Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Karlos del Olmo eta Naroa Zubillaga

Euskal literatura itzuliaren egiturak eta islak 1975-2015. Miren Ibarluzea Santisteban, Euskaltzaindia, Bilbo, 2020.

Euskal literatura itzuliaren egiturak eta islak 1975-2015 Miren Ibarluzeak 2017an defendatu zuen doktore tesian dago oinarrituta, eta, jatorrizko asmo zientifikoaren usainari heltzen dion arren, aldi luze horretako euskal literatura itzuliaz interesa duen edonork, akademikoa edo gremiokoa izan ez arren, atseginez irakur dezake, literatura nahiz itzulpengintza aldetik ekarri interesgarri ere interesgarriak dakartza eta. Javier Rojok egunkari erreseina batean dioenez, «gaia aztertzerakoan, testuen ezaugarriak kontuan hartu beharrean, Ibarluzeak batez ere itzulpengintzak euskal literaturan duen garrantzi sistemikoan jarri du arreta, eta horretarako soziologiak eskaintzen dituen tresna metodologikoak erabili ditu». Bestela esanda, literaturaren eta itzulpenaren arteko espazioa gizarte jarduera edo erakunde sozial moduan aztertzen du, berrogei urteko ibialdi luze bezain jori batean. Mende baten hondarra eta beste baten hasiera, continuum halako batean.

Eta, aipatu dugun ibilbide horretan, aldizkari honek eta haren apailatzaile EIZIE elkarteak badute protagonismo ezin ukatuzko bat, aldi horretako parte handi batean ereile eta jorratzaile izan diren aldetik, are soziologiaren ikuspegitik ere (edo, batez ere). Miren Ibarluzeak liburura ekarritako teorialari batzuek diotenez, jarduera politikoa ere bada itzulpengintza, hizkuntza, identitatea eta kultura eraikitzeko tresna bat: itzulgaiak aukeratzea, itzultzeko behar diren estrategia diskurtsiboak paratzea lagungarri gertatu dira zenbait nazio identitate edo horien kultur osagai sortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, ukaezina da EIZIEk eta Senez aldizkariak euskaraturiko literaturaren nondik norakoak eta sistemaren inguruko jakiundea antolatzen jokatu duten eginkizunaren garrantzia.

Ibarluzeak EHUn egin zuen doktorego tesia, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikerketa taldean, eta euskal literatura garaikideko itzulpengintzaren errepresentazioak ikertu ditu, soziologia bidelagun duela, ikerketaren munduan ere bai baitaude boladak –horra hor itzulpenaren soziologia edo «ukitu soziologikoa»–, elkarrizketa batean Ibarluzeak berak adierazi duenez, egin gura zuenari marko teorikoa ipintzeko neurri-neurrikoa zitzaiolako, asmoa ez omen zelako testuei berei erreparatzea, itzulpenaren baranoari berari baino.

Aldez edo moldez, soziologia ikuspegitzat erabiltzea atzerrian lanean emandako urteetan datza: Ibarluzea Parisen izan zen euskara irakurle, eta hantxe dira Bourdieuren eskolako irakasle eta ikertzaile handienak. Ondorioz, Bourdieuren eskema erabili du Ibarluzeak euskal literatura itzuliaren eremu izendatu duen arloaren bilakabidea saratzeko. Testu itzuliak edo itzulpen estrategiak barik, itzultzaileen prestakuntza sareak, itzultzaileen inguruko jarrerak, itzulpenaren gaineko usteak eta enparauak interpretatzen ahalegindu da. Eta, esan bezala, ikergai horretan, ezinbestean, noraezekoak dira Senez eta EIZIE, batez ere profesionalon gogoetei eta irrikei bidea eman dietenez gero, unibertsitateetako ikerketa sareen ezinbesteko osagarri moduan.

Baina, itzulpengintzak izan dezakeen funtzio ideologikoaz gain, euskarazko literatur itzulpenak, Miren Ibarluzeak liburuan dioenez, eginkizun ekonomiko halako bat ere badu, euskal liburugintza industriaren osagai ere badenez gero: argitaletxeek literatura itzuliaz irabaziak lortu beharra dute, 15.000 eta 20.000 irakurleko merkatu batean lortu ere. Eta, erakunde ofizialen erabaki politiko-ekonomikorik gabe, bideraezina gertatuko litzateke euskal literatura itzulia, gehienetan.

