez dela autoitzulpenetara mugatzen. Hain zuzen ere, iruditzen zaigu aplikagarri direla testuinguru endogenoetan sortzen diren hierarkia desberdineko hizkuntzen arteko itzulpen alografoetan ere. Hortaz, ondorengo lerrootan autoitzulpenari aplikaturiko kontzeptuak har bitez azterketa honetan egoera asimetrikoko supraitzulpenetarako oro har.

Lehenengo ustea: hizkuntza periferikoetatik eginiko itzulpenak —eta, zehazkiago esateko, autoitzulpenak— jatorrizko testu gisa aurkezten dira hizkuntza hegemonikoan. Horrek esan nahi du idazle-itzultzaileek landu, eraldatu edo berridatzi dituzten testuak ez direla aurretiaz sorturiko testu batean oinarrituriko lan gisa erakusten. Dasilvaren terminologia baliatuz (2011), jatorrizkoaren erreferentziarik edo itzultzailearen izenik erakusten ez duten lanak itzulpen opakuak edo ezkutukoak dira, eta ez autoitzulpen agerikoak. Itzulpenari erreferentziarik ez egitea, autoitzulpena izan denik ezkutatzea, nahiko fenomeno ohikoa da literatura periferiko eta gutxituetan. Grutmanen arabera, asimetria egoera batean sortzen diren autoitzulpenak ahobiko arma bihur litezke; izan ere, hizkuntza nagusiko bertsioak hainbeste handi lezake ikusgarritasuna, ezen zabalkunde gutxiagoko hizkuntzan sortutakoa ezkutatzen baitu azkenean (2009: 131). Ramisen hitzetan, aldiz, ordezkapen linguistiko eta kultural bat gertatzen da halakoetan, ezkutuko literatur genozidio bat (2013: 104).

Euskal literaturari gagozkiolarik, euskaratik erdaratutako lanen artean identifikatu izan da liburuen paratestuetan itzulpena ez aipatzeko joera hori. Duela dagoeneko dozena bat urte aurkeztu nuen doktore-tesian ikusi nuen Atxagaren liburuen zenbait itzulpen alografo eta zenbait autoitzulpen jatorrizko modura aurkeztu zirela gaztelaniaz, itzultzaileari edo jatorrizko testuari buruzko informaziorik batere eman gabe (Manterola, 2012a). Euskal literatura itzuliari buruzko azterketa kuantitatiboetan ikusi izan dugunez (Manterola, 2016, 2021, 2023), bestalde, informazio gabeziak zaildu egiten du zenbaitetan liburu batzuk itzulpen gisa identifikatzea.5 Datuak ezkutatzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke: itzulpenak gutxiago saltzen direlako ustean oinarrituta, merkatu arrazoiek bultza dezakete hizkuntza hegemonikoko argitaletxe bat itzulpen datuak ezkutatzera, esaterako, edo arrazoi identitario edo ideologikoek.

Bigarren ustea aurrekoari hertsiki lotua dago, eta honela laburbil liteke: hizkuntza nagusiko literatura hizkuntza gutxituetako literaturaz jabetzen da. Christopher Whyte idazle eskoziarrak dioenez, xede hizkuntzak jatorrizkoaren lekua har dezake autoitzulpenean (Whyte, 2002: 69): jatorrizko hizkuntza eta kultura ahanzturan eror daitezke, eta desagerpenerako bidean urrats bat gehiago egin, baldin eta itzulpena zabalkunde handiagoa eta irakurle gehiago dituen hizkuntza eta kultura batera egiten bada, zeinak jatorrizko hizkuntza hutsaren pare uzten duten hedatze-mekanismoak baliatzen baititu, eta autorearen jatorrizko lan gisa saltzen bada (Ramis, 2013: 100). Ildo beretik, Parcerisasen arabera (2009: 121), hizkuntzen arteko asimetria handia denean –zero itzulpeneko maila, hau da, ez itzultzea–, babeserako eta hizkuntzarekiko leialtasunerako saiakera bat izan daiteke.

Iberiar penintsulari dagokionez, Xosé Manuel Dasilva ikertzaileak honela dio: «La literatura española tiende a adueñarse de las obras de las literaturas periféricas que aparecen autotraducidas al castellano, propiciando que la identidad lingüística de muchos escritores acabe desvaneciéndose» (2009: 146). Espainiar literatura besterenaz jabetzen dela dio Rodríguez Vegak, Iberiar penintsulako autoitzultzaileak idazle binazional gisa sailkatzeko zailtasunez diharduenean (2018: 138). Ramisek, bestalde, aipatzen du zentroarekiko erakarpenak azaleratzen duela literatura nagusiak menpekoarekiko duen jarrera inperialista eta azpiratzailea (2013: 105). Adituek autoitzulpenari lotzen dizkieten kontzeptuak izanagatik ere, eremu endogenoan sortzen diren itzulpenei ere badagozkie ezaugarri horiek.

Kontuan hartzen badugu euskaratik gaztelaniarako itzulpena ez dela jarduera indibidual soila, baizik eta jarduera kolektibo modura ezaugarri komun batzuk erakusten dituen fenomeno bat, joera eta jardunbide diglosikoak erakusten dituena, itzultzeko ala ez itzultzeko erabakiak literatur sistemari berari eragiten dio, maila pertsonaletik harago ere. Beren lana itzultzeari uko egiten dioten idazleei buruzko artikulu batean (2019), Arrula Ruizek eta biok ez genuen identifikatu euskal autorerik bere lanak itzuliak izateari uko egiten zionik, nahiz eta ikusi genuen bazela Parcerisasek aitatzen duen jarrerarekin lerratzen zen idazlerik. Kasu horietan, idazleak arduratuta ageri ziren balizko esportazio sistematiko batek ekar litzakeen arriskuekin.6

Literatura gutxituaz jabetu eta hura ordezkatzearen bigarren uste hori paratestuetan esaten denari lotzen zaio sarritan, itzulpenaren eta hizkuntza gutxituaren ikusgarritasuna liburuetako paratestuen bitartez neur daitekeen heinean. Dena den, hizkuntza nagusiago batera eginiko itzulpen baten paratestuetatik eta hura aurkezteko modutik haragoko faktoreei erreparatuz gero ikusgarritasuna edo, hobeto esanda, ikusgarritasunik eza ulertzeko, kulturen arteko botere harremanak ageriko bihurtuko dira, hau da, itzulpenaren beraren oinarrian inplikazio ideologikoak nabarmenduko dira, eta, hain zuzen ere, inplikazio horiek bihurtzen dituzte ikusezin literatura gutxituak.

Euskal literaturak irakurle kopuru txikia duelako ustea dugu hirugarrena. Hiztun kopuru mugatua duen heinean, euskal literatur sistemak dimentsio nahikoa mugatuak ditu. Torrealdairen eta Eizagirreren liburugintzari buruzko azterketei esker, nahiko erraza da ekoizpenari buruzko datu fidagarriak eskuratzea. Alabaina, ez da hain erraza harrerari buruzko datuak lortzea. Harkaitz Zubirik aitortzen duen moduan, «irakurle gutxiegi daudela maiz entzuten dugun arren, ezin daiteke afera hori kopuru zehatzetan neurtu» (2013: 52). Kopuru oso ezberdinak aipatu izan dira han-hemenka: Erlea aldizkaria aurkeztean (2009), Atxagak aipatu zuen 1.700 lagunek osatutako irakurle kopuru sendoa zeukala euskal literaturak; Euskadiko Editoreen Elkarteak eskatutako ikerketa baten arabera, 41.000 irakurle ditu; Jon Alonsok 12.000 irakurletik gertuago zegoela uste zuen, edo agian Atxagak aipatutako kopuru horretatik; Iban Zalduak, aldiz, euskal literaturak 10.000 irakurle inguru zituela aitatu zuen (Zubiri, 2013: 52). Euskal literaturaren irakurle kopurua iradoki dezaketen zenbait ikerketaren emaitzak aztertuta, Zubirik honako datu hauek eman zituen: ohiko irakurle sutsuen taldea 15.000-20.000 lagunek osatzen dute, eta haiek osatzen dute euskal irakurleen nukleo sendoena; ohiko irakurle moderatuen taldean, aldiz, 40.000 lagun daude, nukleoaren inguruko lehenengo periferia; eta, tartekako irakurleak kontuan izanda, 100.000-150.000 laguneko taldea osatuko litzateke (Zubiri, 2013: 64).

Irakurketa ohiturei dagokienez, eta, hortaz, irakurle errealen iritzia kontuan hartuta, Siadeco enpresak Elkar Fundazioaren eskariz 2018an eginiko inkesta batek datu nahiko negatiboak plazaratu zituen euskal kulturaren kontsumoari buruz. Azterketa haren arabera, Euskal Herriko 16 urtetik gorako biztanle guztiak kontuan izanda, % 69k irakurri du libururen bat azken sei hilabeteetan, baina % 6k besterik ez du irakurri libururen bat euskaraz (Amezaga, 2018: 41). Honako beste datu hau ere aipatzen du Amezagak inkesta horretako datuak aletzerakoan: «Euskaldunen % 58k oso gutxitan irakurtzen dute euskaraz (azken liburua duela sei hilabete baino gehiago), edo inoiz ere ez» (Amezaga, 2018: 41).

