Basque, a living people, living language, living country
Artikulu honetan, luze erantzuten dio Bittor Hidalgo doktore eta itzultzaileak Ibon Sarasolari gorazarre liburuan (2015) J.I. Hualde irakasleak argitaraturiko "Basque as an extinct language" artikuluari. Besteak beste, gogoeta egiten du Hidalgok Senez aldizkarian nahiz EIZIEren ardurapeko 31 eskutik blogean hainbat egilek jorratu ohi dituzten alderdi batzuez; besteak beste, kalko semantikoen gaineko atal luze eta ondo funtsatu bat eskaintzen du, itzultzaile, interprete eta zuzentzaileen lagungarri.
- Oharra: Artikulu hau 2015ean Senezen gehigarri elektroniko gisa argitaratu zen.
Ibon Sarasolari gorazarre liburuan (2015) argitaratu da “Basque as an extinct language” artikulua J.I. Hualde irakasleak sinatua. Ezin erraz pentsa nezake Hualdek artikulua beren- beregi idatzia duela euskaldunoi eraso egiteko asmoz, fede txarrean guri apropos kalte eragin nahian. Baina pentsatu beharko nuke, orduan, euskal jatorriko AEBetako Illinoiseko unibertsitate irakasle madrildar aditua —besteak beste, euskal eta espainol fonologia- fonetikatan1—, ezjakina dela oraingoan hitz artean hartu duen teman.2 Bi aukerak ere nahikoa gaizto dira edozelan. Zoritxarrez, Hualderen artikuluak, ikusteko aukera izango dugun legez, gehiago du, omenetik baino, eskarniotik, mespretxu, desohore, umiliazio eta ofentsatik Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), Euskaltzaindiaren Hiztegia (EH) eta abarren ontzen horrenbeste lan egindako(ar)en aldera, esatea gogorra bada ere. Nik ordea hala irakurri dut artikulua eta ez naiz mindu bakarra izan (ik. I. Segurolaren Extinct sarrera eta ondoko iruzkinak 31 eskutik blogean —2015/04/08—).
Izan ere, extinct adjektiboaren erabilerak ez du barkamenik gure hizkuntzaren kalifikatzeko, eta hau bat-batean hizkuntza ‘biziei’ kontrajartzeko. Zer dela-eta ipini halako izenburu epitafioa artikuluari!? Ingelesez ere extinct adjektiboak, jatorrizko exstinctus partizipio latinak legez, desagertua esan gura du espeziei-eta gagozkiela; hila ere hizkuntzei dagokienean, herriei, sumendiei… Hala definitzen dute sarean ‘extinct’ American Heritage Dictionary-k [Illinois-en ere ondare edo]: No longer existing or living; Cambridge Dictionary-k: No longer in use; Not now existing; eta Oxford Dictionaries-ek: (Of a species, family, or other larger group) having no living members [eta] No longer in existence, adibide ondo argigarria emanez kasurako: ‘an extinct language’. Extinct-en sinonimotzako eman ohi dira ingelesez: vanished, lost, died out, dead, defunct, no longer existing, no longer extant, wiped out, destroyed, exterminated, gone. Ez dago ingeles gehiegi jakin beharrik gehienak ere ulertzeko.
Jainkoak lagun ordea, guk, gure hizkuntzak, bizirik diraugu oraindik, inguruko zenbait estatuk aspaldi desagerturik nahiago bagintuzte ere. Ez ahal du orain Hualderen artikuluak lortuko, gure extintzioaren enbusteria, munduan zehar zabaltzea gure kaltean.3 Gure artean espero genezake ez pasatzea, den boutade izatetik. Uste izan dut nolanahi, badaezpada, artikuluak merezi duela erantzun filologiko arrazoitua, ahalean akademikoa, inork inon tentaldirik senti ez dezan ‘txantxarekin’ jarraitzeko. Horregatik, erantzun artikulu hau; jakin arren aditu askok —Segurola tarteko— biribilago egin lezakeela seguru asko.
Hilik ala bizirik?
Hualdek artikulu hasieran gogoratzen du zelan 1800 urte inguruan W. von Humboldtek iragarri zuen ez zela euskararik gehiago mintzoko XX. mende hasieran Pirinioen magaletan, eta erratu. 200 urteren ondoren datorkigu Hualde aldarrikatzen, bizi ustean baldin bagara ere, ustekabean hilak ote gauden, desagertuak nonbait, zonbi huts jadaneko, ezin biziz hilik, edo dena delako.
Hualdek galdera erretorikoak planteatzen ditu, bere artikulua zuzen erantzutera datorkeenak:
- Inoiz baino hiztun gehiago izanik ere, euskara hilda ote dagoen jada, zentzuren batean bederen.4
- Zabal mintzatua izaki ere, egun ez denez euskaraz hiztun elebakar(gehiegi)rik, ze ondorio dituzkeen honek hizkuntzan, eta beraz ez ote den hizkuntza zentzuren batean bederen hilaz berba egin behar, zenbanahi hiztun izaki ere, hauek elebidun direnean [amaieran jada, denak dio].5
Hualde artikuluan zehar atalka joanen da auzia bere modura ebazten. Eta bi galderoi, baietz erantzuten. Hasieratik aitortuko du «inori ‘estintzio’ terminoa dramatikoegia iruditu balekio ere», bere ustez «egoki asko erabilia» dela euskararena bezalako egoeran dauden hizkuntzen kalifikatzeko.6 Edo, bere juzgu arinean —erakutsiko dugun bezala— balizko zenbait ‘kalko’ lexiko-semantiko aipatu ondoren —ezen ez aztertu—, euskararen kasuan ‘zilegi dela estintzioz mintzatzea’.7 Edota gutxienez euskara ‘erdi-estintzio egoeran dela’, aipatu arlo zenbaitetan.8 Nahiz tarteka Hualdek leunduko dituen bere baieztapenak, ahalera hipotetikoa erabiliz (may be, aspertu arteko extinct, extinct, extinct… baieztapen zorrotzen ordez); edo zehaztuz, izatekotan, soilik hizkuntzaren zenbait ezaugarri eta egituraren ‘estintzioz’ diharduela;9 edo esaldi berean iradokiz ‘estintzio’ hori ordain prezio eskasa litekeela euskara eta euskaldunok bizitzen ari garen berpizte sozialaren arrakastaren aldean10 —zertan geratzen gara?—.
Bilatua zein ez, argi zein ez, izenburutik hasita, hizkuntzaren estintzio-praktiko / faktiko-a da artikuluari darion ondorioa. Eta, hala ere, alegera asko idatziko du Hualdek —aipatu ondoren estintzio egoera honen aurrean berak ez dituela jarrera puristak aldeztu gura— «bere hurbilpena soilik datuak erakustea dela juzgatu barik».11
31 eskutik-eko Extinct sarreran eta bertan jasotako kritiken aurrean esango du gero Hualdek bere defentsan: «‘Extinct’ hitza erabili dut izenburuan bertan nolabait ‘pour épater’.12 Ez da esan behar euskara ez dala hilik.»
Ez omen esan behar, baina, izena duen guztia denez, badaezpada izenburu beretik esan digu, artikulu barrena arrazoitzeko zelan den euskara hizkuntza hila (eta euskaldunok, herri desagertua?). Humboldten eta hainbesteren ondoren, Hualderi ez bide zaio nahiko UNESCOrekin batera errepikatzea euskara / euskaldunok iraute arriskuan gauden herri / hizkuntza garela. Edota euskara asko ari dela aldatzen bere inguruaren eraginpean munduko beste hizkuntza bizi guztiak bezala. Horiek, noski, ez lirateke nahikoa ‘berri’. Beste zerbait asmatu behar.
Zelan hil bizirik dagoena
Baina Hualderendako ere ez bide da samurregia frogatzea hizkuntza bizia dagoeneko hila dela. Eta bertatik ekingo dio definizio ad hoc berriak asmatzeari extinct language hitz pareari, bere komenentzian (more liberal definitions of this concept dio berak —320 or.—), nahiz definizioetako batzuk —dakigunean— berak baino erabili ez ‘zientzian’, (c eta d definizioen kasuak, hain zuzen, Hualdek darabiltzanak euskara hizkuntza estingitu kalifikatzeko). Eta bietako bat: edo Hualdek sekulako aurkikuntza egin digu, munduan zabaldu beharrekoa; edota, berea, kasuan, ez da zientzia. Horren gordin. Hualdek lau definizio egiten ditu:
Extinct language:
- a) language without any speakers
- b) language without native speakers
- c) language without monolingual speakers
- d) language without any speakers for whom it is their dominant language
Ez a ez b definizioak (hizkuntza hilaren berezko ezaugarriak) inondik ere egokitu ezin bazaizkio euskarari, ez dugu ere uste, hotzean, c eta d defendagarriak direnik gure kasuan, Hualdek hala nahi baleza ere. Beraz, definizioak parekatuz:
a) Euskaldunak, euskal hiztunak, inoiz baino ugariagoak gara, Hualdek ere aitortu bezala (milioia inguru, denak gaitasun berdinekoak izango ez bagara ere).
b) Jatorrizko hiztunak, une honetan, bagara, gutxienez, euskaldun guztion herena inguru (200-300 mila inguru behintzat, eta gehiago ere ziur).
c) Hiztun elebakarrak, egia da, ez ditugula gehiegi. Oraindik zahar edo baztertuxeen aleka batzuez gain, euskal jatorri eta giroko dozena erdi-hamar urte bitarteko haur ugari da elebakar, nahiz bigarren hizkuntza baten kontaktua izan, batzuek frantsesa, gehienek espainol Ordea, horixe da munduan diren herri / hizkuntza txiki gehienen kasua, oraindik guztiz isolatuak bizi ez badira behintzat. Elebitasun edo eleaniztasun egoera orokortua guztiz bitxia irudituagatik munduko hizkuntza inperialenetako hiztunei — jatorrizko ingelesdun, errusiar, txinatar mandarin, orain gutxi arteko frantses, espainolei… —.
Gainera, Hegoaldeko euskaldunok Iparraldekoak ditugu, guri dagokigunean, hiztun elebakar ditugunak, gure artean daukagun harremana daukagula. Beste hainbeste Hegoaldekoak Iparrekoendako.
d) Bagara euskaldun bihotzeko multzoa (000? 50.000? 100.000? —ondo neurtzen ere asmatu beharko genuke—), Txepetxen AB / BA erdigunekoak-eta (ik. Sánchez Carrión, 1991), zeinontzat euskara den oraindik ere hizkuntza nagusi, ezinbestean deliberoz aukeratua, noski, inguruko hizkuntza glotofagikoei aurre eginez, horrek inondik ere esan nahi ez duelarik ez dugunik beste hizkuntzen ezagutza eta eraginik, dela espainol, frantses, ingeles…
Euskara, beraz, ez da sartzen Hualderen definizioetako bakarrean ere.
Kontua da gainera, Hualderen c (eta are d) irizpideen arabera —berari euskara / euskaldunon kasuan bezala komeni moduan malgutuak noski—, hizkuntza / herri hila da katalana ere, bere 10 milioi inguru hiztunekin, zeinetako ia 5ek duen ama / lehen hizkuntza (eta ez hizkuntza bakar haurtzaroz landa —euskaraz bezala—; eta ezta ere denek, ziur, hizkuntza erabat gainartzaile egungo mundu globalizatuan). Hualdek 31 eskutik-eko oharretan bere defentsan aipatzen du zelan ikusi berri duen «eztabaida berbera [estintzioarena!] berpiztu berri ote den katalanaren kasuan ere», Pau Vidal-en 2015eko El bilingüisme mata liburuaren iruzkin bitan.13
Hualde bi motatako datuetan oinarritzen da defenditzen dituenak defenditzeko. Batetik, euskara egunean-egunean espainolari hartzen ari zaion kalko lexiko-semantikoak aipatzen ditu. Bestetik, euskara / euskaldunok egunean-egunean garatzen ari garen aldaketa fonetiko eta fonologikoak, espainolaren eragin.
Xehe begiratuko diogu Hualdek aipatzen dituen kalko lexiko-semantikoetako bakoitzari, hauen hutsala erakusteko; eta fundamentu eza, defendatu gura duena defendatzeko. Ondoren, aipatuko dugu ere zenbait kontraesan euskaldunon bilakaera fonetiko-fonologikoez diozenetan. Amaitzeko, eta Hualdek aipatzen dituen zenbait datu soziolinguistiko ez erabat zuzenen aitzakian, eranskinean erakutsiko dugu euskaldunon inguruko beste hainbat daturen irakurketa —ustez— interesgarria .
Hualderen kalko lexiko semantikoez
Espainolaren gaur egungo eragin hilkorraren froga / adibide aipatzen du Hualdek euskara / espainoleko zenbait hitz esamolderen erabilera parekatu / kalkatuaren konparazioa —baita ere halakoek kasuan erakutsi lezaketen erabilera berezitua ingelesez—: 1. seguir segitu / jarraiki- jarraitu, to follow zein to continue adieretan. 2. echar en falta faltan bota, to miss zentzuan; eta, 3. —adibide paradigmatikoa nonbait—: poner jarri aditzaren erabilera guztiz polisemikoak parekatuta bi (/ hiru) hizkuntzetan.
Ikusiko dugun bezala ordea, Hualdek ez du, ez neke, ez denbora handirik hartu bere erraxkeriak jaurtitzeko, ez OEH, ez EH, ez antzekorik begiratzen. Ez espainolezko hiztegiak ere.
1. seguir → segitu / jarraiki-jarraitu, hala to follow zein to continue adieretan. Gaur egungo euskaldunon kalko ‘berri’ nahasiaren froga,14 nahikoa bide zaio Hualderi ingelesez bi aditz desberdin ekartzea espainolezko seguir edo euskarazko segitu / jarraiki-jarraitu aditzek bete ditzaketen eremu semantiko ugariak bitan bereizten dituztenak (eta bitan bakarrik, nahiz ziur diren munduan hizkuntzak eremu semantiko horiek aditz gehiagotan ere bereizten dituztenak—frantsesa urruti handirik gabe, are ingelesa bera—).15 Ordea:
- Seguir aditzak 15 adiera behintzat azaltzen ditu DRAEn (ez bi bakarrik).
- Segitu aditza euskaraz Etxepare (1545) eta Lazarragarenetik (≈1567) ageri dugu lekukotua, eta euskal literaturan etengabean erabilia Hego zein Iparraldean. OEHk, beste hainbat sarrera laburragoez gain, nagusi hauek eskaintzen dizkio —espainolez, gure diglosian—: I. Aditz gisa: «1. Seguir, ir tras de. 2. Seguir (una línea de conducta, una costumbre, un precepto, un ejemplo, etc.). • Seguir un camino (en sentido prop.). 3. Acostumbrar. • (Con ines.). Practicar habitualmente. [jada Etxeparerenetik. Eta -(t)zen aditz inesiboz ere bai, Mitxelena adibide —euskaraz zerbait bide zekiena—: Etsai segitu du izaten —cf. 15. oin oharra—]. 4. Seguir, venir a continuación. 5. Continuar. • Permanecer (durante). 6. Acompañar. 7. Deducirse. • Seguirse de, ser consecuencia de. 8. (Con sociativo). Tratar, relacionarse. 9. Seguir el desarrollo. II. Partizipio-adjektibo gisa: 1. Habitual. 2. Constante, continuo. 3. Seguido, consecutivo. III. Izen gisa: Constancia, perseverancia».
- jarraiki (ipar.) - jarraitu (mend.) aditz bikoteari buruz berriz dio OEHk: «I. Aditz gisa: 1. Seguir (a), imitar (a), ir detrás de alguien o de algo; ser partidario de alguien o de algo. • Perseguir. • Seguir (un consejo, mandato, orden, ejemplo, costumbre, ley...); seguir, practicar, perseverar, ejercitar(se) (en) (la virtud, fe, oración, devoción...); ocuparse de, dedicarse a (una actividad, trabajo, oficio...). • (Con ines.). • (Precedido de alativo). • Pretender. 2. Seguir una cosa a otra, venir una cosa detrás de otra; traer consigo, tener como resultado, como consecuencia. 3. Continuar, seguir (haciendo algo); continuar (en cierto estado). • (Con -t(z)en). Jarraitu egizu erantzuten… [1800etik behintzat, J.J. Mogel, Lardizabal, Intxauspe, Iturtzaeta… —cf. berriro 15. oin oharra—] • (Sin complemento). • (Con ines.). • (Con sust. y adj. en caso absoluto indet., o part. con -ta o -(r)ik). • (Con -t(z)eari). • (Con sust. en dativo). • (Con complemento directo). • (Con sociativo). 4. Corresponder; incumbir. 5. Fluir, salir. 6. Traer. 7. "On donne parfois à darraikola le sens de ‘grâce à». II. Partizipio-adjektibo gisa: 1. (Aplicado a personas). Constante, diligente, perseverante, fiel. • (Con complemento en dativo o alativo). • (Con ines.). 2. Continuo, seguido; constante. • (Lo) que sigue, corresponde (a). 3. Acosado. III. Izen gisa: 1. Constancia, perseverancia. 2. Continuación.»
Hualdek hala ere, alegeraki abisatzen gaitu, badaezpada «ez garela orokorrean batere jabetzen semantika espainola kalkatzen ari garenik» irakurtzen jarraitzen du […] Sp. sigue leyendo gisako esamoldeetan. Egia esan, nik ere ez dakit hiztun ingelesek ze kontzientzia duketen latin —edo espainol?— eredua jarraitzeaz «Will you continue arguing?» (Eztabaidan jarraituko duzu?) lako esamolderik darabiltenean. Eta beharbada izango da euskarazko esamoldea kalkoa, Hualdek gaztigatu bezala. Baina halakoak espres eta ugariak dira eta izan dira Hego zein Iparraldeko tradiziozko erabileran, eta euskal altxorrekotzat jasotzen dituzte OEHk zein EHk, orain dela 200 urte baino gehiagotiko testigantzekin.
EHk esaterako hala dio segitu sarreraren 2. adieran: «Jarraitu, egoera edo jarrera jakin batean iraun: Lanean segitu du…; [gehi, aipatu Mitxelenaren:] etsai segitu du izaten.» Eta jarraitu-ren 5. sarreran ere antzera: «Egoera edo jarrera jakin batean iraun: Lanean jarraitu du. Hura iraintzen jarraitu behar duzu? Teresak irakurtzen jarraitzen zuen. …»
Kalko aurkikuntza beraz, izatekotan ere, ez litzateke, behintzat, oso berria izango kasuan. Zertara dator orduan Hualde halako adibidez inori erakutsi nahian gaurko —2015eko— egoera elebidunak garamatzala euskaldunok esanahi eta erabilera justu berdina ematera euskarazko esamoldeei eta hauen hurbileneko espainolezko parekoei?16 Hualdek ez du ezagutzen gure tradizioa, eta ez du ahalegin txikiena egin honetan arakatzeko esandakoak esan aurretik. Hori ordea ez da jardun akademikoa.
- echar en falta → faltan bota, to miss zentzuan erabilia aipatzen du hurrena Hualdek «euskal jantzietan mozorroturiko esamolde espainolen adibide argigarri» gisa.17 Eta nik ez diot arrazoia kenduko [kalko!]. Baina, izatekotan, guk zuzenago kalkatu bide diegu esamoldea espainolei, hauek portugaldarrei kopiatu bide zieten baino, Hualdek berak argitu legez, achar em falta esamoldetik (= norbait faltan-gaizkian aurkitu; lat. fallar → esp. hallar→ port. achar). Esamoldea bera, nolanahi, ez bide da oso maitatua izan intelligentsia espainolean, nahikoa espainola ez zelakoan nonbait. Ez DRAEk jasotzen du oraindik sarean, ez Casaresek 1975ean, ez Molinerrek ere echar sarreran (1982) —nahiz falta sarreran bai ohartarazi, esamoldea ez duela DRAEk jasotzen, eta hainbatek artean barbarismotzat baztertzen duela—.
Egia esan, neroni ere ez dit grazia handirik egiten [kalko!] euskaraz faltan bota esamoldeak, eta oraindik halako kirrinka eragiten dit belarrian entzun edo irakurtzen dudan bakoitzean. Baina, Ereduzko Prosa Gaur corpusean baditu 66 agerraldi, baita lehen lerroko [kalko!] idazle, itzultzaile hainbatenak ere.
