Euskal idazle bizidunak itzultzeaz: Uxue Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' itzultzeak zer irakatsi didan
Euskal idazle bizi eta elebidun bat itzuli beharrak (gero eta sarriago gertatzen den zerbait) idazlearen eta itzultzailearen arteko lankidetza-fase bat ekarri ohi du, hainbat gradu izan dezakeena. Artikulu honen egileak Uxue Apaolazaren 'Bihurguneko nasa'-ren gaztelaniazko itzulpena nola landu zuen kontatzen du, adibide bat edo beste emanez.
Itzulpen bat ez dago amaituta entregatzen den arte. Are, orduan ere ez dagoke amaituta guztiz, ordurako argitaletxearen eskutan dagoen arren, arduraz jokatzen bada testua oraindik argitaletxeko zuzentzaileak ikuskatu eta, kasurik onenean, zuzendu beharko dituelako bidean utzitako akats dagoeneko ikusezinak. Batzuetan, fase horren ostean ere itzulian datorkio testua itzultzaileari, funtsean hark apaltasuna ikas dezan nire ustez.
Gauzak hala, logikoa da itzultzaileak bere lanaren behin-behinekotasun sentipena izatea. Edozer testuk, edozer esaldik, hamaika bertsio onartzen ditu, eta handiuste hutsa dirudi norberak aukeratu duen hori guztietan onena edo, are, posible den bakarra dela sinesteak. Halere, itzultzaileak disimulatu ohi du, irakurleen aurrean (irakurleekin topatzeko izan ditzakeen aukera bakanetan, dela zuzenean, dela zeharka, hala nola elkarrizketa edo mahai-inguruetan) eta batez ere itzuli beharreko egilearen aurrean, hura bizirik badago eta itzultzailearekin traturik badu. Azken bi gauza horiek, egile bizidun eta gertukoak itzuli beharra, oso gertagarria zaio euskal itzultzaileen batezbestekoari, gure erdaretako batekin lan eginez gero behintzat. Diglosiak jotako gure gizarte honetan, halako itzultzaileon diru-iturri ez txikia euskal idazleek beren elebitasun osoarekiko izan ohi duten konfiantza faltan (eta baita itzulpena lan minorra eta subalternoa delako ustean ere?) oinarritzen da. Hortaz, itzultzaileoi dagokigu, hitzarmenez ez bada konbentzioz bai behintzat, ziurtasun handiaren erakustaldia egitea munduaren aurrean.
Neurri batean, esan genezake idazleei konfiantza emateagatik kobratzen dugula itzultzaileok, oker gaudela esateko, egileek buruan zuten (edo gaztelaniaz idaztera edukiko luketen) hitz edo adierazpide zehatzarekin asmatu ez dugula esateko konfiantza eragiteagatik, gaztelania (ona) badakitelako sentipena berreskurarazteagatik; hargatik, nire itzulpen-eskarmentuan ez da betetzen Nuria Barriosek La impostora. Cuaderno de traducción de una escritora saiakeran (Páginas de espuma, 2022) itzulpenaz ematen dituen definizioetako bat: «Itzultzea solasaldi ireki bat da, testuarekin hasten dena, obra editatu aurretik zuzentzailearekin amaitu eta irakurleekin berriro irekitzen dena». Euskal itzultzaileok (ez denek eta ez beti, baina aipatzeko moduko ehuneko esanguratsu batek bai behintzat) obraren egilearekiko interlokuzioa ere gehitu beharko genioke solasaldi ireki horri. Niri, gaztelaniara itzuli ditudan liburuetan, esango nuke inoiz ez zaidala gertatu itzulpena euskal idazlearen eskutik pasatu gabe argitaletxera zuzenean bidaltzea.1
Ondorioz, hobe genuke, autoitzulpen ez diren euskaratik egindako itzulpenetan ere, egilearen papera guztiz aterako ez bagenu ekuaziotik, berez gutxitan egoten delako guztiz kanpo.
