Urruneko interpretazioaz
Pandemiak mundu osoa geldiarazi zuenean, bertan behera gelditu ziren interpretazioa erabiltzen duten aurrez aurreko bilkura eta konferentzia guztiak ere. Egoera berriari erantzuteko, antolatzaile asko urruneko interpretazioa erabiltzen hasi ziren. Artikulu honetan, interpretazio-modalitate hori aztertu dugu, eta plataformen ezaugarri eta gabeziei, soinu-kalitatearen garrantziari eta soinu kaskarraren ondorioei erreparatu diegu bereziki. Bai eta interpretazio automatikora aplikatutako adimen artifizialak eskaintzen digun panoramari ere.
Joan den urteko martxoan COVID-19aren ondorioz larrialdi-egoera eta konfinamendua ezarri zirenean, interpreteok aritzen garen biltzar, bilera, topaketa, jardunaldi, aurkezpen eta tankerako bilkura guztiak bertan behera gelditu ziren, goizetik gauera. Lehen asteetako izu-ikararen ondoren, erakundeak eta enpresak Internet bidez biltzen hasi ziren, eta, hizkuntza desberdinetako hiztunen arteko komunikazioa bermatzeko, urruneko interpretazioa edo RSI 1 delakoa erabiltzeari ekin zioten pixkanaka. Hasiera batean, nazioarteko erakundeak izan ziren urrunekoaren aldeko apustua egin zutenak, eleaniztasuna bermatzeko duten betebeharrari erantzuteko, baina, pandemia luzerako zihoala ikustean, enpresa eta antolakunde «arruntek» ere aukera horren alde egin zuten.
Artikulu honetan, urruneko interpretazioaz jardungo dut, eta gai hauek jorratuko ditut, besteak beste: urruneko modalitatearen taxonomia, plataformen mugak, soinuaren garrantzia, urrunekoaren inpaktua interpreteon osasunean, adimen artifiziala eta interpretazio automatikoaren panorama, eta aurrera begira zer. Eskerrak eman nahi dizkiet Karlos del Olmori, gai honetaz aritzeko eskatuta nigan jarritako konfiantzagatik, eta Jaione Arregi, Idoia Gillenea, Mayda Villar eta Maya Busqué lankideei, artikulua idazteko egin dizkidaten ekarpenengatik.
Zer da urruneko interpretazioa?
Pandemiaren ondorioz, bilerak Zoomen eta antzeko plataformen bidez egiten hasi ziren, eta bilera horietan interpreteak bere etxeko ordenagailuaren bidez egiten duen interpretazioari esaten zaio urrunekoa, oro har. Dena den, azken urte eta erdian bazter guztietara hedatu bada ere, enpresa batzuk bazeramatzaten urtetxo batzuk xede horretarako plataformak garatzen. Nik lehenbiziko urrunekoa 2017an egin nuen, eta, orduz geroztik eta pandemia hasi arte, tarteka-marteka egiten nituen urruneko saioak, horretarako berariaz sortutako plataformetan.
Zoomen eztandaren aurretik, hauek ziren urruneko interpretazioa egiteko berariaz sortutako plataforma nagusiak: Interprefy, Voiceboxer eta Kudo. Hirurak ere hizkuntza-zerbitzuen hornitzaile handiek, hau da, nazioarteko agentzia handiek sortutako tresnak dira, eta, interpretazioaz gain, bileretan erabiltzen diren beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte (botoa emateko sistemak, bilera paraleloak egiteko aukera…).
Aipatutako hiru plataforma handi horiez gain, azken urtean zehar ezin konta ahala plataforma azaldu dira: Interactio, Olyusei, Globenti, Boostlingo, Speakus, Verspeak, ZipDx, The Speech… Batzuek soinua bakarrik eskaintzen dute (hau da, telefono bidezko interpretazioa egiteko balio dute); beste batzuek, soinua eta irudia. Batzuk beren kasakoak dira; beste batzuk, enpresek bilerak egiteko erabiltzen dituzten plataformetan (Microsoft Teams, Cisco Webex, Google G Suite…) integratzen dira.
