Lantegikideak
EIZIE

Hona hemen lantegikideen biografia laburrak

Arantxa Iturbe

Nafarroako Unibertsitatean ikasi nituen informazio zientziak eta 80ko hamarkadatik hona Euskadi Irratian ari naiz lanean. Gaur egun kultura albistegi bat, Arratsaldekoa, eta sortzaileei txoko atsegin bat eskaintzen saiatzen den Arratsean saioa gidatu eta zuzentzen ditut, azken hogei urteotan lankide ditudan Tere Beloki eta Nekane Peñagarikanorekin batera.

Kontatzea nere pasioetako bat zela sinistuta idatzi izan ditut ipuinak (Ezer baino lehen, Lehenago zen berandu, Kontu-jaten), idatzi izan ditut zutabeak, idatzi izan dut antzerkia Agurtzane Intxaurragarekin batera, (Ai, ama!, X, Aitarekin bidaian), idazten ditut egunero irratirako hitzak eta urteekin jabetu naiz kontatzeak adina betetzen nauela entzuteak. Horregatik gozatzen dut egunero zer kontatua daukan jendeak erantzungo dizkidan galderak pentsatzen eta idazten.

Irratilari naiz ofizioz; idazle, afizioz. Ametsak bete ditudala esango nuke, egunero amets egitea ofizioak eta afizioak pasioz bizitzeko ezinbesteko dela jakingo ez banu.

Agurtzane Intxaurraga

Zer naizen zehaztea zaila egiten zait. Teatrero hitza atsegin dut, ordea. Teatroa zinez maite dudalako izango da ziurrenik, bere arlo guztietan. Nondik sortu zaidan pasio hori ez dut jakin oraindik. Hala ere, bizimodua era formalean ateratzeko asmoz Informazio zientziatan lizentziatu nintzen. 1989an, ordea, bihotzak buruari hordagoa jo eta Eusko Jaurlaritzako Antzerti arte dramatiko zerbitzuaren hiru urteak osatu nituen, eta HIKA Antzerki Taldea sortu nire ikaskideekin. Harrezkero buru-belarri ibili naiz interpretazio munduan, aktore lanetan hasieran eta gerora eszena zuzendari, bai eta antzerki idazle modura. Ai, ama! Seda, Aitarekin bidaian, Ogro Txikia, Ilargiaren bi aldeak… Denak dira lanbide honetan segitzeko arrazoi sendoak.

Horrez gain, urte hauetan guztietan hainbat Gala zuzendu ditut. Telebistako gidoilari gisa ere lan egin dut eta Teresa eta Galtzagorri ipuin bilduma eta "Bidegileak" bildumarako "Maurizia Aldeiturriaga" pandero joleari buruzko lana ere argitaratu ditut.

Julia Marin Arteaga

Antzerki ikuskizun ugaritan parte hartu dut itzultzaile eta zuzendari laguntzaile moduan: Mephisto (Klaus Mann), Xolak badu lehoien berri (Bernardo Atxaga), Anarkista baten ezusteko heriotza (Dario Fo), Eskola hutsik (Tahar Ben Jelloun), Artea (Yasmina Reza), Lapur-zuloa (Stephen Adly Guirgis), Karabas (Golden Appel Quartet eta Kanpingags), Hor al zaude? (Javier Daulte), Grönholm metodoa (Jordi Galceran), Ilunpetan (Peter Shaffer), Ahuntza edo nor da Silvia (Edward Albee), Presidente andreak (Werner Schwab)…

1995ean ekin nion euskararen ahoskera ezaugarriak ikertzeari. Eta harrezkeroztik arlo askotako profesionalekin nabil ahozkotasuna lantzen: irakasleak, kazetariak, esatariak, aurkezleak, aktoreak, hizlariak… Testuen interpretazioa euskaraz gaia irakasten dut Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, eta Idazkuntza-teknikak Itzulidatz lan-taldearekin.