Espainiako irakurketa ohiturei buruzko datuak biltzen dituen Conecta txostenak (2023) ere antzerako datuak eskaintzen ditu: hizkuntza koofizial bat duten erkidego autonomoetako irakurle gehienek nahiago dute liburuak gaztelaniaz irakurri, irakurtzeko hizkuntza hautatzeko aukera izanez gero. EAEri dagokionez, zehazki, euskarazko liburuak irakurri nahiago duela aitortzen duen irakurle ehunekoa % 9,2koa besterik ez da.7

Euskal literaturaren tamaina hiztun kopuruak ezaugarritzen duen arren, irakurleen eta harreraren aldetik ematen dituen datuak nahikoa mugatuak dira, ikus daitekeenez. Merkatuari begira, 2024ko martxoan Berriak argitaraturiko erreportaje batean zehazten zen helduentzako literatura azken urteetan nabarmen ugaritu bada ere salmentek behera egin dutela (Ugarte, 2024).

Euskaratik gaztelaniarako itzulpena eta euskal kultur testuingurua

Abiapuntuko uste orokortuak aletu ostean, azterketa honen oinarriak aipatuko ditugu, eta, horretarako, euskal literaturaren eta kulturaren testuingurua hartuko dugu mintzagai. Ikuspegi soziolinguistiko batetik, ezinbestekoa da diglosia eta menpekotasuna aipatzea. Honela definitzen du Soziolinguistika hiztegiak diglosia (IVAP, 2010):

Ukipen-egoeran dauden bi hizkuntza edo hizkuntza-barietateren arteko mendekotasun-egoera da: hizkuntza edo barietate horiek funtzio desberdinetarako erabiltzen dira; bata funtzio formaletarako (administrazioa, hezkuntza, hedabideak) eta bestea informaletarako (familia, lagunartea).

Hau da, hizkuntzak eremu geografiko berean erabiltzen dira, baina funtzio ezberdina betetzen dute, eta batak besteak baino estatus altuagoa izaten du. Hala, bata bestearen menpeko izaten da.

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2023), 750.000 hiztun inguru ditu euskarak, baina hiztunen artean aniztasun handia dago jakintza mailari eta erabilerari dagokienez, eta, era berean, Euskal Herri osoan modu heterogeneoan banatuta daude hiztunok. EAEko 16 urtetik gorako biztanleen % 36,2 elebiduna da, % 18,6 elebidun hartzailea, eta gainerako % 45,3ak ez daki euskaraz. Alde handiak ikus daitezke toki batetik bestera: Gipuzkoan, esaterako, biztanleen erdiak euskaldunak dira; Nafarroan, berriz, zortzi lagunetik batek hitz egiten du euskaraz, hots, % 14,1ek; eta Iparraldean, aldiz, % 20,1ek, hau da, bostetik batek. Ikus dezakegunez, euskararen ezagutza nahikoa mugatua da, oro har, eta ezagutza maila aldatu egiten da tokian- tokian.

Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari erreparatzean, xehatu beharreko beste kontzeptu bat ukipen hizkuntzena da. Soziolinguistika hiztegiaren arabera (IVAP, 2010), «gizarte berean hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten direnean, hizkuntza horien artean sortzen den erlazioa» da hizkuntz ukipena. Hortaz, ukipen hizkuntza deitzen zaie egoera horretan dauden hizkuntzei. Cristina García de Torok ukipen hizkuntzen arteko itzulpena jorratu zuen 2009ko azterlan batean; katalanaren eta gaztelaniaren artean, hain zuzen. García de Tororen aburuz, hobe da elebitasuna hiztunen gaitasunari buruz hitz egiteko erabiltzea eta ukipen hizkuntzei buruz mintzatzea hizkuntzen bizikidetza eremuez jardutean. Azken batean, Lambertek dioen moduan, «el bilingüismo de ciertas naciones no es más que el nombre oficial otorgado a situaciones mucho más complejas» (1999: 56).

Siempre existe algún tipo de diglosia y, tras la diglosia, unas actitudes hacia las lenguas en cuestión, y unas políticas de mecenazgo que, por un lado, regulan el tráfico de contenidos y géneros de una lengua a otra, y por el otro, deciden qué lengua ocupa la situación dominante, o qué lengua se restringe a ciertos registros y campos del discurso, con las consiguientes derivas ideológicas de tales elecciones. En el caso de dos lenguas en contacto, es imposible no atender a la tensión política e ideológica que se esconde tras el equilibrio aparente entre ambas. (García de Toro, 2009: 7)

Diglosia eta ukipen hizkuntzak ezinbestean lotzen zaizkio hizkuntzen arteko botere harremanei. Hortaz, ikuspegi ideologikoari edo hizkuntz politikari loturiko ikuspegi batetik erreparatu behar zaie hizkuntzen eta kulturen artean sortzen diren harremanei. Izan ere, hizkuntza bat baino gehiago eremu berean elkarren ondoan bizi direnean, hizkuntz eta kultur politika propioak diseinatzea funtsezkoa izango da kultura osasuntsu bat izateko. Eta, García de Torok dioen modura, bi hizkuntzen artean dagoen itxurazko orekak atzean ezkutatzen duen tentsio politiko eta ideologikoa aintzat hartuta egin beharko da, oreka hori ez baita bi aldeentzat berdina. Ildo beretik, Ramisek pentsatzen du hizkuntz ukipeneko egoeretan desberdintasun askoz handiagoak sortzen direla estatu hizkuntzen arteko harremanean baino eta, horregatik, normala izaten dela komunitate horietan mesfidantzak eta tentsioak ere handiagoak izatea (2013: 101). Bi hizkuntzaren artean dagoen tentsio politikoak literatur eta kultur ekoizpenari eragiten dio. Bi sistema oso eta erabat beregain izatea ia ezinezko ikusten du Lambertek (1999: 64), botere harremanak izango baitira indarrean bien artean. «[…] la coexistencia o cohabitación de varias unidades debe inevitablemente dar lugar a la competición y la jerarquización entre ellas» (Lambert, 1999: 68). Ikuspegi soziologikoa abiapuntu hartuta, erruz aztertu izan dira itzulpen ikasketetan hizkuntzen arteko botere harremanak (Pratt, 1991; Apter, 2006; Tymoczko eta Gentzler, 2002; Castro et al., 2017).

Euskarazko literatur lanei eta haien gaztelaniarako itzulpenei erreparatzeko beste gakoetako bat euskararen jabekuntza bideak kultur kontsumoan duen eragina da; izan ere, Amezagak dioen moduan (2018), hiztunek hizkuntza bateko edo besteko produktuak kontsumitzean, jabekuntza bideak badu zeresanik. Gorago aipatu dugun Siadeco enpresak 2018an eginiko kultur kontsumoaren inguruko inkestaren arabera, azken urtean euskaldun zaharren % 38k irakurri du euskarazko aisialdiko libururen bat gutxienez; aldiz, euskaldun berrien % 27k besterik ez (Amezaga, 2018: 49). Bestalde, badirudi euskaldun zaharren % 37k eta euskaldun berrien % 52k euskaraz irakurtzeko ohiturarik edo erraztasunik ez duela (Amezaga, 2018: 49). Datu horiek gogoan izanda eztabaidatu beharko genuke zeri deitzen diogun euskaldun: euskaraz dakitenei, euskaraz jarduten direnei, euskaraz irakurtzen dutenei ala euskaraz diharduen komunitate baten parte sentitzen direnei. Honenbestez, euskal hiztunen, euskal irakurle potentzialen zein euskal kontsumitzaileen datuak jasotzen dituzten azterketen emaitzak neurtzean, gogoan izan beharko genuke hiztun guztiak hartu ohi direla euskaldunen multzo horren barruan, baina ez dela multzo homogeneo bat, eta alde nabarmenak daudela batzuen eta besteen gaitasunetan eta egiten duten kultur kontsumoan.

Kultur ikuspegitik begiratuta, edo, hobeki esanda, kultur ekoizpenari dagokionez, hainbat kontzepturi buruz hausnartu beharko genuke halaber. Espainian, bi joera identifika daitezke literatur sistemari dagokionez: lehenengoak espainiar literatura sistema bakar gisa aurkezten du, eta haren kanonean sartzen ditu gaztelaniaz zein estatuko beste hizkuntzetan idatziriko lanak, betiere gaztelaniazko literaturak azken horiek onartzen baditu, literatura nagusi den heinean; bigarren joerak, aldiz, hainbat literatura nazional daudela defendatzen du, eta bakoitzak bere kanon propioa duela. Literatur sistemen ikuspegitik, eta literatura nazionalen ohiko banaketa gogoan, euren literatur lanak bi hizkuntzatan argitaratzen dituzten idazleak biliterariotzat edo binazionaltzat jo izan dira (Ďurišin, 1993). Idazle biliterarioek bi sistematan parte hartzen dute; aldiz, idazle binazionalak, bi sistematan parte hartzeaz gain, bi literatur sistematako kide dira, hau da, bi literatura nazionalek ikusten dituzte haien barneko agente modura. Rodríguez Vegaren arabera, Iberiar penintsulako idazle periferikoek buruhausteak sortzen dituzte literatura batera atxikitzeko (2018: 138). Haren ustez, oraindik orain ez da ohikoa Iberiar penintsulako komunitate interliterario espezifikoan paradigma eleaniztun baten diskurtso literarioan haiek egiazki txertatzea (2018: 141).

