Jose Antonio Retolaza, oroimenean
Jose Antonio Retolaza ohorezko kide izendatu zuen EIZIEk, diktadura garai zailean itzulpengintza alorrean eta, haren bitartez, euskararen alde egin zuen lan gogoangarriagatik. Artikulu labur honek haren bizitza eta lanaz eta euskararen alde egin zuenaz dihardu.
EIZIEk 1990. urtean egin zuen Biltzar Nagusian, euskal itzulpengintzan lehenagoko garaietan aritutako itzultzaileak Elkartearen ohorezko bazkide eginez omentzeko asmoa agertu zuen, lanbide honetan saiatzen garenon miresmen eta aitortzaren erakusgarri. Haien artean zegoen Jose Antonio Retolaza, aurtengo martxoan zendu zaiguna. Retolazak itzulpenaren bidez ere euskarari ekarpen gogoangarria egin ziolako egin genion Elkartean omenaldi hori, bai eta ekarpen horren lagin txiki bat jaso ere 1998an argitaratu genuen ohorezko bazkideen Itzulpen Antologiaren bigarren zenbakian, non hainbat komikiren jatorrizko eta euskal bertsioa eskaini genuen, Retolazak egin eta berak sortu eta zuzendutako Kili-Kili aldizkarian argitaratuak, hori egitea mirari bat zen garaian; Retolaza hasi zen aldizkari horretan euskaratzen Asterix edo Mortadelo eta Filemon, Errobin eta Sheriff edo Jilda ahizpak. Antologia horren hitzaurrean esaten genuen komikia genero apala irudituko zitzaigula beharbada, baina «zalantzarik gabe, oihartzun handikoa eta euskararen normalkuntzarako oso garrantzitsua ere badela, batez ere Retolazak lan horri ekin zion garaia kontuan izanda, euskaldun belaunaldi gazte asko baitira Retolazak itzulitako komikiekin gozatuz euskara irakurtzen hasitako ume euskaldunak».
Egun, euskara baita Unibertsitatean ere irakasten delarik, telebista eta irratian ikus-entzutera, edo Interneten ere erabiltzera ohituta gaudelarik, nekez jakin dezakete belaunaldi gazteenek zer izan zitekeen 1966an, diktadura frankista bukatzeko oraindik ia hamarkada bat falta zenean, familia euskaldun eta euskaltzaleentzat beren umeei euskarazko komiki bat erosi ahal izatea. Datu gogoangarria da aldizkariaren lehen zenbakiak 100 aleko tirada izan zuela, baina bosgarrenak 2.000koa.
Ni ez nintzen familia euskaldun batean jaio eta ezin dut bihotzaren barrunbeetan gorderik izan horrelako familiek Kili-Kili aldizkaria erostean sentituko zuten zirrara; baina imajinatu dezaket. Jose Antonio Retolazaren aldizkari hori nire bizitzan ere sartu baitzen noizbait, geroago, 70eko hamarkadaren erditik aurrera, euskara ikasten hasi nintzenean, eta ondo gogoan baitut niretzat ere mirari moduko bat izan zela euskarazko komiki bat irakurri ahal izatea garai hartako Gasteiz erdaldun petoan. Garai hartan ez nekien, noski, baina Retolazari zor nion nik ere mirari hura.
Wikipediak dio Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia bizkaitar apaiza idazle eta komikigilea izan zela eta Kili-Kili aldizkaria sortzeagatik ezaguna zela; edo «Euskal Mezea» sortu zuela Bilbon, ume eta gaztetxoei dotrina irakasten ziela, San Antoneko euskal katekesia sortu zuela eta katekesi horren babespean sortu zuela Kili-Kili pertsonaia eta aldizkaria, euskararentzat belaunaldi berriek zuten garrantziaz ohartuta; eta meritu horiengatik, besteak beste, euskaltzain urgazle izendatu zuela Euskaltzaindiak 1975ean eta ohorezkoa 2000an. Entziklopedia baten labur-behar horrek hoztasun sentsazioa uzten dio edozeini; horregatik, Jose Antonio Retolazak euskararen alde egin zuen lana gogoratzearren, askoz gizatiarragoa iruditzen zait aipatzea Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak argitaratutako Bidegileak bilduman gure ohorezko Eiziekidearen bizitzan bereziki hunkigarria egin zaidan pasarte bat, Asier Astigarragak paratutako testuan jasotakoa.
Retolaza izan zen lehen aldiz euskarazko meza bat eman zuena, hain zuzen ere, 1959an, Bizkaiko Arrazolan, eta ez zailtasun eta salaketarik gabe; gure omenduak berak gogoratu zuen zer esanahi handia izan zuen herri hartako euskaldunentzat meza lehen aldiz ulertu ahal izatea. Berak ekin zion, gainera, liturgia euskarara itzultzeari. Eta geroago, 1965ean, Bilbon emandako lehen euskarazko meza ere berari zor zaio; bereziki hunkigarria iruditzen zait irakurtzea Bidegileak bildumako alean nolako zuhurtziarekin ibili ziren Retolaza eta beste batzuk euskarazko meza hura antolatzen Abandoko elizan, ia-ia ezkutuan emateko, inola ere ez aldare nagusian, alboko kapera batean baizik eta antzerki talde bateko gazteei eskatuz ahapeka zabal zezatela inguruetan meza hori emango zela. Bada, eguna etorrita, Jose Antonio meza-jantziak janzten ari zela, hara non sartu omen zen sakristaua ikaratuta, euskarazko mezara zetorren jendetzak irteten ere uzten ez zielako aurrekora etorritakoei. Gaur egungo belaunaldi gazteek nekez sentituko dute inoiz, ziur naiz, meza hartara joan ziren euskaldunek egun hartan sentitu zutenaren antzekorik.
Euskara Twitterreko txioetara ere iritsi den honetan, euskara gure ume askoren bizitzako errutina agian aspergarriko osagai ere bihurtu den honetan, on da gure aitzinekoen bizipen eta sentipen horiek, aurreko belaunaldietako euskaltzaleen ahalegin handi haietako gazi-gozoak gogora ekartzea eta agerian edo norbere barnean gure eskertza adieraztea, ahalegin hori gabe ez baikinen egongo gauden lekuan. Eta Jose Antonio Retolaza esker onez eta miresmenez ere gogoratzea.