Errusierazko perpaus erlatiboak euskaratzen: euskal itzultzaileen erlatibakuntza-estiloa
Artikulu honetan errusiar literatura euskaratu duten lau itzultzaileren testuak hartu eta errusierazko erlatibozko perpausen euskaratzean eragiten duten faktore desberdinak aztertu ditugu. Horretarako literatura-testuen corpus paralelo bat sortu dugu, eta bertatik ateratako datuetan oinarriturik, errusierazko erlatibakuntza euskaratzerakoan euskal itzultzaileek hartutako erabakietan faktore linguistikoek eta estralinguistikoek eragiten dutela ondorioztatu ahal izan dugu; halaber, gure corpuseko datuen laguntzaz, faktore horietako bakoitzak testuinguru desberdinetan nola eragiten duen zehaztea lortu dugu.
Errusierazko perpaus erlatiboak euskaratzen: euskal itzultzaileen erlatibakuntza-estiloa1.
Errusierazko perpaus erlatiboak euskaratzean, euskal itzultzaileek ez dituzte beti ordain berberak ematen. Artikulu honen helburua aldakortasun hori gobernatzen duten faktoreak ikertzean datza; arreta berezia jarriko dugu euskal itzultzailearen beraren estiloan edo, zehazkiago esanda, estilo horren alderdi oso jakin batean: euskal itzultzaile bakoitzaren balizko erlatibakuntza-estilo batean.
Azken hamarkadetako itzulpengintza-ikerketetan, ohikoa da itzulpen-prozesuan eragiten duten faktoreak bitan banatzea: linguistikoak eta estralinguistikoak.
Ikuspegi horren arabera, faktore linguistikoak sorburu-hizkuntzaren (SH) eta xede-hizkuntzaren (XH) sistema gramatikalen elkarrekintzak inposaturikoak lirateke (morfologia, lexikoa, sintaxia…). Hizkuntza itzulpen-prozesuaren ezinbesteko elementua denez, argi dago SHaren eta XHaren sistema-gramatikalek itzultzailearen hautuetan eragina izan behar dutela derrigorrean.
Faktore estralinguistikoak, aldiz, SHaren eta XHaren hizkuntza-sistemarekin harreman zuzenik ez dutenak dira, hizkuntzaz kanpokoak. Horiek sailkatzeko modu asko egon daitezkeen arren, lau faktoretan laburbildu ditzakegu (vejcer 2004: 236): sorburu-kultura (SK), xede-kultura (XK), idazlearen estiloa eta itzultzailearen estiloa. Eskema hori gurera ekarrita, jatorrizko testuaren ingurunea Errusia litzateke; xede-testuari harrera egin behar dion kultura, berriz, euskal kultura edo, nahi bada, euskaldungoa; errusiar idazlearen estiloa eta euskal itzultzailearen estiloa.
Artikulu honetan ez ditugu faktore horiek guztiak bere osotasunean jorratuko. Gure helburua euskal itzultzaileek errusierazko perpaus erlatiboak euskaratzeko duten moduari erlatibakuntza-estiloari buruzko hausnarketa egitea izanik, pentsa daiteke nahikoa litzatekeela faktore estralinguistikoak soilik aztertzearekin edo besterik gabe euskal itzultzailearen estiloa aztertzearekin. Alabaina, itzulpen-prozesuaren konplexutasuna tarteko, eta itzulpengintza bere muinean diziplina arteko jakintza-alor bat dela jakinik, neurri batean edo bestean, faktore guztiak hartu beharko ditugu aintzat. Esan nahi duguna zera da: errusierazko perpaus erlatibo baten euskal ordaina aztertzen ari bagara, eta, gure ustez, perpaus hori euskaratzeko prozesuan euskal itzultzailearen erlatibakuntza-estilo propio baten zantzuak topatu ditugula baderitzogu, gainerako faktoreak baztertzea lortu beharko dugu hori benetan hala dela ondorioztatzeko. Alegia, arrazoitu beharko dugu errusierazko perpausa modu horretan euskaratzea zergatik jotzen dugun euskal itzultzailearen idazkeraren ezaugarritzat eta ez, demagun, jatorrizko testuko beste elementuren batek edota errusieraren sintaxiak baldintzatutako fenomenotzat.
Edonola ere, itzulpengintza-ikerketen gaineko ikuspuntu deskriptiboarekin eta Polisistemen Teoriak ezarririko marko teorikoarekin bat egiten dugunez (Even-Zohar 1978, 1990; Toury 1980; Hermans, 1996, 1999; vejcer 2004), inork ez luke ulertu behar gure asmoa aztertutako itzulpenen onargarritasuna edota jatorrizkoarekiko leialtasun-maila epaitzea denik, corpus erreal batean oinarrituriko azterketa enpiriko baten emaitzak aurkeztea baizik. Itzultzaileek errusierazko erlatibakuntza nola euskaratu duten, eta horrek bakoitzaren balizko erlatibakuntza-estiloari buruz esan diezagukeena aztertzea da gure helburua, eta ez nola egin beharo duten esatea.
Beraz, itzultzaile bakoitzak errusierazko erlatibakuntza euskaratzeko erabiltzen dituen estrategien deskribapena egin ondoren, itzultzaileen kasuan kasuko erabakiak faktore linguistikoek edo/eta estralinguistikoek baldintzatu dituzten argitu beharko da.
Esan bezala, hari-mutur askoko gaia da, baina, artikulu baten formatu laburrean bada ere, lan luzeago batean lortutako emaitzak eta ondorioak modu ahalik eta ulergarrienean aurkezten saiatuko gara.
Aipatutako helburuetara iritsi ahal izateko, lau ataletan banatu dugu artikulu hau: lehendabizi, errusieraren eta euskararen erlatibakuntza-sistemak laburki aurkeztu eta haien arteko baliokidetasun nahiz desberdintasunak aipatuko ditugu; bigarren atalean, espresuki errusierazko erlatibakuntzaren euskaratzea ikertzeko osatu dugun errusiera-euskara literatura-corpus paraleloaren ezaugarri nagusiak aurkeztuko ditugu, eta, azkenik, hirugarren atalean corpus horretatik ateratako emaitzak aurkeztu ondoren, laugarrenean, emaitza horietatik gure ustez ondoriozta daitekeena laburki adieraziz amaituko dugu.
