Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Karlos del Olmo, Elizabete Manterola, Silvia Parra

Artikulu honetan itzulpengintzari buruzko hiru erreseina bildu dira.


LÓPEZ FOLGADO, Vicente. Trasvases: ensayos sobre traducción y literatura comparada.
Sevilla. Ediciones Alfar, 2014. 580 orri. ISBN: 978-84-7898-578-4


Iruzkina: Karlos del Olmo

Izenburuak argiro erakusten du barrua nolakoa den: itzulpengintza eta literatura konparatuak jorratzen ditu egileak, hogeita zazpi azterlan monografiko direla bitarte, gehienbat gaztelaniaz idatziak, ingelesez izkiriaturikorik falta ez bada ere.

J.L. Martínez Dueñasek egin dio sarrera, eta hark dioenez, Europako eta Ipar Amerikako zenbait mendetako idazketa eta literatura darabiltza jorragai Vicente Lópezek, eta so egiten die hainbat ikuspegitatik, Unamuno eta itzulpena harremanetan jartzen dituen bat ere tartean delarik –aurrerago sakonago aztertzekoa–. XX. mendeak azken laurdena zuela, bidegurutzean bat egin zuten itzulpengintzak eta literatura konparatuak, ikerlan hauetako batzuek artez frogatzen dutenez. Azken buruan, sarreragileak dioskunez, erretorikazko ariketa moduan jaio zen antzinateko Erroman itzulpengintza, eta literaturak alderatzeko bideak erraztu zituen gertaera hark.

Ukaezina da ikerlanon jatorri akademikoa –hainbat hizkuntzatako iturri eta aipuak darabiltza egileak–, baina ikaskizun ederren bat edo beste galtzaratuko dugu orriotan profesionalok ere, ikertzaile izan ez arren, batez ere literatura itzultzeari gagozkiola. Martínez Dueñasen iritzian, idazlanok bidea ematen dute idazketara hurbiltzeko, komunikatzeko eta jakinduria metatzeko gertaera moduan, adierazpide eta errepresentazio baliabide gisara, zirrarak eta sentsibilitateak –hainbat genero, garai, estilo eta hizkuntza direla bitarte– garraiatzeko tresna den aldetik.

Filologia Ingelesa eta Alemana ikasi zuen Vicente López Folgadok Salamancan, eta doktoregoa Madrilgo Konplutentsean lortu. Filologia Ingelesa eta Itzulpengintza irakatsi ditu zenbait unibertsitatetan, Ingalaterran irakurle jardun eta masterra Eskoziako St. Andrews unibertsitatean lortu. Horrezaz gain, zenbait lan klasiko itzuli ditu ingelesetik. Hortaz, jakinduria teorikoa eta ariketa praktikoak dituzte harroin haren idazkiek.

Orokorrean, esan ere genezake elkarrekin tinko josita daudela literatura konparatua, literatura nazionalen ikerketa eta itzulpengintza, eta elkarri tresna baliotsuak ematen dizkiotela. Itzultzaileak literatura konparatuaren bidez loturak topa ditzake egileen artean, atzerriko eta etxeko literaturen artean, generoen, idazlanen, inspirazio iturrien eta literatur baldintzagarrien artean, hainbat jatorri, hizkuntza eta kulturatako idazleen biografiek egin dezaketen argia ahaztu barik, itzultzailearen lanbide trebeziaren bidelagun eskergak gerta daitezke-eta horiek denak. Eta alderantziz ere: lehengai bikainak lortuko dituzte haien alorretarako literatur kritikariek eta ikertzaileek herri, hizkuntza nahiz kultura bakoitzak menderik mende itzuliriko altxorrean.

Gaiak zein diren ikusteko, hona hemen (euskal) itzultzaileei interesgarrien gerta dakizkiekeen saioetako batzuk:

  • Lo propio y lo otro: la literatura comparada.
  • Traducir literatura: ¿jardín inaccesible o nido de cuco?
  • Shelley traductor: la magia de la palabra.
  • W. Scott y El Señor de Bembibre: la reescritura romántica.
  • Traducciones plagiarias de una obra cumbre: Wuthering Heigths.
  • Vagabundos y peregrinos: de la paráfrasis a la traducción.
  • William Morris, traductor multilingüe.
  • Unamuno and Ortega's assumptions on Language and Translation.
  • "La sangre del espíritu": Unamuno, filósofo germanista.

