Ekonomia linguistikoaz (I)
Ekonomia linguistikoaren gaia bi partetan landu du artikulugileak, eta artikulu hau parte horietako lehena da. Bertan ohartarazten da ezen, hizkuntza nagusiki komunikazio-tresna bat baldin bada, beste edozein tresnak bezalaxe erosotasun bat eskaini behar diola erabiltzaileari. Eta eroso izateko, hizkuntzak nahitaez men egin behar dio ekonomia linguistikoaren irizpideari, esaten zaigunez. Artikulugileak ekonomia linguistikoari buruzko nozio bat proposatu, euskarazko testugintzan alboratua dagoen irizpidea dela salatu, eta alboratze horretatik eratortzen diren problema nagusiei buruzko ikuspegi bat ematen du, euskaratiko eta zenbait erdaratatiko adibide ugari erabiliz.
1. Sarrera
Gaur egun maiz aipatu ohi da ingelesez usability edo user-friendly eta gaztelaniaz usabilidad hitzen bidez adierazten den ezaugarria; hots, dena delako gailu edo baliabide batek erabiltzaileari eskaintzen dion erabilerraztasun edo erabilera-erosotasuna.
Bada, artikulu honetan, hausnarketa egin nahi dugu euskarazko testuek ere user-friendly izateko daukaten gaitasunari buruz. Zehazkiago esanda: gaitasun horretan ekonomia linguistikoaren irizpideak daukan eraginari buruz.
Uxa dezagun karikaturizatze-tentazio oro berehala: euskara user-friendly baten alde agertuz, ez dugu aldarrikatzen euskara artifizial, mordoilo edo errazkeriazko bat. Hiztunon hizkuntza- hautabideetan ekonomia linguistikoak duen protagonismo erabakigarriaz ohartarazi besterik ez dugu egin nahi. Horri loturik, kezkatzen gaitu ekonomia linguistikoa dela-eta euskararen araugintzan, hiztegigintzan eta testugintzan sumatzen dugun axola txikiak.
Ekonomia linguistikoari buruzko azterlan honen luzea dela-eta, bi partetan banatu behar izan dugu. Irakurleak esku artean duen lehen parte honetan, "ekonomia linguistikoa" nozioa zehazten ahaleginduko gara eta, jarraian, euskarazko testuek ekonomia linguistikoari dagokionez gure ustez dituzten bi problema nagusiak jorratuko ditugu atal banatan, bai euskaratiko bai beste hizkuntza batzuetatiko adibide ugari ere emanda, erakusgarri. Bigarren partea datorren urteko Senezen alean argitaratzekoa da, eta interes bereziz jorratu nahi dugun gai bati eskainita dago: linguistikoki ekonomikoagoak diren testuak sortzen lagundu ahal diguten euskararen baliabideak.
2. Ekonomia linguistikoa. Kontzeptu-proposamen bat
Ekonomia linguistikoari monografikoki eskainitako liburu edo artikulurik irakurtzea ez zaigu suertatu. Gehienez ere, han-hemenka eginiko bidenabarreko aipamen batzuk. Eta horietan ere, gehiago dirudi ekonomia linguistikoa bitxikeria mesedegarri baina guztiz hautazko bat bezala tratatua izan dela, beste zenbait irizpideren maila berekotzat, ezen ez, ondoko lerroetan argudiatzen saiatuko garenez, hizkuntza-portaera askoren faktore egiazki erabakigarri bezala.
Bestalde, aipamen horietan gauza jakintzat tratatua topatu dugu "ekonomia linguistiko" nozioa. Alegia: izendatua ikusi dugu, baina ez definitua. Aztergaiari buruzko ideia argi batetik abiatu gabe nekez egin dezakegunez azterlanik, jarraian ekonomia linguistikoaren kontzeptu bat eraikitzen ahaleginduko gara, gure oharpen enpiriko ezinbestez mugatuetan oinarriturik.
Zeri deitzen diogu "ekonomia linguistiko"? Gure ustez, ratio bat da, adierazitako informazio-kantitatearen eta adierazpen horretan erabilitako "hizkuntza-kantitate"aren artekoa. Hots:
non E.L.= ekonomia linguistikoa; I.K.= informazio-kantitatea; H.K.= hizkuntza-kantitatea
-
Informazio-kantitatea. Kontzeptu honek ez du –pentsatzen dugu inolako ulermen- arazorik sortzen. Bertan sartzen dugu kasuko esakunearen mezuak ematen duen maila guztietako informazioa: bai lexikoa, bai gramatikala.
-
Hizkuntza-kantitatea. Bi neurkizun ezberdin bildu ditugu kontzeptu honen gerizpean, beste hainbeste ikuspegi ezberdini dagozkienak:
a) Kasuko espresioaren material fonetiko/grafikoaren kantitatea: ahozko hizkuntzan, material fonetikoaren kantitatea (hots, fonema kopurua); idatzizkoan, material grafikoaren kantitatea (alegia, letra kopurua).
b) Kasuko espresioaren hitz-kopurua; edo, zehazkiago esanda, espresio hori hitz batez ala hitz gehiagoz osatuta egotea: dela hitz bat erabiltzea ala horren ordez perifrasi bat erabiltzea erabakitzeagatik, dela espresio bat eta bera –letra-kopuru finko batez osatua– hitz batean ala gehiagotan bereizia idazte hutsa erabakitzeagatik. Hizkuntza- elementuen elkarjokoaren ikuspegitik, hitz-kopuruari buruzko erabaki hori, gure ustez, aitortu izan zaion baino munta askoz ere handiagokoa da.
Ekonomia linguistikoari dagokionez identifikatu ditugun bi problema nagusiak, ekonomia linguistikoaren "etsai" deritzegunak, astuntasuna eta konbinagaiztasuna dira, eta hizkuntza-kantitatearekin loturik daude; zehazki, material fonetiko/grafikoaren kantitatearekin eta hitz- kopuruarekin, hurrenez hurren.
Problema horiek azaltzeari ekin aurretik, ondo azpimarratuta utzi nahi genuke ezen, ekonomia linguistikoari eman diogun ratio izaeratik segitzen denez, linguistikoki ekonomikoen jotzen dugun esapidea ez dela informazio gutxien ematen duena, baizik eta informazio-kantitate bera emateko hizkuntza-kantitate txikiena erabiltzen duena.
3. Ekonomia linguistikoaren etsaiak (1): astuntasuna
Espresio bat astuna dela jotzen dugu behar baino material fonetiko/grafiko gehiago darabilenean esanahi bat eta bera adierazteko. Astuntasunaren ikuspegitik ere, esanahi berbera adieraztean hizkuntza batek eta beste batek darabiltzaten espresioak konpara daitezke. Hala hizkuntza beraren barneko nola hizkuntza ezberdinetako espresioak konparatzen ditugunean, ikusiko dugu esanahi berbera adierazteko arinenak direnak linguistikoki ekonomikoagoak direla astunenak baino.
Bada, sumatu uste dugu euskarazko testugileari kasuko erabakigunetik markatzen zaizkion soluzioek maizegi ekonomia linguistikoaren kontrako norabidea hartzen dutela. Eta hori kezkagarria iruditzen zaigu, horrek esan nahi duelako ezen, informazio-zama bereko mezuak helarazteko edo adierazteko, euskarazko testuek beren erabiltzaileei erosotasun gutxiago eskaintzen dietela beste hizkuntza batzuetakoek berenei baino.
3.1. Perifrasiak
Deigarria da beste hizkuntzetako hitzen euskarazko ordain gisa ez hitz bat, baizik eta perifrasi bat ematen zaigula askotxotan; bai hiztegietan, bai euskarazko testuetan.
Perifrasi batek, printzipioz, material fonetiko eta grafiko gehiago izan ohi du hitz solte batek baino. Horrela, ba, A hizkuntzan perifrasiak erabiltzeko joera handiagoa baldin badago B hizkuntzan baino, horrek esan nahi du A hizkuntzak gehiagotan jotzen duela linguistikoki ekonomikoa ez den baliabide batera B hizkuntzak baino.
Konprenigarria da jatorrizko hizkuntzako hitzaren euskarazko ordain finkaturik ez dagoenean itzultzaile batek perifrasi bati hel egitea, unean uneko irtenbide bezala, baldintzarik ikusten ez duenean euskarazko ordaina bere kasa erabaki ahal izateko.
Hiztegigintza- edo terminologia-politika orokor bezala, ordea, kezkagarria iruditzen zaigu hitz solteak erabiltzearen onargarritasun-maila berekotzat jotzea perifrasi-erabilera. Beste hizkuntza batek hitz bakarra erabiltzen duen tokian euskaraz perifrasi bat ematea gehienetan izango da baliabide astunago bat eskaintzea. Hori joera bihurtzea, beraz, ekonomia linguistikoaren aurkako joera bat ezartzea da. Etxekalte hutsa, ezen irtenbide horrek dakarren emaitza da, azken batean, euskaldun bat bere hizkuntzan askoz gehiago nekaraztea beste hizkuntza horretako hiztuna baino, azken batean batak nahiz besteak esanahi bera darabiltenean. Horrela, ba, hitz bakar baten bidez perifrasiak erabiltzeko joerak paralelismo handia du akronimoen ordez letra guztiak idazteko balizko joera batekin. Korrikaldi batean kurbaren kanpoaldeko korrikalariak barnealdekoak baino dezente gehiagoko lana egin behar izaten duenean bezalaxe. Adibide batzuk:
-
agroforestal: nekazaritza eta basozaintzako / montonera: multzoan erortze / país emergente: garatzeko bidean dagoen herrialde / vitivinícola: mahastizaintzako eta ardogintzako
Ildo horretan, gure desadostasuna agertu nahi genuke iaz 31 eskutik blogean Bakartxo Arrizabalagak crudivegano hitzaren euskarazko ordain izateko eginiko proposamenarekin1: gauza bat da proposamen hura (crudivegano= haragirik ez eta dena gordin jaten duena) unean uneko irtenbide gisa erabiltzea, eta beste gauza bat, crudiveganoren euskarazko ordain finko gisa perifrasi hori hiztegietaratzea.
