Anjel Lertxundiren ekarpena (ELI dossierra)
Artikulua pdf formatuan
Izurritea
Italo Calvinok dio:
«Izurrite halako bat gertatzen ari zaie hizkuntzei oro har eta gureari partikularki: gero eta abstraktuagoak, artifizialagoak, anbiguoagoak dira; gauza xumeenak ezin zuzenean esan. Izen konkretu gutxiago erabiltzen da. Hasieran, izurrite honek politikoak, burokratak eta intelektualak kutsatu zituen, gero jende artean hedatu zen, gero eta azkarrago, gero eta indartsuago».
Calvino italieragatik ari da. Ari zitekeen euskaragatik ere. Euskara ere mendebaleko hizkuntza izaki, erlatibismo ideologikoen lautasuna eta jardun burokratikoen armiarma ez baitzaizkio arrotzak, larrutik ezagutzen ari da prozesu hori. Baina egoera horri guztiari eransten badiogu, gure betiko ahuleziaz gainera, euskararen batasunak abiarazi zuen prozesu galbahegilea —batasunaren aitzakian ugaritasuna baztertu dugu oso epe laburrean—, hizkuntza hegemonikoei ez bezala eragiten digu Italo Calvinok izurritetzat jotzen duen gaitzak.
Estandarra
Euskararen etorkizun hurbilak derrigorrezkoa du estandarra, baina, aldi berean, derrigorrezkoa du euskararen eredu estandarrenak —gehien batean administraziotik datorkiguna— hartu duen homogeneotasun gehiegizkoa aztertzea, bai euskararen beraren ezaugarriei dagokienez, baita eredu horrek hiztunen komunitatean izan dituen eta izaten ari den eraginez ere. Ereduak dezenteko gorpuzkera hartu du oso epe laburrean —oraintsu hogei urte inork susmatuko ez genukeen bezalakoa—, baina ez beti bide onenetik. Lexikoaren egokipen etenik gabeak okupatu ditu hizkuntzaren ia plaza guztiak; egitura morfosintaktikoarenak, ordea, ez hainbeste. Baztertuta daukagu hizkera adierazkorraren auzia. Horri guztiari erantsi behar zaio hizkera horrek gaztelania duela ispilu eta itzulpen burokrata oinarri.
Euskara maizter da.
Eredu estandarrak ez ditu eguneroko euskara biziaren premiak asetzen. Ezta ase behar ere, ez da hori hizkera estandarraren egitekoa. Baina euskararen egoerak hartaratuta —eta hizkuntza hegemonikoaren plazan gertatzen ez den bezala—, hizkera estandar hori bazter guztietara hedatu da, modu guztiz uniformatuan hedatu ere, erregistro desberdinenganako ardura handirik gabe. Edo haiek itoz. Administrazioan, testugintzan, kazetaritzan, iragarpenen sektorean eredu pisu beti berak —gazi-gozo handirik gabea denak— euskararen bazter gehienak berdindu ditu.
Hizkera estandar hori, munduko perfektuena izanda ere, horixe da: hizkera estandarra. Ez du bizitzaren eremu askotarako balio. Baina haren itzala gizartearen beste eremuetara hedatzen bada —kazetaritzara, unibertsitatera, kaleko karteletara, deialdietara, eskuin zein ezkerreko alderdi eta sindikatuen jergara zabaltzen bada— hizkuntzaren sarea ahultzen ari den seinale. Halako hizkera batek berezkoak ditu monotonia, lexikoaren unibokotasuna, kate morfosintaktiko askotan bera, kolore bakarra eta balio gutxi izatea jardun ez formaletarako.