Eta erabaki politiko (baina ez beti ofizial) batetik dator, hein handi batean, literatura itzuliak kultur sistema hartzailean duen garrantziaren handia edo txikia: legitimazio prozesuak; hizkuntza hartzailearen idazketa mugak zabaltzea; hizkuntza, erregistro eta estilo ekarpenak; idazleei idazketa prozesu eta teknikak eskaintzea; sistema hartzailearen literatur genero ahulenak indartzeko lehen urratsak proposatzea…

Beste alderdi bat ere aztertzen du Ibarluzeak liburuan: zenbait euskal idazlek itzultzaileak eta itzulpengintza bera beren sormen lanen erdigunetzat edo pertsonaia nahiz gai nagusitzat hartu izana. Sarritan, muturretara eramaten dituzte fikziozko langile horien ezaugarriak (beharbada oso oinarrizko puntu bat ahazten dutela sortzaileek: idazleak ere, aldez edo moldez, irakurri duten guztiaren itzultzaile bihurtzen direla idazteko ariketan eta ahaleginean).

Euskal itzulpengintzaren esparruak aldaketa ikaragarria izan du azken urteotan, eta horixe erakusten saiatzen da saiogilea, marko bat jarri eta zenbait alderditan argi eginda, horien bitartez, besteak beste, agerian jartzeko bilakabide horretan eragin duten erakundeen, taldeen eta eragileen sareak, bai eta horien guztien esan eta eginen ondorioak ere. Azken buruan, Ibarluzeak aldezten duenez, itzulpen jarduna gizarte jarduera modura definitzeak komunikaziorako tresnatzat jotzetik harago garamatza, eta jarduera horren askotariko funtzioak ikusten laguntzen ere digu.

Euskal literatura itzuliaren eginkizun soziokulturala ezagunena gerta daiteke, eta Ibarluzeak halaxe jasotzen du, euskal gizartean jazoera onartu samarra baita euskal itzultzaileen jarduerak sakada handia eman diela euskarazko erregistroei, aberastasun estilistikoari eta ereduzko testuak sortzeari. Eta, itzulpen erakusmenekoak sortzeaz batera, euskal idazleei idazkera molde usatugabeak eta inspirazio oinak ematen dizkie tai gabe.

Ibarluzeak akabuko orriotan dioenez, badaude aipatu bai baina soziologiaren oinarrien arabera sakontzeke geratu ziren hainbat gai: eragile eta erakundeen sareak; euskal argitaletxe, editore eta azokek eratzen dituzten bitartekaritza sareek zelan eragiten dieten itzulpengintzari eta itzultzaileei; argitaletxe bakoitzaren itzulpen corpusak; itzulpen sariek eta bekek betetzen duten funtzioa, eta abar. Itzulpenaren gaineko diskurtso, teorizazio, uste eta aurrejuzguak ere, zertan esanik ez, jorragai ezin amaituzkoak dira Miren Ibarluzea paratzen hasitako tresnak eta harbideak erabili gura dituenarentzat. Dena dela, ikertzaile izan barik ere, sakontzeko asmotik honago ere, egileak eskaintzen dituen autuek oso gogoeta truke aberatsa sortzeko parada emango diote zeinahi irakurleri.

Ahaztu barik, zertan esanik ez, atzo arratsaldeko ikerbide horien beharrean daude Ibarluzeak aipatu eta aldizkari honetako orriotan ere jorratzen hasitako beste jardungai batzuk ere: itzulpenen harrera (kritika, itzulpenak irakaskuntzan [ia ez] duen txokoa, itzulpen irakurleen unibertsoa…), erakunde ofizialen itzulpen politikak, laguntza publiko eta pribatuen eragina, itzultzaileen prestakuntza, itzulpenaren estilistika, Euskaltzaindia eta itzulpena, generoaren araberako azterketak…

Azken buruan, idaztea ez da izaten inoiz jarduera neutro bat, itzultzailearen aukerak ere neutroak ez diren moduan. Edo argitaratzaileenak ere ez diren ber. Are ikertzaileenak ere ez diren era berean ere.

Karlos del Olmo


Este pequeño arte. Kate Briggs, Jekyll & Jill argitaletxea, Zaragoza, 2020 (itzultzailea: Rubén Martín Giráldez).

2017ko irailean argitaratu zenetik, polemika eragin du This Little Art saiakera-lanak. Narrazioaren eta saiakeraren erdibidean, harrimen halako bat sortzen du liburuak, egituraren ezohikotasunagatik eta orrialdeetan zehar erritmo eten baina iradokitzaile batez hedatzen den arrazoibidearen koherentziagatik.

Zazpi kapitulutan banatutako lan bat paratzen du Briggsek, gai asko dotoreziaz eta apal antzean jorratuta: dragoien hizkuntza, glosak, abestiak, haiku galduak, oihartzunak, proiekzioak, irakurketak, apriorismoak, interpretazioak, tempoa, denbora, distantzia, akatsa, estetika, kritika, inprobisazioa, artisautza, arriskua, Bouvard eta Pécuchet, prekaritatea, ausardia, sorkuntza eratorriak, originala, harrera, jakin-mina, oreka eta elkar ulertzeko premia tragikoa; azken batean, itzulpengintzaren loria eta miseriak.