Bestalde, hizkuntza batean hitz bakarrean agertzen zaiguna perifrasi bidez euskaratzen dugunean, ekonomia linguistikoaren aurka joateaz gain, jatorrizko hizkuntzan agertzen zaigun kontzeptua lausotu eta are desegin egiten dugu: zerbait izendatzeak zerbait hori errealitate bezala identifikatzen du (gogora dezagun euskaraz maiz egiten dugun izena/izana hitz-jokoa), eta hiztegian jasota egoteak erakusten du kasuko hizkuntzak zerbait horren kontzeptualizazioa egina daukala.
-
Donostiako udal-autobus batean ikusitako idazkuna:
Capacidad máxima: 2 sillas
Gehienez bi aulki sar daitezkeBi esaldiek esanahi praktiko bera dute; horretan, ados. Baina hori ikusita pentsa liteke euskaraz ez dagoela capacidad máxima kontzeptua ematerik. Konparazio baterako, distancia máxima: 2 metros esateko gehienez bi metro utzi esango bagenu bezala, gehienezko distantzia kontzeptuaz zurztuta.
-
2012ko urriaren 29an The New York Timesen webgunean aurkitua:
Though people click on mobile ads more than on desktop ads, advertisers wonder whether that is because of what they call the "fat-finger effect" –accidental clicks on tiny touch screens.
Ikusten denez, fat-finger effect izena "etiketa" bat bezalakoa da, zeinak, jendartean ezagutarazi ondoren, edukiari buruzko esplikazio xehatu hori eman beharraz (accidental clicks on tiny touch screens) libratzen baikaitu.
-
Antzeko jokabidea izan zuten ez oso aspaldi Espainiako hedabideek, beren izenburuetan behin eta berriro Eurovegas izenera jotzen zutenean (erabat ez-ofiziala, antza denez), gero testuaren gorputzean macroproyecto de ocio y casinos gisa deskribatzen zutena izendatzeko.
-
Hurrengo adibidean, argi ikusten da zenbatez astunagoa gerta daitekeen izenei ihes egiten dien irtenbidea, izenak erabiltzen dituena baino: Se podrán designar suplentes para los casos de vacante, ausencia o enfermedad.
Ordezkoak ere hautatu ahalko dira, kargua hutsik dagoenerako, edo titularra ez dagoenerako edo gaixorik dagoen kasuetarako.
-
Nafarroako Parlamentuko areto batek sala polivalente izena du gaztelaniaz. Bertako itzultzaileok erabilera anitzeko areto ordaina eman genuen euskararako. Baina polivalente beti izango da arinagoa erabilera anitzeko baino. Balioaniztun erabili ahalko genuen, baina susmoa dut gaztelaniarekiko morrontza gaizki ulertu batean ez erortzearen irrika batek horretarako kemena aienatu zigula.
Perifrasien astuntasunaren beste erakusgarri bat:
-
J. K. Rowling-en A Casual Vacancy nobela Eserleku hutsa tituluarekin dago euskaratuta. Ez zaigu titulu txarra iruditzen, eta, bestalde, beste hizkuntzaren batean ere itzulpen hori eman zaiolakoan gaude.
Dena den, euskaratze-hautu hori ez da problemagabea. Kontua da euskaraz bi hitz erabili direla ingelesezko vacancyren esanahia agortzeko: eserleku substantiboa eta hutsa adjektiboa. Ingelesezko vacancy hori, substantibo izaki, libre gelditzen zen adjektibo bat hartzeko, eta egin ere horrelaxe egin du, casual hartuz. Euskaraz, ordea, eskuak lotuago gelditzen dira casualen esanahiko adjektibo bat gehitzeko, eserleku izenak lehenagotik ere hutsa adjektiboa baitakar loturik. Horrela, ba, eserleku huts perifrasia erabiliz gero, bi aukera gelditzen ziren, baina biak problematikoak: edo casualen esanahia euskaraz gehitzea, baina titulua dezente zamatuz (Ustekabeko eserleku hutsa? Bat-bateko eserleku hutsa? Eserleku huts eta kasuala?2...…) edo tituluaren naturaltasuna lehenestea, behartu-kutsu hori izan ez zezan; baina, horretarako, informazio bat (casual horrek adierazten duen askoa nahiz gutxia) isilduz.
Baldin eta posible izango balitz vacancy hori euskaraz hitz bakar batekin eta ez birekin adieraztea, hitz horri casual adjektiboaren esanahia erabateko aisetasun eta naturaltasunez erantsi ahalko litzaioke.
Perifrasiei buruz ari garela, ezin aipatu gabe utzi horiek saihesteko baliabide garrantzitsuenetako bat: hitz eratorriak. Halakoak dira aurrizkiak, artizkiak eta/edo atzizkiak gehituz osaturikoak3 (euskaraz, dena den, hitz eratorri gehienak atzizkien bidez eraikitzen dira). Alta, euskarazko testuetan eta termino-bankuetan haiekiko mesfidantza bat-edo sumatzen dugu, hitz eratorriak gutxiago erabiltzeko eta perifrasiak lehenesteko joera bat. Badakigunez, horren kaltetua ekonomia linguistikoa da, bai perifrasien astuntasun erlatiboagatik bai laugarren puntuan ikusiko dugun konbinagaiztasunarengatik. Astuntasunari dagokionez, hona adibide-mordo bat:
-
Autoempleo esateko, nork bere lana sortze dio Euskaltermek; zorionez, autoenplegu ere jasotzen du.
-
Medikuntzaren alorra hitz eratorrietan bereziki joria agertzen zaigu gure inguruko hizkuntzetan. Baina Euskalterm-ek antirretroviral-erako erretrobirusen kontrako ematen du (erretrobirusaurkakoren ordez, esate baterako); eta pluricelular esateko, zelula anitzeko (askoz praktikoagoa iruditzen zaigu zelulaniztun). Zorionez, hitz bakarreko adibideak ere aurkitu ditugu: intravenoso = benabarnetik (pixka bat harritzen gaitu benabarneko ez agertzeak); intramuscular = muskulubarneko; inmunodeprimido = immunodeprimitu. Asko dira, halere, lerro hauek idazten ari garenean oraindik eskaintzen ez dituenak; adibidez, intradérmico, polimedicado, pluripatológico, cardiosaludable, cardiorrespiratorio, intraoperatorio, transuretral... eta bereziki aipatu nahi dugu duela gutxi irakurritako albiste bateko polipíldora4. Erabakiko ahal da haien ordain gisa perifrasirik ez ematea!
-
Infraestructura esateko problemarik gabe erabiltzen badugu azpiegitura, sistematikoki erabili ahal izan beharko genuke azpi- aurrizkia infrautilización ere esateko: azpierabilera, adibidez. Eta infrautilizar, azpierabili (gutxiegi erabili perifrasiaren ordez).
-
Nolanahi ere, euskaraz ez gaude hitz eratorrien bide hau urratzen hasi berriak. Gure faboritoetako bat da esneari buruz aspaldi samarretik erabiltzen den erdigaingabetu. Beste batzuk, elkarbizitza eta elkarlana. Eta atzeraelikadura5. Gogoko dugu hitz bakarrean idatzita etortzea graduondoko, UEUren webgunean eta Euskaltermen. Zehazki hiztegiak, ordea, aukera ematen du: graduatu ondoko ikastaro nahiz graduondoko ikastaro.
Euskarazko lexikoa eta terminologia lantzen jarraitu ahala, ziur gaude perifrasi-erabileraren beherakada mesedegarri batera iritsiko garela, euskarazko testuen arintasunaren onerako eta euskararen erabiltzaile ororen erosotasunerako.
3.2. Arau antipraktikoa, arau antipatikoa
Ulergarria da erabakitzen zaila izatea hizkuntza batean zer den okerra eta, hiztunen ohiturek hizkuntza hori eboluzionarazi izanaren ondorioz, zer pasatu den onargarri izatera. Baina hiztunen artean de facto hedatu den erabilera batek ekonomia linguistikoa iritsi nahiari erantzuten dionean, erabilera hori gaitzestea, aplikazio zailekoa ez ezik, hizkuntzaren logikaren kontrakoa ere badela esango genuke.
Horixe gertatzen da, gure ustez, zenbait arau eta jarraibiderekin.
Adibide bat jartzearren, har dezagun Euskaltzaindiaren laugarren araua, zeinak hobetsi egiten baitu (azpimarra dezagun, bidenabar, "hobetsi"egiten duela, eta ez derrigorrezkotzat ezarri), erakusle bat guzti hitzarekin egokitzen denerako, aurretik erakuslea eta jarraian guzti jartzea, biak deklinatuta. Horrela, adibidez, guzti honekinen aldean hobestekotzat jotzen du honekin guztiarekin.
Euskaltzaindiak berak ematen duen azalpenaren arabera, guzti + erakusle deklinatua egitura XVIII. mendean agertu eta hurrengoetan indartzen joan zen, XX. mendearen bigarren erdialdean Hegoaldean nagusitasuna lortu arte.
Alde batera utzita zenbateko harridura sor dezakeen, denetariko hizkuntza-fenomenoen kronologiei begiratuta, hainbesteko denbora-epe batek Euskaltzaindiaren aintzatespenik merezi ez izateak kasuko egiturari ateak zabal-zabalik irekitzeko, kontua da badagoela, esango genuke, denboraren iragate soila baino arrazoi pisutsuagorik "guzti" deklinatugabea + erakusle deklinatua egituraren onargarritasuna aitortzeko: dezente arinagoa da erakusle deklinatua + "guzti" deklinatua egitura baino. Konparatu, adibidez, guzti honekin / honekin guztiarekin, edo guzti honentzat / honentzat guztiarentzat. Egitura "tradizionala" deituko dugun horretan bi hitzak deklinatzen dira, eta hori astungarri baizik ez da gertatzen.