Erlatibakuntza-sistemak: errusiera vs euskara
Gauza jakina da munduko hizkuntzek erlatibakuntza-estrategia desberdinak dituztela. Haien sailkapena egiteko, zenbait irizpide erabil daitezke, baina ohikoenak -eta gu aztertzen ari garen bi hizkuntzen ezaugarriak kontuan hartuta- bi dira: Izen Sintagma Erlatibatua (ISE) mendeko perpaus erlatiboan NOLA ageri den eta mendeko perpaus erlatiboa bera ardatzarekiko NON ageri den.
NOLA: Comriek eta Kutevak (2005: 4-10), munduko hizkuntzen lagin zabal batean ISEa nola ageri den aztertu ondoren, lau erlatibakuntza-estrategia bereizten dituzte, baina, hori tipologia-lan zabalago bat izanik, hemen nahikoa izango da munduan zehar zabalduenak diren biak aipatzea: batetik, izenordain erlatiboa erabiltzearen estrategia (errusierarentzat eta Europako gainerako indoeuropar hizkuntzentzat oinarrizkoa dena), eta, bestetik, ISEa isiltzearen edo GAP-aren estrategia (euskararen oinarrizko estrategia).
NON: M. Dryer-ek (2013) munduko hizkuntzetan ISEa non agertzen den aztertzen du, eta, kasu honetan ere, ohikoenak guri hemen interesatzen zaizkigun bi estrategiak dira: mendeko perpaus erlatiboa izen ardatzaren eskuinetara (errusieraz bezala) edo ezkerretara (euskaraz bezala) agertzea, hain zuzen.
Laburtuz: errusieraren oinarrizko erlatibakuntza-estrategia izenordain erlatibo bat erabiltzean eta mendeko perpausa izen ardatzaren eskuinetara agertzean datza (1a). Aldiz, perpaus horren euskal ordainari begiratuz gero (1b), ikusten da ez daukala izenordain erlatiborik (Ø), eta Liburu hori idatzi duen mendeko perpausa gizon izen ardatzaren ezkerretara ageri dela.
Errusieraz, mendeko perpaus erlatiboan, kotoryj izenordain erlatiboa ageri da, eta hark ordezkatzen du ISE mendeko perpausean, kasu-marka edota aposizio baten bidez, ISEak bertan beteko lukeen funtzioarekin (kasu honetan, morfologikoki markatu gabea, nominatiboa baita). Euskaraz, alde batetik, mendeko perpaus erlatiboa gizon ardatzaren ezkerretara agertzen da, eta, bestetik, ISEa (gizonak) isildua dago mendeko perpaus erlatiboan. Euskaltzaindiak EGLUn erlatibo arrunt izendatzen dituenez, guk terminologia hori geure egingo dugu.
Haatik, hizkuntza batek, oinarrizko erlatibakuntza-estrategiaz gain, beste batzuk ere izan ditzake eskuragai, eta testuinguruaren arabera estrategia bat edo beste bat erabili. Adibidez, (2)ko bi perpausetan, ikusten dugu ingelesak estrategia bat erabiltzen duela ISEaren funtzio bakoitzerako (Comrie eta Kuteva 2005: 1-2): (2a)n, ISEa mendeko EPko subjektua denez, who izenordaina ezin dugu isildu; (2b)n, aldiz, isiltzea posible da (Ø), ISEa objektu zuzena delako. Subjektua balitz, ezingo litzateke isildu.
Errusieraren oinarrizko erlatibakuntza-estrategia izenordain erlatiboa erabiliz, mendeko perpausa ardatzaren eskuinetara kokatzea hizkuntza horren estrategia ia bakartzat jo dezakegu; euskararen kasua, aldiz, desberdina da: inguruko hizkuntzetan ezohikoa den erlatibo arruntaz gain ISEa isildu, aditz laguntzaileari -(e)n atzizkia erantsi eta mendeko EPa izen ardatzaren ezkerretara hedatzea, beste baliabide batzuk ere garatu ditu, EGLUko terminologiari jarraikiz betiere: erlatibo jokatugabeak (3a), erlatibo arrunt aposatuak (3b), ZEIN/NON erlatiboak (3c-d), BAIT- erlatiboak (3e) eta korrelaziozkoak (3f) 2.
Jakin badakigu iritzi kontrajarriak daudela erlatibakuntza-estrategia horien inguruan eta terminologiak berak ere eztabaida sutsuak piztu (eta pizten) dituela. Gai horietan sakontzeko tokia hau ez denez, Euskaltzaindiak EGLUn proposatutako sailkapenari eta terminologiari atxiki gatzaizkio, gauza batzuk eztabaidagarriak izan arren.
Corpus bidezko metodologia: erlatibakuntza-estiloa neurtzeko tresna baliagarria
Itzulpengintza-ikerketetan corpusen osaketa eta ustiapen sistematikoa hedatzea itzulpengintzaren teoriak 70eko hamarkadatik izandako garapenaren testuinguruan ulertu behar da. Even Zoharren Polisistemen Teoriak eta Toury-ren itzulpen-arauek, besteak beste, ordura arteko egoera irauli zuten: ikertzaileen arreta sorburu-testutik eta sorburu-kulturatik xede-testura eta xede-kulturara igaroarazi zuten, eta, aldi berean, erabakigarriak izan ziren ikuspuntu preskriptiboa alde batera uzteko, ikuspuntu deskriptiboago baten mesedetan.
Itzultzaileak itzuli behar lukeena epaitzetik (ikuspuntu preskriptiboa) itzultzaileak benetan itzuli duena aztertzera igaro dira itzulpengintza-ikertzaileak, eta, jakina, horrek inoiz baino beharrezkoago bihurtzen du datuak biltzea eta horiek irizpide jakin batzuen arabera sailkatzea. Testuinguru horretan sortzen eta zabaltzen da itzulpengintza-ikerketetan corpusgintza.
90eko hamarkadatik aurrera, corpusgintzak itzulpengintza-ikerketa deskriptiboentzat zeukan garrantzia azpimarratzen hasi ziren ikertzaile batzuk (Baker 1993, 1999, 2000; Laviosa 1997, 1998; Olohan 2004).