Izenburua bera asmo adierazpen oso bat da, ironiaz salatzen baititu literatur itzulpengintzan betikotzen diren jarrera heredatu batzuk, eta, aldi berean, «arte» horri buruzko bide berriak irekitzeko helburua duen gogapen baten ondorio apalxkoa iragartzen du.

Kate Briggs idazle eta itzultzaile ospetsua da, Roland Barthesen La préparation du Roman eta Comment vivre ensemble ingelesez eman baititu, eta, saiakera generoaren mugetan den ariketa luze honetan, semiologo ospetsu hark Collège de Francen emandako hitzaldien formatuaren zordun da.

Zirriborro moduko bat da, eta ziurtasunak baino galdera gehiago botatzen ditu, paperean zuriuneak utzita; espazio zuri horiek, aurretiazko usteak eta isiluneak sortu ahala, galderen antzera behin eta berriz errepikatzen diren berbak nabarmentzen dituzte.

Itzultzaile-saiogileak ez du konplizitate endogamikorik bilatzen; ez du apailatzen lanbideari eginiko laidoen letania kexati halako bat, ez eta lehiatzen ere itzulpengintza (des)mitifikatzen, oso bestela dihardu eta: literaturaz interesaturik dagoen irakurlearengan lilura halako bat sortu nahi du.

Gogoetak, birformulazioak, zalantzak eta digresioak azaltzen ditu Briggsek, pentsamenduaren kadentzia antzeratu nahian, eta zorroztasun akademiko halako bat ere badarabil erreferente zerrenda handi baten aipuak jasotzeko, anamorfosiz diskurtsoan egokitzen diren ideien enbaxadoreak direlarik (anamorfosia edo anamorfismoa: optika prozeduraren batez edo matematiken bitartez irudi bat modu itzulgarri halako batez desitxuratzean datzan prozedura). Liburuaren egitura harrigarriaren froga gisa, iturrien atalean jasotzen ditu ohar edo aipabide horiek guztiak egileak, kasu batean izan ezik.

Narrazio lanean, halaber, André Gideren Lowe-Porterri. Esan ere liteke Briggsek hiruki moduko bat eratzen duela testigantza horiek erabilita kontakizun barnerakoi halako batez bere jarreraren berri emateko, solipsismorik gabe.

Irudi erretorikoak darabiltza ideia konplexu samarrak aurkezterakoan, bai eta argiz beteriko pasarteak lortu ere; metaforen bidez, itzulgaien mugak eta oztopoak ikusgarri egiten ditu, etengabeko berbazko olgeta intelektual batean, sakontasunari saihets egiteke.

Itzultzailea «noka» edo emakumezko aditz etikoaz aipatzeko delibero kontzienteak, gutxienez, zenbait alderdi interesgarri nabarmentzen ditu: lehenik eta behin, batzuek nahiz azalekotzat nahiz subertsibotzat jo lezaketen keinu horrek joera egiaztagarri bat islatzen du, neurri batean, eta ez halako irudipen huts bat; ideia horren ildotik, itzulpenak inplizituki arrastaka eramaten dituen epitetoak salatzen ditu, hau da, interesgabea, etxeko jarduera, apetatsua, zerbitzariei dagokiena eta halako kalifikatiboak. Jakina, itzultzaile gisa duen eskarmentutik dioela gogorarazten digu, ez katedran eserita jarduteko asmotik.

Izan ere, subjektibotasuna tresna hermeneutiko gisa erabiltzen du, inolako lotsarik gabe, eta objektibo ez izate horrek ezarritako kantailak onartzen ditu. Hala, jarrera zintzoagoa, konprometituagoa eta kontsekuenteagoa erakusten du neutraltasun plantako eta ospe-usteko ikerlan askok baino, zeinetan, dikotomia sinplistaz edo erretorika zientifiko-sasijakintsuz beteta, metodo mekanikoak aplikatzen dituzten, eta objektibotasun halako bat oinarritzeko zifra batzuk eskale moduan biltzen.

Briggsek aurka egiten die irtenbide unibertsalei; desberdintasuna txalotzen du, eta itzultzea aurkikuntza prozesu zorrotza dela aldarrikatzen: «Zerbait berria egitea, errepikatzearen izenean». Lan hori ez da aurrerapenaren mesedetan egiten, obren eta itzulpenen artean ezartzen diren harremanen eta joan-etorrien garrantziagatik baizik. Ahalegina egin, eta obra eratorria (itzulia) bere osotasunean eta bere berezitasunetan aztertu beharra dago: ipi-apa txiker baina ez hutsalak.