Hori horrela, ez al da zilegi pentsatzea Hegoaldean egitura horrek izan duen bilakaera ez dela izan inolako zabarkeriaren ondorioa, baizik eta ekonomia linguistikoaren beharkizunena?
Kontuan harturik, gainera, Hegoaldeko bilakaerak ez duela inolako esanahi-galerarik ekartzen, eta gehiengo batek bereganaturiko erabilera dela; alegia, ez laborategi-sorkari bat.
Inspiraziorako balio dezake ikusteak zer zioen Sir Ernest Gowers-ek, ingelesezko testugintzari begira idatzitako liburu ospetsu batean6, whose erlatibozko izenordainaren erabilerari buruz:
-
There is a grammarian's rule that whose must not be used of inanimate objects: we may say "authors whose books are famous", but we must not say "books whose authors are famous"; we must fall back on an ugly roundabout way of putting it, and say, "books the authors of which are famous".
(…)
The rule is so cramping and so pointless that even the grammarians are in revolt against it. (…) Fowler said:
Let us in the name of common sense prohibit the prohibition of whose inanimate; good writing is surely difficult enough without the forbidding of things that have historical grammar and present intelligibility and obvious convenience on their side, and lack only-starch.
Aplikagarritasun franko ikusten diogu Gowers-ek jasotako Fowler-en aipamen horri.
3.3. Maileguak eta beste
Zuzenean adibide bati helduko diogu: baldin eta gaitzesgarritzat jotzen bada euskaraz fracking mailegua erabiltzea (eta ez gara orain horrelako eztabaida batean sartuko), ekonomia linguistikoaren printzipioak aholkatzen du euskal hiztunari fracking hitzaren potentzia bereko hitz "bat" eskaintzea, eta ez haustura hidrauliko bezalako espresio konposatu bat, zeinak, bere astun eta, bidenabar esanda, hits samarrean –izendapena espresio definitzaile baten bidez egiten denetan gertatu ohi den legez–, hasieratik baitauka galduta lehia frackingen labur-zehatzaren aldean. Eta beste hainbeste esan dezakegu gaztelaniarako gomendatzen den fractura hidráulicari buruz. Egiazko erabilera zein den ikusi besterik ez dago. Zabarkeria tarteko? Esnobismoa? Ekonomia linguistikoa, esango genuke.
Gaztelania aipatu dugunez, deigarria gertatzen zaigu nola hizkuntza horretan ere koska handi samar bat daukagun, esparru horretako arau- edo gomendio-emaile diren erakundeek ere –antza denez– ekonomia linguistikoa beren lehentasunen artean ez sartzeagatik.
-
Adibidez, Fundéu-k autogol hitza oso gogoko ez7, eta haren ordez zer eta gol en propia puerta/gol en propia meta bezalako espresio astun eta kankailua proposatzen du.
Miniaturizazioak zientziaren eta teknikaren alorrean ekartzen dituen abantailen parekoak dira ekonomia linguistikoak adierazpenari ekartzen dizkionak.
-
2014ko azaroan EEBBetan agintaldi-erdiko hauteskundeak egin zirenean, Espainiako hedabide ugaritan elecciones "midterm" izendapena erabili zen. Hori ikusirik, Fundéuk laster oroitarazi zuen8 hobestekoa zela elecciones a mitad de(l) mandato. Hedabide horiek zabarkeriaz edo esnobismoz jokatu zuten midterm mailegua erabiltzean? Hori baino gehiago, esango genuke askoz ere arinagoa eta erabilgarriagoa iruditu zitzaiela midterm hitza, bere mailegu-izaera eta guzti, a mitad de mandato perifrasi astuna baino.
-
Ekonomia linguistikoak esplikatzen du ingeles pixka bat dakienari last but not least espresioa erabiltzeko tentazioa hain aise etortzea: ez dirudi euskaraz nahiz gaztelaniaz espresio finkorik dagoenik, ingelesezkoaren esanahia hizkuntza-kantitate berean ematen duenik.
Baina ekonomia linguistikoak norabide guztietan funtzionatzen du, horretarako bidea egon bezain laster:
-
2011ko urrian Frantziako Tolosan izandako ekitaldi batean Nafarroako Gobernuko lehendakari Yolanda Barcinari jaurtiki zizkioten tarten aferaz eta hortik eratorritako epaiketaz informatzean, gaztelaniazko albistegietan dezente zabaldu zen los tartalaris espresioa, tarta-jaurtikitzaileei buruz hitz egiteko. Arintasunagatik, eta arrojadores de tartas edo antzeko espresio astunek arrakasta izateko inolako baldintzarik betetzen ez zutelako? Baiezkoan gaude.
Euskaratiko beste adibide bat jartzearren, ez oso aspaldi talogiles solidarias ikusi genuen idatzita. Ez da harritzekoa: talogile esateko, nekez burura dakiguke arintasunaren ikuspegitik euskarazkoaren parekoa den gaztelaniazko izendapenik.
-
Eta gauza bera esan dezakegu gaupasa, gaztetxe edo garbigune bezalakoek gaztelaniadunen artean erakusten duten itsaskortasunaz: linguistikoki ekonomikoak dira oso, arintasuna dutelako.
-
Adierazpen-erosotasun horren bilaketak esplikatzen du, kasu askotan, "latinkada" ugariren gaur egungo biziraupena. Ceteris paribus edo mutatis mutandis bezalako esaerek, idazki formaletan aurkitzen badira ere, ekonomia linguistikoan dute justifikazioa: zaila iruditzen dugu –iritziz aldatzeko prest gaude, nolanahi ere– gaztelaniaz edo euskaraz horien esanahi guztia hizkuntza-kantitate berarekin adieraztea.
3.4. Begi txarrez ikusitako batzuk9
Jarraian, hautaketa labur bat egin dugu, gaitzetsita egon arren euskarazko hiztunen artean oso zabalduta dauden hitz batzuena. Hitz gaitzetsi horiek lortu duten arrakasta esplikatzeko arrazoi ezberdinak aurki daitezke, nahiz eta hizkera mordoiloari buruzko arrangurak, oro har, diskurtso ofizialean aski nagusituta dauden.
Kontua da, baina, hitz gaitzetsien ordez erabiliak izateko proposaturiko espresioak galtzaile gertatzeko ezaugarri perfektu batekin plazaratzen direla: astunagoak dira hitz gaitzetsiak baino.
Ikus ditzagun:
Magisteritza: Hiztegi Batuak baztertu egiten du, eta horren ordez, irakasle ikasketak agintzen. Ikusten denez, Euskaltzaindiak aldezten duen espresioa dezente astunagoa da aurkatzen duena baino. Zer esanik ez, magisteritzako ikasleren ordezko gisa irakasle ikasketetako ikasle nahaspilatua edo irakasle ikasle paradoxiko eta lausoa esatekoak bagara (irakasle den ikasle? ikasle den irakasle?). Bestetik, astuntasuna saihestu nahia ez bada jotzen, bere horretan, behar besteko defentsa-arrazoitzat magisteritzaren alde, argudia liteke, horretarako gogo pixka bat izanik betiere, latinezko magister hitzaren eta euskarazko -tza atzizkiaren baturak ez lukeela zertan oso aldendurik egon magisteritzatik. Baina, hala eta guztiz ere, magisteritza ez bada onartzen, horren ordez euskaraz ez dago zertan hitz astunagorik proposatu: hor dugu, adibidez, irakasletza.
Komisaldegi: Hiztegi Batuak gaitzetsi egiten du. Horren ordez polizia(-)etxe erabili behar dela dio. Baina komisaldegi ez da euskal jendartearen hizketatik desagertzen. Pentsatzekoa da polizia-etxe baino arinagoa eta trinkoagoa izateak horrekin zerikusia izan dezakeela.
Merkatalgo eta nekazalgo: biak onartuta daude Hiztegi Batuan. Alabaina, ez zaie, antza, oso produktiboak izaten utzi: adibidez, merkatalgune hitzak bide luze samarra egina zuen arren, merkataritza-gune jasotzen da Euskaltermen; halaber, nekazalturismo hitzak, hiztunon artean izan duen eta egun ere duen arrakasta gorabehera, ulertzen ez dugun halako etsaitasun bat piztu du, nekazaritza-turismo erabili nahiago izan duena. Euskaltermen jasotako landa-turismori ez diogu eragozpenik ikusten, baina deigarria da nekazari edo nekazaritzarekin eginiko hitz-elkarte guztietatik kanpo utzita dagoela nekazal. Adibidez, nekazaritzako ekonomia agertzen da, eta ez nekazal ekonomia.
Ikusten denez, astuntasunaren aldeko apustua egiten da, eta horrek esan nahi du galtzaile- baldintzekin jendarteratuak direla hainbat espresio.
Ez dugu oso ondo ulertzen zer duten txarretik merkatal- eta nekazal- hasierek: merkatalgo eta nekazalgo hitzez gain, Hiztegi Batuan onarturikoak dira, adibidez, abeletxe, abelbide, abelburu... edo bazkalaurre, bazkalondo eta bazkalordu (eta ez abere-etxe, abere-bide; edo bazkari-ordu, bazkari-ondo).
3.5. Neologismoak
Izanari izena emateko premia hain da naturala non, hitz jatorrik ez dagoenean, neologismoetara jotzea ontzat hartzen den. Hori, noski, ekonomia linguistikoaren mesedetan da, eta perifrasien astuntasuna saihesteko balio du.
Jarraian, gaztelaniazko hitzen zerrenda bitxi bat jaso dugu. Egunkarietan aurkitu ditugun adibide deigarri batzuk dira. Kasurik gehienetan hitz asmatu justifikatuak iruditzen zaizkigu, hitz-astuntasunaren mamuak eragiten duen ihesaren erakusgarri:
-
Alemania planea un permiso de "abuelidad". Los mayores podrían compaginar el trabajo con el cuidado de los nietos. (El País, 2012ko apirilaren 14koa).