Urruneko interpretazioa aipatzen dugunean, aipatu ditudan plataformen bidez egiten dena datorkigu burura; hala eta guztiz ere, AIICk (Konferentzia Interpreteen Nazioarteko Erakundeak) distantziako interpretazioa izen orokorra hobesten du interpretea eta hizlaria areto berean ez dauden saioak izendatzeko, urrunekoak multzo zabalagoa hartzen baitu, «urruti» daudenak hizlaria, interpretea edo entzuleak diren arabera. Beste taxonomia batzuek interpretatzeko eta entzuteko erabilitako bitartekoen arabera (telefonoa, telekonferentziako sistemak…) sailkatzen dute distantziako interpretazioa.
Izan ere, urruneko interpretazioa ez da zerbait berri-berria, lehendik ere saio batzuetan hizlariak Skype bidez aritzen baitziren (hizlaria zen urruti zegoena). Donostiako Miramon aretoan eta Miramar jauregian eta Bilboko Bizkaia aretoan, berriz, interpreteok hizlariak eta entzuleak dauden eraikin berean egon arren, gure kabinak aparteko gela batean daude, eta, aretoa zuzenean ikusi beharrean, soinua eta irudia telebistako zirkuitu itxi baten bidez iristen zaizkigu (horra urruneko beste egoera bat: kasu horretan interpreteok gara urruti gaudenak).2 Saioak aretoan ez ezik streaming bidez ere ematen direnean, urruti daudenak ikus-entzuleak dira, eta, irrati-telebistako interpretazioan, azkenik, interpreteok eta ikus-entzuleak gara urruti gaudenak.
Hemen hizpide hartuko dudana, ordea, pandemia-garaian nagusitu den Internet bidezko aldibereko interpretazioa izango da: hizlariak, entzuleak eta interpreteak zein bere aretoan egonik komunikazioa plataforma digitalen bidez gauzatzen den modalitatea, alegia.
Urruneko interpretaziorako plataformak
Esan bezala, lehendik ere erabiltzen ziren urrunekoa egiteko plataformak tarteka-marteka, baina oraindik funtzionalitate asko falta zitzaizkien kabinaren antzeko esperientzia eskaintzeko, eta, gainera, erabiltzaileak ez zeuden ingurune horretara ohituta, eta hizlari askoko bilkuretan arazo dezente egoten zen soinuari dagokionez. Berariaz interpretatzeko sortutako plataformak ikaragarri garatu dira azken hilabeteotan, eta, orain, gehienek badituzte interpreteontzako ezinbestekoak diren funtzionalitate nagusiak: kabina-kidea entzuteko aukera, beste kabinak eta jatorrizkoa aldi berean entzutekoa, relaya (hau da, zuk ez dakizun hizkuntza batean ari den hizlaria zuzenean hartu beharrean zuk badakizun hizkuntza batera ari den beste interprete baten jardunetik interpretatzea), eztula egiteko botoia, aurkezlea eta aurkezpena ikusteko pantaila bana…
Edonola ere, urruneko interpretazioa egiteko gehien erabiltzen den baliabidea ez dira plataforma horiek, Zoom baizik: bideo-deiak egiteko doako zerbitzu bat. Berez interpretazioa eskaintzeko pentsatuta ez egoteak areagotu egiten ditu berariazko plataformek dagoeneko badituzten gabeziak: Zoomen interpretazio-gehigarriak bi hizkuntza erabiltzeko aukera ematen du soilik, eta, beraz, ezinezkoa da kabina-kidea entzutea edo relaya hartzea. Horretarako, bigarren kontu batetik konektatu beharra dago, eta, soinu-nahasgailurik ez baduzu behintzat, bi kasko erabili behar dira aldi berean (bata jatorrizkoa entzun eta interpretazioa igortzeko, eta bestea kidea edo relaya entzuteko).