Bestelakoan, eta kontuak neurrian kokatze aldera, esan, OEHk azpisarrera propioa eskaintzen diola faltan inesiboari, eta jada 1674tik bederen aitortzen ditu norbaiten / zerbaiten (edo aditz partizipioa +) faltan izan / egon / gertatu / ibili lako lekukotzak.18 Eta nire idiolektoan behintzat, badira —espainolez ez bezala?— faltan izan (ukan), faltan egin, faltan sentitu itxurako egitura aktiboak: azken boladan faltan det lasaitasuna / dirua / gogoa / Mikel...; faltan egiten det lasaitasuna / dirua / lanerako gogoa / Mikel...; are, azken boladan faltan sentitzen det lasaitasuna / dirua / gogoa / Mikel..., nahiz oraintxe ez dakidan halako erabilerek ze tradizio edo hedadura duten gurean, edota batere baduten. Faltan bota, berriz, arrotza gertatzen zait, arrotz ere egiten zaizkidan neurri bertsuan telebistan edo zineman botatzen dituzten pelikulak eta. Baina, zer egiten dituzte filmak? Eman? Jarri? Eta espainolez? Kalko? Izatekotan ordea, tradizioa, batean zein bestean, filmak edo telebista ditugun garaitikoa izango da gehienera…
Nolanahi, OEH ez da motz geratzen [kalko!] bota aditzaren erabilerak jasotzen, zein erabiliago, zein gutxiago, espainolez DRAE echar-enekin gisa. Hualdek nahi izatera, ziur aurkitu ditzake bertan pareko esamolde gehiago ere, euskarazko eta espainolezko erabileren artean, gero ingelesez modu berezitua erakutsi lezaketenak. Erabilera horien artean jasotzen da OEHn ondoko seigarrena esaterako —letra lodian—, osagarri adberbial alatibo eta prolatiboz, batere urrun ez, hitz artean dugun faltan lako osagarri adberbial inesibo batetik: «1. Echar, tirar, arrojar, lanzar; expulsar, despedir; verter, derramar; disparar; mover (un miembro en cierta dirección). • (Con ume, sein, etc.). Abortar. • Parir. • Desovar. [• Elurra, euria, izotza… bota] • Arrojarse […] (con las terminaciones del neutro). 2. Empujar. • (Fig.). Empujar (a). 3. Botar (una embarcación). 4. Echar (raíces, renuevos, flores, etc.); dar (fruto). Radicarse, arraigarse. 5. Echar, derribar, echar abajo; abatir, matar. 6. (Con onera, txarrera, alde gaiztora, etc.). Tener por. […] Onanbeste milla juzgu gaisto, lagunaren egite onak txarrera botata. • (Con -tzat). Fazistatzat botaten ginduezan. 7. Vomitar. [Ez dakit Hualdek zer pentsatuko duen Euskal Herriko zenbait bazterretako espainolean behintzat ohiko den echar las cuerdas bezalako esamoldeaz, zein zeinen kalko den edo —cf. esp. arrojar ere—.] 8. Echar, proferir, lanzar, decir. 9. Imponer, adjudicar, asignar; aplicar. 10. Achacar, imputar. • Echar, atribuir. 11. (Intrans.). Caerse. 12. Pasar (el tiempo, los días, etc.). 13. Echar (un trago, una siesta, etc.). 14. Dedicar, dar. 15. Mandar, enviar. 16. abaratar, bajar el precio 17. Proyectar (una película).»
Hauezaz gain jasotzen ditu OEHk gure zelanbaiteko tradizioko esamolde gisa begia bota [kalko!], galtzera bota [kalko!], suerteak bota [kalko!] egiturak. Badakigu lehenagotik ere ez dela batere harritzeko mendeetan elkarren kontaktuan dauden hizkuntzetan egiturak elkarri kopiatzea, mailegatzea…; eta errazago, hauek hizkuntza hartzailean aurretik antzeko batere erabilerarik duten neurrian; eta maizago, beti, handiagoetatik txikiagoek. Hala, «faltan bota» bezalako egitura, gaur egun arrunta gertatu liteke euskal hiztunen artean espainolezko echar en falta-ren kalko. Hala ere ordea, ez dirudi espainolezko antzeko echar a rodar, echar el guante, echar el muerto… bezalako egiturek oraingoz / oraindik arrakasta handirik izan(go?) dutenik euskaraz semantika berean: *biraka bota, *hildakoa bota, *eskularrua bota…. Ala bai? Ze, hizkuntzen garapenean ere bagara hamaika ikusteko eta entzuteko jaioak.
3. Euskarazko jatorrizko-edo jarri aditzaren erabilera espainolezko poner aditzaren esanahi ‘guztietarako’ da Hualdek amaitzeko erakusten duen kalko adibide paradigmatikoa,19 konparatuaz euskaraz jarri eta espainolez berdin poner bidez osatzen diren esamoldeak, eta bereziki hauek ingelesez modu berezituan eman ohi badira, hau da, hauetakoren bat jarri (put) aditzik gabe.20 Balirudike Hualdek kalkoaren berritasunaren froga darabilela, agerian hala esaten ez badu ere, esamoldeon gaur egungo paretsuko erabilera sarean bi hizkuntzetan. Interneterako proposatzen digun konparazio ariketa interesgarriaz gain ordea, gogoratu beharko luke Hualdek, kalkoak kalko, ez lukeela berak txarto egingo [kalko!] aurretik batere ezagutuko balu gure jarri aditzaren tradiziozko erabilera, edo besterik ez bada, begiratua botako balie [kalko!], egingo balie, gure OEHri edo EHri edo… bereak bota aurretik.
Hualdek espres salatzen ditu, zail jarri esamoldea, espainolezko poner difícil-en kalko; maldan gora jarri espainolezko poner(se) cuesta arriba-ren pare; eta (semaforoa) berde jarri, modan jarri, errekurtsoa jarri, martxan jarri eta paperean jarri (≈ paperak esan —≠ idatzi—) esamoldeak. Eta bitxia da berriro zelan Hualdek horren erabilera zabal eta polisemikoko aditza aukeratzen duen bere salaketarako —polisemikoa euskaraz, espainolez,21 ingelesez,22 eta munduko hizkuntza gehienetan ere, seguru asko—. Halako adiera zabaleko aditzen bidez sorturiko erabilera berriak maiz gertatuko dira hizkuntza gehienetan ere urruti handirik gabekoak tradiziozko erabileraren batetik. Ezin bestela. «Semaforoa berde jartzea» gure hizkuntzaren historian berria izango da, eta, seguru asko, espainolezko esamoldearen kalko, baina, honetan ere, ezin zaharregia izan, kontuan izanik lehen trafiko argia [kalko!], 1868an ezartzen dela Londresen. Baina lotsatu-ren sinonimo gorri-gorri jarri erabili ohi duen hizkuntzak (edo ponerse rojo), ze arazo izango du bada, edozer gauza ere hala dagokionean berde, hori edo beltz jartzeko!
Berriro OEHri begirada eginez gero jarri sarreran, erraz jabetuko gara honen tradiziozko erabilera zabalaz: «1. Sentarse, tomar asiento. • Sentarse (a la mesa). • Sentarse (a comer). 2. Poner(se), colocar(se). Con el sdo. de ‘ponerse (un tocado, calzado, gafas...)’ es más frecuente jantzi (q.v.); con todo, usan jarri … [autoreak aipatzen ditu]. • Ponerse (el sol). • Posarse. • Establecer (una ley, regla, teoría, creencia...). • "Établir, mettre hors de discussion, du doute. • Establecer(se), fundar(se), instaurar(se), instalar(se). • Componer versos (contrapuesto a ‘improvisar’). • Poner(se) (en camino). • Poner, asignar (un nombre, un apodo...). • Plantar. •Poner (la mesa). • Poner, preparar (comida). • Poner (huevos). • (Ref. al tiempo atmosférico). •(Con sust. no materiales). "Burutazio ori jarri zaio" 3. Poner(se) algo o alguien de cierta manera. • Poner(se) (de, como); nombrar (ref. a un cargo, título...). 4. Ponerse, disponerse; inclinarse. 5. Acostumbrarse, hacerse, adaptarse; acomodarse, aceptar. 6. (Part. en función de adj.). Dispuesto; acostumbrado. 7. "Se fixer, en parlant du temps, se mettre au beau. 8. "Tomar tierra, arraigar. 9. (Part. en función de adj.). Asentado. […] sensato, juicioso. 10. (Sust.). Sentada.»
OEHk gainera, jasotzen du ere elkar jarri esamoldea espainolezko convenir [acordar] zentzuan.
Hauei guztiei erasten badizkiegu esparru askotan sinonimotzako darabilzkikegun ipini edo ezarri bezalako aditzen adierak, puzzlea oraindik areago adarkatuko da. Eta zer esanik ez, aditzarekin batera esamoldea osatzen duen osagarria ere guztiz ohikoa baldin bada euskaraz. Goazen atalka.
3.a) zail jarri : 23 OEHk dio zail-en 4. sarreran: «Difícil. v. gaitz. Tr. Usado por autores meridionales (en su mayoría guipuzcoanos) desde principios del s. XIX; al Norte hallamos algunos pocos ejs. en la segunda mitad del XX». Eta honen azpisarrera zabala eskaintzen die zail(a) izan, zail(a) gertatu, zail(a) egin itxurako esamoldeei: «En exprs. del tipo zail(a) da, ‘es difícil, resulta difícil, se hace difícil’». Eta adibide hainbaten artean, ondorengoa: Zuri esatea batez ere oso zail egiten zait.
Ze ezintasun patologiko bide du orduan euskaldunak, euskara beretik igarotzeko zail(a) izan zait, zail(a) egin zait irtenbidea moduko esalditik, zail(a) egin didazu bidea edo zail(a) jarri didazu irtenbidea bezalako esamoldetara? Espainolaren beharrik horretako!
3.b) malda(n) gora jarri :24 OEHk, Hiztegi Batuak (HB) eta EHk espres jasotzen dituzte ondoko esamoldeak, behintzat, aldapa gora edo beherako mugimendua adierazteko:
- aldapa barna, aldapa behera, aldapa goiti, aldapa gora, aldapak behera, aldapan behera, aldapan gora, aldapaz behera, aldapaz gora, aldapetan gora
- malda behera, malda beheiti, malda(n) gora, malda goiti
- malkarrak gora
- patarra beheiti, patarra behera, patarra goiti, patarra gora
HBk gainera, malda-gora izentzat azaltzen du, eta ondoko adibidea ematen, elkarri lotuaz malda-gora eta honen eginbeharraren gogortasuna: malda-gora ez dadin izan hain gogorra. OEHn ere jasotzen da antzeko egituren erabilera predikatiboa hainbat aditzekin:
- malda-gora egin. Hacerse difícil, hacerse complicado, hacerse cuesta arriba. … askori dirudienez maldagora egiten zaio … (Mitxelena).
- aldapa egin. Hacerse difícil. … au hilltzea neroni ere aldapa egiten zadak. (G. Arrue)
- aldapa gora egin. Hacerse difícil. … bein ere etzait aldapa gora egin.
- aldapa gora etorri. Hacerse difícil. Aldapa gora etorriko zait, asko lotsatuko naiz. (Tx. Agirre)
- aldats egin. Hacerse difícil, penoso. Aldats egiten da… sinistea. (Lardizabal)
- aldats gora egin. Hacerse difícil, penoso. Zer gaitik guri gogor ta aldats gora egiten jakuz nekeak? (Añibarro)
«Gustuko aldapan nekerik ez» jasotzen du EHk aldapa sarreran, eta aldats sarreran berriz, espres, aldats egin azpisarrera: Zail edo neketsu gertatu: Etsaia maite izatea aldats egiten da. Eta hala moduz, malda sarreraren 2. adieran dio: «gora eta beheraren ezkerrean, adizlagun gisako esapideak osatuz». Eta irud(imenez) oharrarekin, ondoko adibideak gaineratzen: «Komunismoa malda behera omen dabil …. Norbaiti zerbait malda gora egin: aldats egin».
Ze arazo genetiko duke orduan euskaldunak euskara beretik igarotzeko ezer malda(n) gora egin-etik malda(n) gora jartzera?
3.c) (semaforoa) berde jarri :25 Koloreekin ere ez dut uste euskaldunok arazo traumatikoegirik dugunik gaur egun. OEHk azpisarrera gisa jasotzen ditu esaterako:
- gorri egin eta gorri-gorri(a) egin esamoldeak. Lehena ‘sonrojarse’ definitzen du; bigarrena ‘enrojecer; sonrojarse’. Xalbadorrek «arrosa bezain gorri eginik» kantatzen du, aurretik beste askoren gisa Ipar zein Hegoaldean (cf. OEH). «Lotsaren lotsaz gorri- gorri eginda» ere jasotzen da espres EHn.
- gorri-gorria azpisarreran, berriz, aditz gehiagorekin jokatzen du egitura: ‘(Estar, etc.) ruborizado, con la cara roja’, eta hala, esaterako, Miranderen Theresa «gorri-gorria jarri zen, biluzik aurkitu zenean». Berde ez, baina… Lafitteren apaiz zaharra «gorri-gorria jausi zen», edota Elizanbururenak ere «badoaz gorri gorria».
- zuri egin, zuri-zuri egin eta zuri-zuria egin ere jasotzen dira.
- zuri-zuria azpisarreran antzera dio OEHk: «(Uso predicativo). (Estar, etc.) completamente blanco». Eta adibide gisa jarri agertzen ez bada ere, bai ageri da J. Etxepareren ezarri: «Ikaragarrizko izotz batek zuri-zuria ezarriak zituen mendi kasko hek guziak». EHn nolanahi espres jasotzen da: «Zuri-zuri jarri zaio aurpegia».
- beltz[-beltz(a)] (egon, egin, heldu, ageri, jarri…). Ik. adibide ugari OEHn beltz sarreran, zeinen artean J. Etxepareren ondokoa jarri aditzarekin: «Ordu berean zerua ilhuntzen hasi zunan, beltz beltza jartzen». Zaldubiren zerua ere hala da ezartzen: «Laster dute zerua / ezartzen beltz beltza».
- zurian beltz egin ere jasotzen da OEHn (zuri sarrera), ‘idatzi’ esanahiaz. Hortik jarri-ra...
- hori-hori(a) ere antzera jasotzen da OEHn adibide gutxiagoz bada ere.
- berde-ri dagokionez berriz, OEHk gaztigatzen gaitu garai eta euskalki guztietan delaerabilia, nahiz XX.ean gutxitu erabilera —gure traumak—. Eta azpisarrera gisa ere jasotzen berde-berde ohiko moduan. Eta honen atal, Txirritaren ondorengo berde-berde jarri adibidea: «Okasiyuan asten danian / jartzen da berde-berdia» (kasuan, ‘oso haserre edo’ esanahiaz, dirudienez).
Euskaldun jendea, behintzat, jarri gintezke nonbait, gorri, zuri, berde..., nahi dugun koloreko, baina semaforoak jartzen baditugu, endekapenezko kalkoa dagigu nonbait, itzulpen zuzena espainoletik euskarara, ingelesdunei ‘trafiko argia’ berde jarri ordez, berde zaielakoz turnatzen (cf. OEH [EH: h. itzuli]) / itzultzen / bihurtzen (turn green). Bejondeigula!
3.d) modan jarri da Hualdek salatu hurren kalkoa:26 Espainolezko ‘moda’ hitzaren erabilera frantses mode-ren kalkoa da, hau finean lat. modus-etik eratorria bada ere, espainolezko modo eta euskarazko modu ere bezala. Eta, berriro, ez dirudi euskaldunok espainolek baino eragozpen fisiko-psikiko handiagoa izan genezakeenik moda hitza frantsesen eran erabiltzeko (edo bai?), eta kasuan egoki izan dakigukeen aditzei laguntzen. Hala erakusten digute bederen OEHk, HBk eta EHk, besteak beste. OEHn, ondoko azpisarrerak ditugu behintzat:
- modan (Estar, etc.) de moda. v. BOLADAN, eta honen d azpiatalean ondoko adibideak (tartean, modan ezarri, modan jarri ere). «Inpietatea modan bezala ezarria izan zen». (Elizanburu). «Alemanak [...] yarri ziran "modan"». (Lizardi). «Len Amerika zegoan modan». (Basarri) …
- A la moda, según la moda. «Idikia modan.» (Euskal Cocinera). «Agertzen da Mikaela,
modan emana». (Barbier). «Gaztiek orai modan / bihar dute bizi!» (Mattin).
- modara
a) Según el modo. «lehenagoko gisara, modara, trazara moldatua» (Urte, ≈1712). b)
b) A la moda, según la mod «Adi zagun burijesa modara solasean» (1765).
«Kolorezko zintakin / modara jarriyak» (Etxagarai, 1855). «Naiz Tximiñua jantzi /
modara Parisen». (Urruzuno). «Modara jantzi ta modara ibilli». (J. San Martin)
- (Con reduplicación intensiva). «Barberu ondo apaindu bat, […] moda modara janzija».
(J.A. Mogel)
- Como es habitual. «Ez modara, konfesiñorik bekatura, bekaturik konfesiñora». (Añibarro)
c) (Ponerse) de moda «Emakumetan sartuko balitz / gure izkuntza modara». (B. Enbeita)
- modatik joan, pasatu. Pasar de moda. «‘Modatik’ joan zan, gizona!» (Labaien).
«Sinistu gero, / modatik joan zala ori». (Basarri)
- modako
a) De moda; hecho, puesto, et según la moda. «Jaunzi modakoetan» (J.B. Agirre).
«Batek imiñi dau onelako modako jantzija» (J.J. Mogel). «Oso modako jarri
zaizkigu ipui-leiaketak». (N. Etxaniz).
b) Seguidor de la m «Barberu modako» (J.A. Mogel); «zenbeit yaun modako». (Hiribarren)
- (Con reduplicación intensiva). «Bi Mari Puntta moda-modakoak». (N. Etxaniz)
c) Del modo. "Archaicus, lehenagoko modakoa" (Urte, ≈1712)
- modazko. De moda, según la moda. «Banidadezko beztidura modazkoetan» (XVIII). «Pollitak eta modazkoak dituxu» (Zubiri). «Oriyen janzkera / modazko aukera». (Yanzi)
- boladan. d (Con egon, ibili, etc.). En boga, de moda. «Patxaran ibiltzia / dago gaur bolaran, / pausaje fiña orain / zergatik moda dan». (Bilintx)
- bolada-boladan. Muy en boga. «Orduan bai zegon bolara bolaran Lutero». (Manzisidor)
HBk moda, modako, modan egon, modan izan, modan jarri, modara sarrerak ematen ditu. Eta baita EHk ere modan egon, modan izan, modan jarri azpisarrera gisa. Azken hau boladan jarri emanez definitzen du, eta adibide: «Zorioneko futbola oso modan jarria dago». Ez dut uste podcasten moda ere oso bestelakoa denik.
3.e errekurtsoa jarri ere aipatzen du Hualdek kalko lotsagarrien artean.27 Eta arrazoi izanen du. OEHn ez da errekurtso sarrerarik. Bitxiki, ezta EHn ere (bide batez, ez ere honetan helegite sarrerarik), baina HBn, kalko edo ez, zinez gomendatzen zaigu euskaldunoi errekurtsoen erabilera hiru modutan ere: «errekurtso iz. Zuz. errekurtsoa aurkeztu / errekurtsoa egin / errekurtsoa jarri».
Ez dut uste horregatik, errekurtsoak interjartzen hasi garenik, oraindik, espainolek ugari interponitu arren.