Liburua gaztelaniara ekarri duen itzultzaileak berak elkarrizketa batean dioenez, «testu txar baten aurrean, berretu egiten da itzultzailearen erantzukizuna». Rubén Martínez Giráldezen aburuz, itzulpenari buruzko testu bat itzultzea ez da artega jartzen zaituen zer bat, desenkusatzeko aitzakia oasi bat baizik, zentzuan atsegin hartzeko parada, parentesi artean, kako barruko parentesi barneko tartekia zaldiek zapaltzeko moduko orripeko ohar batean. Horrelako ataza batean, konbentzioa aitortu egin dezakezu, konbentzioaz argi eta garbi hitz egin, inori eskandalurik eragin barik: are gutxiago, itzulpengintzari buruzko testu itzuli bat iruzkindu behar izanez gero, esan dezadan bidenabar. Gozamen zirrara hutsa. Hark dioenez, kezkagarriena da (apika) lehen planora igarotzen zarela itzultzailearen bigarren planoko paperaz hitz egiten hasten zarenean.

Itzultzailea bat dator egilearen adierazpen honekin: «Testua birritan idatzita heltzen zaigu; bigarrenean, itzultzailearen eskutik» (izan bedi gogoan Briggsek genero femeninoa darabilela esaldian). Auzolanaren kontzeptu hori ez da lehenengo aldiz agertu gaiaren inguruko literaturan, baina berebiziko ikusgarritasuna du esku artean darabilgun saioan.

Aipu baten aipamena ekar genezake berbabidera Briggsen ikuspegia argitzeko, berberak ahotan edo «lerrotan» hartua, itzultzaileak horrako egile horren aipu bat gomutara dakarkigunez gero, Mannen itzultzaile Lowe-Porter emakumeak idatzia, hain suertez: «[…] benetan gertatzen den bezala, materia eta estiloa osotasun organiko batengan bateratzea espero dugu. Itzultzaileak antzeko ahalegin bat egin duela islatu behar dute itzulpenek».

«Arte txiki» honek funtzionatu ahal izateko, sormenean bezala, hautalanean jardun behar du, tai gabe, idazlekideak (itzultzaileak, alegia). Kate Briggsen arabera, itzulpena elatioaren arte nagusia da –adiera positiboan nahiz negatiboan–, edalontzi komunikatzaileen artea, berezko errizoma artea (Wikipedia: biologian, errizoma lurpeko zurtoin eraldatu bat da, zenbait begi dituena eta luzetara hazten dena. Haren adabegietatik sustraiak eta kimu belarkarak hazten dira. Errizomak etengabe hazten dira; urteen poderioz, parterik zaharrenak hil egiten dira, baina kimu berriak ematen ditu, eta, hala, eremu handia har dezake).

Liburuan, beste itaunak beste, honako hau ere egiten du Briggsek: «Zenbateraino egin dut nik itzulpen lana ala nigan mamitu itzulpena?». Edo, beste orri batean dioen moduan, itzulpengintzan, muntaduna ez da «zer idatzi asmatzea, zelan idatzi asmatzea baino».

Karlos del Olmo


 Los enemigos del traductor (elogio y vituperio del oficio). Amelia Pérez de Villar, Fórcola argitaletxea, Madril, 2019.

Amelia Pérez de Villar eleberrigilea da, eta itzultzailea, ofizioz, konprometitua eta zorrotza, «literaturaren artisau bat», edo hala izendatzen du, bederen, bere burua. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza ingelesezko eta italierazko lanak gaztelaniara eramaten.

Klasikoak ondo ezagutzen ditu, eta lan profesional eta literario bat egiteak dakarren ahaleginaren jakitun da. Liburu honetan, luze bezain zabal azaltzen ditu lanbidearen gorabeherak, proiektu bakoitzak behar dituen orduak, helmugako hizkuntzari traizio egin gabe egilearen estiloari leial izateak dakartzan zailtasunak, irakurlearen eta idazlearen arteko «medium» bihurtzeko beharrak dakarren guztia, besteak beste.

Eta dramatismorik gabe deskribatzen ditu sektorearen mehatxuak (aldizkari honetako orriotan aspaldiko bidaide ditugu arerio horiek guztiak): kolektiboak jasaten dituen intrusioa eta prekarizazioa, hainbatik hainbatean; nola argitaletxe batzuetan inbertsiorik ez egiteak (time is money) eta azkartasuna nagusitzeak eragiten duten testuak zuzentzaileen berrikuspen egokirik gabe geratzea inprentara baino lehen…

Liburua pasadizo bitxiz beterik dago, hala nola besteen testuetan arrastoa uzten duten idazleei buruzkoak, denboraren poderioz lexikoa «zaharkitzean» eguneratu beharreko edizioei buruzkoak, edo itxuraz desberdinak diren hizkuntzetako hodi komunikatzaileei edo adiera xelebreetan ezkutatzen diren eta itzultzailea detektibe edo arkeologo bihurtzera behartzen duten termino jakin batzuei buruzkoak.