Kultur ekoizpenari dagokionez, Ibai Iztuetaren arabera, hiru multzo topa daitezke Euskal Herrian: cultura vasca asimilatua, hau da, erdara erabiltzen duten euskal herritarren jarduna, «izan bere burua kultura espainolaren edota frantsesaren eskualdeko aldaeratzat edo azpiespresiotzat joz, izan bere burua kultura espainolaren nahiz frantsesaren parekotzat joz»; cultura vasca erresistentea, hots, erdaraz garatzen den diskurtsoa eta «euskal herria atzera ere euskalduntzeko zubi lana egiteko bokazioa duen jardunak definiturikoa»; eta euskal kultura, euskaraz egiten dena (Iztueta, 2016: 24). Ildo beretik, euskal literaturari buruzko historiografiek, ikuspegi akademikoak eta eginiko azterketek erakusten dute badela, gabeziak gabezia, euskaraz funtzionatzen duen sistema bat. Nahiz eta ez izan sistema erabat beregaina,8 sistema ez-oso bat baizik (Lambert, 1999: 68).9

Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaigu lerrootara ekartzea erakunde publikoetatik egiten den sustapenaren berri, kultur ekoizpenari dagokionez. Gorago aipatu dugun moduan, eremu eleaniztunetan ezinbestekoa izaten da hizkuntz eta kultur politika sendoak diseinatzea kultura propioa erabat garatzeko. Belgikako testuingurua aztertzean, bi joera identifikatu ditu Grutmanek (2017: 45):

On the one hand, laissez-faire linguistic policies, which give free reign to market forces, do not promote literary bilingualism but rather encourage writing (exclusively) in the dominant language. […] On the other hand, policies aimed at levelling the playing field between languages encourage individuals from symbolic minorities to no longer neglect their mother tongues.

Guztia merkatuaren esku utziz gero, hizkuntza gutxituetako ekoizpenak ez luke nahikoa indarrik izango bizirauteko. Eta, kultur politika bereizi eta sendorik ezean, bi hizkuntzatako ekoizpena berdin sustatuz gero, gutxiagotasun egoera gainditzeko urratsik nekez egingo da.

Euskal Herrian, bi joera identifika daitezke. Batetik, bertako hizkuntzako ekoizpena lehenesten duten politikak. Hor barruan sar daitezke, esate baterako, euskararako itzulpena sustatzen duten ekimenak, hala nola Vitoria-Gasteiz sariketa eta Jokin Zaitegi itzulpen beka, Hilbeltza beka (sorkuntzarako zein itzulpenerako), baita erdaretarako itzulpena saritzen duen Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria ere. Euskarazko literatur lanentzako espresuki sorturiko ekimenak ditugu horiek. Bestetik, bi hizkuntza ofizialetako ekoizpena laguntzen duten ekimenak ere badira, hots, euskaraz sorturikoa eta gaztelaniaz sorturikoa sustatzen dutenak. Hona hemen adibide gutxi batzuk: liburugintzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak baditu euskarazko ekoizpena eta gaztelaniazko ekoizpena sustatzeko laguntzak. Horretaz gain, Euskadi Literatur Sariek badituzte euskarazko zein gaztelaniazko modalitateak.10 Beste hainbat lehiaketatan ere –konparazio batera, Irun Hiriko Kutxa Literatur Sariak edo Donostia Hiriko Kutxa Literatur Sariak–, euskarazko eta gaztelaniazko lanak izaten dira saridun, bi-biak. Halaber, euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko sorturiko Etxepare Euskal Institutuak euskaraz zein gaztelaniaz sorturiko lanak sustatzen eta babesten ditu, literatur eremuan, musikan, ikus-entzunezkoetan, arte eszenikoetan eta ikusizko arteen alorrean. Bi hizkuntzatako ekoizpena babesten duten ekimenen bitartez, biei pareko trataera ematen zaie.

Kultur merkatuari buruzko gogoeta egitea dagokigu jarraian, gure aztergaia –euskal literatur lanak eta haien itzulpenak– merkatuan saltzen eta kontsumitzen diren produktuak izaki. Kultur eta sormen industriak garrantzia hartu du egungo mundu globalizatuan, bai eta eremu lokalean ere. Eusko Jaurlaritzak sektore estrategikotzat dauka, eta sektorearen garrantzia gorantz ari dela zehazten du.11 Esan liteke kultur ekoizpena garrantzia hartzen ari dela jarduera ekonomiko gisa.

Halaber, globalizazioak erronka ugari jartzen dizkie munduko herrialdeei, eta haren barruan sortzen diren askotariko fenomenoek kultur mailako ezegonkortasuna dakarte. Duela zenbait hamarkadatatik hona, hainbat herrialde ohartu da «planeta mailako ondasun eta kapitalen mugimendu libreak beren kultura nazionala kolokan jartzen» duela (Amezaga, 2018: 57), eta, ondorioz, beren kultura babesteko politikak abiarazi dituzte. Horretaz gain, gogoan izan behar dugu ekoizpen kulturala merkatutik harago doala eta maila eskotako inplikazioak dituela, bai eremu ekonomikoan, baita soziologikoan, identitarioan edo politikoan ere. Amezagaren arabera, egun mundu mailan bizi dugun kultur krisi sakonak inplikazio sozial nabarmenak izango ditu (2018: 58).

Hizkuntza gutxituetatik itzuliriko idazleen lanari erreparatuta, honako hau dio Ramisek: «Los mercados en posición dominante establecen una serie de requisitos a la publicación de autores de mercados dominados que compiten en un mismo territorio» (2013: 103). Izan ere, merkatuak argi erakusten du literatur sistema bakoitzaren jarrera: zer itzul daitekeen, zer lan itzuliko diren, nola egingo den itzulpena eta zer modutara aurkeztuko den (2013: 104). Hizkuntza gutxitu bateko eta hizkuntza nagusiago bateko irakurle kopuruan alde handia izaten da, eta sistema bakoitzean lortzen den oihartzunean ere bai. Azken batean, asimetria egoeran dauden hizkuntzen arteko literatur trukeen joerak truke horietan parte hartzen duten eragileen arteko harremanen araberakoak izango dira. Eta hizkuntzen eta kulturen arteko harreman horiek berebiziko eragina izango dute itzultzeko moduan eta itzulpena aurkezteko moduan (2013: 104).

Euskal literatur lanak eta haien itzulpenak elkarbizitzan

Euskaratik gaztelaniarako literatur itzulpenen fluxua nahikoa aktiboa da, erdaratzen den literaturaren eremuan gaztelania xede hizkuntza nagusia den heinean.12 Gaztelaniarako itzulpenen tipologia askotarikoa izan daiteke, bai nork sortzen duen, bai non plazaratzen den edo zer modutan aurkezten den kontuan hartuz gero. Euskal literatur ekoizpena xehatuko dugu jarraian, bai jatorriz euskaraz sortzen dena eta bai gaztelaniara itzulita plazaratzen dena. Jakina da gaztelaniarako itzulpenen produkzioak Euskal Herritik haragoko zabalkundea duela, edo, behinik behin, balizko irakurleak ez direla Euskal Herrira mugatzen. Dena den, azterketa honetan, euskal eremura mugatuko dugu gure arreta, euskal lanen eta haien itzulpenen arteko elkarbizitzari erreparatu nahi baitiogu.

Euskarazko jatorrizko lanek eta haien gaztelaniarako liburuek eremu geografiko bera partekatzen dute, eta, hortaz, batzuek dituzten salmentek eta arrakastak eragina izango dute besteetan. Alde batetik, elkarren osagarri ere izan daitezke: euskal lan baten gaztelaniarako itzulpenak aukera emango dio haren egileari Euskal Herriko irakurle ez-euskaldunarengana heltzeko. Beste alde batetik, baina, bertsio batek besteari irakurleak lapurtzeko arriskua ere hor izango da, batez ere euskaraz irakurtzera ohituta ez daudenak edo literatura gaztelaniaz irakurtzera ohituago daudenak, bai eta euskaraz alfabetatu gabeko irakurleak ere (Manterola, 2012b: 94).