3.f martxan jarri : 28 Martxa hitza bera ez bide da hiztegietan baino ageri 1850 ingurura arte (cf. OEH). Martxan, berriz (en marcha, en funcionamiento), 1950etik aurrerako adibidez hornitzen da (hori bai, orduan jada lasai erabilia, ipini, jarri aditzekin ere): «Trena martxan asi zanian». «Ipiñi eban martxan erlojuori». (J. San Martin). «Berriz martxan jarri talagunetara joan giñan». (B. Barandiaran) (v. tbn. «martxan jarri» TxGarm BordaB 149, Zendoia 109, Insausti 146, Albeniz 76). «Denda barri ori martxan ipini ebanien». (Gerrika 155). «Zerra-tallerra eta muebleria zegoan martxan». (Albeniz)
HBn ere jasotzen da martxan sarrera eta espres azaltzen zein aditzekin erabili ohi den: batez ere egon / izan eta ipini / jarri / ezarri aditzekin erabiltzen omen da.
Zertara dator, orduan, Hualde jauna oraingo sareen katramilan?
3.g zer jartzen du (hor, paperean… edo), qué pone ahí esamoldearen kalkoa da Hualdek aipatzen duen azkena.29 Eta berriro esango dut, agian duela arrazoi kalko kontu horretan, eta nik ez dakidala oraindik oso ondo euskarazko esamoldearen tradizioa noiztikakoa den. Baina esango dut ere Elhuyar Euskara-Gaztelania hiztegiak jasotzen duela jada esamoldea jarri aditzaren 5. adieran, adibide argi, itzulpen eta guzti:30 [jarri] 5 du ad. poner [escrito]: zer jartzen du hemen? : ¿qué pone aquí? 31
Eta Euskal Klasikoen Corpusean ondokoak behintzat aurkitu litezke XX. mende hasieratik erabiliak:
— OTSEIN. (Ateratzen du diru-ordaikia.) ¿Kristobal jauna etxian al-da?
PANTXIKE. Ez. ¿Zeŕ nai dezu?
OTSEIN. Dirua jaso..... Emen jaŕtzen du zenbat. (B. Garitaonandia, 1922)
— IXIDOŔ Ongiĺearen eŕolda (kuenta).
EŔAMUN Beronek esango dizute zeŕ aŕkitzen dan idazki ontan. (Ematen dio Ixidoŕ'i).
¿Zeŕ jaŕtzen dik lenengo oŕian? (B. Garitaonandia, 1922)
— Bost-bat urte dizkik. Alki batera igo, egutegiari eguna kendu, ta bazetorkidak.
Galderaz josiko natxiok...: ea an zer jartzen duan; ea zergatik ura jartzen duan;
ea zertarako jarri duan ura, ura jarri duanak;… (Lizardi, 1922-1933)
— (Paper batzuk sakeletik atera eta Pantxikeri daramazkio) Hara: guzien nondik-norakoak
hortxe jartzen ditu garbiro. (Lizardi, 1932)
Barriolaren antzerki lanetako ondoko bi adibideetan eztabaidagarria izan liteke interpretazio inpertsonala, ez ezohikoa horregatik:
— (Sartuko da esku batian dirua ta bestian eskutitz edo karta batekin.)
¡Bi pesetakua au ekartziagatik! […] Beti or dabil kale ertz guztiyetatik begira nun ikusiko ote
duben bereandregaya. Eta ¿zer jartzen ote diyo emen, ni bi pesetaz saritzeko? (Barriola, 1908) 32
— EUJENIO - Begira akiyok. (Eskutitzaren gaña irakurriyaz.) «Rosita Sudurpoliteneko»,
or aurreko neska gaste eder orrentzat. […]
LEONTXIO - Entzun zak zer jartzen duben, apur bat entzun zak. (Barriola, 1910)33
Baina-eta nondik datorkigu jarri aditzaren hala moduzko erabilera euskaraz? Zenbateraino (ote) da kalko arrotza?
Lehenik, esan ¿qué pone aquí? bezalako egitura, espainolez (ere) bitxia dela. Erabat egitura inpertsonala (¿qué pone en el periódico? / ¿qué dice en el periódico? liratekeen moduan, eta ¿qué pone / qué dice el periódico? egituren aldean). Baina, poner aditzaren ohiko egitura inpertsonala-edo erabili ordez (‘se pone’; ¿qué ‘se dice’ en el periódico? esaldian-edo egin litekeen gisan), poner aditzaren forma aktiboa erabiltzen da (¿Qué pone en el periódico? — agian, el director edo el periodista-edo irudikatu zitekeen hasiera batean— eta ez ¿Qué ‘se pone’? en el periódico).34
Euskaraz ere gutxieneko bitxitasun bera aurkitu genezake «Zer jartzen du hor / egunkarian?» esaldian —agian, zuzendariak edo kazetariak edo idatzi duenak edo itxurako subjektu bat irudikatu baliteke ere esamoldearen hasiera batean—. Kalko zein ez, nik neronek nahiko ‘erraz’ irudikatu nezake halako esamolde baten bidea edo ‘desbidea’, translazioa, euskara bertatik batere aldendu beharrik gabe ere, jarri aditzaren tradiziozko erabileren eremu semantikotik abiatuta. Hola moduz:
- «Jarri» aditza «idatzi»-edo adieran: OEHk jarriren 2. sarreran barrena jasotzen du aditzaren «Componer versos (contrapuesto a ‘improvisar’)» erabilera, jada Lazarragarenean erakutsia (≈1567: «Nik ere jarri badagit / sekula barriz koplarik»), edo frantseste garaiko (1808-14) bertsoetan. Geroztik, ohikoa da esamoldea Hegoaldean.
- «Norbaitek nonbait (paperean edo) jarri» esamoldea, «norbaitek nonbait idatzi»-edo adieran: Bitxiagoa da OEHk ez aipatzea ‘(paperean edo) jarri / ipini’ esamoldea idatziren sinonimo-edo (HBk ere ez du jasotzen). EHn berriz, bi aditzen sarreretan jasotzen da argi esamoldea adibide hainbatez: • ipini 2 du ad. (Paperean) eman, idatzi. / • jarri 4 du ad. (Paperean) eman, idatzi.
Guk (paperean edo antzeko osagai / euskarri batez inesiboan) aurkitu ditugun jarri (edo pareko ipini, ezarri) aditzen lehen agerpenak dira Iparraldeko Tartas (1666, jarri aditza) eta J. Egiategirenak (1785, jarri). Hegoaldean ere, XVIII. mendetikoak dira, Kardaberaz (1760, ezarri), Ubillos (1785, ezarri), edo J.A. Mogelenak (XVIII. mende amaiera, ipini aditzaz;
1802, imini aditzaz). Bestela, esamoldea lasai darabilte, esaterako, J.B. Agirrek (1814, ipini), J.M. Zabalak (1816-1833, imini), J.J. Mogelek (1845, imiñi), Iztuetak (1847, jarri, ifini eta ezarri aditza ere hirurak), Uriartek (1850, imini; eta jarri ere Bibliaren itzulpenean, 1858-9), XX. mende hasiera inguruko Donostiako antzerki idazle guztiek edo (jarri), Arrese-Beitiak (1900, ipini; jarri), Tx. Agirrek (1912, jarri; ipini), … ondoko adibideetan jaso bezala (tartean ari, belztu, eskribitu, itsatsi... bezalako aditzekin batera):
– «Figura, eta parabola ederbat dago iarririk Eskrituran…» / «… hitz Franzez haien pian,
irakhurtzen dira hitz eder batzu latiñez eskrituran iarririk, …» (Tartas, 1666)
– «Lenago paperean ezarri». (Kardaberaz, 1760)
– «…, paper belzten niz ari? bortxaz gibel üzten, xüxen ezinak jarri». (Egiategi, 1785).
– «… Eskritura Sagraduan ezarririk dauden gauzak aditzeko, Zeruko argiz argituak».
(Ubillos, 1785)
– «… onez igarotzeak irabazi ta pake geiago ekarriko dizu, lagun etsaiaren kontra
paperak belzitu, ta biraoka ipiniak baño». (J.A. Mogel, XVIII. mendea)
– «Zuri enzuten deutsudazan izen, neuk eztakidazanak, iminiko ditut paperian,
euskera ondo berba egiteko». (J.A. Mogel, 1802)
– «Aditu det […] paperetan erdarazko itzak euskeraz ipiñi dituela, …» (J.B. Agirre, 1814)
– «… (erantzun eutsan agureak) paperean imini leizala berak esango eutsazanak, …»
(J.M. Zabala, 1816-1833)
– «Ezkontzeko berbia […] eskritura agirijan imiñija ezpada …» (J.J. Mogel, 1845)
– «Zer nai gauza jarten da paper berrietan» / «Gezurrik ez dutela jarten paperetan,
bañan…» / «Ez da gauza mingarria? Billatzea paperean jarria, Balitz bezala fedeko
egia!» / «Paperetan ifinten da bost onelako; bai ta sinistu ere…» / «Orra nolako gauzak
[…] ifinten diran inoiz paperetan; …» / «… predikua egiteko sermoia paperean ezarririk
buruz ikasia zeukala, …» (Iztueta, 1847)
– «…emoan eutsan Demonioari bere arimia, loturik onetarako bere izen, ta lonbria
paper baten imiñijagaz…» / «… ona brontzezko paperean itsatsi eta eskribituta
jarri zutena». (Uriarte, 1850)
– «Txomin, atera zak tintontziya, papela ta pluma, eta jarri akiyok jauna aberi kontuba».
(Soroa, 1884)
– «Entzun neutsan amari […] kontutxo bat polita / zeiñ noian ipintera / entzuniko moduan /
orain paperean. / Ez daukazu gomuta / paperean garbi / Medikuak bere eskuz / zelan
eban jarri?» (Arrese Beitia, 1900)
– «Alegiya esaten dizut, nai bazenduke zure paperian jarri». (Iraola, 1906-1908)
– «Argia zan mutilla: oso poliki zekian irakurtzen, bere izena paperean jartzen…» /
«Eta ondo garbi ipiñi bearko da paperetan beste alabari zer agintzen dion, …» /
«Begira zazu: auek dira paperean ipiñita daudenak». (Tx. Agirre, 1912)
Nola igarotzen da, ordea, jarri / ipini / ezarri aditzen forma aktibo-iragankor eta pertsonal horietatik —edo inpertsonal iragangaitzetatik—, Hualdek salatzen duen erabilera aktibo inpertsonal ‘bitxira’?
Konparazioan hausnartuko dugu ez ote zaigun aurretik antzeko zerbait gertatu, esaterako, esan / erran aditzarekin ere, dela forma honen trinkoetan (dio…), dela perifrastikoetan. Hala:
«Norbaitek nonbait (paperean edo) esan» esamoldetik «euskarriak berak (paperak edo) esatera». Hiru pausotan irudikatu genezake, a), b), eta azkenean c) amaieran edo:
a) Hasteko, esan / erran aditzak beti izan du gure tradizioan erabilera aktibo pertsonala norbaitek dio / esaten / erraten du… (edo inpertsonal iragangaitza: erraten da, esaten zaigu…).
Gure literatura erlijioso ugarian, maiz da Jainkoa bera, edota honen ordezkoren bat, dioena / erraten / esaten duena: San Juanek dio… Maiz, hala moduz esandakoak dira kristau liburu(sakratu)etan-eta jasotakoak, eta sarri aipatu ohi da halako esaldietan delako liburua ere inesiboan. Adibideren bat ekartzeagatik, Materrek (1617): «… erraiten du gure Salbatzailleak bere Ebanjelioan…»; Lizarragak (≈1800): «Apocalipsiko libruan dio San Juanek…»; edo J.B. Agirrek: «Orregatik esaten digu Jaunak Eskritura Santan…» / «... jakintsuak Eskrituran dion bezala…».
b) Horretatik, nahiko erraz dirudi pasatu ohi direla gure autoreak ere, inguruko hizkuntzen erabileren kalko —edo ez—, liburuak berak (ebanjelio, eskritura, liburu, Genesi…), euskarriak aktibo bihurtzera, nahiz ‘paperak’ berez ez ezer ‘esan’ ahal izan —baina fenomenoa ez da bakarrik euskarazkoa—.
Hala jada, esateko, Axularrek (1643): «Erraiten du Eskritura Sainduak…» / «Ebanjelioak dioen bezala…» / «… erraiten du Eskritura Sainduak berak, lekhu berean» / «Glosak dioen bezala…» / «Eta gatz bihurtze hunen gaiñean erraiten du Glosak…» Eta hala moduz ere ondorengoek: «… erraiten dian bezala Eskritura saindiak» (Tartas, 1666); «Eta bertze lekhu batean berriz Eskriturak erraten du: …» (Haraneder, 1740); «… begiratzen badegu, zer esaten duan Eskritura Santak» (J.B. Agirre, 1817); edo «Eskriturak, zer esaten du?» modukoak (J.A. Uriarte, 1858).
Eta baita ere, esan / erran aditzaren antzeko esanahiko parafrasiez-eta, nola: «Emaiten du aditzera Eskritura Sainduak…» (Axular, 1643); edo «Eskriturak dakarrena» (Mendiburu, 1760); «Eskritura Santak Lothen gañean dakarren gauz arrigarri bat». (J.B. Agirre, 1817); «Eskritura Santuak onen ganean dakarrena» (J.M. Zabala, 1816-1833); «Eskritura Santak dakarren eran» (Lardizabal, 1855); edo, berriro, «Eskriturak dakarrena» (Txirrita, 1886-1936).
Gure autoreak ere momenturen batean hasten dira gero, kalko eginez edo barik, a eta b egituren ondoan antzeko esaldi aktiboak ere ematen, baina batere subjektu ageririk gabeak, eta euskarriak (ebanjelio, eskritura, liburu, Genesi...) beste gabe bere ohiko-edo inesiboan emanak (a ataleko esaldietan legez; eta ez ergatiboan, b itxurakoetan bezala). Hau da, a eta b ohiko egiturak nahasten-edo lituzketen esaldiak ematen: esaldi inpertsonalak, modu aktiboan emanak —du ad.—, baina batere subjektu, ez ageri, ez ezkutu, barikoak, eta euskarria ohiko inesiboan: Eskrituran dio…; Ebanjelioan erraten du… itxurakoak (nahiz halakoen jatorrian beti irudikatu litekeen ere halako Jaungoikoak, edo profetak edo dena delakoak dio itxurakorik).
Edonola ere den, guk ez ditugu halako esaldiak aurkitu uste Elkanoko J. Lizarragaren (1748-1835) testuak bitartean, ondoren lekukotzera goazen gisan.
«Euskarri batek ‘esatetik’» (paperak edo —beste subjektu animaturik gabe—) «euskarrian ‘esatera’», batere subjektu ageririk gabe, baina «euskarriak berak-edo esan»-en zentzu aktibo berean. Hori aurkituko baitugu argi c.2) ataleko esaldietan:
c.1) Hasteko, esan, gure lehen idatzietatik ematen direla autore guztietan ‘esan edo’ esanahiko esaldi inpertsonalak, euskarria inesiboan emana dutenak, eta beti aditz iragangaitz uni- edo bipertsonalez emanak (guk, bederen, ez dugu besterik aurkitu),
«Eskrituran erraten da / erraten zaigu» itxurakoak. Hala, esaterako, ondoko adibideetan, gaur egun ere guztiz ohikoa dugun moduan: «Mattheuen hemeretzigarren kapituluan eskribatua den bezala, non erraiten baita hunela: …» (Leizarraga, 1571); «Kantiketan erraiten den bezala». (Pouvreau, ≈1660); edo ondoren hainbeste aipatuko dugun Lizarraga bera: «… ta eskritura sagratuan alaber erraten da gaistoas, ilen dela …» / «… kontatzen da Eskritura Sagraduan…» Edota nor-nori adizkiekin, nola J.B. Agirreren ondokoetan: «Ala esaten zaku Eskritura Santan». / «Aditzen dezu, Kristaua, zer esaten zakun Eskritura Santan?».
c.2) Joakin Lizarraga (1748-1835) Elkanon jaioa da, Iruñetik 10 km ekialdera. Prosa ondo arina du, eta honen hainbat alor lexiko eta sintaktiko nahikoa hurbilago ageri dira garaiko gaztelaniatik-edo, gure garai bertsuko beste inongo idazle emankorrena baino. Eta ezin esan dugu orain aipatzera gatozen joskera modu ‘berria’ ere ezin denik halakoa izan. Lizarragak Iruñean ikasi zuen Valladolidera ikastera joan aurretik. Gero ordea Elkano bertako erretore izango da 60 urte baino gehiagoz (1774-1835), hil zen arte. Bere idatziak, ondoren ahoz eman behar dituen sermoien prestakuntzak dira, herritarrek entzunez jasotzekoak. Ezin jakin dugu hala ere, bere prosak ageri dituen «erdal» kutsuak zenbateraino diren soilik autorearen propioak, edota bertako, Elkanoko —agian Iruñeko ere— garaiko hizkeraren ezaugarriak.
Lehenik esan, Lizarragarenean ere, gure tradizio guztian legez, ezin ugariagoak direla aipatu a zein b ataletan erakutsitakoen moduko esaldiak («Joanek dio ebanjelioan» edota «Ebanjelioak dio» itxurakoak). Egitura modu hauei, ordea, Lizarragak hirugarren esaldi mota bat eransten die, inongo arazorik gabe: euskarria inesiboan + aditz iragankorra —du ad.—, baina batere subjektu aktibo, ez ageri, ez ezkutu barik emanak, esaldi inpertsonal argiak osatuz, eta testuinguruan inondik ere suposatu ezin dakiekeenak inongo subjektu eliditurik —salbu, espiritu kristauak testu sakratu guztien gainetik beti irudikatu lezakeen jainkoaren ahots ubikuoa-edo ez bada—). Hala moduzkoak dirateke Lizarragaren ondoko esaldi guztiak, Euskal Klasikoen Corpusetik ekarriak:35
-
«Sinestearen birtute gau nondik sartu da gure biotzean? Ez begietaik, ez agotik, ez berze sentidoen medios, baizik adimentuaren medios aditus Eskritura Sagratuan diona».
-
«Ala judas Makabeo famatu garrek ofrarazi zue Jerusalenen sakrifizio ilen bekatuengatik: eta ori kontatu ondoan Eskritura sagratuan dio, Sancta ergo et salubris est cogitatio & Beras gauza sandua ta salbazioskoa dela ilengatik sufrajio egitea, libratzeko bekatuetaik».
-
«Eta zierto humildaderik gabe ezta kastidade segurorik, zerengatik kastidadearen goardia da humildadea, ta humilei ematen diote Jangoikoak grazia, dio eskrituran».
-
«Arimen memoria egitea mezan ia kristiandadearen prinzipiotik usatua da apostoluen tradizios; eta kristiandadea paratubaño len ta len egiten zela orazio ilengatik, klaro dio eskritura sagratuan».
-
«Ikusagun gizonaren formazioa, ta bere bi parte geben prinzipioa ta gañerako zirkustantziak. Formatu zuela Jangoikoak gizonaren gorputza lurreko loietik dio eskrituran…»
-
«Il zute ladronek gizon bat, dio eskrituran, ta okultazeagatik botatu zute arren gorputza Eliseoen obian; ta oroat izan ze ukizea sandu garren errelikiak, nola biztea gizon ila».
-
«Eraman zute preso Judioen batzarrera: an akusatu zute guziek fuerteki. Sandua guzien erdian bakarrik, eztiot ongi, bakarrik, ezi Jangoikoaregi zego: eta dio Eskrituran, beiratzen zutela beraren aurpegia, nola Aingiru batena istargitzen zuena miragarriro».
-
«Arimen memoria egitea mezan ia kristiandadearen prinzipiotik usatua da Apostoluen tradizios: eta kristiandadea paratu baño len ta len egiten zela orazio ilengatik, klaro dio eskritura sagratuan».
-
«Marineo Sikulok tio itz gebek: Nik ikusi dut bere gorputz sandua; ta dago ain oso, baitirudi eztuela ilik baizik bizpirur ilabete: ta iago admiratzen duena da, ezi edozein iletan lenbiziko galtzen dena delarik sudurra, ta begien zurra, onek baitauka oso miragarriro; ta ikusi nuelaik oroitu nitza dionas eskritura sagratuan, ‘Eztela galduko zuen buruko bilo bat ere’».
-
«Eta zer dakigu, etzen izan orazio gonen efektoa Sauloren konbersionea? Bitarteo segitzen zue itsu itsua Kristioen kontra, eta dion bekala Eskrituran».