Eredua, literaturan
Literatura omen da eremurik askeena, hizkuntzaren ibilbideari bide eta bidezidorrak seinalatzen dizkiona. Baina bazter guztietara hedatu den hizkuntza estandarraren eraginez, gero eta idazle gutxiagok arriskatzen du hizkeraren hausnarrean, pauso berrien saioan, etekin adierazkorren bilaketan. Ondorioz, gaurko literaturan ere gero eta gehiagotan aurkitzen dugu tonu ia beti bera. Kezkagarria da, ez soilik hizkuntzaren eliterik teorikoki eliteenean hori gertatzen delako, baita beste hainbat alorretako egoeraren nolakoaz pentsarazten digulako ere.
Konparatzen
Baina itzulpenaz hitz egitera deitu didazue. Orain hamabost bat urte idatzi nuen:
«Euskara titiko hizkuntza izan bagenuen ere, nire belaunaldiak aiseago irakurtzen du Joyceren El retrato de un artista adolescente, Artistaren gaztetako portreta baino. Bi itzulpenen arteko kalitatearen balizko kontrasteak ez du zerikusirik. Salbuespenak salbuespen, aiseago irakurtzen dugu gaztelaniazko itzulpen oro obra horren beraren euskal bertsioa baino.
Irakurketak egiten du bat irakurle. Menderatzen ez dugun hizkuntza arrotz batean irakurtzen ari garenean, hitzek sorrarazten digute eragozpena, esamolde ezezagunek, argotak... Gaztelaniaz ari garela, Joyceren elkarrizketa askotako eduki intelektualegiak botako gintuzke atzera; ez, ordea, hizkeraren zailak. Titiko euskaldunok, ordea, zailtasunez jarraitzen dugu (neure belaunaldiaz ari naiz berriro) euskarazko irakurketa bat, gure irakurketak zerikusi gehiago du hizkuntza arrotzen irakurketarenarekin (frantsesarenarekin, esate baterako), gaztelaniazko testuarenarekin baino».
Hitz horiek idatzi nituenetik, eta Artistaren gaztetako portreta itzulpenak iragartzen zuen bezala, itzulpen on asko argitaratu da. Pentsatu nahi dut nire belaunaldiaren irakurle aldartea ez dela orduko bera izango.
Estiloa lantzeko
Markatutako gaiari heltzeko, idazle gisa itzulpenekin dudan harremana kontatu nahi dizuet.
Askok badakizue askotan mintzatu naizela itzulpengintzaren onuraz. Neurri batean, nitaz ari nintzen. Esan nahi dut nik nire lanean ikusten nituen defizitek eraman nautela horretara. Eraginkorra behar du itzulpengintzan trebatzeak estilo bat lantzeko, itzultzea baita irakurketarik zorrotzena. Horra, bada, bide bat: idazle baten estiloa itzulpengintzan trebatua, eta ez sorkuntzan. Haruki Marukamik horretaz hitz egin digu berriki: berak Fitzgerald, Hemingway edo Salinger bezalakoak itzuliz landu omen zuen gaur ezagutzen diogun estiloa. Stendhalek, berriz, kode penala imitatuz. Nabokovek, bereak ez ziren hizkuntzetan trebatuz. Baudelairek, hiztegia behin eta berriro aztertuz...
Lau kasuotan autoreek ez dute estiloa trebatu gero landu nahi zuten bidearen arragoan, idazkuntzaren beste esparru batzuetan baizik. Lau bideok, guztiz desberdinak izanagatik ere, hizkeren arteko konparazioa dakarte; hausnarketa; komunikazioaren zehaztasuna nagusi duen praktika bat...
Ni idazten hasi nintzenean itzulpengintzak ez zuen tokirik gure literatur solasaldietan, eta nik ere ez nuen halako beharrik sentitu.
Hori uste nuen, behintzat. Baina gogoan dut Goiko Kale idatzi nuenean Joyceren Dublineses baliatu nuela (gaztelaniazko bertsioa, alegia) nik nire nobelan islatu nahi nuen itomen erlijiosoa lantzeko. Ez zen nire erreferentzia bakarra izan (liburuko atalburuetako aipuetan argi ageri dira Matute, Vargas-Llosa, Brecht...), baina Dublineses izan zen nire erreferentzia nagusia.