Irakurketa ohiturei eta euskal kultur produktuen kontsumoari buruzko datu baxuek euskal kultur sistemaren izaera ahula gogorarazten digute. «Potentzialki irits zezakeen populazioaren zati mugatu batengana baino ez dira iristen» euskal kultur produktuak (Amezaga, 2018: 59). Azken berrogei urteetan izan diren aldaketa soziolinguistikoen testuinguruan ulertu behar ditugu datu baxu horiek. Nahiz eta euskararen ezagutza nabarmen hedatu den eskolari esker, horrek ez du bermatu hiztun guztien integrazio kulturala. Euskalduntasuna edo euskaldun izatea definitu izan duten bektoreak (ezagutza, erabilera, nortasuna eta lurraldetasuna) elkarri lotuta agertu izan dira tradizioz, baina elkarrengandik bereiziz doaz orain (Amezaga, 2018: 59), eta euskal hiztunen profil askotarikoak topa ditzakegu.

Irakurleek badute ezaugarri komun bat: guztiak dira eleaniztunak. Euskal Herrian gaur egun ez dago euskaldun elebakarrik, eta, hala, euskal literaturaren hartzaileak gutxienez elebidunak dira. Eta literatura irakurtzeko edo beste edonolako kultur produktuez gozatzeko hizkuntza hautatu beharko dute. Ramisen hitzetan, bizi diren eremuko hizkuntzetan duten hizkuntza gaitasuna izan ohi dute idazleek literatur hizkuntza hautatzeko lehen baldintza (2013:102). Uste hori irakurleak definitzeko baliatuko bagenu, hizkuntz gaitasuna izango litzateke haien kasuan ere baldintza nagusietako bat. Alabaina, faktore garrantzitsuak izango dira honako hauek ere: hizkuntza batean zein bestean eskuragai izango duten eskaintza, irakurketa ohiturak, eta jatorrizko lanak eta itzulitakoak gizartean betetzen duten lekua (hedabideetan, liburutegietan, sare sozialetan eta abarretan).

Eskuragarritasuna, hortaz, hizkuntz gaitasunarekin batera kontuan izateko beste gako bat dugu. Moringek honako hau ondorioztatu zuen hizkuntza gutxituetako komunikabideen kontsumoari buruzko lan batean: komunikabideen eskaintza bi hizkuntzatan parekoa bada, hiztun elebidunez osaturiko komunitateetan hizkuntza gutxituko komunikabideak lehenesten dituzte hiztun elebidunek (Moring, 2007 in Amezaga, 2018: 49-50). Amezagaren ustez, komunikabideen kontsumoa eta kultur produktuen kontsumoa elkarrengandik gertu egon litezke, aldeak alde, eta Moringek komunikabideen kontsumoari loturik aipatzen dituen jokabideak aplikagarriak izan litezke kultur produktuen kontsumoa ulertzeko, eta eskaintza da aztertu beharreko lehen osagaia (Amezaga, 2018: 51). Euskarazko eta gaztelaniazko literatur eskaintza parekaturik ez denez, ez kopuruei erreparatuta, ez eskaintzaren aniztasunari dagokionez, ez liburutegietan edo liburu-dendetan betetzen duten lekuari erreparatuta, bien arteko orekak ekarriko lukeen hautatzeko egoera parekorik ezin sortu, eta, ondorioz, ezin Moringek dioena egiaztatu.

Bertsio bat ala bestea eskuratu eta irakurtzeak konnotazio politiko eta sozial ezberdinak dauzka, eta ez da aukera neutrorik izango: ez da gauza bera menderatzailearen ikuspegia ala menderatuarena hartzea, eta horrek hainbat ondorio dakartza. Honako galdera hauek baliagarriak dira eremu diglosikoan bizi diren hiztun elebidunen irakurketa praktikak aztertzeko. Irakurketa hizkuntza irakurleek hautatzen dute? Edo haien hizkuntz ohiturek baldintzatzen dute irakurketa hizkuntza? Liburu mota guztietarako antzerako hizkuntz ohiturak al dituzte? Atzerriko autoreen lanak euskaraz ala gaztelaniaz ala bietan irakurtzen dituzte? Euskal idazleen liburuak euskaraz irakurtzen dituzte? Eta, gaztelaniaz idazten duten autoreen lanik euskarara itzuli bada, euskaraz ala gaztelaniaz irakurtzen dituzte? Baldintza subjektibo (psikologikoak, emozionalak…) edo subjektibatuen (sozialak, politikoak, hezkuntzari lotuak) arabera egingo da bertsio baten ala bestearen alde (Lagarde, 2001 in Ramis, 2013: 102).

Azter dezagun, jarraian, zer ondorio dituen euskaraz sorturiko literatur lanak eta haien gaztelaniarako itzulpenak Euskal Herrian bertan elkarren ondoan eta elkarrekin lehian bizi beharrak. Errepara diezaiogun, lehenengo eta behin, egiletzari. Euskaratik gaztelaniarako itzulpen bideak aztertzean, identifikatu izan ditugu autoitzulpenak, autorearen eta itzultzailearen artean eginiko kolaboraziozko itzulpenak, bai eta autorearen partaidetzarik gabe beste itzultzaile batzuek eginiko itzulpenak ere, itzulpen alografoak, alegia.13 Orain artean eginiko azterketen arabera (Lopez Gaseni, 2005; Arrula Ruiz, 2018; Manterola, 2011, 2018b), autoitzulpen kopurua nahiko zabala da hizkuntz konbinaketa eta itzulpen norabide horretan, hain zuzen ere euskaratik gaztelaniarako itzulpenen ia erdiak baitira (Manterola, 2021), nahiz eta haien presentzia aldatu egiten den genero batetik bestera.14 Itzulpen mota bakoitzeko itzulpen kopurua nahikoa esanguratsua den heinean, lan horiek jendaurrean aurkezteko bideak ere askotarikoak izaten dira: zenbaitetan, itzulpena ez dago ikusgai, ez paratestuetan, ez liburuak aurkeztean;15 beste batzuetan, liburuan ikusgai egonik ere, hedabideek ez dute itzulpena aipatu ere egiten; badira itzulpena ikusgai egiten duten liburuak ere, eta autorearen parte hartzea nabarmentzen dutenak;16 itzulpena ikusgai egin, eta itzultzailearen izena liburuaren berri ematean nabarmentzen duen kasurik ere bada.17

Uste izan da egileek eurek itzuliriko lanak nahiago dituztela irakurleek. Uste zabaldua da, inondik ere. Pentsaera horrek baldintzatu izan du euskaratik –bai eta gainerako hizkuntza koofizialetatik ere– gaztelaniara eginiko itzulpenak aurkezteko eta haiek publikoari ezagutzera emateko modua. Izan ere, egileak itzulpen prozesuan parte hartu izanaren garrantzia nabarmentzen da sarri itzulpenok aurkeztean. Hala, ohikoa izaten da liburuen paratestuetan idazleak autore modura aurkeztea –(auto)itzulpen opakuak edo ezkutuak–, autoitzultzaile modura –autoitzulpen agerikoen kasuan–, koitzultzaile gisa –beste itzultzaile batzuekin lankidetzan–, edo berrikusle, editore zein kolaboratzaile gisa.

Honenbestez, euskaraz sorturiko jatorrizko lanak eta haien gaztelaniarako itzulpenak elkarrekin lehian ageri dira, izan haien autoreek sortuak, izan autoreek itzultzaile batekin elkarlanean landutakoak, edo izan itzultzaile profesionalek eginak. Irakurleek ba al dute lehentasunik itzulpen modu baten ala bestearen artean? Halako galdera bati erantzuteko, harreraren azterketa bat egitea komeniko litzateke. Geure buruari galde geniezaioke zer nahiago izaten ote duten irakurleek bi bertsioak eskura dituztenean, edo zeren arabera egiten duten bataren ala bestearen alde: irakurtzeko erraztasunari edo hizkuntz gaitasunari ematen diote lehentasuna? Edo lan bakoitzaren egiletzari? Egia esan, egiletzaren pertzepzioa ez da beti bat etortzen errealitatearekin.18 Eta horrek pentsarazten digu bertsio bakoitzaren egiletza ez dela faktore erabakigarria, baina suposizio bat besterik ez da, nahikoa oinarririk ez duena.

Kontsumoan eragin dezakeen beste faktore bat liburuen eskuragarritasuna da. Geure buruari galdetu beharko genioke ea euskarazko liburuak eta haien itzulpenak zer modutan dauden erakusgai liburutegi eta liburu-dendetan. Zer leku hartzen dute euskarazko lanek? Eta zer leku gaztelaniakoek? Euskal Herriko edozein txokotako edozein liburu-dendatara joanda ikusiko dugu irakurleek gaztelaniazko liburu askoz gehiago dituztela eskuragai euskarazkoak baino. Eta eskaintzaren aniztasunean ere bada alderik. Kopuru eta aniztasun desorekatu horren barruan, gainera, liburu bera bi hizkuntzatan izango du eskura irakurleak. Oro har, hizkuntzaka banaturik sailkatu ohi dituzte liburuak, eta, hizkuntza bakoitzaren barruan, gaika edo generoka. Hau da, liburu bat bilatzen hasi aurretik, balizko irakurleek irakurketa hizkuntza aukeratu behar dute lehenengo eta segidan hautatu autorea, izenburu jakin bat edo gaia. Hala, euskarazko eskaintza urriagoa dela kontuan izanda, bilaketa gaztelaniazko eremuan has lezake balizko irakurleak, bilatu nahi duen hori errazago topatuko duelakoan.