Berariazko interpretazio-plataformek bezala, Zoomek ere funtzio berriak garatu ditu azken hilabeteotan, baina bai Zoomek, bai Kudok, Interprefyk eta gainerako guztiek ere badute arazo handi bat, tresnarekin berarekin zerikusia ez duena zuzenean, erabiltzaileekin baizik, eta konpondu gabe jarraitzen duena: interpreteoi iristen zaigun soinua. Izan ere, plataformarik sofistikatuena edukita ere, hizlariek ganorazko mikrofonorik erabiltzen ez badute, interpreteok gorriak ikusten ditugu ganoraz entzun ahal izateko.
Soinu-kalitatea
Izan ere, jende arruntarentzat soinu egokia dena ez da beti ganoraz lan egin ahal izateko nahikoa ona guretzat. Soinu kaskarraz kexatzen garenean, gure bezeroek, hizlariek edo are soinu-teknikariek ere askotan erantzuten digute berek ondo entzuten dutela, ez direlako konturatzen interpreteon entzuteko modua berezia dela eta ez dela aski hitzaldiko jarduna gure belarrietara iristea.
Batetik, entzutearekin batera interpretatu egiten dugulako, eta, beraz, bi soinu-jario iristen zaizkigu aldi berean: hizlariarena eta geure ahotsa. Bestetik, interpretatzen ari garenean, gure zama kognitiboa hiru jardueratan banatzen delako: hizlariak dioen horretan jarri behar dugu arreta, eta, haren soinua on-ona ez bada, denbora eta arreta gehiago jarri beharko dugu dioena deszifratzen; ondoren, entzuten duguna jatorrizkoaz bestelako hizkuntza batean dotore emateko ahalegina dator, eta, azkenik, eta hau ere oso garrantzitsua da, diogunaren jarraipena egin behar dugu, ondo ahoskatzen ari garela, komunztadurak ondo egiten ari garela eta diogunak zentzua duela ziurtatzeko.
Azken boladan, baina, eta zoritxarrez, soinu-kalitate bikaineko saioak oso urriak dira. Eta ez plataformek horretarako aukera ematen ez dutelako, erabiltzaile eta antolatzaileen ezagutza (eta batzuetan axola) gabeziagatik baizik. Oraindik asko dira ordenagailuko mikroa erabiltzen duten hizlariak, baina mikrofono horiek, inguruko zaratak ere harrapatzeaz gain, askoz soinu-kalitate kaskarragoa eskaintzen dute USB bidezko kaskodun mikrofonoek baino. Naomi Bowman kanadar interpreteak badu bideo oso argigarri bat3 mikrofono bat eta beste bat erabiltzearen artean dagoen alde ikaragarriari buruz.
Azken urte luzean interpretatzeko garaian eta soinuari dagokionez bizi izan ditudan esperientzia kaskarren (eta ez gutxitan txundigarrien) artean, hauek datozkit burura: giroko mikrofono bat areto baten erdian hizlariaren jardunaz gain bileran zegoen gainerako jende guztiaren zaratatxo guztiak harrapatzen zituena (jendea tekleatzen, zintz egiten, ura isurtzen, txutxu-mutxuka…), muezzin bat otoitzera deitzen, aktalaria hizlariaren ondoan teklak jo eta jo, hizlari bat ondoan telebista piztuta zeukala, beste bat umeak jolasten zeuzkana inguruan, hizlari bat mugikorretik hitz egiten manifestazio baten erdian, beste bat irratia piztuta zeukan taxi batetik…
Halako egoeretan, interpretatzeko ariketa mentalki akigarriari itzuli beharrekoa entzun ahal izateko ahalegin erraldoia gehitu behar dio interpreteak, eta horrek, oso umore txarrean jarri eta gure jardunaren kalitatea apaltzeaz gain, ondorioak ditu gure laneko osasunean ere. Danica Seleskovitx interprete handiak ezin hobeto laburbildu zuen egoera hori 1968an, soinu-kalitateari buruzko artikulu batean:
Interpreteak entzun egin behar du, entzuteko ahalegina egin behar izan gabe. Esaten dena harrapatzeko ahalegin kontzientea egin behar duen unean, haren arreta desbideratu egiten da, haren teknika asaldatu, eta hitzez hitz itzultzen hasten da, mezuaren esanahia adierazi beharrean […] Ezin du maila onenean lan egin, eta horrek eragiten dion amorruak kontzentratzen galarazten dion beste interferentzia bat dakarkio.4
Hizlariek ez ezik, interpreteok ere kasko egokiak erabili behar ditugu soinu txarrak eragin ditzakeen ondorioak ekiditeko. Horretarako, shock akustikoa5 delakoaren kontrako babesa duten entzungailuak erabiltzea komeni da. Eta zer da shock akustikoa? Bat-batean iristen zaizkigun soinu altuegiek eragiten duten sintoma-multzoa. Soinu horiek izan daitezke mikrofonoa erortzean lurraren kontra ateratzen duen zarata, ezusteko bolumen-igoera biziak, mikrofonoa ba ote dabilen ikusteko haren kontra jotzen diren «kolpetxoak»… Shock akustikoak sintoma ugari eragiten ditu:6 erre-sentsazioa belarrian, belarriko mina, goragalea, buruko mina, tinnitus edo akufenoak (soinu-estimulurik gabe txistu-hots edo burrunba etengabea entzutea), hiperakusia (entzumen-hipersentikortasuna)…
Bestalde, urrunetik ari garenean, soinua Internet bidez iristen zaigu, VoIP protokoloa erabilita: horrek esan nahi du soinua paketetxo txikietan zatitzen eta banatzen dela eta gero gure ordenagailuan elkartzen dela berriro (oso modu azalekoan azalduta). Kate horretan, soinua degradatu egiten da, ez baita soinua bidaltzeko berariazko sarerik erabiltzen (telebistan eta irratian erabiltzen dituztenen modukoak). Gainera, soinua igortzeko erabilitako konexioak gorabeherak izaten ditu (zer esanik ez Wi-Fi bidezkoa bada, zuntz optikoaren eta Ethernet kable baten bidezkoa beharrean), eta, kontsolara iristen zaigun soinua digitaletik analogora eramango duen soinu-teknikaririk gabe, eragiketa horiek guztiak automatikoki egiten dira, edo algoritmoen bidez.7 Interpreteok ikaragarri sumatu dugu soinu-teknikarien falta azken hilabeteotan. Haiek bai funtsezko langileak!
Zoom nekea
Soinu kaskarrari lotutako arazo eta ondorioei Zoom nekea delakoa gehitu behar diogu; alegia, bilerak bideokonferentzietarako plataforma digitalen bidez egiteak eragindako nekea (ez soilik Zoom bidez, baina, pandemiaz geroztik gehien erabiltzen den plataforma hori denez, izen hori hartu du). Neke hori ez dugu interpreteok bakarrik jasaten; bileran gertatzen dena ondo entzun eta ikusteko egin beharreko ahalegin erantsiagatik, hizlari-entzule arruntek ere halako ondoez bat sentitzen dute luzaroan bilera digital batean parte hartzen dutenean, hainbat arrazoi direla eta.
Aurrez aurreko bileretan, parte-hartzaile guztiak aretoan egoten dira, eta ahots bakoitza ondo bereizita iristen zaigu, hizketan ari dena dagoen lekutik. Horrek erraztu egiten du hizlaria nondik ari den identifikatzea, bilera birtualetan ez bezala, halakoetan ahots guztiak iturri beraren bidez iristen baitira, eta horrek entzumen-esperientzia nahasi eta antinaturala sortzen du. Era berean, ikus-entzunezkoaren kalitate kaskarrak askoz zama kognitibo handiagoa eragiten dio gure burmuinari, arreta handiagoa jarri behar baitu iristen zaion informazioaren hutsuneak betetzeko.8 Zama hori eragiten duten beste faktore batzuk: bideokonferentzietan etengabe ari garela geure burua ikusten, begi piloa daukagula begira-begira, eta ez daukagula gauden lekutik mugitzerik bilerak irauten duen denbora guztian.9
Nola komunikatu kabina-kidearekin?