Itzulpen oro da proposamena
Ez dakit nirekin lan egindako guztiak emaitzarekin pozik egonen ote diren, baina ez dut uste itzultzaile temati, egoskor eta zurruna naizela esan dezaketenik. Egindakoa entregatzean, nirekin lehenago aritu ez badira, saiatzen naiz konbentzitzen nireak proposamen hutsak direla, ez naizela suminduko tonua erdietsi ez dudala esaten bazait, edo nahi beste gauza aldatu nahi baditu, nik gaztelaniaz hori gaizki esanda dagoela uste ez badut behintzat edozein aldaketa onartzeko prest bainago, hasieran. Ez da beti ongi ateratzen, agian idazleek ez nautelako beti sinesten, baina nik egiten diedan lankidetzarako proposamena zintzoa izaten da beti.
Lankidetza boluntario horren xede nagusia tonuarekin asmatzea izaten da. Ez dut esan nahi euskaraz idatzitako obra baten egile elebidunaren gaztelaniazko backgroundak edo berak buruan duen irakurle inplizituak nireekin bat egin behar dutenik, ezta nire gaztelaniazko aurrekariak edo nik obra horri irudikatzen diodan irakurle-eredua inposatu edo abandonatu behar dudanik. Eremu horretan lehia bat egoten da bi ikuspegi linguistikoen artean, bi idiolektoen artean. Egilearena iritzi autoritateduna da, baina ez diot horregatik arrazoia automatikoki esleitzen. Zer egin egileak esaten badizu berak jatorrizkoan osatzeko bidean irudikatu duen zaurirako ez diela egoki irizten restañar edo cauterizar aditzei? Baliteke asmatu eta niri (eta batez ere testuari) prosa purpuran erortzeaz libratu izana. Edo baliteke (testuinguru horretan) curar edo sanar baino zerbait goragoa beharrezkoa izatea, eta egileak bere egunerokoan erabiltzen (eta beharbada ezagutu ere egiten) ez dituen hitzak sartzeari beldurra izatea. Edonola ere, sinetsita nago eztabaidak beti on ekartzen diola azken emaitzari. Negoziazioa ez da bide bakarra, baina bai urrunenera daramana. Berez, itzultzailea bera aritu ohi da bere buruarekin lehian; horregatik, ez da hainbeste galtzen dialektika hori pixka bat esternalizatzen badu.
Azkenaldian, euskaratik gaztelaniara egiten ditudan itzulpenetan, lankidetza dialogikoaren sistema erabiltzen dut, eta, hartara, (seguruenik itzulpena irakurri eta haietan nolabait parte hartu ere nahi izango duen) egilearekiko eta baita neure buruarekiko eztabaida fasea aurreratzen dut. Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa ipuin liburuaren itzulpenarekin hasi nintzen sistematikoki erabiltzen.
Lankidetza dialogikoa-edo
Ez da beste munduko ezer. Itzultzen ari zarela hitz edo esaldi batean zalantzarik piztuz gero, iruzkin bat ireki (Wordeko testu prozesadorean aise egin daiteke), eta hor bota zer beste aukera erabili dituzun buruan. Batez ere gatazkatsuak izan daitezkeen tokietan erabiltzeko moduko metodoa da, hitz edo esaldi bakoitzak salbuespenik gabe hamaika bertsio edo aukera onartuko bailituzke berez. Ez da bakarrik duda seinalatzea, ongi ulertu ote duzun seguru ez zauden hori, jakina, horrelakoak ere adierazi behar baitira, eta egilearekin kontsultatu.
Apaolazarekin, liburu osoa itzultzeko epearen laburraren eraginez seguruenik, hitzartutako lan metodoak lagundu zuen. Ipuinez ipuin joan ginen, eta ez liburuko hurrenkeran, gainera. Beste toki batean esan dut «lan-metodo hori izan d[el]a gehien kostatu zaidana, aldi berean bainengoen itzulpen-estadio guztietan: itzulpen solte eta esploratorioan, neure buruaren zuzenketa eta txukuntzean, egilearekiko eztabaidan eta hirugarren pertsona baten eskuetan uztekoan».2 Seguruenik horrek –«neure buruaren zuzenketa» eta «egilearekiko eztabaida» azkartu nahiak, alegia– eta nire ustez gatazkatsuak ziren puntuetan fokalizatu nahiak eraman ninduten horrela aritzera.