Amelia Pérez de Villarrek dioenez, itzultzearena lan grinatsua eta bokaziozkoa da, isila eta bakartia, eta errespetu handiagoa behar du, bai arlo ekonomikoan, bai profesionalean, ikusgarritasun handiagoa (ez bakarrik liburuaren azalean, baizik eta lanaren egiletzari buruzko kritikaren iruzkinetan ere, itzultzailearena ere baden aldetik). Haren aburuz, hizkuntza ez da aberasten, soilik, itzulpen fakultatean ikasita edo hiztegia erabilirik; kultur erreferenteak, jakinduria eta intuizioa eskatzen ditu, eta horiek urte askotako irakurketaren eta esperientziaren igali baino ez dira.

Egungo gizartean, dela paperean, dela euskarri digitalean, irakurtzen denaren parte handi-handi bat itzulpen bidez jasotzen dugu (non ez den irakurlea mugatzen dakizkien hizkuntzetan irakurtzera, eta, halere, idazleen elkarrekiko elikaduraren emaitza itzulia helduko zaio, nahi ez badu ere). Lan eskerga, hortaz, argitaratzaileena eta itzultzaileena. Eta zer hori leitzean testua egokia, zuzena eta kide aizunik gabea bada (egitura arrotzak, zenbaitetan, alboraezinak baitira jatorrizko estiloa ere halakoa denean), beharbada, itzultzaile eta itzulpen on baten aurrean egongo zara, jatorrizko hizkuntza ez badakizu ere.

Eta egia da, langintza ez da kanpotik lirudikeen bezain erromantikoa; egunerokotasunean arazoak eta katramila kateak ezin konta ahalakoak dira eta, Amelia Pérezek urtea joan eta urtea etorri idatzi eta liburura ekarri dituen artikulu hauetan jaso legez: «De libros y de hojas» blogean eta El trujamán, República de las letras edo La linterna del traductor euskarrietan agertu ohi dira Ameliaren ekarpenak. Hau da, saiakera bat baino gehiago, artikulu bilduma eguneratu bat eskaintzen digu liburuak.

Itzultzailearen etsaiak? Gura beste: gizarte ikusezintasuna, intrusismoa, lanbide segurtasunik eza, «lanez banago asea, ordaina ez da luzea», presa (zer arkeologok, ikertzailek edo berritzailek lan egiten du presaka?), editore batzuek erraztasunaren alde egitea (jatorrizkoaren zailtasunak ahaztuta)…

Baina, bestalde, hara hor ifrentzua: itzultzaile on bat inbertsio ederra da argitaletxe baterako (lehenago edo beranduago agerian geratzen den moduan). Orriotan, langile mota horrek merezi duen duintasuna aldarrikatzen du, ozen aldarrikatu ere.

Itzulpenari esker, oztopoak oztopo, jakintsuago bihurtu ez ezik, entretenimendua ere bermatuta izaten du «pertsona» abereak, dagoen eta botikarik egokiena baita ezinbestean gainera bide datorkigun zahardadearen buru ajearen etorrera moteltzeko.

Pérez de Villarrek hitzetik hortzera darabil agian berba, itzultzailearen aukeratu beharraren zigorra azpimarratzeko: «Hau horrela edo bestela itzultzen da?». «Zer da hobea, jatorrizko hizkuntzaren koloreari eustea ala komunikazioa lehenestea?». Segun eta. «Ezer ez dakidala besterik ez dakit», zioen Sokratesek, pertsonarik jakintsuena zalantza gehien dituena dela aditzera emateko, aztertzen ari den gaiari eragiten dioten aldagaiak eta horien hedadura ondoen ezagutzen dituena denez gero.

Los enemigos del traductor lanean, «zalantza» asko daude, eta kontu asko esperientziaren araberakoak dira. Liburuak aukera ematen du luzaroan bigarren maila diskretu batean egon den ofizio/lanbide bati buruz eztabaidatzeko, usteak berrikusteko eta horien gainean pentsatzeko. Horrela, irakurleak, berea ez den lanbide baten ertzetatik, alderatu, baloratu eta, gutxienez, begirune handiagoa izan dezake bestela debekaturik izango lituzkeen testuek, itzulbidez, eskaintzen dutenarekiko. Jarrera maximalista dela uste izanez gero, eskatu lanbidean ez daudenei hamar itzultzaile aipatzeko, arin eta inon begiratu gabe.

Liburuaren amaieran, gogoeta etsi bat agertzen da: «Azken puntua idazteko orduan, ez dut lortzen baikorrago agertzerik. Gehienik jota, ene buruari itauntzen diot ea beti izango naizen itzultzaile, ea luzaro eutsiko diodan bizi gaituen grinari. Baina ezin diot ene buruari erantzun. Egun, oraindik, pasio hori sentitzen dudala baieztatu besterik ezin dut egin».