Orain arte aipatu ditugun arazo teknikoez gain, interpreteok elkarrengandik urrun egoteak zeharo zailtzen du interpretazio on baten oinarrian egon ohi den talde-lana. Denbora-tarte jakin batetik aurrera, interpreteok binaka (edo hirunaka) aritzen gara, tarte horretatik aurrera burmuinak ezin baitu behar bezala jardun. Gurean, aurrez aurreko saioetan, ordu eta erdian jarrita dago bakarka aritzeko muga. Nazioarteko zenbait erakundek diote interpreteek beti aritu behar dutela binaka, jardunaren iraupena edozein dela ere. Eta, urrunekoaren kasuan, beti gomendatzen da binaka aritzea, konexio-arazorik balego ere. Eta zertan datza kabina-kideen arteko talde-lana? Kabina-kideak termino zailak edo zenbakiak idazten dizkigu, adi egoten da mikrofonoa piztu dugula ziurtatzeko, soinu-arazorik bada soinu-teknikariarengana joan daiteke, dokumentazioko pasarteak lokalizatzen lagunduko digu, antolatzaileen bila joango da ziztu bizian irakurtzen ari diren baina guri eman ez diguten testuaren bila, ezinean bagabiltza keinu bat egingo diogu mesedez mikroa hartzeko eskatzeko…
Interprete batek mikroa itzali eta besteak piztu beharreko unea ere konplikatu samarra izaten da. Aurrez aurreko saioetan, elkarri keinu bat eginda adosten dugu unea, eta aukera daukagu unean bertan ikusteko kideak mikroa noiz itzali duen edo norberak itzali ondoren piztu egin duela. Urrunekoan, hori txat bidez adostu behar da, baina txat batzuek delay pixka bat izaten dute, eta kontu handia jarri behar da bi interpreteak aldi berean ez aritzeko. Esan bezala, urrunekoan, horiek guztiak idatziz egin behar izaten ditugu. Beste aukera bat da aparteko bideokonferentzia bat sortzea (WhatsAppeko bideoa edo Skype erabiliz, adibidez) elkarri entzun eta keinu bidez komunikatu ahal izateko, baina horrek banda-zabalera «lapurtzen» du, interpretazio-plataformaren bidez iristen zaigun jarioaren kaltetan.
Beste arazo batzuk
Jardunari berari ez, baizik eta ogibideari edo negozioari dagozkion beste kezkabide batzuei helduko diet orain. Has gaitezen etxetik interpretatzeak dakarren zama ekonomikoarekin. Mundu ez-birtualean, gu lanera joaten gara eta goazen lekuan kabina batzuk aurkitzen ditugu, beharrezko bitarteko guztiekin (kontsola, kaskoak, soinu-teknikaria…). Urrunekoan, berriz, geu gara azpiegitura guztia ordaindu behar dugunak: USB konexiodun entzungailu aproposak, zuntz optikoko konexio sendoa, ordenagailu bat interpretatzeko eta beste bat (edo tablet bat) aurkezpenak ikusteko eta teknikari, antolatzaile nahiz kabina-kideekin komunikatzeko, soinu-iturrien nahasgailua…
Kontuan izan behar dugu, bestalde, interprete guzti-guztiek ere ez dutela gela bat norberarena etxean, eta zenbaitek coworkingak alokatu behar izaten dituztela giro lasai batean interpretatu ahal izateko. Egia da zenbait hiritan interpretazio-hubak sortu direla, hots, interpretatzeko kabinaz eta telebista-kameraz hornitutako estudioak. Gehienak ere ikus-entzunezko enpresek, urruneko interpretazioko plataformek eta nazioarteko interpretazio-agentziek sortuak dira, hiriburu handien aldirietan nagusiki. Gune horietatik urruti bizi denari, ordea, mesede gutxi egiten diote.
Urruneko saioak askotan streaming bidez ematen direnez, gero eta joera handiagoa dago interpreteon jarduna grabatu eta YouTuben edo antolatzaileen webgunean eskuragarri uzteko. Dakigunez, interpretazioa unean uneko jarduera bat da, elkar ulertzen ez duten hiztunei unean bertan elkar ulertzen laguntzeko xedea duen ariketa bat. Baina kontuan hartu behar da guk eskaintzen duguna zerbitzu bat dela, ez produktu bat. Alegia, komunikazioa bermatzeko aukera ematen dugu, baina hori posible egiten duen jarduera ez dago denboran zehar irauteko pentsatua, eraginkorra bezain inperfektua baita, bai jardueraren beraren ezaugarriengatik, bai jardueraren inguruko baldintzengatik (soinu txarra; ziztu bizian irakurtzen diren testuak itzuli beharra, interpreteoi aldez aurretik helarazi ez dizkigutenak; hizlari kaskarrak, eta abar).