Horrek, jakina, ez du esan gura gainerako ataletan, nondik edo handik, itzultzearekin erlazionaturikorik agertzen ez denik, aipatu ditugun beste jakintzagaien ikuspegia nagusitu arren.

Nola jokatu behar du itzultzaileak itzultzen zail-zail gerta daitekeen literatur testu batera hurbiltzean –demagun, bertsoz idatziriko XVI. mendeko antzezlan bat, dialekto eta herri hizkerako osagaiz ere hornitua–? Egitura sintaktikoak eta lexikoa muntadunak izango dira, bai eta osagai estilistikoak ere: irudi literarioak, soziolekto eta dialektoen ekarria, konnotazioak, kultur ñabardurak… Prosodia eta bestelako alderdi fonikoak ahaztu gabe, jakina. Ez itzultzetik sormenezko transposiziora (testu poetiko berria birsortzea) doan bide luzean, hainbat lanabes izango ditu aukeran, eta hautabide horietako batzuez ere badihardute saioek, hainbat ikertzaile eta teorialariren ekarriak jasotzen baitituzte. Itzuli ote daiteke lan bat isolaturik balego bezala, unitate beregain eta bakartu gisara?

Bestalde, gogoetagaiak eskaintzen ditu itzulpen kritika egin behar denerako ere, azken buruan, testu itzulien ebaluazioa, orokorrean, oso alderdi ahaztua izan baita itzulpen ikerketa eta ikasketetan; hitzezko baliokideetatik harago, itzulpenak eskatzen duelako mintzo batean kodeturiko testua beste kulturako kode semiotiko batzuen bitartez interpretatzeko. Literatur polisistema sinkronian eta diakronian ezingo da ondo esplikatu onartu ezean literatura itzulia ere hartan txertatuta dagoela, eta, seguru asko, oso elementu dinamikoa gertatzen da zenbait unetan. Euskarari gagozkiola, ez da inondik inora periferikoa, nahiz eta, gero, literatur ikerlanetan, erdigunetik oso urrun utzi ohi duten, polisistema horren erdigunea eratzen laguntzen duen arren.

Artikulu honetan era berezian aipatzea ondo irabazia du Unamunoren gaineko entsegu txikiak, hark euskal kulturarekiko izandako jarrera (eskandaluzkoa) ezaguna bitarte dela. Hizkuntzak, pentsamendua, arraza, kultura eta itzulpenarekin erlazionaturiko beste kontzeptu batzuk bilbatzen dira Unamunoren kezketan. Badakigu Unamunok hileta-hotsa jo ziola euskarari pentsamendu landua azaltzeari zegokionez, eta gaztelania eginkizun horretarako egokiagotzat hartzen zuen arren, bestalde, onartu ere egin zuen hizkuntza bakoitza dela onena hartaz baliatzen den herriarentzat. Artikuluan López Folgadok agerian jartzen duenaren arabera, Unamunok itzultzearen gainean duen kontzeptua oso markatuta dago hizkuntzaren beraren ezaugarri formalen, atzerriko hitzak onartzeko duen gaitasunaren eta hizkuntza bizirik irauteko duen egokitze gaitasun edo ahalmenen ondorioz. "Txokokeria" zeritzen Penintsulako beste hizkuntzetako idazkiei, gaztelaniari atxikitzen zion unibertsaltasun nahiaren aldean.

Aurreiritziek guztiz lainotzen zioten Unamunori itzultzeari buruz zuen ikuspegia, eta halaxe nabarmentzen du Vicente López Folgadok artikuluan eginiko azterketa kritikoaren bitartez (adibidez, alemana ingelesa baino beherago jartzen zuen itzultzeari gagozkiola, ingelesa itzulpengintzatik galtzaile ateratzen omen delako; alemana, ordea, itzulita ulergarriago eta aberatsago bihurtzen zen!). Artikulugileak dioenez, Unamunoren irakurketak, esku artean zerabilen liburutegi pertsonaletik ondorioztatzen zenez, zaharkitu samar zeuden, batez ere XIX. mendeko zientzia alemanetik elikatzen baitzen (hura zela kausa ikasi zuen, kostatuta, berbeta), XX. mendeko zientzia linguistiko positibista (batez ere) ingelesez idatzia zelarik. Paradigma zientifikoa neopositibismorantz aldatuz bazihoan ere, paradigma historizistari eusten iraun zuen Unamunok. Kontraesanez beteta, jakina, diskurtsoan, ia ezari-ezarian, eduki positibistazko esanak ere agertzen direlako han- hemenka. Ezbairik gabe, interes berezikoa da Unamunok itzulpenaz zituen uste eta aurreiritziak biltzeko artikulu hau.