Karlos del Olmo


 Guía de supervivencia para traductores. Celia Rico Pérez, Pie de página argitaletxea, Zaragoza, 2017 (2. argitalpena).

Celia Rico Pérez Itzulpen Teknologietako katedraduna da Europako Unibertsitatean. Itzulpen automatikoaren munduan hasi zen, Manchesterreko Unibertsitatean gai horri buruz eginiko master baten ondorioz. Itzulpen teknologiekin lotutako artikulu asko argitaratu ditu, Espainiako estatuko eta nazioarteko aldizkari eta monografietan, eta erresuma iberikoaren lege araubidean oinarrituta jardun nahi duten itzultzaile berri gehienentzako funtsezko eskuliburu txiki honen egilea da.

Ikasleek gelan egiten zizkioten galderetatik sortu zitzaion ideia. Hortaz, helburu didaktiko halako bat ere badu liburuak, ezbairik gabe. Itzultzaileak itzultzeko ekintzatik kanpo egin beharrekoez prestakuntzarik ez zegoela konturatu zen Celia. Ikasgelan alderdi praktiko hori azalduko zion irakasle bat izateko zortea izan edo ez, itzultzaile hasiberri bakoitza lan mundura segurtasunez eta lanbidearen gaineko jakinduria baten jabe abiatzea lortu nahi zuen; horra zergatik hasi zen gidaliburu itxura ematen.

Elkarrizketa batean dioenez, berberak, esaterako, beti eskatzen die ikasleei ematen dioten itzulpen bakoitzarekin batera faktura aurkez dezatela, ondo xehatua eta egituratua. Horrela, badakite ez dagoela fakturarik gabeko itzulpenik, beti doazela eskutik. Bestela, baliteke are bezeroa ordaintzeaz ahaztea ere. Eta horixe da gidan sakontzea erabaki duen alderdietako bat: lan ordainduarena.

Landa koaderno moduko zerbait sortzeko ideia zuela hasi zen, bizkar zorroan eraman ahal izateaz gain, beldurrik eta neke handirik emango ez zuen zeozer, are orriotan bertan idazteko aukera ematerainokoa. Nolabait, autolaguntzako liburu baten antza du. Gaiak, aldiz, lehen aipatu den legez, ikasleen galderetatik datoz. Kapitulu guztietan, haiek azaldutako kezkak eta zalantzak argitzen saiatzen da.

Urte oso bat behar izan zuen eskuliburu txiki hau idazteko, eskolak ematen ari baitzen. Lehenengo, autoargitalpen bat egin zuen, baina, zerbait profesionala egin nahi zuenez gero, profesionalak kontratatu zituen; horra zergatik hasi zen Pie de Página argitaletxearekin harremanetan, egun ohiko salbideetan erosgai dagoen liburu hau argitara emateko.

Egiturari dagokionez, horrela banatzea erabaki zuen, uste baitu lanik ez daukagunean lana lortzea dela gure lana. Hortik dator lehenengo aholkua: zortzi orduko lanaldia itzultzailearen lan profilaren alderdi bakoitza ondo antolatzeko erabiltzea, curriculumetik hasi eta lehen fakturaraino. Modu gidatuan egiteak asko errazten du prozesua, batez ere itzultzaileok egiten ditugun gauza batzuk beste profesional batzuek ez bezala gauzatzen ditugulako.

Adibidez, curriculuma hartzaileari egokitu behar zaio: itzulpen agentzia bat bada, areago axolako zaio izangaiak zer tresna ezagutzen dituen jakitea. Aldiz, beste alor batean diharduen enpresa batera bidaltzen badu, edukiren bat beste hizkuntza batzuetara itzuli behar duelarik, agian, interesatuago egongo da bezeroa zehatz-mehatz jakiteaz zer eduki mota itzultzen duen dena delakoak edo talde lana kudeatzeko gai ote den.

Argi eta garbi, itzultzaile autonomo gisa lehen urratsak egiten hasi direnentzat pentsatuta dago gida hau. Nork bere burua hobeto ezagutzeko egituratuta dago –langile gisa, pertsona gisa baino areago–, eta bidea irekitzeko behar diren tresnak eskuratzeko, bestalde.

Gogoetaren inguruko zatia oso beharrezkoa dela uste du egileak; izan ere, itzultzaileak bere indarguneak ezagutzen baditu, badaki zein dituen euskarri eta ainguraketa, eta seguruago jauzi egin dezake lan munduko amildegira.