Gainera, interpreteok gara interpretatzen dugunaren jabeak; gure jardunak badauzka copyrighta edo egile-eskubideak: gure berariazko eta idatzizko baimenik gabe grabatzerik ez dagoen bezala, grabazioa unean-unean eskaintzen dugun jardunaz gaindiko beste zerbitzu osagarri bat denez, aparte ordaindu beharra dago.10 Edonola ere, interpreteok beto-eskubidea eduki beharko genuke, grabazio-saria adostu arren kalitatezko zerbitzua eskaintzeko baldintzak betetzen ez badira gure saioa streaming bidez eman eta gero Internetera igo edo ez erabakitzeari dagokionez.
Urrunekoarekin zabaldu den beste joera kezkagarri bat orduka (edo are minutuka) fakturatzeko ohitura izan da. Zenbait plataformak call centerren antzera funtzionatzen dute: interpreteak konektatuta egoten dira, etengabe iristen diren (bideo-)deiak erantzuteko prest, eta interpretatzen aritutako minutuengatik kobratzen dute soilik. Interpretazioaren uberizazioa dakarren praktika hori gure lanbidearen oinarri-oinarriko ohitura baten aurka doa, interpreteok lanaldi erdiagatik edo osoagatik fakturatzen baitugu (herrialde batzuetan lanaldi osoko tarifa aplikatzen dute soilik), interpretatzen hasi aurretik ere prestakuntza-lan handia baitago, eta lana ordaindu egin behar da.
Tarifak behera bultzatzen dituen beste kezka-iturri bat da urruneko interpretazioak mundu osoko interpreteak erabiltzeko aukera ematen duela eta bezeroek bizi-maila apalagoko (eta, ondorioz, tarifa baxuagoak dauzkaten) herrialdeetako interpreteak (guztiz profesionalak, eta maila on-onekoak) kontratatu ditzaketela orain, ohi zuten baino merkeago. Frantseseko interpreteak Afrikan, gaztelaniakoak Latinoamerikan eta ingelesekoak Asian, esate baterako. Zorionez, euskarazko interpreteoi ez digu eragiten interpreteen globalizazio horrek.
Interpretazioa eta adimen artifiziala
Itzulpenaren alorreko teknologiek azkenaldian izandako aurrerapen handiak ez dira, baina, telekonferentziak egiteko plataformetara mugatzen, noski. Itzulpen-ereduak estatistiketan beharrean sare neuronaletan oinarritzen hasi zirenetik, itzulpen automatikoak hobera egin du nabarmen, eta hizkuntzalaritza konputazionaleko ikerlari batzuk hasiak dira beren ezagutzak interpretazioaren alorrera eramateko modua aztertzen. Dena den, itzulpen automatikoaren kasuan hizkuntza bateko testu batetik beste hizkuntza bateko beste testu batera igarotzeko pauso bakarra badago ere, interpretazioaren kasuan pausoak hiru dira, eta, hiru horietakoren batean akatsik izanez gero, kate osora hedatuko lirateke.