Bakerrek, adibidez, corpus bidezko ikerketen garrantzia nabarmentzen du, baliokidetasunaren ordez arauak kontuan hartuz eta esanahiaren ordez erabilera erreala (Baker 1993: 236-237):
If the idea is not simply to reproduce the formal structures of the source text but also to give some thought, and sometimes priority, to how similar meanings and functions are typically expressed in the target language, then the need to study authentic instances of similar discourse in the two languages becomes obvious. [...] The move away from source texts and equivalence is instrumental in preparing the ground for corpus work because it enables the discipline to shed its longstanding obsession with the idea of studying individual instances in isolation.
Errusiera-euskara literatura-corpus paraleloa: aurkezpena
Itzulpengintza-ikerketetan, zenbait corpus mota erabili ohi dira, baina, gure ikerketarako egokiena corpus paralelo bat sortzea zela erabaki, eta halaxe egin genuen.
Corpus paralelo bat A hizkuntzan sorturiko testu batzuek eta B hizkuntzarako itzulpenek osatzen dute (gure kasuan, errusieratik euskaratutakoek), eta, hartara, bi hizkuntza-sistemak, testu bera oinarri dutelarik, aurrez aurre jartzea lortzen da, lehendabiziko urrats batean.
Ondoren, labur-labur azalduko ditugu gure corpusaren osaera-prozesuaren nondik norakoak.
Lehendabiziko urratsa historian zehar euskaraz argitaratutako errusiar literatura-lanen katalogoa osatzea izan zen. Eskuragarri genituen datu-baseak arakatu ondoren3, ikusi genuen jatorriz errusieraz idatzitako 29 lan zirela euskaraz argitaratutakoak, baina, noski, errusieraz ongi dakiten euskal itzultzaileen kopurua oraindik orain oso handia ez denez, 29 itzulpen horietatik errusieratik zuzenean egindakoak zein ziren jakin nahi izan genuen zuzeneko itzulpenak hobetsi baikenituen, erlatibozko egituren euskaratzea aztertzeko. Itzultzaileekin kontaktu ez-formalak izan ondoren, ondorioztatu genuen lau zirela errusiera modu esanguratsuan zekiten itzultzaileak, eta horregatik erabaki genuen ontzat ematea lau horien artean euskaratutako hamabi liburuak zirela errusieratik zuzenean euskaratutakoak (1. taula).
Hamabi liburu horiek eta beren euskal itzulpenak abiapuntutzat harturik, sorburu-testuetatik (ST) eta xede-testuetatik (XT) erlatibozko perpaus guztiak erauzi eta lerrokatu egin genituen. Azkenik, datuak filtratzeko, sailkatzeko eta lantzeko prozesu luze baten ondoren, besteak beste, informazio hau eskaintzen zigun corpusa lortu genuen:
__ Errusierazko 2.402 perpaus erlatibo eta haien 2.402 euskal ordainak, elkarren alboan lerrokaturik.
__ Euskal ordain bakoitzaren izaera (erlatibozkoa den ala ez; baldin bada, zein den erabilitako erlatibakuntza-estrategia; erlatibozkoa ez bada, zer baliabide ez-erlatibo ageri den...).
Horrez gain, garrantzitsuak iruditu zitzaizkigun beste hainbat datu bildu genituen: adibidez, perpaus bakoitza zein liburutatik atera dugun, eta, beraz, zein itzultzailek itzuli duen; horrez gain, errusierazko perpausetan ageri diren baliabide morfosintaktikoen inguruko informazio xehatua eta beste hainbat datu. Informazio hori guztia ez da funtsezkoa artikulu honen helburuetarako (batzuk tesirako ere ez ziren esanguratsuak suertatu), baina etorkizunean errusiera-euskara itzulpenaren beste alderdi batzuk aztertzeko erabilgarriak izan daitezkeen hainbat datu daude hor bilduak.
Sarreran esan dugu itzulpen-prozesu batean eragiten duten faktoreak linguistikoak eta estralinguistikoak izan daitezkeela. Estralinguistikoen artean kokatzen genuen itzultzailearen estiloa, zeina artikulu honen helburu nagusia baita, hain zuzen. Halere, faktore linguistikoak ere ez genituzke laburki aipatu gabe utzi nahi, oso zaila baita etengabeko elkarrekintzan dauden faktore batzuk elkarrengandik garbiki bereiztea.
Errusierazko perpaus erlatiboen euskaratzea baldintzatu dezaketen faktore linguistikoen artean esanguratsuena ISEaren funtzio sintaktikoa dela ondorioztatu dugu. Comrie eta Keenan hizkuntzalariek proposaturiko Accessibility Hierarchyaren arabera (1977: 63-99), ISE batek mendeko EPan har ditzakeen funtzio sintaktikoak erlatibagarritasun handienetik txikienera sailkatu daitezke. Alegia, ISEak mendeko perpausean subjektuaren funtzioa izateak erraztuko luke gehien erlatibakuntza, eta konparaziozkoa izateak, berriz, gutxien. Bi mutur horien artean leudeke erlatibagarritasun handienetik txikienera objektu zuzenak, zeharkako objektuak, zehar-kasuak eta genitiboak (4).
Izenordain erlatiboa darabilten estrategiek (errusierazko kotoryj edo gaztelaniazko el cual/que, eta, gainera, ardatzaren atzetik badoaz) errazago erlatibatzen dituzte hierarkia horretan, berez, erlatibatzeko zailagoak diren posizioak.
Erlatibagarritasunaren kontzeptua euskal itzultzaileen erlatibakuntza-estiloa aztertzeko garrantzitsua izan daitekeela ulertzeko, har ditzagun gure corpusetik bertatik ateratako (5)eko adibideak.