-
Si el propio candidato Alfredo Pérez Rubalcaba atisbará la hecatombe, (…) que en las últimas horas se ha apresurado a anunciar un aumento de las pensiones y de los sueldos de los funcionarios cuando el Gobierno que vicepresidió10 hasta hace prácticamente unas semanas ha operado justo en la dirección contraria. (Diario de Noticiasen editoriala, 2011ko irailaren 28koa).
-
El centro okupado del barrio barcelonés de Sants (El País, 2014ko ekainaren 1ekoa).
-
El "saltonauta" rompió la barrera del sonido a más velocidad de lo que se creía (El Mundo, 2013ko otsailaren 5ekoa).
-
Unos "aluniceros" (ladrones que empotran un coche contra las lunas de un establecimiento) saquearon el depósito de drogas de Málaga (El País, 2013ko apirilaren 19koa).
-
Ya hay 23 afectados, y el gobierno catalán espera que en los próximos diez días se produzca un "degoteo" de casos (legionellari buruzko albiste bat, El Mundo, 2014ko irailaren 17koa).
-
La desimputación de la infanta (hedabide guztietan, nahiz eta hitza ez dagoen DRAEn jasoa).
-
Austericidio dezente hedatu da; halere, ematen zaionaz bestelako esanahi bat duela11 ohartarazi da. Argudio pisutsua da; alabaina, ez litzateke izango literalki duen esanahiaz bestelako bat ematen zaion lehen hitza (gogoan izan, adibidez, tarjeta prepago ez dela "ordainketaren aurreko txartela", baizik eta "aurretik ordainduta dagoena"). Fundéu- ren argudioarengatik-edo, políticas "austeritarias"ere erabili izan da (Le Monde Diplomatique en español, 234. zenbakia, 2015eko apirilekoa).
-
Un país que necesita desesperadamente divisas para atender milmillonarios vencimientos de deuda (El País, 2012ko urriaren 2koa, editoriala).
-
La multioscarizada película de Spielberg. Oso gogokoa dugu hitz hori, hitz bakarrean perpaus txertatu bat biltzen baitu –oscar asko jaso dituen–. Hitz horretara iristeko, beharrezkoa izan da, lehenbizi, oscarizar aditza sortzea (ez dago DRAEn jasota); eta gero, horri multi- aurrizkia gehitzea.
Hiztegiarekiko askatasun horrekin jokatzera ausartuko al ginateke euskarazko testu batean? Batetik, testu biziagoak lortuko genituzke, batzuetan darien zurrunkeria eta histasunetik urrunduak. Eta arinagoak, noski.
Zerrendan idatzita geneuzkan beste hiru adibide (papable, ministrable eta infartado) DRAEn jasota aurkitu ditugu. Beste adibideetako hitzak ere horretarako bidean ote?
3.6. Nominalizazioa
Euskaraz, nominalizazioak prentsa txarra du. Idazkera-liburuetan "nominalizazio" hitza aipatua ikusi izan dugunetan, kasurik onenean haren erabilera murriztu zedin dei egiteko zegoen aipatua. Hori horrela, ez da harritzekoa testugileon artean finean "nominalizazioa kanpora" ideia gailendu izana.
Adibidez, Joskera Lantegi liburu entzutetsuan12, haren autoreak, Juan Garziak, kritikatu egiten du euskaraz nominalizazioa erabiltzea, baina nominalizaziotzat ulertuta ez aditz edo adjektibo baten izen-bihurtzea, baizik eta tankera honetako nominalizazioa (Garziak baliatutako adibideari heldu diogu):
-
El juez ha decretado su ingreso en prisión
Epaileak haren kartzelaratzea/kartzelarakuntza (kartzelaraketa…) agindu du.Alegia, honako ezaugarri hau13 duena:
(…) ZER dekretatu duen galdera inplizitoari erantzuten dion konpletiboa, perpausez osatu ordez, IS (izen-sintagma) tankerako egituraz erantzutea da estilo horren neurria "que sea ingresado>su ingreso".
Horrenbestez, oinarrizko definizio batera iristen gara: perpaus bat ordezkatzen duen IS berezi horri deituko diogu hemen NOMINALIZAZIOA14. Hemen, diot, zeren askotan pieza lexiko soila izendatzeko erabili da maiz: "ingreso".
Definizioa hala egitea ez da gure aldetik txikikeria terminologiko baten gora-behera, funtsezko zerbait baizik. "Ingresar" aditzetik "ingreso" ateratzea hiztegi eta morfologia kontu hutsala baita, benetan perpaus oso horien aldakuntza orokorrean gertatzen denarekin parekaturik. - Bada, horrelako nominalizazioekin topo egitean, jokabide hau aldezten du:
-
Taxuz euskaratzeko, beraz (…), desmontatu egin beharko dira nominalizaziook gehienetan, oinarrizko perpausak agerrarazteraino15.
-
Horretarako, mamu inozoak uxaturik, euskarazko zein erdarazko parafrasiz baliatu beharko dugu baliokide egokienen bila (…)
Alegia: perpaus oso bat izen sintagma baten bidez ordezkatzeak dakarren arintasuna –eta, beraz, ekonomia linguistikoa– ospatu eta horri etekina ateratzen saiatu ordez, nominalizazio horiek desmuntatzeko esaten zaigu,"oinarrizko perpausak agerrarazteraino". Motibo gutxi dakusagu, ekonomia linguistikoaren ikuspegitik, perpaus-agerrarazpen horrekin laketzeko.
Nominalizazio horren "antieuskaltasuna" zertan datzan ez dugu ulertzen, eta horri buruzko esplikaziorik ematen denik ere ez dugu ikusi.
-
Juan Garziari ez badiogu oker interpretatu, se fomentará la revalorización social de esta actividad esaldian, adibidez (adibidea gurea da), revalorización social ezingo genuke euskaraz nominalizazio baten bidez eman, eta horren ordez azpiko perpausa azaleratu beharko genuke: se fomentará que la sociedad revalorice esta actividad. Euskaraz, honelako zerbait: gizarteak jarduera hori berriro balioets dezan sustatzea.
Eta horrek jadanik ikusi dugun beste kalte bat ere ekartzen du, ekonomia linguistikoarentzakoaz gain: izendapen-txirotzea, gorago perifrasiei buruz aritzean seinalatu dugun berbera. Ezin al dugu "(bir)balioespen sozial" izendapena euskaraz eduki? Eta, baldin badaukagu, zergatik ezingo litzateke sustatu "(bir)balioespen soziala", jokabide edo jarrera gisa? Bada, orduan, nominalizazioa posible da, gure inguruko hizkuntzetan bezalaxe. Berriro ere, "izena eta izana" (edo, agian hobeto, "izana eta izena") bikotearekin topo.
Egiari zor, Kalko okerrak liburuan16 hau ere esaten du Juan Garziak:
-
Aurreko guztiak ez du inolaz ere esan nahi batere nominalizaziorik erabili behar ez denik euskaraz, eta, are gutxiago, abstrakzioari uko egin behar diogunik (!). Bai, ordea, ez dugula bortxatu behar euskara bere moldeen aurka, erdara trakeski imitatuz bere berezitasunik berezienetan ere.
Tamalez, "euskararen moldeak" –kontzeptu lausotxoa, bidenabar esanda–, kasu honetan ere, astuntasunaren eta anti-ekonomia linguistikoaren esparruetara eramanak ikusten ditugu.
Ohartarazi beharreko beste kontu bat da euskarazko testuetan substantiboaren ordez askotan agertzen dela lehenetsirik aditz-izena. Nominalizazioaren ondoriozko substantibo peto- petoarekiko goganbehar batekin zerikusia duelakoan gaude. Kontu horrek ere badu mamirik, baina aipatuta utzi besterik ez dugu egingo17.
Nominalizazioaren beste abantaila bat da, ekonomia linguistikoaren ikuspegitik betiere, adjektibo bat eransteko modua ematen duela, oinarrizko perpausa agerrarazteak ez bezala:
-
Nominalizazioarekin: aldaketa bat izan da > aldaketa kezkagarri bat izan da
-
Perpausarekin: se ha producido un cambio > aldatu egin da. Baina se ha producido un preocupante cambio > aldatu egin da, eta horrek kezkatu egiten nau/gaitu (?): astuna eta, beraz, antiekonomikoa. Testugilea eta testu-hartzailea, biak galtzaile.
Laburbilduz, nominalizazioaren gaitzespena salbuespenekoa izan beharko litzatekeela deritzogu, eta ez euskarazko testuen praktikan dirudienez bihurtua zaigun erregela.
Eta nominalizazioaz ari garenez, agian oso lekuz kanpo ez legoke oroitaraztea, badaezpada ere, nominalizazio hitza bera ere nominalizazio bat dela. Horra paradoxa, gaitzespen-asmoz hitz hori ahotan hain maiz hartzeak eskaintzen diguna. Izanak, berriro ere, izenaren premia.
3.7. Portmanteau emankorraren bidea
Ben Zimmer hizkuntzalariak, 2012an argitaratutako artikulu batean18, Collins hiztegiaren argitaratzailearen ekimen baten berri ematen zuen. Collins-ekoek, antza, jendeari dei egin zioten hitz berriak proposa zitzan, hiztegian jasotzeko. Milaka proposamen iritsi zitzaizkien; lexikografo-talde batek 91 hautatu, eta online hiztegian sartzeko modukotzat jo zituen.
Hautaturiko horietako hiruren berri ematen zuen Zimmer-ek:
-
Floordrobe: "a pile of clothes on the floor that you're forced to select an item from when you've run out of fresh laundry".
Bridezilla: "a woman whose behaviour in planning the details of her wedding is regarded as obsessive or intolerably demanding".