Nola funtzionatzen du, bada, interpretazio automatikoak?11 Aurrena, ahozkoaren transkribapen automatikoa egiten da (hizketa-ezagutze automatikoaren bidez); gero, transkribatutako testua jatorrizko hizkuntzatik xede-hizkuntzara pasatzen da (itzulpen automatikoaren bidez); azkenik, testua ahoz gora irakurtzen da (hizketaren sintesi edo testu-ahots bihurgailuren baten bidez). Akatsak kate osora hedatzeko arriskuaz gain, interpretazio automatikoak badu beste mugarik ere: makinek esaldiak «itzultzen» dituzte; interpreteok, aldiz, ideiak, eta, ideiak aditzera emateko garaian, kontuan hartzen ditugu komunikazioan eragina duten beste alderdi asko eta asko, hala nola doinua, ironia, testuinguruko erreferentziak, polisemia, gorputz-hizkera, ñabardura kulturalak, erregistroa, errimak, txisteak, hitz-jokoak, jardun zehatzaren arabera politikoki eta sozialki egokia den hizkera, beren ama-hizkuntzan ari ez diren hizlarien azentuak, bukatu gabeko esaldiak…
Alde horretatik, ez dirudi makinek lanik gabe utziko gaituztenik, oraingoz behintzat.12 Horrek ez du esan nahi adimen artifizialak ez duenik lekurik interpretazioan. Elhuyarreko Josu Aztiriak, Saroi Jauregik eta Igor Leturiak 2020ko Senezen Aditu hizketa-ezagutzaileari buruz idatzitako artikuluan13 ederki azaltzen zuten moduan, Adituk eta antzeko tresnek interpreteari «idatziz erakutsiko [dizkio] hizlariaren esanak, bera interpretatzen ari dela. Hala, ez du jarioan ezer galtzeko arriskurik, nahiz eta Adituk proposatzen diona guztiz zuzena ez izan». Hizketa-ezagutzaileak bereziki lagungarriak gertatzen dira hainbeste arazo ematen diguten zenbakiak itzultzeko garaian eta, glosarioak kudeatzeko softwareekin konbinatuz gero, terminologia egokia aukeratzen ere laguntzen dute.14
Eta aurrera begira, zer?
Interpretazio-mundua bidegurutze baten erdian dago. Pandemiak bizkortu besterik ez ditu egin 2020ko martxoaren aurretik garatzen hasita zeuden zenbait joera, baliabide, teknologia eta praktika. Pandemiak eragindako urgentzia atzean uzten goazen heinean, atzean utzi behar dugu uneko premiei erantzun beharrak eragindako salbuespen-egoera ere, gure langintza ahalik eta baldintzarik duin, txukun eta osasungarrienetan egin ahal izateko.
Interpretazioa eleaniztasuna bermatzeko baliabide bat da, guztiz garrantzitsua norberak bere hizkuntzan jarduteko duen eskubidea babesteko. Alde horretatik, urruneko interpretazioa oso tresna baliagarria izan da aurrez aurreko bilkurarik egiterik egon ez den bolada luzean, eta nazioarteko topaketetan parte hartzeko aukera eman dio iraganean halakoetan parte hartzerik ez zeukan munduko bazter askotako jende askori.
Gauzak bere onera itzuli ahala, baina, gure lana hizlariak aretotik bertatik ikusten uzten duten kabina homologatuetan15 (neurri egokikoak, aireztatze-sistema dutenak, eta argiztapen eta intsonorizazio txukunak) egitera itzuli beharko ginateke, soinu garbia emango diguten soinu-teknikari profesionalez lagunduta, kabina-kidea alboan eta antolatzaileak gertu dauzkagula. Horixe da guk kalitate oneneko zerbitzua eman ahal izateko ingurune egokiena, eta gure (laneko) osasuna gutxien kaltetzen duena.
Horrela, bada, urruneko interpretazioa aurrez aurrekoa egiterik ez dagoen kasuetarako utzi beharko litzateke, eta, ezinbestean erabili behar izanez gero, gutxieneko baldintza hauek bete beharko lirateke, ezinbestean: hizlari guztiek USB bidez konektatzen den mikrofono egokia izatea, ez ordenagailukoa; Ethernet kablearen bidezko Interneteko konexioa; jarduneko hizlariarena ez beste mikrofono guztiak itzaltzeaz arduratzen den moderatzaile edo teknikari bat; hizlariak kamerara begira jardutea, interpreteok haren ahoa ikusteko moduan. Era berean, saioak lanaldi erdika edo osoka fakturatu behar dira, inolaz ere orduka. Interpreteak izango du azken hitza bere jarduna grabatzeari eta Internetera igotzeari dagokionez.