Bestalde, ekoizpenari dagokionez, 1980-2023 bitartean euskaratik gaztelaniara eginiko itzulpenen % 58,65 Euskal Herriko argitaletxeren batek argitaratu du, eta haien artean % 59,51 jatorrizko euskarazkoa argitaratu zuen argitaletxe berak argitaratu du itzulpena. Datuok erakusten dutenez, barne merkatuan argitaratzen den itzulpen kopurua nahiko handia da, eta horrek pentsarazten digu itzulpena ez dela derrigor esportatzearen sinonimo. Hausnarketa horretatik abiatuta, gogoeta egin beharko genuke ea baden sistema aldaketarik Euskal Herrian gaztelaniaratzen diren itzulpenak argitaratzean. Euskal Herriko argitaletxeek plazaratzen dituzten itzulpenak ez dira erabat espainiar literatur sistema zentralaren barruan kokatzen; bai, ordea, espainiar prentsara iristen direnak (Montorio, 2007: 70), Zabalaren iritziz.19 Domínguezen arabera (2010: 73), ikuspegi polisistemiko batetik itzulpen intraliterario edo intrasistemikotzat jo beharko lirateke euskal argitaletxeek plazaratzen dituzten gaztelaniarako itzulpenak, sarritan Euskal Herrian besterik ez baitira saltzen. Dena den, banaketa argirik ezin egin, argitalpen horiek irakurleak izan baititzakete jatorrizko eremutik kanpo ere. Gainera, argitaletxe guztiak zaku berean sartzea ez litzateke aproposa. Badira zabalkundea Euskal Herrian besterik egiten ez duten argitaletxeak eta bada beste eremu batzuetara zabaltzeko saiakera argia egiten duenik. Konparazio batera, Bilbon errotutako Consonni argitaletxeak euskaratik gaztelaniara itzuliriko hainbat lan argitaratu ditu, eta han-hemengo liburu azoketan egin izan ditu itzulpenen aurkezpenak, hala nola Bartzelonan, Madrilen edo Guadalajaran (Mexikon).

Aztertzea mereziko lukeen beste hari mutur bat zabalkundeari lotzen zaio, jatorrizkoaren eta itzulpenaren sustapenaren artean alderik ba ote den ikusteko, eta alderik egotekotan eraginik ba ote duen jatorrizkoa eta itzulpena argitaletxe berean argitaratzeak. Interesgarria litzateke aztertzea jatorrizkoa eta itzulpena argitaletxe berean plazaratzen diren kasuetan ea argitaletxeek bi bertsioak merkaturatzen dituztenean biak antzera sustatzen ote dituzten, bi hizkuntzetan sustatzen ote dituzten argitalpenok ala bata hizkuntza batean eta bestea bestean. Berdin azter litezke jatorrizkoa eta itzulpena argitaletxe ezberdinetan argitaratzen diren itzulpenak ere, argitaletxe bakoitzaren sustapen estrategiak parekagarriak ote diren ezagutzeko.

Salmentetan eta, ondorioz, irakurleen ohituretan eragina izan dezakeen beste faktore bat euskarazko jatorrizkoaren eta gaztelaniarako itzulpenaren argitaratze kronologia izan liteke. Gaztelaniazko itzulpena jatorrizkoa argitaratu eta denbora gutxira argitaratzeko joera zabalduz joan da azken urteetan. Adibide soil batzuk hemen: jatorrizkoa argitaratu eta handik gutxira plazaratu ziren Bernardo Atxagaren Paradisuaren kanpoko aldeak (Pamiela, 2023) / Exteriores del paraíso (Cuatro lunas, 2023), Katixa Agirreren Berriz zentauro (Elkar, 2022) / De nuevo Centauro (Tránsito, 2022), eta Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza (Susa, 2021) / La vida anterior de los delfines (Seix Barral, 2022), hiru kasuetan gaztelaniarako itzulpena Euskal Herritik kanporako argitaletxe batek plazaratuta, eta baita Anjel Lertxundiren eta Jon Arretxeren lan berrienak ere, jatorrizkoa eta itzulpena argitaletxe berean argitaratuta: Lertxundiren Gilles de Rais (2020) eta Última función (2021), Alberdanian, eta Arretxeren Musker amarruak (2023) eta Mañas de lagarto (2024), Ereinen.

Ikuspegi kuantitatibotik begiratuta, ekoizpen datu berrienetan ere antzerako joera gailentzen da: 2023an, gaztelaniaratutako 31 lan argitaratu ziren, eta haietatik 10 jatorrizkoaren urte berean argitaratu ziren, 4 urtebete beranduago, 7 bi urteko tartearekin, 4 hiru urteko tartearekin eta 3 lau urteko tartearekin, eta bana zortzi, bederatzi eta hamabost urte beranduago. Hau da, 31tik 28 azken bost urteetan argitaratutako euskal lanen itzulpenak izan dira.

Pentsa liteke euskal literaturak elebitasunerako joera hartu duela, jatorrizkoa argitaratu orduko edo argitaratu aurretik itzulpenean pentsatzen ari bagara dagoeneko (Manterola, 2012b: 96). Komeniko litzateke aldiberekotasun horri buruz sakon hausnartzea: ulertzekoa da ahalik eta lasterren eta ahalik eta jende gehiagorengana iritsi nahi izatea, baina gogoan izan beharko genuke jatorrizko literatur sistemaren eta hizkuntzaren beraren egoera ez direla normalduak eta erabat finkatuak. Hori horrela izanik, itzulpena eta jatorrizkoa bi-biak aldi berean argitaratzeak zer-nolako ondorioak dakartzan ikusi beharko genuke, zenbateraino egiten dion mesede jatorrizko lanari eta zenbateraino egiten dion kalte. Grutmanek aipaturiko ahobiko arma mesederako ala kalterako ote den.

Literatur lanen salmentetan eta lortuko duten oihartzunean berebiziko eragina dute hedabideek. Lan argitaratu berriei buruzko albisteak, idazleei eginiko elkarrizketak zein kritikariek idatzitako erreseinak plazaratzeak laguntzen du literatur lana ezagutarazten. Ildo horretan, idazlea eta argitaratutako lana aurkezteko moduak eta lekuak jatorrizko literaturaren eta xede literaturaren harremanaren erakusgarri izan ohi dira. Euskarazko literatur lanen argitalpenaren berri jaso ohi dute euskarazko hedabideek eta baita Euskal Herriko gaztelaniazko zenbait hedabidek ere. Era berean, gaztelaniarako itzulpenen berri ematen dute Euskal Herriko gaztelaniazko hedabideek, eta, kasu batzuetan, baita estatu mailakoek (argitaletxe entzutetsuetako argitalpenek, izatekotan) eta euskaraz diharduten hedabideek ere. Bakoitzak jatorrizko euskal lanei eta haien itzulpenei eskainitako arreta zer-nolakoa izan den xehe aztertzea komeniko litzateke irakurleengan duten eragina neurtze aldera.

Euskal lanen itzulpenei buruzko promozioari dagokionez, liburuen kredituetan itzulpena agerikoa izan edo ez, itzulpena bera aipatu ere ez da egiten zenbaitetan itzulpen plazaratu berriak aurkeztean, ezta hedabideetan ematen diren albisteetan ere, eta horrek gorago aipatu dugun nagusitasun joera indartzen du: gaztelaniazko literatura barruko eragile bihurtzen dira euskal idazleak eta euskal lanak. Badira beste joera batzuk ere, itzulpena ageriko egiten dutenak. Euskal Herriko hedabideetan azken urteetan ikusiriko bi joera aipatuko ditugu segidan: lehenengo eta behin, euskarazko jatorrizko lanak argitaratzen direnean, ohikoa izaten da gaztelaniarako balizko itzulpenari ere erreferentzia egitea. Badirudi iragartzen den euskarazko lan horren balio literarioa azpimarratzeko beharrezkoa dela gaztelaniara itzultzea, eta promoziorako amu ere bihur daiteke itzulpena aipatzea bera. Bigarren joera gaztelaniarako itzulpena argitaratzen den uneari dagokio; hain zuzen ere, autoreak itzulpen prozesuan izan duen parte hartzea azpimarratu nahi izaten da itzulpena aurkezten denean. Joera horien pare bat adibide aipatuko ditugu segidan.

Lehenengo joera ilustratzeko, Kirmen Uriberen Mussche (2012) eleberria aipatuko dugu. Euskarazko jatorrizko argitalpenari buruz Uriberi egin zioten elkarrizketa batean, gaztelaniarako itzulpenari buruzko datuak ezagutarazi zituzten, hala nola zer izenburu izango zuen gaztelaniaz, noiz argitaratuko zen eta zer argitaletxetan (Manterola, 2014: 198).