Monika Czerny

Monika Czerny naiz, poloniarra, kontsonante konbinaketa ahoskaezinez osatutako izena duen hirian –Szczecinen– jaioa. Euskal Herriarekin 1997an egin nuen topo lehen aldiz, Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitatean ematen ziren euskara klaseetan, hain zuzen. Gaztelaniar eta Euskal Filologian lizentziatua naiz eta euskara irakasle jardun dut Poznango eta Birminghamgo Unibertsitateetan, eta baita Euskal Herrian bertan ere hainbat barnetegi zein euskaltegitan. Irakaskuntzaz gain, azken urteotan itzulpengintza arloan hasi naiz neure txokoa bilatzen. Literaturatik urrunxeago geratzen diren testuak alde batera utzita, Eider Rodrigezen Katu Jendea ipuina polonieraratu ondoren, aurkezten dudan hauxe da nire bigarren literatur itzulpena.

Diana Draper

Ingalaterran jaioa naiz, Portsmouth-en. York-eko Unibertsitatean literatura ingelesa ikasi nuen. Orain dela hamasei urte Euskal Herrira etorri nintzen eta harrezkeroztik hemen bizi naiz; lehendabizi urtebete Lazkaon, ondoren lau urtez Donostian eta azkenengoz Ezkio-Itsason, gaur arte. Itzultzaile aritu naiz lanean neure kasa 1998tik, eta azken hamar urte hauetan aldibereko interprete ere bai.

David Lindemann

Jatorriz Hanburgokoa, Soraluzen bizi naiz gaur egun. Berlingo Freie Universität-en Politika Zientzia ikasi nuen; 2003an Euskal Herrira etorri eta UPV-EHUko Gasteizko Letren Fakultatean, Itzulpengintza eta Interpretazioa Lizentziaturan (ES, EN, DE, EU, LA) eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia Masterrean aritu nintzen. "Sancho el Sabio" Fundazioaren bekaduna izan naiz bi urtez. 2010tik aurrera, itzultzaile autonomo gisa egiten dut lan. Gaztelerazko lan bat alemaneratu ondoren, orain euskarazko hiru liburu alemaneratuko ditut Bonn-eko Pahl- Rugenstein argitaletxearentzat.

Ainara Munt Ojanguren

Itzulpen eta Interpretazio ikasketak egin nituen Vic-eko Unibertsitatean, eta dok- toretza ikasketak ere bertan egin nituen. 2003an, Txinara joan nintzen irakurle, AECIren beka bati esker, eta bi urte egin nituen han. Txinera ikasteko baliatu nuen egonaldi hura. Gaztelania, katalana, euskara eta ingelesa ditut lan-hizkuntza nagusiak, baina tarteka alemanetik eta txineratik ere egiten ditut itzulpenak. Itzultzaile autonomoa naiz 1997az geroztik, eta era askotako testuak itzultzen ditut: literatura, ikus-entzunezkoak eta hizkuntzak ikasteko liburuak. Gaur egun, irakasle ere banaiz Bartzelonako Unibertsitateko graduondoko batean, eta bitartekari lanetan jarduten dut Consorci per a la Normalització Lingüística-n, txinatarrei katalana irakasten. APTIC Kataluniako itzultzaileen elkarteko sortzaileetako bat, eta PEN Catalàko kide ere banaiz.

Itziar Otegi

Oiartzuar gasteiztartua, hasiera batean zientziaren alorrean egin nituen ikasketak, bai eta nire lan-ibilbidearen lehen urratsak ere. Halako batean, ordea, Gasteizko Letren Fakultatean ikasketak egin eta itzulpengintzara jauzi egin nuen. Geroztik, itzultzaile eta interprete nabil, gehienbat neure kontura. Zientzia eta literatura itzultzen ditut batez ere. Axenario (Jules Renard), Hil ala bizi (R.L. Stine), Ez da erraza gizon on bat aurkitzea (Flannery O'Connor) eta Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz (Patricia Parry) itzuli ditut. Idazlea itzultzaileen lantegian izeneko mintegian parte hartzen dudan bigarren aldia da.