Poema hautatuak
Itxaro Borda

Itxaro Bordaren poema hautatuak

Gu

Norbaiten bizian garen ixtripua,
Huts handi bat eta hala ez beharra,
Euritik landa den lohizko zipua
Edo xendretako harrixka meharra,

Ez dute irririk, begirik, oihurik,
Gu gabe mundua berdin litzateke:
Inutil gabiltza eskuak loturik,
Ustea itxura, sinestea neke…

Biltzen ditugula besteren ondarrak
Urteak ixurtzen dira errautsetan
Hilez betirako hor zorion garrak,

Eta azken hatsaz bularren zokotik
Gure pizu latzak, airatuz hautsetan,
Kentzen gaitu laster geroen gogotik.

                                                            1982

Milia Lastur revisited

I

hilotzen garrasiak josirik ahoan

nola aurkituko dun hire sokorria?
maiteko haut Milia ez hadila joan
hator edan dezagun ardao gorria…

baratz aberatsetan ebatsi sagarrak
gordeko ditinagu bide bazterretan.
ahantz otoi Milia sarraski zaharrak
eta suaren kantak bizi hats erretan.

belar bustiek egin maitasun ohantzan,
etzanen gaitun gero bi biak bihotza
gauero zazpi itzal ikusteko dantzan.

non dago harria? non dago lur hotza?
eresi hark ziona jartzeko zalantzan
maiteko haut Milia ez hadila lotsa…

                                                               1986

Irakurri osorik