In memoriam: Xalbador Garmendia, Euxebe Portugal eta Maritxu Urreta
Maite Imaz eta Karlos del Olmo

Ale honetan, aurreko zenbakiak argia ikusi zuenetik hildako hiru bazkide omendu nahi ditu EIZIE elkarteak. Azken urteotan lanbidearen hainbat alorretan jardundako ia hiru belaunaldiren ordezkaritzat jo ditzakegu Xalbador Garmendia (1932-2018), Euxebe Portugal (1956-2019) eta Maritxu Urreta (1915-2018) kideak. Ohorezko bazkide izendatuak zituen elkarteak bai Maritxu bai Xalbador. Hirurak, zein baino zein jakintsuago, zein baino zein baino izen hobearen jabe genituen.

Xalbador Garmendia (1932-2018)

Xalbador Garmendia EIZIEko ohorezko bazkidea 2018ko azaroaren 14an joan zitzaigun, 86 urterekin. Euskalgintzaren esparruko lanbide askoko gizona izan zen: itzultzaile, zuzentzaile, idazle, euskara irakasle, hizkuntzalari, eta baita euskaltzain urgazle ere. Itzultzaile gisa egindako jardunean, literatura itzulpena, hala antzerkigintza nola nobela, dibulgaziozko itzulpena, eta Eusko Kontseilu Nagusian itzultzaile zebilela egindako Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren itzulpena nabarmen genitzake. Zuzentzaile gisa, berriz, Zeruko Argia aldizkarian egindako ibilbidea, Egin egunkariak iraun zuen urteetan euskara- arduradun gisa egindako lana eta Ikastolen Elkartean testu zuzenketan egindakoa dira aipatzekoak.

Xalbador Garmendia Etxeberria Zaldibian jaio zen, 1932ko irailaren 20an. Hamar urterekin, Tolosako Sakramentinoetara joan zen ikastera; gero, Iruñera, eta, geroago, Teologia ikasi zuen Erromako Unibertsitatean. Tolosan zebilela musika ere ikasi zuenez, hango ikastetxeko organista izan zen, baita Iruñeko eta Erromako ikastetxeetan ere. Erromatik Euskal Herrira itzulitakoan ere musika zaletasuna ez zuen inoiz alde batera utzi, gerora ere Donostian eta Anoetan —bizileku izan zuen tokian— organista ibili baitzen eta Zaldibiako herrikideak musikan murgiltzen ere ahalegindu baitzen. Tolosako Udaberri dantza taldearen sortzailea izan zen, Felix Galdonarekin batera, 1957an, eta Tolosa eta inguruetako hainbat mutiko (neskarik ez artean) eta txistulari pare bat bildu zituen talderako.

Zeruko Argia aldizkarian zuzentzaile ibili zen 1960ko hamarkadan, eta, garai berean, euskal antzerkia berritzearen alde egin zuen —besteak beste, Gabriel Arestirekin batera—, XIX. mendetik zetozen moldeak baztertuz. Maulen bizi zela, Ondarroako Lore Jokoetako Antzerki saileko lehen saria irabazi zuen, 1964an kaleratutako Historia triste bat ordura arte landu gabeko gaiak jorratzen zituen antzerki lanarekin. Molde berriko antzerkia plazaratu nahian zebilen talde batek, Jarrai taldeak, 1965ean antzeztu zuen antzerkigintzan mugarritzat jotzen den lan hori, eta Gabriel Arestik koordinatutako Euskal-Elerti 69 bilduman argitaratu zen, 1969an. Sari hori zela-eta, Zeruko Argian (1965-01-10) egin zioten elkarrizketan azaltzen zuen euskal idazleekiko zeukan pasioa, bai eta euskal literaturak Europa aldera begiratu behar zuela ere. Antoine de Saint- Exupéryren Le Petit Prince (Printze txikia) ordurako itzulia zuela adierazi zuen elkarrizketa hartan, halaber, nahiz eta 1970era arte Plan argitaletxearen eskutik argitaratu ez.