Bigarren joerari dagokionez, gaztelaniarako itzulpenean autoreak parte hartu duela jakinarazteari dagokionez, berdin-berdin topa daiteke autorea itzulpenaren edo berrikuspenaren arduradun modura ageri denean paratestuetan zein autorearen partaidetzarik erakusten ez denetan. Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? / ¿La poesía está muerta? antologia aipatuko dugu lehen kasuaren adibide modura. Poesia bilduma elebidun horren paratestuetan esaten denez, gaztelaniarako itzulpena Joseba Sarrionandiak berak egin zuen, eta liburuaren edizioa, Eva Linazasorok. Antologiaren aurkezpenean, Linazasorok adierazi zuen autoreak itzuli eta hautatu zituela poemak, baita liburuko hitzaurrea idatzi ere. Edizio lanean, berak pasarte batzuk landu, koherentzia eman, ohar estilistikoak egin edo alternatibak proposatu zizkion idazleari. Linazasororen hitzetan, Sarrionandiak izan du beti azken hitza. Idazleak ontzat ematea zein garrantzitsua den erakusten digu testigantza horrek (Manterola, 2018a: 108). Bestalde, Ramon Saizarbitoriaren La educación de Lili (Lili eta biok eleberriaren itzulpena) itzulpen alografo gisa aurkezten zaigu: liburuaren kredituetan, Fundación Eguia Careaga eta Helena Sotelo Iglesias ageri dira itzulpenaren egile, hain zuzen ere. Gaztelaniarako itzulpena aurkeztu zen egunean, azaldu zuten autorearen ekarpenak ere jasotzen dituela itzulpenak (Andrés, 2016), eta honako hau zehaztu zuen Saizarbitoriak: «Una traducción bastante literal del texto en euskera sobre el que yo puse las patas, pero la verdad es que es muy fiel al original, hay muy poca adaptación» (Andrés, 2016). Liburuan bertan autorea itzulpenaren egile ageri ez den arren, prozesuan parte hartu zuela bistaratu nahi izan zen jendaurreko aurkezpenean.

Idazleen arteko topaketei edo jendaurreko aurkezpenei erreparatuta, guztiz logikoa da euskal idazleak Euskal Herritik kanpora joatean gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo beste hizkuntzaren batean aritzea, nahiz eta zenbaitetan euskaraz ere aritzen diren. Eta Euskal Herriko topaketa eta ekitaldietan? Kanpoko eragileekin batera parte hartuz gero mahai-inguru batean, esaterako, interpretazioa erabilita euskaraz aritzeko aukera izaten bada ere zenbaitetan, gaztelaniaz aritzen dira beste batzuetan zuzenean. Mahai-inguruko parte-hartzaileak nola aurkezten diren bada erreparatzeko auzi. Hona hemen adibide bat: 2024ko Nafarroako IV. liburu-azokan, Katixa Agirrek eta Iban Zalduak gaztelaniazko mahai-inguru batean20 parte hartu zuten, Matías Escalera idazle madrildarrarekin batera, eta gaztelaniazko egileak balira bezala agertu ziren programan, De nuevo centauro (Tránsito) eta A escondidas (Páginas de Espuma) lanen egile gisa.21

Amaitu aurretik, azken hitz batzuk esan nahi genituzke gaztelaniara itzuli den euskal literaturaren harrerari buruz. Egia esan, liburuek izan duten harrerari buruzko azterlan konkreturik ezean, eta euskaratik gaztelaniara itzuliriko literaturari buruzko irakurketari buruzko datu kuantitatibo konkreturik ez dugunez, irakurleen pertzepzioa ezagutu nahi izatea nahikoa arriskutsua izan daiteke, eta gure irudipenetara lerratutako interpretazioak egitera irits gaitezke. Dena den, iruzkin txiki bat egin nahiko genuke eskura ditugun datu eta gogoetetan oinarrituta.

2023ko udazkenean Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak arrangura adierazi zuen 31 eskutik blogean zenbait lagun euskaldunek euskal idazleen lanen gaztelaniarako itzulpenak gomendatu zizkiotelako, jatorrizko lanen ordez. Galdera egiten zion bere buruari eta, bide batez, irakurleoi, ea itzulpenen ikusezintasuna izango ote zen euskal literatura inbisibilizatzen zuena. Diez de Ultzurrunek aipaturiko liburu guztietan, agerikoa zen itzulpenak zirela.22 Hortaz, ageriko itzulpenak izanagatik irakurleak jabetu ez badira itzulpenak direnik, guztiek argi eta garbi erakusten badute ere euskaratik gaztelaniara itzuliriko liburuak direla, ezin esan itzulpenok itzulpentzat saltzen ez direnik. Besterik da irakurleak, liburu-saltzaileak, liburuzainak, literatur irakasleak zenbateraino erreparatzen ote dion informazio horri, ez ote diren haiek euskal liburuen inbisibilizaziorako joera bultzatzen dutenak. Euskarazko jatorrizkoa eta gaztelaniarako itzulpena bi-biak eskura ditugu irakurleok Euskal Herriko liburu-dendetan zein liburutegietan, eta, bata ala bestea zein hautatu, hortxe dago gakoa. Amezagak esan bezala (2018), euskararen jabekuntza bideak zeresana badu hiztunek hizkuntza bateko edo besteko produktuak kontsumitzean, euskaldun zaharrek euskaldun berriek baino gehiago irakurtzen badute euskaraz, jabekuntza bideak kontuan izanda euskarazko lanak euskaraz irakurtzea sustatuko duten politikak garatzea ezinbestekoa izango da kultur ekosistema osasuntsu bat bultzatzeko.

Diez de Ultzurrunek planteatzen duen bigarren auzia testuen eskuragarritasunari lotuta zegoen: euskaraz baizik ez dauden –edo behinik behin gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden– irakurgaiak eta edukiak behar ditugula iradoki zuen, hiztunek euskaraz irakurriko badute. Lagunduko ote luke horrek egoera iraultzen? Egia esan, entzute handiko lanek besterik ez lituzkete ekarriko euskaraz irakurtzera gaztelaniaz egonez gero gaztelaniazkoa lehenetsiko luketen irakurleak. Halako kasuak orokortzea zail ikusten dugu geuk. Euskal lanen zabalkundea lortzeko eta irakurleak erakartzeko derrigor behar duguna kultur estrategia sendo bat da, hiztunak euskal lanak irakurtzera bultzatuko dituena eta euskaldunen artean euskarazko kultur produktuen kontsumoa sustatuko duena, betiere honako alderdi hauek gogoan izanda: batetik, euskal hiztun osoaren profila garatzea –bai hiztunen hizkuntz gaitasunari dagokionez, bai kultur integrazioari begira–, euskal lanak jatorrizko hizkuntzan irakurriak izan daitezen; bestetik, hizkuntza gutxituan eskuragarri izango den kultur eskaintza hobetzea, hizkuntza nagusiekiko distantzia txikiagoa izan dadin eta eskaintza erakargarria eskura izan dezaten irakurleek. Jakina, ezin ukatuzko errealitateari bizkarrik eman gabe: ikuspegi kuantitatibotik, irakurle kopuru potentzial mugatua du euskarak. Sotok dioen modura (2023), euskarazko «supersalmentek» (Miñan eta Eraikuntzarako materiala aipatzen ditu Sotok) ezin dituzte saldu dituzten baino askoz liburu gehiago saldu: «Gure mugak ez dira soilik politikoak eta kulturalak, fisikoak eta demografikoak ere badira». Mendekotasun kulturalaz eta botere asimetriaz gain, «eskalaren auzia» ere kontuan izan behar baita.

Hondar hitzak

Gaur-gaurkoz, euskaratik gaztelaniara itzuliriko literatur lanak plazaratzeak irakurle berriak izateko aukera eskaintzen die euskal lanei, bai eta itzulia izateak euskarazko lanaren zabalkundeari bultzada ematea ere. Hizkuntza gutxitu batean sorturiko literaturak bere kalitatearen neurgailu ere jotzen du sarri itzulpena, eta bere buruaren biziraupenerako gako ere izan daiteke. Euskarazko jatorrizko liburua eta gaztelaniazko itzulpena irakurle berak izateko lehian egotea jatorrizkoaren kalterako izan daiteke, hizkuntzaren egoera diglosikoa dela eta. Egoera asimetrikoan dauden bi hizkuntzaren arteko bizikidetza eremu baten testuinguruan kokatu behar da euskaratik gaztelaniarako itzulpen literarioa; azken batean, komunitate elebidun horretan, desoreka nabarmena dago eremu geografiko bera partekatzen duten bi hizkuntzen artean. Ramisen hitzak gurera ekarriz, euskaratik gaztelaniarako literatur itzulpenera egokituta, zaila izaten da ukipenean dauden bi sistema literariok bere lekua topatzea, hain gertuko eta hain urruneko izanik aldi berean, egoeraren arabera, lagun min edo elkarren etsai (Ramis, 2013: 109).