(5a)n, itzultzaileak euskarazko erlatibo arrunt bat aukeratu du, berez euskararen oinarrizko estrategiarekin prozesatzeko zail samarra den ISE bat erlatibatzeko. Esan genezake euskarazko egitura apur bat bortxatu duela. Beharbada, [ama albotik ZIHOAN] soroko hesi zaharkitua astindu eta esan beharrean, soroko hesi zaharkitua [zeinaren albotik baitzihoan ama] perpausaren moduko zerbait esan zezakeen, nahiz eta ezin den esan itzultzaileak osatu duen perpausa ez-gramatikala denik. (5b)n, justu aurkakoa egin zezakeen, hau da, euskarazko erlatibo arrunt bat bortxatzen saia zitekeen, atzean utzia dut [arimak zoriona soilik bilatzen duen] bizitzaren garai hori edo antzeko zerbait osatuz, ZEIN erlatiborik erabili gabe. Garbi utzi nahi dugu, beste behin ere, gure helburua ez dela itzultzaileen aukerak epaitzea, horiek deskribatu eta corpus baten bidez sistematiza daitezkeela frogatzea baizik, baina garrantzitsua da azpimarratzea (5)eko adibideak itzuli dituen itzultzaileak eta beste guztiek beste aukera batzuk izan bazituztela, eta, beraz, aukera baten edo bestearen hautua egitea zenbait faktorek gobernatua egon daitekeela.
Azken finean, gure hipotesia honako hau da: testuinguru sintaktikoak erlatibatzeko zailtasun-maila itzultzaile bakoitzak hartutako erabakiekin harremanetan jarriz gero, lor genezake zehaztea euskal itzultzaileek euskararen erlatibakuntza-estrategiekiko duten jarrera, jokabidea (erlatibakuntza-estiloa, azken finean). Gure aurreikuspenen arabera, hiru gauza azaleratu zitzakeen itzulitako literatura-testuen corpus batek:
__ Errusierak erlatibatzeko zailak diren testuinguruak eskaintzen dizkionean euskal itzultzaileari, itzultzaileak kosta ahala kosta euskaraz erlatibo arruntak erabiltzeko joera erakustea. Horrek esan nahiko luke itzultzaileak atxikimendu handia daukala ardatzaren ezkerretarako erlatiboekiko euskaraz, eta, agian, erlatibo aposatuekiko (ZEIN/NON erlatiboak, BAIT- erlatiboak) jarrera ezkorra edo, besterik gabe, ezikusia egin diela. Ez da ahaztu behar estiloa inkontzientea dela sarritan.
__ Bigarren aukera bat izan daiteke justu aurkakoa egitea: erlatibatzeko zailtasun berezirik ez dagoenean ere, ardatzaren ezkerretarako erlatiboei uko egin eta ZEIN/NON erlatiboak edota BAIT- erlatiboak osatzeko joera izatea.
__ Erdibideko jokamoldea izan daiteke bi estrategien erabilera orekatu bat. Hori bai, ahalik eta hobekien zehaztu beharko dugu zer den erlatiboen erabilpen orekatua.
Gure corpusean sartu diren hamabi itzulpenetan ––hots, 4 itzultzaileetan-–– hiru jokamolde edo erlatibakuntza-estilo horien adibideak topatu ditugula deritzogu, jarraian corpuseko emaitzak aurkeztean azalduko dugun bezala.
Corpuseko datuak erauzi eta sailkatzerakoan, galdera-erantzun sorta bat izan dugu bidelagun:
__ Errusierazko 2.402 perpausak erlatibozkoak badira baldintzahori bete behar baitzuten corpusean sartzeko, nolakoak dira perpaus horien euskal ordainak? Erantzuna da batzuk erlatibozkoak direla eta beste batzuk ez. Beste modu batera esanda: batzuetan, erlatibakuntza mantentzen da, eta, beste batzuetan, ezabatu.
__ Erlatibakuntza mantentzen denean, zer-nolako erlatiboak dira? Alde horretatik, euskararen aniztasun-maila oso handia da, baina prozesamenduaren ikuspuntutik esanguratsuak iruditu zaizkigun bi multzotan taldekatu ditugu: ardatzaren ezkerretarakoak (erlatibo arruntak eta erlatibo jokatugabeak) eta ardatzaren eskuinetarakoak edo aposatuak (erlatibo arrunt aposatuak, ZEIN/NON erlatiboak eta BAIT- erlatiboak). Korrelaziozko bi perpaus ere bazeuden, baina, estatistikoki esanguratsuak ez izateaz gain errusieraz ere korrelaziozkoak zirenez, alde batera utzi ditugu.
__ Azkenik, erlatibozkoak ez diren euskal ordainak nolakoak dira? Bada, erlatibakuntza ezabatzeko hiru modu identifikatzea lortu dugu: parataxia, hipotaxia eta sinplifikatzea. Parataxia deitu diogu errusierazko perpaus erlatiboa bi zati edo gehiagotan banatu eta haien artean nolabaiteko etena sartzeari (juntagailua, koma, puntu eta koma...); sarritan, izenordain erresuntibo batekin berreskuratzen da aurreko perpausetik datorren ISEaren erreferentzia. Hipotaxia izenez izendatu dugun fenomenoa mendeko perpaus erlatiboa beste menderakuntza mota batez ordezkatzean datza (kasu honetan, errusierazko erlatibozko perpausa, besteak beste, kausazko, kontzesiozko, denborazko edo baldintzazko perpaus bihurtzen da euskaraz). Sinplifikatze izendapenaren atzean, berriz, predikazioa perpaus mailatik sintagma mailara igarotzea dago (errusieraz mendeko perpaus elkartua zena perpaus bakun bihurtzea euskaraz).
(3)n ikusi dugu jada nolakoak diren gure corpuseko ordain erlatiboak. (6)n, ikus daiteke zer gertatzen den euskal itzultzaileek itzulpen-prozesuan erlatibakuntza ezabatzea erabakitzen dutenean.5
(6a)n, etena sortzen da perpausean, eta, bigarren perpausaren hasieran, ostalarien erreferentzia jasotzen duen haiek izenordain erresuntiboa ageri da. (6b)n, errusierazko perpaus erlatiboa baldintzazko perpaus bihurtzen da euskal ordainean. (6c)n, aldiz, errusieraz hitzez hitz mahai batera, zeinetan Sidorovek idazten zuen edo halako zerbait dena Sidoroven lan-mahaira bihurtzen da.