Gaztelania nerabilen buru literarioan; euskaraz egin nahi nuen literatura.
Prozedurak (1)
Hizkera zehazten
Lukreziok zioen bezala, deusetik ezin baita deus sortu, hiru dira idatzi nahi dudan eszena bat irudikatzerakoan erabiltzen ditudan ispiluak: bizitakoa, irakurritakoa eta zineman ikusitakoa. Idatzi nahi dudan eszena horrek, ordea, tonu jakin bat behar baitu, nik bide bat —ez bakarra, baina bai guztiz nagusia— ezagutzen dut tonua lortzeko: beste testu bat. Besteren testuak baliatzen ditut inspiratzeko, makulu moduan, efektuak arakatzeko.
Zorion perfektua idatzi nuenean, kezka nuen nolakoa behar zuen hizkerak: euskal idazleok, buruan asmatu genuena idazten hasi aurretik, hizkera asmatu behar dugu. Eta nik, ikusita zer kontatu nahi nuen, pentsatzen nuen honelakoa behar nuela hizkera: ekonomikoa; esaldi laburrez osatua; barne hizketaren giroa emango zuena, baina barne hizketaren ohiko arrandia psikologikorik gabe. Ez zen, ordea, aski nik garbi izatea. Paperean gauzatu behar nuen nebulosa baten itxurako ideia hori. Eta galdetzen nion neure buruari: «Zein ditut, non dauzkat idatzi nahi dudan horretarako ereduak?»
Burura etorri zitzaidan lehendabiziko ispilua euskaraz neukan: Koaderno handia. Hizkera telegrafikoari dagokionez, primeran zetorkidan, baina lakonismo gehiegi: ez zion, bada, bete-betean erantzuten nik nahi nuenari. Kontuan izanda liburuko narratzailea neska bat izango zela, eta kontuan izanda hizkera ia telegrafiko batekin sentimenduak arakatu nahi nituela, Margherite Durasekin gogoratu nintzen. Maitalea ez neukan ba euskaraz? Kontakizun motari dagokionez, kronika baten itxura eman nahi nion istorioari. Hor neukan euskaraz eskura Heinrich Böll-en Katherine Blumen ohore galdua.
Ezagutzen nituen itzulpenen artean erreferentzia gehiago, baina aipatu berri ditudan horiek baliatu nituen, batez ere, nire liburuan garatu nahi nuen kontatzeko era markatzeko, hizkera zehazteko. Hautamen bat egin nuen, beraz, ezagutzen nituen itzulpenen artean. Nire beharren araberako balorazio bat.
Lanak juzkatzeko modu bat da.
Lortu nahi nuen hizkerak eraman ninduen aipatutako liburu horietara, eta ez girotze lanak. Ondo ezagutzen nuen istorioa —zoritxarrez, oso etxekoa nuen bertan kontatzen dudana—, eta ez nuen laguntza berezirik behar izan kontakizuna girotzeko.
Prozedurak (2)
Girotze lana
Oso bestela gertatu zitzaidan, ordea, Ihes betea nobelan. Hirurogeita hamar bat urte atzera egiteaz gainera, Alemaniara joatea erabaki nuenez, beharrezkoa nuen girotze lanean asmatzea. Ez ninduen, ordea, giro orokorrak kezkatzen —literaturak eta zineak asko eman digute hortik—, mikro-giroek baizik. Asko eta ugariak nituen, eta ispilu askotan begiratu beharko nuen lana aurrera ateratzeko.
Horiek buruan nituela ekin nion lanari, eta material asko baliatu banuen ere, euskaratuta dauden lanak bakarrik —eta ez guztiak— aipatuko ditut segidan.
Ihes betea nobelan hegazkinlariei eskainitako pasarteetan Saint-Exuperyren Gerrako Pilotu dago, adibidez. Hegazkinlariekin eta haien ibilerekin ohitu nendin, arreta osoz irakurri nuen liburua. Lexikotik eta espresio adierazkorretatik hasi eta egitura landuetaraino, euskaraz etxekotu nuen hegazkinlarien mundua. Ez dut esan beharrik ordu arte nire buruak ez zuela ezer jaso euskaraz hegazkinei buruz.
