Editoriala
Krisi garaietan berehala murrizten dira kulturarekin zerikusia duten proiektu eta ekimenetarako diru izendapenak. Itzulpengintza, interpretazioa eta zuzenketa kulturgintzaren ezinbesteko osagai diren aldetik, krisialdiaren erasoaldiak jasateko arrisku bizian daude. Administrazio elebidunak legez daude behartuta bi hizkuntza ofizialetan argitaratzera, eta horrek nolabaiteko babes geruza bat jartzen dio euskal itzulpengintzaren zati bati, baina ezin ezkutuzkoa da euskal herrietan hainbat kultur ekimen eta ekintza administrazioaren diruei esker sustengatzen direla; hala, iaz bertan, esate batera, kultur jaialdi ospetsu eta enblematikoren batean baino gehiagotan interpretazio tarifak izoztuta geratu ziren, hau da, benetako ekonomian, behera egin zuten. Eta, bestalde, ezinbestekoak ez diren paperezko argitalpenak murrizteko barne deia egina dute zenbait erakunde ofizialek, eta oso argia zertan izanik ez dago konturatzeko horrek idatzizko ekoizpen itzulia flakatuko duela. Domino efektua deritzona ere begi bistakoa da: sektore ofizialari orpoz orpo jarraiki heldu ohi da beti ekimen pribatua (edo alderantziz, baina emaitza bat eta bera, bakarra izaten da). Izan ere, inprimategien sektorea oso erasanda dago, eskaera bolumena modu dramatikoan jaitsi delako, eta gutxiago argitaratzen bada, ez da erokeria izango ondorioztatzea gutxiago itzultzen dela, orokorrean.
Estualdi garaian, mudantzarik ez egitea aholkatu zigun Loiolakoak. Baina krisiaren eskutik aldaketa eta hobekuntza etortzen dira, ezinbestean; besterengatik ez bada ere, adimena zorroztu beharra sortzen delako. Halere, birmoldaketei oratu aurretik, profesionalei dagokienez, badira horrelako egokieretan eskarmentuaren ondorio diren zenbait aholku, alferrik alde batera saihets eginda utzi behar ez direnak. Tarifak norberak murrizten baditu, ez du ahaztu beharko epe luzean jokabide horrek nolako eragina izango duen: bezeroa tarifa txikiagora ohitzen bada, ez du gerokoan halako erraz onartuko igoerarik. Bigarren, ez da inbertsio txarra izango profesionalari ikaste agiria eskuan jarriko dion espezializazio edo eguneratze ikastaroren bat egitea. Hala, gainera, ezagupen eta trebetasunetan, egunean-egunean egongo da. Hirugarrenik, informatikan eta teknologi alderdietan ere gaurkotzea ez da alferrik joango: eraginkorragoa izatea lortzeaz gain, lan mota berriak lortzeko bidea ere bada. Laugarrenez, itzulpenean eta interpretazioan eskaera gehien duten alorrak zein diren ikertu ondoren, komenigarria da haietako batean, bederen, espezializatzea. Beste hainbeste aholka daiteke interpretazioari gagozkiola. Gogoan izan behar da beti izaten dela geuk eskaintzen duguna bilatzen duen baten bat eta norbaitek eduki baduela guk bilatzen duguna. Bosgarrenik, ez da ahaztu behar espezializazioa ez dela gauetik egunera lortzen den gauza, urteak eman behar dira alor jakin bat sistemaz ikasten eta sakontzen. Seigarrenez, bertan goxo egon beharrean, norberaren espezializazioaren beharra izan dezaketen bezeroen xerka abiatzea hobe. Guztiarekin ere, ondo gogoan izan beharrekoa da benetako adituak ez duela inoiz onartu ohi eraginkortasunez bete ezin dezakeen lanik. Zazpigarrenez, krisialdi garaia auzolanean jarduteko aukera ezinago egokia da: ez agertu uzkur proiektu handien aurrean, baina zalantzarik gabe lankideengana jo beharra izango da proiektu handiak partekatzera. Eta zortzigarrena begi bistakoa da: zergatik ez osatu langintza irakaskuntzan ere arituaz, bakoitzak ikasi duena besteen esku jarrita? Hala, gainera, nork bere prestakuntzan egindako inbertsioa berreskuratzeko bidea izango da.
Esaera zaharrak dioenez, «nork zer hazi erein biltzen du komunzki». Eta krisialdiak krisialdi, gure alorrak hazi ederrak ereiten ditu, gau eta egun, eta horren erakusgarri eta eredu, ale honetara bildutako artikuluek ondo agerian jartzen dute krisialdiko itzulpengintzaren hazien kemena. Azken batean, aukerak ez dira inoiz benetan galtzen: beste batzuek aprobetxatzen dute geuk eskutik utzitakoa.