Errusiera-euskara literatura-corpus paraleloa: datuak
Corpusa arakatzen hasi eta lehendabiziko hurbilketa batean, erlatibakuntza itzulpen-prozesuan zenbatetan mantendu den eta zenbatetan ezabatu den jakin ahal izan dugu: errusierazko perpaus erlatibo guztien % 68 (1.639 perpaus) erlatibo baten bidez euskaratu da (euskal ordain erlatiboak), eta gainerako % 32a (763 perpaus), berriz, erlatibozkoa ez den beste baliabideren batekin (euskal ordain ez-erlatiboak).
Begi-bistakoa da, ordea, datu horiek, bere horretan, gordinegiak direla, aniztasun handia atzematen baita erlatibakuntza mantentzeko nahiz ezabatzeko moduetan, aurreko puntuetan aipatu dugun moduan. Horregatik, hurrengo urratsa euskal ordain erlatiboak eta ez-erlatiboak sailkatzea izan da. Bi grafikotan ikus dezakegu zein den ordain erlatibo eta ez-erlatiboen banaketa corpusean zehar (ehunekotan).
Euskaraz erlatibakuntza mantentzen den kasuetan (euskal ordain erlatiboetan), ardatzaren ezkerretarakoak dira nagusi (ordain erlatiboen % 71: % 66 erlatibo arruntak eta % 5 jokatugabeak). Horrek iradokiko luke itzultzerakoan ere euskarazko oinarrizko erlatibakuntza-estrategiak izaten jarraitzen dutela (datuak hori berrets badezake, behinik behin).
Ordain erlatiboen gainerako % 29a erlatibo aposatuak dira, eta askotarikoak izan daitezke: -(e)n arrunt aposatuak (erlatibozkoen % 6), ZEIN galdetzailearekin osatutakoak (erlatibozkoen % 10), BAIT- aurrizkiaz baliatuz sortzen direnak (% 10) eta NON galdetzailearen bidez eratuak (% 3).
ZEIN eta NON maiz batera aztertzen diren arren, gure helburuetarako interesgarriagoa zen bereizita tratatzea; NON erlatiboak oso testuinguru espezifikoetan agertzen dira, eta ZEIN erlatiboak, aldiz, testuinguru guztietan barreiaturik daude; horrek ondorioak izan zitzakeen datuen sailkapenak aztertzerakoan.
Sarrien topatzen ditugun erlatibo aposatuak ZEIN erlatiboak (167 perpaus) eta BAIT- erlatiboak (160 perpaus) dira: bakoitzak euskal ordain erlatibo guztien % 10 inguru hartzen du. Alegia, euskal itzultzaileek euskaraz ere erlatiboak erabiltzen dituztenean errusierazko erlatiboak itzultzeko, bost kasutatik batean ZEIN galdetzailearekin edota BAIT- aurrizkiarekin osatutako erlatiboak agertzen dira.
Erlatibo arrunt aposatuen kopuruak ere ez dira baztertzeko modukoak, erlatibo aposatu guztien % 6 hala osatzen baita (guztira, 93 perpaus); NON erlatiboekin, aldiz, erlatibo aposatuen % 3 osatzen da (58 perpaus).
Ordain ez-erlatiboei dagozkien datuak ikus ditzakegu 2. grafikoan. Corpus guztiaren % 32n (763 perpausetan), errusierazko erlatibakuntza ezabatu egiten da euskaraz. Erlatibakuntzaren ezabaketa sistematizatzea zeregin konplexuagoa izan bada ere, gorago aipatu bezala, kasu horiek guztiak hiru baliabidetan sailkatzea lortu dugu (parataxia, hipotaxia eta sinplifikatzea). Baliabide horien barne-distribuzioari dagokionez, garbi dago parataxia errusierazko mendeko perpaus erlatiboa eten eta bi esaldi edo gehiagotan banatzea dela ohikoena (ordain ez-erlatiboen % 64 edo 492 perpaus). Erlatibakuntza ezabatzean gehien gertatzen den hurrengoa predikazioa perpaus mailatik sintagma mailara pasatzea edo sinplifikatzea (ez-erlatiboen % 25 edo 188 perpaus) da, eta erlatibakuntzaren ezabaketa motarik ezohikoena, berriz, hipotaxia erlatibozko perpausa beste mendeko perpaus mota batekin ordezkatzea, ez-erlatiboen % 11 besterik ez baita hala euskaratzen (83 perpaus).
Datu orokor horiek eskuetan genituelarik, beharrezkoak iruditzen zitzaizkigun sailkapen-irizpideak aplikatu genizkion corpusari. Azken batean, tesiaren helburua, artikulu honena bezainbat, itzultzaile bakoitzaren erlatibakuntza-estiloa zehaztea zenez, lehendabizi itzulpen-prozesuan parte hartzen duten eta itzultzailearen kontrolpetik at dauden faktoreak isolatu eta baztertu behar genituen. Hala, faktore linguistikoen artean, errusieraren eta euskararen morfosintaxiari eta hura prozesatzeko zailtasun mailari (Comrie/Keenanen hierarkia) lotutako faktoreak aztertu genituen corpuseko testuetan; estralinguistikoen artean, berriz, errusiar idazleen erlatibakuntza-ezaugarriek itzulpen-prozesuan izan zezaketen eragina neurtzeko saiakera egin genuen. Beraz, itzultzailearen kontrolpean ez zeuden faktore horiek neurtu izanak kasuan kasu, esanguratsuak kontuan hartuz eta baztergarriak ziruditenak baztertuz gure azken helburuari alegia, faktore estralinguistiko bati heltzeko aukera eman zigun: euskal itzultzaileen erlatibakuntza-estiloa, hain zuzen.
Errusiera-euskara literatura-corpus paraleloa: itzultzaileen araberako emaitzak
Corpuseko datu orokorrak itzultzaileen arabera sailkatu ondoren, besteak beste, emaitza hauek lortu genituen:
__ Zein den euskal itzultzaile bakoitzaren ekarpenaren laginaren neurria corpusa osatzen duten 2.402 perpaus erlatibo horietatik (3. grafikoa).