Segi dezadan erabili nituen beste itzulpen batzuekin. Berriro Joyceren Dubliners dago, baina oraingoan euskarazko Dublindarrak bertsioan, familiari buruzko pasarteetan, esaten dena bainoago, esaten ez dutena iradokitzeko. Knut Hamsum-en Goseak lagundu zidan pertsonaia nagusiak judua dela jakiten duen ondorengo abaildura zehazten, pentsatuz Hamsum-en pertsonaia gosetuaren zimikoak eta nire pertsonaiarenak ez zirela, oinarrian, oso desberdinak izango. Nire orrialde horien atzean dago Annie Ernaux-en Pasio hutsa ere. Ane Sarasketak dioen bezala, idazle frantsesak «estasus sozial altuetatik alde egin, eta talde baxuetako pertsonaiak landu izan ditu». Prozesu horrek badu paralelismorik nire pertsonaiari gertatzen zaionarekin. Wernerrek eta bere lagunek jipoitzen duten Sebastian juduaren kasuan, Passoliniren Gauza baten ametsa baliatu nuen, batez ere gazte giroko mugimenduei dagokionetan.
Prozedurak (eta 3)
Tonua
Liburu osoko tonu orokorraren atzean, ordea, Joseph Roth dago. Hasiera-hasieratik nuen Joseph Roth gogoan. Izatez, lehendabizi saiatu nuen bertsioan, Rothen «Edale santuaren kondaira» kontakizuneko pasarte batekin hasten nuen nobela:
«1934ko udaberri arrats batean, adin bateko jaun batek Senaren gaineko zubi batetik ibai ertzera joaten diren harmailak jaisten zituen. Han, mundu guztiak dakienez eta hala ere egokiera honetan gogoraraztea komeni denez, Parisko arloteek lo egiten dute edo, hobeki esan, etzaten dira».
Ez dut esango itzulpena gaizki dagoenik, baina tonuak ez baininduen konbentzitzen, nirearengandik urruti ikusten nuen formulazio batekin hasiko nuen nobela? Neuk egingo nuen beste itzulpen bat? Zorionez, ordea, idatziaren idatzian liburuak beste bide bat hartu zuen, eta ez nuen hasiera hori baliatu beharrik izan.
Dezente baliatu nuena Hiltzaile baten aitormena nobela da, batez ere Zio Angelok egiten duen aitormenari tonu alditan malenkoniatsua alditan ironiatsua emateko.
Nolanahi ere: beti arduratu nau tonuaren auziak. Estiloak idazkuntza baten nortasun orokorra zehazten du, tonuak testu bakoitzeko ahotsa bereizten eta identifikarazten du, oihartzunak entzunarazten ditu, trenpu narratiboaren argi-intentsitatea zehazten dit. Estilo jakin batek eman ditzakeen espresatzeko modu ugarien artean bat zehazten du tonuak, ideien ordena eta mugimendu jakin bat gauzatzen ditu. Estiloak idazle baten idazkuntza deskribatzen du; tonuak, berriz, estilo horrek obra edo une jakin batean ahalbidetu dituen emaitzak.
Euskara bezalako hizkuntza batean idaztetik datorkit, agian, tonuarekiko kezka eta obsesio hori. Idazlea naizen aldetik, ezagutzen ditut nire garaiko joera estetikoen norabide nagusiak. Euskal idazlea naizen aldetik, berriz, eta nire hizkuntza normalizazio bidean dagoen neurrian, tentsio berezi bat bizi dut: nire hizkuntzaren egoerak normalizazioaren alde egitera narama; baina idazle senak, berdinkeriaren kontra lehiatzera: idazleak ez badu besteen berdina izan nahi, zergatik behar dute berdinak izan idazle horrek sortutako testuek?