Garai bertsuan, itzulpengintzari lotu zitzaion, 1967an, Albert Camusen Les Justes euskaratu baitzuen (Gizon zuzenak), Jarrai antzerki taldearen eskariz. Obra itzulia 1967an antzeztu zuten arren, testu itzulia bera ez zen argitaratu. Euskal antzerkigintzan atzerriko hizkuntzetatik itzulitako obretara jo behar ote zen edo jatorriz euskaraz sortutakoak bakarrik antzeztu behar ote ziren eztabaida sortu zen garai hartan, eta Jarrai taldeak kalitatezko obrak itzultzearen eta antzeztearen alde egin zuen; hala, Maulera joan ziren, Xalbador Garmendiari Camusen obra existentzialista eta garai hartarako probokatzailea itzultzeko eskatzera.

Euskaltzain urgazle 1965az geroztik, Euskaltzaindiak Arantzazuko santutegian 1968an egindako batzarrean euskara batuaren oinarri gisa aurkeztu zituzten bost txostenetako baten egilea izan zen Xalbador Garmendia; euskara batuaren deklinabideari buruzko txostenarena, hain zuzen ere.

Berriro ere Jarrai antzerki taldearen eskariz, Manuel de Pedrolo idazle katalanaren Homes i no (Gizonak eta ez) itzuli zuen, 1970ean. Azkenean, taldeak ez zuen antzerki lana taularatu, baina itzulpen testua Egan 4/6-1969 aldizkarian argitaratu zen, eta sarean dago irakurgai.

Handik urtebetera, Tatiana Zakharovaren Historia de la tierra (Lurraren kondaira, Herri Gogoa, 1970) itzuli zuen, «euskera eder eta ulerterrezean», Angel Irigaraik Zeruko Argian egindako kritikaren arabera. Honela bukatzen du kritika:

Idazten dutenek ongi dakite, euskal itzulpen argi bat zaillago dela, norberaren burutik izkiriatzea baiño. Liburu honeri etzaio erdal joskerarik batere nabari (ezpaita ahuntzaren gauerdiko ametsa) eta gomendatzen diotegu, euskera natural bat eta jakin naia, gozatu nai duten guztieri. (Zeruko Argia, 1971-02-28).

Egin egunkaria sortu zenean, 1977an, hango itzultzaile taldearen arduradun izan zen, lehenik, eta euskara zuzentzaile, ondoren; Eusko Kontseilu Nagusia sortu zenean, berriz, 1978ko urtarrilean, hango lehenengo itzultzailea izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoaren aurretiko erakundea izan zen Eusko Kontseilu Nagusia, 1978-1980 bitartean. Han zebilela, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutua itzuli zuen.

Tolosako Laskorain ikastolan euskara irakasle lanetan ibili zen 1981-82 ikasturtean. Orduan ezagutu nuen nik, artean 16 urte nituela, garai hartako Balioanizdun Batxilergo Bateratuaren hirugarren urtea —oraingo Batxilergoaren lehenengo urtearen parekoa— egiten hasi nintzenean. Gogoan dut eskoletan euskal aditza puzzle bat egitearen antzeko joko gisa nola azaltzen zigun, arbelean margotzen zuen taula baten bidez, eta esaten zigun ulertzen ez bagenuen errua ez zela gurea, ikasleona, irakaslearena baizik, gauzak ondo ez azaltzeagatik. Batzuetan, ikastolako liburutegira eramaten gintuen, euskal klasikoak irakurtzera, haiekiko zeukan pasio hura transmititu nahian. Ni Axularren Gero irakurtzeko ahaleginetan ibili nintzen boladan, inguratzen zitzaidan, liburuari begira gelditu, eta, pasarteren bat ozen irakurri ondoren, «ez al da ederra?» galdetzen zidan, Axularrekiko miresmena ezin ezkutatuz. Egun batean, Euskal Filologia ikasteko iradoki zigun beste ikaskide bati eta niri. Nik dagoeneko buruan nerabilen aukera bat zen Euskal Filologiarena, baina, geure hizkuntzan nik orduan ezagutzen nuen pertsonarik jantzienak hori esan ondoren, aukera sendoagoa bihurtu zen.