Bashtag: "a mean or rude comment sent on Twitter".Hiru hitz horien ezaugarria da ingelesez portmanteau deritzon hitz-elkarketa motakoak direla: hitz-konposizio mota bat zeinetan bi hitz-zatik edo gehiagok bat egiten baitute halako moduz non emaitzak kontzeptu bakar bat osatzen duen, hitz horien ezaugarriak biltzen dituena. Halatan:
-
Floordrobe = floor + wardrobe; bridezilla = bride + Godzilla; bashtag = bash + hashtag.
Ingelesdun munduan erruz erabilitako elkarketa-mota hau dela medio hitz bakarrean zenbait hitzen esanahiak biltzen direnez, horrelako bategiteak baliabide ohargarria dira ekonomia linguistikoaren ikuspegitik. Batzuetan, emaitza seriotasun-kutsukoa izaten da; beste batzuetan, komikoa edo kritikazkoa; baina, betiere, adierazkortasun handikoa. Ikus ditzagun batzuk:
-
- Grexit = Greek + exit; alegia, Grezia euroeskualdetik irtetea.
- Bankster = Banker + gangster; alegia, soilik beren etekinei erreparaturik diharduten bankariak.
- Hacktivism = hack + activism (the subversive use of computers and computer networks to promote a political agenda, ingelesezko Wikipediaren arabera).
- Infoxication, infoxicación, infoxikazioa = information + intoxication; prozesa daitekeen baino informazio gehiagok erabaki-hartzailearengan sortzen duen efektu kaltegarria.
- Playordomo = playa + mayordomo: zenbait hoteletan, hondartzen edo igerilekuan dauden bezeroak artatzeko zerbitzaria.
- Jornadas vegastronómicas: ez du azalpen berezirik eskatzen.
- Flotel = floating + hotel: uraren gaineko plataformetan instalaturiko ostatuak.
- Paralympic Games - Joko Paralinpikoak = jatorriz, paraplegiko + olinpiko baturaren emaitza.
Euskaraz, aipaturiko paralinpiko nahiz infoxikazioz gain (zeinak gehiago iruditzen baitzaizkigu portmanteau mailegatuak, euskaraz berez sortuak baino), ezin aipatu gabe utzi bulegotika, adibidez, edo Iruñeko bizipiketearen bizifestazioak. Edo Mikel Morris-ek Itzul posta-zerrendara bidalitako mezuetan hainbestetan erabili izandako euskañol19 izendapena. Eta, zer esanik ez, jadanik klasiko peto-petoa dugun arren hiztegiek jasotzen ez duten zahartrosia, antza denez euskararen lurraldeetan soilik ageri den pairamen hori…
Ikusten denez, ekonomia linguistikoaren ikuspegitik interesgarriak eta adierazkorrak dira portmanteau hitzak. Ez dugu uste, ordea, euskarazko testu eta hiztegietarainoko bidea erraz egiten dutenik. Agian, bide hori pixka bat zelaitu liteke.
3.8. Perpaus bat aposizioan
Zuzenean adibide batekin hastea izan daiteke argigarriena:
-
En cuanto a la recomendación de formalizar un contrato en el que se regulen por escrito las condiciones en que se realiza la prestación de servicios…
Adibidean ikusten denez, formalizar un contrato en el que… perpausak zehaztu egiten du recomendación; hau da, perpausak zehaztu egiten du harekin doan substantiboa.
Berdin gertatzen da honako bi hauetan:
-
Se trata de conocer si las normas o las políticas se encaminan hacia la obligación pública de procurar al máximo la igualdad de oportunidades, la cohesión social y el bienestar de la ciudadanía.
-
Una comarca que tiene el triste honor de ser la que soporta más paro de toda Navarra.
Kasu batean, perpausak zehaztu egiten digu zein den obligación pública hori: procurar al máximo la igualdad de oportunidades. Bestean, triste honor deitzen duena: ser la que soporta más paro de toda Navarra.
Real Academia Españolak dioenaren arabera20, zehaztapen-perpaus hori aposizio bat da:
-
"(…) la relación atributiva caracteriza un gran número de grupos nominales apositivos que se ajustan a la pauta "A de B", donde A es un predicado de B y la preposición de no es optativa. Así, (…) la moda de las represas implica "Las represas son una moda". Si A es un sustantivo o un grupo nominal, puede ocupar el lugar de B otro grupo nominal, pero también una oración sustantiva de infinitivo o con verbo en forma personal."
Infinitibodun perpausen adibideak jarri ditugunez, hona hemen forma pertsonaleko batzuk:
- Existe el problema de que los ediles nombraron a un administrador para ese Concejo Municipal (Espainiako Akademiak berak eskainitako adibide bat).
-
Se establece el principio de que una misma persona que ejerza uno o más cargos públicos, en los términos antes señalados, no podrá percibir más que un solo sueldo.
-
Se da la paradoja de que (…) el coste para el Gobierno de Navarra sería 6 veces superior.
Eta ingelesez:
-
You had the grace to hold yourself while those around you crawled.21
-
He had the nerve to tell me he's been married before.22
-
Former empires have the sad privilege of possessing this particular kind of literary product.23
Egitura apositibo hauek oso probetxugarriak dira ekonomia linguistikoaren ikuspegitik, modua ematen dutelako esaldi bakarrean aisetasunez elkarlotzeko substantibo bat (honor, adibidez), substantibo horren kalifikazioa (triste), eta substantibo horren gauzatzea edo zehaztapena (ser la que soporta más paro de toda Navarra).
Baina kontua da aposizio horiek euskaratzeko moduari buruz han-hemenka egindako gomendioek ez dutela, nonbait, ekonomia linguistikoaren irizpidea lehenesten. Funtsean, horrelakoak euskaratzen dira esaldia zatituz eta bi puntu jarriz.
-
Se establece el principio de que una misma persona… >honako printzipio hau ezartzen da: pertsona batek berak…
-
No me puedo resistir a la tentación de mencionar… > Ezinezkoa zait tentazio honi aurre egitea:
-
Lo hizo por la sencilla razón de que… > Arrazoi sinple honengatik egin zuen:
Gure iritziz, bi motatako eragozpenak kontrajar dakizkioke irtenbide-mota horri:
1.- Ekonomia linguistikoaren arrazoia: jatorrizko hizkuntzan esaldi bakarrean dagoena, bi esaldi emanez itzultzea.
2.- Arrazoi "filosofiko-semantikoa": kasuko erdarazko testuan, aposizioak izena zehaztu egiten du; alegia, aposizioak izenaren osagarri-funtzioa betetzen du, adjektibo batek bezalaxe. Euskararako gomendatzen den irtenbideak, ostera, adjektibo-zeregina ordezten du iragarpen bat eginez, bi perpaus eraikiz eta bien artean eten bat (bi puntuen bidez adierazia) tartekatuz.
Komenigarriagoa iruditzen zaigu euskaraz ere horrelako aposizio-perpausak esaldiaren jarioa etenik gabe emateko bideak jorratzea.
Aposizioko perpausa euskaraz izenlagun bihurtzea ez da batere praktikoa, izenaren atzerakarga handia sortzen delako:
-
Ez gatoz bat Gobernuaren urte askotako kudeaketa txarrak eragin duen defizit publikoa bat-batean eta neurriz kanpoko mozketekin gainditzearen politikarekin.
Hona beste adibide batzuetarako gure proposamenak:
-
Se trata de conocer si las normas o las políticas se encaminan hacia la obligación publica de procurar al máximo la igualdad de oportunidades, la cohesión social y el bienestar de la ciudadanía.
> Kontua da jakitea ea arauak edo politikak halako betebehar publikora bideratuta dauden, nola baita neurririk handienean ahalbidetzea aukera-berdintasuna, gizarte- kohesioa eta herritarren ongizatea.
> Kontua da jakitea ea arauak edo politikak harako betebehar publikora bideratuta dauden, neurririk handienean ahalbidetzekoa aukera-berdintasuna, gizarte-kohesioa eta herritarren ongizatea.
-
Una comarca que tiene el triste honor de ser la que soporta más paro de toda Navarra.
> Eskualde bat, halako ohore tristea duena nola baita Nafarroa osoan langabeziarik gehiena jasaten duena izatea.
> Eskualde bat, ohore tristetzat duena Nafarroa osoan langabeziarik gehiena jasaten duena izatea.
4. Ekonomia linguistikoaren etsaiak (2): konbinagaiztasuna
Konbinagarritasuna eta konbinagaiztasuna txanpon beraren bi alde dira. Hitz horiekin azaldu nahi duguna da dena delako espresioak ematen duen modua edo zailtasuna bestelako hizkuntza-elementuekin edo testuaren hitz-jarioarekin ulergarritasun-problemarik nahiz esanahi-desbideratzerik sortu gabe uztartzeko.
Konbinagaiztasun-problemak alde ezberdinetatik sortzen dira euskarazko testuetan, baina jarraian aztertuko ditugu ekonomia linguistikoaren printzipioa atzentzen duten honako bi erabaki hauetatik eratorritakoak:
1.- Hitz bakarraren ordez perifrasi bat baliatzea.
2.- Idatzizko testuei gagozkiela: kasuko adierazpena hitz bakarrean ez, baizik eta banaturik, hitz-multzo bat osaturik, idaztea erabakitze hutsa; hits itxurako erabakia, baina sokarik badakarrena.
4.1. Hitz bakarraren konbinagarritasuna eta perifrasiaren konbinagaiztasuna
Hitz solteen aldean, perifrasiak linguistikoki antiekonomikoagoak dira oro har, material fonetiko eta grafiko gehiagoz osatuta egoteak ematen dien astuntasunarengatik ez ezik, sortzen dituzten konbinagaiztasun-problema ugariagoengatik ere. Problema horiek, gehienetan, esaldiaren jarioan perifrasia txertatzean sortzen diren esanahi-desbideratzeak dira.
-
Donostiako osasun-etxe batean idazkun honekin egin genuen topo:
Eztul eta doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra botatzeko den zapi batez.