Horregatik estimatzen dut itzulpengintza: hainbeste tonu, hainbeste efektu aurkitzeko aukera eskaintzen didalako. Eta asko sentitzen dut nire azken nobela idazten ari nintzenean parean ez eduki izana Parmako kartusia, primerakoa nuen-eta narratibotasunaren uholdean galtzeko. Asko sentitzen dut, halaber, Otto Petterekin ari nintzenean ez eduki izana Bufalinoren Gaueko gezurrak. Gero Otto Pette izango zen nobelako lehen testuak idatziak nituenean —Erroldani buruzko pasartea, bereiziki—, ez nekien zer egin kontakizun harekin, nondik jo. Bufalinorena irakurri nuenean, mundua zabaldu zitzaidan. Mozorroak! Gezurrak! Engainuak! Mozorro adina istorio. Mozorro adina atal. Mozorroen arabera antolatutako egitura... Bestalde, denbora jakinik gabeko tempus maisu hori... Eta hori guztia euskaraz emana!
Ez nuen pagotxa hori izan.
Efektuak
Ernest Bloch-ek dio literatura «litekeenaren laborategia» dela. Ez denarekin jokatzen du. Fikzioak, errealitatetik abiaturik, estruktura enigmatikoak sortzen ditu material ideologiko eta historikoekin, mozorrotu egiten ditu materialok, eta beste toki eta denbora batean jarri. Nobela baten kritikariak fikzioaren zentzu betea zertifikatu behar du, eta zentzu bete hori oso gutxitan lortzen denez, kritikariak fikzioaren pitzadurak eta arrakalak kontabilizatu behar ditu.
Baina zerk ematen dio izaera literarioa testu bati? Ez dakigu garbi zer den: ez dakigu mirari horretan zer proportzio duen hizkerak, zer nolako eragina duen asmamenak, zenbaterainokoa den fikzioaren antolamenduaren garrantzia. Baina, zer den esaten asmatzen ez badugu ere, berehala usaintzen dugu testu batek sortzen duen efektua literarioa den ala ez. Eta testu bati literatur izaera ematen dion horren kode sekretua da idazleok eta itzultzaileek bilatzen duguna: efektua.
Litekeenaren laborategi hori guztia beste hizkuntza batera ekartzea da itzulpenaren lana, eta itzulpenaren kritikariak —gaurko kasu honetan, guk— jatorrizko hizkuntzan gertatzen zen zentzu hura gordetzen al den juzkatu behar du. Itzulpenak ere, ona bada, efektu hori transmititzen du. Efektu hori ematen ez duen lana itzulpen txarra da.
Beste modu batera planteatuta: hemendik urruti jaio, eta beste hizkuntza batean idatzi duten idazleen lanak gurean eragiten al dute jatorrizko testuaren efekturik? Galdera erraza da, baina erantzuna ez. Dena den, aise konpara litezke itzulpengintzari nahiko sistematikoki ekin zitzaion garaiko lanak eta gaurkoak. Hasiera hartan lan guztiek ez zuten jatorrizkoaren efektu literarioa transmititzen. Normala. Orduko lanen artean badaude, ordea, ardo onek bezala, ondo eutsi diotenak denboraren frogari: orduko efektua gorde dute gaur egindako irakurketa batek ere estimatzen duen freskotasun batez.
Ez da kontu hutsala: euskarak, batasun prozesuak eraginda, sekulako aldaketa bizi izan du azken hogei urteotan, eta itzulpengintza literarioa da, nire ustez, prozesu horren lekukorik zorrotzena, baina, aldi berean, baita malguena ere. Zorroztasuna, jakina, batasunaren bidea beste sektoreek baino burutsuago jarraitzetik datorkio. Malgutasuna, ordea, jatorrizko testuek behartutako bideetatik: dialektoen eta argoten erabilera; proposamen lexikoak; literaturak, erlatiboa bezalako perpausen zailtasunagatik, baztertzen dituen egitura morfosintaktikoak; satirak eta hizkera makarronikoak; hitz jokoak eta hizkera-modu kaotikoak; diskurtso parodiatsuak; tragedia eta komedia; elkarrizketa filosofikoa eta alegoria; narrazio tradizionala eta esperimentazioa...