__ Zein diren itzultzaile bakoitzaren testuetatik ateratako datu zehatzak: 2.402 perpaus horietatik zenbatetan mantentzen eta ezabatzen duten erlatibakuntza; zer-nolako erlatiboak osatzen dituzten euskaraz, erlatibakuntza mantentzen dutenean (ardatzaren ezkerretarakoak edo eskuinetarakoak), eta zer-nolako baliabideak hobesten dituzten erlatibakuntza ezabatzen dutenean.
Aipaturiko datu horiek taula eta grafiko batzuetan laburbildu ditugu, hemen.
Itzultzaile bakoitzaren lagina ––bakoitzak itzulitako perpausek hartzen duten corpusaren zatia–– 3. grafikoan ageri da.
Garbi dago badela asimetria bat itzultzaile baten eta gainerakoen artean: A itzultzaileak corpuseko errusierazko 2.402 perpausen % 79 euskaratu du (1.905 perpaus guztira). B itzultzaileak gure corpusari egindako ekarpena erlatiboen % 7koa izan da (164 perpaus), eta D-E itzultzaileen egoera berezi samarra da: biek batera itzuli dituzte corpuseko perpausen % 6 (137 perpaus), baina, gero, E itzultzaileak bere kasa itzulitako liburuan, beste 196 perpaus erlatibo euskaratu ditu (corpusean sartu diren perpausen % 8).
Itzultzaileen arteko asimetria horrek datu orokorrei eragingo zien, noski, baina, datuak itzultzaileka sailkatu ditugunez, arazo horrek ez digu bereziki eragiten.
Ez da ahaztu behar datu horiek beste guztiekin gurutzatu ditugula; hartara, faktore morfosintaktikoen eta prozesamendukoen aurrean itzultzaile bakoitzak nola jokatu duen analizatu ahal izan dugu, eta gauza bera egin dugu errusiar idazleen estiloak euskal itzultzaileengan eragin ote duen neurtzeko. Halere, datuen testuingurua ulertarazteko aipatuko ditugu, ezinezkoa baitzaigu datu horiek guztiak hona ekartzea.
Itzultzaile bakoitzari buruzko emaitza xehatuak grafiko hauetan daude laburbilduta:
–– 4. grafikoa: euskal itzultzaile bakoitzak zer proportziotan mantentzen eta ezabatzen duen erlatibakuntza.
–– 5. grafikoa: euskal ordain erlatiboen barne-distribuzioa euskal itzultzaile bakoitzaren testuetan.
–– 6. grafikoa: euskal ordain ez-erlatiboen barne-distribuzioa (parataxiaren, hipotaxiaren eta sinplifikatzearen proportzioak euskal itzultzaile bakoitzaren testuetan).
Erlatibakuntza mantentzearen datuak ikusita alegia, itzultzaile bakoitzarengan zenbatetan diren errusierazko perpaus erlatiboak euskaraz ere erlatibozko, emaitzak nahiko uniformeak dira: itzulpen-prozesuan zehar erlatibakuntza sarrien mantentzen dutenak D-E itzultzaileak eta E itzultzailea dira; batera itzultzean, kasuen % 80en (137 perpaus) mantentzen dute euskal ordainetan erlatibakuntza, eta, E-k bakarka, kasuen % 78n (196 perpaus). B itzultzailearen emaitzak ez dabiltza datu horietatik oso urrun (% 74 edo 164 perpaus). Azkenik, oro har, erlatibakuntza mantentzeko joera gutxien erakusten duena A itzultzailea da: itzuli dituen errusierazko perpausen % 66n soilik mantendu du euskaraz erlatibakuntza (1.255 perpaus).
Ondorioz, erlatibakuntza ezabatzea eta mantentzea alderantziz proportzionalak direnez, datuek adierazten dute A itzultzaileak beste inork baino maizago ematen diela errusierazko perpaus erlatiboei euskarazko ordain ez-erlatibo bat (650 perpausetan). Ondoren, B itzultzailea legoke (42 perpaus), eta, azkenik, baliabide ez-erlatiboak gutxien erabiltzen dituztenak D eta E itzultzaileak lirateke, biek batera (27 perpaus) edo bakarka (44 perpaus).
Erlatibakuntzaren mantentze/ezabatzearen inguruko datuak arazo bat dauka: orokorregia dela eta ez dituela kontuan hartzen erlatibakuntza mantentzeko nahiz ezabatzeko dauden moduak. Beraz, erreferentzia bezala baliagarri izango zaigun arren, bere horretan ez digu informazio zehatzik ematen euskal itzultzaileen erlatibakuntza-estiloari buruz.
Haatik, itzultzaile bakoitzak euskarazko erlatibakuntzarekiko duen jarreraren neurria emango digun datu bat izango da ikustea zer-nolako erlatiboak osatzen dituen euskaraz erlatibakuntza mantentzen duenean (5. grafikoa), edo hori zen behintzat guk aurretik espero genuena, frogatu nahian genbiltzana.
Ordain erlatiboen barne-distribuzioaren inguruko datuak nahiko argigarriak dira, segituan atzematen baitira hiru erlatibakuntza-estiloen zantzuak. 5. grafikoan, nabarmena da B itzultzaileak batetik eta D-E itzultzaileek bestetik nolabaiteko muturreko jokabidea erakusten dutela eta A itzultzaileak, aldiz, erdibidekoa.
B-k ardatzaren ezkerretarako erlatiboekiko atxikimendu irmoa erakusten du, kasuen % 87n halakoak osatzen baititu (106 perpaus). Erlatibo aposatuak gutxi erabiltzen ditu, eta, erabiltzen dituenean, nagusiki erlatibo arrunt aposatuak dira (ordain erlatiboen % 8 edo 10 perpaus). ZEIN/NON erlatiboen erabilera sinbolikoa da; hurrenez hurren, % 3 (4 perpaus) eta % 2 (2 perpaus).
Beste muturrean, D eta E leudeke: erlatibo aposatuen proportzio oso altua dute (erlatiboen % 53 batera eta % 52 bakarka itzultzean); hurrenez hurren, biek batera itzultzean eta E-k bakarka: arrunt aposatuak ordain erlatiboen % 9 eta % 14 dira; ZEIN erlatiboak ordain erlatiboen % 12 eta % 18; NON erlatiboak % 10 eta % 11, eta, azkenik, BAIT- erlatiboak ordain erlatiboen % 22 eta % 9.