Ez litzateke harritzekoa izango lehen irakurraldian ahoa eta sudurra botatzeko ulertzea. Problemaren jatorria: gaztelaniazko desechable esateko euskarazko hitz solte posibleei artifizialegi-edo iriztea, eta naturalagotzat jotzea botatzeko den. Naturalagoa bai, baina konbinatze-arazoen iturri ere bai.
Orain arte kontzientziazio-lan handia egin izan da itzulpen-automatismoetatik ihes egin dezagun, eta aska gaitezen hitz-kategoria bat kategoria bereko beste batekin itzultzearen menpekotasunetik: adjektibo bat ez dago zertan adjektibo batekin itzuli, edo izen bat beste izen batekin, eta abar. Baina askatasun horrekin jokatzeak ezin gaitu bultzatu ezikusia egitera ekonomia linguistikoaren faktoreari, behin eta berriro perifrasiak eskainiz beste hizkuntzek hitz bakarra nahikoa dutenean; edo ezikusia egitera gure itzulpen-soluzioak bere aldetik ekar ditzakeen lotura eta korapilo berriei:
- Abenduko sei hilean behingo txostenean aurreratu genizuen bezala esaldian, konbinagarritasun-problema nabarmen bat dago ("abenduko sei hilean"? "abenduko sei hilean behingo"?), beste esaldi honetan egongo ez zena: abenduko txosten seihilabetekarian aurreratu genizuen bezala…
Egia da ez direla ulertze-oztopo gaindiezinak. Besterik gabe, ulertze-oztopo ernegagarriak dira. Baina ernegagarritasuna nahikoa da euskarazko testuen irakurketa-esperientzia izugarri mikazteko. William Lyon kazetariak jasotzen duen24 aipu batek poliki asko adierazten du zein den idazketaren gakoa:
-
Como observó hace unos 20 siglos Marco Fabio Quintiliano, nacido en Hispania, "cuando escribas, no aspires a que sea posible entenderte, sino a que sea imposible no entenderte".
Perifrasien konbinagaiztasun-problemak ez dira euskararen esklusiba: hizkuntza guztietan aurki daitezke.
Adibidez, El País egunkariaren editorial batean25 honako esaldi hau agertzen zen:
-
Una primera condición es que los implicados devuelvan el dinero sin justificar que obtuvieron a través de las tarjetas sin control.
Sin justificar hori, lehen irakurraldi batean, zalantzagarria gerta daiteke zerekin doan: dinerorekin ala devuelvanekin. Sin justificar perifrasiaren ordez injustificado adjektiboa erabili izan balitz, akabo korapiloa, bere handi nahiz txikian.
-
Bestalde, eta DRAEren 23. argitalpenak, 2014ko urrikoak, dron hitzari ateak ireki dizkion arren piloturik gabeko hegazkinak gaztelaniaz adierazi ahal izateko, kontua da gaztelaniazko hedabideetan gailu horiek izendatzeko hautatutako bidea perifrasiarena izan zela hasiera batean, nahiz eta lehenbiziko momentutik jendartean ingelesezko drone hitza bolo-bolo ibili. Horrela, El Paísen agerturiko albiste batean avión sin tripulación esaten zen. Egunkari horretan bertan, ordea, aurreraxeago, la caída en Irán de un "drone" de la CIA desata inquietud en Washington jakinarazten zen, mailegua erabiltzera makurtuta; la caída en Irán de un avión sin tripulación de la CIA jarri izan balute, argi ikusten da interpretazio ezberdinetarako bidea irekiko zutela: drone bati buruz ari ziren, ala zehazki CIAko eskifaia ez, baina agian beste erakunde batekoa bazeukan hegazkin konbentzional bati buruz?
Jadanik ikusi dugu, gorago, hitz eratorririk ez erabiltzearen ondoriozko perifrasiek astuntasun-problemak ekar ditzaketela. Baina konbinagaiztasun-problemak ere sor ditzakete.
-
Has gaitezen ukatze-esanahia daukaten incumplir, impago, inseguridad eta inoperante hitzekin. Elhuyar hiztegiaren arabera, haien ordainak ez bete, ez ordaintze, ziurtasunik/segurtasunik ez(a) eta ondoriorik gabe(ko), eraginik gabe(ko), ez eraginkor dira. Ikusten denez, euskaraz ez da berariazko hitz eratorririk eskaintzen (adibidez, ez-bete, ez-ordaintze eta ez-ziurtasun/ez-segurtasun). Halatan, euskaraz murriztu egiten da bestelako hitzekiko konbinagarritasuna:
– Incumplir sistemáticamente las leyes aprobadas por el Parlamento ez da Parlamentuak onetsitako legeak sistematikoki ez betetzea. Guk dakigula, azken horrek esan nahi du legeak betetzen direla, baina ez sistematikoki.
– Inseguridad financiera grave esateko, problemak sortzen dira euskaraz: segurtasun finantzariorik ez larri? Segurtasunik ez finantzario larri? Ikusten denez, ez nolanahiko hitz-zopa. Ez-segurtasun finantzario larri espresioak ez du horrelako problemarik batere ematen.
– Dicho órgano se ha demostrado inoperante desde su creación > ikusi da organo hori ez dela eraginkorra izan sortu zenetik (beraz, uler liteke "geroagotik" izan dela eraginkorra, eta ez da hori gaztelaniaz esan nahi dena).
-
Supraautonómico: autonomia erkidegoez gaindiko. Euskaraz hasiera-hasieratik horrelako perifrasi batetik abiatzen bagara, ez da harritzekoa perifrasi hori hitzen jarioan txertatzean beste hitz-zopa irensgaitz bat sortzea.
Plan supraautonómico de Rutas de Castillos y Fortalezas: Gaztelu eta gotorlekuen bideen autonomia erkidegoez gaindiko plana (?).
-
Albiste batean ikusia: Ertzaintzako istiluen aurkako agente. Kontua ez zen "Ertzaintzako istilu"rik zegoenik; "agente antidisturbios de la Ertzaintza" esan nahi zuen. Gure proposamena, kasu honetarako: Ertzaintzako istiluaurkako agente. Edo Ertzaintzako agente istiluaurkako, nahiago bada. Baina istiluaurkako hitz batean idatzirik, betiere. Historiaurreko ere idazten dugu-eta, nahitaez historia aurreko idatzi behar izan gabe.
-
Tamalgarria da Nafarroako Foru Komunitateko familia bakarreko etxebizitzak idaztera behartuta aurki gaitezen, unifamiliar esateko Euskaltermek familia bakarreko izenlaguna eskaintzen duelako, eta ez arinagoa den eta esanahi-desbideraketa gutxiagorako bidea ematen duen familiabakar adjektiboa (Elhuyar hiztegiak, adibidez, familia monoparental esateko, familia gurasobakar proposatzen du).
-
Interinstitucional: Euskaltermek gehienbat erakunde arteko eskaintzen du. Adibidez, Nerbioi Ibaialdea Berpizteko Erakunde arteko Hitzarmena. Baldin eta horren ordez, eta nazioarteko edo lagunarteko idazten dugun bezalaxe, erakundearteko hitza eraikiko bagenu (eta Nerbioi Ibaialdea Berpizteko Erakundearteko Hitzarmena izendatu), argiago geldituko litzateke, gure ustez, Nerbioi Ibaialdea berpiztekoa hitzarmena –eta ez inolako erakunde– dela. Berdin joka liteke interprofesional esateko Euskaltermek ematen duen lanbide artekorekin. Edo interanualerako dakartzan urtetik urterako edo urte artekorekin. Presioaren urtetik urterako aldaketa baino ulergarriago eta arinago ez al da presioaren urtearteko aldaketa? Baiezkoan gaude.
4.2. Hitz bakarrean idaztearen garrantzia
4.2.1. Zertaz ari garen
Ari gara jadanik aukeratu dugun euskarazko ordaina osatzen duten letren multzoa hitz bakarrean bilduta ala hitz gehiagotan banatuta idaztea erabakitze hutsak euskarazko ordain horren konbinagarritasunean duen eraginaz. Ezen, testuaren barrenean sartzen dugunean, hitz bakarrak barne-kohesio handiagoa erakusten du hitz-multzo batek baino. Ondorioa argia dela uste dugu: kasuko letra-multzo hori hitz bakarrean idazten badugu, konbinagarritasun-problema gutxiago sortuko zaizkigu, letra horiek hitz gehiagotan banatuta idaztea erabakitzen badugu baino.
4.2.2. Kasu batzuk
Aurreko ondorioztapena oso garbi ikusten da letra-multzoari atzizki bat jarri behar zaionean. Honako adibide guztietan, hitz bakarrean idaztearen alde gaude:
-
Legez kontrakori nolakotasuna adierazteko -tasun atzizkia gehitzean, "legez kontrakotasun" ala "legezkontrakotasun" idatzi beharko genuke? Gogoan izan behar dugu -tasun atzizkia bi hitzen multzoari lotzen zaiola, ez bakarrik kontrakori. Hau da, [legez kontrako]-tasun dela, eta ez legez kontrakotasun. Ez zaigu inolako astakeria iruditzen, eta problema hasieratik bertatik saihesteko modurik sinpleena litzateke, legezkontrako idaztea. Hitz bakarrean, alegia (edo, gutxienez, legez-kontrako, marratxoarekin, Hiztegi Batuak hitzez-hitzezko marratxoz idazten duen bezalaxe).
-
Hiztegi Batuak liburudenda hitza jasoko balu (ez du jasotzen; bai, ordea, liburu-denda edo liburu denda), logikoagoa dirudien liburudendari idatzi ahalko genuke, liburu dendari edo liburu-dendariren ordez.
-
Dendari horrek Pío Barojaren liburuak gustuko baldin baditu, zer da: Pío Barojazale ala píobarojazale?
-
Jentilizioekin, Euskaltzaindiak problemarik gabe onartzen du hitz bat baino gehiagoko herrialde-izenari atzizkia jartzean, herrialde-izena hitz bakarrean biltzea: Estatu Batuak > estatubatuar (ez Estatu Batuar); Boli Kosta > bolikostar (ez Boli Kostar).