Hori guztia landu behar izan du itzulpengintzak.
Euskararen batasun bidean ez da aski sukaldeko mantala janztea. Sortu nahi duenak mantala zikindu behar du, eta, salbuespenak salbuespen, idazleok ez gara mantala zikintzeagatik gehiegi signifikatu.
Hainbat aukera
Generoka ere azter liteke auzia: alegia, testu diskurtsiboek, jario narratzaile handikoek, lirikoek, alegorikoek nola funtzionatzen duten ikusi. Itzulitakoa sailkatu, multzoak egin, eta haien efektuak konparatu.
Bestalde, bi hizkuntzen arteko erlazio dialektikoa ez da beti baldintza berdinetan gauzatzen, kontu jakina da. Baina orain hogei urteko harremana eta gaurkoa ere ez dira gauza bera. Pozik jakingo nuke, adibidez, Irene Aldasorok zer kezka izan zituen Joyceren Artistaren gaztetako portreta itzultzerakoan eta itzulpengintzaren zortzi urtetako garapenak zer eskarmentu eman zion Dublindarrak itzultzerakoan; pozik jakingo nuke zer nolako aldea ikusten duen bi itzulpenon artean. Irakurleok ere egin dezakegun hausnarketa da, noski. Komunikazio literarioa lortzea txerpolari baten lana bezalakoa da gurea bezalako hizkuntza batean: aski da hitzen hotsa, edo ordena, edo silaben neurria aldatzea komunikazioak oreka galtzeko.
Fideltasuna/jatortasuna joerek ez dute zertan —ez, behintzat, beti— arerio izan, eta ezta kontrajarriak ere. Bi-biak ere oso kontzeptu erlatiboak dira, eta posible da elkarren arteko dialektikan garatzea. Alegia, bizitza errealean bikote-harremanetan gertatzen den bezala, gutxi gorabehera.
Itzulpenen irakurleei dagokienez: idazleek bezala, itzultzaileek ere oso kontuan izaten dute irakurlea. Baina zein da itzulpen-irakurleen profila? Ikasleak dira, aspaldiko irakurle zahar kualifikatuak, idazleek aintzat hartzen al dute itzulpengintzako lana? Ez dakigu, eta ona litzateke profil hori ezagutzea.
Joan-etorria
Bukatzeko: nago itzulpengintzaren eta sorkuntzaren arteko joan-etorria ez dela behar bezain sarria, eta ez itzulpengintzaren kulpaz. Jose Moralesek inoiz esana du Lermontov itzuli zuenean Otto Petteko hainbat ekarpen izan zuela kontutan. Pozgarria da niretzat. Baina gaur giro bertsuko testu bat idatzi beharko banu ispilua ez nuke Otto Pette izango. Bai, ordea, Lermontoven Gure garaiko heroia edo Andreieven Zazpi urkatuak. Etxekoa egiten zait hizkera, baina ez da nirea eta plus bat du. Lasai hurbil naiteke bi lanetara bi liburu horietan bezalako tonuren bat behar dudanean.
Dudarik ez dut saioren bat idatzi beharko banu, narratibotasuna eman nahiko niokeela, eta non aurkituko dut Borgesen ipuinetakoa baino ispilu hoberik? Edo berriro saiatuko banu kontakizun tradizionala Peru eta Marixen edo Piztiaren eguna lanetan egin nuen bezala, Costerren Ulenspegielen elezaharra itzulpeneko erregistroak eta baliabideak aztertuko nituzke.
Edozein hizkuntzetan ari den idazle bat, baita hizkuntzarik hedatuenetakoa izanda ere, ezin da erregistro, gai eta giro guztietara heldu. Areago euskaraz ari den idazlea.