Bikoteak, autopsiak eta familia handiak
Arantxa Iturbe

Bakarkako ariketa da idaztea, antzerkirako ez denean. Antzerkian, familia osoaren eginkizuna da hitza; hots, esaldia sentimentu eta paperekoa benetako bihurtzea.

Bikotea

Agurtzane Intxaurragak eta biok osatzen dugu bikotea. Idatzi izan ditugun lan guziak kafe baten bueltan hasten dira. Zer moduz? Ondo, etxean?, familia ere bai, laneko gorabeheraren bat… Bikote baten arteko hizketagaiak. Horrela hasi zen Aitarekin bidaian ere. Adinean aurrera goaz, gurasoak zahartuz, ezagun batek kontatutakoa, besteak aitarekin dituen buruhausteak, anekdota pare bat, eta Agurtzaneren sententzia: “Hor antzezlan bat dago”.

Agurtzanek bizitzako izkin guztietan antzerkia ikusteko dohaina du. Antzerkizale delako, eta antzerki-egile, eta antzerki-maitale. Antzerkiak bizi du. Eta arriskutsua da edozer gauza kontatzea, esaldia bukatzerako ikusi egiten duelako eszena. Eta behin eszena ikusten badu, akabo. Idaztera. Nirea da ardura hori: nirea da hark ikusten duena hitz bihurtzeko lana. Hamarkada bat elkarrekin egin eta gero, esan dezaket ez duela bakarka idaztearekin zerikusirik. Entzun egiten dut nik; ikusi, berak. Eta bion artean eraikitzen ditugu lan asko, borrokaren bat edo beste, oztopo dezente eta, ilusio gehiagorekin azkenean, antzezlan bihurtzen diren testuak, bere antzezlan bihurtzen diren testuak. Ze, hori du antzerki-idazle izateak: idatzitakoa abiapuntu besterik ez da, normalean beste batek/batzuk bere egiteko.

Familia haziz

Hasierako gure bikotea berehala hazi zen (ez guk nahi bezain pronto, hori ere egia da; izan zen tartean ez zuela nahi esandako aktoreren bat, arazo burokratikoren bat...… ohikoak, denak, antzerkiaren munduan). Baina behin aita Jose Ramon Soroiz, seme Joseba Apaolaza eta musikari-ameslari Jabier Muguruza gonbidatu eta Aitarekin bidaian eraikitzeari ekindakoan erabakiak Agurtzaneren esku geratu ziren eta aportazioak, aldaketak, egokitzapenak denen esku.

Eta berdin, jada gorpuztutako testu bera gazteleraz erakusteko orduan. Lehendabiziko esaldia, lehendabiziko buruhaustea: “Zaharrak, gauzak dira”. Hitz horiekin hasten da antzezlana. Zenbat jirabuelta gazteleraz zentzu, indar eta krudeltasun berberaz esateko! Soroizek irtenbidea ekarri zuen arte: “Viejos son los trapos”. Entzundakotik ekarria. Eta horrela, esaldiz esaldi, baina ez idazlearen esaldi idatzietatik; esateko idatzitako hitzetatik baizik. Esateko baitira hitz guztiak. Denak. Salbuespenik gabe. Paperean eder eta borobil uzteko idazlearen ametsak alde batera utzi, eta familia osoaren nahiak entzun, aztertu, negoziatu eta erabakitzeko ordua.

Idazlea ez da bakarrik bizi antzerkian. Familia haziz doa, eta familiako kide bakoitzak du bere tokia eta bere garrantzia.

Familia handia

Aitarekin bidaian berrogeita hamar aldiz jendaurrean eraiki eta gero, Itzulpengintza tailerrari esker, lehen jada numerosoa zen familiari kide gehiago erantsi zaizkio: familia honetan hitza eta garrantzia duten kide gehiago, bakoitza bere hizkuntzarekin, bakoitza bere esperientziarekin. Familia-buru idazlea izango zela pentsatzen zuten itzultzaileek. Hasieratik saiatu nintzen adierazten partikular samarra dela familia hau: hemen, denek dutela ahotsa eta hitza. Baita eurek ere. Egunen batean antzezlanak beste hizkuntza bat ikasten badu, beste familia baten abiapuntu izango den hitza.

Erditzeak eta autopsiak

Antzezlan baterako lehendabiziko hitzak idazten direnetik antzezlana gorpuzten denera bitarteko hilabeteak haurdunaldi baten pareko dira. Luzea, haurdunaldia, gehienetan. Bederatzi hilabete baino luzeagoa. Erditzea, antzezlana lehendabizikoz erakusteko moduan den egunean izaten da.

Agurtzanek eta biok badugu eskarmentua horretan. Badakigu zenbat hitz eder sakrifikatu behar izaten den bidean, antzezlanaren mesedetan; badakigu zenbat irudi gozagarri eransten diren hitzetatik abiatuta, hitzik gabe amaitzeko; badakigu hitza dela oinarri, baina erditu gabe geratuko ginatekeela hitz horiek beste behar batzuen arabera moldatzeko, aldatzeko, egokitzeko malgutasunik ez bagenu.

Gasteizko esperientzia autopsia modura hasi zen: Diana, Monika, Ainara, David, Itziar, Arantzazu… autopsia-egile zehatz eta zorrotzak dira. Aitarekin bidaian autopsia-mahai gainean jarri eta han hasi ziren, hitzez hitz, esaldiz esaldi aztertzen. Eta antzezlanarekin batera, neroni sentitu nintzen aztertu: garunetik hatz puntetaraino. Eskerrak Julia alboan zen, antzerkian gorpu bakarra aztertuta ateratako emaitzak ez direla oso zientifikoak erakusteko: gorpu asko aztertu beharko lirateke emaitza sendoak ateratzeko; antzezlaneko familia osatzen duten guztiak, gutxienez.

Eta gainera, autopsiarena, azken batean, izuak, ezezagutzak eta ezjakintasunak sortutako irudi faltsua besterik ez zen izan. Ze, azken egunean, semeak aitari ingelesez, polonieraz, katalanez eta alemanez hitz egin zionean, aita hainbeste hizkuntzatan bere bidaia partikularrean galdu zenean, jabetu ginen, autopsia ez baizik-eta beste erditze posible askoren abiapuntua jarri genuela mahai gainean, familia handiarekin.

Eskerrik asko. Denoi.