Liburuko beste artikulu batean jasoriko Ortega y Gasset-en aipu bat erramu ezin hobea izango da iruzkin honen etxegaina apaintzeko: "Gramatikari, erabilera finkatuari, hizkuntzan indarrean den arauari etengabe higadurak egitea da ondo idaztearen mamia. Atergabeko matxinatze ekintza bat da, subertsio bat. Kemen erradikal halako bat behar du ongi izkiriatzeak. Itzultzailea, alabaina, izaki koldarra da. Lotsagatik aukeratu du lanbide hori, denik eta mendreena".


SPIRK, Jaroslav. Censorship, Indirect Translations and Non-translation: The (Fateful) Adventures of Czech Literature in 20th-century Portugal. Cambridge Scholars Publishing, 2014.


Iruzkina: Elizabete Manterola

Txekierazko literaturak XX. mendeko Portugalgo kulturan izan zuen eraginari eta presentziari buruzko ikerketa dakarkigu liburu honetan Jaroslav Spirk Pragako Charles Unibertsitateko ikertzaileak.

Komunismoan murgildurik zegoen Ekialdeko Europako herrialde baten eta diktadura faxistapean zegoen beste herrialde baten arteko kultur trukearen berri jaso ahal izango du irakurleak. Izan ere, hasierako kapituluan Txekiaren eta Portugalen arteko harreman politiko eta kulturalen inguruko hausnarketa egiten du, eta, jarraian, diktadurak zipriztindutako Portugalgo XX. mendeko historiaren errepaso laburra eskaintzen digu.

Hain urrutiko egoera politikoak diruditen horiek kultur politika nahiko antzerakoak izan zituztela iradokitzen digu Spirkek. Izan ere, bietan zegoen zentsura mekanismo bana martxan, kultur ekoizpena kontrolpean izan nahi zutenak. Zentsura horren ondorioz argitaratu gabe geratu ziren hainbat eta hainbat lan, izan jatorrizko lanak izan itzulpenak. Liburua irakurri ahala, saihestezina da Francoren zentsurak Hego Euskal Herrian izan zuen kontrolaz oroitzea. Eta topa liteke antzekotasunik Spirken lan honen eta EHUko TRACE 1 taldekoek eginiko ikerketen artean.

Erdi mailako bi hizkuntzaren (Medium-sized Lingua deitzen ditu) arteko kultur trukea dela azpimarratzen du Spirkek. Eta antzerako estatusa eta egoera duten Europako beste hainbat errealitatetara ere eraman litekeela iruditzen zait. Zentzu zabalagoan, gainera, hizkuntza gutxituen arteko trukea ere ekartzen du gogora, nahiz eta portugesak eta txekierak bakoitzak bere lurraldean izaera ofizial osoa izan.

Urrutiko eta erdi mailako bi hizkuntzaren artean ohikoa izaten denez, zeharkako itzulpen ugari egin zen txekieratik portugesera liburuak azterturiko garaian. Spirkek itzulpen mota horren definizio ezin egokiagoa egiten du, continuum baten modura irudikatzen baitu fenomenoa. Hau da, ez dago zuri edo beltzik, gris mota ugari baizik. Hortaz, zuzenean eginiko itzulpen baten ordez, zeharkako itzulpena jatorrizko testua ez den beste edozein testu edo testu konbinaketa baliatuta eginiko itzulpena genuke, zentzu zabalean hartuta. Hori horrela izanik, modu ugaritan eginiko zeharkako itzulpenak topa litezke: bitarteko bertsio bat darabiltenak, bitarteko bertsio bat baino gehiago darabiltenak, bitarteko bertsiotik eginiko itzulpena jatorrizkoarekin alderatzen dutenak gero…

Zeharkako itzulpenarekiko literatura batek izan dezakeen irekitasunaz ere mintzo zaigu Spirk. Izan ere, giro politikoak zenbateraino eragiten duen kontuan izan behar da halako itzulpen motak aztertzean. Horrez gain, bitarteko kulturak hartzen duen garrantzia eta betetzen duen rola ere ez ditugu ahaztu behar. Portugalen argitaraturiko txekiar egileen lanei dagokienez, frantsesezko bitarteko bertsioak izan zituzten gehienetan abiapuntu. Bestalde, literatur sistema batek onargarritasunerako edo egokitasunerako joera duen erakutsiko du zeharkako itzulpenaren presentziak. Pentsa liteke diktadura baten eraginpean dagoen herrialde batean onargarritasunera joko dela, xede kulturaren kodeetara moldatuz itzulpenak. Tolerantzia maila ezberdina izan dezakete literatur trukerako jatorrizko kulturak eta xede kulturak, liburu honetan garbi ikusten dugun moduan. Spirken arabera, Txekiakoak baino irekitasun handiagoa baitzuen Portugalgo orduko literatur sistemak.