Euskal literaturaren eta haren gaztelaniarako itzulpenaren harrerara gerturatzeko saiakera bat egin nahi izan dugu idatzi honen bitartez. Merkatu azterketa sakona beharko genuke, besteak beste tiradei, salmentei eta liburutegietako maileguei buruzko datu xehatuak emango dituena, jatorrizko eta itzulitako lanak noraino erosten eta irakurtzen diren jakiteko. Azterketa osatu bat eskaintzeko datu horiek lortzea, baina, ez litzateke erraza izango. Publikoaren artean harreraren azterketa bat ere egin liteke; horretarako, baina, aztertu nahi dugun irakurle motaren lagin adierazgarri bat diseinatu beharko litzateke lehenengo, eta, horretarako, kontuan izan beharko lirateke gure errealitate linguistiko konplexua eta kultur sistemen arteko harreman hierarkizatuak. Azterketa hau osatzeko, kontrako norabideko liburuen azterketa bat ere egin liteke. Gaztelaniatik euskarara zer itzultzen den, nork itzultzen duen, itzulpenok nola aurkezten diren eta abar behatuz –infraitzulpenak aztertuta, alegia–, aukera izango genuke bi norabidetako itzulpen trukeen ezaugarriak ezagutu eta alderatzeko, eta hizkuntza bakoitzeko literatur ekoizpenaren arteko hierarkietan eta harremanen dinamiketan sakontzeko.23 Aurrera begira datu osatuagoak lortzeko saiakera posibleak izan litezke hemen aipaturiko hauek.

Hizkuntza gutxitu batetik hizkuntza nagusiago batera eginiko itzulpenen bitartez irakurlegoa zabaltzea eta areagotzea izaten da supraitzulpenen asmo nagusi. Izan bedi hori geure buruari jarriko diogun helburua, eta ez bitez jatorrizko hizkuntzako hiztunak jatorrizko lanak irakurtzea atzenduko dituen artefaktu bilakatu. Bide horretan, kultur estrategia sendo bat garatzeko indarrak bildu beharko ditugu, euskal literatura bera indartu eta euskarazko lanen irakurleak areagotzeko.

 

Bibliografia

Amezaga, Josu (2018). «Euskarazko kulturaren kontsumoa ulertu nahirik», Jakin 226, 39-64.

Andrés, Juan G. (2016). «Ramon Saizarbitoria: “Es un error sentirse culpable por lo que hicieron nuestros abuelos”» Deia (2016/11/19).

Anselmi, Simona. (2012). On Self-translation: An Exploration in Self-translators’ Teloi and Strategies, Milan: LED.

Apter, Emily (2006). The Translation Zone: A New Comparative Literature, Princeton: Princeton University Press.

Arrula Ruiz, Garazi (2018). Autoitzulpenaren teoria eta praktika. Euskaratik erdaratutako literatura-lanak oinarri hartuta, Bilbo: UPV/EHU.

Arrula Ruiz, Garazi eta Manterola Agirrezabalaga, Elizabete (2019). «No a la autotraducción. Razones para renunciar a la traducción de obra propia en el contexto de las relaciones asimétricas entre el castellano y el euskera», in Lila Bujaldón de Esteves et al. (arg.), Literary Self-Translation in Hispanophone Contexts - La autotraducción literaria en contextos de habla hispana, London: Palgrave-Macmillan, 241-265.

Castro, Olga; Mainer, Sergi eta Page, Svetlana (arg.) (2017). Self-Translation and Power: Negotiating Identities In European Multilingual Contexts: Palgrave Macmillan.

Conecta. (2023). Informe de resultados. Hábitos de lectura y compra de libros en España 2022.

Dasilva, Xosé Manuel (2009). «Autotraducirse en Galicia: ¿bilingüismo o diglosia?», Quaderns. Revista de traducció 16, 143-156.

——— (2011). «La autotraducción transparente y la autotraducción opaca», in Xosé Manuel Dasilva eta Helena Tanqueiro (arg.), Aproximaciones a la autotraducción, Vigo: Academia del Hispanismo, 45-67.

Domínguez, Mónica (2010). «Fenómenos de traducción frecuentes entre literaturas de una misma comunidad interliteraria específica», in Enric Gallén, Francisco Lafarga eta Luis Pegenaute (arg.), Traducción y autotraducción en las literaturas ibéricas, Berna: Peter Lang, 61-76.

Diez De Ultzurrun, Itziar (2023). «Supraitzulpenak direla eta», 31 eskutik.

Ďurišin, Dionyz (1993). Communautés interlittéraires spécifiques, Bratislava: Académie Slovaque des Sciences.

Etxeberria, Hasier (2002). Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan, Irun: Alberdania.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila (2023). VII. Inkesta Soziolinguistikoa 2021. Euskal Autonomia Erkidegoa. Laburpen txostena.

Eusko Jaurlaritza (d.g.). Euskadiko Kultura eta Sormen Industriak – hasiera orria.

Even-Zohar, Itamar (1990). «Polysystem Studies», Poetics Today 11-1.

García De Toro, Cristina (2009). La traducción entre lenguas en contacto: catalán y español, Berna: Peter Lang.

Grutman, Rainier (2009). «La autotraducción en la galaxia de las lenguas», Quaderns. Revista de traducció, 16, 123-134.

——— (2011). «Diglosia y autotraducción ‘vertical’ (en y fuera de España)», in Xosé Manuel Dasilva eta Helena Tanqueiro (arg.), Aproximaciones a la autotraducción, Vigo: Academia del Hispanismo, 69-91.

——— (2017). «Babel in (Spite of) Belgium: Patterns of Self-Translation in a Bilingual Country», in Olga Castro, Sergi Mainer eta Svetlana Page (arg.), Self-Translation and Power. Negotiating Identities in European Multilingual Contexts, London: Palgrave Macmillan, 25-49.

IVAP (2010). Soziolinguistika hiztegia, Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Iztueta, Ibai (2016). «Cultura vasca vs Euskal kultura (?!)», Jakin 215-216, 11-28. .

Lambert, Jose (1999). «Aproximaciones sistémicas y la literatura en las sociedades multiculturales», in M. Iglesias (arg.) Teoría de los polisistemas, Madrid: Arco/Libros, 53-70.

Landa, Juan Luis eta Muñoz, Joxean (2023). Irati, Donostia: Erein.

Lertxundi, Anjel (2016). «Anjel Lertxundirekin solasean», 2016ko martxoaren 11.

Lopez Gaseni, Manu (2005). Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan, Donostia: Utriusque Vasconiae.

Manterola, Elizabete (2011). «La autotraducción en la literatura vasca», in Xosé Manuel Dasilva eta Helena Tanqueiro (arg.), Aproximaciones a la autotraducción, Vigo: Academia del Hispanismo, 111-140.

——— (2012a). Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa, Bilbo: UPV/EHU.

——— (2012b). «Euskaratik gaztelaniarako literatur itzulpena», in Fernando García Murga eta Nerea Madariaga (arg.) Hitzen artean. Axun Aierbe gogoan. Bilbo: UEU, 83-102.

——— (2014). «Una mirada hacia la traducción literaria del euskera al castellano», Hermeneus 16, 177-208.

——— (2016) «Traducción literaria en el País Vasco», in Iolanda Galanes, Ana Luna, Silvia Montero eta Áurea Fernández (arg.), La traducción literaria. Nuevas investigaciones, Granada: Comares, 177-203.

——— (2018a). «Self-translation from a diglossic perspective. The reality of the Basque Country». Testo e Senso, 19.

——— (2018b) «Evolución de la faceta (auto)traductora o de autor traducido. La casuística vasca actual». eHumanista/IVITRA – Journal of Iberian Studies 13, 100-115.

——— (2021). «Euskal literatura itzuliari buruzko gogoeta». In Ayerbe, Mikel (ed.) Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak, 65-95. Bilbo: UPV/EHU.

——— (2023). «Literary Translation from Basque: A Study of Contemporary Translation Flows». Skase Journal of Translation and Interpretation 16-2.

——— (prentsan). «Los flujos de traducción en la literatura vasca a principios de siglo», in Ana Luna eta Patricia Buján (arg.), La traducción editorial en el espacio ibérico. Discursos de principios de siglo. Granada: Comares.

Montorio, Bego (2007). «Euskal literatura gaztelaniaz. Itzulpena, autoitzulpena, bertsioak…». Senez 32, 69-80.

Parcerisas, Francesc (2009). «De l’asymétrie au degré zéro de l’autotraduction», Quaderns. Revista de traducció 16, 117–122.

Pratt, Mary Louise (1991). «Arts of the Contact Zone», Profession: 33-40.

Ramis, Josep Miquel (2013). «La autotraducción y el difícil encaje de sistemas literarios en contacto». Eu-topias 5, 99-111.

Rodríguez Vega, Rexina (2018). «Autotraducción y biliterariedad en el espacio ibérico. El caso gallego», Quaderns. Revista de traducció 25, 133-142.

Simon, Sherry (1989). L’inscription sociale de la traduction au Québec. Québec: Gouvernement du Québec, Office de la langue française.