-
Zerbait hankaz gora jartzen baduzu, zer egiten duzu: hankaz goratu ala hankazgoratu?
-
"Euskal Herrian ez dugu onartuko Zarzuelan zirriborratutako bat etortzerik"26. Gure ustez, askoz ere ulergarriago geratuko litzateke "…zirriborratutako batetortzerik".
-
Eztabaida politiko bateko erantzukiak: "alderdikeria eta epe laburkeria". Ala "alderdikeria eta epelaburkeria"?
-
Beste erantzuki politiko bat: Planteatu duzuen erreforma fiskala murrizketak behin betikotzeko erreforma bat da (ala murrizketak behinbetikotzeko erreforma bat?).
-
Kargu publiko bat duen pertsona bat, zer da: kargu publikoduna ala kargupublikoduna? Bi hizkuntza dakizkiena, behintzat, elebiduna da, eta ez ele biduna.
-
Azken adibidea: Hiri konkistatu berrietan ere eraikitzen ziren zitadelak. Ez al litzateke anbiguotasuna apurtuko hiri konkistatuberrietan ere eraikitzen ziren zitadelak idatziz? Ingelesez bezala: a newborn child. Eta, gaztelaniaz, ez da gauza bera un líder demócrata cristiano edo un líder democratacristiano.
Hitz bereizizko multzo baten osotasunari atzizki bat aplikatzen zaionean, hitz bereizi horiek biltzea ez da inolako bitxikeria. Ingelesez, adibidez, liburu bat ezin interesgarriagoa dela azpimarratzeko, ohikoa da unputdownable adjektiboa erabiltzea. Gaztelaniaz ere horrela gertatzen da27:
-
Guerra civil > guerracivilismo; Don Juan > donjuanesco; Valle-Inclán > valleinclanesco; largo plazo > largoplacista; bel canto > belcantismo; barrio bajo > barriobajero.
4.2.3. Hitz bakarrean idazterik ez dagoenean, nola aditzera eman hitz batzuen arteko kohesio berezia?
Kasuko espresioa ezin badugu hitz bakarrean idatzi, badaude beste modu batzuk hitz batzuen artean lotura berezia dagoela adierazteko28:
a) Komatxoak erabiltzea
-
'Euskal Y'-a.29
- "Mi Cuit"-a.
b) Letra larriak erabiltzea
Letra larrien erabilerak ere badauka kasuko hitz-multzoari kohesio gehigarri bat ematearen abantaila. Hona hemen bi konparazio:
-
lanbide heziketako teknikari titulua / Lanbide Heziketako Teknikari titulua.
-
greba mugagabean dauden ezgaitasuna artatzeko zentroetako lan-gatazka konpontzea / greba mugagabean dauden Ezgaitasuna Artatzeko Zentroetako lan-gatazka konpontzea.
c) Letrakera ezberdina erabiltzea
Lotura estuagoa duten hitzak letrakera ezberdinez adierazten baditugu (adibidez, letra etzanez), letra larrien efektu bera lortuko dugu. Jakina, eskuz idaztean ezin dugu baliabide honetara jo. Aurreko adibide bera erabiliz:
-
lanbide heziketako teknikari titulua.
-
lanbide heziketako teknikari titulua.
d) Marratxoa, elkartze-baliabide bezala
Marratxoaren erabilerak ere halako kohesio bat ematen dio hitz-multzoari. Hitz bakarrean idaztearen irizpidea aintzat harturik, esango genuke ezen marratxoz elkartutako hitzek, hertsiki "hitz bakarra" osatzen ez duten arren, hitz lokabeetatik hitz bakarreranzko urrats bat erakusten dutela eta, beraz, marratxoak egiten diola, bai, mesede, ekonomia linguistikoari. Betiere irudituko zaigu hobea, hitz batzuen artean lotura estuago bat dagoenean beste batzuekin baino, lotura hori marratxoaren bitartez adieraztea, hitzak zeharo bereizirik idaztea baino. Hala eta guztiz ere, hitz bakarrean idazteak lotura sendoago baten berri ematen duenez marratxo bidez adierazitako elkarketak baino, esango genuke lehenestekoa dela.
-
Hiztegi Batuak hitzez hitz, hitzez-hitzezko eta hitzez-hitzezkotasun jasotzen ditu: [hitzez hitz]-ezko baturan, -ezko atzizkia [hitzez+hitz] espresio osoarekin doa.
-
Aipagarria, baita ere, duela gutxi Euskaltzaindiaren Jagon sailean argitaratu den liburu bat, Paula Kasaresena, Euskaldun hazi Nafarroan izenburua duena. Izenburupean, honako idazkun hau: Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan. Kontua da Euskararen belaunezbelauneko/belaunez-belauneko jarraipena… idatzi izan balitz, euskararen belaunez lotura aizuna saihestu ahalko zela.
Gogoratu behar dugu hitz batzuen arteko lotura estuagoa marratxoaren bitartez adieraztea ez dela inola ere euskararen esklusiba. Esate baterako, ingelesak oparo darabil marratxoa helburu horrekin berarekin:
-
High-pressure fluid / Deep-rock formations / Mental-health services / It's a one-of-a-kind place / Win an all-expense-paid trip / The never-to-be-forgotten crowning, in 1871, of a German emperor at Versailles
Adibide horietan guztietan, marratxoz lotutako hitzek adjektibo-zeregin bateratua betetzen dute30.
e) Marratxoa, bereizte-baliabide bezala
Atrebentzia handiegitzat jotzen denean kasuko hitz-multzoa hitz bakarrean bilduz edo marratxoaren bitartez estuago elkarlotzea, komeni da erne egotea lotura aizunik behintzat ez iradokitzeko.
-
Murillo el Frutoko Udala irakurtzean, Frutoko horrek begian min pixka bat ematen digu, [Murillo el Fruto]koa baita udal hori. Antzekoa gertatzen da baldin eta ekuazio honetan 7ren ordez 5+2 jarri nahi badugu (parentesia erabili behar dugu): 7·2 = (5+2)·2 eta 5+2·2. Horrela, ba, MurilloelFrutoko Udala eta Murillo-el-Fruto-ko Udala baztertu egiten baditugu, marratxoa lokailu gisa ez, baizik eta banagailu gisa erabiltzea proposatzen dugu: Murillo el Fruto-ko Udala. Gogoan izan dezagun, dena den, horrelako toponimo konposatuetan bai ingelesez eta bai frantsesez problemarik gabe erabiltzen direla marratxoak (eta, beraz, euskaraz Murillo-el-Fruto-ko Udala idaztea halako astakeria ere ez litzatekeela izango): Aix-en-Provence, Weston-super-Mare.
-
Futbol Club Barcelonako lehendakari idatzi beharrean, Futbol Club Barcelona-ko lehendakari idatziko genuke. Edo Bilbo Basket-ek irabazi du, eta ez Bilbo Basketek. Edo Club Atlético Osasuna-ren kontuak, eta ez Club Atlético Osasunaren kontuak.
-
Saint-Martin-in-the-Fieldseko kontzertuak baino hobeto, gure ustez, Saint-Martin-in- the-Fields-eko kontzertuak. - *Boulevard de l'Ysereko geltokia baino hobeto, boulevard de l'Yser-eko geltokia*. Izan ere, geltoki hori [boulevard de l'Yser]-ekoa da.
Pertsonen izen-deiturekin ere garrantzitsua iruditzen zaigu lotura-hierarkia ikusaraztea:
-
Hots, José Luis Rodríguez Zapaterok adierazi du idatzi beharrean, José Luis Rodríguez Zapatero-k adierazi du idaztea, gutxienez ere. Betiere argi utzirik gure ustez marratxoaren bidezko banantzea ez dela bi hitz lokaberen arteko separazioa bezainbestekoa; horrek esan nahi du Zapatero abizenak lotuago dirauela ergatiboko markarekin aurreko izen- deiturekin baino. Guztiarekin ere, ez gara ausartzen JoséLuisRodríguezZapaterok edo José-Luis-Rodríguez-Zapatero-k bezalakorik idatz dadin proposatzera. Nahiz eta, esate baterako, lepenismo idazten den, eta ez Le Penismo. Orduan, Le Penek esan du? Lepenek esan du? Le-Pen-ek esan du? Guk Le Pen-ek esan du jarriko genuke.
Azkenik, zalantza batzuk:
-
Aloe verazko / aloeverazko / aloe-verazko / aloe-vera-zko xaboia? De factozko / Defactozko / De-factozko / De-facto-zko politika? San Juan su / San-Juan su / San Juan-su / Sanjuan-su / San-Juan-su?
4.2.4. Gaztelaniatiko hausnarkizun batzuk
Hitzen arteko loturen hierarkia ez dugunean ortografikoki behar bezala islatzen, ikusi dugu esanahi bitxiak sor daitezkeela, hitz horiek beste elementu batzuekin uztartzen direnean. Atzizkien kasua ikusi dugu. Aurrizkiak urriagoak ditugu euskaraz, baina gaztelaniatiko adibide hauek erakusten diguten bezala, esanahi bitxien inguruko problema berberak sor daitezke:
-
2013ko apirilaren 8an Margaret Thatcher hil zela-eta, gaztelaniazko hedabide ugarik, albistea ematean, exprimera ministra británica espresioa erabili zuten. Alegia, ex- izate hori primerarekin soilik balihoa bezala, eta ez [primera+ministra]rekin. Horregatik, berehala Fundéu-k honako gogorarazpen hau argitaratu zuen31:
Aunque la Ortografía de la lengua española señala que la norma general es escribir el prefijo ex- unido a la palabra siguiente (el exjugador, el exministro...), explica también que existen algunas excepciones en las que va separado.
Una de ellas es cuando a ese prefijo le siguen varias palabras que juntas tienen un significado unitario, como en ex hombre de confianza, ex jefes de Estado o, como en este caso, ex primera ministra.