D-E itzultzaileen datuek ezbaian jarriko lukete, besteak beste, ardatzaren ezkerretarako erlatiboak euskararen oinarrizko erlatibakuntza-estrategia ote diren, batzuetan sortu ohi diren eztabaiden harira. Edonola ere, datua beste itzultzaile batzuekiko desberdina izatea deigarria da, baina are deigarriagoa suertatzen da biek datu bertsuak eskaintzea, batera nahiz bakarka itzultzean. Itzultzaile bikote horren datuek balio bikoitza dute guretzat: batetik, itzultzaileen erlatibakuntza-estilo desberdinduak ezartzeko aukera ematen digutelako, eta, bestetik, bikoteko kideetako batek bakarka itzultzean estilo horri jarraitutasuna eman diola atzematea lortu dugulako, gure corpusaz baliatuta.
Azkenik, erdibideko gisa definitu dugun jokabidea daukagu, A itzultzailearena. Erlatibozko baliabideen erabilera orekatuagoa da harengan, beste itzultzaileekin alderatuz gero betiere: A-k ardatzaren ezkerretara hedatzen ditu euskal ordain erlatiboen % 74 beraz, B-ren % 87aren azpitik baina D-E-ren % 47-48aren gainetik, nabarmen, eta, erlatibo aposatuetan ere, oreka horri eusten dio: arrunt aposatuak euskal ordain erlatiboen % 4 dira; ZEIN eta BAIT- erlatiboak, erlatiboen % 10, eta NON erlatiboak, % 2. Oreka edo jarraitutasun horri balio estatistikoa ematen dion elementu bat da datu aski uniformeak eskaintzen dituela liburuz liburu. Erlatibakuntza-estiloaren oreka edo jarraitutasun hori bereziki azpimarragarria da kontuan hartzen badugu zazpi liburu itzuli dituela hamaika urtean zehar (1995etik 2006ra).
Itzultzaileen inguruko datuen aurkezpena amaitzeko, erlatibakuntzaren ezabaketa itzultzailez itzultzaile nola gertatzen den aztertuko dugu (6. grafikoa).
Euskal ordain ez-erlatiboak aztertzea erronka handiagoa zen. Erlatibakuntza egiteko modu bat baino gehiago espero genuen, eta hori aztertzeko tresnak eta erreferentziak bageneuzkan, baina ez genekien zehazki nola neurtu behar genuen itzultzaile batek erlatibakuntza ezabatzeko daukan modua. Haatik, lana erraztu zigun erregulartasun bitxi bat topatu genuen: ohartu ginen ordain ez-erlatiboak osatzeko hiru moduen banaketa oso antzekoa zela itzultzaile guztiengan. Izan ere, guztiek erabiltzen dute gehienetan parataxia (% 59tik % 71rako tartean); ondoren, sinplifikatzea (% 17tik % 30era), eta, azkenik, oso proportzio txikietan beti, hipotaxia (% 6tik % 12ra). 2.402 perpauseko laginaren adierazgarritasuna kontuan izanik, datu-homogeneotasuna nahiko esanguratsua dela deritzogu.
Beraz, ondorioztatu dugu erlatibakuntza ezabatzeko moduan ez dagoela hura azaltzeko ahalegina eskatuko ligukeen desberdintasunik itzultzaile batzuen eta besteen artean, eta horrek pentsarazten digu beharbada erlatibakuntzaren ezabaketa ez dela itzultzailearen kontrolpean dagoen elementu bat, edo, behintzat, ez ezabaketa hori egiteko baliabide konkretu baten edo bestearen aldeko hautua egitea.
Badugu ondorio horren aldeko beste argudio bat ere: corpuseko ordain ez-erlatiboak irizpide linguistikoen arabera sailkatu genituenean (7. grafikoa), ikusi genuen errusieraren sintaxiak zehazki, erlatibatu beharreko izen sintagmaren posizio sintaktikoak- zeresan handia zeukala.
Berez erlatibatzeko zailtasun handiagoak eskaini ohi dituzten posizioetangenitiboa, instrumentala eta halako zehar-kasuetan parataxiaren proportzioa igotzen da, sinplifikatzearen kaltetan. Aldiz, erlatibatzeko zailtasun maila jaisten denean adibidez, errusierazko perpausetan subjektu eta objektu zuzenak erlatibatzen direnean, alderantzizkoa gertatzen da: subjektu eta objektu zuzenetan, sinplifikatzea igotzen da, parataxiaren kaltetan. Horrek iradokiko luke ordain ez-erlatiboen hauturako esanguratsuak direla irizpide linguistikoak; hain zuzen, itzultzailearen esku ez daudenak edota, egotekotan, askoz ere neurri txikiagoa
Ondorioak
Gure corpuseko datuetan oinarriturik ––hemen aurkeztu ditugun datuetan eta beste hainbatetan––, esan dezakegu lortu dugula zehaztea zer faktore esanguratsuk eragiten duten euskal itzultzaileek errusierazko perpaus erlatiboak euskaratzerakoan hartutako erabakietan. Bi ondorio nagusitan laburbildu genezake hori; bata ordain erlatiboei (1. ondorioa) dagokie, eta bestea, ordain ez-erlatiboei (2. ondorioa).
1. Ordain erlatiboen ekoizpenerako faktore esanguratsuena itzultzaileen erlatibakuntza-estiloa da, itzultzaile bakoitzak erabaki desberdinak hartu baititu antzeko testuinguruetan. Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak eta D-E itzultzaile bikotearen estilo-jarraitutasuna ere horren aldeko argudio irmoak direla deritzogu.
2. Ordain ez-erlatiboen agerpenean, aldiz, badirudi esanguratsuagoa dela itzultzailearen baitakoak ez diren faktoreen garrantzia, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, itzultzaileen artean ez dugulako funtsezko desberdintasunik atzeman ordain ez-erlatiboen distribuzioan, eta, bestetik, badirudielako irizpide linguistikoek itzultzaileen baitakoek baino argiago azaltzen dutela ordain ez-erlatiboen agerpena eta izaera.