Egilearen ustez, laneko autoezagutzaren zati hori da itzultzaile profesionalei ere interesa dakiekeen bakarra oinarrizko gidaliburu honetan. Rico Pérezek dioenez, ez daki itzultzaileek tarteren bat hartu ote duten lanaren ikuspegitik dituzten indarguneei eta ahuleziei buruz hausnartzeko. Azken buruan, AMIA [Ahuleziak, Mehatxuak, Indarrak eta Aukerak] deritzon atal txiki hura lehen txinparta bat izan daiteke introspekzio sakonago baterako, norbaitek bere ibilbideari bestelako norabide bat eman nahi badio, adibidez, inoren mendeko langile izatetik autonomo izatera igaroz gero.

Azken buruan, gida honen bidez, munta handiko ahalegin bat mamitu nahi du: laguntza behar dutenei profesional autonomoen mundura abiatzeko zer egin behar duten ulertzeko eskualdi bat ematea. Batez ere, modu sinple, zuzen eta hurbilean, halako etapa garrantzitsu batean gustura sentitzea ezinbestekoa delako. Azken aholku bat ere ematen die hasiberriei: «Etengabe trebatuz eta ikasiz gero, etorkizunean ere lanbidean nabarmentzen jarraitu ahal izango duzu».

Karlos del Olmo


 Die internationale Rezeption der Literaturen Spaniens. Beiträge zur Kulturtransferforschung. Ute Barbara Schilly (ed.), Frank&Timme argitaletxea, Berlin, 2021.

Berlingo Frank&Timme argitaletxeak kultur transferentziaren inguruko bilduma berezitua zabaldu du ale honekin (Kulturtransferforschung izena eman diote), eta, horretarako, Espainiako literaturen nazioarteko harrera hartu du gai gisa. Helburua zera da, horrenbestez: hainbat literatur sistema biltzen dituen eremu gisa erreparatzea Espainiako estatuari, eta literatura horiek nazioartera nola irteten diren eta zein harrera duten aztertzea.

Argitaletxe alemaniarra izanik, baditu zehazki Alemaniako harreraz diharduten artikuluak (Strausfeld, Babiano eta Schilly). Strausfeldi dagokionez, ez da mugatzen euskal literaturara, eta, oro har, Espainiako literaturek Alemanian orain arte izan duten harrera mugatuari erreparatzen dio. Espainiako nahiz Alemaniako argitaletxeetan lan egindakoa denez, hausnarketa interesgarriak aurkituko ditu irakurleak aditu honek egiten duen atzera nahiz aurrera begirakoan. Haren arabera, Espainia 1991ean Frankfurteko liburu azokako ohorezko herrialdea izateak interesa piztu zuen Alemanian; ondoren, interesak behera egin bazuen ere, 2007an, Katalunia izan zen Frankfurteko ohorezko herrialdea, eta, literatura katalana literatura beregain gisa horren indartsu aurkezteak Espainiako literaturen inguruko ikuspegia aldarazi bazuen ere, gaur egun, Espainiatik datozen autore gisa aurkeztutakoek ez dute interes berezirik pizten, salbuespenak salbuespen. Egileak dioenez, One-Hit-Wonder (arrakasta bakarreko mirariak) gehiegi ekoizten ditu Espainiak, eta ez du arrakasta iraunkorrerako berme den egilerik aurkezten. Artikuluaren hondarrean, hausnarketa interesgarria eskaintzen digu, 2021ean (COVIDa dela eta, 2022an) Espainia izango baita berriz ere Frankfurteko liburu azokako ohorezko herrialdea, eta, oraingoan, hango literaturen aniztasuna aurkeztea baita helburua, ikusi beharko da abagune horrek interesa berpiztea lortzen duen.

Babianok eta Schillyk, berriz, berariaz erreparatzen diote euskal literaturak Alemanian izan duen harrerari, Babianok euskal literatura osotara hartuta, eta Schillyk, berriz, berariaz aztertzen du Atxagaren lanen harrera. Babianok eskaintzen digun artikulutik ondorioztatzen denez, sari eta dirulaguntzen arabera hedatu da euskal literatura Alemanian, baina, 2010etik hona, nabarmen murriztu da presentzia hori, Altberliner eta Pahl-Rugenstein argitaletxeak desagertu direnez geroztik. Euskal irakurleontzat interesgarria den hausnarketa batera iristen da Babiano; alegia, euskal egileak zabaldu behar direla, bai, baina proiektu sendoa behar dela horretarako. Antzeko ondoriora iristen da Schilly Atxagaren alemanerako itzulpenak aztertuta: Atxagaren lanak barreiatuegi argitaratu dira Alemanian; periferian kokatutako argitaletxeetan, zenbait kasutan. Alegia, ez da estrategia edo proiektu sendorik egon. Atxagaren lanak literatur kritikarien artean izan duen harrera ere aztertzen du Schillyk, eta, haren arabera, 1999tik aurrera geroz eta presentzia txikiagoa izan du, eta, sarri askotan, euskal kulturaren azalpena izan dira, funtsean, kritika horiek. Euskal literatura Alemanian itzalpean kokatzen dela diosku Schillyk, eta Babianoren datu kuantitatiboek ere horixe berresten digute.