-
«Mostratzen ze obra onetan ta milagroetan. Nork konta in zituen obra onak? Nork milagroak? Pasatu zuela bere bizia, dio eskritura sagratuan, ‘benefaciendo, et sanando omnes’, Act. 10 ongi egiten, ta erremediatzen guziak, …»36
-
«Deuteronomioan dio: Aizazu Israel, gure Jangoiko Jauna bera sollik bakarra da».
-
«Zerengatik ala nola arima ta gorputza baita gizon bat, ala Jangoiko ta gizona batean da kristo bat. Au da San Atanasioren sinboloan diona, ta Kristoren misterio guzien zimendua, Jangoiko ta gizon batean izatea Kristo gure Jauna».
-
«Gorputzak baitu bere bizitza arimaganik, ta au atratzeareki ilzen da gorputza; baña gorputza ere ezta iltzen betikos, baizik Kredoan dion bekala aragiaren erresurrekzioa, erresuzitatuko da Jangoikoaren podores azken juizioko egunean itzultzeareki gorputz berera arima bera, akonpañazeko elkar glorian edo penan, nola akonpañatu ziren bizian ongi edo gaizki egitean».
-
«An berean bigarren kapituloan dio ezi Mezan iten den sakrifizio dibino gontan kontenitzen ta sakrifikatzen dela odol ixurtzerik gabe Jesu Kristo berbera…».
-
«San Mateoren 22 kapituluan kontatzen du parabola bat errege baten semearen bodes gisaberekoa, ta zenbaiten ustes berbera; solamente ezi an dio ia, bazkaltzerakoan sartu zela errege ikustera maiean jarririk zeudenak, ta ikusi zuela an bat bodetako tresenaik gabe, ta erran ziola: Adiskidea, nola sartu zara emen bodetako tresena gabe?».
-
«Eta 83 psalmoan dio: Zein deseagarriak orren tabernakulo sanduak, birtuteen Jauna; desmaiatzen da orren etxerako ansiaren utses nere arima».37
-
«Orduko ia dudarik gabe ikusi bidezue Ama Santisimak: baña gañarakoetaik Maria Magdalena izan ze lenbizikoa ikusi zuena, Ebanjelioan dionez».
-
«Fundatzenda festibidade gau Kredoan dion azken artikulo fedeskoan, baita bizitza sekulakoa».
-
«S. Pedro, Apostolu izan baño len, bizitu ze Matrimonioaren estadoan; eta ebanjelioan dio, Kristoren Majestadeak sendatu zuela beraren Amaiarreba: …»
-
«Etorri ze mutikottoa; ta erregek erraten dio amoltsu: Daniel, aitu dut duzula grazia entendatzeko gauza sekretoak; eta leitu bear didazu zer dio letra goietan».
Esan bezala, agian ditugu aurreko autoreetan ere antzeko esaldiak, baina guk ez ditugu aurkitu.
Zer gertatu da euskaraz geroztik, «esan» aditz iragankorra subjektu ageririk gabe eta euskarri inesiboz erakusten duen egitura inpertsonal honekin?
Dakigunean OEHn ez da oraindik aipatzen halakorik. Baina susmoa dugu erabilera arruntekoa dela gaur egun gure artean. Esaterako, Hualdek gorazarre egin gura bide dion Sarasolak jasotzen du jada hala Zehazki hiztegian eta eredugarri eskaintzen euskal egitura kontsakratu gisa edo, poner aditzaren 11. sarreran: 11 (decir) esan: ¿qué pone en ese letrero?, zer dio txartel horretan?38
Gure gaur egungo ereduzko prosan ere nahikoa arrunta dirudi erabilerak. Hala, esaterako, EPG corpusetik ondokoak (hemen adizlagunez ageri direnetako batzuk bakarrik):
– «Eta hemen dioena arau izan da bazter gehienetan». (I. Aranbarri, 2001)
– «Hemen esaten duenez, atzoko partidua joanekoa izan zen». (P. Alberdi, 2002)
– «Hemen dioenez, ez zegoen misterio handirik». (F. Morillo, 2004)
– «Hemen dioena egia baldin bada, Lancelot eta erregina ni iraintzen ari ditun». (J.K. Igerabide, 2005)
Eta, hala moduz, gaur egun seguru asko arruntak izan litezke antzeko egiturak euskaraz esan aditzaren antzeko parafrasiekin: liburu honetan dakar…, edo liburu horretan azaltzen du…, hemen ematen du aditzera…, aldizkari honetan kontatzen du… esaldien antzekoak.
Halako egitura aktibo eta inpertsonala esan-edo aditzarekin euskaraz ere bitxiak begitantzen dira 'gramatikalki edo' azaltzeko, gorago espainolezko poner aditzaren erabilerarekin aipatu dugun gisa berean. Ez dakit gainera halako egiturak esan aditzarekin ez ote diren bitxiagoak espainolez, euskaraz baino. Nire ustea da Euskal Herriko espainolean bederen —bestetan ez dakit—, lasai asko esaten direla gaur egun «En la Biblia dice que…» / «En el Evangelio de hoy dice que…» / «En la Constitución dice que…» egitura aktiboak batere subjektu ageririk gabe emanak eta euskarria inesiboan dutela, ohikoagoak (edo, behintzat, azaltzen errazagoak) izan litezkeen «La Biblia dice» / «La Constitución dice» edo «En el Evangelio se dice» inpertsonalaren itxurako esamoldeen aldean. Ze, Espainiako DRAEk, ez du lehenengoetakorik batere jasotzen decir aditzarekin (nahiz bai poner aditzarekin, hurrena ikusiko dugun bezala). DRAEk decir sarreraren 5. adieran jasotzen du aditzaren hala moduzko erabilera iragankorra, baina, soilik euskarria subjektu duela (ez du aipatu ere egiten euskarria inesiboan emateko aukera): «[decir] 5. tr. Dicho de un libro, de un escrito, etc.: Contener ciertos temas, ideas, etc. La Escritura dice. / La Historia de Mariana dice». Inondik ere ez En la Escritura dice edo En la Historia de Mariana dice itxurakorik.
Euskaraz berriz, iruditzen zaigu, esan aditzak ezagututako hedapen horien antzeko zerbait gertatu ote den ere jarri aditzarekin.
«Esan» iragankor subjektu ageririk gabekotik «jarri» aditzaren antzeko erabilera inpertsonal, iragankor eta euskarri inesibokora?
Arrunta gertatzen hasten den momentutik norbaitek ezer paperean (idatzia) jartzea, eta ondoren paper euskarria bera ergatiboan ematea subjektu animatu aktibo bihurtua (zer jartzen du paperak …? itxuran), pentsatu liteke esan / erran aditzarekin bezalaxe gertatu zitekeela, edo gertatu dela, jarri / ipini aditzekin ere hirugarren pauso-edo —nahiz seguru asko, ez erabat oraindik hala ezarri aditzarekin (ik. Beheraxeago)—, batera emanak aurkitzea euskarri inesiboa eta aditz iragankor aktiboa inolako subjektu aktiborik gabe: paperean jartzen du.
Euskaraz, gainera, aurretik espainolez aipatu moduan, uste dut, esan / erran edo antzeko baliokideekin ez bezala, oraindik ezinezkoa gertatzen zaigula zentzu aktibo honetan jarri aditza erabiltzea euskaraz modu inpertsonalean, aditz iragangaitzez, euskarria inesiboan emanda. Gure belarrirako behintzat ez dira (oraindik/oraingoz?) inondik berdinak «Zer jartzen du hor / paperean?» eta ≠ «Zer jartzen da hor / paperean?». Ez, behintzat, «Zer esaten du hor / paperean?» eta ≈ «Zer esaten da hor / paperean?» esaldiak esanahi berekoak gertatu litezkeen modu berean.
«Zer jartzen da paperean?» gisako esaldia, nik, oraingoz behintzat, soilik interpretatu nezake zentzu inpertsonal ohiturazkoan: ≈ «Zer jarri ohi da» edo «jarri ohi dute paperean (halakoetan)», edota bilera batean-edo erredaktoreek galdetuz gero: «Orduan azkenean zer jartzen da paperean?» = «Orduan, azkenean, zer jartzen dugu» edo «zer jarriko dugu paperean?» zentzuan.39 Eta hala baliokide interpretatu ditzakedan moduan «Zer jartzen du paperean?» = «Zer esaten du paperean?», ez nituzke baliokide prozesatuko —eta ezta bestek ere oraindik nik uste— aurrekoen pareko euskaraz «Zer esaten da paperean?» esaldia (≈ «Zer jartzen du paperean?» = «Zer esaten du paperean?»), eta, bestetik, «Zer jartzen da paperean?» —ezinezkoa zentzu horretan (niretako)—. Azken honek ez du aditzera ematen zer esaten duen paperak, eta ez dakit hala den paperean jarri esamoldeak adierazten duen idatzi ekintza aktiboarengatik —baina kasurako horren aktiboa da ere esan aditza eta ez du halako arazorik—, edota soilik den egitura inpertsonal aktibo hori jarri aditzarekiko berriagoa delako gure artean —berriegia oraindik akaso—.
Zentzu horretan, uste dut are arazo latzagoa ematen digula ezarri aditzaren halako erabilera batek. Ikusi bezala, gure autoreetan arrunta baldin bada ere (nonbait; euskarri batean) ezarri esamoldearen erabilera jarri / ipini aditzekin bezalatsu, idatzi-ren esanahian, arazo handiak eragiten dizkidate oraindik, nire idiolektoan bederen, ???Zer ezartzen du paperak? ???Zer ezartzen du paperean? moduko esaldiek. Nire idiolektoan, ordea, gutxi erabilia da ezarri aditza, ezpada zentzu inposatzailean-edo, nire ohiko jarri-ren aldean. Hala, areago, «Zer ezartzen da paperean?» bezalako esaldi batek ezingo luke (niretako) inoiz izan «Zer esaten da paperean?»= «Zer esaten du paperean?» = «Zer esaten du paperak?» esaldiek eduki lezaketen zentzua.
Amaitzeko, balirudike, inesiboa + jartzen du-edo egitura, nahiz aipatu bezala soilik hiztegi batek jaso oraingoz agerian, Hegoaldean bederen nahikoa arrunta zaigula XX. mende hasieratik behintzat, ikusi bezala, eta gaur egungo idazle-itzultzaileek ere ez diotela orain artean muzin egin (ikusi behar hemendik aurrera, inork kalko espainol ageritzat salatu ondoren). Hala, segidan, Ereduzko Prosa Gaur corpusean jasoetako batzuk erakusgarri jarri / ipini / ekarri 40 aditzekin (erakusleen pareko-edo adberbioekin —bakarrik, hauek zaizkigulako errazagoak bilatzen—):
– «Hor jartzen duen etxebizitza txiki polita..., hau da!» (K. Izagirre, 1999)
– «Hemen 'Sebastian' jartzen du.» (I.M. Iraola, 1999)
– «Percy denei galdezka ari zen ea zergatik egiten zuten barre, ez baitzen konturatu
Fredek sorgindu egin ziola prefektu-ikurra eta orain 'Potrotxiki' jartzen zuela han».
(I. Mendiguren, 2001)
– «Hemen ipintzen duenez, hamalau hazbete ditu luzean da eta hamar biribilean».
(J.M. Elexpuru; B. Montorio, 2001)
– «VHS, hori jartzen dik hemen - eskerrak». (X. Mendiguren Elizegi, 2002)
– «Hemen jartzen dik: Ko-te». (J. Muñoz, 2003)
– «Jostunen gauzak Frantziatik zetozelako jarri omen zuen frantsesez, eta Pilarrek beti
itzuli egin behar izaten zien han jartzen zuena bezeroei». (L. Garro, 2004)
– «Behin, begiraleotako batek mutiko hark idatzitako eskutitz bat zabaldu zuen,
eta berehala eman zigun han jartzen zuenaren berri». (Joxerra Garzia, 2004)41
– «Hor kanpoan etxearen izena jartzen dik: Ondartza». (X. Etxabe, 2004)
– «La-ila-ilaha-Ala, 'ez dago beste jainkorik Jainkoa baizik', jartzen zuen nonbait han,
arabesko baten tankeran». (B. Atxaga, 2005)
– «Ez du ezer jartzen hor azpian, ezta?». (A. Iturbe, 2006)
– «Azken atalean datoz; hor dakar Stamford-eko zubiko guduan esku hartu nuela,
Sinbad Itsasgizonaren bidaiak transkribatu nituela, Bulaq-en, eta Aberdeen-en, berriz,
Pope-ren ingeles Iliadaren harpidedun egin nintzela». (Juan Garzia, 1998)
– «Eta han dakar, justu, Nafarroako Astitzen jasotako honako esaera pollit hau:
Izarrak hego aldera, haizea hegotik; izarrak ifarrera, ifarretik haizea». (P. Zabala, 2000)
Egitura noski, esan / erran aditzekin aipatu bezala, bitxia da ‘gramatikalki’ azaltzeko euskaraz, hausnartu ezean behintzat honen jatorriaz eta. Berriro, ordea, euskaraz bezain bitxia dateke espainolez azaltzeko, eta jada ez nuke jakingo esaten zeinek egin dion zeini kalko. Espainiako DRAEk, decir aditzarekin ez bezala, ohar berezia egiten dio poner aditzaren 25. sarreran erabilera iragankor inpertsonal bitxi honi (euskarria subjektu aktibotzat ematen duen ohiko egitura aipatzeaz gain): 25. tr[ansitivo]. Decir por escrito. ¿Qué pone este papel? U. t. c. impers. [Úsase también como impersonal] ¿Qué pone aquí? 42
Askoz ere esamolde kalko gehiago HBn «jarri» aditzarenak?
Nolanahi ere den, Hualdek ez zuen ere horren zail erabilera ‘kalko’ gehiago aurkitzea euskararen eta espainolaren artean (eta beste hizkuntza askoren ere, seguru asko) pareko esamoldeetan jarri aditzarekin. Nahikoa zukeen hasieratik jo izan balu OEH, HB edo EHra. Segidan zerrendatuak, HBn espres ageri direnak adibide. Juzgatu beza norberak (kalko!) zein den zein baino eta zeinen baino kalkoago:
adibidea jarri
ados jarri
agerian jarri
ageri-agerian jarri
agindu(eta)ra jarri
aitzakia jarri
akort jarri
alde jarri
aldrebes jarri
arkara jarri
armetan jarri
arriskuan jarri
artean jarri
auzitan jarri
azpikoz gora jarri
bertso(a/k) jarri
betaurrekoak jarri
betoa jarri
buruan jarri
dudan jarri
eguzkitan jarri
enkantean jarri
erdian jarri
errekurtsoa jarri
eskuburdinak jarri
gainjarri
gainean jarri
garai jarri
haragi bizi(t)an jarri
hazia jarri
helmenean jarri
hil-jantzia jarri
indarrean jarri
irispidean jarri
jakinean jarri
jesus batean jarri
jokoan jarri
kargu(t)an jarri
kokoriko jarri
kolokan jarri
konpasean jarri
kontra jarri
kontrakarrean jarri
kontuan jarri
korrituan jarri
kukubilko jarri
laborrian jarri
loka jarri
loka-loka jarri
mahaia jarri
martxan jarri
mendean jarri
metan jarri
miraz jarri
modan jarri
musika jarri
neurrian jarri
onean jarri
oskarbi jarri
oztopoa jarri
paperean jarri
praktikan jarri
sutan jarri
tonuan jarri
zalantzan jarri
zelatan jarri
zela jarri
Kalko lexiko semantikoekin amaitzeko
Euskarazko esamolde asko dira Hegoaldean espainolezkoen antzeko —Iparraldean ere, eta zenbat eta zaharrago areago—. Eta bi hizkuntzaren arteko elkar eraginetik sortuak izango badira ere, normala izango da pentsatzea jada gorago aipatu bezala, batetik besteko eragina indartsuagoa dela, izan dela eta izango dela, handienetik txikienerakoa, alderantzizkoa baino. Nahiz, beti, hizkuntza batek bestetik hartu ohi dituen maileguak, kalkoak, edo dena delakoak, ugariagoak izango diren hizkuntza horren aurretiko senarekin-edo bateragarri izan litezkeenak, sen horrekin aurrez aurreko talka egiten dutenak baino. Hala egin du espainolak frantsesetik XVII. mendetik aurrera —galizismo doilor traidoreak—. Hala dagite Europako eta munduko hizkuntza guztiek gaur egun ezinbestean ingelesetik. Eta hala egin du gure euskarak ere mendeetan, dela latinetik, frantsesetik, espainoletik...
Baina eraginak eragin eta kalkoak kalko, ez dut horregatik euskaldunik entzun oraindik, ez irakurri, espainolezko poner de patitas en la calle ematen hankatxoz jarri kalean edo antzekorik esaten; poner a caldo a alguien esanez saldara jarri norbait; poner a parir a alguien, norbait erditzera edo ume izatera jarri; poner(se) al corriente, korrientean jarri —agian, antzekorik entzun bai: korrientean gaude...—; ponerse de largo, luze, luzez edo luzean jarri; edo poner pies en polvorosa esateko zangoak / hankak hautsetan edo hautseztatuan jartzen. Baina, hamaika ikusteko jaioak gara, eta nork daki zer dakarkigukeen geroak.
Eta ezer hankaz gora jartzea / hankaz goiti kalkoa da espainolezko poner patas arriba-ren aldean? Eta ezer buruz beheiti / behera jartzea ere espainolezko cabeza abajo-ren aldean?
Eta nolanahi ere, zer? Zer, euskaldunak hemendik aurrera noizbait hasten bagara ere esaten norbait salda(ta)n jarri dutela (egosten edo), esateko gaizki esaka-edo aritu zaizkiola? Utzia al genioke horregatik euskaraz aritzeari? Galdua genuke orduan jada ‘gure euskal arima’? 'Estingituak' ginateke? Utikan!
Eta ordea, zer gertatuko zaio gaurko gazteari, norbaiti buruz gaizto esaka aritu dela esateko, erabiliko balitu gure hiztegiek proposatzen dizkioten asto zaharrarenak esan edo asto beltzarenak bota bezalako esamoldeak? Ez lioke, noski, euskaraz egiteari utziko. Ezta euskal arima galduko ‘euskal’ faltaz. Nahiz, arima igual bai galduko lukeen Eta lagunak, ez harritu. Orduan 'estintzioa...'?43 Hizkuntza erabilerak ere, dena bezalatsu, cum mica salis, badaezpada....
Kalko lexiko semantikoen etorkizun ilunaz
A. Mujikak berriki gogorarazi dizkigu 31 eskutik blogean Euskaltzaindiak denboran zehar esanak ‘euskal hitzez’, eta ohartarazi, zein lur labainak izan litezkeen ‘kalkoen’ hauek. Euskaltzaindiak ‘garbi’ definitu zuen 1959an zein ziren ‘euskal hitzak’, aurreko hamarkadetan — eta batez ere Hegoaldean— umotutako giro garbizale(egi)ari aurre egin nahian (Euskaltzaindia 1959, 215 or.): «Euskal hitzak dira euskara bizian sustraituak daudenak». Hala, ez zitzaigukeen (gehiegi) inporta (behar) hitz hauen pedigria, euskara bizian sustraituak ziren neurrian.
1991n, garai berria, berriro definituko ditu Euskaltzaindiak «euskal hitzak», orduan ezeztapen bidez —beste euskaldun mota bat jomugan—, aurreko baieztapenaren parean (Euskaltzaindia 1991, 445 or.): «Euskara bizian sustraituak ez daudenak ez dira euskal hitzak, sustraitzen ez diren bitartean bederen». Ordea, errazagoa da esatea, gero askotan samur bereiztea/erabakitzea baino noiz eman litekeen hitz bat euskaran «sustraitutzat», dela zuzenean kanpoko hizkuntza batetik hartua, dela ere ezerezetik sortua —maiz kanpoko hizkuntzen eraginen kontrara hain zuzen—. Eta hala jarraitzen du Euskaltzaindiak definizioa glosatzen (1991, 445 or.): «ezen erdaratikako hitzak izan daitezke noski euskal hitzak, baina horrek ez du esan nahi erdaratikako hitz guztiak euskal hitz direnik. […] Ez eta ez dira erabat euskal hitzak gaztelera edo frantsesa jakin gabe euskaldun batek ezin adi ditzakeenak». Eta argiago-edo ulertu dadin, adibide praktikoak, zehatzak ematen ditu (1991, 446 or.): «Ez dira euskal hitzak muntra, butxet, rehen, amotinatu, frakaso, sorteo, arratxa ("Errealak oso arratxa ona du"), erreskatatu, entzerrona».