Amaitzeko, beste behin azpimarratu nahi genuke itzulpengintza-ikerketek hizkuntzen arteko harremanen alderdi aski desberdinak aztertzeko eta uztartzeko garaian duten garrantzia, eta, zalantzarik gabe, ikerketa-ildo horrek corpus bidezko metodologia ezinbesteko bidelaguntzat hartuta itzultzaileen praktika linguistikoaren inguruko informazio ugari eta oso baliagarria emango digu etorkizunean ere.
Bibliografia
Baker, M. (2000). «Towards a Methodology for Investigating the Style of a
Literary Translator», Target 12(2): 223-243.
——— (1999). «The role of corpora in investigating the linguistic behaviour of professional
translators», International Journal of Corpus Linguistics 4(2): 281-298.
——— (1996). «Corpus-based Translation Studies: The Challenges that Lie Ahead», LSP and
Translation: Studies in Language Engineering in Honour of Juan C. Sager,
Amsterdam: John Benjamins.
——— (1995). «Corpora in Translation Studies: An overview and Some Suggestions for Future
Research», Target 7(2): 223-243.
——— (1993). «Corpus linguistics and translation studies: implications and applications», in Baker,
Francis, Tognini-Bonelli (ed.), Text and Technology: In Honour of John Sinclair,
John Benjamins.
——— (1992). In other words, Londres: Routledge.
Carreiras, M.; Duñabeitia, J. A.; Vergara, M.; De La Cruz-Pavía, I.; Laka, I. (2010). «Subject relative
clauses are not universally easier to process: evidence from Basque», Cognition 115, 7992.
Comrie, B. Eta Kuteva, T. 2005. «Relativization on subjects», World Atlas of Language Structures:
494497, Oxford University Press.
Euskaltzaindia (1999). Euskal gramatika: lehen urratsak V, Bilbo: Euskaltzaindia.
——— (2011). Euskal gramatika: lehen urratsak VII, Bilbo: Euskaltzaindia.
Even-Zohar, I. (1978). «The Position of Translated Literature within the Literary Polysystem»,
in Holmes, Lambert, and van den Broeck (ed.), Literature and Translation:
New Perspectives in Literary Studies with a Basic Bibliography of Books on Translation
Studies: 117-127, Leuven, Acco.
——— (1990). «Polysystem Studies», Poetics Today 11(1).
Hermans, T. (1999). Translation in systems: Descriptive and systemic approaches explained,
Manchester: St. Jerome.
——— (1996). «Norms and the determination of translation: A theoretical framework»,
Translation, power, subversion, 24-51, Clevedon.
Laviosa, S. (1997). «How comparable Can Comparable Corpora Be?», Target 9 (2): 289-319.
Olohan, M. (2004). Introducing Corpora in translation studies, Londres: Routledge.
Švejcer, A. D. (2004). «Possibilities and limitations of linguistic approaches to translations»,
in Kittel, H. (ed.), Übersetzung/Translation/Traduction, 236-242, Berlin/New York: de Gruyter.
Toury, G. (1995). Descriptive Translation Studies and beyond, Amsterdam: John Benjamins.
CORPUSA OSATZEKO ERABILITAKO EUSKARAZKO ITZULPENAK
Andreiev, L. (2006). Zazpi urkatuak, Alberdania-Elkar (ZPU).
Babel, I. (2006). Zalditeria gorria, Alberdania (ZTG).
Bulgakov, M. A. (2001). Txakur-bihotza, Ibaizabal (TXB).
Dovlatov, S. (2008). Konpromisoa, Hiria (KONP).
Gogol, N. V. (1996). Arima hilak, Ibaizabal (ARH).
Gorki, M. (1995). Ama, Ibaizabal (AMA).
Kurkov, A. (2009). Piknika izotzetan, Alberdania (PIZ).
Lermontov, M. J. (1996). Gure garaiko heroia, Ibaizabal (GGH).
Platonov, A. (2009). Lubakia, Alberdania (LUB).
Puxkin, A.S. (1997). Kapitainaren alaba, Ibaizabal (KAP).
Turgeniev, I. S. (1999). Aita-semeak, Ibaizabal (AIS).
Xolokhov, M. A. (2007). Don ibaiko ipuinak, Alberdania (DII).
1. Artikulu honetarako, nire doktorego-tesian oinarritu naiz, zeina 2015eko maiatzaren 15ean EHUko Gasteizko Letren Fakultatean defendatu bainuen. Errusierazko perpaus erlatiboen euskaratzea: hizkuntza-sistematik itzultzailearen estilora (ISBN: 978-84-9082-310-1).
2. Adibide hauek eta hemendik aurrera eskainiko ditugunak gure corpusekoak dira; alegia, errusierazko literatura itzuli duten euskal itzultzaileek hartutako erabaki errealak. Perpaus bakoitzaren amaieran zein liburutatik aterata dagoen eta euskarazko bertsioko zein orritan aurki daitekeen azaltzen dugu.
3. Erabili ditugun iturri formalak, batez ere, armiarma ataria eta Manu López Gaseniren Literatur Itzulpenen Katalogoa dira (azken hau Nor da Nor datu-basean txertatua dago gaur egun). Bide batez, biak ala biak oso baliagarriak eta kontu hauetan gabiltzanok biziki eskertu beharrekoak.
4. Artikulu honen oinarri den doktore-tesian itzultzaile bakoitza letra batez izendatu nuen, hain zuzen ere 'pertsonalismoetatik' urrunduz, corpusa edonori aplika dakiokeela azpimarratzeko eta pertsona edo estilo konkretuak epaitzen ez ditugula zehazteko. Hori dela eta, aurrerantzean artikuluan Jose Morales A itzultzailea izango da; Iker Sancho B itzultzailea; Roberto Serrano D itzultzailea eta Olga M. de Marigorta E itzultzailea.
5. Ez dugu esan erabaki kontziente bat izan behar duenik. Estiloa neurri handi batean inkontzientea da, beti baita neurri batean inkontzientea, egileek beraiek sortutako testuetan uzten dituzten "hatz-marka" guztiak kontrolatzea ezinezkoa zaielako (Baker 2000:244).