Sarritan kontuan hartzen ez den zerbaiti ere begiratu dio liburuaren egileak: ez-itzulpenari (non-translation) edo itzuli gabe geratu denari. Itzulpen ikasketetan lanean ari garenok itzulitakoari besterik ez diogu erreparatzen sarritan, kontuan izan gabe itzuli ez denak ere garrantzia izan dezakeela, itzulitakoak baino gehiago zenbaitetan. Zentsuraren ondorioz, txekieratik itzuli gabe geratu zen liburu kopurua nahiko handia izan zen Portugalen: 60 guztira, Spirkek eginiko azterketaren arabera. Debekuaren atzean ideologia kontuak nabarmendu ohi dira, noski. Ideologiak markatu baitzuen Portugalgo eta Txekiako literatur trukea, bi erregimen kontrajarriren menpeko kulturen arteko harremana.

Itzulpen ikasketen barruan sarritan gertatu ohi den paradoxa ere ez nuke ahaztu nahi. Hizkuntza hegemonikoak, tamaina ertainekoak zein gutxituak aztertzen ditugu, estatus handia zein ikusgarritasun mugatua dutenak, baita mota ugaritako truke eta itzulpen prozesuak ere. Zenbat eta ikuspegi gehiago bildu, zenbat eta errealitate gehiago aztertu, aberatsagoa izango da diziplina. Eta zabalkundearen eta irisgarritasunaren izenean ingelesaren abaroan aritu ohi gara sarri, ñabardura ugari bidean utziz. Horixe izan da liburu hau irakurtzean izan dudan irudipena: azterketa ezin hobea, tamaina ertaineko bi hizkuntzaren arteko harremanaren erakusgarri, baina hizkuntza hegemonikoaren itzalean azterketa bere osotasunean ezin jaso.

Bi hizkuntza ertainen arteko eta egoera politiko oso jakinetan izandako trukearen irudi xehea erakusten digu idazleak, lehen esan dudan moduan. Irakurleak honako liburu hau gustuko izango duelakoan nago, ez soilik kultur erreferentziaz jantzitako liburu irakurterraza delako, teorizazio mailan eginiko gogoetak ere baliagarri izango zaizkiolako baizik. Gure kulturaren egoerarekiko harremana topa dezakegu liburuan, eta aipatzen diren itzulpen mota eta harreman trukeak oso gertuko izango zaizkigu, hausnarketak gure egiteraino.


GALLEGO HERNÁNDEZ, Daniel.Traducción económica y corpus: del concepto a la concordancia. Aplicación al francés y al español. Alacant: Alacanteko Unibertsitatea, 2012. 372 orri. ISBN: 978-84-9717-215-81.


Iruzkina: Silvia Parra Galiano, Granadako Unibertsitatea, sparra@ugr.es

Itzultzailea: Karlos del Olmo

Gallegoren liburuko izenburua osatzen duten gako hitzek iradokitzen dutenez, ekonomia itzultzea eta ekonomiaren corpusa erabiltzea ditu langai aurrean dugun lanak; ikuspegi teoriko eta kontzeptual halako batetik abiatuta, frantses-gaztelania hizkuntz bikotea itzultzeari aplikaturiko adibide sorta bat eskaintzen duelarik egileak argibidetzat. Halere, lan hau handinahiago eta interesgarriago da aditu batean izenburuak iradokitakoa baino, kontuan izanez gero liburuaren bi helburu nagusiak eta hainbat irakurle motarentzat izan lezakeen erabilgarritasuna.

Ekonomia itzultzearen kontzeptua definitzeko beharrezko teoriazko oinarriak ezartzea du helburu lehena egileak, halakotzat jotzen duelarik ekonomiaren, merkataritzaren eta finantzen esparruko itzulpengintza. Corpus bat kontsultatu eta sortzeko dokumentazio eredu bat aurkeztean datza bigarrena, ekonomiaren alorreko itzulpengintzan aplikatua. Internet lanabes nagusitzat erabiltzea da Gallegok proposaturiko dokumentazio metodologiaren oinarria, dela testu baliabideak kontsultatzeko (web as corpus) –egileak bere doktorego tesian adierazi bezala– dela horiek biltzeko ere– (web for corpus).