Gimeno Ugaldek, beste artikulu batean, kataluniar literaturak Portugalen izan duen eta gaur egun duen presentziari erreparatzen dio, hots, bi literatur sistema periferikoren hartu-emana aztertzen du iberiar penintsulako eremuan. Portugalen 2000-2018 urte bitartean argitaratutako kataluniar literaturaren inguruko datuak ematen ditu, eta ondorioztatzen du 2007an Katalunia Frankfurteko liburu azokako ohorezko herrialdea izateak eragin nabarmena izan zuela. Hala ere, inolako planifikaziorik gabe edo modu ez oso koherentean egindako itzulpena izan dela dio egileak. Beste zenbait artikulutan behin eta berriz agertzen den moduan, katalanetik portugeserako itzulpenean ere zeharkako itzulpena da nagusi, eta berariaz aztertzen ditu Najat El Hachmi eta Carme Riera idazle katalanen kasuak, katalanez idazten dutelako datua ezkutatu egin baita gehienetan. Katalan literaturak Portugalen izan duen harrerari buruzko azterketa biziki interesgarria bada ere, katalan literaturaren nazioartekotze orokorrari buruzko artikulu baten falta nabari du irakurleak aztergai dugun liburuki honetan, edo Alemanian izan duen eta gaur egun duen presentziari buruzko beste bat, euskal literaturari buruzko artikuluen koherentziari jarraituta.

Liburuko artikuluen izaera kuantitatibo, sistemiko edo soziologikotik bereizten den artikulu bat datorkigu ondoren, Steenmeijer holandarrarena. Espainiako 10 egile itzulienak ditu aztergai, baina haien liburuen izenburuen itzulpenari erreparatzen dio: zer herrialdetan aldatu dituzten gehien izenburuak, edota gizonezko ala emakumezko egileen izenburuak aldatu dituzten gehiago, esaterako. Egileak berak aitortzen duenez, ondorio orokorrak baino ezin daitezke atera, eta, izenburuena merkaturatze irizpideei eta kulturari hain lotuta dagoen kontu bat izanik, beharbada azterketa hori bera paratestuen azterketa orokorrago batean kokatu beharko litzateke, eta izenburuaz landara gainerako paratestuen itzulpena ere aztertu.

Biziki interesgarriak dira liburuko azken bi artikuluak, Montero Küpperrek eta Luna Alonsok Galiziako literaturaren nazioartekotzeari buruz ikuspegi soziologikotik landurikoak. Monterok argi uzten du literatura menderatuek nazioartera atera nahi badute dirulaguntzen beharra dutela, eta, horrexegatik, orain arte kanporako itzulpen horiek diruz laguntzeko hartutako estrategiak aztertzen ditu artikuluan. Hiru alditan bereizita, azterketa zorrotz bat eskaintzen digu, eta, aldi bakoitzean hartutako estrategiarekin lortu dena eta lortu ez dena kontuan hartuta, proposamenak ere egiten ditu. Azoketara joatea eta dirulaguntzak eskaintzea ez da aski, eta nazioartekotze politika hori ondo hausnartuta egin behar da: bekak behar dira, eskaintzan oinarritutako politika bat bideratu behar da (kanpoko eragileen eskaera egon arte itxaron gabe), itzultzaileentzako ikastaroak, idazleak beren liburu itzuliak aurkeztera bidali, laginak itzultzeko dirulaguntzak eman, eta abar. Monterok dioskunez, arazoa ez baita globalizazioa, literatura galegoaren eta, beraz, literatura menderatuen ikusezintasuna baizik. Monterok emandako ikuspegia osatzen du Lunaren artikuluak; zehazki, literatura galegoa nazioartekotzeko bi bide bereizten ditu, Bourdieu aipatuta: ekoizpen handiko zirkuituak, merkatuko baldintzen arabera antolatuak, eta ekoizpen mugatuko zirkuituak, zailtasun ekonomiko eta politikoekiko modu autonomoagoan eraikiak. Haren ustez, ekoizpen mugatuko zirkuitu horiek –hartu-eman alternatiboagoak– literatura galegoa nazioartekotzeko bidezidor izan daitezke.

Liburu honek eskaintzen dizkigun artikuluetan literatura menderatuen nazioartekotzearen inguruko hausnarketak aurkezten direnez, euskal irakurleari ere hainbat hausnarketa pizten dizkion liburua dugu, inondik ere.

Naroa Zubillaga