Gure irakasle zela plazaratu zuen Gabriel García Márquezen Crónica de una muerte anunciada nobelaren itzulpena (Heriotza iragarritako baten kronika, Sendoa, 1982); nik, ikasle txintxoek egiten duten modura, liburua berehala erosi eta irakurri nuen. Segur aski, hura izango zen euskarara itzulitako nobela bat irakurtzen nuen lehenengo aldia. Eta hura izango zen euskal itzultzaile profesional bat gertutik ikusten nuen lehenengo aldia. Urte batzuen ondoren, Euskal Filologian lizentziatu, eta itzultzaile bihurtu nintzen.

Gerora, Ikastolen Elkarteko testu zuzentzaile ibili zen; haur eta gazteentzako literatura sorkuntzan ere saiakera egin zuen, 1990ean Beltza! Beltza! lana kaleratuz (Erein), eta Egin egunkarian jarraitu zuen euskara arduradun, harik eta 1998an, jubilatzeko adina betea izan arren oraindik ere lanean gogotsu zebilela, Baltasar Garzónek egunkaria itxi eta, horren ondorioz, erretiroa hartu zuen arte.

EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen Xalbador Garmendia 2000. urtean, beste itzultzaile batzuekin batera, aurreko belaunaldiek egindako lan eskerga aitortze aldera. Itzulpen Antologia III liburuan argitaratu zituen EIZIEk orduan omendutako itzultzaileek egindako itzulpen batzuk, eta, hala, Erromes errusiarraren kontakizunak  liburuko atal bat dago antologia horretan (Otkrovennye rasskazy strannika duchovnomu svoemu otcu errusieraz; egile anonimoa). Liburua euskaratzeko, frantsesera eta italierara egindako itzulpenez baliatu zen.

Maite Imaz

Euxebe Portugal Zabala (1956-2019)

2019ko urtarrilaren 7an hil zen Euxebe Portugal itzultzailea (Oiartzun, 1956-2019). EIZIEko bazkide izan zen elkartea sortu zenetik.

Ibiltari nekaezina izan zen euskal itzulpengintzaren bideetatik, hainbat motatako itzul eginkizunei helduta. Martuteneko Itzultzaile Eskolan ikasi zuen, eta XX. mendeko azken laurdenean ekin zion itzultzaile profesional autonomo moduan jarduteari. Haren inguruan lan egindakoek eta itzuli zituen lanek agerian jartzen dutenez, euskara ezin hobeto menderatzeaz gain, sen handiko itzultzailea zen.

Itzulpengintzan ezinbesteko gertatzen diren beste alderdi batzuetan ere lan nabarmena egin zuen, lehen itzulpen enpresa profesionaletako batean, Jaiduran, luzaro itzultzeaz gain, kudeatzaile ere jardun zuelako. 1992tik aurrera, TISA itzulpen enpresan aritu zen, hartan ere bi eginkizun mota jorratzen zituela: itzultzea eta kudeatzea, biotan bikain ere bikain arituta. Gainera, lankide izaten ere bazekien, Itzul posta zerrendan beti egoten zelako gertu laguntza eskaintzeko.

Zinpeko itzultzailea ere izan zen 2010etik.

Besteak beste, honako lan hauek itzuli zituen, bakarka zein beste lankide batzuekin batera:

  • Ingurunea: gizarte eta natur zientziak. Experientzi-arloa, Erdiko Zikloa, OHO 4. (1986)
  • Historia arakatzen: giza zientziak (esperentzi arloa), OHO 7., D eredua (1987)
  • Astigarraga eta bertako kontzeju-etxeak (1995)
  • Donostiako San Bartolome monasterioa Astigarragan. Klausurako moja komunitate baten egokitzapena aro garaikidean (1999)
  • Lo mejor de Bizkaia: guía de lugares simbólicos = leku sinbolikoen gidaliburua = gide of symbolic places (2000)
  • Lo mejor de Gipuzkoa: guía de lugares simbólicos = leku sinbolikoen gidaliburua = gide of symbolic places (2000)
  • Euskal Herri enblematikoa. Euskal antzerti eta zinea (2002)
  • Euskal Herri enblematikoa. Euskal literatura (2002)
  • Euskal Herri enblematikoa. Prentsa, irratia eta telebista (2003)
  • Sasoian eta lan bila: langabeziari nola aurre egin (2004)
  • Astigarragako ibilbideak (2007)
  • Jai eta ospakizunen gida [Ordenagailuko fitxategia] (2011)
  • Leku sinbolikoen gida [Ordenagailuko fitxategia] (2011)