Helburua lortzeko, ikerlan exhaustibo baten emaitzak azaltzen ditu Gallegok, zazpi kapitulutan egituraturik, eta horien alderik esanguratsuenak besterik ez dugu aditzera emango.

Lehen kapituluan, egileak bi kontzeptu aztertzen ditu: ekonomia itzultzea eta ekonomiaren hizkuntza, hainbat aldagai, errealitate eta interpretazio kontuan, nozio horiek biak definitu ahal izateko erreferentziazko marko gisara. Interesgarri gertatzen da, oso, ekonomiaren hizkuntza kontzeptua: a) adiera zabalean (jakintzagai eta lanbide den aldetik, ekonomiaren hitzezko adierazpenak direla bide) eta b) adiera hertsian, bai eta izendapenek hizkuntza horri esleituriko etiketekin duten erlazioan (ekonomiaren hizkuntza / hizkuntza akademikoa eta negozioetako hizkuntza / profesionalon hizkuntza) ere, komunikazio egoeraren arabera.

Bigarren kapituluan, ekonomiaren eremuko itzulpengintza aipatzeko erabili izendapenak aztertzen ditu Gallegok, sakon aztertu ere. Hartarako, definizioak aurkezten ditu, aztergai darabiltzala itzulpengintza mota horretan esku hartzen duten eragileak (sozioekonomikoak, merkataritzakoak) eta entitateak (erakundeak). Ondorioztatzen duenaren arabera, ekonomia itzultzea, kontzeptu moduan, bi modutan defini daiteke (zabala da bat; bestea, mugatuagoa), lehenaren (zabala) alde egin eta, aurrerago, era koherente batean, ekonomia itzultzeari buruzko bibliografiari oratzen diolarik.

Egileak hirugarren kapituluan aztertu legez, bibliografia sailkatzea da ekonomia itzultzearekin zerikusia duten lanak aztertzearen helburua, ekonomiaren alorreko itzulpengintza ezaugarritu eta lanbidezko jardunean nahiz itzultzaileen prestakuntzan sortzen diren arazoak identifikatu ahal izateko haren bitartez. Helburu hori erdiesteko, azterturiko lanen ikergaia darabil irizpide moduan, besteak beste, ekonomiaren terminologia (aldaerak), terminoak sortu eta itzultzeko prozesuak (kultur anisomorfismoa edo kulturarteko asimetria), anglizismoak erabiltzearen gaineko eztabaida, metaforak maneiatzea (ekonomiek eta finantzek gehienik darabilten baliabide erretorikoetako bat) eta zenbait lanen metodologiazko ikuspegia (testu analisia eta dokumentazioa).

Ekonomiazko testuak itzultzeko dokumentazio prozesuaren inplikazioak (dokumentazio iturriak eta eskura diren baliabideak) darabiltza langai laugarren kapituluak, Internet dela baliabide. Dokumentazio iturri primarioen izaerak –linguistikoak, tematikoak eta pertsonalak sailkatzen ditu egileak– erabakitzen ditu kontsulta eta tresna motak, inguru digitalaren arabera. Interes berezia du egileak testu paraleloen erabileraz eginiko analisia, bateko, testuok iturri tematikoa eta linguistikoa diren aldetik, eta, besteko, proposaturiko lan metodologiaren oinarri gisara, eta informazioa egiaztatu beharraz, hainbat faktoreren arabera erabiltzen diren baliabideak osagarri direnez gero.

Marko teoriko-praktiko espezifiko bat lantzen du Gallegok bosgarren kapituluan, testu paraleloak linean erabiltzeko modu kontziente eta estrategikoan ahaltasuna ematen baitio horrek itzultzaileari. Jomuga hori izanik, bilaketa motorrak erabiltzea (Google, batez ere) eta bilaketa ekuazioak formulatzeko hainbat bide aztertzen ditu egileak, bai eta testuak berreskuratzeko tresnak eta aplikazioak analizatu ere. Horra zergatik den baliagarri egileak proposaturiko eredua ––corpusaren linguistika du-eta harrointzat––, bai testu paraleloak bilatu eta kontsultatzeko (web as corpus) bai ad hoc corpusak konpilatu eta ustiatzeko ere (web for corpus).