A. Mujikak ordea, ohargarri asko erakutsi digu bere artikuluan, zelan, 25 urteren bueltan, Euskaltzaindiak berak jasotzen dituen jada bere Hiztegi Batuan, hain justu, 1991eko agirian euskal hiztzat hartu ezin zitezkeela aldarrikatzen zuen 9 hitz horietako 4 bederen, grafia gorabehera, jada hauen «euskaltasuna» aitortuz: mutinatu, buxet, erreskatatu eta montra [erloju- a —errelojue esaten zen gurean—]. Edonola, ez dirudi horregatik ere ‘estintoago’ gaudenik orain.
Beraz, noiz juzgatu liteke hitz (edo esamolde) bat (nahikoa) sustraitutzat hizkuntzan? I. Sarasolak berak aitortu bide du (2015) erabilerak sustraitzen bide dituela hitzak eta esamoldeak hizkuntzan, damutuxe-edo 1997ko Euskararen ajeak liburuan esan zituen hainbatez. Euskarazkoa izango da beraz hitz bat, euskaldunok euskaraz dihardugularik darabilgun neurrian, dela gaur egun, edo dela gure tradizioan, eta gure gaur egungo borondate hutsez hitz hau erabiltzen jarraitu gura dugun neurrian gure euskaran. Ez egun bakarreko loreak, beraz. Baina ezta ere bakarrik inguruko hizkuntzekin inongo antzik ez dutenak.
Kontua ordea, ez da bakarrik hitz kontu. Beste hizkuntza bateko esamoldeak, osorik ere maiz lexikalizatu ohi dira hizkuntza berrian maileguan hartuta, nola euskaraz espainolezko-edo ondokoekin behintzat (orain bat-batean edo bilduta): ababor, abasto, 'afinke' , aldrebes, aments, amorratu, apenas, apropos, auskalo, beinke, debalde, derrepente, derrigor, destorbu, 'jake(ta)', porke', sikiera, tamal [← esp. tan mal (?)] … «Extinct» al gaude euskaldunok halakoak diren- direnean jaso izanagatik? Edo inoren zelatan jartzeagatik, espainolezko «ponerse en celada» esamolde ezezagun baten kalkoa delakoan? Edo gaur egun noiznahi kontaktuan jartzen garelako batzuk eta besteak? Eskerrak hizkuntza baten / herri baten bizi agiria beste zerbait den! Hiztunok bizi garen ageria! Hori bai, ikasiok ere beti segi genitzake halakoak eta bestelakoak baztertzen, edo ekartzen, moden arabera. Gaur, mesedez disimulatua darabilgun bezala faborez biluziegiaren orde, edota berdin esaten ikasi genuen bezala umetako igualmente eta antzekoen orde.
Zenbat latin, espainol, frantses sartu da azken hogei mendeetan euskaran? % 66? Eta zer? Ez gaude hilda. Eta zenbat latin, espainol, frantses sartu da azken hogei mendeetan ingelesean? % 66!44 Eta zin dagit! Ingelesa ez dago hilda. Azken hamarkadetan AEBetako ingeles arrotzak guztiz ilundu eta narrastea lortu badu ere Britainia Handiko erreginarena (estintzioan da ingeles hau ere, Ameriketatik kopia eta kopia?). Euskara eta euskaldunok ere bizirik segituko dugu unean uneko euskaraz bizi garen neurrian, euskaraz bizi garen kontzientzia dugun bitartean, eta aurrera ere euskaraz bizi gura duen bihotza dugun heinean. Esanak esan astro eta asturu ilunenek (kalko!).
Euskaratik beretik berritzen ditugu gure esamoldeak euskaraz, edota soilik espainolezkoak kopiatzen ditugu?
Hualdek garbi du nonbait, soilik espainolari kopiatzen dizkiogula, eta ez dugula (apenas) berrikuntzarik euskaratik bertatik.45 Esan ote liteke halakorik gugatik azken hamarkadetan? Hain zuzen euskara batuaren eratze eta hedatze prozesuan gure hizkuntza erreala eta gure hiztunak modu sinestezinenean jantzi, aberastu eta landu ditugunean, hizkuntza propioaren tradiziozko errekurtsoetatik abiatuta hain justu? Zer zerikusi du gaur egun, Ipar zein Hegoaldean, euskaraz bizi den gaztearen hizkuntzak, gure orain dela 50 urteko nor gure txokokoarekin? Eta geure ordukoak, geure guraso edo aitona-amonek zerabiltenarekin?
Espainoletik hartzen ditugula gauzak? Frantsesetik? Nola ez! Nire ustea da ordea, gure gaur egungo euskarazko hitz eta esamolde berri gehienek, jakinaren gainean edo ez, zerikusi gehiago dutela Axularrekin, Frai Bartolome, Juan Bautista Agirre, Azkue edo Arana Goirirekin, Lavapies edo Saint Deniseko hizkerekin baino. Hala ez da? 46. Eta ez diegu horregatik ere zertan muzin egin azken hauei, edo New Jerseykoei ere, gure [hizkuntzaren?] gaur egungo beharretara moldatzeko. Ezta?
Zer da, bada, sortzea, ezpada, aurkitzea, berraurkitzea, berrerabiltzea, berregokitzea, kopiatzea, asmatzea...? Zelan dio Hualdek bera ez dela jabetu, ezer berririk azaleratu dugunez, Donostia, Gernika, Baztan, Gasteiz, Hendaia, Donibaneko euskaldun gazteok azken hamarkadetan? Nora begira egon da / jarri da (kalko?), bada, Hualde azken hamarkadotan?47
Zertara dator horrela taxututako artikulua? Sentitzen dut, baina ezin sinesgarritasunik batere eduki lezakete bere hitzek, bere ondorioek, beste fundamenturik gabe altxatutako eraikin batean.
Euskaldunon barkamenik bako endekatze (AG, ≈1896; degeneratze) fonetikoa dela eta
Dio ongi Hualdek mende askotako kontaktu estu eta transferentzia fonologikoak izan ondoretik ere, euskal fonologia eta espainola ez direla oraindik erabat berdinak. Eta euskara ohikoa den inguruetako errealizazio fonetikoak ere, nahikoa desberdinak direla espainolezkoetatik. Hala ere, euskara azeleratuki ari dela aldatzen espainolarekiko konbergentzian. Eta horren froga-edo aipatzen du zelan hiztun gazte askorentzako apenas dagoen alderik, batere alderik baldin bada, eurek bi hizkuntzetan darabilten fonologian edo fonetikan.48
Nik ordea, pentsatuko nuke, nik ezagutu ditudan euskal belaunaldi zaharragoetan ere apenas alderik zegoela, batere bazegoen, hauek bi hizkuntzak mintzatzeko zuten manerako errealizazio fonetikoetan. Konbergentzia ordea, garaian ez zen oso, esan dezagun, espainol estandarra. Eta gaur egun gure Hegoaldean zalantza gabe gertatzen ari den mugimendu/aldaketan, jakin gura nuke nongo espainol estandarraren pareko ote den ‘hemengo ahoskera’, hau da, Bilbon, Donostian, Tolosan, Azpeitian, Ondarroan, Otxandion, Lesakan, Etxalarren edo Iruñean «euskaraz bizi ohi diren euskaldunena». Nongo espainieraren berdinak jotzen ote dituen hauek Hualdek? Iruñeko espainolarena? Zaragoza, Bartzelona, Madril, Sevilla, Buenos Aireskoarena...? Edota ote dira soilik, eta nahikoa nabarmen, euskararen inguruan sortutako hainbat molde berezi desberdin, ezinbestean, euskararen eragin historiko eta biziaren pean ondutako modu bereziak?
Gure arbaso euskaldunak lehen (eta orain) euskal ahoskeraz eta azentuz mintzo ohi ziren espainolez. Gu, gaur egun, Hegoaldean ziur, espainolaren eragin handiagoz mintzo gara euskaraz —eta ere euskararen eraginpeko espainolez—. Eta ordea, lehen gure arbasoak ‘espainolez’ ari zirenean, zalantza gabe ‘espainolez’ mintzo ziren legez —tautologia?—, beren ahoskera eta azentuak gorabehera; orain euskaldunok ‘euskaraz’ ari garenean, ziur ez gure aitona-amonen ahoskera eta azentuarekin, ze hizkuntzatan ari ote gara bada, ezpada ‘euskaraz’? Zertan, bestela? Edota esan gura digu Hualdek gaur egungo gazteek Madrilen, Oviedon, Kiton edo Mexiko DFn, beren Madril, Oviedo, Kito edo Mexikoko arbasoen ahoskera eta azentu-era bera gordetzen dutela —denek bere artean berdina gainera—, guk gure arbasoena ez bezala? Mirariak badira, egia da, eta ez gurean bakarrik, baina...
Atala amaitzeko, Hualdek berriro esango digu gaur egungo euskaldun askoren soinu sistema deskribatu litekeela «ik. fonologia espainola» esaldiarekin eta ohar gutxi batzuk erantsita.49 Zertarako ordea, eta berehala gogoratu behar izateko, hala ere, ohituraz euskara erabiltzen duten leku eta pertsonen artean, oraindik ere ez dela halako konbergentziarik gertatzen, ezta hiztun gazteenen artean ere.50 Zertan geratzen gara orduan? (kalko!) Zer esan nahi digu Hualdek? Zorionez azken 30 urtean euskarara iritsi berri eta erdi iritsi garen 500.000 herritarren artean, oraindik ezin nabarmenagoak direla espainol fonologia eta fonetikaren eraginak? Egia esan, ez da azti apartegia izan behar halakorik susmatzeko. Baina halako bideko, behar al du hartarainoko alportxa? (kalko!).51
Gaur egun (ere) aldaketak ari direla gertatzen euskal fonetikan? Euskararen beste alor guztietan bezala? Euskararen garai guztietan bezala? Munduko hizkuntza bizi guztietan legez? Bai, noski. Bizirik gauden seinale! Hualdek berak bertan ageri digun silogismoak erakutsi legez (325 or.): «One way to test the vitality of a language is by observing its ability to change. Dead languages do not change. Languages that are alive are in constant flux. Basque is changing and, therefore, alive.»52 Literala, aizu! Aurretik esan dituen guztiak esan eta gero. Ez dago askoz argiago esaterik. Baina, zertan aritu da orduan Hualde jauna bitarte guztian? Zer iradokitzen jardun zaio gutaz munduari —badaezpada ingelesez—?
Hualdek nolanahi, berriro egin nahiko dio ukitu propioa, badaezpada edo, kasuko terminologiari. Eta «aldaketa» (change) termino soilak, nolabait, gure bizitasuna aitortzera leramakeenez, «aldaketa independenteak» terminoa asmatuko du (independent changes).53 Noski, ez da nekatzen azaltzen zer ote diren «aldaketa independenteak», eta ezta ere «ez- independenteak», hau da «aldaketa dependenteak» edo. Hizkuntzan aldaketa guztiak ere eragingo ez balitu bezala uneko giza inguruak. Zer esan gura du Hualdek? Hemendik aurrerako Hegoaldeko euskararen aldaketek zerikusi handia izango dutela espainolarekin —eta Iparraldekoek frantsesarekin—? Berriro, ez da igarle aparta izan behar halakorik iradokitzeko noski. Eta Hualde jauna ere ez da lehena izan halakorik iragartzen. Nola ez du espainolak eraginik izango euskaran, gaur egungo egoera glotopolitikoan? Edota azken 40 urtean euskarak euskal lurraldeko espainol hutsari 500.000 hiztun berri baino gehiago irabazi dizkionean, aurretik beste 500.000 hiztun eskas baino ez ginenean? Irabazi hori ez dela doanekoa izango, eraginik gabea? Ziur! Eta?
Halako egoera ordea, berriro esango dugu, ez dirudi euskararentzako fenomeno ezezaguna denik, euskaran —ingelesez bezala—, gure hiztegiaren bi herenak edo areago zuzenean jaso baldin baditugu latinetik, edo ondorengo erromantzeen kontaktuan. Edo, garaiko latinaren kontaktuan-eta, orain 2.000 urte aldatu bagenuen, omen, gure orduko hitz ordena —menturaz VO itxurakoa (≈ Aditza + Osagarria)—, eta honekin batera ezinbestean intonazioa —eta ziur azentu- erak ere—, gero historikoki ezagutu dugun OV-edo itxurako ordenara (≈ Osagarria + Aditza) — ezen ez SOV (≈ Subjektua + Osagarria + Aditza), desberdintasunari askok oraindik ez ulertua egiten badiogu ere—. Edota azken 500 urtean, euskaldunok gure jardun kultural zibilizatua ia osorik garatu baldin badugu ondoko espainolaren eta frantsesaren alboan…, eta hain zuzen, hauek munduan potentzia espansionistak izan diren garaietan batez ere. Halako parametroetan ordea, aspaldi behar genuen izan herri/hizkuntza hila. Eta ordea bizirik gabiltza.
Euskara aldatzen ari da, eta euskaldunok, Hegoaldeko EAEn eta Nafarroa Garaiko ‘eremu euskaldunean’ begi bistan ari gara irabazten —besteetan ere, oraindik horren nabarmen ez bada ere—. Eta euskara oraindik are gehiago aldatuko da —jakiteko ez dugu zerurik behar—. Baina, horri esker irabaziko dugu euskaldunok. Egoera berrietara moldatzeko gauza garen neurrian. Bestela gaudeke hilak.
Baina eta, apustu ere egin genezake ordea. Hemen datozen hogei urtean ezinbestean emango diren euskara/espainol sinkretismoak edozelakoak direla ere —euskaraz zein espainolez—, horietako batere ez dela gertatzen hogei urte barruko Madrileko espainolaren berdin, ez Valentzia, Granada edo Montevideokoen. Hauek ezingo dute-eta gozatu euskara/euskaldunok hurbil izatearen patua.
Amaitzeko «Zer egin?» galdetzen du Hualdek, zirilikoz Что делать?
Hualde, Lenin berari hurbiltzen zaio artikuluaren azken atalaren izenburuan, zirilikoz galdetzeko «zer egin» (litekeen) ordu artean arrazoitzen etorri den estintzioaren inguruan. Eta argi erantzuten du. Bere ustez, ez dago «zer eginik».54 Nahiz ondoren berean, Fishman-en 2001eko Salbatu ote litezke desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak? liburuaren izenburuko galdera bere eginez, erantzungo duen orduan Hualdek, baietz, salbatu litezkeela hizkuntzak, eta gainera euskararen kasua dela arrakasta nabarmenenekoetakoa.55 Baina zertan gara, orduan? Hualdek argitu barik jarraituko du. Ze, 2011ko datu soziolinguistiko zenbait jaso ondoren —euskaldunon arrakasta soziolinguistikoaren hainbat xehetasun aipatuz (eranskinean iruzkintzen ditugu)—, zalantza barik ondorioztatu(nahi)ko digu hala ere bere arrazoibidearen «zuzena», eta artikuluan eztabaidatu dituen «fenomenoen» «ezinbestekoa».56
Zein «fenomenoz» ari da, ordea? Hegoaldeko (eta Iparreko) euskaldunon mendeetako hurbilketa lexiko-semantiko zalantza gabekoa espainoleko moldeetara? Espainolarekiko konbergentziazko zenbait eredu fonologiko-fonetikotarako hurbilketa? Ala, hauen guztien aitzakian, izenburu beretik etengabean iragartzen datorkigun euskararen eta euskaldunon «estintzioaren» —heriotzaren?— fenomenoa?
Hitzak hitz, Hualde jauna ez bide da artikulu osoan «euskararen aldakortasunaz» baino aritu, etengabean bestela iradokitzen badu ere. Zergatik aukeratu gaitu ordea euskara eta euskaldunok, finean hizkuntza bizi guztien aldakortasunaz baino ez aritzeko? Hizkuntzetako egitura «zaharren» estintzioaz mintzatzeko? Gureak bezala, ingelesak, espainolak…, diren hizkuntza guztiek, egunero ahazten dituztenean beren egitura zahar(kitu)ak eta berriak bereganatzen. Beste hizkuntza hauetan, hizkuntza egitura zaharrak estingituko ez balira bezala. Hauetan nonbait, soilik aldatu egiten bide dira. Hil, estingitu, bakarrik euskararen kasuan? Hurrengoan, hizkuntzen egitura ‘zaharren’ aldakortasunaz mintzatzeko, edo estintzioaz, aukeratu beza mesedez Hualde jaunak hobeto eta hurbilagotik ezagutzen duen hizkuntzaren bat. Eta bitartean, plazer badu, utzi gaitzala euskaldunok aments bizirik.
Ze, munduko hizkuntza bizi guztien sistema linguistikoak aldatzen dira, eta may be becoming extinct in some of its structures, eta ez gurean bakarrik. Eta hizkuntza hauetan guztietan, this extinction of its linguistics structures, lortzen ari dena baldin da hizkuntza hauen guztien modernizazioa, eguneratzea eta beraz biziberritzea, zergatik ez gurean? Gurean hil. Konpara bitza Hualdek hurrengoan Cervantesen espainoletik egungora espainolei estingitu bide zaizkien egitura linguistikoak, edota ingelesdunei Shakespeareren ingelesetik Silicon Valleyrako bidean! Zer iradokiko luke inoren Spanish and English as extinct languages izenburuko artikuluak? Asimoven fundazioko garaiak ote lekarzkiguke gogora? Ala zertaz ari den oso ongi ez dakienaren irudia? Estintzioa hiztunen akaberak ematen die hizkuntzei.
Begira gaitzatela, bada, jainkoek lagunetatik! Guhaur saiatuko gara-eta etsaien kontu ematen.
Eskaera
Esan guztiaren ondoren zinez uste dut euskarak eta euskaldunok berehala merezi dugula Hualderen artikuluak eskatzen duen autorearen jendaurreko zuzenketa, errektifikazio publikoa. Eta nik espero dut egin dezan.
ERANSKINA: Ohartxo soziolinguistiko argigarriren bat euskararen eta euskaldunon mirariaz
Bere garrantzia duten Hualderen bi zehaztasuntxo soziolinguistiko zuzentze aldera, eta bide batez, maiz oso gogoan ez ditugun zenbait ohar argigarri erantsi.
Bere azken ataleko zereginen artean aipatzen du Hualdek halako batean, euskararen familia transmisio daturik baxuenak gertatu ote ziren Espainiako 1936-1939ko gerra ondorengo lehen urteetan, 1942-1946 inguruan jaiotako belaunaldian —2011n 65-69 urte dituztenen artean; 2016an, 70-74 bitartean—, eta hori konparatzen du 1997-2001 urteak bitartean jaiotakoen belaunaldiarekin —2011n 10-14 urte dituztenak; 2016an, 15-19 urte bitartean— eta 2011n % 80ko euskal hiztun kopurua erakusten dutenak.57 Zehaztasunak:
1. Frankismoko belaunaldiak. Frankismo ondoko belaunaldiak
Egia da 2011ko EAEko V. Mapa Soziolinguistikoan, 65-69 urte dituen belaunaldia ageri dela EAEko «erdaldunen», soilik % 20,53 euskaldun. Datua, ordea, ez da zuzenean belaunaldiak jasandako familia transmisio «eskasenaren» ondorio. Gure zoritxarrerako, frankismoaren atzaparrak askoz gehiago luzatu zaizkigu denboran. Bai, Frankoren beraren biziak iraun zuen luze guztian. Zein, tarte horretan guztian hazitako belaunaldien ondoko belaunaldietan. Ezin garrantzi gehiagokoa da horretaz ongi jabetu gaitezen.