Karlos del Omo

Maritxu Urreta Zulaika (1915-2018)

EIZIEko ohorezko bazkide izan zen Maritxu Urreta Zulaika (Donostia, 1915 - Donostia, 2018). Ikastea ezinago atsegin zitzaion, bereberki, hizkuntzak. Umetan ekin zion frantsesa ikasteari, eta ingelesa ere ikasi zuen, ikastetxean.

Ingelesa hobeto ikasteko, 19 urte zituela, oso ohikoa izan ez arren, Maritxu Urretak hainbat hilabetetako egonaldi bat egin zuen, bakarrik, Ingalaterran. Gero, alemana eta italiera ere ikasi zituen, eta liburuak jatorrizko bertsioan irakurri ahal izan zituen. Gerra Zibilean, familiarekin ihes egin behar izan zuen.

Gerra amaitutakoan, familia ez zen zuzenean Donostiara itzuli. Azkenean, etxera itzuli zirenean, Maritxu Urretak berehala ekin zien berriro bere zaletasunei: etxean ikasitako euskara hobetzeko asmoz, Maria Dolores Agirreren euskara eskoletara joaten hasi zen. Euskara hobetzeaz gain, ahozkotik idatzizkora nola igaro ere ikasi zuen. Eta hortik etorri zen itzulpengintzan hastea. Jose Luis Muñoyerroren lan bat euskaratu zuen 1960an: Lartaun eguzki-semea. Hurrengo itzulpena Muñoyerroren beste lan bat izan zen: Ilargian ere euskeraz, 1967an argitaratua.

1976. urtean, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen aldizkariko editorialak euskaratzen hasi zen.

1996an, ohorezko bazkide izendatu zuen EIZIEk, eta, omendutakoen lanekin osatu beharreko Itzulpen Antologia II libururako lagin bat hautatzeko eskatu ziotenean, lehengo itzulpen bat barik, Alice Duer Miller (1874-1942) idazle estatubatuarraren poema luze bat euskaratu zuen, berariaz: The White Cliffs, hau da, Itsas-malda zuriak.

Hona hemen pasarte bat:

XL

As I grow older, looking back, I see
Not those the longest planted in the heart
Are the most missed. Some unions seem to be
Too close for even death to tear apart.
Those who have lived together many years
And deeply learnt to read each other’s mind,
Vanities, tempers, virtues, hopes and fears—
One cannot go—nor is one left behind.
Alas, with John and me this was not so:
I was defrauded even of the past.
Our days had been so pitifully few,
Fight as I would, I found the dead go fast.
I had lost all—had lost not love alone,
But the bright knowledge it had been my own.

XL

Zaartzen nijoan bezela, atzera begiratzean,
Ikusten det, biotzean sustraituenak
Ez dirala geienak uts egiten digutenak.
Senar-emazte batzuek eriotzak ere
Ezin ditu banandu.
Luzaroan alkarrekin bizi izan diranak
Batek bestearen gogoa ikasia du,
Uskeriak, azturak, zintzotasunak, itxaropen ta beldurrak —
Ezin bakarrik joan —ez bestea atzean utzi.
Ai, John eta neretzat ez zan orrela:
Joandakoak ere marro egiten zidan,
Ain egun gutxi alkarrekin,
Borroka egin arren — guztia galdua,
Eriotza ziztakoan etorria,
Maitasuna ez bakarrik galdua,
Nerea izan zala, orren jakite alaia ere.