Azken bi kapituluetan, proposaturiko metodologia nola erabili erakusten du egileak, guztira zortzi kasu praktiko bitarte direla (gaztelaniatik frantsesera eta alderantziz itzultzeko). Testu paraleloak bilatu eta kontsultatzeko web as corpus metodologiaz argi egiten dute seigarren kapitulura bildutako sei kasu praktikoek. Kasuek bina azpiatal dituzte: lehenengoan, bilaketa ekuazioak formulatzeko metodologia azaltzen du –gako hitzak, lekuak, izenburuak, testu elebidunak eta norberaren beharren araberako bilaketak–, webeko testu paraleloen multzoa mugatu ahal izateko; bigarrenean, testu paraleloak ustiatzearen gaineko zenbait adibide aipatzen ditu, itzulpen arazo eta zailtasunak ebazteko asmoz.

Testu paraleloak web for corpus delakoaren bidez nola berreskuratu erakusten du zazpigarren kapituluan, bina ataletan banaturiko beste lau kasu praktikoren bitartez. Lehenengoan, webetik testu paraleloak berreskuratu, deskargatu eta corpusak ustiatzeko aplikazioek irakurtzeko moduko formatu batera itzultzeko metodologia aurkezten du (testu mugimenduen nomenklatura; izenburuak eta emaitza deskargatzea; lekua eta URLa deskargatzea; gako hitzak eta automatizatzea). Corpusak ustiatzeko estrategiak aurkezten ditu bigarren atalean, jatorrizko testuek izan ditzaketen itzulpen arazo eta zailtasunak aztergai.

Liburuaren egitura eta izan litzakeen irakurleak jomuga, ustea dut kapitulu teorikoak (1-3) irakurtzea noraezekoa dela ekonomiaren inguruko itzulpengintza ikertu nahi duten guztientzat. Bestalde, ekarpen baliotsu-baliotsuak dira kontzeptuen eta bibliografiaren berrikusketa zabala zein azterturiko lanen sailkapena, ikertzaileentzat ez ezik, ekonomiaren alorreko itzultzaileak trebatzeko irakasgaiak eta ikastaroak planifikatu eta egituratu behar dituztenentzat ere.

Interes berezikoak dira 4-7 kapituluetan jorratutako ekarpen praktikoak, ekonomiazko itzulpengintzako ikasleentzat eta esparru honetan beharrezko diren gaitasun espezifikorik gabeko itzultzaile profesionalentzat ere (gaiei, kontzeptuei eta terminologiari nahiz generoen testu konbentzioei buruzko ezagutza). Izan ere, lagungarri izango zaio itzultzaileari Gallegok proposaturiko metodologia, gaitasun instrumentalari eta dokumentalari estuki lotua, ekonomia itzultzeak dakartzan arazo eta zailtasunetako asko ebatziko baditu.

Azken buruan, eta egileak berak ezin hobeto dioenez, lan honen bidez, «oraindik ustiatu gabe dagoen meatze» (115. or.) ikus dezakegu ekonomia itzultzea, nahiz itzultzaileak prestatzeari aplikaturiko ikerketaren eremuan nahiz ekonomia itzultzeari buruzko ikerlan deskribatzaileen esparruan (itzultzeko prozedura eta prozesuak). Ausartuko nintzateke gehitzera Gallegok proposaturiko lan metodologia baliagarri dela ekonomia hainbat hizkuntzatatik hainbat hizkuntzatara itzultzeko ez ezik, beste eremu batzuetara (juridikoa, zientifikoa, teknikoa eta abar) estrapolatzeko ere.

Nire iritzian, Gallegok gonburuka lortu du liburua aurkeztean planteaturiko helburuak betetzea, gaur egun ekonomia itzultzean Internetek eta corpusaren linguistika aplikatzeak duten garrantziarekin bat. Lan ondo egituratu baten bitartez, agerian geratu dira egilearen ikerlan zehatz eta zorrotz honen emaitzak, teoriazko oinarri sendo baten jabea izateaz gain, guztiz praktikoa ere baita.

Azkenik, zinez espero dut Daniel Gallegoren ekarpen esanguratsu honi buruzko lerrotxo hauek lagungarri gertatzea liburuak merezi duen zabalkundea lortzeko.


1TRACE (Traducciones censuradas) ikerketa proiektuaren helburua Francoren diktadura garaian zentsurak itzulpenen argitalpenean izan zuen eragina aztertzea da. Tartean, euskaraturiko lanen azterketa egin dute (http://www.ehu.eus/trace).