Ama / Lehen Hizkuntza belaunaldietan
- EAEko EAS, Euskal Herriko hizkuntza-adierazleen sistema-ko —beraz, EUSTATeko— datuen arabera, euskararen familia transmisioaren mailarik baxuetan baxuena pairatu duten belaunaldiak izan dira: frankismoaren azkena eta frankismoaren ondorengo lehen belaunaldia, hain zuzen 1972 eta 1979 bitartean jaiotakoak, Espainiako gerra amaitu eta 40 urtera. Hauetan, familia transmisioa ez zen % 16ra ere iritsi, eta ez da ahazteko datua, gaur eguneko egoera bere neurrian ulertu nahi badugu.
- 1977-1979 bitartean jaiotakoetatik, 1981an, 2 eta 4 urte bitarte dituztenean, % 15,49 da soilik euskaldun, Franko hil eta sei urte igarota. Eta,
- 1972-1976 bitartean jaiotakoetan soilik % 15,89k jaso du euskara ‘Ama edo Lehen Hizkuntza’ gisa —1986ko halako lehen datuetan; hau da orduan 10 eta 14 urte bitarte zituztenen artean—. Franko hil eta 11 urte igarota. Hurrengo 5 urtekako datu bilketetan, / nolanahi (1991, 1996, 2001, 2016, 2011), belaunaldi hori % 16,5aren inguru ageri da euskara ‘Ama edo Lehen Hizkuntzadun’ bezala.
Hualdek aipatu 1942-1946 bitartean jaiotako belaunaldiak berriz % 19,48an inguru jaso zuen euskara ‘Ama edo Lehen Hizkuntza’ bezala. 1911n edo lehenago jaiotakoek berriz % 32 inguruan, eta hortik, goitik behera mailaz maila eta etenik gabe zuzen, 1977-1979 bitartekoen % 15,49ra, noiztik hasiko den berriro igotzen (oso) pixkanaka —ezinbestean—.
Baina bada oraindik datu kezkagarri(ago)rik belaunaldi hauetan (eta ondokoetan ezinbestean):
Etxeko Hizkuntza
- 1972-1976 bitartean jaiotako belaunaldiak, 1991n 15 eta 19 urte artean dituenean, soilik % 12k du euskara ‘Etxeko Hizkuntza’ (datua ez da 1991 bitartean jasotzen). % 12 hau bide da familia transmisio erreala? Edota, % 12 hau, gehi, euskara ‘Ama edo Lehen Hizkuntza’ gisa aitortzen duen % 15,89aren artekoa, % 14 ingurukoa edo? Hor inguruan...
- 1967-71 bitarte jaiotakoen % 11,76k du soilik euskara ‘Etxeko Hizkuntza —1991n—.
- Orokorrago, 1937 eta 1981 bitarte guztian jaiotakoen artean ere % 12ren inguruk baino ez du (1991ko datuetan % 13 agertzen dira 1947-1951 eta 1977-1981 bitartean jaioak, geroztiko datuetan, berriro, % 12an).
Honek guztiak, finean, Hualdek aipatu baino familia transmisio egoera are okerragoan jartzen gaitu. Baina, hala ere, gauden egoeran gaude (EAEn). Zergatik ageri da, orduan, 1942-1946 bitartean jaiotako 65-69 urte bitarteko belaunaldia «erdaldunena» bezala 2011n? Belaunaldi hau, eta zaharragoak, direlako hain zuzen, frankismoaren ondoren gutxien (berr)euskaldundu diren belaunaldiak. Pentsatu behar, 1942-1946 bitarte jaiotakoek 30-34 urte dituztela 1976an —Franco hil ondoko urtea—, eta, jada, belaunaldi ‘egina edo’ dela. Ikasketak aspaldi amaituak; garairako, oro har, lanpostu finko baten jabe; gehienak ezkonduak edo ezkontzeko zorian; eta, gehienak ere, familiaren bat izanak jada, eta are gehiago, orduan izatekoak. Belaunaldi hau baino gazteagoak bai sartuko dira pixkanaka frankismo ondoko (berr)euskalduntze lan nekean, eta hala ‘hobetuko’ belaunaldi horien euskaldun kopurua. 1942-1946 baina lehenagoko belaunaldi jada ‘eginak’ ere, 1976an 35 urte edo gehiago dituztenak, ez dira 1942-1946koa baino gehiago (berr)euskaldunduko, baina beren jatorrizko euskalduntasun maila altuxeagoa denez zenbat eta zaharragoa, ‘berez’ dira belaunaldi euskaldunxeagoak. Ez askozaz euskaldunagoak hala ere.
Irudi lezake garrantzi handirik gabeko zehaztasunak direla, baina, ezin garrantzizkoagoak dira gure frankismo ondoko «berreuskalduntze» prozesua behar bezala ulertzeko, eta batez ere, prozesu honek izan dituen, eta oraindik ere dituen, traba heredatu gaitzak.
1981 bitartean jaiotako belaunaldi gazteenek % 16 inguruan baino ez bazuten euskara ‘Ama edo Lehen Hizkuntza’ gisa jaso, eta % 12k —-% 14k?—-baino ez bazuen ‘Etxeko Hizkuntza’ izan,58 belaunaldi hauetako kide gehienek ezin izan dute heldutan baino ikasi euskara, belaunaldi hauetako gazteena —-euskaldunena—, 1977-1981 bitartekoa, iritsi den arte 2011n % 45,74 ‘euskaldun’ izatera, eta beste % 43,30 «ia euskaldun» edo «euskara ulertzen duena», nahiz hitz egin ez. Denera, % 89,05 euskaldun «ulertzaile», behintzat.59 Datuak okerxeagoak dira zenbat eta belaunaldi zaharragoak diren. Baina ahalegina eta hobekuntza nabarmena da.
Kontua da, belaunaldi hauek, euskara batez ere «heldutan» eta «nolabait / hala moduz» ikasi dutenak direla hain zuzen, gure gaur egungo haur eta gazteen gurasoak. Aipatu 1977-1981 bitartean jaiotako belaunaldiak, 2016an, 35-39 urte bitartean izango ditu, 30-34 bitartean, 2011n.
Orduantxe seme-alabak eduki berriak edo edukitzekoak.60 Zein hizkuntza ari zaizkie transmititzen beren seme-alabei? Zein proportziotan ari zaizkie beren seme-alabei euskara transmititzen «Ama / Lehen Hizkuntza» eta «Etxeko Hizkuntza» gisa? Beraiek hau jaso bide zuten % 12 eta % 16 bitarteko % 14 horretan? Urteetan euskalduntzea lortu duten % 43,30 horretan? Ia euskaldun diratekeen % 89,05ean? Heldutan ondo kostata baino euskaldundu ez diren guraso hauetako zenbat dira ordea / izan dira / izan litezke gauza euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» eta «Etxeko Hizkuntza» bezala transmititzeko beren seme alabei, behin eskolara hasi orduko ezinbestean euskaldun izango direnei? Eta zenbatek dute benetan / izan lezakete gogo neke hori?
Ziur, beraiek euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» eta «Etxeko Hizkuntza» bezala jaso zuten % 16 horiek baino gehiagok. Ez ditugu gauzak hain gaizki egin transmisioa batere ez hazteko. Baina nekez iritsi liteke 1977-1981eko belaunaldian 2011n bere burua euskaldun aitortzen duen % 38,56 izatera —orain ‘3. belaunaldiko etorkin berrien’ datuak bereizi gabe—, nahiz beste % 36,50 ageri «ia euskaldun» edo «euskara ulertzen duen» gisa, eta, denera, % 75,05 euskaldun «ulertzaile» izan. Zergatik tartean, logikoki, ziur daudela gurasoak, zernahi arrazoirengatik dela ere nahiago dutenak beren seme-alabei beren txikitako «Ama / Lehen» edo «Etxeko Hizkuntza» transmititu, zuzenean beraiek heldutan nola-hala bigarren hizkuntza gisa ikasi dutena transmititu baino, nahiz hau (ere) nolabait transmititu, eta seme-alabekin neurri desberdinetan erabili kasuan- kasuan, pentsatuaz beti gainera, eskolak behintzat ‘euskaldunduko’ dituela.
Esaterako, 1997-2001 urteak bitartean jaiotakoek, 15-19 urte izango dituztenek 2016an, % 25,24 inguruan jaso dute euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» gisa, eta beste % 15,35 batek beste bigarren hizkuntza batekin batera —normalean, espainola—, denera, % 40,59. 61 «Etxeko Hizkuntza» datuak belaunaldi honetarako % 18,91koak dira «euskara bakarrik», eta % 13,21 «euskara ere» darabiltenak, denera, % 32,12.
2016an 7-9 urte bitartean izango dituztenek berriz, % 24,18 inguruan jaso dute euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» gisa, eta beste % 12,35 batek beste bigarren hizkuntza batekin batera — gehienean, espainola—, denera % 39,59. «Etxeko Hizkuntza» datuak berriz, belaunaldi honetarako % 24,18 dira ‘euskara bakarrik’ darabiltenak, eta beste % 15,41 «euskara ere» darabiltenak, denera, % 39,59 —% 18 eta % 22 bitarte berriz datu baxuenak 1927-1976 bitartean jaiotako belaunaldietan, 2016an 40-89 urte bitartean dituztenak—.62
Bada nolanahi desberdintasun handi bat belaunaldi batzuen eta besteen artean. 1997-2001 urteetatik aurrera jaiotako guztiek, zeinen gurasoek batez ere heldutan ikasi behar izan duten euskaraz, guztiak dira gaur egun euskaldun txikitatik, eskolatik —salbuespena salbuespen—, beren gurasoak ez bezala.63 Mende askoan lehenengo aldiz, belaunaldi honek izango du aukera objektibo erreala, hala gura izanez gero, beren seme-alaba guztiei euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» eta «Etxeko Hizkuntza» bezala transmititzeko modu nahikoa naturalean. Eta hori historikoa da. Ordea, belaunaldi hauen gurasoen soilik % 16 inguruk izan zuen euskara nahikoa sendo «Ama / Lehen Hizkuntza» eta «Etxeko Hizkuntza» bezala. Zer gertatuko da hurrengo belaunaldian? Gure esku dago?
1942 eta 1981 bitartean jaiotako belaunaldiak izan dira gure historiako erdaldunenak, 2016an 35-84 urte dituzketenak. Ordea, horiexek dira gure gaurko gizartea eraiki dutenak eta oraindik gidatzen eta bideratzen dutenak. Ezinezko genuen askoz euskalduntze datu hobeak geureganatzea halako abiapuntutik. Eta zailena egin dugu. Belaunaldi erdaldunenen eraginak gaindituz lortu ditugu gaur egungo aipatu datu euskaldunak. Hemendik aurrerako erronka ere zaila dugu, noski. Baina «objektiboki», azken 40 urteetakoa baino errazagoa. Orain «euskaldunak», guraso 'euskaldunak' eduki behintzat baditugu, orain 40 urte ez bezala. Beti ere gogoratuz EAEz ari garela, nahiz eta seguru datu hauek are hobeak diren Nafarroa Garaiko eremu 'euskaldunean', eta ezta ere hain txarrak seguru asko delako eremu 'mistoan'.
Gure hemendik aurrerako erronka izango da «subjektiboki» asmatzea, eta gero eta euskaldunago datozen belaunaldiak gero eta gusturago erakartzea euskaraz bizitzera, beren arbasoen belaunaldi erdaldunenak desagertzen doazen heinean. Eta, batez ere, beren seme-alabei euskara jada modu erraz eta naturalean igaro diezaieten beren «Ama / Lehen Hizkuntza» eta «Etxeko Hizkuntza» gisa. Egia da noski, ez dela bakarrik «subjektiboa» izango itxaroten digun lana —euskara eta euskaldunok gizartearen uneko behar eta garaietara egokitzen ere asmatu beharko dugu, Espainiako estatua berriro berrindartua gero eta erasokorrago dugun honetan—. Baina oraingo belaunaldi gazte horiekin egin beharreko lan subjektibo hori izango da garrantzizkoa/garrantzizkoena hurrengo urteetan, hamarkadetan, euskaldunok duin bizitzen iraun ahal izan dezagun XXI. mendean eta aurrera, Espainia guztiak gorabehera. Belaunaldi berriak «euskaldun bihotzeko» bihurtzea lortzen ez badugu, Irlanda dugu etorkizun.
2. Gure irabaziak
Aurreko puntuan jaso bezala, Hualdek dio 2011n % 80 harrigarria iristen duela euskal hiztunen kopuruak EAEn 10-14 urte dituen belaunaldian, hau da 1997-2001 bitartean jaiotakoen artean. Egia esan, 2011ko V. Mapa Soziolinguistikoak ematen duen kopuru zehatza % 83,99koa da, gehi beste % 11,88 «ia euskaldun» edo «euskara, nolabait behintzat, ulertzen duena», nahiz hitz egin ez. Denera, % 95,87k ulertuko luke euskaraz.
- Hauen artean % 22,50 dira 2011n euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» bakar gisa jasoa aitortzen dutenak.64 Eta euskara ere behintzat jaso dutenak «Ama / Lehen Hizkuntza» bezala, espainolarekin (edo beste hizkuntzaren batekin) batera, beste % 13,69 dira —% 13,42 2006an; % 14,72 2001ean—. Denera, % 36,19 inguru lirateke euskara —bakarrik, edo beste hizkuntza batekin batera— familian jaso dutenak.
- Eta % 16,86 dira 2011n euskara «Etxeko Hizkuntza» bakar gisa, jaso dutenak —baina % 13,32 baino ez artean 2006an, belaunaldiak 5-9 urte dituenean, eta % 14,84 2001ean, orduan 2-4 urte dituztenen artean —gehi beste % 11,78, 2011n «euskara ere» darabiltenak —% 15,98 2006an; % 11,68 2001ean 2-4 urte dituztenen artean—. Denera, % 28,64 inguru, euskara ere nolabait —bakarrik, edo beste hizkuntza batekin batera— etxeko erabileran izan dutenak —% 29,30 2006ko datuen arabera (baina inkestaren metodologia aldatu berria zen garaian, eta datuen estrapolazioa ongi kalibratu gabea); % 26,52 inguru 2001ean—.
Egin dezagun orain belaunaldi honetako gurasoen kontu. 2011n 10-14 urte dituztenen gurasoek batez beste 40-44 urte inguru izan litzakete —hau da, seme-alabak, batez beste, 30 eta 34 urteak bitartean eduki zituzten—, eta beraz, gutxi gorabehera, 1967-1976 bitartean-edo jaiotakoak izan litezke —nahiz 3. belaunaldiko etorkin berriak askoz gazteago ohi diren guraso—.
- Eta gurasoen belaunaldi honek batez beste % 16-17 inguruan jaso zuen euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» bakar gisa —neurketa urtearen arabera—; eta beste % 4 inguruk, «euskara ere». Denera, % 20-21 inguru, euskara ere behintzat, «Ama / Lehen Hizkuntza» bezala jasotakoak.
- Eta guraso belaunaldi honek, «Etxeko Hizkuntza» bakar gisa, euskara % 12 inguruan erabili du, batez beste —neurketa urtearen arabera—, eta beste % 8 inguruk, «euskara ere». Denera, % 20 inguru euskara ere nolabait —bakarrik, edo beste hizkuntza batekin batera—, etxeko erabileran izan zutenak.
- Frankismoaren amaierako gurasoen belaunaldi honek, nolanahi, familia transmisio mailarik baxuenak ezagutu zituenak, 2011rako, jada, % 30 inguru euskal hiztun oso aitortzen ditu,65 gehi beste % 38 inguru «ia euskaldun», euskara, behintzat, ulertzen-edo duena, nahiz berba egin ez.66 Denera, % 68 inguru euskara «behintzat ulertzeko» gai diren gurasoak.67
Edozelan ere begiratuta, arlo guztietan da oso nabarmena irabazia, gurasoen eta seme-alaben belaunaldien artean. Hala:
A. Ama / Lehen Hizkuntza:
- Gurasoen artean, % 16-17 inguruk jaso zuen euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» bakar gisa.
- Seme-alaben artean, % 22,50k. % 24,24 inguruko irabazia gurasoetatik seme-alabetara.
- Gurasoen artean, % 20-21 inguruk du euskara ere behintzat «Ama / Lehen Hizkuntza» gisa.
- Seme-alaben artean % 36,19k. % 76,54 inguruko irabazia.
B. Etxeko Hizkuntza:
- Gurasoen artean, % 12 inguruk jaso zuen euskara «Etxeko Hizkuntza» bakar gisa.
- Seme-alaben artean, % 16,86k. % 40,50 inguruko irabazia.
- Gurasoen artean, % 20 inguruk izan zuen euskara ere nolabait —bakarrik, edo beste hizkuntza batekin batera— etxeko erabileran.
- Seme-alaben artean, % 28,64k. % 43,20 inguruko irabazia.
C. Euskal Hiztunak:
- Gurasoen artean, % 20 inguru ziren euskal hiztun oso 1981ean. 2011n, % 30 inguru.
- Seme-alaben artean, % 83,99. % 319,95 irabazia 1981eko datuen aldean; % 179,97 ingurukoa 2011koen aldean.
- Gurasoen artean, % 40 inguru da gauza euskara «behintzat, ulertzeko», 1981ean. % 68 inguru, 2011n.
- Seme-alaben artean % 95,87. % 139,68 irabazia 1981eko datuen aldean; % 82,16 ingurukoa 2011koen aldean.
Asko da? Gutxi da? Irabazia da. Hemen hainbatek oraindik dio (askoz) gehiago lortu zitekeela eta lortu behar zela. Eta agian da hala. Baina erraz-erraza ere ez zela jabetzeko, nahikoa da zoritxarrez pareko datuei begiratzea Nafarroa Garaian eta areago Iparraldean. Bitartean, munduan diote EAEn lortua miraria dela.
3. uholdeko etorkin berrien’ eragina euskalduntze datuen interpretazioan.
Aipatzen gatozen bezala ordea, EAEko 2011ko V. Mapa Soziolinguistikorako EUSTATetik jasotako datuek ez dituzte batere kontuan hartzen EAEn ere aurreko hamarkadan 2000-2010 inguruan gertatu den Espainiaz kanpo jaiotako etorkin berrien uholde ikaragarria, EAEn, batez beste, % 10etik gora ere badatekeena ziur espainol nazionalizatu berriak —ez daukagu halako daturik— eta oraindik nazionalizatu gabeak —% 6 inguru— kontuan hartuta. Hauek denak «erdaldun» izan dira, eta oso azaletik baino ezin izan dute bizi izan Euskal Herriak eta oso bereziki EAEk azken 50 urteetan bizi izan duen (berr)euskalduntze prozesua. Horregatik merezi du kontaketan, hauek bereiztea, Euskal Herrian edo EAEn «lehenagotik» bizi diren / garen biztanleen aldean, nahiz hauetako asko (erdiak baino gehiago) bere garaian etorkin izan ginen gutako asko ere 50-70 hamarkadetako 2. etorkin uholdean, edota hauen edo XIX. mende amaiera eta XX.aren hasieran Euskal Herriratutako 1. etorkin uholdekoen ondorengoak garen gutako asko eta asko.
Noski, azken iritsitako etorkinek (ere) behar dute gure arreta jaso (berr)euskalduntze prozesuan, ez dakigun berriro gertatu aurreko beste 2 uholdeekin gertatua. Nahiz 3. uholde honek oso mugikortasun ezaugarri biziak erakusten dituen gaurko mundu globalizatu(ago)an, aurreko uholdeetatik nahikoa desberdindu lezaketenak.