Azkenik, hizkuntza-teknologiek gure lana erraztu eta gutxieneko ulermena bermatzen lagundu dezakete, inongo zalantzarik gabe, baina interpreteok lasai egon gaitezke, teknologia horiek oraingoz oso urrun baitaude giza (eta eme) interpretazioak ahalbidetzen duen ulermen eta komunikazio aberats, ñabartu eta eraginkorra eskaintzetik.
1. Remote Simultaneous Interpreting-en ingeleseko akronimoa: urruneko aldibereko interpretazioa.
2. Kabinak dituzten aretoak eraikitzeko, birmoldatzeko edo finantzatzeko ardura dutenei ohartxo bat egiteko aprobetxatu nahi nuke: interpreteontzako espazioak diseinatu aurretik, hitz egin, mesedez, interpreteren batekin, edo jarri harremanetan elkartearekin, interpreteok gure lana eroso eta baldintza onetan egiteko irizpideak aspaldi finkatuta baitaude, nahiz eta, zoritxarrez, askotan ez diren betetzen.
3. Naomi Bowman: «Microphones: Sound choices for RSI».
4. Danica Seleskovitch: L’interprète dans les conférences internationales. Problèmes de langage et de communication (Mirard Lettres Modernes, Paris, 1968). David Violeten ingeleseko bertsiotik itzulia.
5. Maha El-Metwally: «Acoustic Shock: What Interpreters Need to Know», The ATA Chronicle.
6. AIIC: «Acoustic Shocks Research Project. Final Report».
7. Zenbait interpreteren iritziz, RSIk edo urruneko interpretazioak ez dauka konponbiderik, ezta interpretazio-hubak erabilita ere, eta ezinbestekoa da sistema osoa hutsetik birpentsatzea. Soinu-katearen funtzionamenduaz eta bidean soinuak jasaten dituen galerez zehaztasun handiz mintzo da Cristian Giuducci Europar Batasuneko interpretea artikulu honetan: «Headsets Won’t Work Miracles: Here is How Digital Sound Gets Degraded in the 21st Century».
8. Moya Sarner: «Brain fog: how trauma, uncertainty and isolation have affected our minds and memory». The Guardian.
9. Vignesh Ramachandran: «Stanford researchers identify four causes for “Zoom fatigue” and their simple fixes». Stanford University News.
10. Interpretazio-saioak grabatu eta Interneten erabilgarri jartzeagatik kobratzen den plusa % 25-50 artean dago gaur egun.
11. Erresuma Batuko eta Irlandako AIICk webinario-sorta interesgarri askoa antolatu zuen gai horri buruz joan den urteko neguan. Hizketaren itzulpen automatikoaz eta interpretazioak adimen artifizialaren aroan duen etorkizunaz aritu ziren, besteak beste. «Artificial Intelligence and the Interpreter».
12. Nahiz eta bilkura eta biltzar batzuetan hasiak diren hezur-haragizko interpreteen ordez itzulpen automatikoaren bidez sortutako azpidatziak erabiltzen. Hizlariaren jatorrizko jarduna transkribatu (automatikoki edo estenotipista baten bidez), eta transkribapenaren itzulpen automatikoa(k) aretoko pantaila batean proiektatzen d(ir)a.
13. Aztiria, Josu; Jauregi, Saroi eta Leturia, Igor: «Elhuyarren Aditu hizketa-ezagutzailea, beste aurrerapauso bat euskararen garapen digitalean», Senez, 51. zk., 2020.
14. Techforword: «Automatic speech recognition with terms – A demo». Interpreteoi gure lanbidearekin zerikusia duten teknologiak gerturatzeko eta erabiltzen irakasteko sortu zuten Techforword plataforma Josh Goldsmith eta Alexander Drechsel interpreteek. Baliabide erabilgarri ugari aurki daiteke haien webgunean, gure jarduna errazten duten gai asko eta askori buruz: tableta nola erabili interpretazio-saioak prestatzeko, nola kudeatu glosarioak, nola lortu urrunetik interpretatzeko soinu-nahasketa egokia…
15. Ikus 2. oin-oharra.