"Significado unitario". Alegia, hitz batzuek elkarren artean beste batzuekin baino lotura estuagoa dutenean. Eta ideia nagusia, guk ulertzen dugunez, aurreko atalean adierazi dugunaren ildokoa litzateke: baterako esanahia duen hitz-multzo bati multzo osoarekin doan aurrizki bat gehitu behar badiozu, hobe da, aurrizki hori parte bakar bati gehitu –eta halatan hitzen arteko harreman-hierarkia apurtu– baino lehenago, bereiz idaztea.
Horrela, adibidez, James Weldon Johnson-en The Autobiography of an Ex-Colored Man gaztelaniaratua dago Autobiografía de un ex hombre de color titulupean (alegia, "exhombre de color"idatzi gabe).
Dena den, jokabide hori ez da oso zorrotz betetzen. Horrela, ikus daitezke excrítico/ex-crítico de cine, exalto cargo, exfiscal anticorrupción, activistas proderechos humanos, posguerra fría…
Azkenaldi honetako deigarrienetako bat liburu baten titulua gertatu zaigu: Diario de la lucha antivertedero del Valle de Aranguren (1988-1993), Jesús Equiza-rena32. Izan ere, kontuan hartu behar da lucha anti [vertedero del Valle de Aranguren] zela, eta ez lucha del Valle de Aranguren contra el vertedero. Alegia, anti- aurrizkiak bereizirik egon behar zuela idatzita.
Gaztelaniaz ez bezala, non, adibide bat gehiago jartzearren, fue carlista y después anti Primo de Rivera esaldian anti- aurrizkia Primo de Rivera-tik bereiz idaztekoa den (eta ez batera, "antiprimo de Rivera"), euskaraz atzizkiak ezin ditugu izenetik bereizita idatzi, hau da, ezin dugu Pío Baroja zale idatzi; eta berdin kasu-markarekin: Big Bang aren bila33. Horrenbestez, horrelakoetarako berariazko baimenik ematen ez bada, atzizkiak eta kasu-markak izenari elkartuak idatzi behar dira euskaraz. Izen hori hitz-multzo bat denean, hitz-multzo osoari, eta ez horren parte bati bakarrik. Ikusi dugu hori dela-eta marratxoa erabiltzeak eman ahal digun laguntza inperfektua.
Esanahi bateratua daukaten hitz-multzoak beste elementu batzuekin erlazionatzean sortzen diren idazkera-katramilak, dena den, ez dira aurrizkiarekiko harremanera mugatzen.
-
Txokolate batek honako idazkun hau zekarren paperezko bilgarrian: chocolate con leche con avellanas enteras. Galdera da: baldin eta chocolate con leche esanahi bateratuko hitz- multzo horietako bat bada, ez al da beharrezkoa izango lotura hori testuan nolabait agerraraztea (adibidez, chocolate-con-leche jarriz)? Zeren eta, ezezkoan, pentsa baitaiteke ea ez al geundekeen behartuta chocolate con leche y con avellanas enteras jartzera. Beste hainbeste galdegin liteke, adibidez, hauei buruz: café con leche con croissant (café-con- leche con croissant? Café con leche y con croissant?), jamón con pan con tomate (jamón con pan-con-tomate? Jamón con pan y con tomate?).
-
Esanahi bateratuko hitz multzo horiek usu ematen dituzte ulermen-problemak, duten esanahi bateratu hori ez bada grafikoki adierazten. Nola ulertu crema de arroz con leche del día? Zer da del día: crema ala leche?
5. Laburpena eta azken gogoetak
Labur-labur: artikulu honetan ekonomia linguistikoari buruz darabilgun ikuspegitik, esango genuke espresio linguistikoki ekonomikoak arinak eta kohesiodunak direla; hein batean, ibilgailu aerodinamikoak bezalaxe. Kontrako muturrean leudeke ekonomia linguistikoaren betekizunekin bat ez datozen espresioak; hots, espresio astunak eta kankailuak.
Askotan, oharkabetasunez, desaxolaz edo dena delakoagatik, ustezko euskara jatorraren araberako soluzioak joanarazten ditugu ekonomia linguistikoa aintzat hartzen ez duten bideetatik, are linguistikoki ekonomikoagoak diren jatortasun bereko soluzioak badaudenean ere.
Beste batzuetan, itzultzaileoi gure lanak ipintzen dizkigun denbora-baldintzapenengatik, zuzentasun ziurra / erosotasun zalantzagarria bikotea nahiago izaten dugu erosotasun ziurra / zuzentasun zalantzagarria bikotea baino. Hautu horrek bere ondorioak ditu, bai onak eta bai txarrak.
Zer izan behar dugu helburu, testugintzan? Prosa ona lortzea. Eta, Orwell-ek zioenez, prosa ona leihoko beira bezalakoa da.
1. http://31eskutik.com/2014/07/31/crudivegano-eta-beste/
2. Nobelaren euskaratzeileetako batekin, Xabier Olarrarekin, horri buruz solasean, Halabeharrezko eserleku hutsa proposamena egin zuela jakinarazi digu.
3. Ikus Luis Villasante, Palabras vascas compuestas y derivadas, Editorial Franciscana Aranzazu, Oñati, 4. argitalpena, 10. or.
4. ABC egunkariaren webgunean, ABC Salud atalak honakoa zioen 2015eko martxoaren 1ean: La primera polipíldora para prevenir los segundos infartos de miocardio ya está disponible en España: una sola cápsula que contiene tres componentes que los enfermos cardiovasculares toman por separado diariamente, con lo que de esta forma se mejora la adherencia al tratamiento.
5. Tamalez, Euskaltzaindiaren Literatur Terminoen Hiztegian atzera begirada idatzita dator; hots, bi hitzetan. Alabaina, Hiztegi Batuan Euskaltzaindiak aurrerapauso eta atzerapauso dakartza.
6. Sir Ernest Gowers, The Complete Plain Words, Her Majesty's Stationery Office, 1954, bosgarren inprimaldia, 1958, 154. or.
7. http://www.fundeu.es/recomendacion/acaso-alguien-marca-goles-en-propia-puerta-adrede/ Fundéu-k esandakoa gorabehera, urtebete geroagoko aldizkari batean honako beste adibide honekin topo egin genuen: El centrocampista del Sevilla Ever Banega se "autoatropella" -al olvidarse de ponerle el freno de mano- en una gasolinera (Autofácil aldizkaria, 168. zenbakia, 2014ko urria, 22. or.).
8. http://www.fundeu.es/recomendacion/a-mitad-del-mandato-midterm/
9. Ikus, halaber, Alfontso Mujikak 31 eskutik blogean idatzitako artikulu hau: Magisteritzako tituludunentzako oposaketen datak ikusi ditut Delegaritzan (http://31eskutik.com/2012/10/21/magisteritzako-tituludunentzako-oposaketen-datak-ikusi-ditut-delegaritzan/)
10. Vicepresidió letra etzanez agertzen da jatorrizkoan.
11. Ikus http://www.fundeu.es/recomendacion/austericidio-se-refiere-amatar-la-austeridad-1566/
12. Juan Garzia Garmendia, Joskera Lantegi, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 489. orrialdetik 517.era bitartekoak.
13. Ibid., 489-490. or.
14. Geuk azpimarratua.
15. Letrakera beltza jatorrizkoan ere erabilita dator.
16. Juan Garzia Garmendia, Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordea, Kalko okerrak, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1. berrinprimitzea, 2010, 89. or.
17. Aditz-izenaren erabilerari buruzko gogoeta bat ikusteko: Xabier Aristegieta Okiñena, ADITZ-izena eta aditz-IZENA, 31 eskutik bloga (http://31eskutik.com/2014/06/06/aditz-izena-eta-aditz-izena/).
18. Ben Zimmer, A Dictioinary's Mass Appeal, International Herald Tribune, 2012ko abutztuaren 20koa.
19. Morris jauna hitzaren erabiltzaile ez ezik asmatzaile ere ba ote den, ez dakigu.
20. Real Academia Española, Nueva gramática de la lengua española, Espasa Libros, S.L.U., 2009, I. liburukia, 881. or.
21. Elton John, Candle in the Wind.
22. Barbara Streisand, Second Hand Rose.
23. John Sutherland, How Literature Works: 50 Key Concepts. Oxford University Press, 2011, 148. or.
24. William Lyon, La escritura transparente. Cómo contar historias. Libros del K.O., 2014, 78. or.
25. El País, 2014-10-03koa.
26. Berria, 2014-11-23koa, 10. or.
27. Alabaina, El Mundo egunkariaren webgunean honako izenburu hau agertzen zen 2012ko uztailaren 29an: Morenés: 'Ya está bien de nuevo riquismo'.
28. Ohartarazi behar dugu, hala ere, modu horietatik lehenbiziko hirurek kasuko espresioa ez dutela linguistikoki ekonomikoago egiten, artikuluaren hasieran aipatu ditugun fonema- edo letra-kopuruaren irizpideen arabera.
29. "Jaurlaritzak dio kostuen azterketaren ondorioek defendarazten diotela 'Euskal Y'-a", Berria, 2015-03-17koa.
30. Nolanahi ere, hitzen idazkerak konbinazio bitxi batzuk jaulkitzen ditu batzuetan. Adibidez, school eta boy hitzen elkarketak schoolboy ematen du. Baina Owen Jones-en Chavs. The Demonization of the Working Class liburuan (Verso Books, 2012) public school eta boyren arteko elkarketa public schoolboy agertzen da, bi aldiz (Kindle irakurgailu elektronikorako argitalpenean, 541. eta 4370. posizioetan).
31. http://www.fundeu.es/recomendacion/ex-primera-ministra-no-exprimera-ministra/
32. "Cenlit argitaletxea, 2014.
33. Gaiak argitaletxeak Big Bang-aren bila izenburuarekin dauka argitaratuta John Gribbin-en liburu bat.