Nolanahi ere den, 3. etorkin berrion uholdeak ezin dizkigu lausotu gure aurreko 40 urteetako euskalduntze prozesuaren ahaleginen emaitzak. Areago, belaunaldi «gazteetako» datuak hainbat engainagarriak izan lekizkiguke, hain zuzen, etorkin berrien uholdea, batez ere belaunaldi gazteenetan pilatzen delako, bai «guraso» gazteen multzoan, zein areago hauen seme-alaben multzoetan. Esaterako, aipatzen gatozen 1967-1976 bitartean jaiotako gurasoen belaunaldian, 2011n EAEn oro har, EUSTAT eta Espainiako INEko datuetan, % 10,60 eta % 12,65 bitartekoa da oraindik espainol nazionalizatu bakoen multzoa. Baina, again, beste hainbestekoa ere jada espainol nazionalizatutakoena. 1982-86 bitartean jaiotakoen artean, % 18,26 dira artean espainol nazionalizatu gabeak —beste hainbeste jada nazionalizatuak?—. Hau da, 2011. urtean 25-29 urte artean dituztenak. Hain justu, adin horietan «guraso» izateko joera askoz handiagoa duten etorkinak, aurretiko «bertakoagoek edo» baino. 3. uholdeko etorkin berrion eta beren ondorengoen proportzioak are gehiago puzten dira etorkin berri gehien jaso dituzten inguruetan. Gasteizen, esaterako, non 1967-1976 bitartean jaiotako gurasoen belaunaldian % 16,63 eta % 19,47 bitartekoa den oraindik 2011n, espainol nazionalizatu bakoen multzoa. Eta 1982-1986 bitartean jaiotakoen artean, % 24,23koa. 6-7 puntu altuagoak guztiak EAEko batez bestekoak baino. Eta jada espainol nazionalizatuak eta hauen ondorengoak beste hainbeste edota gehiago baldin badira..., nora doaz gure neurketak? Azken uholdeko etorkinak alde bat utzita, Araban eta Gasteizen, euskalduntze datuak EUSTATek erakutsitakoak baino nahikoa/askoz ere hobeak dira, ziur, arabar eta gasteiztar «bertakoagoen edo» artean.
Etorkin berriak «bertakoagoek» baino askoz lehenago eta askoz haur gehiago ari dira hazten azken urte hauetan, nahiz gero hauen seme-alabak gehienean ez jada «etorkin» gisa ageri, hauetako asko eta asko direlako jada espainol nazionalizatuak, gurasoak bezala, batez ere Hego- Amerikako jatorria dutenetan —2 urteko egonaldia nahikoa dute espainol bihurtzeko—.
Horregatik guztiagatik hartu dugu nekea etorkin berri horien —eta hauen ondokoen— eragina ahalean neurtu nahi izateko belaunaldiz belaunaldi, beti oso modu «zuhurrean» egin badugu ere —«zuhurregian» errealitatearen aldean, uste dugu—, eta, hala, (berr)euskalduntze prozesuaren datuak hurbilagotik ezagutzeko azken etorri berri hauek alde batera utzita, edo kontuan hartu gabe, nahiz badakigun eta ikusiko dugun bezala, etorkin berri hauen seme-alabetako asko eta asko jadaneko sartuak diren eskolan euskalduntze prozesuan, hasiera batean oso bereziki eskaini bazitzaizkien ere jada iraungitzear ziren A ereduko plazak —gaur egun, jada, ez dugu uste hori gertatzen den (horren nabarmen, behintzat), Araban edota Gasteizen ere—.
Hala, berregingo ditugu ondoren, 2. puntuan emandako datuak, ez bakarrik kontuan hartuaz 2011n artean espainol nazionalizatu bako etorkin berrien proportzioa, baizik eta honi gehituz, jada espainol nazionalizatuak izanik ere atzerrian jaioak —batez ere, hegoamerikarrak—. Ezin jakin dugu hala ere, hauen guztien seme-alaba Espainian jaiotakoen kopururik, alde guztietan ageri baitira jada espainol. Hala, ‘3. belaunaldiko etorkin berrien’ kopuruak, aipatu baldintzetan kanpo utzita:
A. Ama / Lehen Hizkuntza:
- 2011n 1967-76 bitartean jaiotako gurasoen artean % 18,5 inguruk jaso zuen euskara «Ama / Lehen Hizkuntza» bakar gisa.68
- Seme-alaben artean, berriz, % 25,24k: % 36,43 inguruko irabazia.
- Gurasoen artean, % 22,5 inguruk du euskara ere, behintzat, «Ama / Lehen Hizkuntza» bezala jasoa.69
- Seme-alaben artean, % 40,59k: % 80,40 inguruko irabazia.
B. Etxeko Hizkuntza:
- 2011n, gurasoen artean, % 14,5 inguruk jaso zuen euskara «Etxeko Hizkuntza» bakar gisa.70
- Seme-alaben artean % 18,91k: % 30,41 inguruko irabazia (baina, % 60,25 inguruko irabazia litzateke, beren gurasoek 1991n, 20 urte lehenago, aitortzen zuten familia etxeko erabileraren aldean —≈% 11,8—).
- Gurasoen artean, % 23,5 inguruk du euskara ere, nolabait, —bakarrik edo beste hizkuntza batekin batera— etxeko erabileran.71
- Seme-alaben artean, % 32,12k: % 36,68 inguruko irabazia (baina, % 60,6 ingurukoa, beren gurasoek 1991n zuten familia etxeko erabileraren aldean —≈% 20—).
C. Euskal Hiztunak:
- 2011n, gurasoen artean, % 34 inguru da euskal hiztun oso.72
- Seme-alaben artean, % 94,2073 % 177,06 inguruko irabazia (baina, % 378,17 ingurukoa, beren gurasoen belaunaldiak adin berean zuen euskal hiztun osoen kopuruaren aldean —≈% 19, —).
- Gurasoen artean, % 78 inguru da gauza, 2011n, euskara «behintzat ulertzeko».74
- Seme-alaben artean, berriz, belaunaldiaren % 107,53 —esan gura du, are ari direla euskalduntzen 3. belaunaldiko etorkinen seme-alaba Espainian jaio eta espainol nazionalizatuak—: % 37,86 inguruko irabazia (baina, % 156,02 ingurukoa, beren gurasoen belaunaldiak 1981ean, 30 urte lehenago eta adin berean erakusten zuen euskara «behintzat, / ulertzaileen» kopuruaren aldean —≈%41—).
ooooooooooooooooooooooooo
Zer esan gura eduki lezake honek guztiak? Ba, euskaldunak gauza izan baldin bagara halako emaitzak lortzeko familia transmisio maila eskasena ezagutu zuen frankismoaren amaiera inguruko belaunaldiekin, eta gero eta hobeak berriz ondoko belaunaldiekin, kontuak berez askoz samurragoak dituzkegu hemendik aurrera, behintzat geure lanak egiten ditugun neurrian erdi ondo bada ere. Edozer gauza, geure burua hiltzat eman baino, edo inori ematen utzi, eta gure euskalduntasuna berriro zokoratu.
Hala, ba, Hualdeak Hualde, zorionez bizirik jarraitzen dugu euskaldunok Humboldt hil eta ia 200 urtera ere, eta hala jarraituko dugu bizirik hurrengo hamarkada luzeetan, Hualde bera eta gu geu desagertu eta luzera arte ere. Ez horregatik noski, irentsiak izateko arriskurik gabe, baina ezta ere euskaldun bihotzekook euskaldun bizitzeari uko egiten ez diogun bitartean. Betiere noski, jainkoek hala gura duten neurrian, eta euskaldunoi zainetan odol pixkaren bat geratzen zaigun bitartean behintzat. Eta samurrago inguru batzuetan, bestetzuetan baino, baina… aurrera?
Bibliografia aipatua
ADOREZ HIZTEGIAK (2013) 5000 hiztegia. Adorez hiztegiak, 2013.
(http: / www.azkuefundazioa.eus / euskara-sarean-josten / baliabideak / hiztegiak / 5000-hiztegia)
DRAE Ik. Real Academia Española
CASARES, J. (1942 [1975]) Diccionario ideológico de la lengua española. G. Gili, Barcelona, 1975.
ELHUYAR (2000) Elhuyar hiztegia: euskara gaztelania, castellano vasco. Elhuyar, 2000 (sarean).
EREDUZKO PROSA GAUR (EPG) (http: / www.ehu.eus / euskara-orria / euskara / ereduzkoa / )
EUSKALTZAINDIA (1959) «Euskaltzaindiaren agiria euskal itzei buruz / Declaración de la Academia de la Lengua Vasca acerca del vocabulario del euskera», Euskera 4, 1959, 214-217.
___, (1991) «Euskaltzaindiaren bigarren agiria euskal hitzei buruz = Declaración segunda de la Academia de la Lengua Vasca acerca del vocabulario del euskera», Euskera 36, 1991-2, 445-447 orr..
___, (2000-) Hiztegi Batua (sarean).
___, (2012) Euskaltzaindiaren Hiztegia: Adierak eta adibideak. Bilbo-Donostia, Euskaltzaindia, Elkar, Elhuyar, 2012.
EUSKAL KLASIKOEN CORPUSA (EKC) (http: / www.ehu.eus / ehg / kc / )
EUSKO JAURLARITZA (...-2008) Eas-Euskal Herriko hizkuntza-adierazleen sistema. Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, ...-2008. (http: / www1.euskadi.net / euskara_adierazleak / indice.apl)
__, (2014) 2011 - V. Mapa Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2014. http: / www.euskara.euskadi.eus / contenidos / informacion / argitalpenak / eu_6092 / adjuntos / V%20MAPA-SOZIOLINGUISTIKOA%20baja_109_216.pdf
EUSTAT- EUSKAL ESTATIKA INSTITUTUA (http: / eu.eustat.eus / )
FERNÁNDEZ, B.; P. SALABURU (arg.) (2015) Ibon Sarasola, gorazarre. Homenatge, Homenaje. Ehu, Bilbo, 2015.
FISHMAN, J.A. ed. (2001) Can threatened languages be saved? Reversing language shift, revisited: a 21st century perspective. Clevedon, 2001.
HUALDE, J.I. (2015) «Basque as a extinct language», in B. Fernández, P. Salaburu (arg.) Ibon Sarasola, gorazarre. Homenatge, Homenaje, 319-326.
LABAYRU IKASTEGIA (2014 [2008]) Labayru hiztegia. Labayru ikastegia, 2014 [2008] (http: / www.hiztegia.labayru.net)
MITXELENA, K. (I. Sarasola; I. Segurola) (1987-2005) Orotariko Euskal Hiztegia. Diccionario general vasco. Bilbao, Desclée de Brouwer, Mensajero, 1987-2005, Euskaltzaindia.
MOLINER, M. (1981) Diccionario de uso del español. 2 lib. Gredos, Madrid, 1981, 1982.
MUJIKA, A. (2015) Gure hitzak. (http: / 31eskutik.com / 2015 / 05 / 05 / gure-hitzak / )
REAL ACADEMIA ESPAÑOLA Diccionario de la / / Real Academia) de la lengua española, Drae (sarean).
SÁNCHEZ CARRIÓN, J.M. "Txepetx" ([1987] 1991) Un futuro para nuestro pasado : claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas. Anejos del Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 25, Donostia, 1991.
SARASOLA, I. (2005) Zehazki: gaztelania-euskara hiztegia = diccionario castellano-euskera. Alberdania, 2005.
__, (2015) «Erabilera ponderatuak agindu behar du, ez zuzentasunak». Gara, 2015-04-13. (http: / www.naiz.eus / eu / hemeroteca / gara / editions / 2015-04-13 / hemeroteca_articles / erabilera-ponderatuak-agindu-behar-du-ez-zuzentasunak)
SEGUROLA, I. (2015) Extinct. In 31 eskutik bloga (http: / 31eskutik.com / 2015 / 04 / 08 / extinct / )
VIDAL, P. (2015) El bilingüisme mata: del canvi climàtic al canvi idiomàtic. Barcelona, Pòrtic, 2015.
1. Ik. bere 2012ko 23 orrialde beteko curriculum vitae: http: / prosody.beckman.illinois.edu / jihualde / heuscaldunei.html
2. Eta kasuan, ez nintzateke ni bakarrik, behintzat. E. Gil Berak ere iradokitzen du zalantzazko 'jakinduria' hori, ondoren aipatuko dudan I. Segurolaren artikulu minduari eginiko iruzkinen artean gogoratzen digunean hizkuntzak ez direla ontzi estankoak, eta erantsi, «gezurra dirudi [hori, hizkuntzak ez direla ontzi estankoak] hizkuntzalari bati [J.I. Hualderi] esan beharrak».
3. Hualdek maiz argitaratu ditu bere euskararen inguruko idatziak, euskaraz Euskal Herrian, eta hauen aldakia-edo ingelesez gure atzerrian (ik. bere Heuscaldunei atala gorago aipatu webgunean). Ez ahal du gauza bera egingo oraingo artikuluarekin!
4. 319 or.: «Nevertheless, it may be interesting to consider whether there is some sense in which the language has become or is becoming extinct in spite of the growing number of people who can speak it.»
5. 319 or.: «Contrary to Humboldt's prediction, Basque is widely spoken. What we do not find is a large number of monolingual speakers. The question is what the consequences of this absence or rarity of monolingual speakers could be for the language itself. Does it make sense to speak of a language being, in some way, extinct when its speakers, no matter how large their number, are all bilingual? ».
6. 320 or.: «Again, although the term 'extinction' may seem overly dramatic, I think it is appropriately used to refer to the loss of distinctive features and structures of the language, as one may expect to happen by interlinguistic interference in circumstances where it competes with another language inthe brains of its speakers.»
7. 322 or.: «To the extent that we find a serious curtailment of the creative capacity of the language in giving rise to new expressions and shifting the meaning of words, independently of developments of other languages, I think it is appropriate to speak of extinction.»
8. 325 or.: «"in the present situation Basque may have lost all vitality that could lead to the development of new non-borrowed expressions or new independent phonological phenomena. In this sense, the Basque language is in a state of semi-extinction in some specific areas where is subordinated to other languages"».
9. Ik. aurreko aipuetan. Amaieran (326 or.): «Basque, as a linguistic system, may bebecoming extinct in some of its structure[…]».
10. 326 or.: «But this extinction of its linguistic structures is compensated by the success of its social revitalization».
11. 320 or.: «I want to make clear that I do not advocate puristic attitudes. My approach is simply to expose the facts without judging.»
12. Hau da, 'epatatzeko', eus.espantatzeko ––ap. OEH, EH–– ; lat. *expaventāre,
13. Hauetako bigarrenaren izenburu eta lehen lerrokadan dio, esaterako (El País, Barcelona, 2015-04-05): «EL BILINGÜISME MUTA.El català ha sabut capgirar algunes de les dinàmiques pròpies del contacte amb una llengua dominant./ El que hem aconseguit en aquest racó de món, en tant que supervivent llengua minoritzada, hauria de ser motiu d'estudi en universitats d'arreu, perquè sembla que siguem especialistes a desmentir els llocs comuns que serveixen per vaticinar el futur més lògic (i fúnebre) que pot esperar a una llengua en inferioritat». Hala, ez dirudi katalanaren kasuan ere zentzu sobera duenikextintziozmintzatzeak. Auzia beste zerbait da.
14. 321 or.: «For instance, Spanish seguirhas the two distinct meanings of 'to follow' and 'to continue', as in seguir las instrucciones 'to follow the instructions' and seguir leyendo 'to continue, keep reading'. Bilingual speakers are aware that jarraiki ~ jarraitu 'to follow' is a native word and that segitu is a borrowing from Spanish seguir, but there is generally no awareness that Spanish semantics are being calqued in expressions suchas irakurtzen jarraitzen du 'she / he keeps reading' = Sp.sigue leyendo».
15. Cf. esaterako WordReference.com| Online Language Dictionaries sarean.
16. 321 or.: «… to predict that the present-day situation of widespread bilingualism may lead Basque-Spanish bilinguals to give Basque words the exact same meaning as their closest Spanish equivalent.For instance, Spanish seguir… ».
17. 321 or.: «Even really peculiar Spanish expressions, disguised in Basque clothing, are often found in formal writing. One striking case is the expression faltan bota 'to miss', but literally 'to throw in fault', as in faltan bota zaitut 'I missed you'. The Spanish expression from which this common Basque locution is calqued, echar en falta, is certainly peculiar. It appears (see Dictionary of the Real Academia Española) that it arose from a missinterpretation [sic] of Portuguese achar em falta 'to miss', where achar is 'to find' (Spanish hallar)».
18. Bide batez, gogoratu, falta izena lehen euskal testuetatik ageri dugula ––aspalditiko ahozko hizkeran ere––, ziur aski….
19. 321 or.: «I have used Bq jarri = Sp poner as an illustration for a general point, to illustrate convergence in lexical semantics and usage». Baina adibide hoberik ez bada …, ez du ilustrazio lan makala aurretik.
20. 321 or.: «To get a sense of the extent to which Spanish lexical semantics may be influencing the Basque of bilingual Basque-Spanish speakers, an interesting exercise may be to think of idiomatic expressions in Spanish, translate them literally into Basque and do a search in internet to see whether the calques are attested. Take, for instance, the Spanish verb poner. The main meaning of this verb is 'to put', but it is also used in a great number of idiomatic expressions where the English equivalent would contain a different verb».
21. Sareko DRAEko poner sarrerak 1.032 hitz ditu, eta 71 azpisarrera, esamolde eta adiera desberdin.
22. Sareko Oxford Dictionaries-eko put sarrerak 2.645 hitz hartzen ditu, eta 116 azpisarrera, esamolde eta adiera desberdin.
23. 321 or.: «Spanish poner difícil'to make or become difficult' may be calqued in Basque as zail jarri, as in this example found in the internet: Oso zail jarri zaio igoera Realari 'promotion [to first league] has become very difficult to the Royal […] (name of a soccer team)', cf. Sp. Se le ha puesto muy difícil el ascenso a la Real.»
24. 321 or.: «If we continue this exercise, it is readily apparent that this direct calquing from one language to the other extends to even more idiomatic Spanish expressions with poner. For the same meaning of 'to make or become difficult', Spanish has the idiom poner(se) cuesta arriba, which could be translated in English as 'to become an uphill battle', but, which literally translated would be 'to put uphill'. We find the same Spanish idiom in Basque: Maldan gora jarri zaio 'it has become difficult for him / her' = Sp. Se le ha puesto cuesta arriba (over 20,000 hits for maldan gora jarri, lit. 'put uphill', in a Google search)».
25. 322 or.: «All instances of Spanish poner(se) with the meaning of 'to make, become, turn' are in fact translatable with Basque jarri. To give a couple of additional examples from internet searches: Semaforoa berde jarri da 'the traffic light has turned (lit. 'put') green' is a literal translation of Sp. El semáforo se ha puesto verde;»
26. 322 or.: «(All instances of Spanish poner(se) with the meaning of 'to make', become, 'turn' are in fact translatable with Basque jarri. To give a couple of additional examples from internet searches: […]) and Momentu honetan modan jartzen ari dira podcastak «At present podcasts are becoming fashionable (lit. 'putting themselves in fashion') literally translates Sp. En este momento se están poniendo de moda los podcasts.» Espainolak ere ez bide dira hiltzen podcastak erabiliagatik.
27. 322 or.: «Other idioms with Sp. poner / Bq. jarri, not involving the notion of 'becoming' are, for instance, Sp. poner recurso / Bq. errekurtsoa jarri 'to submit an appeal' as we find in the Basque example Hirurteko Planari errekurtsoa jarri zaio = Sp. Se le ha puesto recurso al Plan Trianual An appeal to the Triennial Plan has been submitted… »
28. 322 or.: «(Other idioms with Sp. poner / Bq. jarri, not involving the notion of 'becoming' are, for instance […]) Sp. poner en marcha / Bq. martxan jarri 'to start', as in the example Webgunea martxan jarri dute = Sp. han puesto en martxa […] el sitio web «They have started (lit. 'put in march') a web site.» Espainolak ez dira hiltzen 'sitio web 'erabiltzeagatik ere.
29. 322 or.: «Like Spanish poner, Basque jarri can also be used with the meaning of 'to say in a text', as we find in the example Esango al zenidake zer jartzen duen orri hortan? = Sp. ¿Me podrías decir qué pone en esa hoja? "Can you tell me what it says (lit. 'puts') on that page?". To conclude, we may say that, for many Basque speakers, jarri is an exact equivalent of Spanish poner, whatever its meaning and including literal translations of all sorts of idiomatics [sic] expressions».