Baina jar ditzagun adibide bat edo bi, eta, nonbaitetik hasteko, has gaitezen Jon Martin-Etxebestek artikulu batean seinalatu duen batetik:3 «El cuerpo de la protagonista y sus sensaciones físicas [«Bizkarrez» ipuinean] son más vívidas que en el resto de los cuentos; y, de hecho, acuña conceptos como remamiferarse (“berrugaztundu”) para explicar el proceso físico y mental al que se enfrentó desde que supo que estaba embarazada». Hitz hori erdarazko itzulpenaren genesiaren ordenagailuko dokumentu zaharretan bilatu, eta aurkitu dut, seguruenik ezin bestela, iruzkin bat ireki niola:
Beste toki batzuetan, esan genezake zalantza estilistikoagoa dela; esate baterako, «Auto beltza» ipuineko adibide honetan:
Kasu horretan, egileak, Uxuek Apaolazak, erantzuna eman zion solasaldi irekiari, nire lehen aukera –hitzez hitzekoa– hobetsita, eta horrela bete zen nik asmoan nuen eztabaida. Dena den, ezinezkoa da itzulpen batek barnean daramatzan talka posibleen prebisioa egitea; hala, nik fokua jarritako puntua erantzun gabe gelditzen zen maiz, eta eztabaida beste hitz edo esaldi batzuetara lerratzen zen. Ikus, adibidez, «Bizkarrez» ipuineko pasarte hau:
Azkenean, argitaratutako azken bertsioa begiratuta egiaztatu dut egileak egindako zuzenketa edo iradokizun guztiak sartu nituela; edo sartu genituela, esan beharko nuke. Haien artean dago nik gaizki ulertutako aditz bat («ez naizen bakoitzean» ez da «cada vez que no estoy», nik hasieran ulertu moduan). Eta ukitu edo aldatu gabe utzi nituen erantzun gabe gelditu ziren nire iruzkin edo dudak:
Arestian esan bezala, harrezkeroztik, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa gaztelaniara itzultzeko prozesuan abian jarritako bide hori nire lan ohituretan sartu dut, eta ondoko lan guztietan (euskal idazle bizidunak eta testu itzulia argitaletxera bidali aurretik gainbegiratzeko gai direnen lan guztietan behintzat) erabili izan dut; ez hainbeste, hasieran asmo nuen bezala, auzi gatazkatsuen eztabaida lerroak bideratzeko, nola aurrez aurre dudan itzuli beharreko egileari erakusteko itzulpen guztiak proposamenak direla, elkarlanerako proposamenak, egilearen testu idealera hurbiltzeko proposamenak, zalantzaz eta ziurgabetasunez josiak berez, halabeharrak modu batera zein bestera bulkatuak, eta testuan nahi beste esku hartzeko gonbidapena egiteko. Itzulpenaren azalean (edo kredituetan), nire izena baino ez da agertuko, baina horrek ez du kentzen lan kolaboratiboa izatea askotan. Argitaletxeko zuzentzaileak azken emaitzan parte hartzen duen modu berean (eta, horregatik, haren izenak ere agertu beharko luke nonbait, zoritxarrez beti gertatzen ez den zerbait; zorionez, consonni argitaletxeak hala jokatzen du, eta proiektu honetan inplikazio handiz lan egin duen eta honen guztiaren inguruan oso ikuspegi interesgarria gehi lezakeen Amelia Pérez Conde zuzentzailearen izena agertu egiten da, merezi bezala, kredituetan), itzulpen askok euskarazko jatorrizkoaren egilearen partaidetza izaten dute gurean (eta oniritzitik haragoko forma asko bil dezake), horrek itzulpenaren egiletza auzitan jarri gabe
Horren jakitun behintzat izan beharko genuke.
Oharrak
1. Hori ez da egia. Eskerrak ohartu naizen zuzenketa fasean. Itxaro Bordaren ipuin bat gaztelaniaratu nuen, aspaldi, eta ez dut gogoan hari bidali nionik. Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak itzultzean, berriz, bai, bidali nion egindakoa eta hainbat erabakiren inguruko iritzi trukaketa izan genuela dut gogoan.
2. Amelia Pérez Conde, Estación en curva in 31 eskutik (2023-06-21). Amelia Pérez Conde liburuaren zuzentzailea izan zen.
3. Martin-Etxebeste, J. (2023). «Género, raza y clase en la novela Estación en curva de Uxue Apaolaza». FEMERIS: Revista Multidisciplinar De Estudios De Género, 8(3), 97-112.