Soto, Iñaki (2023). «Kultur gertakariak eraikitzeko materiala», Naiz, 2023-02-25.

Tymoczko, Maria eta Gentzler, Edwin (arg.) (2002). Translation and Power, Amherst: University of Massachusetts Press.

Ugarte, Itziar (2024). «Beherantz doaz salmentak», Berria 2024-03-27, 22. or.

Whyte, Christopher (2002). «Against Self-Translation», Translation and Literature 11-1, 64-71.

Zubiri Esnaola, Harkaitz (2013). «Euskal literaturaren irakurleak zenbat eta nolakoak diren aztergai. Soziolinguistikako datuetatik eta irakurketa-ohiturei buruzko ikerketetatik abiatuta», Uztaro 87, 51-68.


Oharrak

1. Honako ikerlan hau TRALIMA/ITZULIK ikerketa-taldearen jardueren barruan kokatzen da. UPV/EHUk babestutako taldea da TRALIMA/ITZULIK (GIU21-060).

2. Gianfranco Folenak proposatutako itzulpen horizontal eta bertikalak abiapuntu hartuta, Sherry Simonek (1989: 9) supraitzulpena (goranzko norabidean egiten dena) eta infraitzulpena (beheranzko norabidean egiten dena) bereizi zituen itzulpen bertikalen barruan. Ildo beretik, autoitzulpenak aztertzean, autoitzulpen bertikalak supraautoitzulpen edo infraautoitzulpen modura sailkatzen ditu Grutmanek (2011). Supraautoitzulpenak hizkuntza ahuletik nagusiagorako norabidean egiten dira, eta infraautoitzulpenak, aldiz, hizkuntza nagusitik ahulenera. Simonen eta Grutmanen bidetik, guk ere baliagarri ditugu izendapenok euskal itzulpengintzaren eremuan.

3. 2024ko maiatzaren 2an eginiko bilaketaren arabera.

4. Juan Luis Landak eta Joxean Muñozek sortutako Irati komikiari dagokio autoitzulpen hori. Jatorriz gaztelaniaz sorturiko bilduma bat du abiapuntu gero euskaraz argitaratu zen bildumak. 2023an, Ereinek bi hizkuntzatan argitaratu du komikia, liburu banatan, baina paratestuetan ez da garbi esaten azken bilduma horretan zer norabidetan egin den itzulpena (ikus Landa eta Muñoz, 2023). Bi hizkuntzatan argitaratzearen konplexutasunaren adierazgarri dugu honako komiki hau.

5. 2020ra arteko datuak kontuan izanik, eta euskaratik gaztelaniarako hizkuntz norabidean, informazio garbirik erakusten ez duten itzulpenen ehunekoa % 15 ingurukoa da (Manterola, 2021).

6. Hiru autore aipatzen dira azterketa horretan (Arrula Ruiz eta Manterola, 2019): Joxe Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia. Euskal iruditeria indartzeko borondatea erakusten du Azurmendik, hizkuntza indartzeko saiakeraz harago. Ez du itzulpena arbuiatzen, baina bai bere lanak sistematikoki itzultzea. Lertxundik, berriz, honako hau dio: «Itzulgarriekin bakarrik ez du funtzionatzen literaturak, etxerako pro domo bakarrik diren obrak ere behar ditugu. Eta zeintzuk diren horiek? Zure hizkuntzaren beraren baitakoak direnak» (Lertxundi, 2016). Sarrionandiak, aldiz, aipatzen du euskal literatura espainolaren apendizea besterik ez izatera eramango duela gaztelaniarako berehalako etengabeko itzulpenak (Etxeberria, 2002: 333). Sarrionandiaren adierazpenok duela hogei urtekoak dira, eta ordudanik izan da aldaketarik haren lanen itzulpenari begira; izan ere, haren lanak nahikoa modu sistematikoan itzuli dira gaztelaniara azken urteetan.

7. Txosten horretan ez da Nafarroako irakurle euskaldunen irakurketa lehentasunen daturik jaso.

8. Izan ere, Even-Zoharrek (1990) aipaturiko literatur sistemetan parte hartzen duten eragileei erreparatuta (idazlea, irakurlea, erakundea, produktua, merkatua eta errepertorioa), ikus daiteke guztiak direla eleaniztunak (ikus Manterola, 2012a: 13-17).

9. «[…] en el interior de las literaturas, como en las actividades cotidianas, sus miembros combinan los diferentes sistemas y sub-sistemas entre sí. Esto explica que tantas literaturas en las sociedades multilingües sean en realidad sistemas incompletos» (Lambert, 1999: 68).

10. Modalitate horiek ez dira guztiz paraleloak, alabaina. Euskaraz, lau modalitate daude (euskarazko literatura, euskarazko haur eta gazte literatura, euskarazko literatur itzulpena eta euskarazko saiakera); gaztelaniaz, aldiz bi (gaztelaniazko literatura eta gaztelaniazko saiakera). Zazpigarren modalitate batek literatur lanen ilustrazioak saritzen ditu, izan euskarazko liburuenak, izan gaztelaniazkoenak.

11. Kulturaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, 2019an, Kultura eta Sormen Industriak EAEko enpresen % 10,25 osatzen du, eta guztizko enpleguen % 5,29 (Eusko Jaurlaritza, d.g.).

12. Azken datuen arabera, erdaratutako euskal lanen % 46,39k gaztelania du xede hizkuntza (Manterola, 2021: 77).

13. Inoiz bere burua autoitzuli duten egileen kopurua inoiz bere lanik itzuli ez duten idazleen kopuruaren bikoitza da (Manterola, 2018b: 11). Dena den, askotariko profilak topa daitezke autoitzultzaileen artean; izan ere, euren lanak modu sistematikoan itzultzen dituzten egileez gain, lanen bat edo beste noizbehinka itzuli duten egileak ere badira.

14. Esaterako, autoitzulpen gehiago egiten dira HGL liburuetan helduentzako narratiban baino, eta azken horretan gehiago dira itzulpen alografoak (Manterola, 2021: 79).

15. Esaterako, 2024an Destino argitaletxeak argitaratutako Amor capital, euskarazko Maitasun kapitala eleberriaren itzulpenak, ez du ez itzultzailearen izenik ez jatorrizko liburuaren izenik aipatzen liburuko paratestuetan.

16. Atal honetan bertan aurrerago aipatuko dugu halako kasuen adibiderik.

17. Itzulpen alografoa ikusgai egiten duten kasuen erakusgarri ditugu azkenaldian euskaraz zein gaztelaniaz sona izan duten liburu zenbait, hala nola Miñan, Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek sinatua, gaztelaniara Hermanito izenburupean Ander Izagirrek itzulia, eta Katixa Agirreren Berriz zentauro, Aixa de la Cruzek De nuevo Centauro izenburupean gaztelaniara itzulia.

18. Itziar Diez de Ultzurrunek 31 eskutik blogeko «Supraitzulpenak direla eta» sarreran aipatu moduan.

19. Hona hemen duela zenbait urte Harkaitz Canok gai horri buruz eginiko gogoeta interesgarri bat: «Badago halako eskizofrenia bat: Algak ateratzen badu, “euskal gauzak” dioen eremuan dago; aldiz, autore berak liburu bera Seix Barralen ateraz gero, Espainiako literaturaren apaletan egongo da. Beraz, ikuspegi komertziala da irizpidea, marka. Kontuan hartu behar da hemen mimatuak gaudela, oihartzun minimo bat badugula. Hemendik kanpo, ez badaukazu beste berme bat (izen-abizenekin esanda: Espainiako Sari Nazionala), konplikatua da ateratzea» (Montorio, 2007: 70-71).

20. Mahai-inguruaren izena Otros relatos, otras miradas: la creación de mundos mediante la ciencia ficción izan zen.

21. Amaia Apalauzari zor diot datu hori artikuluan txertatzeko iradokizuna.

22. Haietako hiru itzulpen alografoak ziren, eta bat autoitzulpena: Kirmen Uriberen Mussche eleberriaren gaztelaniarako itzulpena, Seix Barralek argitaratua Lo que mueve el mundo izenburupean, Gerardo Markuletak itzulia; Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren gaztelaniazko bertsioa, Hermanito izenburua daramana eta Ander Izagirrek itzulia, Blackie Books-ek plazaratua; Reverso. Testimonios de mujeres bertsolaris saiakera, Reikiavik-ek kaleratua, Uxue Alberdik idatzia eta Miren Iriartek itzulia; eta Katixa Agirreren Las madres no, Agirrek berak itzulia, kredituetan argi esaten denez.

23. Adibide soil batekin irudikatuko dugu norabide horretan ere sortzen den nahasmendua. Amaia Apalauzari zor diot honen berri eman izana. Julia Itoizek Amets egiten duen basoa aurkeztu zuen, 2024ko ekainean, Iruñeko liburu azokan, eta, haren berri ematean (programan, kultur agendetan, hedabideetan), euskaraz aipatu zen liburuaren izena, nahiz eta liburua jatorriz gaztelaniaz sortua eta Aroa Uhartek euskaratua izan.