30. Edo espainolez, kalkoak kalko: con traducción y todo, aizu!
31. Elhuyar hiztegiaren Gaztelania-Euskara atalak poner aditzaren 11. adieran jasotzen du espainolezko halako erabilera, baina euskaraz ohiko beste modu batera ematen du: [poner] 11v.tr. [decir] esan, adierazi; idatzita egon :¿qué pone en ese papel?: zer dago idatzita paper horretan?
32. Kasuan esaldiak izan lezake interpretazio inpertsonala: «Zer jartzen ote du hemen?» + hari = «Zer jartzen ote dio». Eta baita ere, noski, andregaia emanaz esaldiko subjektu aktibotzat: «Zer jartzen ote dio hemen» / «zer idatzi ote dio (andregaiak)?», edo are «Zer jartzen ote dio hemen (eskutitzak)? ».
33. Kasuan ere izan lezake esaldiak interpretazio inpertsonala: «Entzun ezak zer jartzen duen (hemen)». Eta baita ere eskutitz idazle Kristobal, ematen duena esaldiko subjektu aktibo, nahiz kasuan ez litzatekeen normalena, gaur egungo edo XX. mendeko Hegoaldeko erabileran: « … zer jartzen duen (hemen Kristobalek)?»; edota are eskutitza emanez subjektu: « zer jartzen duen (hemen eskutitzak)?».
34. Egia esan, espainolez (ere) ez dut uste esanahiz batere parekagarriak liratekeenik ¿qué se pone en el periódico? bezalako esaldi bat (≈¿qué se suele poner en el periódico?, edo ¿qué ponemos / qué podemos poner en el periódico?), eta ¿qué se dice en el periódico? esaldia, egoera ohikoenean ¿qué dice el periódico? esaldiaren pareko litzatekeena (¿qué se pone en el periódico? ez bezala), nahiz egunkaria egiten dihardutenen artean-edo ohikoa izan litekeen ¿qué se dice en el periódico? moduko esaldiaren erabilera inpertsonala ¿qué decimos / qué podemos decir en el periódico? zentzuan (aipatu ¿qué se pone en el periódico? ≈ ¿qué se suele poner en el periódico?, edo ¿qué ponemos / qué podemos poner en el periódico? liratekeen moduan).
35. Bereziki da ohartzekoa azken adibidea ere besteen artean, letra goietanosagarria inesiboz emana. Kasuan ez sikiera euskarria inesiboz emana, baizik eta letra goiak, maiuskulak, mezuaren agertzeko modua-edo litzatekeena.
36. Jarraitzen du Lizarragak lerrokada, amaieran emanez a moduko esaldia, aktiboa, subjektu ergatibo eta euskarri inesiboz, beste askotan ere bezala, «zuelarik Jangoiko ta gizon bekala podore ta amore, salbatzeko gizagendea genero guzietan, erremediatus beartsuak, konsolatus tristeak, garbitus leprosoak, argitus itsuak, sendatusheri-mota guziak, biztus ilak, libratus endemoniatuak, desengañatus engañatuak, barkatus bekatuak, ondus Ara ta onak obetus, eta ainberze obra on obratus, ezi guziak eskribitzekos, ezin kabi leizke munduan libru inen zirenak, dion bekala S. Juanek ebanjelioaren akabanzan».
37. Beste askotan berriz, ohiko(ago edo) psalmoak dio, Dabidek dio…
38. Kuriosoa egin zaigu hiztegi honetan ere poner sarreraren pean aurkitzea esan aditzaren halako erabilera, eta ez berriz esan aditzarenean. Begitandu zaigu ordea ote den hain justu, kasuan, zuzenean ez ematearren bertan «Zer jartzen du txartel horretan?» moduko esaldirik, hainbatek espainolezko esaldiaren eta poner aditzaren itzulpen kalko hutstzat jo lezakeena. Labayru hiztegiak ere espainolez antzeko adibidea jasotzen du (poner aditzaren sarreran honek ere), baina, euskaraz, badaezpada edo, ez du gordetzen espainolezko inesiboa –kalkoegi, seguru asko, euskaraz inesiboa ere gordetzea–, eta ohiko(ago)-edo ergatibo bihurtzen du euskarria, hala: [poner] 6 vb. Decir o expresar: esan, idatzita egon, ipini, jarri, adierazo / adierazi, erran, ezarri / «En ese cartel pone que está prohibido fumar»: «Kartel horrek erretzea debekatuta dagoela esaten du». Labayruk ere ez du ematen zuzenean jarri aditza badaezpada.5000 hiztegiak ere beste hainbeste egiten du poner sarreran, baina honek bi hizkuntzetan ematen du paper euskarria esaldiko egile: 7 vi. y vt. Decir: esan; «¿qué pone este papel?»: «zer dio paper honek?»
39. Beste eztabaida/azterketa puntu bat da, eta ez diogu hemen ekingo, ea azken bi esaldiak baliokide diren / izan litezkeen euskaraz, edota hainbati entzun/irakurri diogun moduan, espainolezko kalko hutsa den -tzen partizipio burutugabea darabilen lehen esaldia etorkizunean garatuko den ekintza aipatzeko. Nire ustea da Hegoaldean usu erabili ohi dugula -tzen egitura modu honetan, eta nahiz oraindik tradizioaren azterketarik ez dudan burutu, nire idiolektoan bederen oso ohikoa eta egokia da. Gainera, nik dakidanean, (behintzat, gaur egungo) Iparraldean ere usu erabiltzen da egitura modu honetan –ez dakit frantsesaren kalko hutsean kasuan–: «Zer hartzen duzu zuk?». «Kafe bat hartzen duzu?». «Zer hartuko duzu zuk?». «Kafe bat hartuko duzu?» erabili genitzakeen zentzu berean.
40. Ekarri aditzaren halako erabilera jasotzen da EHzein OEHn (––Traer noticias–– Tr. De uso frecuente en todos los dialectos; ––Traer información, a través de textos–– …), eta baita ere Espainiako DRAEk traer aditzaren 10. sarreran: tr. Contener escritos, en especial los publicados en periódicos. Ez dakit horiek ere espainoletiko kalko lotsagabeak ote diren.
41. Nahiz kasuan idazlea testuinguruan ezaguna izan, ez dirudi han jartzen zuena hori, zuzen interpretatu litekeenik mutikoak han jartzen zuena gisa.
42. Eta ez «¿Qué se pone aquí?» edo antzeko egitura inpertsonal berezkoa (euskaraz «Zer jartzen da hemen?» erabiltzen ez dugun bezala zentzu honetan). Gogoratu ere Espainiako DRAEk ez duela jasotzen «¿Qué pone aquí?» egituraren parean «¿Qué dice aquí?» egitura, zeinari ere kasuan egin beharko liokeen gutxienez U. t. c. impers. ohar berexia.
43. Nire bi semeek, nire ezein mehatxuren aurrean, barrez esan ohi didate «gehiago balio dizu!» esaldia «hobe dezu»-edo esanahian, espainolezko «¡más te vale!» esamoldearen kopia, guztiz kontziente direlarik zein 'kalko berri' darabilten gure etxerako, baina noski behin baino gehiagotan entzuna 'eta erabilia' ikastola garaian eta. Eta, izan ere, semeen ume garaietako lagun Andoni Lizarrako ikastolakoak maiz esan ohi zigun bezala bere borondate hoberenez: «Inor da perfektua!». Orain, gure artean, koruan errepikatzen dugu esamoldea umorez, giza egoera hala egokitzen zaigun bakoitzeko, eta benetan maiz egokitzen denez...
44. Ez dakigu Hualde jaunak hurrena ingelesa ere hizkuntza hiltzat aztertzeko asmoa duen, 2.000 urteren ondoren ingelesdunaren hiztegia jada % 60 inguru delarik erromatar defuntuen latinari ebatsia ––edo honen ondorengo erromantze frantses (batez ere) edo italikoei…––; beste % 6 ere oraindik greko (klasiko)ari... Sekulako aldaketa fonetiko eta fonologikoak jasaten ari delarik egunero. Hurrengo artikuluaren izenburua, iradokizun: English as a extinct language.
45. 322 or.: «I am not awareof new Basque idioms arising in the last few decades. […] The current situation seems to be one where Spanish usages are immediately calqued into Basque, but there is little if any innovation in Basque itself».
46. Zeharo bitxia egiten zait esamoldea horrelaidaztea ––Ez da hala? idatzi ordez––, baina nire gaztetan Aleztá? esaten zen etengabean nire inguruan–– eta segitzen da esaten, uste dut––, baina ez dut inon hala aurkitzen esamolde gisa jasoa ––Ala ez da hala?––, eta ez dut ere kontzientziarik gaur egungo idatzian ohikoa denik.
47. Hualdek artikuluaren ondorengo fonetika/fonologia atalean aldiz euskararen aldaketa/berrikuntza etengabea aitortzen du. Honen erabateko desberdintasuna aurreko belaunaldietakoaren aldean. Baina ez zaio nonbait hala aitortzea komeni arlo lexiko-semantikoari dagokionean unean eratorri gura digun ondoriorako <-nahiz anarteko 'kalko' eztabaida guztia ere hain zuzen euskararen aldaketa/berrikuntzan oinarritu duen–, hain zuzen euskararen modukoak direla jatorrizko hiztun barik diren hizkuntzak 'ezgai ezerberririk sortzeko', hain zuzen 'hilak' daudelako …latinez, esaterako, ez bide da sortzen gaur egun esamolde berririk, ahaztuz gero bederen latina baino ez den portugesa, italiera, espainola, frantsesa.... Hala dio (322 or.): «This [euskararen barrutiko berrikuntza faltaz dihardu] is a feature that Basque shares with languages that lack native speakers». Ba, eskerrik asko, aizu, eta zorionak (hau ere cumpleaños espainolarenkalko omen da, eta zoaz bilatzera!).
48. 323 or.: «... …in spite of centuries-long contact and phonological transfer, Basque phonology is not identical to Spanish phonology and the traditional Basque speech of many areas is quite different from Spanish in its phonetics. What we are witnessing now is an acceleration in the processes of convergence. For many speakers of the younger generations there are not many phonological or phonetic differences between their Basque and their Spanish, if any: their Basque does not contain any phonemes that are not found also in Spanish and all phonemes have the same phonetic realization in both languages ».
49. 324 or.: «A modern study of Basque phonology, based on the sound system of many speakers, could for the most part contain the phrase «see Spanish phonology», complemented only by a few notes...»
50. 324 or.: «Of course, this description does not apply to all Basque speakers nowadays. There are still speakers who retain a distinctive Basque phonology, especially [but not only then...]in areas where the social use of Basque is very high. For instance, in areas with traditional pitch-accent systems, which are completely alien to Spanish prosody, one finds speakers who make lexical contrasts in tone even among the younger generations.»
51. Nolanahi, ez dakit hil-bizi eskalan zein pisu duketen halako fenomenoek Hualderen balantzan. Esaterako, Hegoaldeko euskaldun gazteen gero eta yeísmo zabalagoak, edota Iparraldeko euskaldunen /r/ fonemaren eztarriko ahoskatze erabatekoa. Zenbateraino hiltzen dute hizkuntza? Hizkuntza aldatzen dute. Ez da zalantzarik. Hil? Euskaraz badihardute? Ezin halakorik galdetu, hala ez da?
52. «Hizkuntza hilak ez dira aldatzen. Bizirik diren hizkuntzak isuri / mugimendu etengabean daude. Euskara aldatzen ari da eta, beraz, bizirik da».
53. Hala jarraitzen baitu azkena aipatu esaldia (325 or.): «The question in our case is whether Basque is able to undergo independent changes, other than those leading to convergence with Spanish (or French in the case of Basque-French bilinguals)».
54. 325 or.: «Is there anything one should or could do about this? I don't think so».
55. 325 or.: «In many respects, the case of Basque is one of the most remarkable success stories, showing that, indeed, threatened languages can be saved».
56. 325-5 orr.: «To account for this huge gain in knowledge of Basque across the generations, we must assume that most of the transmission has not been direct throughout the generations within the family. Instead teachers and parents who were themselves L2 speakers of Basque have played an important role in changing the tide. Under these circumstances the phenomena that I have discussed in this paper seem unavoidable».
57. 325 or.: « …in the Basque Autonomous Community, the lowest point in the historical decline in the transmission of Basque is reached in the generation born in the decades after the Spanish Civil war. Among the speakers who were in the 65-69 age group in 2011 [hau da, 1942-1946 urteak bitartean jaiotakoak] only 20,5 % were Basque speakers. On the other hand, the percentage of Basque speakers reaches an astonishing 80 % in the 10-14 age group …».
58. Nahiz 1977-81 bitartean jaiotako belaunaldi gazteeneko beste % 7,5 inguruk euskara (ere) nolabait jaso zuen espainol 'ahalguztidunarekin' batera 'Ama / Lehen Hizkuntza' bezala -aurrekoek soilik % 2 zaharrenek eta % 4 inguru bitarte gazteenek-. Eta beste % 10 inguruk euskara (ere) erabili zuen 'Etxeko Hizkuntza' gisa espainol ahalguztidunarekin batera -aurrekoek % 6 zaharrenek eta % 8 inguru bitarte gazteenek-.
59. Datu hauek, behin 2000-2010-edo bitarteko '3. belaunaldiko etorkin berrien uholde' datuak zuzenduta. Hurrengo atalean argituko dugu zertxobait bereizketa hau.
60. Salbu eta berriro '3. belaunaldiko etorkin berriak', oro har, nahikoa lehenago izaten ari direnak haurrak, eta bide batez nahikoa ugariago.
61. Eta % 40 inguru ere 2011n beste bi belaunaldi gazteagoen datuak ere –2002-2009 bitartean jaiotakoenak-–. Berriro, datu hauek dira, behin zuzenduta 2000-2010 edo bitarteko '3. belaunaldiko etorkin berrien uholde' datuak. 2011rako ordea gero eta igoagoa da 'espainol nazionalizaturiko 3. belaunaldiko etorkin berrien kopurua', eta uste dugu gure zuzenketak belaunaldi gazteenen hauetarako 'labur' geratzen direla. Nolabait, 'bertakoagoen edo seme-alaben artean' euskara 'Ama / Lehen Hizkuntza' gisa jasotzen ari direnen proportzioa handiago dela gure datuetan agerikoa baino, eta beraz, 1997-2001 bitartean jaiotakoen artekoa baino. Datu baxuenak –euskara 'bakarrik'edo euskara 'ere' 'Ama / Lehen Hizkuntza' gisa–, % 21 ingurukoak dira, eta 1942-1976 bitartean jaiotako belaunaldiei dagozkie –2016an 40-74 urte bitartean izango dituztenak– .
62. Badakigu 2011rako gero eta handiagoa dela 'espainol' nazionalizaturiko '3. belaunaldiko etorkin berrien' kopurua, eta berriro uste dugu gure 'zuzenketok' 'labur' geratzen direla belaunaldi gazteenotarako, eta 'bertakoagoen edo' seme-alaben artean altuagoak direla euskara 'Ama / Lehen Hizkuntza' gisa jasotzen ari direnen proportzioa, eta ere 'Etxeko Hizkuntza' gisa darabiltenena.
63. Esaterako, 1997-2001 urteak bitartean jaiotakoen % 94,20 dira 2011n 'euskaldun oso', eta beste % 13,33 ia-euskaldun, berba egin barik ere euskara ulertzen dutenak –'3. belaunaldiko etorkin berrien' datuak zuzenduta– . Denera, bada, % 107,53 bitxia, zeinak esan gura duen '3. belaunaldiko etorkin berrien' seme-alabak ere euskalduntzen ari direla. 1997-2001 bitartean jaiotako belaunaldiaren % 25,24k jaso du euskara 'Ama / Lehen Hizkuntza' bakar gisa, denera, % 40,59k 'euskara ere' kontuan. 'Etxeko Hizkuntza' gisa soilik % 18,91k du euskara bakarrik, eta, denera, % 32,12k 'euskara ere' kontuan.
64. % 23,34k aitortzen du hala 2006an. Eta, oraindik, % 25,09k ere bai 2001ean. Hainbat eta gehiagok, zenbat eta presentzia txikiagoa izan gure artean '3. belaunaldiko etorkin berrien uholdea' deitu dugunak. Eta kontuan hartzekoa da.
65. ≈% 19,5 baino ez 1981ean, ≈% 25 1986an, ≈% 27 1991ean, ≈% 31 1996 eta 2001ean, % 38,36 2006an, eta nolanahi ≈% 30 baino ez 2011n. Beraz, 1991, 1996an bezalatsu,eta 2006an baino 8 puntu gutxiago –nahiz 2006ko multzo txikietako-eta datuak kontuz hartzekoak diren–. ''Belaunaldiaren erdalduntze' ez natural hau azaltzen, ezinbestean du zerikusirik '3. belaunaldiko etorkin berrien uholdea' ere tartean zenbatua egoteak.
66. ≈% 21 baino ez 1981ean, ≈% 35,5 1986an, eta 1991ean, ≈% 32 1996an, ≈% 35,5 berriro 2001ean, eta ≈% 33,5 2006an –baina 2006ko multzo txikietako-eta datuak kontuz hartzekoak dira–; eta aipatu ≈% 38 2011n. Baina, urte honetan 2006an baino areago hartu beharko litzateke kontuan '3. belaunaldiko etorkin berrien uholdea'
67. ≈% 2 baino ez 1981ean, ≈% 61 1986an; ≈% 63 1991an; ≈% 64 1996an; ≈% 67 2001ean; ≈% 69 2006an, eta 2011n. Baina, aipatu bezala, urte honetan 2006an baino areago hartu beharko litzateke kontuan '3. belaunaldiko etorkin berrien uholdea'.
68. ≈% 18k 2006ko datuetan; ≈% 17,5 2001ekoetan; ≈% 17 1996eko eta 1991koetan; eta ≈% 16 1986koetan. Datuen aldakortasun horrek esan nahi lezake 1967-76 bitartean EAEn jaiotakoetatik, 1986 eta 2011 bitartean, bategatik edo bestegatik EAE uzten dutenak, batez ere, euskara ''ama / lehen hizkuntza'' bezala jaso ez zutenetakoak izan zirela.
69. ≈% 22,25 2006ko datuetan; ≈% 21,5 2001ekoetan; ≈% 21,7 1996koetan; ≈% 21,15 1991koetan, eta ≈% 21,75 1986koetan.
70. ≈% 13,5 2006ko datuetan; ≈% 12 2001ekoetan; ≈% 11,7 1996koetan; eta ≈% 11,9 1991koetan. Datuen aldakortasun horrek, agian, esan gura du 2011n jada guraso diren horietako batzuk aldatu egin dutela beren familia hizkuntza. Espainola (ere behintzat) izan zuten beren gurasoekin, euskara baino ez dute orain bere seme-alabekin familia berrian?
71. ≈% 21,5 2006an; ≈% 20,75 2001ean; ≈% 20 1996 eta 1991an. Esan nahi du gurasook % 20 ingurutik % 23,5 ingurura aldatu dutela beren etxeko hizkuntza erabilera beren gurasoekin bizi zirenetik, beren seme-alabekin bizitzen ari direnera? Seguru asko.
72. Baina, 2006an, ≈% 39; ≈% 32 2001 eta 1996an; ≈% 27,5 1991n; ≈% 25 1986an; eta ≈% 19,7 baino ez 1981ean. 2006ko datuak bereziak dira metodologikoki behin eta berriz aipatzen gatozen legean, eta 5 puntuko alde hori, 2011ko % 34ren aldean, izan zitekeen 2011n askoz etorkin berri kopuru handiagoa nazionalizatu delako jada espainol, baina ezin ziurtatu dugu. Bai ziurtatu genezake guraso horiek euskara asko ikasi dutela 30 urtean % 19,7tik (ia) bikoitzera.
73. Teknikoki, beraz, % 100, Espainian jaio eta espainol nazionalitatea duketen 3. belaunaldiko etorkin berrien seme-alabak bereiziz gero.
74. Baina, ≈% 75, 2006 eta 2001ean; ≈% 65, 1996an; ≈% 63,5, 1991an; ≈% 60,5, 1986an, eta ≈% 42 baino ez 1981ean. Esan nahi du gurasook hainbat hurbildu direla euskarara, Franko hiltzean jada bizimodua egonkortuta-edo zuten belaunaldien aldean.